Maite Imaz Leunda
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzan lanean ari naizenez geroztik, herritarrek ingurune digitala dela-eta noizean behin bidaltzen dituzten kexak jasotzea ere egokitzen zait, eta kexa horiek ITZULI itzultzaile automatiko neuronalaren jarduerarekin izaten dute zerikusia batzuetan.
ITZULI itzultzaile neuronala 2019an jarri zuten herritarren eskura, eta, besteak beste, IDABA Eusko Jaurlaritzako itzulpenen datu-basearen erabilerak behera egin zuen. Ordura arte, EJko teknikariek bazuten IDABAra jotzeko ohitura, administrazioko fraseologia edo terminologia kontsultatzera, eta zegokion terminorako ordainik topatzen ez zutenean edo ordain bat baino gehiago topatzen zituztenean, DUDANET hizkuntza-zalantzak argitzeko zerbitzura ere jotzen zuten. Itzultzaile neuronala zabaldu zenean, ohiturak aldatu egin ziren: IDABAren erabilerak behera egin zuen.
Orain dela ia urtebete kexatu zen pertsona batek zioenez, discapacitado/a itzultzerakoan minusbaliatu eman zuen eta termino hori oso gaizki zegoen, desgaitasuna idatzi behar baita, desgaitasuna duen pertsona edo desgaitasunen bat duen pertsona. Kexaren helburua zen itzulpen tresna eguneratzea eta hobetzea.
Proba egin genuen, eta konturatu ginen ITZULI orokorra zela okerreko terminoa ematen zuena, ITZULI juridiko-administratiboak desgaitu ematen baitzuen. Gaur ere proba egin dut, kexa eragin zuen esaldi berarekin, eta ezindu eman dit bietan, orokorrean eta juridiko-administratiboan: ezindu ez da minusbaliatu bezain aldrebesa, baina ez da terminorik egokiena ere.
Ni saiatzen naiz azaltzen itzultzaile automatiko neuronalek ez dutela gizakiak bezala lan egiten, probabilitateetan eta algoritmoetan oinarritzen direla, gizakiek baino askoz ere azkarrago itzultzen dutela, baina esaldiz esaldi, testuingurua ezagutu gabe, eta akatsak egiten dituztela; ez dituztela terminoak askotan ondo ematen, ez dituztela sinonimoak bereizten; itzultzaile neuronalek datu asko behar dituztela entrenatzeko, eta zaila dela nola funtzionatzen duten kontrolatzea eta ulertzea; eguneratzea ez dela itzulpen-memoria bat eguneratzea bezain gauza sinplea; urtean behin edo bitan elikatzen eta eguneratzen dituztela, corpus elebidunak eta ordenagailu sendoak erabilita; corpusak bolumen nahikotxo izan behar duela, prozesuak bere denbora behar izaten duela eta bukatu ondoren probak egin behar direla kalitatea hobetu dela egiaztatzeko. Eta esaten diet itzultzaile automatiko neuronalak itzulitakoak beti-beti posteditatu behar direla. Baina ez dakit inor konbentzitzea lortzen ote dudan.
Aste honetan beste kexa bat jaso dugu eta betiko erantzuna eman diot, baina oraingo honetan poz pixka bat eragin dit kexak: Tutore klinikoak eta beste hainbat langilek (erizaina, hidroterapiako zaintzaileaโฆ) itzultzerakoan, ITZULIk el tutor clรญnico y otros trabajadores (enfermeras, cuidadoras de hidroterapia itzuli du. Generoa kontuan hartu behar lukeela dio kexa egin duenak.
Nik proba egin dudanean, egiaztatu dut ITZULI orokorraren emaitza dela kexa eragin duena. ITZULI juridiko-administratiboak el tutor clรญnico y otros profesionales (enfermeros, cuidadores de hidroterapiaโฆ eman dit. Ez dakit maskulino generikoa zuzenagoa den edo maskulino eta femenino estereotipatuak ematea bezain okerra den.
Poz pixka bat eragin didana kontsulta euskaratik gaztelaniara egina zegoela ikustea izan da. Itzulpengintzan ibiliak garenok susmoa izaten dugu neuronalaren erabilera euskararen kalterako izaten dela sarriegi.
Euskara hizkuntza ofizial bihurtu zenez geroztik, nabarmen ugaritu da euskara idatziaren zein ahozkoaren presentzia, eta ugaltze hori, hein handi batean, itzulpengintzari esker izan da. Itzultzaileek ekarpen handia egin dute administrazio-hizkera finkatu ahal izateko; euskarazko testu administratiboen eta teknikoen fraseologia eta terminologia itzulpengintzaren eskutik jorratu dira, neurri handi batean, urte hauetan guztietan. Eta hizkuntza finkatzeko prozesua ez da oraindik bukatu.
Itzultzaile automatiko neuronalen erabilera nagusitu denez geroztik, ordea, arrisku nabarmenak ikusten ditugu: itzultzaileen eta interpreteen bitartez euskarak orain arte irabaziak dituen espazioak adimen artifizialarekin sortutako hizkuntza-teknologiek ordeztekoa; eta horrek, jakina, kalte handia eragiten dio euskararen erabilerari eta kalitateari.
Baina euskara gehiago erabiltzeko eta euskarak espazio berriak irabaz ditzan aukera ere eskaintzen du itzultzaile automatiko neuronalak. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udal batzuek beren langileen eskura jarri dituzte itzulpen neuronaleko tresnak, euskaraz sortutako testuak gaztelaniara eta beste hizkuntzetara automatikoki itzuli ahal izateko; edo barrurako den agiriren batek hizkuntza-eskakizunen derrigortasun-araudia betetzetik salbuetsita dagoen langileren bati eragiten dionean, eta langile horrek euskara-gaitasun nahikoa ez badu, udal-funtzionamendua ez trabatzeko itzulpen-tresna elektronikoetara jo dezan.
Nolanahi ere, tresna elektronikoak erabili ala ez, sustatu behar dena kalitatezko euskararen erabilera da.


