Irakurzaletasuna sustatzeko plana

Amaia Lasheras Perez

Ikasturte honetan, irakurzaletasuna sustatzeko plan bat ezarri nahi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Bigarren Hezkuntzan. Asmoa txalotzekoa da, bai; beharbada ohartuko ziren ezen, teknologia berrietan milioiak eta milioiak xahutu eta gero, ikasleen “emaitzak” ez direla hobetu eta bertze nonbaitetik jo behar dutela, baina, tira, hori bertze eztabaida bat da.

Lehengo ikasturtearen bukaeran jakinarazi zidaten ni izanen nintzela plan horren koordinatzailea gure ikastetxean. Lantalde bat sortu dugu eta orain esperoan gaude 35 orduko prestakuntza jasotzeko, horretan lanean hasi baino lehen. Emanen ote digute gazteengan irakurzaletasuna pizteko formula magikoa? Aitortu behar dizuet eszeptiko samarra naizela. Uste dut gai horren inguruan dena asmatuta dagoela. Hala ere, irrikitan nago zer proposatzen diguten aditzeko.

Hizkuntza-irakaslea eta ama izanda, beti kezkatu nau gazteengan irakurtzeko grina nola piztu. Irakurriz igaro ditut nire bizitzako une hoberenetako batzuk, eta opari bikaina iduritzen zait ingurukoei aukera hori ere ematea. Gozamenaz harago, irakurtzeak ba omen dakartza bertze onura batzuk ere: idatzizko fikzioan murgiltzeak eragin antidepresiboa omen du; estresa guttitu eta tentsio muskularra aritzen omen du; arreta eta kontzentrazioa lantzen laguntzen omen du, eritasun neurodegeneratiboen kontra babestu eta espiritu kritikoa sustatu. Intelektualki azkarrago ere bihurtzen omen gaitu letretan murgiltzeak, analisi-gaitasuna eta sormena handitzen omen baititu, baita, logikoa ematen duenez, hizkuntzaren arloan trebeago bihurtu ere. Iduri lezake zerrenda luze horrek bakarrik animatu behar lituzkeela belaunaldi gazteenak leitzera. Baina, zoritxarrez, gazte anitzek ez dute inolako interesik. Ikastetxean agindutakoa baino ez dute irakurtzen (eta, batzuetan, lan horien laburpenak baino ez). Eta are okerrago, irakurzaletasuna aitortzera ausartzen diren ikasleak bertzeen aurrean barregarri uzten saiatzen dira gelakideak, honelakoak erranez: “Irakurtzen duzu? Hain aspertua zaude ala?”.

Nire ustez, askotariko faktoreek pitzarazten edo zaputzarazten dute irakurzaletasuna. Batzuek diote esperientzia bakar batek esnarazi ziela irakurtzeko grina. Lagun batek, adibidez, kontatu zidan ttikitan ebakuntza bat egin ziotela eta, bizpahiru astez ohatzean egon behar izan zuenez, orduan irakurtzen hasi zela.

Nire kasuan, ez dakit seguru zein izan zen faktore gakoa. Gure etxean, beti izan dira liburu anitz, eta gure aitak arratsalde gehienak pasatzen zituen liburu bat eskutan zuela. Eredua garrantzitsua omen da. Gibelera begiratuta, zenbait oroitzapen etortzen zaizkit burura galdera horri erantzuteko Nire hamaikagarren urtebetetzean, liburu bat oparitu zidaten. Hartu nuenean, nire artean pentsatu nuen: “A ze opari kaxkarra!”. Baina gogoratzen naiz liburu hura bukatu arte ezin izan nintzela lokartu gau hartan. Adin bertsuan, gure andereñoak liburutegi bat sortu zuen ikasgelan, guk etxetik ekarritako liburuekin. Irakasle hark liburutegiko arduraduna izendatu ninduen. Koaderno batean idatzi behar nuen liburuak noiz hartzen genituen eta noiz bueltatu, eta, hala, nire klasekideek zenbat irakurtzen zuten jakin nezakeen. Nire izaeraren alderdi ilun bat aitortuko dizuet: hagitz pertsona lehiakorra izan naiz beti. Hala, ikasturte horretan liburu gehien irakurtzen zuena izan nahi nuen, baita lortu ere (jakina, nik bakarrik jakin nuen neronek asmatutako lehia hura irabazi nuela, kar, kar, kar). Ongi irakurtzen irakurriz ikasten omen denez, dudarik gabe, eskola polita izanen zen urte hura niretzat. Gehiegizko lehiakortasun hori agerian uzten duen beste oroitzapen bat ere badut gai honekin lotuta. 13 urte nituela, Torcuato Luca de Tenaren eleberri bat leitu behar genuen ikastetxerako. Nire lagun minaren etxean, irakurtzea derrigorrezkoa zen, eta bazituzten tarte batzuk zehaztuta familia guzia batera irakurtzen aritzeko; beraz, lagun hark ohitura handia zuen, baita kultura literario itzela ere (pedante samarra ere bazen gai horrekin). Hala, lan hura irakurtzea agindu zigutenean, berak harro-harro erran zuen idazlearen bertze lanen bat irakurria zuela eta liburukote hori huskeria hutsa zela berarentzat. Horrek nire alderdi lehiakorrena piztu zuen berriz, eta, egun horietan, asmo bakarra izan nuen: “Rakelek baino lehenago bukatu behar dut liburua”. Burutan dut goizetan nola aritzen nintzen letrak irensten eskolara joateko kuleroak eta galtzerdiak janzten nituen bitartean. Orduko hartan ere, nire buruari ezarritako leiha irabazi nuen. Gerora, nerabezaroaren hasierako urteetako arratsaldeak liburu artean eman nituen. Logelako alfonbraren gainean etzanda gogoratzen dut nire burua, “Bostak”, Hollistertarrak, Puck, O’Sullivan bikiak, Poirot eta Miss Marple lagun nituela. Gibelera begiratzen badut, alfonbra hartan pasatutako denbora dut urte haietako oroitzapenik hoberena. Maiz, nerabezaroa ez da arorik atseginena izaten; konplexuz eta beldurrez beteta bizi nintzen ni, eta babesleku bihurtu nuen liburuetako mundu hura. Gero, garai hobeak etorri ziren, noski, eta alfonbra horretatik altxatu eta mundura atera nintzen, baina liburuen “pozoia” zainetan neukan ordurako; ez zegoen atzerabueltarik. Eskerrak!

Nire hasierako irakurle-ibilbidea ikusita ulertuko duzue nire eszeptizismoa, ezta? Zer egiten ahal dugu ikastetxean gaztetxoak irakurle bihurtzeko? Liburu erakargarriak eskaintzeaz gain, ez zait bertzerik gogoratzen. Gurasoei behin eta berriz errepikatu eredua ematea hagitz garrantzitsua dela… Ez dakit nola piztuko zen zuen irakurzaletasuna. Nire kasuan, ikusi duzuenez, aitortu nahi ez nituzkeen gauzak (gaixo-lehiakortasun ezkutua, nerabezaroko minak…) izan ziren pizgarririk handiena. Hori nola orokortu? Gainera, ezin dugu ahantzi nire errezeta baliagarria izan zitekeela orain dela 35 urteko gizarterako. Gaur egun, segur aski, bideo-jokoetan aseko nuke nire irabazteko grina eta tik-tokeko bideoak ikusiz estaliko nituzke barruko penak.

Tigre-eltxoa bai? Eltxo tigrea ez?

Asier Larrinaga Larrazabal

EITBren txosten, memoria eta bestelako dokumentuen euskarazko bertsioak orrazten ditudanean, gehien egiten dudan zuzenketetako bat da ‘kontratu programa’ kendu eta ‘programa-kontratua’ jartzea. Euskaraz, teorian, aukera bi daude izen bat beste izan baten bidez zehazteko: izen-elkarketa eta atributu-elkarketa. Izen-elkarketan, ñabardurak eransteko balio duen izena –B edo mugatzailea– zehaztu nahi den izenaren –A edo buruaren– aurrean jartzen da (B-A): behi-esnea, ahuntz-esnea, koko-esnea… Atributu-elkarketan, mugatzailea adjektibo bihurtzen da, eta buruaren atzean ipintzen (A B): harri zilindroa, harri koadroa, harri kuboa…

Horrela azalduta, ez dirudi elkarketa-mota bat baino bestea hobesteko arrazoirik dagoenik, baina, erabileran, joera jakin batzuk igar daitezke. Euskaltzaindiaren Euskararen gramatikak (213-215. or.) hiru ulerbide bereizten ditu atributu-egituretan. Lehena, «B den A» moduan definitzen du: Ama Birjina (birjina den ama), ume azeria (maltzurra –azeria– den umea)… Bigarren ulerbidean, mugatzaileak buruaren klasea adierazten du: lehoi emea (lehoien artean, emeen klasekoa dena), txakur galgoa (txakurren artean, galgoen klasekoa dena), haur semea (gure haurren artean, alaben klasekoa ez dena)… Azkenik, batzuetan, buruak hartzen du adjektibo-kutsua, alegia, «A den B» egitura aurkituko dugu: Ama Lur (gure amatzat daukagun Lur planeta hau), aita Jainkoa (aita pertsona den Jainkoa, hots, ez dena ez semea ez Espiritu Santua)…

Hirugarren mota hori nahiko nahasgarria zait, eta Euskaltzaindiak biltzen dituen adibide gehienak nekez bereiz ditzaket izen-elkarketatik, baina, sailkapena, bere horretan, oinarri bat izan daiteke hitz elkartu batzuk sustatzeko eta beste batzuk baztertzeko. Programa-kontratura itzulita, atributu-elkartea ere zilegi izango litzateke, hori diogunean egitarau bat den kontratu batez ari baikara, baina, terminoak EITBren dokumentuetan lehen agerraldiak egin zituenean, izen-elkarketaren inertzia gailendu zen. Arazorik ez, ‘programa-kontratu’ aitzakiarik gabeko elkarketa baita euskaraz eta, gainera, ‘programme contract’ ingelesezko ordainaren paralelo garbia.

Proba dezagun orain Euskaltzaindiaren sailkapena ‘eltxo tigrea’ atributu-egiturarekin. Elkarketa horretan, mugatzailearen funtzioa da buruak zeren itxura duen zehaztea, eta, alde horretatik, ematen du ez duela lekurik sailkapeneko hiru ataletako batean ere. Are gehiago, euskaraz izen-elkarketaz baliatu ohi gara antzaren berri emateko, eta ez atributu-elkarketaz: talo-aurpegia, mozolo-aurpegia, pailazo-aurpegia…

UZEIren Biologia hiztegian (1990, 50-51. or.), jabetuta zeuden hori zela euskarazko tradizioa: ezpata-belarra, ezpata-arraina… Hala eta guztiz ere, izen berriak sortzeko, intsektu hostoa, esate baterako, atributu-elkarketa («eskuin-hedapena») esploratzea erabaki zuten, gure inguruko erdaretan (frantsesez eta gaztelaniaz) bide emankorra zelako. Beste arrazoi bat erantsi zuten: ‘hosto-intsektua’ entzutean hostoetan bizi edo hostoz elikatzen den intsektua etor zitekeela burura. Horregatik, Biologia hiztegian, zalantza eragin zezaketen izenetan, atributu-elkartea hobetsi zuten eta, besteetan, izen-elkarketa: globo-arraina, kutxa-arraina… Inork ez bide luke pentsatuko arrainok globoak/kutxak bizitoki edo elikagai zituztenik. Herensugeak, ordea, arrain-bazka omen dira, zeren hiztegian ‘arrain herensugea’ proposatu zuen UZEIk.

ETBren bikoizketetan, hogei urte baino gehiago dira atributu-elkarketaren aukera baztertu genuela bizidunen izenak eratzeko, eta hala argitaratu genuen Bikoizketan elkarlanean esku-orri sailean[1]. Bi arrazoirengatik iruditu zitzaigun hobea tradizioaren bidetik jarraitzea. Batetik, ingeles izenek eredurako balio ziguten, ingelesez izen-elkarketara jotzen dute eta[2]: hog deer > urde-oreina. Bestetik, irizpidea bat bakarra izango zen bizidun batek zeren antza zuen adierazteko –berdin zen beste bizidun bat gogorarazi, gauzaren bat gogorarazi, edo batek daki zer–: tapiz-marrazoa, titare-marmoka, harri-arraina, zezen-igela, aingeru-arraina, urde-oreina… UZEIren hiztegian, agerian dago euren irizpide-bikoiztasunak nahastea baino ez duela eragiten: zezen-marrazoa (marrazo bat), marrazo balea (marrazo bat). ETBk bikoiztutako dokumentaletan, zezen-marrazoa eta balea-marrazoa erabili ditugu[3]. Ildo beretik, gure bikoizketetan zein programetan honelakoak azaldu dira: zebra-muskuilua, pailazo-arraina, koral-sugea… Eta, jakina, tigre-eltxoa.


[1] erabili.eus-en plazaratu genuen baina, tamalez, atari hori Internetetik desagertuta dago.

[2] Esan liteke bizidunen-izendegian, arrazoi askorengatik, erreferentzialagoa zaigula ingelesa gure auzo-erdarak baino.

[3] Gure irizpidetik kanpokotzat jo genituen antza ez baizik jokabidea adierazten zuten mugatzaileak, eta buruaren eskuinera bota: hegazti idazkaria, arrain kirurgialaria, marisorgin boxeolaria… Beharbada, salbuespen moduko honek ez du zentzu handirik.

Urtegi bat hezetasuna besterik ez zegoen tokian

Castillo Suarez

Cesanteseko portuan ezagutu nuen Marta Eloy Cichocka poeta eta argazkilari poloniarra, Galizian. Handik txalupa txiki batean joan ginen San Simoneko uhartera astebete pasatzera. Maletak utzi eta irla arakatzera joan behar genuela esan zidan. Niri beldurra sortzen zidan itsaso beltzak, isiltasunak, ezezaguna den guztiak. Marta hizlaria zen, irekia, ausarta seguruena nik gertu edukitzeko aukeratuko ez nuen pertsona bat urduri jartzen ninduelako; baina berak aukeratu nuen ni, eta nahita edo nahi gabe, uste dut betiko adiskide bat egin nuela ustekabean. Irlan hainbat poeta, sukaldari bat, zerbitzari bat eta segurtasunerako langile bat geunden. Hori izanen zen astebeterako nire unibertsoa. Gure eginkizuna, elkarren poemak itzultzea gaztelania zubi-hizkuntza hartuta. Tartean ginen Poloniatik Marta Eloy Cichocka bera, Suitzatik Jessica Zuan, Errumaniatik Corina Oproae, Estoniatik Kai Aareleid, Euskal Herritik ni neu eta Galiziatik Xabier Cordal, eta dena koordinatzen Yolanda Castaño poeta galiziarra. Aldez aurretik poemak itzulita geneuzkan, eta astebete horretan zuzenketak egitea zen gure eginkizuna; hori eta zalantzak erantzutea. Nik Fernando Reyren itzulpenak helarazi nizkien gainerako poetei aldez aurretik. Alde horretatik, lasai nengoen Reyren itzulpenekin noranahi joan zaitezkeelako. Nire testuak zuzentzea tokatu zitzaidanean, saiatu nintzen ahalik eta hobekien erantzuten galderak, baina Cichocka ez zegoen inoiz konforme. Neronek itzultzea eskatu zidan, itzultzaile automatikoak erabiltzen zituen, galderak egiten zituen etengabe. Une batez hezetasuna hitzean geratu ginen. “Nik urtegi bat ikusten dut hemen” bota zuen. Kontatzen hasi nintzen orduan Nafarroan Itoizko urtegia egin zutela duela hainbat urte, eta jende asko haurtzaroko paisaiarik gabe geratu zela. Tokien doluaz aritu ginen. Paisaia sentimentalaren garrantziaz. Kontatu nien behin maitatu nuela gizon bat, gortinarik ez zuela leihoetan dermio osoa zelako berea. Su hartu zuela bere jaiotetxeak eta etxe berria egin behar izan zuela. Baietz esan nion, urtegia zegoela poema horretan, ezkutuan. Izan ere, batzuetan bizi izandako lekuaren parte bihurtu garela ematen du. Edo beharbada gutako bakoitza leku bat da beste batendako.

Hitanoak literaturan lekurik ba ote?

Xabier Olarra

Duela hilabete batzuk blog honetarako idatzitako Hika nork bere buruari artikuluxkan esan nuen erabat txunditurik gelditu nintzela Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue saiakeran hitanoari buruz esandakoekin. Eta beste hiru artikulu beharko nituela hango “argudioei” erantzuteko. Hemen doa lehenbizikoa.

Dudarik gabe, oso aholku onak ematen ditu idazkera ulerterraza lortzeko: hitz arruntenak aukeratu, elkarrizketak belarrirako idatzi (irakurketa ahalik eta gozoena izan dadin), eta abar luze bat. Baina hitanoak literaturan izan behar lukeen lekuari buruz esaten dituenekin ezin naiz ados egon, ez argudioetan, ez arrazoibideetan, ez ondorioetan.

Hiru artikuluxka horiek idatzi nituenean, ez nekien bazenik hitanoa erabiltzearen zilegitasuna –batez ere literaturaren arloan– zalantzan jartzen zuenik, nahiz eta entzuna nuen idazle ospetsuren batek esana zuela “Hori, zertarako?” edo holako zerbait. Hortaz, erabilera egoki baterako nolabaiteko jarraibide batzuk tonto-tonto ematea-edo zen nire asmoa, besterik gabe. Ez nekien, esate baterako, goian aipatu liburuan hitanoaren erabilera literarioari “osoko zuzenketa” egiten zitzaiola.

Esate baterako, honela dio Kontuz hitanoarekin atal mamitsuan:

“Liburu honek izan ditzakeen irakurleei galdetuko bagenie normalean hika hitz egiten duten, gehiengoak ezetz esango luke. Euskaldun gehienok –ia guztiok ez esatearren– zuka hitz egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba, kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean, gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egin duen moduan, alegia. Ez dago esan beharrik ere literaturan hitanoa erabil daitekeela –egin, norberak nahi duen guztia egin liteke, inoren baimenik beharrik gabe–. Are gehiago, idazle askok erakutsi digute gai direla, pertsonaiaren adinak, generoak eta jatorriak posible egiten duenean, hitanoaren erabilera adierazkorra, plastikoa, interesgarria eta ederra egiteko. Nahita ere, nik neuk ezingo nukeela aitortu behar dizuet. Eta aitorpenak egiten hasita, ez dudala nahi ere esango dizuet”. (Komatxoen arteko aipu guztietako beltxak, harridura edo galdera-markak nireak dira, artikulu guztian)

Holako argudio soziolinguistiko ahula argudio gisa erabiltzea (non eta Iruñean!) harrigarri egiten zait. Esate baterako, honelako zerbait irakurriko bagenu euskararen erabilerari buruz, txatxukeria galanta irudituko litzaiguke:

“Cuidado con el euskera. Si preguntáramos a los posibles lectores de este libro si normalmente hablan euskera, la mayoría respondería que no. Porque todos los navarros –por no decir todos– hablamos en castellano. Por lo tanto, ¿qué sería lo más lógico? Pues, que no habiendo motivo justificado y verosímil, los personajes de nuestros libros hablaran en castellano, como lo hace la gente. Es evidente que en el terreno de la literatura se puede utilizar el euskera –por hacer, se puede hacer cualquier cosa, sin permiso de nadie–. Es más, muchos escritores nos han demostrado que son capaces de hacer un uso del euskera expresivo, plástico, interesante y hermoso. Tengo que confesar que yo no sería capaz aunque me lo propusiera. Y, puestos a hacer confesiones, también os dire que no me da la gana”.

Barkatu manipulazio merkea, baina hori izan zen paragrafo hori irakurri nuenean burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza.

Beste argudio soziolinguistiko bat ere erabiltzen du, garrantzi handikoa, dudarik gabe:

“Bestalde, ezin dut imajinatu euskaraz ikasten ari den jendeak honi buruz pentsatuko lukeena, eta aitaguretasunez (!?) jokatuko nuke inoren izenean hitz egingo banu, baina imajinatzen dut euskaraz irakurtzen ikasten urteak eman dituen edonorentzat frustrantea izan daitekeela ulermena oztopatzen duen zailtasun berri bat literaturan topatzea. Ahal dela, erraztasunak jartzea tokatzen zaigula uste dut, zor itzela dugulako euskaldun berrien nazio librearekin”. (Ez dut inon aurkitu “aitaguretasuna”, agian paternalismoa esan nahiko du)

Argudio serioa dirudi. Beraz, gaur gehiegi ez luzatzearren, hurrengo baterako utziko ditut horri buruzko komentarioak. Gaurkoz aski dugu beste perla batzuekin:

“(…) niretzat hitanoa arrotzegia dela eta, zabar esanda, ez zaidala gustatzen. Mendebaldeko kostako euskalkietatik gatozen gehienontzat hitanoa gauza benetan martzianoa da”.

Aurrerago, beste hau dio:

“Baina adibide anekdotiko hori kenduta, niri ez zait okurritzen hitanoa modu naturalean erabiltzeko aukera handirik (Susa argitaletxeko erredakzioan kokatutako nobela bat-edo aipatzen du). Ukatu ere ez dut ukatzen egon daitezkeenik (eskerrak!), nahiz eta niretzat, esan dizuedan moduan, apur bat amorragarria suertatzen den. Aresti parafraseatuz, “zer egingo diot, ene mania bat da”.

Gaztelaniazko esapide ospetsua itzuliz, honela laburbilduko genuke Jimenezen arlo honetako jarduna: Premia bertute bihurtu.

Niri, berriz, amorragarria egiten zaidana da (eta ez apur bat, baizik oso) norberaren maniak kategoria bihurtu eta besteoi paradisuaren ateak zabaltzen ari zaigula pentsatzen duenaren jarduna. Uste dut hori baino gehixeago behar dela erdi lokartuta egoteko adina dugunon begiak zabaltzeko.

Eta literaturaz ari bagara –eta fikzioaz bereziki– ezin konta ahala nobelagai bururatzen zaizkit hitanoa modu naturalean erabiltzeko (hala ere, seguru aski Jimenezentzat eta niretzat “naturala” ez da gauza bera). Atzo bertan topo egin nuen Donostian (Andu Lertxundiren Berbelitzen hiztegia liburuaren aurkezpenean) Jim Thompsonen 1280 arima, 1985. urte urrun hartan euskaratu nuena, natural-natural eta irribarre gaiztoa ezpainetan zuela irakurri zuen bat. Ez nuen ezertatik ezagutzen. Zarauztarra zen, eta, jakina, horiek salbuespen erabatekoa dira, antza. Horregatik pentsatu nuen nobela itzuli nuen garaian, besteak beste, nobela beltzaren arloan erabilgarria izan zitekeela hitanoa.

Baina literatura “jasoago”tzat dauzkagun beste hainbat nobelatan ere erabili izan dut harrezkero. Esate baterako, naturala iruditu zitzaion Molly Bloomi bere buruari noka aritzea. Etengabe irudikatzen dut nire amona –adinez Mollyren kintakoa–, lobulu frontaletan jasandako istripu baten ondorioz-edo, gordinkeria horiek errenkadan botatzen. Zer egingo diot, ba? “Ene mania bat da”.

Eta hemen utziko ditut gaurkoz nire burutazioak, hitanoklasten kontrako gurutzada honetan hitanoplasta bihur ez nadin. Badakit Jimenezi ez zaizkiola gustatzen honelako hitz-joko merkeak, baizik umore ingelesa, eskoziarra, irlandarra eta iparramerikarra, baina hori nire irispidetik kanpo dagoenez, gutxiagorekin konformatzen naiz. Zer egingo diot, ba? “Ene mania bat da”.

Zubiak eta borroka

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Itzulpengintza zubiekin alderatzen dugu maiz. Zubiak bi aldeetan daudenak harremanetan jartzeko dira eraikitzen, onuragarritzat hartzen ditugu, eta gustuko dugu itzultzaileak zubigileak garela esatea, eta sinestea. Eta izan, hala da, baina zubiak ez dira beti asmo onez eraikitzen, edo ez behintzat zubiaren bi aldeetan daudenen mesede.

Zubiak, adibidez, oso lagungarriak izan daitezke ibaiaren beste aldekoak mendean hartu nahi dituzten erasotzaileendako. Administrazio kolonial britaniarrean, itzulpenak berebiziko zeregina bete zuen, erruz baliatu baitzen tokian tokiko biztanleei buruzko datuak biltzeko eta agintari kolonialen eta mendean hartutakoen arteko komunikazioa errazteko.

Kolonizatuen mitologia, literatur lanak eta ahozko kontakizunak ez dira soilik jakin-minaren, ezagutzaren eta bakezko asmoen amoreagatik itzuli, azpiratuak hobeki ezagutzeko eta modu eraginkorrago batean menderatzeko baizik.  

Itzulpenek orobat balio izan dute besteak eta besteen hizkuntzak exotizatzeko (batzuetan, itzultzaileek, nahita edo nahi gabe, besteen kultur sistemak oker ulertu dituztelako); edo, aitzitik, desberdintasunak txikitzeko edota hutsaltzeko.

Eta, horrez gain, itzulpena oso garrantzitsua izan da metropoliaren ohiturak, balioak eta erlijioa hedatzeko, eta, hortaz, administrazio koloniala errazago ezartzeko.

Itzulpena boteretsuenen alde erabiltzen den baliabide bat izan daiteke edo, aitzitik, botere gutxiago dutenen ahotsak entzunarazteko eta zabaltzeko tresna.

Palestinar literaturako sei liburu[1] itzuli dira aurten euskarara, eta haietako bi «Itzulpena borroka da» izenburuko saio batean aurkeztu zituzten joan den astean. Zubi horiek igarotzeko irrikaz nago.


[1] Hauek dira: Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz, Rifqa, Detaile xume bat, Ehun urteko gerra Palestinaren aurka, Gazako egunerokoa eta Herri-gerra Palestinan: Okupazioaren arkitektura eta estrategia militarra.

Hiztegiak eta katiximak

Josu Barambones Zubiria

Uda osteko blog honetako nire lehen ekarpenerako gai labaina hautatu dut: euskarazko hiztegien eta Elizaren boterearen arteko harremana. Gauza jakina da Ertaroaz geroztik Eliza Katolikoak berebiziko eragina izan zuela hizkuntza idatzia kontrolatu eta garatzeko eta, beraz, hiztegiak sortzeko orduan. Eta botere hori islatu egin zen hitzak definitzeko orduan ez ezik, gizartearen bizimodua hezurmamitzen duten kontzeptu moralak norabide jakin baten aldera eramateko orduan ere.

Gaur egungo euskal hiztegiak akademiko eta hizkuntzalarien esku daude, hiztegi batzuetan Elizak izan duen eragina oraindik ikus daitekeen arren. Bereziki deigarria begitantzen zait Euskaltzaindiaren hiztegian kristau ideiekin loturik agertzen diren adibideek hartzen duten tamainaren zabala. Hizkuntza zaindu eta babestearren, akademiak kontserbadoreak izaten dira, eta beste garai bateko erabilerak islatu ohi dituzte, esanahi eta ñabardura erlijiosoak dituzten termino eta adibideak jasoz, nahiz eta gaur egungo gizartean euren garrantzi soziala eta praktikoa txikiagoa den.

Ezagun da Euskaltzaindiak eta Elizak oso lotura estua izan dutela urte askoan, eta mendetan zehar Elizak rol garrantzitsua jokatu zuela euskara babestu eta euskararen erabilera sustatzeko. Euskaltzaindia 1918an sortu zenean, Elizak bere babes osoa eman zion, eta lehen euskaltzainburua elizgizon bat izan zen: Resurrección María de Azkue. Gerora, beste bi elizgizon izan ditu euskaltzainburu: Manuel Lekuona eta Luis Villasante. Bestalde, historian zehar euskaltzainen artean elizgizon asko egon dira, egun bat ere ez dagoen arren euskaltzainen eta urgazleen artean (oker ez banago). Guztiarekin ere, nire ustez ―barkatu hain gordin esatea―, irakur daitezkeen adibideei erreparaturik, Euskaltzaindiaren hiztegiak katixima baten itxura hartzen du sarritan.

Hori horrela, gai hau baliatuko dut estilo-ariketa moduko bat egiteko eta hitz batzuekin jolas egiteko. Horretarako, Euskaltzaindiaren hiztegian datozen 10 adibideren ordez, beste adibide alternatibo batzuk ematen saiatuko naiz, gaur egungo mundu moderno eta estatu akonfesional batekin lotura handiagoa dutenak, eta erabilgarriagoak diratekeenak, nire ustez. Eta zergatik hamar adibide? Erlijioan zenbakiak sinbolikoak direlarik, hamar zenbakiak sinbolismo handia du kristau tradizioan. Hor ditugu, esaterako, Hamar aginduak, Jainkoak Moisesi eman zizkionak; edo Genesian aipatzen diren hamar belaunaldiak, Adan eta Noeren artekoak eta Noe eta Abrahamen artekoak. Azkenik, hamar zenbakia perfekzioaren sinboloa ei da.

Eta luzamendutan ibili gabe, honatx agindutako hamar adibideak eta hamar adibide horien adibide alternatiboak (inoiz eguneratzeko asmorik balute, hor lukete proposamen xume bat):

1.- Aberats. Eta bere amarekin eta bi anaiekin, aberats bizi izan zen, Jainkoak daki zenbat urtez.
• Eta bere amarekin eta bi anaiekin aberats bizi izan zen dirua xahutu zuen arte.

    2.- Borondate. Jaunaren borondatearen onartze umila.
    • Bere min lazgarria gorabereha, ez zuen aurre egiteko borondatea galdu.

    3.- Epel. Kristautasunaren aldetik, batzuk bero omen ziren eta besteak hotz, gehienez ere epel.
    • Sexu-harremanen aldetik, batzuk bero omen dira eta besteak hotz, gehienez ere epel.

    4.- Errezelo. Apaiza berehala hasi omen zen errezelo txarrak hartzen.
    • Errezeloak hartzen hasia nago ez ote duten aurtengo sarietan iruzur egin.

    5.- Eurrez. Horra non datozen lagunak, eurrez eta bide beteetan, Jainkoaren berba entzutera.
    • Horra non datozen jeltzaleak, eurrez eta bide beteetan, Pradalesen berba entzutera Forondako zelaietara.

    6.- Gaixotasun. Gizonen flakezia eta gaixotasuna ezagutzen dituzun Jainkoa.
    • Gaixotasun terminala duen gizon baten bizitzan oinarritzen da bere lehen filma.

    7.- Grina. [Hitz honek jai du Euskaltzaindiaren hiztegian, beronen arabera grina guztiak txarrak baitira, elizarakoa ez bada.] Haragikeriako grinak itsutua. Elizarako grina handia duelako. [Zergatik ez jarri eredutzat hiztunek aiseago erabiliko luketen esaldi sinpleago bat? Berbarako:]
    • Alavesek (edo nahi duzuen taldeak) grina handiz ekin dio bigarren zatiari.

    8.- Iraungi. Infernuko suak berak ez du iraungiko zu erretzen zaituen lohikeriaren garra.
    • Kontzientziako harrak ez dio iraungiko erraiak erretzen dizkion maitasuna.

    9.- Munstro. Bekatua, munstro lazgarria, gure arimen etsaia.
    • Izaera garrazten zion munstroa erakutsi zuen bere jokaerarekin.

    10.- Plazer. Haragiaren plazer debekatuak. [Debeku usaina du, ezta? Zergatik ez dugu inoiz honelako adibiderik topatuko?]
    • Haragiaren plazerak ezagutu zituen Polinesia Frantsesean.

    Euskaltzaindiaren hiztegiaren helburua bada euskararen gaurko benetako erabilera jasotzea eta komunikazio egoera bakoitzean hizkuntza egoki erabiltzeko hitzak eskaintzea, gaur egungo gizartean garrantzitsua da erlijioarekin lotutako adibideak beste batzuen gainetik ez lehenestea eta oreka bat gordetzea. Ez dut esan nahi kristatu-erreferentzia guztiak ezabatu behar direnik, gure historia eta kulturaren lekuko baitira, baizik eta hiztegi moderno batek egungo errealitatera egokitzeko ahaleginak egin behar dituela eta ikuspegi anitzagoa eta neutroagoa ekaini.

    Euskararen etorkizun-ikuspegia eta unibertsitatea

    Igone Zabala Unzalu

    Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren barruan euskararen biziberritzeari buruz azterketa eta gogoeta sakona egiten ari den Euskararen Gogoetaguneak (EUSGUNE) lehen txostena argitaratu du aurten[1]. Txostenak bi atal biltzen ditu. Batetik, euskararen egoera soziolinguistikoaren ikuspegi orokorra laburbiltzen dute Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak eta, bestetik, euskararen etorkizun-ikuspegiari buruzko gogoeta sakona egiten du Jon Sarasuak. Azken atal horren helburua ariketa sintetikoa egitea dela azpimarratzen du egileak, eta atzetik alorrez alorreko beste txosten batzuk etorriko direla. Nolanahi ere, argitaratutako bi txosten horiek inspirazio-iturri paregabea direla aitortu behar dut[2], eta ezin diot eutsi zenbait datu eta gogoeta unibertsitatearen egungo egoerarekin eta etorkizun-ikuspegiarekin lotzeko tentazioari.

    Euskararen biziberritze-prozesuaren alderdi arrakastatsuenetako batetik hasita, euskararen ezagutzaren igoera nabarmenaren zatirik handiena gazteen taldean biltzen da, 25 urtetik beherako gazteen erdiak baitira euskaldunak Euskal Herri osoa kontuan hartuta, eta % 80tik gertu EAEn. Ezaguna den bezala, euskara etxetik kanpo ikasi duten euskaldunen kopuruak gora egin du nabariki azken hamarkadetan: 1991. urtean % 14 ziren eta orain, aldiz, % 36. EAEn, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen % 70ek ikasten dute D ereduan, eta Lanbide Heziketako ikasleen % 23k[3]. Nolanahi ere, badirudi horrek ez duela bermatzen hizkuntza-gaitasuna, D ereduan ikasi dutenen % 66k baino ez baitute gainditzen Europako Hizkuntzen Profilaren B2 maila[4].

    Garbi dago hizkuntzen garapena ez dela bukatzen Bigarren Hezkuntzan: unibertsitatean du jarraipena, eta unibertsitateak zer pentsatua ematen diguten zenbait datu eskaintzen dizkigu. 2024an UPV/EHUn unibertsitatera sartzeko probak (EBAU) 13.433 ikaslek egin dituzte, 12.073 batxilergotik pasatu ondoren eta 849 lanbide-heziketatik etorrita. Batxilergoaren bidetik heldutako ikasleen % 77,2 izan dira probak euskaraz egitea erabaki dutenak, eta lanbide-heziketatik pasatakoen % 55,48. Urtero harritzen naute horrelako datuek, beren bizitzarako erabakigarria izango den proba hori egiteko orduan euskaraz ziurrago sentitzen direnak adin-tarte horretako gazte euskaldun guztiak direla baitirudi, eta D ereduan ikasten dutenen ehunekoa ere gainditzen baitu kopuru horrek. EBAUa egin dutenen % 57,84 emakumeak izan dira, eta hori ere datu esangarria da, emakumeak gailentzen baitira euskararen osasuna neurtzeko parametro gehienetan, baina badira beste parametro batzuk nik dakidala behintzat neurtzen ez direnak. Adibidez, baliteke hizkuntza-gaitasun hobea duten ikasleak izatea hain zuzen unibertsitateraino heltzen direnak. Baliteke B eta A ereduetan ikasten duten ikasle askok, adibidez, kanpotik etorritako familietako askok, oztopo gehiago izatea goi mailako ikasketetara heltzeko, eta baliteke hizkuntza-gaitasuna izatea oztopo horietako bat. Parametro horiek guztiak monitorizatzea funtsezkoa da, unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen edota egin behar duen ekarpena hobeto ulertzeko eta planifikatzeko. Edozein hizkuntzatan, erregistro formalak eta erregistro espezializatuak unibertsitatean garatzen dituzte ikasleek hizkuntza erabiltzea (ulermena eta ekoizpena) eskatzen duten askotariko atazen bitartez[5]. Inolako hizkuntzatan ez dago erregistro espezializatuetan natiboa den hiztunik. Hortaz, unibertsitatea nahitaezkoa da hiztun osoak sortzeko.

    Sarasuak euskararen garabideen egitura azaltzeko erabiltzen duen zuhaitzaren metafora baliatuz, esan dezakegu 60-70eko hamarkadetan zientzialari talde bat gauza izan zela euskara zientziaz aritzeko baliagarria zela aldarrikatzen zuen kontakizuna gizartean zabaltzeko, eta unibertsitateko ikasle eta irakasle talde bat aktibatzeko, antolatzeko eta lanean jartzeko, ametsa errealitate bihurtu arte. Besteak beste, UEU baliatu zuten gai espezializatuetan ahoz trebatzeko eta idatzizko materialak sortzeko. Zuhaitzaren beste erroa, erakundeena, aktibatzeko ere energia handia eta askotariko estrategiak erabili behar izan zituzten orduko zientzialari gazte haiek: unibertsitate publikoan lizentziaturak euskaraz eskaintzen hasteko eta euskaraz matrikulatuko ziren ikasleak lortzeko lan egin zuten, baita tesinak eta doktoretza-tesiak euskaraz idazteko eta defendatzeko ere[6]. Unibertsitatea euskalduntzeko ahalegin horri bultzada handia eman zion, zalantzarik gabe, Euskara Normalizatzeko Legeak (1982), hezkuntza, administrazioa eta komunikabideak euskalduntzeko nahitaezkoak baitziren denetariko profesional euskaldunak, bereziki, maisu-maistrak eta irakasleak, eta unibertsitateak sortu behar baitzituen profesional horiek. Baina irakasle-ikasle euskaldunak lortzeko, eta gero eta irakasgai gehiago euskaraz eskaintzeko bulkada emateaz gain, euskarazko irakasgaien ardura izan duten irakasleek ekarpen erraldoia egin diote euskararen corpusari, denetariko gai espezializatuez aritzeko terminologia eta fraseologia garatzen, partekatzen eta egonkortzen joan baitira urte hauetan guztietan. Corpusa osatu eta egonkortzeko prozesu etengabea komunitateko zeregina da, eta erakunde mailako plangintza eta euskarriak behar ditu[7]. Ahalegin handia egin behar da oraindik terminologia-plangintzan, eta unibertsitateak zeregin saihestezinak ditu alor horretan[8].

    Lau hamarkada baino gehiago iragan dira hastapen horietatik eta, UPV/EHUko agintariek komunikabideetan harro nabarmentzen dutenez, «Euskal unibertsitate publikoak arlo guztietako 130.000 profesional baino gehiago prestatu ditu euskaraz —medikuak, erizainak, ingeniariak, irakasleak, kazetariak, artistak…—, bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko eta gizartearen premiei erantzuteko gai diren pertsonak»[9]. Hala ere, ez da egiten ahalegin nahikorik euskararen egoera sakonki aztertzeko, ez autokritika egin eta hutsuneak detektatzeko, ezta etorkizun-ikuspegi partekatua irudikatzeko ere. Erakundea eta haren zerbitzuak gero eta urrunago daude euskal irakasle eta ikasleen komunitatetik, eta komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegi partekatua eta lankidetza lurruntzen doaz apurka-apurka.

    Ez diot bukaera eman nahi artikulu honi gogoetarako ildo batzuk zerrendatu gabe, laburregi geratzeko arriskua izanda ere.

    • Edozein gizartetan goi mailako tituludunengandik espero dena da hizkuntza(k) zuzen eta egokiro erabiltzeko gaitasuna edukitzea, eta haien hizkuntza-praktikak eredugarri izatea gizarte osoarentzat. Sarasuak datorren 20-30 urteko aroaren helburu modura irudikatzen duen «euskal hiztun osoen nukleo sendoaren» parte izan beharko lukete goi mailako tituludunek, eta unibertsitateak nukleo hori erreproduzitzen eta elikatzen lagunduko duten eragileen artean egon beharko luke. Unibertsitatetik ateratzen diren tituludun euskaldunek lortzen al dituzte hizkuntza-gaitasun gorenak euskaraz? Zer egin beharko litzateke hori bermatzeko?
    • Bizitza osoan D ereduan ikasi ondoren ikasleek euskaraz hizkuntza-gaitasun gorena ez lortzeak ez al du loturaren bat unibertsitatean prestatzen diren maisu-maistra eta denetariko irakasleen gaitasunekin? Profesional horiek lortzen al dituzte euskaldun osoak erreproduzitzen laguntzeko behar dituzten hizkuntza-gaitasunak, euskararen biziberritzean duten erantzukizunaren kontzientzia, eta baliabide eta estrategia metodologikoak? Galdera bera egin beharko litzateke profesional horien formazioan parte hartzen dugun unibertsitateko irakasleez.
    • Komunikazio espezializaturako baliabideak (testuak, terminologia, fraseologia…) alorrez alorreko adituek sortu behar dituzte nahitaez, haiek baitira espezialitate-alorren gaineko kontrol kognitibo eta pragmatikoa dutenak. Erantzukizun horren kontzientzia al dute oraingo irakasle-ikertzaile euskaldunek? Hizkuntzaren normalizazioaren ardura duten erakundeek (unibertsitatekoek eta bestelakoek) aintzat hartzen dituzte adituek sortzen eta erabiltzen dituzten hizkuntza-baliabideak? Laguntzen al dute baliabide horiek deskribatzen, ikertzen, partekatzen eta finkatzen?
    • Nola berreskuratu behiala euskara unibertsitatean txertatzea eta zabaltzea lortu zuten hasierako irakasle-ikasle haien komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegia, motibazioa eta lankidetzarako prestutasuna?
    • Nola bermatu euskaraz ikasi nahi duten ikasleen hizkuntza-eskubideak? Nola bermatu euskal gizarteak euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko behar dituen profesional euskaldunak edukitzea, adibidez, osasun-alorrean?
    • Unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen ekarpenari zer aukera eta zer arrisku dakarkio mugikortasunak, eleaniztasunak eta hizkuntza-teknologien nonahikotasunak? Zer estrategia garatu behar ditugu horien aukerak aprobetxatzeko eta arriskuak saihesteko?                             

    [1]Jon Sarasua (koordinatzailea). 2004. Euskararen Gogoetagunea I. Jagon Saila. Euskaltzaindia.

    [2] Jon Sarasuaren hitzaldiaren bideoakere ikus daitezke Youtuben.

    [3] Jakina, Nafarroan eta Iparraldean baxuagoak dira portzentajeak, hurrenez hurren, % 24 eta % 8 Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, eta % 7 Nafarroan, Lanbide Heziketan.

    [4] B ereduan ikasten dutenen % 33k baino ez dute gainditzen B2 maila eta, A ereduan ikasten dutenen artean, bakar batek ere ez. Gainera, azpimarratzen dute Arrue Ikerketaren ondorioen arabera, hizkuntza-gaitasunetan euskarazkoek behera egin dutela eta gaztelaniazko eta ingelesezko gaitasunek, aldiz, ez dutela horrelako joerarik erakutsi.

    [5] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.

    [6] Ikus ITURBE, Jacinto etaTXURRUKA, Jesus Mari (2020) Amets bikoitza. Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.

    [7] CABRÉ, Maria Teresa (2003) Terminología y normalización lingüística. In Xabier Alberdi, Iñaki Ugarteburu eta Pello Salaburu (arg.), Espezialitate Hizkerak eta Terminologia Jardunaldiak , 11-25. Bibo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua

    [8] ZABALA, Igone (2019) The Elaboration of Basque in Academic and Professional Domains. In Grenoble, Leonore, Lan, Pia & Unn Røyneland (arg.) & Ivan Igartua & Lourdes Oñederra (euskal arg.). Linguistic Minorities in Europe Online. De Gruyter Mouton.

    [9] Azpimarratu ohi diren beste datu batzuk dira euskaraz eskaintzen diren ECTSak (% 95), graduan eta graduondokoetan euskaraz matrikulatzen diren ikasleak (hurrenez hurren % 54 eta % 23), irakasle-ikertzaile euskaldunak (% 66), teknikari eta administrazio-langile euskaldunak (% 42).

    Nor da Nor datu-basea, 10 urteko ibilbidea

    Maite Lopetegi, Bego Montorio, Arantzazu Royo eta Mila Garmendia

    Maite Lopetegi: Aizue, neskak, heldu beharko diogu artikuluaren kontuari, gogoratzen? Nor da Nor datu-baseak 10 urte bete dituela eta…

    Bego Montorio: Bai, hamar urte jada! Gardelen tangoak dio hogei urte ez direla ezer, baina, niri, azken hamar hauetako gauza mordoa datozkit burura. Oraintxe, egia esan, ez dakit nondik hasi.

    Arantzazu Royo: Has gaitezen, bada, hasieratik. Lauso samar ditut orduko zenbait gauza, baina gogoan dut euskal itzulpenen liburutegi fisiko bat sortzeko aukera aztertu zuela EIZIEk. Laster baztertu zen ideia, elkartea guztiz gainditzen zuen proiektua zelako –Liburutegi Nazional baten zeregina, agian–, baina kezka hor zegoen. Eta 2008an, EIZIEn egindako gogoeta-prozesuaren barruan ere, Euskal Itzulpenen Baliabide Gune bat sortu beharra planteatu zen. Argi dago aspalditik zetorrela euskal itzulpenaren ondarea jendarteratzeko kezka.

    B.M.: Hala da, bai, eta elkartea hasia zen, nolabait, ondare hori katalogatzen. Geroxeago, 2009an, “Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)” ondu zuen Manu Lopez Gasenik, eta, lan hori oinarri hartuta eta Armiarma taldearekin elkarlanean, helduen literatura euskaratua biltzen zuen “Literatur Itzulpenen Katalogoa” sareratu zuen EIZIEk urte horren amaieran.

    Mila Garmendia: Horietatik guztietatik edan zuen NdNk, baina ikuspegi zabalago bat eman nahi izan genion: itzulpenei bezainbesteko garrantzia eman itzultzaileei, itzulpen izan zitekeen oro jaso… Gure lanbidea lehen planora ekartzea izan dugu beti helburu, itzultzaileak eta beren lana ikusaraztea; izan ere, maiz, ez dira agertu ere egiten ohiko katalogoetan.

    M.L.: Hutsune hori betetze aldera, itzulpena eta itzultzaileak zutabe izango zituen datu-base bat behar genuen, sistematikoa eta fidagarria, etengabe eguneratua… Bagenekien ez zela erraza izango, baina gerora ohartu gara zer baratzetan ari ginen!

    B.M.: A zelako baratzea, bai. Alor txiki bat zen hasieran, eta faltan sumatzen genituen beste mota batzuetako landareak gehitzen joan gara: literatura mota guztiak, euskaratik eta euskarara, liburuak, blogak, audioak eta, orain, baita azken urteotako testu ez-literarioak ere.

    A.R.: Eta obrekin batera, kritikak, testua on-line… Itzultzaileei dagokienez, berriz, biografia laburrak, haiekin harremanetan jartzeko eta CVa kudeatzeko modua (EIZIEkideentzat)… Ia konturatu gabe, izugarri handitu zaigu, eta hala ere, alor berriak lantzeko gogoz segitzen dugu: ikus-entzunezko itzulpenak, itzulpengintzari buruzko lan teorikoak…

    M.G.: Gainera, datu-basea garatu bitartean, metodologia eta lan egiteko modu bat ere sortuz joan gara: talde-lanean, elkarri entzunez eta elkarrengandik ikasiz, erabaki guztiak ondo hausnartuta eta adostuta hartuz, ikuspegi ez beti berdinak uztartuz. Bertatik bertara ikasi dugu lan eraginkorra egiteko ez dela zertan konpetitiboa izan, askoz hobeto lan egiten dela elkarrekin lehiakorrak izan gabe.

    B.M.: Hori bai izan dela ezusteko ederra. Maila askotan izan zaigu aberasgarria prozesua, etengabeko ikasbide bat, kitzikagarria oso, eta horregatik jarraitzen dugu buru-belarri. Aspalditxotik, laurok osatzen dugu “Nor da Nor taldea”, datu-basearen eguneroko lanaz eta gidaritzaz arduratzen dena, baina pertsona eta talde askok lagundu dute, eskuzabaltasunez, modu batean edo bestean, egungo NdN honetara heltzen.

    A.R.: Elkarlana bilatu dugu beti, ez baitu zentzurik han-hemenka lan berak errepikatzen ibiltzeak, are gutxiago baliabide urriak dituen komunitate bat izanik. Armiarmarekin, esaterako, hasieratik konpartitu ditugu biontzat baliagarriak diren datuak, eta bakoitzak bere ikuspegitik garatu ditu.

    M.L.: Hori dena oso ondo dago, neskak, baina erabilerez ere hitz egin beharko dugu, horixe interesatuko baitzaie gehien irakurleei: Lan handia egin duzue, oso ondo, baina, guretzat zertan da baliagarria?

    B.M.: Erabiltzaileei eurei galdetzea onena, ezta? Mila, zu ibili zara urteurrenaren aitzakiarekin han eta hemen galdezka, jendeak datu-basea zertarako erabiltzen duen jakin nahian, eta badirudi helburu batzuk behintzat lortu ditugula.

    M.G.: Itzultzaileak bilatzeko erabiltzen dute askok: halako hizkuntza-konbinazioan nor aritzen den jakiteko, nork zer itzulpen argitaratu dituen ikusteko, zer generotakoak… Baita itzultzaile lagun eta ezagunei arrastoa jarraitzeko ere, Isabel Etxeberriak esan digunez. Ilusio handia egiten du kontu ez hain formaletarako ere balio duela ikusteak.

    M.L.: Castillo Suarezek, esaterako, beste hizkuntzetara itzulitako euskal poesia zer argitaletxek kaleratu duten ikusteko erabili izan du, zer ate jo jakiteko. Izan ere, bilaketa-irizpide ugari konbinatu daitezke, eta norberaren beharretara mugatu emaitzak.

    A.R.: Ikerketarako ere baliagarria dela esaten digute: tesietarako, gradu edo master amaierako lanetarako… Nor da Nor-en topatzen baitute, bateraturik, behar duten oinarrizko informazioa. Hori ere hasieratik izan du helburu NdNk, euskal itzulpenaren historia osatzeko oinarria eta bidea jartzea.

    M.L.: Bai, Karlos de Olmok –datu-basearen sortze-prozesuan eta hastapenetan guztiz inplikaturik egon zen– oso argi zuen alde entziklopediko hori ere landu behar zuela NdNk, eta dena sarean egon behar zuela, guztion esku. Faseka goaz osatzen, baina abiapuntuko ideiak eta helburuak beti gidari, amestu dugun horretara apurka-apurka hurbilduz.

    B.M.: Itzulpen- eta hizkuntza-estrategiak eta plangintzak zehazteko ere datu interesgarriak eskaintzen ditu NdNk; adibidez, administrazio-itzulpenaren garrantzia eta eragina aztertzeko ezinbestekoa da jakitea zer itzuli den, baita dibulgazio zientifikoan nahiz bestelako alorretan dauden hutsuneak antzemateko ere.

    M.G.: Eta, begira nondik, irakurzaletasuna bultzatzeko ere balio omen du. Halaxe esan digute Ana Urrestarazuk eta Nagore Atelak: etxekoei literatura unibertsaleko liburuak proposatzeko, edo kanpoko lagunei euskal literatura beren hizkuntzetan oparitzeko…. Horretan, Fernando Reyk dioen bezala, lagungarria da liburuen datuekin batera haiei buruz argitaratu diren kritikak irakurri ahal izatea webgunetik atera gabe.

    A.R.: Irakurzaletasunarekin jarraituz, Miriam Lukik kontatu digu irakurle taldeetako arduradunek datu-basean saltseatu ohi dutela urteko irakurketak aukeratzeko, edo gomendio bat egiten dizutenean euskaraz irakurri ahal izango duzun jakiteko. Pozgarria da ikustea gure kumetxoa jende askori zaiola baliagarria, ezta?

    M.L.: Oso! Baina erronka ere badago horren atzean, datu-basea etengabe eguneraturik egotea eskatzen baitu. Hamar urteotan, aplikazioa doitzen eta lan-metodologia finkatzen joan gara, eta, horren ondorioz eta lankidetzari esker, eguneratze hori bermatu dezakegu, nahiz eta, iturri ugari erabili arren, beti eskapatuko zaigun zerbait. Esan gabe doa oso lagungarria zaigula itzultzaileen eta idazleen laguntza.

    B.M.: Aplikazioaren doiketak aipatu dituzunez, gogoratu dut Gidor Bilbaok beste gauza batzuen artean dioela informazio ugari dagoela bilduta, itxura sinpleaz bada ere. Hori ere lorpen garrantzitsua iruditzen zait, eta, nori berea aitortuz, Josu Landa “gure” informatikaria aipatu behar dugu.

    A.R.: Bai horixe, lankide onak inguratzen trebeak gara gu, kar-kar! Euskal literatura ez ezik euskal itzulpengintza gertutik ezagutzen duen informatikari batekin aritzea luxu bat da: errazagoa da komunikazioa, emankorragoa.

    M.G.: Et, et, et! Edozeinek esango luke gurea happy-mundu bat dela… Ahaztu al zaizue nolako eztabaidak izaten ditugun bat ez gatozenean?

    B.M.: Ondo eztabaida sutsuak, bai, denoi asko inporta zaigulako NdN eta denok topatu nahi dugulako irtenbiderik eraginkorrena.

    M.L.: A, ez dezadan ahaztu. Euskal kulturako kazetari zenbaitek ere adierazi digute NdN baliatzen dutela eguneroko lanean. Baita euskal editore batek baino gehiagok ere, atzerriko azoketara doazenean, etab. Baina, aizue, artikulua idazteari ekin beharko diogu. Berriketan hasi eta 10 urte erraz egiten ditugu guk.

    B.M.:Ederto! Zelan hasi ez dakit, baina zelan amaitu bai: eskerrik beroenak emanez 10 urte hauetan eta “haurdunaldiko” urteetan bidaide eta lankide izan ditugunei.

    A.R.:Izen bakar batzuk aipatzearren, Arantza Mariskali, Juan Cruz Ruiz de Gaunari, Luis Sogorbi, Imanol Irizarri, Iñaki Alegriari, “Eibartarrak” taldekoei… Eta haiekin batera, EIZIEko zuzendaritzako taldeei, elkartean denboraldi baterako bekadun edo praktiketan ibilitakoei eta zuzenean nahiz zeharka bultzatu gaituzuen guzti-guztiei. Baina artikulua idazten hasi aurretik…

    Laurak: Egin dezagun topa, eta ez behin, baizik birritan. Lehenik, gaur itzultzaileon eguna dugulako, eta gero, NdNen 10 urteak ospatzeko. Eta jarraian, lanera berriro, gure baratzean inoiz ez baita zereginik falta!

    * Hemen dituzue “Zertarako erabiltzen duzu Nor da Nor?” galderari erantzunez bildu ditugun bideo laburrak.

    Uda honetan ikasi ditudan kontu batzuk

    Itziar Otegi Aranburu

    Amaitu da uda, eta udazkena presaka etorri da. Udan zehar ikasi ditudan hitz eta esapide batzuk ekarri nahi ditut hona, zertzelada moduan.

    Edizio-distantzia

    Uda hasieran Orozkoko baserri batean egokitu nintzen, ilustratzailez inguratuta. Han ari ginen, mahai baten bueltan, bakoitza bere lanean murgilduta eta berriketan, eta batek bota zuen: “Deskuidatzen bagara, itzultzaileek bezala amaituko dugu, eta gure lana makinaren akatsak zuzentzera mugatuko da”. Isilik irentsi nuen zimikoa, papererantz are gehiago makurtuta. Zentzu batean, zuzen daude, gure lanaren alderdi (gero eta handiago) bat horretan datza, itzulpen automatikoaren akatsak zuzentzean. Jakin dut goian adierazitako indizea erabiltzen dela itzulpen automatikoaren kalitatea neurtzeko; alegia, zenbat giza esku-hartze behar diren itzulpen automatiko jakin bat giza itzulpena bezain ona izan dadin, eta distantzia hori ahalik eta txikiena izan dadin lanean ari direla.

    Ludita

    Teknologiaren aurrerapenen kontra dagoen pertsonari esaten omen zaio ludita, eta industria-iraultzaren (lehenengo industria-iraultzaren) garaitik omen dator, artisau ehungileak lanik gabe utziko zituzten makina ehungailuak suntsitzen hasi zirela eta. Kontuz ibili behar da zer esaten duzun teknologiaz; berehala jotzen zaituzte luditatzat.

    Determinismo teknologikoa

    “Errusiar mendi batean goazelarik, alferrik da atzerantz indarka nekatzea; ez du ezertarako balio”, esan zidan beste mahai baten bueltan nire lagun Charlesek, laurogei urteak atzean utzi dituen arren –edo utzi dituelako– bizitzari beldurrik gabe begiratzen dionak. Gustatzen zait, metafora, baina ez dakit oso konforme nagoen. Batetik, inork ez dit galdetu errusiar mendira igo nahi dudan edo ez, eta, bestetik, gu denak orain errusiar mendian egotea ez da fenomeno meteorologiko baten ondorio, ez da halabeharrez gertatu, eta iruditzen zait “adimen artifizialarena geldiezina da” esaldian badagoela fatalismo puntu bat, determinismo teknologiko deritzon horren aurrean amore emate bat. David Bayles eta Ted Orlandek Arte y miedo liburuan fatalismoaz ematen duten definizioa datorkit gogora; alegia, beldurraren beste bariante bat dela fatalismoa, patua gure esku egon daitekeen arren gure eskuak patuaren gainean eragiteko ahulegiak izatearen beldurra.

    Zentauroak vs ziborgak

    Uztailean, Elhuyarko lagunek antolaturiko udako ikastaroan izan nitzen, Itzulpengintza eta teknologia: aurrera eskuz esku, aurrera aurrez aurre. Gauza interesgarri asko entzun nituen han. Besteak beste, askoz hobea dela jarrera proaktiboa hartzea, erreaktiboa baino. Horretan nabil, errusiar mendiari tamaina hartu nahian, beste asko bezalaxe. Genevako Unibertsitatekoek, adibidez, adimen artifizial sortzailearen gainean zer jarrera duten azaldu dute duela gutxi: alde daude, eta gida bat argitaratu dute unibertsitatean adimen artifizial sortzailea arduraz eta egoki erabiltzeko. Hainbat atal ditu gidak, batzuk zinez jakingarriak, batez ere adimen artifizialaren sorreraz eta eboluzioaz eta oinarrizko kontzeptuez –niretzat, cookieak onartzean zer arraio ari naizen onartzen oraindik ere ez dakien honentzat, oso lagungarria–. Metodologiaren atalean, azaldu dute informazioa nola bildu duten, eta, idazteko orduan, ChatGPT4 erabili dutela laguntza gisa.

    Ondo ulertu badut, zentauro-jokabidea litzateke hori: gizakiak lan batzuk egingo lituzke, eta makinak beste batzuk. Bestea ziborg-jokabidea omen da, zeinetan ez baitago bereizterik nork egin duen zer, hain daude fusionaturik gizakia eta makina lan-fluxuan. Oso itxura ona hartzen diot gidari, baina denbora eta patxada beharko nituzke behar bezala aztertu eta iritzi bat eratzeko, eta, nik denbora eta patxada eskatzen ditudan bitartean, hortxe dabil errusiar mendia orduko 300 kilometroko abaila zoroan gora eta behera eta ezker-eskuin inori patxadarik eman gabe. Mafaldaren hartatik, gustura esango nuke nik ere “geldi ezazue hau; jaitsi egin nahi dut”. Iritzi bat eratu artean behintzat.

    Kakaztea (enshittification)

    Joxe Rojasek azaldu zuen kontzeptu hori ikastaroan. Hemen dago azalduta, baina, labur esateko, plataforma teknologiko handien deriba azaltzen du. Ez dakit egokia den, baina niri, nolabaiteko zabalkuntza semantiko bidez, bestelako kakazte bat ekartzen dit gogora. Konturatu bainaiz ez dela, berez, teknologia jakin bat, edo adimen artifiziala bere horretan, arazoak sortzen dituena –salbuespenak salbuespen, eta utzidazue hor ere zuhurtzia bati eusten momentuz–; baizik eta, teknologia horrekin batera, nolabait gainjarrita, edo, hobeto esanda, azpijarrita, datorren beste zerbait. Ikastaroan, hitzaldietako batzuek ezinegon lauso bat eragin zidaten. Lankide batek lagundu zidan argitzen, kafea hartzen ari ginela esan baitzuen hitzaldi batzuei kutsu “neoliberala” zeriela. Teknologiari eta adimen artifizialari buruzko diskurtsoan, maiz, bi alderdi nahasten dira: bat teknologiari dagokiona, eta bestea, berriz, mundu-ikuskera bati dagokiona –berezkoa edo hartua, kontzientea edo ez–. Adibidez, hizlari batek bideo umoretsu bat jarri zuen, interpretazio automatikoaren beharra ilustratzeko: Erresuma Batuko ikastetxe bateko zuzendariak guraso bat ekarrarazten du, semearen portaera kaxkarraz hitz egiteko. Etorkinak dira, zuzendariak ez daki aita horren hizkuntza, eta aita ez da ingelesez moldatzen. Semeak egin behar ditu interprete-lanak, beraz. Imajinatuko duzue zer gertatzen den… semeak goitik behera aldatzen ditu zuzendariaren esanak, eta aita poz-pozik irteten da bileratik, semea heroia dela sinetsita. Gauzak zer diren, oso antzeko bideo bat ikusi nuen orain dela urte batzuk, Letren Fakultatean, Interpretazio Sozialaren Oinarriak ikastaroa egin nuenean. Interpretazio sozialaren beharra ilustratzeko jarri zuten bideo hori orduko hartan. Denbora-tarte honetan, automatiko hitzak ordeztu du sozial hitza esaldi horretan.

    Agian badago arrazoi onik horretarako, naif samarra izango da igual ikastetxeetako hizkuntza-arazoak giza interprete bidez konpon daitezkeenik pentsatzea, baina, halako arrazoibiderik ez zenez egin, batetik besterako bidea, nolabait, ezkutuan geratu zen, izebergaren azpiko aldea bezala.

    Bestalde, beharbada batzuek ziborg gisa ikusten gaituzte dagoeneko, oso ondo bereizi gabe entzungailuetatik sartzen zaien ahots hori gizaki batena den edo makinarena, eta horregatik hasi dira batzuk interpreteei eskatzen on call egon daitezela 24/7, eta (kasik) doan lan egin dezatela. Negargarria.

    Etorkizunaren kontrako babesa (future-proof)

    Teknologiaren eremuan sortu zen future-proof esapidea: nola diseinatu software bat, eboluzio teknologikoaren ondorioz berehala zaharkitua eta baztertua ez geratzeko moduan. Unibertsitate-ikasketen testuinguruan iritsi zait niri: nola diseinatu itzulpengintza eta interpretazioko ikasketak, azkar eta noranzko ezezagunetan aldatzen ari den mundu batean berehala zaharkituta eta baztertuta ez geratzeko moduan. Ez dut erantzunik, baina ez esan esapidea ez denik itzela. Future-proof hitzak, bulletproof edo waterproof hitzen molde berekoa baita, berekin dakar etorkizunaren kontra babestu nahia, balen kontra bezala.

    Ikastaroaren amaieran elkarteen ordezkariek esan zituztenetatik atera daitezke gure lan-etorkizunari eusteko ideia batzuk: saretzea, eta gure lanari ikusgaitasuna ematea. APTIC elkarteko ordezkariak kontenedore batzuk erretzeaz hitz egin zuen –metaforikoki–. Nire ustez, erre beharreko lehen kontenedore metaforikoa izenarena da, hizkuntzaren langile garen aldetik. Aditu batzuek argudiatu dute adimen artifiziala ez dela ez adimentsua, ez artifiziala, gizakiaren lan luze metatua dagoela oinarrian. Adimen artifizial sortzaile izenak erabat ezkutatzen du egiaz zer den. Konputazio kognitiboa edo ikaskuntza interaktiboko sistema ikusi ditut sarean, baina, niri neuri, gehiago gustatu zait Lorea Argarateri irakurri diodana: adimen kolektiboa, “guk dakiguna zurrupatu baitu”.

    Gauzei izen egokia ematea, beraz, eta saretzea, eta gure lanari ikusgaitasuna ematea. Horrez gain, ezagutza eta denbora, patxadaz erabaki ahal izateko adimen kolektiboko tresnen aurrean zer jarrera hartu: zer, nola eta zertarako erabili, zer auzi etiko dakartzan erabilera horrek, eta egoki erabiltzeko irizpideak ezarri eta zabaldu. Hori iruditzen zait izan litekeela jarrera proaktibo adimentsu bat hartzea, nork bere eremuan.

    Angustia, nahasmena, oinazea

    Santi Leoné

    Jatorrizko bertsioa –azpitituluekin– vs bikoizketa eztabaidan, lehen aukerakoaren aldekoa izan naiz beti, eta zahartu ahala gero eta jasangaitzagoa egiten zait bikoizketa, eta gero eta onartezinagoak haren aldeko argudioak. Printzipio kontua ere bada: aktore lanaren parte da boza –bozaren modulazioa eta haren bidezko ñabardurak–, eta errespetu falta handia iduritzen zait parte hori mutilatu eta bertze aktore batzuen bozarekin ordeztea. Bertze arte mota batean ez genuke onartuko –Euskal Herrian hedatu den Rammsteinen disko honen bertsioan Alex Sarduik kantatu du, Til Lindemanni baino hobeki ulertzen zaio eta, baina lasai, musika berdin-berdina da; tira, bi aldiz pentsatuz gero, agian adibidea ez da ona, baina ulertzen didazue–. Mundu ideal batean, bikoiztaileek lan guti izanen lukete.

    Baina mundu errealean bizi gara, eta egia da bikoizketak badituela bere abantailak, egia den bezala gaizki egindako azpitituluek film bat ikustearen esperientzia zapuzten ahal digutela –eman buelta bat Filminen katalogoan barna, sinesten ez badidazue–.

    Jatorrizko bertsioan protagonismoa jatorrizko bozak duen heinean, bigarren mailako makulu baten papera hartzen dute zenbaitetan azpitituluek, eta mugatzen dira aditzen ari garenaren bertsio motel gatzgabe bat ematera. Hori larria izaten ahal da mintzatzeko manera jakin bat delarik pertsonaien grazia eta nortasuna definitzen dituena. Horren adibide dugu The Big Lebowski (Joel Coen, 1998). Behin baino gehiagotan, gaztelaniazko azpitituluak –Filminen dagoen bertsioan bederen– franko urrun gelditzen dira ingelesezko solasaldien indar eta adierazkortasunetik, eta ingelesez pixka bat jakitea da filmaz gozatzeko bide bakarra. Aukeran, ongi eginez gero, bikoizketa lagungarriagoa izanen litzateke film horretan.

    Adibidez, Walter Sobchak pertsonaiak bolatokian pistola bat ateratzen dueneko eszenan, solas hauekin egiten dio mehatxu 10 puntu apuntatzen tematua dagoen pertsonaiari:

                Smokey, you’re entering a world of pain. A world. Of pain.

    Eta hori honela dago emana gaztelaniazko azpitituluetan:

                Smokey, te estás metiendo en un lío.

    Geroago, Sobchak sutan dagoelarik nahi zuen informazioa lortu ez duelako, honela ari da oihuka, Larryrena omen den autoa kolpeka hondatu bitartean:

                See what happens, Larry, when you fuck a stranger in the ass.

    Azpitituluetan:

                Esto es lo que pasa, Larry, cuanto tocas las narices.

    Filminen dauden altxorrak alde batera utzita, batzuetan bikoizketak badu azpitituluek falta duten askatasuna; bai eta adierazkortasuna ere, bikoizketak dioen gauza berbera erranda ere.

    Deadpool 2 (David Leitch, 2018) filmeko pasarte batean, izenburuko protagonista elkarrizketak egiten ari da, superheroien talde bat –X-Force– osatzeko asmoz. Etorri da lehen hautagaia –Bedlam– eta zera galdegin dio Deadpoolek: “Superpowers?”; “eremu elektromagnetikoak distortsionatzen ditu”, izan da erantzuna, “baita zure buru barnekoak ere, eta horrela angustia eragiten dut, nahasmena, oinazea”; eta arrapostua berehala etorri da: “so basically you’re Dave Matthews”.

    Ez dakit nor den Dave Matthews. Tira, badakit –Interneten bilatu dudalako– AEBko musikari bat dela, eta uste izatekoa da estatubatuar batendako aski irri-emangarria dela haren musika angustiarekin, nahasmenarekin eta oinazearekin lotzea. Espainolezko bertsioan –eta nik Deadpool 2, estreinako aldiz, espainolez ikusi nuen zineman–, Bedlamek angustia, nahasmena eta oinazea sorrarazten dituela aditutakoan, hauxe da Deadpoolen erantzuna: “así que eres como Bunbury”. Areto osoak irri egin zuen –nik ere bai, jakina–, erreferentzia ulertuta. Eta aitortu behar da erreferentzia ez dela desegokia, angustia eta abar eragiteaz gainera, AEBn ibilia baita Bunbury. Espainolezko azpitituluetan ere –Disneyplusen dagoen bertsioan behinik behin– Bunbury paratzen du, baina efektua ez da berdina, ingeles pittin bat ulertuz gero argi aditzen baita Deadpoolek ez duela Bunbury erran, eta irri eginarazi beharrean, traizio ttiki baten lekuko izan dela sentiarazten dio ikusleari. Bikoizketak, bat; azpitituluek, zero.

    Gauzak are gehiago korapilatzen ahal dira, ordezko erreferentzia egokia ez bada. Deadpool filmetik mugitu gabe, protagonistaren eta Cableren arteko borroka batean, azken honek zera botako dio Deadpooli: “There’s nothing I can’t kill”. Aitortu behar dut ez dakidala esaldiak zeri egiten dion erreferentzia, baldin eta zerbaiti erreferentzia egiten badio. Gaztelaniazko azpitituluetan, “no vas a salir vivo” formula hautatu dute, baina bikoizketan, auskalo zergatik, hauxe da Cableren ahotik ateratzen den hitz-segida: “Yo por mi hija mato”. Aretoan, ongi oroitzen banaiz, ez zen irririk izan. Esaldia, Espainiako prentsa arrosako pertsonaia batek famatu zuen, eta aski desegokia zen filmaren testuinguruan –bertzalde, ez dut uste prentsa arrosaren zaleen eta komikizaleen arteko intersekzioa handiegia denik–. Izan ere, aipatu bezala, azpitituluetan “Bunbury” paratu zutenak ez ziren ausartu “yo por mi hija mato” idaztera, eta jatorrizkotik hurbilago zegoen bertsio bat hautatu zuten. Bikoizketak huts egin zuen erreferentzia horretan, nire ustez.

    Kontu zaila izaten da erreferentzia kultural arrotzak nola ekarri erabakitzea –film batean edo literaturan efektu jakin bat duten azentu markatuak nola ekarri bezain zaila–, eta, nire ustez, desberdin jokatu behar da azpitituluetan eta bikoizketan, bakoitzak bere abantailak eta bere mugak baititu. Euskal Herrian, gainera, bertze zailtasun bat gehitu behar dugu: nor paratu genuke Matthewsen eta Bunburyren ordez angustia, nahasmen eta oinaze eragile gisa? Nik izen bat dut buruan, baina ez dut hemen aipatuko, ez baitut nahi artikulu hau argitaratu eta biharamunean haien telefono deirik edo emailik jaso.