Hizkuntzaren pertzepzio erreflexiboa

Aiora Jaka irizar

Ulertzen ez dugun hizkuntza bat ikastea oso gauza ederra izan liteke, dibertigarria, atsegina, are erraza batzuentzat, edota zeharo konplikatua, zaila eta etsigarria beste batzuentzat. Jende askok uste du hizkuntza zailak eta hizkuntza errazak daudela munduan: euskara, jakina, zailen artean kokatzen da, eta gaztelania eta ingelesa errazen artean. Blog honen irakurleok ondotxo dakigu guztiz baieztapen funsgabea dela hori, eta munduko hizkuntza guztiak izan daitezkeela ikasteko errazak nahiz zailak. Erdaldun gehienei euskara ikastea zaila gertatzen bazaie, ez da berez edo objektiboki hizkuntza zaila delako, baizik eta, batetik, ez duelako beste ezein hizkuntzaren antzik, eta, bestetik eta batez ere, euskarak bizi duen egoera soziolinguistikoak ez duelako kasurik gehienetan hizkuntzaren barruan murgiltzeko testuinguru aproposik eskaintzen.

Pasa den irailetik, euskara ikasi nahian dabiltzan erdaldunen antzeko egoera batean aurkitu dut neure burua, bizi naizen herriko bi hizkuntzak (cria eta inuktituta), batetik, nik ezagutzen ditudan beste hizkuntzen guztiz bestelakoak direlako, eta, bestetik eta batez ere, hizkuntza guztiz minorizatuak direlako: nahiz eta biztanleriaren % 95ek hitz egiten duen gutxienez bi hizkuntza horietako bat, ingelesak presentzia erabatekoa du hezkuntzatik hasi eta aisialdi nahiz zerbitzuetaraino.

Baina bi hizkuntza minorizatu hauek ikastea zail bihurtzen duten bi faktore horiez gain, hirugarren arrazoi pisutsuago bat ere badela esango nuke, herri honetara iritsi naizenetik hizkuntzak ikastea eragotzi didan oztopo garrantzitsu bat: hiztunek berek beren hizkuntzari buruz azalpenak emateko duten gaitasun mugatua. Criaren eta inuktitutaren hiztegi eta gramatikak hutsaren hurrengoa izanik (bereziki criaren kasuan; inuktituta badirudi aztertuago eta finkatuago dagoela cria baino), bertako hiztunak ditut hizkuntza ikasteko baliabide bakar. Baina liburuetan aurkitu ezin ditudan azalpenak eskatzen hasten natzaienean, ohartzen naiz gehienetan ez dutela galdera ulertu ere egiten. Ia egunero gertatzen zaizkit honelakoak: «How do you say “What time is it?” in cree?» galdetzen diet nik, eta haien erantzuna: «It’s three o’clock». Ez dute ulertzen nik jakin nahi dudana ez dela zer ordu den, baizik eta nola galdetzen den criz zer ordu den. Etsipengarria da hiztun natiboak aurrez aurre izanik hizkuntzari buruz ezin komunikatu ahal izatea.

Lehengo batean, osaba Joxe Manueli nire frustrazioen berri ematen ari nintzela, garai bateko misiolarien pare sentitzen nintzela aipatu nion: inoiz inork idatzi ez duen hizkuntza bat deszifratu nahian, gramatika eta fonetika arauak ondorioztatzeko lanetan, fonemak idazteko sistema bat asmatzeko ahaleginean… Osaba Joxe Manuelek berehala jotzen du halakoetan liburuetara, eta, hurrengo bideokonferentzian, hantxe etorri zitzaidan nire oraingo egoera bete-betean ilustratzen duen aipu batekin. Euskaratu eta zuei eskaini nahi dizuedan pasartea José María Sánchez Carrión Txepetxen tesi ospetsuan aurkitzen da, eta XX. mende hasieran Marokoko riftarren gramatika bat idatzi zuen Fray Pedro Sarrionandiaren aipu bat biltzen du bere baitan:

Hizkuntzaren pertzepzio logiko edo erreflexibo baten faltak azaltzen du (neurri batean) misiolari, antropologo eta abarrek sentitzen duten etsipena, hautatutako komunitateetan integratzeko asmoz bertakoen hizkuntza ikastea erabakitzen dutenean eta ohartzen direnean laguntza oso eskasa edo guztiz baliogabea ematen dietela bertakoek beren hizkuntzaren izaera eta funtzionamendua eredu logikoen arabera argitzeko: «Riftarrak, beren ezjakintasun sakona dela kausa, guztiz ezgauza dira hitz egiten duten hizkuntzaren gainean beren kabuz inolako argirik egiteko. (…) Zeharo ezgauza dira inori irakaspen txikiena ere emateko, hainbesteraino, non ez baitute ulertzen ezein hitz nahiz esaldi abstraktu edo isolatu, hots, elkarrizketarekin lotura zehatzik ez duenik. Ezinezkoa da kontu honen inguruan duten ezjakintasunaren eta ezgaitasunaren ideia bat izatea, aurrez haiekiko tratu praktikorik izan ezean» (Sarrionandia, 1925 XVII eta XVIII).

(Sánchez Carrión 1987: 131, nire itzulpena)

Fray Pedro Sarrionandiaren hitzei arrazismo eta gutxiespen kutsu nabarmena darie, eta, gaur egun, haren esanak ez lirateke politikoki zuzenak izango (gogora datozkit oraintxe iaz Maialen Lujanbiok EHUko udako ikastaroen irekieran emandako hitzaldian jakintzari buruz esandakoak), baina aitortu behar dut nik neuk horixe bera sentitzen dudala askotan crien laguntzaz cria ikasten ahalegintzen naizenean. Gehienek ez dakite beren hizkuntzan idazten (eskolan, lehen hezkuntzako lehen mailatik hasita, ingelesez irakasten da dena, «hizkuntza cria» irakasgaia izan ezik), eta ez dira gauza hizkuntzak nola funtzionatzen duen esateko. Eskolan hizkuntza cria irakasten duen emakumeari galdetu nion behin zergatik den «zure» determinatzaile posesiboa batzuetan «chi-», beste batzuetan «st-» eta beste batzuetan «ku-» (nik neuk ondorioztatua nuen ordurako arau fonetiko bat, baina irakasle batek berrestea nahi nuen), eta harrituta begiratu zidan, bere bizitzan lehen aldiz ohartuko balitz bezala ingelesez beti «your» esaten dena criz hiru modu desberdinetan esan daitekeela. «A, egia da! Hitz guztiak banaka-banaka ikasi beharko dituzu, pixkanaka ulertzeko zein hitzek hartzen duen zein aurrizki…». Ez zen gai izan azaltzeko kontsonantez hasten diren hitzek «chi-» hartzen dutela, a eta i bokalez hasten direnek «sti-», eta u bokalaz hasten direnek «ku-».

Halako egoera batek hiztun «ezjakinak» sortzen ditu, Fray Pedro Sarrionandiaren hitzetan, edota «hizkuntzaren pertzepzio logiko edo erreflexiborik ez duten hiztunak», Txepetxen hitzetan. Honela jarraitzen du Txepetxek alfabetizazioaren eta kontzientzia linguistikoaren arteko loturaren inguruan:

Badirudi Piagetek «pentsamendu logikoa» deritzonaren sorrerarekin erlazionatuta dagoela pertzepzio logikoa, eta, zehazkiago —A. R. Luria psikolinguista errusiarraren azterketen ondoren badirudi zuzena dela halakorik onartzea—, silogismoak egiteko gaitasunarekin eta horien bidez ondorio «logikoak» eratortzeko prozesuarekin; ondorio logiko horien artean leudeke, jakina, hizkuntzaren beraren izaerari buruzko ondorioak. Luriak deskribatzen duen esperimentuetako bat —hala izenda baliteke— horrexetan datza, hain justu: hizkuntzaren beraren barruan, nola iragaten den pertzepzio naturaletik pertzepzio erreflexibora, eta, horrekin batera, besteak beste, baita «kontzientzia linguistikoa» hartzera ere. Hala, argi geratzen da nor bere hizkuntzan alfabetizatzearen helburu benetakoa ez dela soilik hiztunari idatzizko zeinu sistema bat irakastea, baizik eta, lehenik eta batez ere, bere hizkuntzaren pertzepzio erreflexibo-arrazional bat eskaintzea, horixe baitakar berekin kode idatziaren ikasketak.

(Sánchez Carrión 1987: 131, nire itzulpena)

Criak beren hizkuntzan alfabetizatu ezean, beraz (eta oraingo hezkuntza sistemak ez du halakorik bermatzen, inolaz ere), nekez garatuko dute beren hizkuntzaren pertzepzio erreflexibo-arrazionalik, eta, ondorioz, ez dira gauza izango beren hizkuntza inori irakasteko; are gutxiago beren hizkuntza ikasteko gramatika edo ikaslibururik idazteko. Crien artean bizitzera etortzen den kanpotarrak, beraz, ingelesa erabiltzea beste aukerarik ez du izango criekin komunikatzeko, eta ondotxo dakigu zer gertatzen den halako egoera «elebidunetan». Txepetxen tesia 16 bat urte nituela irakurri nuen, eta gauza asko eta asko ez nituen ulertu, baina ondo gogoan gelditu zitzaidan nola zioen euskaldunberririk izan ezean euskarak ez zuela bizirik iraungo. Beste hainbeste esan genezake criaz: cri-berririk gabe, criarenak egingo du.

Eta, halere, hemen jarraituko dut, koadernoa besapean hartuta batari eta besteari galdezka…

Erreferentziak:

Sánchez Carrión, José María (Txepetx) (1987). Un futuro para nuestro pasado (claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las lenguas, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Sarrionandia, Fray Pedro (1925). Gramática de la Lengua Rifeña. Madril: Akal.

Euskara maitea

Estitxu Irisarri Egia

Euskara maitea:

Idatzi ezin daitekeen hizkuntza; museokoa, museorakoa edo muserakoa, etxekoa edo etxerakoa, idatzi ezin daitekeen hizkuntza, txokoratua, txakurrekin eta haurrekin erabiltzekoa, biraorik ez duen hizkuntza, kontzeptu baterako hitz bat baino gehiago erabiltzen dituena, beste kontzeptu batzuk izendatu ezin dituena, hizkuntza txiroa, gazteen artean erabili ezin daitekeena, ligatzeko balio ez duena, zientzia zer den ezagutzen ez duena, basatien hizkuntza, separatistena, terroristena. Horrelako hainbat baieztapen eta topiko entzun izango dituzu urteen joan-etorrietan. Gorrituko zitzaizkizun honezkero amorruaz masailak eta belarriak!

Lizardik behinola zuri eskainitako hitz haiek gogorarazi nahi dizkizut gaur, inoiz ez dezazun etsi:

Baina nik, hizkuntza larrekoa,
nahi haunat ere noranahikoa:
jakite-hegoek igoa;
soina zahar, berri gogoa;
azal horizta, muin betirakoa.

Pentsatzen dut horrelako kemen hitzak eskertuko dituzula, eta nork ez! Historian zehar apurka-apurka zure besoak zabaltzen joan zara, baina zein da zure lekua? Urteen poderioz eta hizkuntza inperialisten eraginez garai batean murriztu zizuten hura? Eskualde xumeago batekin konformatu behar duzula esaten dizute batzuek, baina egoskorra izan behar duzu eta tinko eutsi zureari! Ala, beharbada, etsi eta denboraren poderioz eta zabarkeriaz ahultzen eta hondatzen joateko erabakia hartuko duzu?

Hezkuntzak leku handia egin dizula ikusiko duzu askotan, baina beste batzuetan, bakarrik sentituko zara ziurrenik. Izan ere, ezagutza eta erabilera ez dira sinonimo. Binomio bateraezin dira askotan. Zertarako nahi zaitugu zurekin ezin badugu hitz egin edo ez badugu hitz egin nahi? Jaun hark zioen ez zaitugula galduko ez dakitenek ikasten ez dutelako, baizik eta dakigunok ez zaitugulako erabiltzen. Komunikatzen gara zurekin? Zuri laguntzeko gai al gara? Batzuek ahoan eta gogoan zaitugula diogu, eta, agian, egia izango da, baina gure esku dagoen guztia egiten al dugu?

Hain ezaguna zaigun estres linguistikoaren aurrean zein jokabide dugun aztertuko nuke gustura zure ondoan eserita. Lehenengo hitza euskaraz egiteko joera dugu askok. Baina etorkin batekin nola hitz egiten dugu? Pasatzen al zaigu burutik euskaraz jakin lezakeela? Izan ere, harrigarria da gaztelaniarekin harreman gutxi duten horiek euskararekin lortzen duten konexioa. Noski, testuinguruak ere eragin handia du.

Zer iruditzen zaizu, bestalde, zurekin hitz egin eta ikasi nahi, baina ezin dutenen kasua? Batzuetan, «hezkuntza sistema mugatuagatik», beste batzuetan, «eskualde okerrean» jaio edo bizitzeagatik. Zure bidezko hezkuntza eskatu eta aukera hori lortu gabe geratzen direnek izan behar duten pazientziaz ere aritu gintezke, nahi baduzu, edo zurekin Euskararen Nazioarteko Egunean soilik gogoratzen diren horietako batzuez.

Bestalde, nola egin zu gazteengana gerturatzeko? Musika, neska-mutil kontuak, literatura, filmak, telebista-saioak, biraoak, kale-hizkera, Interneteko webgune interesgarriak, etab. Baliabideak ehunka, baina estrategietan eskas gabiltzala dirudi. Ez zaituzte motibagarri ikusten edo ez dakigu zu eder egiten. Biluzik, eguneroko arropekin edo egun berezietako jantziekin jantzita, ez dugu lortzen. Zurekin hartu-emana egunero izan arren, mespretxatu egingo zaitu gazte askok.

Gauza bera gertatzen da heldu askoren kasuan ere. Euskal Herrian aspalditik bizi arren, ez dira gutxi zure besoek besarkatzea lortu ez dutenak, izan euskaldunen seme-alabak, izan erdaldunen seme-alabak. Muturrera jo eta gorroto zaituenik ere bada. Esaten dutenez, guztiek maite bagaituzte, zerbait gaizki egiten ari garen seinale da. Beraz, zer egin behar dugu, konformatu? Etsi? Ala guztien maitasuna lortzen saiatu? Eskertuko nizkizuke ideia eta gomendioak nora ez honetatik irteten lagun zaitzadan. Motibazio eta interes txikia oraindik ere Euskal Herriko txokoetan barrena. Berri Txarrak taldeak zioen bezala:

Batzu[k] mila kilometrora,
bihotzetik gertu alegia,
beste batzu[k] bertan bizita
horren urrun.

Badirudi distantziak baduela magikoa den zerbait. Exotismoa agian. Estatutik kanpoko eta kontinentez kanpoko unibertsitate eta euskal etxeetan eta autodidakten munduan interesa pizten jarraitzen duzu. Ezagutzen dut Black Friday batean ska musika CD bat erosi zuen estatubatuar bat, Negu Gorriak taldearen Kolore biziak abestiari esker maitemindu zen zurekin. Baina, hemen, zugandik gertu daudenek, euskara, eskuarekin laztandu eta ezpainekin musukatu zaitzaketenek ez dute zure magnetismoa sentitzen.

Noranahikoa nahi zaitugu, dudarik ez, baina ez zaitez bilakatu, mesedez, mundu mailako xelebrekeria, eta gurean desagertu. Izan ere, hegoek nolabaiteko prestigioa emango dizute, nola ez, eta baita lana  ere, baina existentzia ez dizute ziurtatuko, dakigun bezala, faktore askoren (kulturaren, hezkuntzaren, ezagutzaren, erabileraren, maitasunaren, tolerantziaren eta abarren) batuketa baita.

XXI. mendeko garapen jasangarri bezalako binomio ezinezkoak edo oximoronak sortu ditzakegun momentu honetatik, eta Interneten luze-zabal hedatzeko moduan zauden denbora tarte honetatik, inoiz zure garapen jasangarria bermatu ondoren gure lurraldean aske izango zaren esperantzaz, gutun hau (beti iruditu baitzait mezu elektronikoa baino erromantikoagoa) idatzi nahi izan dizut nire sentipen gazi-gozoak zurekin elkarbanatzeko. Terapeutikoa izan da erabat, ez dut irtenbiderik aurkitu, baina barrua apur bat hustuago dut. Halere, urduri eta zain jarraitzen dut, zu salbu ikusi arte ez baitut kenduko bizarra.

Har ezazu muxu linguistiko bat, hizkuntza-musu bat eta mihi-musu bat, gela hotzeko gauak epel dakizkizun.

Zure maitalea.

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak III

miel a. elustondo

Hamalau egun. Hamalau egunean hil egiten da pertsona.

Maiatzaren bederatzia zen. Zera esan izan zidan beti: «Ez dakizu zein eder den Mosku! Garaipen egunean oroz gain, su artifizialak botatzen dituztenean. Ikus dezazun nahiko nuke».

Gelan jarrita nengoen, berarekin. Begiak ireki zituen.

«Gaua da, ala eguna?».

«Iluntzeko bederatziak dira».

«Ireki leihoa! Berehalaxe hasiko dira!».

Leihoa ireki zuen. Zortzigarren solairuan ginen, eta hantxe zen hiri osoa, gure aurrean! Eta suzko erramiletea ikusi genuen, zeruan lehertzen.

«Begira horri!», esan nuen.

«Esan nizun Mosku erakutsi behar nizula. Eta esan nizun jai egunetan loreak emango nizkizula beti…».

Haren aldera begiratu eta hiru krabelin ateratzen ari zen burukoaren azpitik. Erizainari dirua eman, eta hark erosi egin zizkion.

Hurreratu eta muxu eman nion.

«Nire maitea! Zeu zara nire maitea!».

Protesta jo zuen. «Zer esan dizute medikuek? Ez ni besarkatzeko. Ez niri muxurik emateko!».

Hainbesteraino gaizkitu zen, ezin izan bainuen une batean ere bakarrik utzi. Etengabe hots egiten zidan: «Lusya, non zara? Lusenka!». Behin eta berriro hots egiten zidan. Gainerako gela hiperbarikoak, non gure mutilak baitzeuden, soldaduek zaintzen zituzten, bertako langileek uko egin ziotelako. Babes-jantziak eskatzen zituzten. Soldaduek garraiatzen zituzten hondakin-ontziak. Zorua garbitzen zuten. Izarak aldatzen zituzten. Dena egiten zuten. Nondik inguratu zituzten soldadu haiek? Ez genuen galdetu. Baina berak… berak… egunero aditzen nion esaten: «Hila. Hila. Tistxura hila da. Titenok hila da. Hila».

Egunean hogeita bost edo hogeita hamar aldiz libratzen zen. Odola eta mukia. Azala zartatzen hasi zitzaion beso eta oinetan. Furunkuluz bete zen. Burua jiratzen zuenean, ile-mataza geratzen zen burukoan. Txantxa egiten saiatu nintzen. «Horrela hobeto. Ez duzu orrazirik behar». Handik laster, ilea larru-arras moztu zioten. Nik neuk moztu nion. Nik neuk egin nahi nion dena. Fisikoki posible izan balitz, berarekin egongo nintzatekeen egunean hogeita lau orduz. Ez nuke minutu bat ere galdu nahiko. [Isiltasun tarte luzea]

Bada zenbait elkarrizketaren pasartea, gogoratzen naiz. Baten bat, esaten: «Entenditu beharra daukazu: hau ez da gehiago zure senarra, ez maite izan duzun pertsona, gauza erradioaktibo bat baizik, pozoi kopuru handia duena. Ez zara suizida. Zaindu zeure burua». Baina ni burua galdu duen pertsona bezala nengoen: «Baina maite dut! Maite dut!». Bera lo, eta ni xuxurlaka: «Maite zaitut!». Ospitaleko patioan oinez, eta «Maite zaitut!». Gaixoaren erretilua eramanez, «Maite zaitut».

Gau batez, dena lasai zegoen. Biok bakarrik geunden. Begiratu egin zidan, baina oso, oso arreta handiz, eta orduan, bat-batean esan zuen:

«Gure umea ikusteko amorratzen nago. Zer moduz dago?».

«Zein izen jarriko diogu?».

«Zeuk erabaki».

«Zergatik nik, hemen biok gara eta!».

«Horrela bada, mutila bada, Vasya izango da. Neska bada, Natasha».

Itsuturik bezala nengoen. Nire bihotzaren azpiko taupadatxoak ere ezin nituen sentitu. Nahiz eta sei hilabeteko nengoen. Pentsatzen nuen nire barruan neraman ttikia babestuta zegoela.

Eta orduan… azkeneko gauza.

Autshumato

Karlos del Olmo

Kode irekiko itzulpen tresna sorta bat dugu Autshumato. Hego Afrikako North-West University unibertsitateko Centre for Text Technology (CTexT®) atalak garatzen eta kudeatzen du.

Esan beharrekoa da, bestalde, Autshumato (edo Autshumao nahiz Herry edo Harry de Strandloper) interprete bat izan zela, Hego Afrikako Saan (boskimano) leinu batekoa (Strandloper zen kolonoek emandako izendapena). Interprete lanetan eta bestelako negozioetan jardun zuen kolonoekin, bai eta espetxean ere egon ere (Robben espetxe malapartatuan), europarren aurka matxinatzeagatik. 1663. urtean hil zen.

Itzulpen memoriak, itzulpen automatikoa eta glosarioak artezteko tresnak biltzen ditu sortak. Berez, Hego Afrikako hamaika hizkuntza ofizialak jorratzeko prestatuta dago, baina erraz egokitzen da edozein hizkuntz bikoterekin jarduteko.

Berez, itzulpen lana automatizatzeko eta antolatzeko inguru bat eskaintzen du: Autshumato Integrated Translation Environment (ITE), OmegaT eta Moses programetan oinarritua. Zertan esanik ez, automatikoa euskararekin lan egiteko prestatu beharra dago.

Horrezaz gain, terminologia jorratzeko modulu bat ere badu: Autshumato Terminology Management System (TMS).

Eta itzulpen memoriak, itzulpen automatikoa eta terminologiakoa osatzeko, beste aiutari batzuk ere opatzen ditu:

  • Lerrokatzaile bat, CTexT® Alignment Interface, testu pareak hartu eta itzulpen memoria nahiz itzulpen automatikorako corpus bihurtzekoak. Bi bertsio ditu, oinarrizkoa eta Pro. Bigarrenak aukera handiagoak ematen ditu, baina lan larriagoa behar du, jakina.
  • Autshumato PDF Extractor tresnak editagarri eta beste tresnekin jorratzeko moduko bihurtzen ditu PDF formatuko dokumentuak.
  • Autshumato TMX Integrator lanabesak sarearen bidez integratzen eta txukuntzen ditu TMX formatuko itzulpen memoriak (batez ere, Autshumato programak berak sortuak).

Autshumato Text Anonymiser trepetak anonimo bihurtzen du informazio konfidentziala.

Webgunean bertan itzulpen memoriak eta corpusak ere eskaintzen dituzte.

Oso aukera ona Euskal Herrian, elkarlanean, dirutzak eta denbora epe ikaragarriak xahutzeke, kode irekiko doako tresnen bidez geure itzulpen eta terminologia beharrak asetzeko (euskalkien aldetik, esate baterako), hala gura duten euskal itzultzaileei sarean lan egiteko aukera eskaintzeaz gain. EIZIE elkartea bera bitartekari egokia izan liteke horrelako zeozer abian jartzeko, erakunde ofizialak eta itzultzaile, interprete eta zuzentzaileak horrelako egitasmo baten inguruan elkarrengana biltzeko.

Literatur lanen izenburuen itzulpenaz (II)

Xabier Olarra

Artikulu honen lehen zatian izenburuen itzulpenean itzultzaileengan aurkitzen ditugun jokabideetako lehenaz aritu nintzen, ohikoenaz, itzulpen «zuzenaz» alegia, eta, oraingoan, bertan aipatutako beste biak aztertuko ditut labur-labur, itsaso zabal horretan sakoneraino murgilduz gero doktoretza-tesi bat egiteko adina gai dagoela jakinik.

B. Egokitzapena

1. Pop. 1280 > 1275 âmes > 1280 almas > 1280 arima

Jim Thompsonen lan ospetsuaren izenburuaren itzulpenean ikusten dugun aldaketa ez da handia, frantsesezkoan izan ezik. «Pop. = Populazioa» «arima» bihurtu izana testuan bertan justifikatua dago, nobelan bertan ere sinonimotzat hartzen baitira. Hor itzultzailea —eta Série Noire bildumaren zuzendari Georges Duhamel— Nick Corey sheriffaren ahotik ateratako astakeria bat oinarri harturik (beltzek ez dutela arimarik), herrixka horretako populazioaz izenburuak dioena aldatzera ausartu da! (1.280 arima -5 = 1275) Les belles infidèles gailurreraino eramanak. Traizioaren eta desleialtasunaren gozoak paradigma bihurtuta.

2. Double Indemnity > Assurance sur la mort > Pacto de sangre > Galbidea

Kasu honetan, euskaraz legokiokeen Indemnizazio/kalteordain bikoitza «itsusiari» ihes egiteko, James M. Cainen nobelatxoan oinarritutako filmak gaztelaniaz izan zuen izenburuaz (Perdición) baliatu nintzen.

Dena dela, aipatzekoa da bai gaztelaniara bai frantsesera nobelatxo hori ekarri duten itzultzaileei aseguru-kontratuetako mordoiloan oinarritutako izenburu hori ez zaiela oso erakargarria iruditu, eta egokitzera (edo aldatzera/ordezkatzera) jo dutela.

3. The Turn of the Screw > Le tour de l’ecrou > Otra vuelta de tuerca > Koxka bat estuago.

Zalantza handiak eta eztabaida ez gutxi izan ondoren, euskarazko ordain horretara iritsi ginen, berez legokiokeena, Tornilloaren buelta / Torlojuaren bira, «itsusi» samarrak iruditzen baitzitzaizkigun bai itzultzaileari eta bai argitaratzaileari. Berez dagokion ordainari buelta emateak ere, tornilloa tuerka bihurtzeak alegiak, ez zuen arazoa konpontzen, estetikaren aldetik. Aipatzekoa da, halaber, torlojua (screw) > tuerka (azkoin, dranbal) bihurtu izanak ez duela inolako arazorik sortu gure inguruko hizkuntzetan.

Gainera, kasu horretan, «esapide» arrunt bihurtu den izenburu baten aurrean ginen, eta irtenbide hori, tajuzko ordain bat aurkituz gero, eguneroko hizkuntzan ere baliagarria izango zen. Nolabaiteko arrakasta izan duela esan dezakegu (idazleren batzuek bere egin dute), baina enteratu ez direnek —eta haien izena legiotxo da— bakoitzak bere kasara emango diote beren irtenbidea.

4. Handcarved Coffins> Ataúdes finamente tallados > Cercueils sur mesure> Eskuz landutako hilkutxak

Kasu horretan, Truman Capoteren narrazio labur horren izenburu soila gutxitxo iruditu zaie, nonbait, itzultzaileei, eta fintasuna gehitzea nahitaezkoa iruditu zaio gaztelaniarako itzultzaileari (nahiz eta, kontakizunean jakingo dugunez, hilkutxa horiek hiltzaileak berak eskuz —labanaz zehazki— zur puska bati txirbila kenduz eginak izan. Fintasun gutxi, beraz. Frantsesezko ordaina eman duenari ere ez zaio aski iruditu eskuz eginak izatea azpimarratzea, eta «neurrira» eginak direla gehitu behar izan du.

5. Chien de printemps > Perro de primavera > Afterimage> Udaberri alua

Kasu horretan, Patrick Modianoren nobelatxoaren izenburuak bi adiera izan ditzake: «Txakur zaildu gabea», eta Udaberri «alua» («gaiztoa»). Ingelesezko itzulpenaren egileak liburuaren sarreran argitzen du zergatik ihes egin dion, Afterimage horren bidez, itzulpen literalari (In his introduction Polizzotti explains that the third title — literally ‘dog of spring’, figuratively an expletive meaning rotten or miserable spring — has been freely translated).

Euskarazko ordaina, “alua” hitza erabiltzeagatik eztabaidagarria izan liteke, baina badirudi itzulpen literalari ihes egitea komeni zela, nobelaren esanahiari heldu nahi izanez gero.

6. To Kill a Mockingbird> Matar a un ruiseñor > Quand meurt le rossignol, 1961> Alouette, je te plumerai, Isabelle Stoïanov ( 1989) Ne tirez pas sur l’oiseau moqueur, Isabelle Stoïanov en itzulpenean Isabel Hausserrek berregina. Aipagarria da hirugarrenean aurkitu dutela ordain egokia, bai hasierako rossignol hura eta geroxeagoko alouette hori alauda arvensis (hegatxabala), beste txori batzuk baitira.

Mockingbird hori (Estatu Batuetako fikzioan hain arrunta den txoria) mimus polyglotus omen da (itzultzaileon zaindari izendatu beharko genukeena, mimoaz gain poliglota ere ba omen da eta), ez inolaz ere «txori erresiñula» edo urretxindorra (Luscinia megarrhynchos). Euskaltermek ‘burla-txori’ edo ‘zozo isekari’ ordainak ematen ditu txori poliglotarentzat. Beraz, jatorrizkoaren ordain zuzena eman nahi izanez gero, horrelaxe eman beharko genuke. Beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenetan ere hasierako (des)bide horretatik jo dute: Uccidere un usignolo, Wer die Nachtigall stört, Matar un rossinyol, Por Favor, Não Matem a Cotovia / Mataram a cotovia (hegatxabala edo enara), baina ez guztietan, errusieraz edo neerlanderaz, esaterako, ez dute txoriaren izena aldatu.

Frantsesez adinako aldaketarik ez da izan beste hizkuntzetan. Hor, gure burla-txoriari burla eginez (azeriak beleari bezala), lehenik urretxindor bihurtu zuten, gero hegatxabal (alauda arvensis) eta azkenik berez zegokion izena eman diote, ingelesezkoari behar adina hurbilduz: mocking bird = oiseau mocqueur. Baina liburuaren izenburua osorik ematean, moldaketara jo dute hor ere, «ne tirez pas» horren bidez gaur egungo gizartearen ehizaren kontrako jarrerari edo amore emanez.

Ikusi egin beharko euskaraz Harper Leeren nobela ospetsua itzultzen ari direnek zertan uzten duten abiapuntutik hautatua duten «urretxindor» hori.

C. Ordezkapenak

Aipatzekoa da, halaber, izenburuekin erabiltzen den —dugun— azken prozedura, egokitzetik (edo «desegokitzetik») harantzago doana: ordezkapena deitu diot, holako asko ezin baitaitezke inola ere itzulpentzat jo.

The Long Goodbye > Sur un air de navaja > El largo adios > Ez adiorik.

Garbi gelditzen da gaztelaniazkoak bakarrik jarraitu diola zuzen jatorrizkoari. Besteok, belarri-kontuengatik edo auskalo, desbideratzea erabaki genuen.

Frantsesez badira itzulpen berriagoak okerra modurik errazenean konpondu dutenak: ingelesez bere horretan utzi dute izenburua. The Long Goodbye izenburuarekin ageri da R. Chandlerren nobela honen frantsesezko itzulpen berriena (Le long adieu irensgaitza egiten ote zaie —itzultzaile?, argitaratzaile?, irakurle?— frantsesei?

Goraxeago emandako adibideak ikusita, gehiegikeria horietatik aldenduz bide «zuzenera» itzultzea ote gaurko joera? Ez ba. Hona eskuartean berriki erabili dudan liburu sorta baten izenburuen itzulpenak, adibide gisa:

ELENA FERRANTE. NAPOLIKO TETRALOGIA

1 L’amica geniale > La amiga estupenda > L’Amie prodigieuse / My Brilliant Friend > Adiskide paregabea

2 Storia del nuovo cognome > Un mal nombre > Le Nouveau Nom > The Story of a New Name

3 Storia di chi fugge e di chi resta > Las deudas del cuerpo >Those Who Leave and Those Who Stay

4 Storia de la bambina perduta > La niña perdida > The Story of the Lost Child.

Beraz, badirudi liburugintzan marketinak gero eta indar gehiago duenez, ohitu egin beharko dugula horrelako desbiderapenetara, nahiz eta, gehienetan, oso zilegiak izan ez.

Ergatibo-marka pertsona-izenen koordinazioan: bat ala bana?

Garikoitz Knörr

«Gramatikak, zentzu komunak eta are euskal idazle klasikoek adierazten digute izen-koordinazioan elementu guztiek daramatela kasu-marka. Gaur egun, ordea, anitzek jokatzen du bestela —gero eta gehiagok, eginen nuke— eta ez nuke jakinen erraten hiru hanka horietarik zeinek huts egiten dien.» (Ales Bengoetxea, 2002)

Aitor dezadan lehenbailehen: ordu askotxo eman, ematen eta, ziur aski, emango ditut Facebook euskaratzen. Bai, badakit: zergatik musutruk aritu, motel, itzulpen-lanak ordaintzeko sobera diru duen enpresa batentzat? Labur-labur adieraztearren (ez baita hori gaur ekarri nahi nuen gaia edo eztabaida): zerbitzua ingelesa ez den hizkuntzetan ere emateko aukera eskaintzen du Facebookek, ez baita gutxi. Komunitateak (edo erkidegoak: zergatik diogu beldur hitz horri politikaren alorretik kanpo?) euskaratzen ez badu, argi dago Zuckerberg-Eneak ez duela zeregin horretan zentimo bat ere inbertituko, epe laburrean ez behintzat.

Natorren harira: Facebooken interfazea itzultzeko orduan, mota guztietako zailtasunak aurkitzen dira bidean, terminologikoak asko, eta morfosintaktikoak ere ez gutxi. Bestalde, hitzak eta esaldi edo kateak itzultzeaz gain, aurretik bestek eginiko itzulpenak ikusi, bozkatu eta, behar izanez gero, itzulpen berriak proposatzeko aukera ere ematen du tresnak.

Hona hemen oso maiz azaltzen den kate mota bat, itxuraz erraz-erraza:

{name1}, {name2} and {number} others like this.

Nola jokatu horrelako zerbaiten aurrean? Gehienetan, itzulpen hau ikusten da —beste aukera batzuen artean— Facebook itzultzeko aplikazioan:

{name1}, {name2} eta beste {number}(e)k atsegin dute hau.

Hori horrela itzuliz gero, honako hau bistaratuko da Facebooken, besteak beste eta izenak izen:

Eneko, Iruri eta beste 5(e)k atsegin dute hau.

Baina zuzena da esaldi hori? Oker egon naiteke, eta atsegin handiz irakurriko nituzke zuen iritziak, baina niri ez zait euskara egokia iruditzen: ergatiboaren marka azken elementuan soilik irakur-entzuteak alarmak pizten dizkit begi-belarrietan.

Halakoetan, bide honetatik jotzea nahiago dut nik:

{name1}(e)k, {name2}(e)k eta beste {number}(e)k atsegin dute hau.

Kate horrek erabiltzailearen pantailara eramango duen esaldi parentesiz josia ez da noski oso estetikoa, ados, baina hori da senak eskatzen didana:

Eneko(e)k, Iruri(e)k eta beste 5(e)k atsegin dute hau.

Dena dela, horrenbeste itzulpen oker(?) ikusita, zalantza sortu zitzaidan, eta kontua zertxobait ikertzeari ekin nion. Zehazki, izen bereziak —batez ere pertsona-izenak— ergatiboan ageri ziren segidei begiratu nahi nien. Hiru iturri izan ditut abiapuntu (ikus, halaber, bukaerako 3. oharra, Sareko Euskal Gramatikari buruzkoa): batetik, Ales Bengoetxeak (2002) Senezen argitaratu zuen «Kasu-marken erabilera izen-koordinazioan» artikulu landu eta jakingarria; bestetik, Euskal Gramatika Osoa (2012), eta, azkenik, Euskaltzaindiaren 111. araua: «Izen sintagmen arteko juntadura dela eta». Hirugarren horri helduko diot lehenik.

Euskaltzaindiak zer dioen

Zoritxarrez, eskuartean dugun auzi honi dagokionean behintzat, ez da erabat lagungarria 111. araua. Hona hemen zer dioen, 3. atalean (1803. orr.):

Pertsona izenordeek berez izen sintagma mugatuak osatzen dituztenez gero, juntatzen direnean, hondarki osoa (hau da, kasu marka eta guztiko) izan behar dute (EGLU IV, 34-35). Gaizki eratuak dira ‘beraz’ [komatxo horiek jatorrizkoan daude, nik ez baitakit zergatik] ondoko formak, lehen juntagaiak, pertsona izenordea izanik, ez baitakar kasu markarik:

*Zu eta niri gertatu zaigu
*Ni eta zuk egingo dugu
*Gu eta zuetaz mintzatu ziren

Bada, izen bereziak ere (oso oker ez banago) izen-sintagma mugatuak direnez gero, horiek ere arauaren atal horretan sartzekoak direla pentsatu beharko genuke, baina eskertzekoa zatekeen adibide esplizituren bat eman izan balute.[1]

Hala ere, Jagoneteko galdera batean, honako esaldi hauek guztiak zuzenak ote ziren galdetu zuen erabiltzaile batek, eta erantzuleak baietz ihardetsi[2]:

Leirek eta Enekok garbitu dute autoa.
Leire eta Enekok garbitu dute autoa.
Leire eta Enekoren artean garbitu dute autoa.
Leireren eta Enekoren artean garbitu dute autoa.

Niri behintzat oso gogorra egiten zait bigarrena, «Leire eta Enekok garbitu dute autoa», alegia. Gainera (eta, berriro diot: oso oker ez banago), ez dator bat 111. arauarekin.

Euskal Gramatika Osoak zer dioen

Bestalde, Euskal Gramatika Osoan, «Emendiozko juntagailuak: ETA» atalean (697. orr.) ere bada gai honi buruzko argi( edo nahas-)biderik. Lan bestela bikain horretan, izan ere, ontzat jotzen dira honako adibide hauek (eta argi gera bedi neuk ere ez ditudala okertzat jotzen, eta ereabili ere erabiliko nituzkeela; arrazoiren bategatik, ergatiboan ikusten dut nik arazoa, ez horrenbeste datiboan edo bestelako postposizioetan):

Josuri eta Begori ez diegu ezer esan.
Josu eta Begori ez diegu ezer esan.
Jon, Miren, Itziar eta KoldoREKIN joango naiz. (701. orr.).

Tamalez, ez dut aurkitu pertsona-izenak ergatiboan darabiltzan adibiderik, baina balirudike[3] hau ere ontzat emango luketela egileek:

Josu eta Begok ez dute ezer esan.

Euskal Gramatika Osoan bai zehazten da, ordea, nola jokatu pertsona-izenordainekin: «Izen-sintagmaren ardatza pertsona-izenordaina denean, sintagma osorik esan behar da; hau da, bietan jarri behar da kasu-marka.» (699. orr.) Eta, besteak beste, bi adibide hauek ematen dira:

ZuK eta niK berdintsu pentsatzen dugu.
ZuEI eta guRI gauza bera gertatzen zaigu.

Lehenago esan bezala, ez dut uste arrazoirik dagoenik pertsona-izenordainak eta pertsona-izenak (eta izen bereziak, oro har) era desberdinean tratatzeko, biak baitira izen-sintagma mugatuak. Bestela esanda: barruak esaten dit «Zu eta nik berdintsu pentsatzen dugu» bezain desegokia dela «Mikel eta Mirenek berdintsu pentsatzen dute».

Tradizioari begira

Beraz, hori guztia ikusirik, ontzat eman behar dugu ergatiboaren kasu-marka azken elementuan baino ez agertzea? Bada, ematen du baietz. Dena dela, nahita utzi dut azkenerako Ales Bengoetxearen ikerlan gomendagarria (goi-goiko aipuarekin haren jarrera aurreratu badut ere): izan ere, bere artikuluan zenbait salbuespen ere aipatzen —eta behar bezala sailkatzen— baditu ere, egileak argi eta garbi erakusten eta ondorioztatzen du ezen «euskalki eta garai guztietako euskal idazleek idatzi dituztela enumerazioak elementu guztiei kasu-marka gaineratzen zietela», eta nik ez dut pisuzko ziorik ikusten bide horretatik aldentzeko, ezta Facebookeko parentesi itsusiak desagerrarazteko bada ere!

Oharrak:

1. Lerro hauek idazten ari nintzela, arauaren —edo, hobeki esan, arauaren neure interpretazioaren— kontra doan adibide bat etorri zitzaidan gogora. Jon Muñozen Loroaren teorema itzulpen ezin txukunagoaz ari naiz, zeinean hau aurkitzen baitugu, esate baterako:

«…eta zeinek berea bereganaturik zeuzkaten Jonathan-eta-Léak, bikiek». (16. orr.)
«Jonathan-eta-Léak elkarri erantzuten zioten». (19. orr.)

«Jonathan-eta-Léak», beraz, ezen ez «Jonathanek eta Léak». Hala ere, ohar bitez marratxoak: bikiak dira Jonathan eta Léa, eta biak bat balira bezala jokatzen dute, oro har, liburuan. Hortaz, lizentzia onargarria iruditzen zait, inondik ere, kasu horretan.

2. Morfosintaxi hutsari —formari eta eraketari— erreparatu diot azterketatxo honetan. Semantikaren edo are pragmatikaren ikuspegitik ere badagoke zer esanik, zalantzarik gabe. Esate baterako, iturri gehienek baliokidetzat —egokitzat ez ezik— jotzen dituzte, itxura denez, gisa honetako esaldiak:

(a) Mikelen eta Mirenen gurasoak.
(b) Mikel eta Mirenen gurasoak.

Bada, biak zuzenak izatekotan ere, susmoa dut interpretazioa desberdina izango litzatekeela edo izan lezaketela:

(a’) Mikelen eta Mirenen gurasoak (bi edo lau guraso)
(b’) Mikel eta Mirenen gurasoak (bi guraso)

3. Hau idazteari ekin nionean, Sareko Euskal Gramatikan ez nuen honi buruzko argibiderik aurkitu, edo ez nuelako behar bezala bilatu, edo oraindik atal hori osatu edo sareratu gabe zegoelako. Kontua da orain badela zerbait, «Juntadura» atalean, eta bereziki «Juntaduraren zenbait ezaugarri» Azterketa sakonik egingo ez badut ere, ez nuke hau amaitu nahi labur-labur Sareko Euskal Gramatikako zenbait pasarte eta adibide hona ekarri gabe. Oro har, ergatibo-marka banarekin ageri dira beti pertsona-izenak adibideetan:

Anek eta Mikelek irratia eta telebista erosi dituzte.
Maitek eta Monikak egin dute aurkezpena.

Bestalde, gure aztergaiaren gaineko argibide zehatzagoren bat ere ageri da:

a) bi IS [izen-sintagma] kasu marka edo postposizio bakarrarekin.

Aukera hau guztiz eragotzia dago erakusleekin, pluraleko artikuluekin eta izenordainekin:

*Auto hura eta kamioi hari isuna jarri diete.
*Ikasleak eta gurasoei egin zaie bilerarako deia.
*Zu eta niri ekarri dizkigute opariak.

Berriro ere, izenordainak ditugu hor debekuaren hartzaile, baina izen bereziak ez dira aipatzen. Eta, zertxobait beherago:

Baina IS-ak determinatzaile mugatzailearekin amaitzen ez direnean, horrelako kasuak ager daitezke, adibidez, izen bereziekin eta zenbait determinatzailerekin:

Ane eta Josuri deitu diezu?
[…]

Nolanahi ere, adibide osoak ohikoagoak dira, eta adieraren aldetik ere ez dirudi desberdintasunik dagoenik:

Nik Aneri eta Josuri deitu diet.
Nik Ane eta Josuri deitu diet.

Azken adibide horietan, badirudi aski —eta onargarria— dela datiboaren kasu-marka bakarra erabiltzea. «Ane eta Josuk deitu dute» ere ontzat eman daitekeela ulertu behar ote da?

* * *

  [1]       Bide batez, harrigarria iruditzen zait 111. arauaren 4. atalean ageri den «zure emazte eta alabek» adibidea, ontzat ematen baita, «zure emazteak eta alabek»en baliokide.

  [2]       Behin betiko bertsioan desagertu ziren arren, arauaren aurreneko idatzaldian bi adibide hauek (zer eta pertsona-izenekiko adibideak; lastima!) ageri zirela ere azaltzen du erantzuleak Jagoneten:

– Pelloz eta Maddiz mintzatu zara.
– Pantxika eta Urkori kantatu diet.

  [3]       http://sustatu.eus/1370962839879

Hau da mineralen emana!

Alfontso Mujika

Urtearen hasieran, urtarrilaren hamaikan, oparitxo bat egin zigun Euskaltzaindiak: Hiztegi Batua eguneratu zuen. Ordura arte, 2014koa zen azken bertsioa. 1058 sarrera berriz hornituta dator azken bertsioa. Orain, 44.325 sarrera ditu. 2000ko martxoaren 30ean jaio zen ume hark 20.000 sarrera inguru zituen. Laster beteko ditu 16 urte, eta, Imanol Urbietaren Txiki, txiki, txikia kantan bezala, «handitzen, handitzen, hasi naiz handitzen» horretan ari da geroztik.

Noiz arte handitu? Ezin jakin, baina badu oraindik hazteko bidea. Frantsesezko Le petit Robert hiztegiak, adibidez, 60.000 sarrera inguru ditu, eta DRAEk, Real Academia Españolaren hiztegi ofizialak, 93.111 sarrera ditu gaur egun.

Hau da azken eguneratzearen mamia, Euskaltzaindiak berak jakinarazia:

Hiztegi Batuko lantaldea corpusetan oinarritzen da hiztegia osatzeko, erabilera-maiztasunean oinarritutako A-tik Z-rako itzulietan. Horren abantaila erabili eta erabiltzen dena jasotzea da, baina sistematikotasuna galtzeko arriskua ere badu. Eta horixe da, hain zuzen, azken urte hauetan lantaldeak egin duena: hutsuneak izan zitzaketen gaiak berariaz aztertu eta hiztegia osatu.

Adibidez, lehendik jasotako aitaso edo lehenseme formei gehitu zaizkie amaso eta lehenalaba, berdintasuna bermatuz, familia-loturak bere osotasunean berrikusi baitira. Eta, horiekin batera osatu dira: aro geologikoak (antzinaro, Erdi Aro arautuei eneolito, pleistozeno, Solutre aldi modukoak gehituz), munduko diru zaharrak (napoleon, sestertzio, sueldo…) eta egungoak (dram —Armeniakoa—, kuna —Kroaziakoa—, nafka —Eritreakoa—,…), arrazak (artzain-txakur eta pottoka jasoekin batera, chihuahua, Enkarterriko billano, labrador, merino, pertxeroi modukoak), jaien izenak (magdalenak, sanjoanak, santomasak…), karten izenak (belot, bridge eta ipurdi-zikin, besteak beste), kasuen izenak (destinatibo, leku-genitibo…), elementu kimikoak (lehendik bildutako bromo, iridio, titanio formekin batera, argon, banadio, estrontzio, mendelevio…), hatzen izenak (hatz lodi, erakusle, luze, nagi eta txiki, eta eri potots, eri erakusle, erdiko eri, eraztun eri eta eri ttipi), musika-notak (beltz, biribil, giltza, kortxea…), -tan bizialdia (ezkonberritan, neskatilatan…), zodiakoa (aquarius eta akuario, aries eta ahari, pisces eta arrain…), zientzia-unitateak (farad, Fahrenheit gradu, kilobit, terabyte…), mineralak (akuamarina, anglesita, websterita…).

Sail horiek guztiak osatu dira, bai eta izen propioetatik eratorritako formak (adonis, alzheimer…) eta -tar osaerako euskal hitzak ere (newtondar, rousseautiar…).

Bukatzeko, 173. arauak jasotako alfabeto grekoa ere ekarri da Hiztegi Batura, lehendik zerrendatutako alfa eta omega modukoei beste guztiak gehituz (epsilon, lambda, omikron…).

18 sail osatu ditu Hiztegi Batuko lantaldeak, eta horiek arautu ditu Osoko bilkurak. Kasu batzuetan informazioa osatu egin da (espezialitate-marka edo adiera gehituz, euskalki-marka finduz), lehendik jasotakoak berrikusi eta zuzendu ere egin dira kasuren batean (anpere -> ampere, esaterako), eta sarrera eta azpisarrera berriak gehitu dira kasurik gehienetan. Hiztegia orekatuagoa dela esan dezakegu orain.

Bada berri pozgarririk azken bertsioan. Azkenik, anpere desarautu eta ampere arautu du Euskaltzaindiak. Luzetsita geunden. Badira 13 urte Euskaltzaindiari jakinarazi zitzaiola irrist txiki bat egin zuela anpere arautu zuenean (watt, volt, coulomb… eta gainerakoak ondo araututa baitzeuden). Jauregiko makineria motela da, baina iritsi da, azkenean, zuzenketa. Ederki!

Dena dela, beste kontu batek eman dit hizpidea: eguneratzearen azalpenaren azken esaldia. Hau da: «Hiztegia orekatuagoa dela esan dezakegu orain». Hala dio Euskaltzaindiak, eta arrazoiak eman ditu. Oreka neurtzeko, zenbait parametro eta irizpide daude. Haietako bat da hiztegi orokor batean agertzen diren hitz-sailetan hutsune larririk ez izatea, hala nola karten izen guztiak agertzea, edo musika-nota guztiak edo elementu kimiko guztiak. Eta horretan saiatu dira orain. Berriro ere, ederki!

Sail batzuetan hori ez da oso lantegi zaila, sailak txikiak edo erlatiboki txikiak direnean. Beste arlo batzuk, berriz, oso zabalak dira, eta aukeratu beharra dago, ezinbestean. Esate baterako, unitate guztiak bere multiplo eta azpimultiplo guztiekin sartzea ez litzateke logikoa (adibidez, milijoule, zentijoule, dezijoule, dekajoule, hektojoule…), zeren eta, hiztegia artifizialki gizentzeaz gainera, hiztegian alferrik sartuko bailirateke oso-oso erabilera urriko unitate-izen asko, aurrizkiak erantsiz automatikoki sortzen direnak. Eta arlo zabal horietako beste bat mineralena da. Aukeratu egin behar da, ezinbestean, hiztegi orokorra ez baita mineralogiako hiztegi bat.

Eta hor ikusi dut anomalia bat, hiztegiaren orekari dagokionez. Iruditzen zait mineral-karga handia duela orain Hiztegi Batuak. Berez, ez da arazoa mineral asko sarrera izatea (orain arte kexatzen baginen hiztegian gauza asko falta zirelako, ez gara, bada, kexaka hasiko orain, asko daudelako, ezta?), baina bada, nolabait, oreka-arazoa. Alegia, sailen barneko oreka handiagoa du hiztegiak orain, azken bertsioaren ondoren, baina sailen arteko orekarik ez.

Ikus dezagun, zehatz, zergatik deritzodan desorekatua.

Hiztegi Batuko A, B, C, D eta E letretako mineralak erauzi (baten batek ihes egingo zidan, zeren, harrigarria bada ere, espezialitate-markarik gabe ageri baitira) eta bost obrarekin konparatu ditut. Hiru hiztegi orokor:

  • gaztelania: (DRAE) Diccionario de la Real Academia Española (93.000 sarreratik gora)
  • frantsesa: (PR) Le petit Robert de la langue française (60.000 sarreratik gora)
  • ingelesa: (MW) Merriam-Webster (165.000 sarreratik gora)

Eta mineralogiako bi obra:

  • Mineralen hiztegia: (EUSK) Euskalterm (behin-behineko bertsioa): 208 sarrera
  • Introduction to Mineralogy / Mineralogiaren hastapenak: (MH); Egilea: William D. Nesse, EHUk euskaratua 2013an: mineral-aurkibidean, 422 sarrera ditu.

Hona hemen datuak:

mineralen lagina

Erreferentziako erdal hiztegi orokorrek, Hiztegi Batua baino askoz handiagoak izanda ere, askoz mineral gutxiago dituzte. Bada beste posibilitate bat: hiztegi horietan ere mineral asko izatea baina ez izatea Hiztegi Batuan daudenak. Ez dut uste hala denik, baina, hala izatera, okerrago litzateke kontua, adieraziko bailuke, nolabait, Hiztegi Batuan mineral garrantzitsuak falta direla eta bigarren mailako mineralak sobera daudela. Beraz, azken aukera hori baztertuz gero, datuek adierazten dute Hiztegi Batuan sarrera diren mineral-izenen portzentajea –sarrera-kopuru osoarekiko– askoz handiagoa dela beste hiztegietan baino. Zehazki, hauek dira mineralen sarreren portzentajeak lau hiztegi orokorretan (hiztegiek 26 letra dituzte, eta laginak 5 letra hartu ditu [ñ letra kontuan hartu gabe]):

  • Hiztegi Batua: (66/44.325) x (26/5) x 100 = % 0,77
  • DRAE: (22/93.000) x (26/5) x 100 = % 0,12
  • Le petit Robert: (17/60.000) x (26/5) x 100 = % 0,15
  • Merriam-Webster: (41/165.000) x (26/5) x 100 = % 0,13

Hau da, mineralen portzentajea, sarrera-kopuruarekiko, nahiko antzekoa da gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko hiztegi orokorretan (% 0,12-% 0,15 tartean dabil). Hiztegi Batuan, berriz, 5-6 aldiz handiagoa da (% 0,77). Eta beste bi datu deigarri lagin horretan:

1) Hiztegi Batuan sarrera diren mineralen % 22 ez dira sarrera ez gaztelaniazko, ez frantsesezko, ez ingelesezko hiztegi orokorretan.

2) Hiztegi Batuan sarrera diren mineralen % 38 ez dira sarrera Merriam-Webster hiztegian, nahiz eta hiztegi horren sarrera-kopurua Hiztegi Batuarena baino ia halako lau izan (zehazki, 3,7 aldiz handiagoa da).

Hiztegi Batua hiztegi ortografiko hutsa da, eta, alde horretatik, deigarria da mineralek halako garrantzia izatea (hori bai, geologoak pozik egongo dira), baina ez du bestelako ondoriorik. Nolabait esateko, zera litzateke: etxe bat egitean, fatxada bateko beharginek gainerako fatxadetakoak baino azkarrago lan egitea eta fatxada garaiagoa egitea. Baina etxe horri teilatua emateko orduan –alegia, Euskaltzaindiaren hiztegia egiteko orduan, horixe baita, azken batean, Hiztegi Batua, hau da, Euskaltzaindiaren hiztegiaren oinarria eta zurajea– fatxada hori besteen mailara berdinduko ez balitz, orduan bai, orduan esango genuke Euskaltzaindiaren hiztegia desorekatua dagoela, ez duela hiztegi orokor estandarren barne-oreka.

Azken oharra: ez, otoi, inork ulertu idazki hau kritika gaizto gisa. Irakurle interesatu baten gogoeta ireki txiki bat besterik ez da. Zorionak eta animo Hiztegi Batuan zein Euskaltzaindiaren hiztegian lanean ari diren guztiei.

H

Iñaki Segurola

Izeiak zazpi urte ditu eta idazten ikasten ari da. Dena muxinduta dabil aspaldi honetan ez duelako ulertzen zergatik idatzi behar duen H letra. Beste letra guztiek zerbait adierazten dute, hots bat «ateratzen» dute, baina H-k ez. Orduan, zertarako idatzi behar da? Ez da berriketa: bere protesta oso benazkoa eta sentitua da.

H zergatik idatzi behar den badakigu guk: halaxe agindua emana dagoelako; zekitenek eta zezaketenek halaxe erabaki zutelako noizbait. Berez, ondo sentipentsatzen jarri ezkero, ez dago arrazoi naturalik euskara ofizialean H letra erabiltzeko; arrazoi kultural edo historikoak bai, egon litezke, baina arrazoi natural baliozkorik ez. Arrazoi naturala diodanean adierazi nahi dut gaurko hiztunaren hizkuntza naturalaren barrutian kabitzen den arrazoi klasea, eta alde horretatik esan beharra dago ia mundu guztiarentzat H letra mutua edo alferrikakoa dela, eta salbuespena direla ipar-ekialdeko zenbait eremutako hiztunak, haien hizkeran hasperena baitago, eta hura H-ren bidez adierazten baita. Eremuz eta hiztun kopuruz ordea, oso gutxiengo urri edo apurra dira hasperendunak, eta horrek ez luke eman behar biderik H bazter orotara zabaltzeko eta are gutxiago Batasunaren izenean. Eta hau dena diogu jakintzat emanik letrak, berez eta jatorriz, hotsen (teknikoki esanda, fonemen) zerbitzurako asmatu zirela eta ez beste ezertarako; kulturmunduan hori aspalditik ahaztutako gauza da ordea, eta idazten hasten diren umeak dira hori gogora dakarkigutenak.

Ez dakienik balego, hasperena deitzen den hori –H letrak adierazten duen edo adierazi behar lukeen hori– noizbait orokorra izan zen euskaraz: oso oso noizbait, hobeki esanda, zeren joan deneko mende luzeetan mugaz iparraldean bakarrik gorde baita hots hori, eta han ere murriztuz joan baita denborarekin. Arrazoi edo desarrazoi kultural edo historiko horiengatik sartu zen H letra Euskara Batuaren ortografian orain mende erditsua, eta hautsak harrotu ziren, eta hautsak ez zirenak ere bai. Iparraldetik Lafittek eman zuen abisua ez holakorik egiteko, H-rik ez sartzeko Batuan, zeren, iparraldean euskarak zekarren atarramentu eskasa ikusirik, bere ustez ez baitzuen merezi holako lanik hartzerik. Baina H-k arrakasta izan zuen, zeren dakienak bai baitaki eta dezakeenak bai baitezake, eta haundia baita gizabanako argituek dakitenengan eta dezaketenengan daukaten fedea. (Bidenabar esanda, ni sinistuta nago H letraren auzia gaur erabakitzekoa balitz, H-rik gabea aterako litzatekeela euskararen alfabetoa.)

1968tik aurrera H-ren kontra zeudenak atzerakoitzat jo zituzten, zeren H-zaleak oso aurrerakoi eta ezkertiarrak baitziren gehienak. Bai: «gaztedi berria» H letrarekin tematu zen; letra mutu batekin itsutu zen, eta ikaragarrizko gauza xelebrea gertatu zen: gazte ustez bihurriak tradizio zaharraren, kultura hilaren eta letra hilagoaren banderadun agertu ziren. Egundo holakorik! Mitxelena eta Villasante bezalako gizon ustez zentzudun batzuen bedeinkapenarekin atera zen aurrera H dontsua, eta orduz geroztik, umeak joan eta umeak etorri, alferrikako lan bat hartu behar izan dugu geure letratxoak historiko-kulturalki edertzen.

Egin dezagun galde: jende gazte eta biziena nolatan har dezake mendean letra hil baten aldeko suak? Esplikazio eske dagoen gauza da hori neretzat, zeren gazte-bizitasuna eta letra hil bat ez baitira aise ezkontzen diren gauzak. Mitxelenaren kontua ere latza da: etorkizunerako euskara batu bat egin behar, eta 800-900 (?) urte lehenagoko –hasperena orokorra zeneko– egoera bat irudikatzen duen letra hori bedeinkatu behar, aizue![1] Ez: ez dago esplikazio itxurazkorik, eta arrazoiak ezkutuagoak izango dira. Nik esan behar banu… betikoa esango dut: hizkuntza herriaren inbentua da, eta kulturgizonek ezin eraman dezakete hori aise, ezin etsi dezakete beren moztasun eta hitz-moteltasun bere-berezkoan, eta orduan holakoxe martingala historiko-kulturalak atera behar izaten dituzte «gainetik jartzeko». Orduko belaunaldi berriak bere arrastoa utzi nahi izan zuen ama euskararen gorputz atsotuan: bere jakitezko eta izatezko gehiagotasuna agerian utziko zuen arrastoa, hain zuzen[2].

Mende erditsua igaro da, eta H-ren sartzaileak hil dira edo zahartu dira, eta euskaldun haurrek –gehien-gehienek– segitzen dute galdetzen zertarako idatzi behar den H. (Erdaldunek ere berdin-berdin galdetuko dute, eta haiek gauza gehiago dituzte galdetzeko gainera, zeren letrakuntzaren lainezak ez baitu mugarik, baina orain aski dut neure jendearekin.)

Zain daukat Izeia. Ulertzeko moduko esplikazio bat eman beharko diot, eta esplikatu ez ezik, esperantza bat ere helaraziko diot, esanez H alu mutu-tonto hori ez badute maite, ba beren esku dagoela protesta egin eta kentzea. Eta ni alde izango nautela, eta aldean izango nautela.

[1] Mitxelenak «iraganean» bilatu zuen maiz batasuna, eta «zaharrago eta jatorrago» dei daitekeen metafisika bat zabaltzen lagundu zuen. Funtsean, desformazio profesionalaren lanak ziren horiek, nere iritzirako: gogoan itsatsiegiak zeuzkan hark hizkuntzalaritza historikoan «berreraiketa» deitzen dena eta antzinatasunaren izen ona edo balio operatiboa. Hasperena (eta H letra), beraz, oso zaharra, oso jatorra, oso beneragarria eta oso euskalduna izango zen, nahiz hori gauza sinesgaitza eta sentigaitza izan euskaldunik gehienentzat.

Baina horiek hola direlarik ere, Batu H-dunaren alde «arrazoi biologikoak» zeudela ere adierazi izan zuen inoiz Mitxelenak. Esan nahi zuena zen gazte-jende tematua ari zela Batu H-dun horren alde gogorki bultzaka.

[2] Nik esango nuke Axular eta Leizarragagan liluraturik aurkitu zuten «gehiagotasun» hura beren garaira aldatzea besterik ez zutela egin funtsean, beren buruak «gehiagotuz» bidenabar, gehiagotasun eta gehientasun horretan partaide zirenez gero. Gehiagotasuna zekarren prosa hura H-rekin zegoen idatzia, eta euskarazko prosa garaikideak ere H-duna beharko zuen izan baitezpada. Lapurtar zaharren ustezko gehiagotasun hori beste letrazko tradizio guztien ukazio moduan hartu zuten orduko gazte haiek, eta horretan bai esan daitekeela «gazteki» jokatu zutela.

Neguko dama

Juan Luis Zabala

(Leonard Cohenen beste kantu baten hitzak).

Neguko dama

Dama bidaiaria, geratu zaitez pixka bat gehiago,
gaua amaitzen den arte.
Zure bidean geltoki bat baino ez naiz,
badakit ez naizela zure maitalea.

Tira, elurraren alaba batekin bizi izan nintzen
soldadu bat nintzelarik,
eta haren alde borrokatu nintzen gizon guztien aurka
gauak oso hotz egin ziren arte.

Hark zuk bezala izaten zuen ilea,
lo zegoenean izan ezik.
Orduan kezko, urrezko eta hatsezko
ehungailu batean ehotzen zuen.

Eta zergatik zaude horren isil,
hortxe, ate ondoan?
Aspaldi aukeratu zenuen zure bidea,
errepide honetara iritsi zinen.

Dama bidaiaria, geratu zaitez pixka bat gehiago,
gaua amaitzen den arte.
Zure bidean geltoki bat baino ez naiz,
badakit ez naizela zure maitalea.

* * *

Winter Lady

Traveling lady, stay awhile,
until the night is over.
I’m just a station on your way,
I know I’m not your lover.

Well I lived with a child of snow
when I was a soldier,
and I fought every man for her
until the nights grew colder.

She used to wear her hair like you
except when she was sleeping.
And then she’d weave it on a loom
of smoke and gold and breathing.

And why are you so quiet now
standing there in the doorway?
You chose your journey long before,
you came upon this highway.

Traveling lady, stay awhile,
until the night is over.
I’m just a station on your way,
I know I’m not your lover.

Zenbatgarren nongoa?

Iratxe Goikoetxea Langarika

«Asko aldatu da hizkuntza 30 urtean», irakurri nion abenduan Berria-n Manu Lezertua arartekoari, kanpoan egin dituen urteetan euskaran igarri duen aldaketari buruz. Bai, ba. Ikaragarri aldatu da.

Iazko abenduan, Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraren urteurrena zela eta, leiho bat zabaldu zitzaigun 25 urte atzera begiratzeko, eta atentzioa eman zidan azaleko lerroburu nagusiak: Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak[1].

EgunkariaZergatik eman zidan atentzioa? Ez datorrelako bat 25 urteren buruan ofizialdu eta finkatu den erabilera nire ustez okerrarekin.

Egunka2

Alegia, 50. Durangoko Azoka. 61.100 emaitza google-n. 2.000 ditu “Durangoko 50. Azoka”-k.

Ez dakit orain 25. urte hasita zegoen eztabaida, baina ekitaldi, lehiaketa eta halakoak ugaritu ahala, behin baino gehiagotan hitz egin izan da ordinalak sintagmaren barruan bete beharreko lekuaz: Hasieran? Zenbatzen duen izenaren aurretik? Itzulist itzultzaileen foroan ere atera zen gaia, eta, besteak beste, puntu hauek argudiatu ziren:

  • Ordinala hasieran ipintzeko arrazoia grafikoa edo estetikoa izaten da. Eta pisu handia du horrek errotulazio edo kartel elebidunetan, bi hizkuntzen arteko parekotasunak erraztu egiten baitu diseinua.
  • Batzuen ustez, ekitaldiaren izena zein den erabakita, harexen aurretik ipini behar da zenbatgarrena den. Berdin dio nola dagoen eratuta izena: Euskal Herriko Itzulia bada probaren izena, zilegi deritzote ordinala multzo osoaren aurretik ipintzeari: 50. Euskal Herriko Itzulia.
  • Beste batzuen iritziz (eta ni bat nator), bereiztekoak dira izen elkarketa bidez eratutako izendapenak eta genitiboen bidez ematen direnak. Hitz elkarketa bloke banaezina da, eta berdin gertatzen da aposizioan ematen diren izen bereziekin: II. Mundu Gerra; IV. Euskolabel bandera. Genitiboa tartean denean, ordea, dagokion izenaren aurrean ipini behar da ordinala: Munduko II. Gerra; Ideia eta Proiektu Berritzaileen III. Sariketa.

Beharbada azken irizpide hori aintzat hartuta, eta diseinuaren alderdia errazteko, Donostiako Zinemaldiak euskarazko izen ofiziala aldatu zuen 2007an, eta ordutik Donostia Zinemaldia da ofizialki euskaraz.

Egunka3Euskara asko aldatu dela 30 urtean… baina erauntsika datoz aldaketak.

Joera berrietako bat, ordinala izenaren ondoren sartzea: Korrika 19. Eta beste bat, are zabalduagoa, ekitaldia, ordinalarekin barik, urtearekin mugarritzea. Ondorioa, informazio bila topatu dudan esaldi hau bezalakoak: “Durangoko Azoka 2015ak dakartzan joera berriak”. Bi mila _ hamabost irakurriz gero, konpleto.

[1] Ez zen hori azokaren izena, orduko kartelek erakusten dutenez. Hasierako urteetan, azokaren gaia jasotzen zen izenean (Euskal Liburu eta Diskuen Azoka, Euskal Liburu eta Diska Azoka, Euskarazko Liburu eta Disko Azoka, Euskal Liburu eta Disko Azoka…), eta ‘Durango’ kokalekutzat ageri zen. 40. ediziora arte ez zen agertu ‘Durangoko Azoka’ sintagma kartelean.