Santiago eguna

Mikel Taberna Irazoki

Mikel Laboak kantatu zizkigunetatik aparte, Xenpelarrenak bide diren bertze bertso batzuk ere badira haien gisara xexen moduko batek Pasai Donibanen eginiko balentriak kontatzen dituztenak. Segur aski lehenago ere irakurriak izanen nituen, baina ahantziak ere bai, eta orain, nire gaurko testua prestatzeko gai bila nenbilela ustekabean berriz ere begiz jo baititut, haietan eta bertso haien inguruko kontaketan kateatua gelditu naiz, gatibu.

Nire testua gaur argitaratuko zela jakinik, neure baitan pentsatu nuen zer egokiago Pasaiako herritik bertsoetatik abiatzea baino. Beraz, bertsio jatorrizko samar bat eskuratu nahiz, aita Zavalaren Xenpelar bertsolaria hartu, eta leitzen hasi naiz Pasai Sanjuan’go zezenak izenburua daraman kapitulua. Honat ekarriko ditut, zerttobait bakandurik, hango hitzak:

“Pasaia’ko zezenai buruz bi jarri-aldi arkitu ditut (…) Jarri-aldi aueri buruz argibide auek eman dizkigu ainbeste denboran Xenpelarren illobarekin bizi izana dan Florentina Pérez Salaberria’k:

«Pasai San Juan’go plazak aieka batetik itxasoa du, bañan bestetik etxeak. Ta mendi-aiekatik dute sarrera ango etxerik geienak.

Santiago-egun batez, zezenak iges egin zuen barrera-tartetatikan, eta mendi aldera jo zuan.

Jendea, ura libre ikusi zuanean, etxe-barrenetara sartu zan; baita zezena ere atzetikan. Orduan danak, nun izkutaturik etzutela-ta, oi-azpietan ta al zuten tokietan sartu ziran. Tellatura igoak ere izan bear zuten.

Bañan zezenak usaia-edo aditzen zuan, da sobrekama ta maindireai tira ta tira asi zan. Traba billatzen zuan ta orduan ta larriago zezena.

Gero, ixpillu baten aurrera joanda, ura txikitu bearrean asi zan adarrakin kolpeka, an beste zezen bat zualakoan.

Urrena, balkoira atera omen zan, bere maindire ta sobrekamarekin, ta jende dana kaletik karraxika.

Andik beera noizbait ere jetxi ta jendeari segika asi zan. Batzuk beren burua putzura bota zuten, ta bai zezenak ere berea atzetikan.

Andik atera egingo zuten nola edo ala arakiñak edo norbaitek, bañan eztakit ori.

Gu ere, neska koxkorretan, Pasai’ra joaten giñan Santiagotan ango zezenak ikustera, ta Joxepa Antonik, Xenpelarren illobak, onela esaten zigun:

– Gaur ere San Juan’a al zoazte? Joan, joan! Len ere an festa pollita pasia da ta zoazte! Or ibilli bearko dezute itxasora zeuen burua bota ta larri! Joan bestela mendira; ikusiko dezute zer daukazuten atzetik: zezena!

Pasai’ko gertaera ori bein baño geiagotan kontatu zigun.» (…)”

Hitz horien ondotik heldu dira segurtasun osoa ez izanagatik aita Zavalaren ustez Xenpelarrenak diren bertsoak (“liburu ontan jarri degu… Xenpelarrena ote dan susmo egiteko motiborik pranko badala iritzirik”): Bertso berriak Pasaia’ko zezenari jarriak. “Bertso berri batzubek, konsola gaitezen…”

Ez ditut hemen guziak paratuko, baina jakin ezazue denok ezagutzen ditugun sortakoak bezain ederrak direla, hauek ere dudarik gabe balio dutela konsolatzeko triste daguen guziya. Irakurgosea bizteko, hona hemen zazpigarrena eta hamalaugarrena (azkena):

“7) Bestia an zeguan
oiaren azpiyan,
eztul asko egin bage
nere iritziyan;
orlako konturikan
juan dan aspaldiyan
ez dala pasa nago
gure probintziyan

 

14) Balkoyian ziranak
ez dira errez gorde,
franko arrapatu ditu
aberats ta pobre;
maindiria ostuta
juan da gero ere,
asaltuan sartuta
sakiua libre.”

 

Liburuan, gero, jarraian datoz aboak ezagutarazi zizkigun Bertso Berriak: “Pasaia’ko plazatik dator notiziya … “. Horiei buruz, aita Zavalak Luis Jauregi apaiz jaunaren hitzak txertatu zituen liburuan, 1958ko bertze argitalpen batetik ekarrita: «Pasaia’n, Santiago-egunez, xexenak izan oi dira. Orretarako, erriko Enparantza Nagusian, esia ipintzen dute. Beste zenbait urtetan bezela, ba, juan zan gure Xenpelar xexenak ikustera egun ortan, ta ara nun esitik salto egin, ta jende-tartera jotzen dun zezenak. Ango zalaparta ta iskanbilla … !»

                        *                      *                      *                      *                      *

Eta horrekin guziarekin zer?, galdetuko duzue honaino irakurtzeko pazientzia izan duzuenok. Auspoako ale horretatik ebatsirik honat ekarri ditudan lerroetan bada hizkuntza konturik hemen ohi dugun maneran aztertzeko modukorik, eta nahi duenak egin lezake, baina, nire aldetik, iruditzen zait gaurko hau eskaintza bat izan daitekeela, bertzerik gabe, nire irakurketa bat zuekin partekatzeko. Hurrengoan itzuliko gara xehetasunetan piko egitera, xorroxtasunera.

Amaitzeko, pare bat ohar: nahiz eta Xenpelarren izena Joan Frantzisko/Prantxisku Petrirena zela jakin, ez nuen gogoan haren aitona, “Juan edo Juaquin Cruz de Petriarena”, Sunbillatik joana zenik Errenteriara. Pentsatzen hasi naiz blog honetako gobernadoreetako bat ( 😉 ) haren ondorengo jendakia ez ote den.

Bertzalde, Santiago eguna seinale Pasaian, bai, baina baita bertze hameka tokitan ere; eta Alkaiagan ere bai. Gure auzo koxkorrean ez da inoiz adardunik erabili, nik dakidala, ez libre ez sokaz loturik, jendea harekin jostetan (hura sufriarazten) aritzeko; gu baino zaharragoen denboran antzarak edo piroak paratzen omen zituzten zintzilik, Lekeition bezalatsu, eta haiek baino salbaiago zirenak behor gainetik lepoa kentzera saiatzen ziren tiraka. Gaur egun, horrelakorik ez da egiten, ezta nahi ere. Programako ekitaldi nagusia bizilagunen bazkaria izaten da, eta gero han ibiltzen da jendea salto eta irrintzi (aurten Balentin joan zaigu, eta sumatuko dugu haren falta inor ez baita plaza erdira aterako kriskitinak eskuetan dantza egitera); horretaz aparte, aurrekontu ttikiko bertze gauza mordoxka bat ere antolatzen dute bertako gazteek, gehienbat haurrei begira; azkeneko urteotan mendiko lasterketa polit bat asmatu dute, neska-mutilek taldeka egiten dutena. Inor animatzen bada, badakizue…

Uda ona pasa!

Adi! ‘Hortaz’ hitza istripu bat izaten ari da

Juan Luis Zabala

Ez du guregan eragin bera istripu bat gertatu dela jakiteak eta istripu bat ikusteak. Geure begien aurrean gertatzeak handitu egin ohi du istripuak sentiarazten digun zirrara edo larritasuna.

Agian horregatik sentiarazten dit halako larritasun berezi bat hortaz hitzarekin gertatzen ari denak; zuzenean ikusten ari naizelako izaten ari den istripua (hiztripua, Iñigo Aranbarriri ikasitako hitzokeian).

Jakina denez, joera zabaldua da horretaz esan ordez hortaz esatekoa; honetaz esan ordez hontaz esatekoa bezala (edo huntaz, Txillardegiren aspaldiko liburu ezagun baten izenburuak erakusten duen moduan). Baina orain horretaz ordez hortaz erabiltzeko joera ahozkotik idatzira pasatzen hasi da, honetaz ordez hontaz –edo huntaz– idazteko joera ez bezala.

Zergatik?

Bada, nire ustez, Xuxen andere zorrotzak hortaz ez duelako gaitzesten, hontaz eta huntaz gaitzesten dituen bezala; hortaz, izan ere, beste hitz bat baita, horretazekin zerikusi zuzenik gabea bada ere. “Hori dela eta, beraz”, dio hortaz hitzaren sarreran Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak, eta adibide hau ematen du: “Hasiera duk polita; hortaz, has gaitezen ahalik eta gehienetan”).

Xuxenek emandako baimenak pentsarazten du hortaz erabil daitekeela horretaz erabili ordez. Uste okerra, neu ez banago guztiz oker.

Egin, ordea, ez dakit zer egin daitekeen horrelako istripu bat gertatzen ari dela ikusitakoan.

Ingelesik? Ez, eskerrik asko!

Aiora Jaka Irizar

Beti liluratu izan nau haurren gaitasun linguistikoak, inguruan duten edozein hizkuntza (izan bat, bi, hiru ala gehiago) ezin hobeki eta oharkabean ikasteko trebetasun harrigarriak. Eta beti izan naiz ahalmen horri ahalik eta zuku gehien ateratzearen aldekoa, haurrei inguruan dituzten hizkuntzetarako sarbidea erraztearen defendatzaile sutsua. Horregatik animatu izan ditut beti nire inguruko erdaldunak seme-alabak euskaraz eskolatu ditzaten, etxetik jaso ezin duten hizkuntza eskolaren bidez ikas eta barneratu dezaten: “baten prezioan bi” ikasiko dituztela azpimarratuz ahalegintzen naiz guraso erdaldunak konbentzitzen.

Hala eta guztiz ere, esango nuke modu arinegian ulertzen dugula askotan haurrak “belakiak” direlako ideia hori. Azkenaldian gurean nagusitzen ari den ingelesarekiko obsesioa dugu horren adibide: Euskal Herriko ikastetxe gehienetan umeak 4 urterekin hasten dira orain ingelesa ikasten, eta proiektu eleanitza ere gero eta gehiago ari da zabaltzen, sinetsita baikaude, nonbait, hain txikitan hasita eta irakasgai batzuk ingelesez landuta ingelesa ere ama-hizkuntza moduan ikas litekeela. Guraso erdaldunen seme-alabek guraso euskaldunen haurrek bezain ongi ikas badezakete euskaraz eskolari esker, zergatik ez dute ba ingelesa ere berdin ikasiko? Zoritxarrez edo zorionez, kontua ez da hain erraza. Argia aldizkarian gai horretaz jardun dute berriki Euskal Herriko hiru adituk: Itziar Elorzak, Uri Ruiz Bikandik eta Jasone Cenozek zalantzan jartzen dituzte ingelesa ikasten txiki-txikitatik hastearen abantailak, baita irakasgai batzuk ingelesez lantzeak ekar litzakeen onurak ere. Ez dirudi estrategia berri horiek aldaketa handirik eragin dutenik gure ikastetxeetako ikasleen ingeles mailan. Sarah Turtle itzultzaile ingeles euskaldunduak ere antzeko iritzia plazaratu zuen orain dela gutxi aldizkari berean: “Hor ikusten ditut gurasoak —dio—, estresatuta, umeek ingelesa ikas dezaten. Lasaitu egin beharko lukete, presarik ez izan. Garaia heltzen denean, ikasiko dute, ikasi behar baldin badute: joango dira ingelesez hitz egiten den herrialde batera, edo igaroko dute ikasturtea atzerrian”.

Eta, halere, hortxe jarraitzen dugu gure seme-alabak ingeles akademietara bidaltzen, udaleku ingelesetan inskribatzen, ingelesez dakiten haurtzainen eskuetan uzten, are urtebeteko haurrentzako hizkuntza-eskoletara eramaten. Zer nahi duzue esatea: ni gero eta konbentzituago nago alferrikako denbora-galtze, diru-xahutze eta indar-gastatzea dela. Izan ere, hizkuntza bat ama-hizkuntza moduan bereganatzeko, ez da nahikoa txikitatik ikasten hastea edota eskolako hainbat irakasgai hizkuntza horretan ematea; ezinbestekoa da, horretaz gain, hizkuntza hori “bizitzea”, norbere bizitzaren eta nortasunaren zati bihurtzea, inguruarekiko eta ingurukoekiko harremanetarako tresna natural moduan erabiltzea, hizkuntza horretan funtzionatzen duen sare oso bat izatea. Hizkuntza arrotz bat eskolarekin eta hizkuntza-akademiekin soilik lotzen duen umeak nekez bihurtuko du hizkuntza hori bere, eta hizkuntza arrotz moduan ikusten jarraituko du.

Gauzak horrela, merezi al du ingelesa umeei hain txikitatik irakasten tematzea? Ez ote da hobe haurrak gutxieneko heldutasun maila bat lortu arte itxarotea, hizkuntza arrotz bat ikasteak eskatzen duen borondate, kontzientzia eta ahalegin berezi hori egiteko gai diren unera arte? Gurea bezalako gizarte batean, gainera, iruditzen zait hobe genukeela ahaleginak euskararen harreman-sarea indartzera bideratzea, Euskal Herrian bizi diren haurrek bai baitauzkate aukerak, euskarazko murgiltze-ereduari eta bestelako ekimenei esker, euskara ama-hizkuntza moduan ikasteko.

Uste dut badugula garaia barru-barruraino sartuak dizkiguten bi obsesiori aurre egiten hasteko:

Batetik, utz diezaiogun sinesteari ingelesa mundu guztiak nahitaez ikasi beharreko hizkuntza dela. “Gaur egun ezinbestekoa da ingelesa jakitea”, entzun ohi dugu gero eta maizago gure artean. Zergatik? Zertarako? Ez ote da komenigarriagoa inguruan ditugun herrietan hitz egiten diren hizkuntzak ikastea, herri horietako biztanleekiko harremanak nahitaez ingelesetik pasatu behar izan gabe? Tristea da gero espainiar batek eta frantses batek ingelesera jo behar izatea elkar ulertzeko, zergatik eta bata ez delako gai linguistikoki eta geografikoki hain hurbilekoa duen bestearen hizkuntza ulertzeko. Zoritxarrez, ordea, gero eta zabalduago dagoen errealitate bat dugu hori. Ingelesa lingua franca unibertsaltzat jotzea hizkuntza-aniztasunaren aurka joatea da, mundu anglosaxoiaren nagusitasun eta asimilazioa onartzea. Aho-bizarrik gabe esan zuen Moreno Cabrera hizkuntzalari espainiarrak orain dela hilabete batzuk egin zioten telebistako elkarrizketa sonatuan: espainiar batentzat baliagarriagoa da katalana ikastea ingelesa ikastea baino.

Burutik kendu beharreko beste obsesioa ingelesaren (edo ikasten ari garen beste edozein atzerriko hizkuntzaren) jakite mailaren ingurukoa da. Hor gabiltza denok tematuta Pet, First, Advanced, Proficiency eta ahal balitz baita hurrengo titulua ere lortu nahian, ingelesa Elisabet II.ak baino are hobeto hitz egiteko ahaleginean. Ez ote da baliagarriagoa ingeles pixka bat jakitea, eta frantses pixka bat, eta katalan pixka bat, eta portuges pixka bat… gure inguruko hizkuntza-komunitateekin hirugarren hizkuntza baten bitartekaritzarik gabe komunikatu ahal izateko? Atzerriko hizkuntza bakar bat bikain menperatzen tematu beharrean, beharbada hobe genuke gure inguruko hizkuntzetan oinarrizko maila bat eskuratzen saiatzea, are hizkuntza horien guztien azpiko oinarri komuna ulertzen ahalegintzea (gure inguruko erromantzeen kasuan, behintzat). Hartara, italiar bat, katalan bat, okzitaniar bat eta portugaldar bat gai izango lirateke nor bere hizkuntzan arituta elkar ulertzeko. Horrek egingo gintuzke benetan unibertsal, eta ez munduko hizkuntza-aniztasuna suntsitzen ari den eta “hizkuntza global” moduan saldu nahi diguten ingelesaren ezagutza obsesiboak. Ikas eta erabil beza nork berea lehenik, eta hurbilekoena ondoren.

«Odol beltza»

miel a. elustondo

(Le sang noir, Louis Guilloux)

Maïa sartu zen, eskalapoiekin zarataka. Gizonak ez zion kasurik egin, dibanean etzanda, jantzita ere lo, txakurtxoak ondoan: emakumeak bazekien ez zegoela lo.

«Zertara ote dator hona?». Emakumea gelaren erdian geratu zen, pertsianak irekitzera bezala egin zuen, baina atzera jo zuen gero.

Gau-mahai txikian, liburu ireki baten eta gorriz zirriborratutako azterketa meta baten ondoan, paperontzia. Emakumea makurtu egin zen, bila: «Zer falta zaio? Orratza? Anil bola bat?».

Emakumeak ez zekien irakurtzen eta, beraz, gizonak alferrik pentsatuko zuen emakumeak azterketa haiek irakurri ahal zituela. Ikasle aluak! Bera izorratzeko modua egin zuten beste behin. Haietako batek, orrialde batean, letra handiz idatzi zuen: Cripure! «Merlin dut izena!». Zenbat aldiz egin ote zuen berak aldarri huraxe: «Merlin dut izena!», mahaian ukabilkada latzak joz. Bai. Eta gero zer? Orduan eta trufa handiagoak egiten zizkioten. Ez zuen lortzen ikasleek beraren lepotik are eta gogotsuago eta orro handiagoak egitea eta gaitzizena arbelean idatz ziezaiotela besterik: «Crip… Crip… Cripure». Jendilaje nazkagarria, horratik! Urteetan iraun zuen horrela!

Maïak bila segitzen zuen.

Denbora asko zen.

Egiazki, une hartan ez zuen harenganako gogorik. Hala ere, eskuak emakume zarpailari heldu zion gerritik, jaitsi egin zen, gona ertzeraino iritsi zen, desagertu. Txakurtxoak baztertu zituen, berarengana ekarri zuen Maïa. Paperontzia irauli egin zen, piririka joan ziren botoiak. Maïak mahai gainean utzi zuen jendarme kapelaren modura tolestutako egunkaria, etxeko lanak egiteko janzten zuen hura, eta hitzik esateke, dibanera igo zen.

Horma baten gainetik jauzi eginez bezala oldartu zitzaion, begiak itxita, orro sor bat eginez, aski garbia, hala ere. «Zergatik? Zergatik? Zergatik?», pentsatzen zuen.

Mireille, ur-txakur polit hura, ohe-estalkitik tiraka ari zen, marmarrean. Turlupin, intzirika, jauzika ari zen gelan zehar. Petit-Crûk zaunka egiten zuen, buila eta azkar. Judas gizena, bola beltz itsua, alderrai zebilen.

–Bukatu duzu? –esan zuen Maïak.

Gizona jaiki egin zen. Emakumeak lurrera egin zuen irrist. Cripurek, dibanean belauniko, izterrak agerian, ukabilak kuxin batean sartuta, Maïrari irainka eraso zion, gorri-gorri. Beraren mania bat.

–Herrialdeko zulo guztietan ibilitakoa zara…

Zertan itzuli horretara berriz? Arazo itxia, bukatua. Ez zuen askorik iraun, gero ezkondu egin zelako, eta, gero, berriz, alargundu. Harrezkero, ez zuen bera eta Basquin beste inor izan. Hala ere, lehenengo Basquin ezagutu zuen. Eta, bestalde, ez al zion, bada, berak esan behin eta berriz eta askotan lanbidekoa izan zelako…? Ez zuen hura ulertu nahian burua haustea merezi!

–Nahi al duzu beste pixka bat, ene katutxo?

–Nazka ematen didazu.

Emakumea ez zen tematu.

Harrigarria zen txalekoko sakelan berrogei zentimoko txanpona bilatzeko ez agintzea, huraxe baitzuen lehenengo iraina eskuarki. Berrogei zentimo, bere tarifa…

Beste hitz bat elipsiaz

Karlos del Olmo

Gogoak espainieraz, euskaraz*, hungarieraz edo finlandieraz hausnar egin dezake; arimak, berriz, hizkuntzarik gabeko berbeta batean
gogoetatzen du, hura eskuragarri baita haren misterioak miatzera datorkeen ezein ezkutuko munstro jakinguratsurentzat.
Robert Silverberg, Dying Inside
*(Beltz etzana neuk jarria)

Betidanik, elipsiaren kontzeptua oztopo izan da gramatikaz gogoeta egitean, agerian jartzen baititu hizketaren eta hizkuntzaren arteko kontrakarra, datuen eta teorien arteko ezberdintasuna. Arazoa nabarmenagoa da itzulpen teorian eta praktikan, elipsiak berdin ez diharduelako hizkuntza guztietan (ba ote unibertsalik elipsiari dagokionez?).

Ferdinand de Saussureren arabera, “elipsia soberakin balioa besterik ez da”. Bestela esanda, ezer ezin da, berez, elipsia izan, hizkuntz zeinu guztiak beti izaten direlako egokiak azaltzen dutena adierazteko —ez daude soberan, hortaz—, nahiz eta onartu beharra dagoen hitz edo esamolde batek uste baino gehiago ere adieraz dezakeela; baina, bestalde, elipsirik gabe berba bakar batek ere ez luke zentzurik, hortaz, zertan hitz egin elipsiaz? Hala bada, ba ote dago elipsian zer joan daitekeen arautzen duen legerik? Eta zein da lege hori euskaraz, halakorik izanez gero?

Gramatika sortzailea sortu zen une beretik, ideia bat jorratu du behin eta berriro, atergabe: hizkuntza naturalak ezabaturikoa berreskuratzearen legearen mendean daudelakoa; haren arabera, zeingura osagai isilean utz daiteke barruan daroan informazioa, zelan edo halan, berreskuragarri bada testuinguru linguistikoan.

Gramatika joera horren arabera, osagai eliptikoa eta haren aurrekaria identitate erlazioan daude; baina horrek, berehala, bi arazo sortzen ditu: lehena, identitate harreman hori beti zehatza ez izatea, hau da, identitate partziala (ere) gertatu hala izatea; bigarrena, “lizentziamenduaren arazoa” deritzona, alegia, elipsiaren eragina jasaten duen elementuaren gaineko egiturazko murrizketa, horrek arloa alderdi sintaktikora badaroa ere, hizkuntza guztiek ez dutelako berdin onartzen kategoria mota jakin bat ezabatuta joatea.

Identitatea, gramatikalari sortzaileen arabera, ez da inoiz izaten baldintza beharrezkoa eta nahikoa azaltzeko zergatik ez diren zilegi elipsi mota batzuk zenbait hizkuntzatan, nahiz eta aurrekariaren eta elidituaren artean identitatea egon.

Elipsiaren teoria batek langai erabili behar lituzke bi galdetzaile: “noiz” eta “nola” ez diren agertzen (ala bai) sintaxiak munduratzen dituen objektuak.

Bestalde, anafora dugu elipsiaren gaineko edozein azterlanaren mamian, dena dela abiaburuko hizkuntz teoria; azken buruan, elipsia dugu gramatika kategoria jakin bati atxikitako eduki lexikoaren anafora, berbaldunak kategoria hori hutsunetzat jotzen duelarik kanonikotzat onarturiko eraketa sintaktikoaren aldean.

Elementu absenteari eta hori berreskuratzeko irizpideei gagozkiela, elipsia gramatikala ala testuinguruzkoa izan daiteke. Testuingurukoaren araberakoari funtzional edo diskurtsibo ere esan diezaiokegu, eta erabileran diharduen aldetik, horren gaineko interpretazioak ez dituzte gobernatzen gramatika arauek; hortaz, diskurtsoaren gramatika batek aztertu beharko ditu, egoera eta kateatze frastikoa (esaldizkoa) lanabestzat. Esaldien harantzagoko funtzionamendu hori sano garrantzitsua da diskurtso literarioa interpretatzeko orduan, eta, zertan esanik ez, halako testua itzultzean.

Elipsia egoteko, hortaz, beharrezko ditugu kategoria eliditu bat eta kategoria horri eman beharreko balio lexikoa zehazten duen aurrekari bat. Aurrekaria ezker badoa, anafora genuke, eskuin agertuz gero, katafora; jakina, azken horri, aurrekari baino, atzekari generitzoke.

Itzulpengintzari dagokionez, elipsia noranzko bikoa da: lehen noranzkoan, jatorrizko testuko elipsi bat xede testu itzulian esplizitaturik agertuko da, ezinbestean ala aukeran: bueltako noranzkoan, itzultzaileak elipsira joko du berez esplizitu den osagairen bat emateko, jatorrizko gramatikak bortxatuta ala itzultzaileak gurata.

Bietan, enuntziatua behar bezala interpretatzea bermatuko dute elementu lexiko-semantikoek, eta sintaktikoek egiturak arautuko dituzte, oinarrizko arau sintaktikoetatik ez urruntzeko. Itzulpengintzan, horrelako jokamoduetan interferentziaren unibertsalarekin egingo dugu topo: itzultzailearen senezko joera desitxuratu dezake jatorrizko testuaren formak; hortaz, jo bide automatikoak baino, itzultzaileak baliabide analitikoak erabili beharko ditu lagungarri. Bestela, elipsiak emaitza anomaloak izan ditzake xede testuan, batez ere interferentziaren ondorioz (maila sintaktikoan zein diskurtsiboan).

Jarrai dezagun, hortaz, aurreko atalean hasitako bilduma osatzen, irizpide analitikoetarako harroinak lortuko baititugu (aurreko sailean bezala, jatorrizko laneko puntuazioa ukitu gabe doa):

1.- Perpaus disjuntiboak

  • “Pedro edo Antonio joango da; bata joan edo bestea” (“berdin da” elipsian).
  • “Elizkizuna zortzietan akituko da; akitu zortzietan, akitu bederatzietan berdin”.
  • “Ez naiz gozatzen hau egin hura egin”.
  • “Gure eriari eman botika hau, eman hura, eman beste hura berdin da”.

2.- Perpaus distributiboak

  • “Uda bada, negua bada, beti gure etxean lana”.
  • “Izan pobrea, izan aberatsa, izan aginte handia denek hil behar dugu”.
  • “Hau dela, hura dela, bestea dela, beti gizatxar”.
  • “Hasi Altzotik, hasi Tolosatik, nonahi gaizta”.
  • “Nahiz belarrean, nahiz jorran, beti izerdian nekazaria”.
  • “Hau etorri, atzera bestea, atzera beste bat, arratsalde guztia etxean”.
  • “Non Lekarozen, non Elizondon, beti bera gertatzen da”.
  • “Ekaitza izan da, trumoia eta, tximista eta”.
  • “Aunitz ibiltzen naiz aziendatara eta, ikatzetara eta; beti ibili”.

3.- Perpaus adbertsatiboak

3.1.- Perifrastikoak, partikularik atxiki gabe

  • “Hona etorri nahi luke; ezin du” (“baina” edo beste zerbait elipsian).
  • “Elkarrekin aginduak ginen etortzeko; ni etorri; hura ez zen agertu”.
  • “Jo dut; ez diot minik eman”.
  • “Txistua hartu nuen, haize eta haize ez nuen asmatzen” (“egin” eta “baina” elipsian).

3.2.- Sintetikoak

3.2.1.- Partikularik atxiki gabe

  • “Batzuetan lanak egiten ditut, bestetan utzi”.
  • “Etxetik zerbait hartu nuen; guti izan”.
  • “Gaitzak etorri egiten dira; joanik ez”.
  • “Osasun ona? Zahartu, zahartu”.

3.2.2.- Bai aditzaren ostean

  • “Gogoa bai, erran ez” (“izan” elipsian).
  • “Jaunartze gutxi izan da; jendea etorri bai”.
  • “Atzo ez ginen ongi ibili; eguraldia bai ederra”.

3.2.3.- Baino gehituta

  • “Erran nuen, baino ez berezi”.
  • “Oihu egin nion; aditu eta sor, aditu eta sor, baino azkenean…” (“egin” elipsian).
  • “Osaba hil da; lehenago galdu behar zen, baino bere burua zaindu-zaindu…” .
  • “Eskatuko diot, baino ez emango”.

3.2.4.- Berriz, aldiz… gehituta

  • “Nik diru guzia eman nion amari; anaiak berriz bat ere ez”.
  • “Nik baietz erran nuen, bertzeak aldiz ezetz”.

3.3.- -T(Z)EA aditz forma substantiboak

  • “Sukaldean aritzen naiz; bakarra, lan handia sukaldean” (“izatea” elidituta).
  • “Hau toki polita da; nik ikusten dudan txarra urik ezta” (“izatea” elipsian).
  • “Nekazari aritzen naiz; nekazari hutsa gutxi da” (“aritzea” elidituta).
  • “Bi automobilak onak ziren; bat luzea izatea” (osagai bat baino gehiago ezabatuta).
  • “Ondo nago, ohean egotea” (osagai bat baino gehiago ezabatuta).

3.4.- -T(Z)EN aditz forma substantiboak

  • “Gizon batzuek hartu ninduten, nik alde egin, nik alde egin; haiek ez uzten”.
  • “Deitu dut, baino ez etortzen”.
  • “Alde egin zuen; nik keinu eta keinu, baino ez aditzen”.
  • “Arraina nahi nuen eta arrainik hemen ez izaten”.
  • “Udan arraina botatzen; neguan ez dugu” (“ibili” elipsian).

3.5.- -T(Z)ERA aditz forma substantiboak

  • “Txarkeriaren gogoa etorri zitzaidan; nik kentzera”.

3.6.- Aditz jokatua +-(e)la

  • “Barometroa gora dago; lainoak atera direla”.
  • “Olioa badugu; asko behar dela”.
  • “Hemen ari naiz lanean, lur gutxi dugula; hemen arbia, hemen leka, dena hemendik”.
  • —“Egin dituzu lanak?” —“Gela garbitu ez dudala”.
  • “Neska horiek panpoxak dira; amak berak hazi dituela luxuan”.
  • “Lurrak ematen du; deskuidatu behar ez dela lanean”.
  • “Bidea ona dago; ura” (“dela” elipsian).
  • “Hornitu da; aurpegi meharra” (“duela” elipsian).
  • —“Herri polita da” —“Maldak bai ederrak” (“dituela” elidituta).

3.7.- Aditz jokatua +-(e)lako

  • “Organista ona da; Zugarramurdin bizi delako” (urrun bizi dela adierazi guran).

3.8.- Aditz jokatua +-(e)n

  • “Pozik egon da; orain joan behar duena” (“baina kontua da” edo antzeko osagaiak elipsian).
  • “Haragiak hezurrekin jateko gutxi du; salda ematen duena”
  • “Medikua etorri da; orain afaldu behar genuena”.
  • “Ongi ibili naiz; erori naizen”.

Adibide hauek (eta hurrengo batean aurkeztuko ditugun beste batzuek ere) argi eta garbi erakusten elipsia inpaktu handiko kohesio osagaia den arren, informazio argia oztopa dezakeen elementu ere bihur litekeela, batez ere testu itzulietan. Zertan esanik ez, zenbat eta ahozkotasun “simulatutik” hurbilago dagoen testua (antzerkia, gidoiak, ikus-entzunezkoak, publizitatea, komikia…), orduan eta baliabide aberatsago eta kementsuago gertatuko da.

Martuteneko motelgarriak

Isabel Etxeberria Ramírez

Egin dezagun jolas. Zer adierazten du motelgarri hitzak? Horrela, testuingururik gabe.

Hiztegietan begiratuta, zera topatuko dugu: Elhuyarren, atenuante; Euskaltermen, testuinguru motelgarri = contexto empobrecedor (hezkuntza eta pedagogia arloan); Labayrun, atenuante; OEHn, entumecedor. Euskaratik frantseserako hiztegietan ez da ageri.

Eta izen gisa, objekturen batekin lotzen al dugu motelgarri hitza? Esango nuke ezetz.

Orain, irakur dezagun pasartetxo hau:

Gero, motxilez kargatuta ikastetxerako bidean doan beste ume talde bat pasa dadin itxaron ondoren, martxan jarri du motorra Pilarrek atzeko atea ireki eta poltsa eta maletatxo txikia botatzen dituenean justuki. Albokoan jesarri da blusaren botoiak lotzen dituela. Ohikoa du auto barnean amaitzea janzten. Aparailuren bat itzaltzera edo leihoren bat ixtera igo behar izan duela ostera, hainbeste berandutu izana justifikatzeko. Kale irteeran jarri berria duten motelgarrira hurbiltzerakoan ia gelditzeraino apaldu du abiada eta lehenengo martxan gainditu du, poliki oso, Pilarren begiratua soinean nabari duela, harrituta pentsatzen du, hainbesteko presa izanda horren zuhur dabilelako.

Pasarte hori Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelatik hartu dugu. Eta hor, motelgarri hitzak, ikusten denez, egilearen erdara nagusian badén, resalte, resalto, bordo, guardia tumbado hitzen bitartez izendatzen den errealitatea adierazten du. Hiztegietan begiratuta, sakonune nahiz irtengune proposatzen da halakoei esateko. Itzul posta-zerrendan ere atera zen galdera, eta erantzun gutxi jaso zituen: pasabide goratua, errepideko muinotxoa. Saizarbitoriak hiztegiei muzin egin, eta beste bide batetik jo du bere proposamena egitean: objektuaren itxura fisikoa hautatu beharrean (planotik irten edo nabarmentzen den gunea), haren funtzioa edo erabilera aukeratu du objektua izendatzeko irizpide: abiada moteltzeko erabiltzen dena. Frantsesez bezala, bestalde. Internet eta hiztegiak azaletik kontsultatuta, halakoei frantsesez ralentisseur deritzela ondorioztatu dut.

Nire iritzian, bete-betean asmatzen du Saizarbitoriak pasarte honetan (eta nobelako beste askotan) lexikoa hautatzean. Testuinguruak eskaintzen duen informazio inplizitua baliatzen du ezohikoak, ezezagunak eta batzuetan guztiz pertsonalak diren lexiko hautuak egiteko, eta komunikagarritasun erabatekoa lortzen du. Irakurlea ez da esaldiaren erdian trabaturik geratzen, eta ulermena berez bezala gertatzen da. Esfortzurik gabe irensten eta ulertzen ditugu proposamen lexikalok.

Ez naiz ni terminologian aditua, eta suma ditzaket orain, entzun ia, post hau irakurtzen ari diren blogkide eta irakurle terminologoak beren eserlekuetan berregokitzen, deseroso, burua batera eta bestera mugitzen duten bitartean. Imajinatzen dut terminoek zenbait baldintza bete beharko dituztela egokiak izango badira, ondo aztertuta eta mugatuta egongo dela hori, eta komunikagarritasunaz gain, beste zenbait irizpide ere kontuan hartu beharko direla, hala nola esanahian espezifikotasun eta esklusibotasun gutxieneko bat izatea terminoak. Alegia, hartzaileak, terminoa irakurrita edo entzunda, izendatu nahi den errealitatea anbiguotasunik gabe identifikatu ahal izatea. Eta bistan da: enpresa batek udal bati aurkeztu dion aurrekontuan zazpi motelgarri kobratu nahi badizkio, ez dut uste dagokion udal teknikariak berehalakoan ulertuko duenik zer den ordaindu beharreko hori; zalantzarik ez du izango, ordea, siete badenes irakurtzen badu.

Eta, hala ere, a zer gozamena Martutenen halakoak irakurtzea.

Adibide gehiago: zer dira tantakakoa, haizegeriza, jertse mokoduna? Hara:

Abaituak binaka igo ditu orain ospitalera daramaten eskailerak. Bakarka nahiz taldean zigarroak ahitzen dituen jendea atarian. Batzuk bata zuriz. Gazte bat aulki gurpildunean kamisoia soinean zango meheak agerian dituela tantakako bati lotua, erretzen, aire malenkoniatsu batekin hori ere.

Well, esan du, eskua, eskuinekoa orain heldulekuan jarriz ostera, eta atea irekitzeko beste keinurik egiten ez duen arren, gizonak badaki orain bai, azkenean agur egiteko momentua iritsi dela. Isilik irautea erabaki du ezkerreko eskua bolantean, eskuinekoa balaztaren palankan, atea ireki dezan zain. Ez du berehalakoan egin. Aurrena haizegerizatik begira geratu da une batez, isilik bera ere, eta ireki ondoren beste apur bat iraun du, despeditzeko modua aurkituko ez balu bezala.

Aspaldiko partez blujinak ditu soinean, zetazko alkandora zuria, mokodun jertse urdin argia, eta perfume berri baten lurrina dario.

Inork zalantzarik izan al du hiztegietan ageri ez diren hitz horiek deskodetzeko orduan? Eta zer esan beste proposamen pertsonal eta ausartago honetaz:

Osteratu denean baretuagoa dirudi Pilarrek, baina ezagun du negar egin duela. Ez du deus esan eta berak ere ez dio deus galdetu. Isilik zirkulatu dute eta bi itzuli eman behar izan dizkio taloari irteera egokiaren bila. Seinale gehiegi. Amara, Erdialdea, Hernani, Frantzia. Hurrengoan Pilarrek seinalatu dio bidea ahots apalez, eta nola joan zaion galdetzen ausartu da.

Niri behintzat poz ikaragarria ematen dit ikusteak euskal idazleen liburuetan ere pertsonaien autoak motelgarrien gainetik igarotzen direla, edo autoko haizegerizatik begira geratzen direla pertsonaiak; eta beldurrik gabe aipatzen dela ospitalean gaixorik dagoenak tantakakoa duela besoari lotua; eta idazleak ausartu egiten direla halako pertsonaiaren janzkera xeheki deskribatzen, eta jertse mokoduna zeramala zehazten… Gure egunerokoan euskaraz izendatzen ez ditugun errealitate hain arrunt horiek euskaraz izendatzen direla, alegia, gure hizkuntzaren egoera anormala (edo normalizatu gabea) gorabehera, modu ulergarrian eta naturaltasun osoz aipatu ere.

Ramon Saizarbitoriaren izena erabili dut ahotan testuan honaino. Gauza jakina da, ordea, Koldo Izagirrek irakurri eta orraztu zuela nobela argitaratu aurretik. Ez dakit hona ekarri ditudan adibideak bietarik zeinen burutik atera diren. Nolanahi ere, Saizarbitoriak emanak balira, eskerrik asko, Koldo, haiek gordetzeko bezain jakintsua izateagatik; eta Izagirrerenak izan badira, eskerrik asko, Ramon, besteren proposamenak onartzen jakiteko bezain buruargia izateagatik.

Aberats eta oparo

Koro Garmendia

Halako edo besteko euskaraz nola esaten den galdetzen didatenean, ez zait beti erantzuna bat-batean ematea suertatzen. Hiztegietara jotzen dut, buruari eraginez baino erantzun gehiago eta zehatzagoak ematen baitizkidate, edo han-hemenka kontsulta batzuk egitera. Hizkuntzen esparruko langintza honetan gabiltzanok, gainera, arituaren arituaz, halako ohitura batzuk hartu ditugu: burura etortzen zaigun aurreneko aldaera soilarekin ez konformatzekoa, zertxobait sakontzekoa, informazio ahalik eta zabalena eskuratzekoa, aukeretan egokiena zein izango litzatekeen pentsatzen jartzekoa…

Eta, hain zuzen ere, hortxe konturatzen naiz asko izango direla hain erraz aurkituko edo neureratuko ez ditudan hitzak. Egongo direla hau, hori edo hura esateko hamaika ordain, egokiak guztiz, baina, ezagutu nahi baditut, ohi baino ahalegin handiagoa eskatuko didatenak, nahi bezain eskura izango ez ditudalako, hiztegietan jasota ez daudelako, edota kasu bakanetan irakurriko edo entzungo ditudalako. Euskara aberastasun liluragarriz betea dago, eta hein bat ezagutzera iritsiko ez naizela zait iruditzen.

Hein hori ahalik eta txikiena izan dadin, jarrai dezadan ahal bezainbeste irakurtzen ‒oraingo eta atzoko testuak, hemengoak eta hangoak‒, eta Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunen mintzaira erne aditzen.

Laburtu beharraz, labur antzean

Bego Montorio Uribarren

Itzultzerakoan erabil daitezkeen tekniken artean, murrizpena da beti aipatzen denetako bat; hau da, jatorrizko enuntziatua murriztea, hartan agertzen diren zenbait elementu ez jasotzea itzulpenean. Teknika hori, batzuetan, arrazoi estilistikoek beharturik erabiltzen da, edo ulergarritasunaren mesedetan, baina, zenbait itzulpen motatan, berezko eta ezinbesteko ezaugarria da.

Azpititulazioa, esaterako, murriztearen artea dela esan ohi da, eta ez dut uste inork kontra egingo dionik horri (zalantza izanez gero, hartu Woody Allenen filmetako berba-jario amaiezin horietako bat, eta saiatu azpititulutan jartzen ezer kendu gabe).

Interpretazioak ere —batez ere esan ostekoak— laburbiltzea eskatzen du etengabe; esandakoaren mamiari, muinari heldu, eta albait argien eta txukunen adierazi beste hizkuntzan. Denbora jakin baten barruan, beti ere.

Halakoetan, ezarritako konbentzioen arabera jarduten dugu: irakurle/entzuleak badaki “bertsio laburtua” hartuko duela, eta ez du horregatik ezbaian jarriko itzulpenaren kalitatea. Itzultzailea edo interpretea, bere aldetik, edukia pasarazteaz arduratuko da, murrizketak gorabehera.

Nolanahi ere, beste zenbait kasutan, luze-laburraren garrantzia ez da hain begi bistakoa, ez da lan erraza murrizketak egitea azken emaitza (neurriz gain) lardaskatu gabe. Komikietan, esaterako.

Komikietako testu gehienek oso muga fisiko argia dute: bunbuilo, bulle, bocadillo, globo… deitzen dugun hori. Hots, hau:

 Bocadillo comic[1]

Zer horren barruan sartu behar dugu guk itzulitako testua, eta, ahal dela, jatorrizkoan bezainbeste espazio hartuta. Bai, horrek ere badu garrantzia, zeren bunbuiloa irudiaren parte baita, eta zuriunea zenbatekoa den, irudi osoari eragiten dio. Marrazkigileek kontuan hartu ohi dute hori, eta, beraz, itzultzaileak ere kontuan hartu behar.

Halako lanetan nabil egunotan, eta borrokan aritzen naiz marra dontsu horiekin behar den tartea gordetzeko. Ez da horrela izaten komiki guztietan, bakoitzak bere ezaugarri eta berezitasun propioak baititu, baina, oraingo honetan…

Euskal aditzak ere ez du askorik laguntzen, luze-zabalean puzteko duen joera horrekin. Adibide bakar bat emango dut, argi egiten lagunduko duelakoan: espainolez, 3 letra, iré; frantsesez, apur bat luzetxoago, subjektua dela eta, 7 karaktere: j’irais; eta euskaraz?, horiek batu, bat gehitu eta horra, guk hamaika: joango naiz. Esaldi berean holako bi suertatuz gero, akabo!

Gainera, ezin da edonola laburtu. Komikietako testu gehienak elkarrizketak izaten dira, eta berariaz markatu ohi dira ahozko hizkeraren zenbait ezaugarri: onomatopeiak, errepikak, deiktikoak… Sinesgarritasuna ematen diote kontakizunari, pertsonaien nortasunaren adierazle dira, hortaz, ezin ditugu ezabatu espazioaren aitzakian.

Zenbaitetan, erraz antzean aurki daiteke irtenbide bat:

Nunca llama, ¡je, je! Cuando llegue a recepción ya no se acordará de a qué ha ido”. 81 karaktere.

Lehen itzulpena: Ez du inoiz deitzen, kar-kar! Harrera-lekura heltzen denerako ez du gogoratuko zertara joan den. 95 karaktere.

Bigarren bertsioa: Ez du inoiz deitzen, kar-kar! Harrera-lekura orduko ez du gogoratuko zertara joan den. 85 karaktere (jatorrizkoan baino lau karaktere gehiago dira, baina bunbuiloa zein den, onargarria izan daiteke).

Beste batzuetan, ordea, dezente urrundu beharra dago formulazio egoki bat topatzeko:

“Ahora sólo repite lo que oye”. 28 karaktere.

Orain, entzuten duena errepikatu baino ez du egiten. 52 karaktere.

Orain, besteena errepikatzen du. 31 karaktere.

Beste askotan, aldiz, esamolde ezin hobearen faltan, aukera bat baino gehiagoren artean erabaki behar izaten da, eta guztiek daukate bere alde ona eta txarra.

“No, Zurdo. No voy a pagarte ni un euro más”. 43 karaktere.

Lehen itzulpen hitzez hitzekoa: Ez, Ezkerra. Ez dizut ezta euro bat gehiago ere ordainduko. 59 karaktere.

Lehen aukera: Ezkerra, ez dizut euro bat gehiago emango. 42 karaktere. Luzera egokia, baina hasierako “Ez, Ezkerra, ez.” horren kolorea galtzen da.

Bigarren aukera: Ez, Ezkerra, ezta euro bat gehiago ere. 38 karaktere. Jatorrizkoa baino zakarragoa.

Eta horrela jarrai daiteke, jarraitzen du itzultzaileak, aukera hoberenaren bila; harik eta, hor ere, muga pare-parean agertzen zaion arte. Oraingoan, denborarena.

Eta lana entregatuko du, “halako eta halako esaldietan buelta pare bat gehiago emanez gero…” esaten diolarik bere buruari. Emaitzak ez du sekula guztiz aseko, baina, ez esan lanbidea bera polita ez denik!

Higuina akuilu (Plainitzen naiz…)

Borja Ariztimuño López

Euskara zaila da.

Euskara ez da beste hizkuntzak bezain malgua.

Euskarak ez du beste hizkuntzek adina baliabide linguistiko.

Euskaraz ezin da beste hizkuntzetan bezain ongi jardun zientzia eta filosofiaren alorrean.

Halakoak oraindik ere, XXI. mendean…

Hizkuntza bat ez da galtzen baldin eta hura mintzatua den erkidego politikoko kide guztiek badakite, gutxienez nahi dutenek erabili ahal izateko neurrian; hizkuntza bat galtzera kondenatuta dago mendez mende bortxaz urrituriko komunitatetxo linguistikoak soilik egiten badu.

Umiltasuna beharra dugu, ordea, euskara salbatuko bada: guztia ez dakigula ezagutu eta beti ikasnahi izateko, erdaren prestigio merkeari uko egiteko, behingoagatik eta benetan gu gerok izan nahi dugun ala ez erabakitzeko, laguntza behar dugula aitortzeko.

Hizkuntza estetika da, baina estetika asko dago, eta hegemonikoari beste alor batzuetan itzuri egitea bezain inportantea da hizkuntzarenean ere men ez egitea. Hala ere, jorra ditzagun aukera guztiak, pentsamendu guztiak, nori bere arrazoi eta motibazioak eskainiz, azkenik euskaraz egitea hautu kontzientea izan ez dadin, euskara tresna eta ez xede izan dadin.

Apaltasuna, esan dut, oroz gainetik, eta haren pareko irmotasuna.

Isiluneak hitz egiten duenean

Esti Lizaso

Zuriunea. Hutsune txiki zuria. Hitzen arteko arnasaldi laburra. Edo ez horren laburra.

Zuriune-barra. Teklatuko jauntxoa. Erdi-erdian paratua. Beste inor baino luzeagoa. Erpuruei zanpatzeko gonbita eginez luze-luze datzana.

Musika alorrean, beti esaten da isiluneek notek bezainbeste doinu egin dezaketela, haiek bezain esanguratsuak direla. Musika alorrean, neurri askotako isiluneak erabiltzen dira, ia balio matematikoak dira, eta ikur desberdinez adierazten dira denak, luzera-balio bakoitzeko bat. Teklatuarekin idazterakoan, ordea, ikur bakarra dugu, edo ikurrik ere ez dugu, eten zuri txiki bat besterik ez. Eta irakurlearen esku arbitrarioetan uzten da etenaren zenbaterainokoa.

Zuriunea testu idatzietako ezezagun handietako bat da. Inor gutxik erreparatzen dion karaktere mutu eta ikusezina.

Zuzentzaileei, baina, informazio asko ematen die. Nolabait, idazlearen profila osatzeko balio dezakeela esan daiteke.

Modu askotara ager daiteke alferrik erabilita: bat baino gehiago segidan, paragrafoen hasieran edo paragrafoen amaieran, puntuazio zeinuen aurretik, tabulazioak edo orri eta lerro jauziak eskuz sortzeko ahalegin gisa…

Erabilera horiek denek, agerraldi mota eta kopuruen arabera, gauza asko ematen dituzte aditzera: trebezia falta, presa, zabarkeria, axolagabekeria, ezjakintasuna, deskuidua, txukuntasuna, neurosia…

Baina, psikologia-jokoetatik haratago, erabilera okerrak akatsak besterik ez dira, akats tuntunak, aitzakiarik gabeak. Eta pena da, handia, bilatu-ordeztu gutxi batzuekin testua hasiera-hasieratik txukun utz daitekeela kontuan hartuz gero. Badira errazago ihes egin dezaketen akatsak, baina zuriuneenak makinaren eskuetan utzi eta automatikoki konpon litezke, ikusmenaren zorroztasuna jokoan jartzeko beharrik gabe.

Ez da kontzientziazio-kanpaina handirik egiten zuriuneen erabilera zuzena sustatzeko, baina, hasi-hasieratik erakutsi beharreko zerbait litzateke: testuak gordetzen erakusten diguten bezala, amaitutzat eman eta gorde aurretik inon zuriune bikoitzik edo puntu, koma eta abarren aurretik zuriunerik utzi dugun begiratzera ohitu beharko gintuzkete.

Izate txiki hori teklaren tamaina handiarekin konpentsatzen ahalegindu dela buruan sartu eta, haren oihuak entzungo bagenitu bezala, ohi gaitezen lau bilaketatxo horiek egitera idazketa-saio ororen amaieran.