Ni (batzuetan) ez naiz inor irratian berba egiteko

Amaia Astobiza Uriarte

Lehengoan irrati batetik deitu zidaten. Espainiako Kongresuak atzera bota du proxenetismoa gogorrago zigortzeko lege-proposamena, eta horren inguruan galdetu nahi zidaten. Adeitsuak izan ziren oso: Puta zikinaken (Katakrak, 2022) harira han eta hemen argitaratutako testuen hiruzpalau txatal elkarrekin josi, eta, liburuaren izenburua behin ere aipatu gabe, ondotxo argudiatu zuten gai horri buruz hitz egiteko beharra. Halere, nahi ez zuten erantzuna jaso zuten.

Azaldu nien ni ez naizela nor inoren izenean horren inguruko iritzirik emateko; sexu-langileen lan-eskubideak jorratzen dituen liburu bat itzuli dudala eta horri buruz, liburu horretan esaten denari buruz berba egin izan dudala, baina, hortik aurrera, ni ez naizela sekula aritu prostituzioan, ez naizela sexu-langileen ezein elkartetako kide eta nire iritziak ez duela jendaurreko baliorik; alegia, ez beste inorenak baino gehiago (ados: gaiari buruzko bizpahiru liburu irakurri ditut eta agian batez bestekoak baino zertxobait gehiago jakin dezaket, baina kito; lagunen arteko elkarrizketa batean, Puta zikinaken inguruko solasaldi batean… ekarpenen bat egingo dut, baina ezin dut inoren izenean berba egin komunikabide batean). Hala eta guztiz ere, ez zuen erraz etsi; galderak aurretiaz bidaliko zizkidatela eta erantzunak prestatzeko astia izango nuela. Berriro ere, ezezkorako argudioak eman nizkion, baten bat gehituta eta besteren bat osatuta. Eta orduan bai, amore eman zuen; igual egoera gehiegi behartzea zela niri —itzultzaile (ez-prostituta) bati— hori eskatzea, eta horretan utziko genuela.

Badirudi datu-baseren batean nire izenari prostituzioa etiketa erantsi diotela, eta aurrerantzean ere horri buruzko albisteak ateratzen direnean nirekin akordatuko direla, non eta deitzaileak ez duen etiketa ezabatu, haren desegokitasunaz jabetuta. Gai zehatz batzuei dagokienez, txerriaren buztana baino laburragoa eta zatiz artezagoa da Euskal Herrian (inork norbera) aditu bilakatzeko bidea, eta itzultzaileoi maiz egokitzen zaigu ohartzerako geure burua txerri-kortako lokatzetan kakaztuta aurkitzea. Hain justu ere, sexu-langileei ahotsa emateko ekarri genuen liburua euskara, ez haien izenean jarduteko.

Pentsa nire balizko elkarrizketa hori sexu-langile batek entzuten duela. Ondo irudituko zaio gizarteak berari ukatzen dion ahotsa niri ematea? Beharbada ez da prostituta euskaldunik egongo irratiko datu-basean, baina Euskal Herrian ere badira sexu-langileen elkarteak, eta erraz da haiengana jotzea. Esate batera, Maite Asensio Lozano kazetariak Putak Borrokan elkarteko Carolina Clemente sexu-langilea elkarrizketatu zuen Berrian; horixe da, nire ustez, bide egokia. (Oharra: ez dakit zer egin zuten irratikoek; beharbada haiek ere bide aproposen batetik jo zuten azkenean.)

Zaintzaileak, bilobak eta psikiatrak

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Pertsona baten ala batzuen generoa markatu gabe uzteko aukera ematen digu euskarak, beste hizkuntza batzuetan derrigor markatu behar den lekuetan. Generodun hitzak euskarara itzultzean sortzen diren buruhausteez jardun izan du batek baino gehiagok blog honetan, hala nola Aiora Jakak, Bakartxo Arrizabalagak, Bego Montoriok edo Fernando Reyk. Kontrako norabideko itzulpenari helduko diot gaurkoan, genero marka zehaztu gabeko hitzak itzultzean sortzen diren zailtasunak mintzagai hartuta. Horretarako, Itzulpengintza eta Interpretazio Graduko ikasleekin eginiko lanketa izango dut abiapuntu.

Euskaratik gaztelaniarako itzulpen praktiketako eskoletan landutako hiru testuren adibideak ekarriko ditut segidan. Lehenengo testua egunkarian argitaraturiko iritzi-artikulu bat da, eta bertan kontatzen zaigu biloba aitona bisitatzera joan dela zahar-egoitzara. Behin han, egoitzan lanean diharduen aspaldiko ezagun batekin egin du topo bilobak. Ez dakigu pertsona errealak ote diren artikuluan aipatzen direnak ez eta benetako gertakizuna ote den ere topaketa hura. Biloba eta egoitzako langilea, ez dugu bi pertsonaia horiei buruzko datu handirik. Kontakizunean ez zaigu esaten emakumezkoak ala gizonezkoak diren, eta ez zaigu pistarik ematen aukera baten edo bestearen alde egiteko. Testua itzultzean, hortaz, itzultzaileak zehaztu egin beharko du artikuluegileak zehaztu ez duena, edo zehaztu gabe uzten saiatu, artikulugileak egin bezala. Itzulpengintzako eskoletan testua itzultzeko eskatu nien ikasleei eta honakoa izan zen emaitza: 14 ikasletatik 8k gizonezkotzat jo zuten biloba, eta 6k, emakumezkotzat. Zahar-etxeko zaintzailea, aldiz, 8k jo zuten gizonezko eta 5ek emakumezko, eta beste batek zehaztu gabe utzi zuen. Esan dezadan, ikasleen artean 10 emakuzmezkoak zirela, eta 4 gizonezkoak. Artikulua, aldiz, emakume batek idatzi zuen.

Bigarren kasuan, ipuin labur bat izan genuen itzulgai. Narratzaileari buruzko ezer askorik ez dakigu, idazleak ez ditu zehaztu haren sexua eta adina, seniderik ba ote duen, zer itxura duen, non bizi den, zertan lan egiten duen, ez ezer. Kontakizunaren arabera, baserriko baratzearen ardura hartuko du narratzaileak, amona hil ostean. Horretaz gain, narratzaileak kontatuko digu zenbait urte lehenago modu misteriotsuan desagertu zen aitona zergatik desagertu zen argitu nahian ibili zela, bati eta besteari galdezka, tartean amari eta izebari. Ikasleek eginiko gaztelaniarako itzulpenetan, 10 ikaslek jo zuten narratzailea emakumezkotzat, eta bakarrak gizonezkotzat. Hiru ikaslek narratzailearen generoa markatu gabe uzteko hautua egin zuten, bestalde. Kasu hartan ere, ipuinaren egilea emakumezkoa zen.

Ikasleek landu zuten hirugarren testua ere ipuin labur bat izan zen, gizonezko batek idatzia. Protagonista psikiatraren kontsultan dago, eta harekin hizketan ari da. Irakurleok pazientearen hitzak besterik ez ditugu irakurgai, barne-elkarrizketa moduko bat baita kontakizuna, psikiatrarekin duen elkarrizketako pasarteekin osatua. Jakin badakigu protagonista emakumezkoa dela, eta psikiatraren sexua da kasu honetan zehaztu ez dena. Dena den, pasarte batean, psikiatraren sexuari buruzko pistaren bat ematen zaigu, guztiz argitzen ez bada ere. Hain zuzen ere, protagonistak esaten du film batean emakume bat ikusi zuela bere buruaz beste egiten psikiatraren komunean, komunean bertan topatu zituen bizarra egiteko kutxilekin. Horregatik, emakumezko psikiatrak hobeak direla esaten du protagonistak. Hortik ondoriozta liteke aukeratu duen psikiatra emakumezkoa dela? Ikasleek eginiko itzulpenen 9k markatu zuten gaztelaniaz psikiatra emakumezkoa dela, eta beste 4k gizonezkotzat jo zuten. Ikasle batek markatu gabe utzi zuen psikiatra gizonezkoa ala emakumezkoa zen.

Hiru adibide soil horietatik ezin ondorio garbirik atera zergatik hartu dituzten itzultzaileek hartu dituzten erabakiak. Lehenengo testuan ikusi dugu ikasle gehiagok jo zituztela gizonezkotzat generoa markatu gabeko pertsonaiak –biloba eta zaintzailea–, emakumezkotzat baino. Aldiz, bigarren eta hirugarren testuetan, baratzean lanean hasi berria den biloba eta psikiatra hurrenez hurren, gehiagotan zehaztu dituzte emakumezko gisa. Itzultzaileek hartutako erabaki horien atzean arrazoi ugari izan liteke. Esaterako, gerta daiteke idazlea eta protagonista genero bereko irudikatzea itzultzaileak, eta horregatik zehaztu izana emakumezko gisa lehenengo bi testuetako protagonistak. Edo itzultzailearen generoa eta protagonistarena pareko jotzea, hala izatera, emakumeek errazago identifikatuko dituzte itzulgaietako pertsonaiak emakumezko gisa eta gizonezkoek gizonezko gisa. Ohikoa izaten da, baita ere, gizartean indarrean dauden estereotipoak errepikatzera jotzea. Esaterako zahar-etxeetako langile gehienak emakumeak diren heinean, lehenengo testuko egoitzako langilea emakumezko gisa irudikatzea. Edo kontrara, estereotipoei aurre egiteko estrategia ere hauta dezakete itzultzaileek eta gizonezko gisa irudikatu langile hori. Baliteke testuan ageri den egoera jakin batek generoa zehaztera bultzatu izana itzultzaileak. Konparazio batera, bigarren adibidean, itzultzaileari errazagoa izan dakioke protagonista amarekin eta izebarekin berriketan ari direlarik, emakumezko bat irudikatzea testuinguru horretan. Baliteke, bestalde, testuko beste elementu batzuek pisua hartzea itzulpenean, edo pistak ematea generoa zehazteko. Psikiatrari buruzko kontakizunean, emakumezko psikiatrak hobeak direla dio protagonistak eta baieztapen horrek bultza dezake itzultzailea kontakizuneko psikiatra emakumezkoa dela ondorioztatzera. Gerta liteke, baita ere, genero markaturik gabeko hitzak itzultzean kontzientzia hartzen joan izana itzultzaileak –trebatzen ari diren itzultzaileak honako kasu honetan– eta haien itzulpen estrategiak egokitzen joatea testutik testura. Amaitzeko, jatorrizko testuan generoa markatu ez bada itzulpenean ere generoa ez markatzeko hautuaren alde ere egin daiteke, ikasle zenbaitek egin moduan. Jatorrizko testuak bilatzen duen efektua nahita bilatua bada, garrantzitsua izango da pareko efektua bilatu nahi izatea xede testuan ere.

Jatorrizko testuak esaten duenari arretaz erreparatu behar diogun modu berean erreparatu behar diogu itzultzaileok testuak iradokitzen duenari edo esaten ez duenari. Testuinguru jakin batean sortzen du testua idazleak, eta testuinguru konkretu batean itzuli itzultzaileak. Haien inguruan indarrean diren arauak eta konbentzioak ezagutzea ezinbestekoa izango da, horren jakitun izanda betikotuko baititugu estereotipoak edo haiei aurre egin. Jatorrizko testuan zehaztu gabe dauden horiek, azken batean, testuan bertan ez bada, idazleen, itzultzaileen eta irakurleen buruan zehazten baitira.

Adimen artifiziala, lagun edo etsai?

Amaia Lersundi Pérez

Azken hilabeteetan adimen artifiziala (AA) trending topic bihurtu da nire inguruan. Badira urte batzuk AA sortu zela, baina 2022ko azaroan, Chat GPT irekian jarri zutenean, gutako asko orduan hasi ginen AAri buruz hitz egiten. Adimen artifizialak hainbat sektore irauli ditu urte gutxitan, hala nola osasungintza, ekonomia, entretenimendua eta hezkuntza. Gaurko sarreran, nire egunerokotasunean gai honen inguruan sortzen diren hainbat kezka, eztabaida, hausnarketa… partekatu nahi ditut.

Zorionez, gizarteak aurrera egiten duen heinean, irakasteko eta ikasteko moduak ere aldatzen doaz, nahiz eta gehienetan aldaketak nahi baino polikiago gertatzen diren. Oraingoan ere, historian gertatu diren bestelako gertarirekin gertatu den bezala, AAren hazkundeak hezkuntza eta eskola birdefinitzeko beharra ekarri du, besteak beste, AAk ikaskuntza ikasleen behar eta gaitasunetara pertsonalizatzeko aukera ematen duelako, informazioaren irisgarritasuna hobetzen duelako, feedbacka momentuan ematen duelako, eta ikasleei eskatzen zaizkien zeregin asko ordenagailuak segundo bakarrean egiten dituelako. AAk onura eta aurrerapen ugari ekarri baditu ere, haren erabilerak hainbat zalantza eta buruhauste sortu ditu irakasleen artean. Nola arautu Chat GPTren erabilera? Debekatu beharko genuke eskoletan eta unibertsitateetan? Zein motatako zereginak eskatu behar dizkiegu ikasleei? Nola jakin ikasleek bidaltzen dizkiguten lanak haiek egin dituzten ala ez?

Orain arteko sarreretan hizkuntzak hezkuntzan duen garrantziaz aritu naiz, eta komunikazio-tresna ez ezik, ezagutzak eskuratzeko eta esanahiak eraikitzeko bitarteko ere badela defendatu izan dut. Ideia horretatik abiatuta, onartu behar dut kezkatuta nagoela AAk euskara maila baxua duten ikasleengan izango duen eraginagatik. Ikasleek itzultzaile automatikoak, idazketa-laguntzaileak eta Chat GPT moduko tresnak erabiltzen dituzte lanak egiteko. Tresna aurreratu horien bitartez ikasleek idatzizko lanak sor ditzakete inongo esfortzurik egin gabe, pentsatu gabe eta benetako ikaskuntzarik gabe. Kasu horietan, gainera, zaila izaten da jakitea ikasleak landutako edukia menderatzen duen, eta bere benetako hizkuntza maila zein den. Ez hori bakarrik; AAren gehiegizko erabilerak, komunikazio-gaitasuna garatzeaz gain, mugatu egin ditzake lan autonomoa egiteko gaitasuna, ikasleen pentsamendu kritikoa eta arazoak konpontzeko gaitasuna garatzeko aukerak.

Bestetik, adimen artifiziala deitzen badiogu ere, AAk ez du edukirik edo daturik sortzen; sarean dauden datuetatik jasotzen du informazioa eta estatistikan oinarritzen da datuak emateko eta testuak sortzeko. Horregatik, beste hizkuntza hegemonikoekin alderatuz, adimen artifizialak behar dituen ereduak entrenatzeko euskarazko datuen eskuragarritasuna mugatuagoa da, eta horrek eragina izan dezake tresna batzuen zehaztasunean eta eraginkortasunean.

Ezin da zalantzan jarri adimen artifizialak egiten duen ekarpena izugarria izan daitekeela hezkuntzan, baina gure ikasleak euskaraz trebatu daitezen eta komunikazio-gaitasunen garapen orekatua eta osoa ziurtatzeko, teknologia elkarrekintzarekin konbinatu beharko litzateke, eta, agian, debateak, ahozko aurkezpenak eta eskuz egindako idazlanak bezalako jarduerek funtsezko osagai izaten jarraitu behar dute gelan. Konbinaketa hori egin ahal izateko, eta irakasteko moduak gaurko errealitatera egokitzeko, ezinbestekoa da irakasleok AAk ematen dituen aukerak eta tresnak ezagutzea, nola erabiltzen diren ikastea, eta ikasleei nola erabili behar diren irakastea ere. Garrantzitsua da gogoratzea helburua ez dela adimen artifizialaren erabilera debekatzea, baizik eta modu etiko eta hezigarrian erabiltzen ikastea. Ez al da ba hezkuntza galdera egokiak egiten ikasteko eta pentsamendu kritikoa garatzeko esparrua? Beraz, jarraitu dezagun gai honen inguruan hausnartzen, eztabaidatzen eta ikasten, sortzen zaizkigun erronka horien guztien aurrean zer egin jakin dezagun eta adimen artifiziala etsai baino gehiago hezkuntza aberastuko duen laguna izan dadin.

Barkadazue, heterodoxoak (edo, salba dezagun gure barneko euskaltzaina)

Santi Leoné

I

Cambio de destino memoria-liburuko pasarte batean, Jon Juaristik kontatu zuen nola, atxilotu zuten batean, irri-emangarri utzi zuen itaunketa egiten ari zitzaion polizia; bertze pasarte batean, Tarot aditu bat leziatzen aritu zen zertan eta Tarot kontuetan. Anekdota eta egoera edozein direla ere, Jon Juaristi ateratzen da beti garaile Jon Juaristiren memoria idatzietan, eta, akaso, baita publikatzen ez den memoria intimoan ere.

Juaristiren estiloak arrakasta handia izan du euskal intelektual jakin batzuen artean, eta ez dira guti elkarrizketa publikoetan –eta, agian, baita adierazten ez diren pentsamendu intimoetan ere– beren buruari loreak suelto-suelto botatzen dizkiotenak: heterodoxo izatea da paparrean harro daramaten dominarik txikiena, eta, hortik abiatuta, lotsa arrastorik gabe kontatzen dute AEBko mundu akademikoa ezinbertzean konkistatu dutela edo familia ideologikoki orbangabe bateko azken ale ideologikoki orbangabe direla.

Panorama ikusita, bertze heterodoxo baten aspaldiko titulu bat parafraseatuz, barkamena eskatu nahi dut lerro hauetan hartu behar dudan bidea hartzeagatik, zeren, berehala kontatuko dudan anekdotan aski irri-emangarri agertuko bainaiz, pailazo baten pare kasik, eta bertze behin agerian geldituko baita zeinen traketsa naizen giza harremanekin deus ikustekoa duen orotan.

Oxforden izan zen. Guapo-guapo jarri, gorbata ongi lotu eta, nire ohituren kontra, college bateko besta batera abiatu nintzen. Han, berehala ohartu nintzen bertze inork ez zeramala gorbatarik; gonbidapenari disimuluan begirada bat bota, eta hantxe ikusi nuen aski argi idatzia: dress informal. Bere buruarekin erosoago sentitzen den batek eskuak gorbatara eraman, korapiloa laxatu eta oihal puska luze hura sakelan altxatuko zukeen. Ni, berriz, han egon nintzen, irribarre makur bat ezpainetan, lepo inguruan trapu baten ordez Coleridge-ren albatrosa eramanen banu bezala. Tira, noizbait ipuin bat egin beharko dut material horrekin. Momentuz, erabaki dut nire memoria publikoetan kontatuko dudala jantzi-protokoloa nahita hautsi nahi izan nuela, besta hartara dotorezia pittin bat ekartze aldera, eta hondarrean arrakasta izugarria izan zuela Italiako zetazko –memorietan Italiako zetazkoa izanen baita– gorbata hark. Eta saiatuko naiz oroimen intimotik lekutzen arratsalde hartan ez nuela araurik hausteko inolako asmorik izan, lehenik eta behin jantzi-arauak zein ziren ere ez nekielako.

II

Jorge Luis Borgesen ipuin batean, Ekialde Hurbileko pertsonaia batek ospe handia irabazi zuen munduan barna egin zituen bidaiei esker. Haren etsaiek –kontatzen du Borgesek– sekulan bidaiarik egin ez izana leporatzen zioten eta, aldi berean –gorrotoak ematen duen logikarekin– bidaietan ezagututako tokietan egiazko fedeari uko egin izana.

Adostasun zabala dago euskara ikaragarri zaila delako ideiaren inguruan, ez bakarrik erdaldunen artean, baita euskaldunen artean ere; izan ere, euskara sinplifikatzeko proposamenak izan ditugu berriki, eta izanen ditugu naski etorkizunean ere. Eta, aldi berean, euskara ikaragarri erraza delako ideia ere hor dago: erdaldunen artean, burla egiteko iturria da hori –telefonoa, pastela, hanburgesa… dena erdaraz bezala baita!–; euskaldunen artean, sormen iturria, hitanoaren hirugarren forma bat bulkatu nahian baitira batzuk azkenaldi honetan.

Euskara sinplifikatzeko zein aberasteko, bide bakarra bide dugu, askatasuna alegia, eta etsai bakarra, barnean omen daramagun euskaltzaina. Eta Asisko Urmenetak aspaldian errana da barneko euskaltzaina hil behar dugula. Bistan dena, ni ez naiz nor Asiskori kontra egiteko, baina, han-hemenka ikusten eta aditzen dudana ikusita eta adituta, iduritzen zait gure barneko euskaltzain ustez faxistaren opresioa franko beratza dela. Orokortzea itsusia denez, aitortuko dut badirela euskarari freskotasuna, naturaltasuna, bat-batekotasuna eta ez dakit zenbat bertze tasun eman nahi dizkiotenak, eta nik ez dut horren kontra deus ere. Baina irudipena dut naturaltasuna aldarrikatzen delarik, behin baino gehiagotan erdal makuluak edo kalko gordinenak erabiltzekoa dela aldarrikatzen ari den naturaltasuna. Hitz egitea un poco ateratzen zaigun bezala. Alegia, efektu jakin bat erdiesteko arauak hautsi baino gehiago, hoberik ezean euskainola erabiltzen dela. Tipo sozialki trakets batek gorbata eramanen balu bezala gorbatarik behar ez den besta batean. Ez jantzi-protokoloa salatu nahi izan duelako, jantzi-protokoloa ezagutzen ez duelako baizik. Ez heterodoxoa eta ez naturala, baldarra baizik.

Bortizkeria arrunt gauza itsusia da eta, horregatik, inor hiltzearen kontra nago, are gehiago inor hori gure barneko euskaltzaina bada. Aitzitik, nik uste dut zaindu beharko genukeela, baita –noizbehinka– maina batzuk egin ere. Eta gero, arauak ezagututa, hizkuntza gure beharretara moldatuko dugu. Jakinki zertan ari garen.

Interpreteen lan-baldintzen diagnostikorako bidean aurrera

Claudia Torralba Rubinos

Joan den abenduaren 15ean idatzi nuen sarreran EIZIEko interpreteen lantaldeak 2024rako finkatutako asmoen berri eman nizuen: interpreteen esperientziak eta bizipenak biltzea, errealitatetik abiatutako galdetegi bat diseinatzeko. Helburua zen (eta oraindik ere bada) 2024an euskal interpreteen diagnostikoa egitea. Izan ere, ezer gutxi dakigu euskararekin lan egiten duten interpreteei buruz, eta informaziorik oinarrizko-oinarrizkoena ere falta dugu. Adibidez, ez dakigu euskararekin lan egiten duten zenbat interprete dauden. Hori ere ez dakizue? Agian batzuk harritu egingo zarete, baina ez, hori ere ez dakigu.

Askotan esaten da interpreteei buruz ezer ez esatea dela lana ondo egin duten seinale. Baina beti atzealdean (edo beste gela batean, edo txoritokian) egote horrek baditu beste albo-ondorio batzuk ere. Besteak beste, itzaletan eta ilunpean geratzea. Horregatik, uste dugu badela garaia euskal interpreteei eta lanbideari berari argitasun apur bat emateko.

Helburu horrekin egin dugu lan urte hasieratik, eta jadanik prest dago galdetegia. Saiatu gara euskararekin lan egiten duten interprete guztientzat egokia eta esanguratsua izango den galdetegi bat prestatzen, lanbidearen argazki ahalik eta osoena eskuratzeko.

Galdetegiak bi atal ditu. Lehenengoan, gaur egun aktibo dauden interpreteen profila eraikitzen lagunduko diguten galderak erantzun beharko dira (generoa, adina, ikasketak, esperientzia…). Atal hori interprete guztiek bete beharko dute, eta oso baliagarria izango da datu demografikoak bildu eta XXI. mendeko interpreteak nolakoak diren irudikatzeko.

[Emakumeak al dira interprete gehienak? Gehiago al dira oraindik ere itzulpengintza eta interpretazioko ikasketa espezifikorik ez dutenak? Belaunaldi-aldaketa gertatu da? Zein da aktibo dauden interpreteen batez besteko adina? Gazteak ere ibiltzen dira interpretazio-lanetan?].

Bigarren atalean, aldiz, bi azpiatal daude: bat autonomoentzat eta beste bat hirugarren konturako langileentzat. Galdera gehienak oso antzekoak dira, baina badira batzuentzako eta besteentzako galdera zehatz eta espezifikoak ere.

[Autonomoentzat, adibidez: esango zenuke tarifak arazo-iturri direla? Ezagutzen al dituzu lankideen tarifak? Eta hirugarrenen konturakoentzat, aldiz: zein erakundetan egiten duzu lan? Eta zehazki, zein lanpostu eta kategoriatan?]

Hala ere, interprete guztientzako garrantzitsuak diren gaiak ere jorratuko dira galdetegian, besteak beste, lan-baldintzak, azpiegitura, hizkuntza-norabidea eta dokumentazioa aurretiaz jasotzea. Horiek guztiek, azken finean, lanbidearen funtsarekin dute zerikusia, eta interprete guztien egunerokoan daude presente.

Ekainean zabalduko du galdetegia EIZIEk, eta helburua da, hain zuzen, ahalik eta gehien zabaltzea. Ez da beharrezkoa EIZIEko bazkide izatea galdetegia betetzeko, eta eskertuko dizuet zuen inguruan dituzuen interprete guztiei ematea galdetegiaren berri. Euskal interpreteen diagnostikoak gure lanbidearen errealitatea ezagutzen eta, hortik abiatuta, gure lan-baldintzak hobetzen eta aldarrikatzen lagunduko digu, baita hautematen diren balizko arazoei aurre egiten ere. Egin dezagun bidean aurrera elkarrekin.

Unique in the world, euskal herritarrak la hostia gara (I)

Fernando Rey Escalera

Itzultzaileok arreta bereziz ikusten dugu, deformazio profesional izateraino, nola jokatzen duten jendeek, talde eta erakundeek hizkuntzekin. Nola tratatzen dituzten hizkuntza pareak komunikazioan.

Egia esan, Euskal Herrian, denok garenez itzultzaile, edo ezinezkoa denez bi hizkuntzen arteko zubirik gabe bizitzea (buru-ariketa gisa bederen), askok erreparatzen diogu. Eta berehalaxe ohartzen gara duintasunez idatzi duten, itzulpena kaxkarra egin ote den, tekleatze akatsik badagoen, letra tamaina bera erabili ote den bi hizkuntzetan… Doktoretza-tesi bat egin liteke horren gainean.

Azkenaldi honetan, badira bi joera deserosotasuna pizten didatenak. Mintza nadin garbiago: amorrua ere pizten didate. Ni ote naiz bakarra? Esan diet nire inguruko batzuei, baina, nonbait, gehienak ez dira erretxintzen ni bezala.

Joera horiek, nire ustez, argi adierazten dute euskara zer den jendearentzat, nolako tokia duen hizkuntzak (egiazko bizitzan), zer den guretzat euskara edo gaztelania edo ingelesa.

Badira azken urteetan zabaldu diren bi ohitura, bai, sua pizten didatenak barrenean. Obsesio bihurtzen hasia zait, eta idatziz jarriko dut. Ea balio didan kaskotik kentzeko. Edo, beste batzuen iritzia entzunda, ez dela hainbesterako pentsatzeko. Gaur haietako batez mintzatuko naiz. Beste egun batean besteaz.

Zuetako askok ulertuko didazue noski. Eta gauza naizen inor mindu gabe adierazteko.

Txikia nintzela “Vuelta al País Vasco” zegoen, eta halaxe iragartzen zuten kartelek. Gero euskara, zorionez, merezi zuen tokia hartzen joan zen komunikazioan-eta, eta kartela elebiduna izatera pasatu zen. “Vuelta al País Vasco-Euskal Herriko itzulia”. Bi hizkuntza, gaztelania eta euskara, “Euskal Herriko” deituta ere, Euskal Autonomia Erkidegoaz ari baitziren, Gipuzkoaz, Bizkaiaz eta Arabaz. Konforme. Aurrera egin genuen zerbaitetan.

Ez dakit justu noiztik eta zer gogoeta soziolinguistikoren ondorioz, orain oso bestelakoa da jokaera. Euskara hor da: Euskal Herriko itzulia da edo Itzulia da. Eta elebitasunari ere eutsi nahi izan diogu, baina zer eta “Basque Country” jartzen dute. Azkeneko kartelak ikusi ditut, eta orain “Itzulia Basque Country” idazten dute.

Eta galdetzen diot nik neure buruari: zer dago gaztelania kendu eta ingelesa sartzearen atzean? Irrigarria iruditzen zait. Nik dakidala, gaztelania bizi-bizirik dago Hegoaldean. Eta ingelesa zer dela-eta?

“La Itxulia” aipatu dut; orain horrela aditzen dut, ez “la Vuelta al País Vasco”, baizik eta erdara ederrean, baina hori bai, keinu negargarri bat eginez euskarari. Zeren seinale? Baskoagoak gara itxulia esanez? Tira, utz dezadan hori. Euskararen hitz bakar batzuk sartuz gaztelania hutsean egitearen beste fenomeno hori beste egun baterako utziko dut.

Beste hamaika adibide eman nitzake:

Itzulia Women, Euskotren Women Winter Series, Basque Team Saria, Itzulia Basque Challenge, Euskadiko Orkestra-Basque National Orchestra, Bilbao Basque Fest, Emakume Master Cup, Pilota Legends Cup…

Ez dut segituko, bihotzerrea jartzen zait-eta. Bai, Unique in the word gara euskaldunak (edo euskal herritarrak esan beharko nuke). “Athletic Club. Munduan bakarrak. Unique in the word”.

Magia bitxi baten eraginez, Euskal Herriko ez dakit zer txoko, ibar edo herritan zabaldu den euskalki edo ingeleski batez idatziak ikusten ditugu kartelak.

Baina itxurakeria da. Edo ez? Oso guai dago besterik gabe ingeles tanto batzuk jartzea? Dottorea da, ezinbestekoa, inperioaren hizkuntza jartzea? Gaztelania desagertu da karteletatik. Sekulako iraultza gertatu da gure egoera diglosikoan? Orain euskaraz barra-barra egiten al du jendeak eta ingelesa da kanporako atea?

Ez. Sinetsia nago ekitaldi, txapelketa eta emanaldi horiek gehienak gaztelaniaz antolatu direla. Ekitaldi horien antolatzaile diren erakundeek gaztelaniaz funtzionatzen dute. Euskarak ez du aurrerapauso handirik egin haietan, baina euskara eta ingelesa ageri dira. Susmoa dut tarta batzuen gaineko ginga puska gisa jartzen dutela euskara hor, apaingarri.

Gaztelania desagertu da. Nire ustez hemengo hizkuntzetan idatzi behar dira gauzak komunikazioa baldin bada helburua. Ulertuko nuke hizkuntza ahulenaren aldeko diskriminazio positiboz euskarak toki gailena izatea. Baina gaztelania kendu eta ingelesa jartzea harrigarria iruditzen zait.

Nola mintzo dira Harlemeko goierritarrak?

Angel Erro

Tarteka pizten da eztabaida, euskaraz nola mintzarazi behar diegun itzultzen ari garen eleberri edo ipuinean ezaugarri dialektal edo soziolektalak agertzen dituzten pertsonaiei. Emaitza maiz da polemikoa, eta denok gogoan izanen dugu adibide bat edo beste, funtzio horretarako euskalki jakin bat hautatu denean, esaterako. Euskara batuaren eta dena delako euskalkiaren arteko harreman sarea inoiz ez baita itzuli beharreko lanean hizkuntza estandarraren eta konnotatuaren artekoaren parekoa. Hortik dator, nik uste, Julen Gabiriak Art Spiegelmanen Maus komikiaren euskarazko itzulpenean Vladek pertsonaiarentzat asmatu duen idiolekto berezia (ingeles poloniartua, zuzentasunik gabea) irakurle askok itzultzailearen akastzat hartu izana, Gabiriak txio batean esan bezala.

Disoziazio hori muturreko adibidea da, baina zera adierazten du: berez, irakurleak bere hizkuntzan irakurtzen duen hori bere hizkuntzaz duen ezagutza eta eskarmentu soziolinguistikoarekin dekodetzen duela. Eleberri batean Harlemeko beltzek, beste pertsonaien (zurien) euskara batua gabe, Goierriko euskaraz erabiltzen badute, irakurleari, atzean egon daitekeen hizkuntz jokoa ulertuta ere, Goierriko euskara agertuko zaio begien eta belarrien aurrean nagusiki. Alde batera utziko ditut erabaki horrek berarekin dakartzan bestelako lotura ideologikoak, inoiz salatu egiten direnak.

Baina, kritikak kritika, hor dago beti zalantza, halakoekin zer egin. Nire ustez, erantzuna topatzeko erabilgarria izan daiteke kontrako galdera egitea. Nola nahi genuke erdal itzultzaile batek (esaterako, ingelesera) itzultzea euskarazko eleberri batean euskalki ezberdin batean mintzo den pertsonaiaren esana? Nola irudikatzen dugu? Eskoziako ingelesez? Gutxiengo etniko baten ingeles postkolonialean? Auzo jakin batekoan? Erdal irakurleak hortik eratorriko lukeen informazioa noraino litzateke zuzena eta batez ere baliagarria? Jatorrizko testuan hor diferentzia bat badagoela uler lezake, baina hautemango luke zer-nolakoa?

Ingelesezko idazle batek agian ezin du gutxiengo etniko baten kide bat agertu eta bere hizkuntz adierazgarriak ez azaleratu, bere irakurleei pertsonaiaren ezaugarritzean iruzurra sakatu gabe. Baina itzulpenaren bidezko irakurleok akaso aski dugu pertsonaia hori dena delako gutxiengo etniko (edo sozial) baten kidea dela jakiteko eman zaigun bestelako informazioarekin, ingelesak dituen aldaeren arteko aldeak ezin baitira automatikoki ekarri euskarak dituenetara. Ok, pertsonaia hori Bristolen bizi den jamaikar jatorriko langabetua da, baina ez du euskara batuan jarduteko eskubidea, etxea alokatzen dion adineko alargun galesak bezala?

Istriputik hiztripu eta beste paronimo batzuk

Anjel Lertxundi

HITZEN ARTEKO ANTZA. Hitz paronimoak, elkarren arteko antza dutenak, egokiak dira hitz-jokoetarako, kontrasterako, irakurleen arreta pizteko: amoratu, amorratu; antza, dantza; ego, hego; labe, gabe. Jokoa ematen dute prosan bezala poesian, bertsolariak abilak dira paronimoen erabileran, eta alditan etekin literario mamitsua ere atera liteke paronimoak bekoz beko jarrita testuinguru egoki batean. Demagun “nerabeen izua auzi bihurria”, Harkaitz Canoren Pozaren erdia poema-liburutik hartutako ahapaldi baten muina, letra etzanaz emana. Horra eskura itzulpenetan galtzen omen den zeraren zera poetikoaren adibide bikaina bi hitz paronimoen eskutik. Nola itzuli beste hizkuntzetara? Hitz paronimoek ere eraman gaitzakete jolasetik eta ateraldietatik literaturaren goien gradura.

Paronimoak aise bihur daitezke itzulpenetako sasiadiskide ere. Noren nagiak edo despisteak ez ditu arrakasta eta arrastaka paronimoak nahastu? Oroitzen naiz, urte asko dira, nola euskal tradizioko ipuin erritmiko baten hitz giltzarria (“aitonak arbia nahi du atera; tira eta tira, eta ezin du atera…) erbi bihurturik agertu zen haurrentzako liburu-formatuan: aitona arbi bat ateratzen ikusi ordez, erbi baten hanketatik tiraka ageri da argitalpenean. Ilustratzaileak bai baitira itzultzaileak ere beren jardunean, arbi eta erbi nahastu zituenak sasiadiskide batekin egin zuen estropezu, arbi arrunt bat baino erbi apetatsuagoa etxera eramateko asmoz-edo. Bistan da sasiadiskideen zakuan aise kabitzen direla paronimoak ere.

Baina paronimo arrakastatsuenen artean, istriputik jaiotako hiztripua. Distiratsua da eta, batez ere, oso efikaza. Asmazio bat dela esango du norbaitek. Neologismoak onartzen baditugu zergatik ez ditugu onartuko funtzionatzen duten eta gure egin ditugun neoparonimoak? Hiztripuak idatzita funtzionatzen du, ahoz eraginik izango badu ondo indartu beharra dago hiz lehen silaba, eta, hala ere, lanak. Baina testu idatzietan ez du galerarik. Hona –eta ona– lerroen errepideetan izaten ditugun letra-istripuak izendatzeko. Ez dakit nor izan zen hiztripu hitzaren asmatzailea, baina bide luzea egin du. Ateraldi baten moduan sortu zenak sarrera eta harrera ona izan ditu erabileran. Ulertzen dugu, balio digu, eta ia orain arte letra etzanarekin nabarmendu izan badugu ere hitzaren berexitasuna markatzeko, pixkana-pixkana desagertzen ari da letra etzanaren abisua, eta gaur gero eta gehiagotan ikusten dugu letra biribil edo normalean idatzita, hitz onartuaren bedeinkapen oraindik ez akademikoarekin. Egiten duen zerbitzua handia da, testu idatzietan egiten ditugun hiztripuak ere ugariak izaten baitira. Euskaltzaindiak ez du oraindik jaso, baina hitzak adierazten duena –hitzen arteko istripua– efikaza da, kostatuko zaigu hitz egokiago bat bilatzea hiztripuk esaten duenaren ordainetan. Eta, aldi berean, hiztripu bada hiztegiaren osaketan erakusten ari garen grazia eta imajinazioa balioesten dituen opari goren bat ere. Egunen batean, kontuon ondo bidez, Euskaltzaindiak onartuko du.

HIZTEGIAK HILTEGIAK OTE? Mingarria egiten zait bi paronimoak elkarrekin ikustea, hiztegi batek ez baitu deus hiltegitik salbu hiztegiak zer diren ez dakitenentzat. Erabiltzen ez diren hitz isilduak daude bertan, sekula gehiago erabiliko ez direnak dira haietako asko, baina hiztegietako hitzak, baita hilak deitzen ditugun greko edo latineko hitzak ere, ez daude hilak: garai jakinen batez mintzatzen zaizkigu, historiaren ahotsak dira. Esan egiten digute oraindik; beste kontu bat da guk zenbaterainoko arreta jartzen diegun. Nolanahi ere, ezin ebidentzia ukatu: jende askok hitzen hiltegi gisa ikusten ditu hiztegiak, eta horren arrazoia izango da bertan dauden hitz ugari, seguru asko gehienak, ezezagunak egiten zaizkiela. Hilak.

Hiztegietan dauden hitz batzuk haustuta daude aspalditik, loak hartuta, apenas sinets daitekeen arnas-berri daitezkeela ere, horixe egia. Baina batek hiltzat jotzen duen hitz bat bizirik egon daiteke bere auzoaren jardunean. Gurean zirkilu deitzen diogu erratzak, garbiketarako trepetak, lisatzeko taula edo harien kaxak gordetzeko baliatzen dugun gela txikiari. Mahaia edo katilua esatea bezain naturala dugu zirkilu hitza. Ez dut, ordea, hitz hori eta adiera horretan erabiltzen duen inor ezagutzen. Badakit, noski, badaudela. Han-hemengo herri-hiztegiek horixe esaten didate

Hiztegiak, hiltegi? Paronomasiak antza bereko bi hitz edo gehiago jartzen ditu aurrez aurre. Antza dute hotsek, adierek ez, eta hurbiltasun fonetikoak eragindako ondorioak arruntak izan litezke. Ala ez: aipatu ditudan paronomasia apurrek badute beren grazia, hitzez hitzeko esanahia baino harago iristen da egoek eta hegoek elkar topo egiten dutenean. Bi paronimoen dantzak askorako eman dezake. Eta hitz betikoen piurarekin jantzitako hitz berriak ere sor daitezke: halako askok bizitza efimeroa izaten du, baina aldian behin aitapontekorik ez duten hiztripu bezalako pitxiak ere sortzen dira. Hitzak ez dira hots huts. Hitzik ez dago edukirik, esanahirik, definiziorik gabe: ezaguna genuen istripuaren adiera, hiztripuak beste adiera bat erantsi dio, ondo bereizia, akzidenteen munduari.

Ambrose Biercek Deabruaren Hiztegia asmatu zuenean ez zuen, nik dakidala, hitzik asmatu. Asmatu zituenak, hiztegiko definizio deabrutuak dira:

«Hiztegi, iz. Hizkuntza baten hazkundea galarazi eta gogor eta zurrun bihurtzeko letra arloko tresna. Hiztegi hau, haatik, tresna emankorra da». (Itz. Xabier Olarra Lizaso).

Bierceren hiztegian bezala beste guztietan ere hitzak egon daude. Gizakiak sortuak, denborak ­­–denboraren bultzian, gu– hitzen esanahia mantentzen du edo egokitzen edo berritzen, eta esanahiko objektua edo egoera desagertzen denean, hitza ez da desagertzen. Isildu egiten da, isildu egiten dugu.

Huts txiki bat, poz txiki bat

Oskar Arana Ibabe

Aurtengo Aste Santuan, eguraldia euritsu zela eta atseden hartzeko gogoz etxea hautaturik opor-leku, garai bateko giroa ekarri nahi izan nuen neure baitara, eta gure itzultzaile handiaren Iesus Christen Evangelio Saindua S. Luc-en araura delakoa irakurtzera jarri, Leizarragarena, faksimilezko liburuan. Halako batean, XXIII. kapituluan, 26. eta 27. bertsetetan, hauxe irakurri nuen:

            25. Eta larga ciecén mutinationeagatic eta heriotzeagatic presoindeguian eçarri içan cena, ceinen escatu içan baitziraden: eta eman ciecén Iesus, nahi lutena leguiten.
            26. Eta hura eramaiten çutela, harturic Simon Cyreneano landetaric heldu cen-bat, hari crutzea gainean eçar zieçotẽ Iesusen ondoan eramaiteco.

Pasarte horretan ez da deus txit berezirik, baina ohartu nintzaion hitz bati, eta oker interpretaturik, uste izan nuen aurkikuntza polit eta txiki bat egin nuela, halako poz txiki beranduko bat hauteman nuela, garai batean buru-haustea eman ohi zigun adigai bat dela-eta. Gogoan dut zer lanak izan genituen rural eta campo hitzen ordainak ematen, turismo rural, casa rural eta gisakoak hedatzen ari ziren garaian.

Okerreko interpretazio bat egin nuen uste izanik ezen, ingelesezkoarekin alderaturik, landetarik hori adiera horrekin erabilia zela, hiriaren kontrako kontzeptu gisa. Izan ere, ingelesezkoan begiratu nuen (The New Oxford Annotated Bible, Third Edition, 2001, Oxford University Press), eta hauxe aurkitu:

            25. He released the man they asked for, the one who had been put in prison for insurrection and murder, and he handed Jesus over as they wished.
            26. As they led him away, they seized a man, Simon of Cyrene, who was coming from the country, and they laid the cross on him, and made him carry it behind Jesus.

Gainera, country hitzaren euskarazko adieretan, hauxe aurkitu nuen Morris hiztegian:

country:
5. (hiritik, herritik kanpora)
a. landa; baserri, mendialde, bortu; to go for a walk in the ~ {mendian || bortuan} ibilaldi bat egin
b. [izenen aurrean] ~ bred baserrian hazitako; ~ cousin baserriko lehengusu; ~ life baserriko bizimodu; ~ people baserritarrak

Pentsatu nuen ezen dagoeneko ez zitzaidala hasiera hartan bezain gordintxo gertatuko landa hitzaren adiera hori (guretzat hain konkretua), gerora, gaurko hiztegietan, hain emankorra izan dena. Euskaltzaindiaren Hiztegian:

landa eremu, landa-eremu
iz. Baserri inguruko gune edo eremua, hiriguneari kontrajartzen zaiona.
Industrializazio garaian sortu zen kooperatiba, langileak landa eremuetatik industria-hirietara joan ziren garaian, alegia. Landa eremuetan bizi diren emakume askorentzat ia ezinezkoa da ospitalera garaiz iristea arazoren bat sortzen denean.

landa turismo, landa-turismo
iz. Landa-eremuetan egiten den turismo mota. Landa turismoa bultzatzeko eta hobetzeko. Landa-turismoko etxeak.

landagune
iz. Landa eremuko etxe eta bizilekuen multzo egituratua. Ik. herrigune; hirigune; landa eremu. Herri txikietan eta landaguneetan denek dakite denen berri. Landagunea da Amasa; herrigunea, Villabona; elkarrekin osatzen dute Amasa-Villabona udalerria.

landetxe
iz. Landan eraikitako etxea, bereziki lantzeko lurrez inguratua dena. Ik. basetxe. Landetxe jori bat. Izetako landetxean dago udaldirako.

Gainera, Wikipedian, country hitzaren etimologia xerkatuz, koherentzia hautematen da jatorrizko adiera horren lerrotik, garbi-garbia:

Country:
Etymology: From Middle English contre, contree, contreie, from Old French contree, from Vulgar Latin (terra) contrāta (“(land) lying opposite; (land) spread before”), derived from Latin contra (“against, opposite”). Cognate with Scots kintra.

Eta halaber espainieraz (RAE) contrada hitza:

Contrada.
Del b. lat. contrata ‘región que se extiende delante de uno’.
1. f. desus. Paraje, sitio, lugar.

Baina, itzultzaileak zuhurra izan behar baitu eta interpretazioak beti berretsi eta ziurtatu, Elizen Arteko Biblian ikusi nuen ez zela hori adiera (zabala, abstraktua, hainbeste buru-hauste eman ziguna), ezpaze:

            25. haiek eskatzen zutena —matxinada eta giza hilketagatik kartzelan zegoena— askatu eta Jesus beren esku utzi zien.
            26. Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan.

Zapuztu nintzen, zapuztu, baina ez nuen etsi, eta Orotarikoan begiratu ea baliatua ote duen euskarak beste hitzik (gure baserri hain ezagunaz beste) kontzeptu hori emateko, eta, hara, definizioetako testuen artean campo hitzaren bilaketa eginik, zer kausitu:

Larre:
(Opuesto a ‘ciudad’). Campo. Cf. larre-herri.
Gure jaunak larrerat ereman zituela bere haurrak. HU Zez 72.

Edo:

LARRE-LARREAN. En medio del campo, en una zona totalmente rural.
 Larre-larrean bizi dezu erretore. Ldi IL 40.
LARRE-LARREENEAN. En la zona más rústica, rural.
Larre-larreenean billa zazute baserritarrik basaziena. Ldi IL 66.

Eta hara zaputzaldia eztitu, eta aurkikuntza ustezko handiaren lekuan, onddo ttipi polit bat kausitu, noizbait, nonbait, nolabait baliatu nahiko nukeena testuren batean, nahiz eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ez izan sarrerarik adiera horrekin (ulertzekoa denez…, Orotarikoan horren agerraldi gutxi izanik. Bada, gainera, Larrekoetxe izeneko auzo bat Lasarte udalerrian, Euskaltzaindiaren EODAk dioenez. Agian ez nahikoa norbaiti casa de campo esateko baliatu ahal dela iradokitzeko…).

Beraz, arratsalde euritsu batean antzinako testuetan barnaturik, sasitza txiki eta estu batean sartu, eta onddo txiki zaporetsu batekin atera.

Horixe izaten baitu euriak…

Emozioen zurrunbiloa interpretazioan

Maitane Uriarte Atxikallende

Interpretazio-eskoletan, behin baino gehiagotan galdetu izan didate interprete profesionalek hizlariaren emozioak ere transmititu behar dituzten edo erabateko neutraltasun emozionalari eutsi behar dioten. Ni beti izan naiz hizlariarekin erabat bat egin eta hitzetatik haratago doana ere transmititzearen aldekoa, baina interprete guztiak ez gara berdinak –izaera kontua ere hortxe dago–, eta, azkenean, norberaren hautua izan ohi da.

Batzuetan, hizlariaren emozioak begien bistakoak izaten dira entzuleentzat, negarrez hasten bada, adibidez. Horrelakoetan, interpreteok ez gara antzerkia egiten eta negarrez hasiko, noski. Hala ere, hizlariak zirrara, poza, haserrea eta, oro har, gehienbat ahotsean antzematen diren emozioak transmititzen dituenean, ahal den heinean interpreteek ere horiek transmititzen saiatzearen aldekoa izaten naiz ni, hau da, interpreteek ahotsaren modulazioaren jolastearen aldekoa, hizlariaren sentsazio eta sentimendu horiek nolabait transmititu ahal izateko. Izan ere, emozioek agerian utz ditzakete hizlariaren iritzia, pentsamoldea, helburuak… eta hori ere mezuaren parte da, azken finean. Dena den, berriro diot horrelakoak interpretearen beraren hautua izan behar direla, denak ez garelako iritzi –eta izaera– berekoak eta batzuei besteei baino gehiago kosta liezaiekeelako hizlariaren emozioak mimetizatzea.

Emozio eta sentimenduez ari garela, hemen badago zer esan. Hizlariaren emozioak azaleratzen direnean –begien bistakoak izan ohi direnak zein ahotsaren bidez antzematen direnak– interpreteok nola jardun aukeratu dezakegula aipatu dut arestian, baina zer gertatzen da interpreteak berak gaiaren edo bestelako arrazoien ondorioz senti dezakeenarekin? Kasu horretan, norberaren hautua baino gehiago, profesionaltasuna dago tartean, interpreteok gure emozio pertsonalei eutsi behar diegulako beti, baina gizakiak gara eta noizbait gerta daiteke guretzat gehiegi izatea.

2022ko otsailean, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenean, Alemanian bizi den interprete ukrainar batek Volodimir Zelenskiren hitzaldia interpretatu behar izan zuen hedabide aleman batean, zuzenean. Interpretea urte askoko ibilbide profesionala egindakoa zen, baina Ukrainako gerrak zuzenean eragiten zion eta momentu batean ezin izan zion negarrari eutsi. Segundo gutxi batzuez barrena urratu zitzaion eta isildu egin behar izan zen, baina barkamena eskatu zuen segituan eta interpretatzen jarraitu zuen, hitzaldia bukatu arte. Hurrengo egunetan, albisteetan agertu zenean, babesa erakutsi zioten gehienek; beste batzuek, ordea, gogor kritikatu zuten, profesionaltasun falta egotzita. Nik neuk beti esan izan dut gure emozioak kabinatik kanpo uzten saiatu behar garela, baina bizitzan zehar muturreko egoerak ere suerta daitezke, interprete honi gertatu zitzaion bezalaxe. Negarra atera bazitzaion ere, barkamena eskatu eta aurrera jarraitu zuen, eta niretzat hortxe dago profesionaltasuna. Beharbada, kritikatu zutenek ahulezia eta profesionaltasun falta ikusi zuten tokian guztiz kontrakoa ikusi beharko genuke, hau da, profesionaltasun osoz barkamena eskatu eta segituan hitzaldia interpretatzen jarraitu izana, bukatu arte. Profesionaltasuna eta meritua, bere tokian jarriko bagina guretzat ere oso zaila izango litzatekeelako egoera horretan jardutea.

Luze hitz egin genezake interpretazioaren eta emozioen inguruan, batez ere azken adibide horren eta antzeko kasuen inguruan, baina, norberak bere gogoeta egin bitartean, gogora dezagun banbalina artean ibiltzen diren interprete bikainenak ere gizakiak direla eta noizbait egoera baten laztasuna eta konexio pertsonala direla-eta une batez emozioak erakustea ez dela, inolaz ere, ahuleziaren edo profesionaltasun faltaren seinale, interpreteek aurrera jarraitzeko duten erresilientziaren seinale baizik.