Erantzuna

Leire Mendiburu Garaiar

Zergatik, euskaraz hitz egiten dugunean, erantzuten digute beste hizkuntza batean?

—Egun on!

—Bonjour!

—Baduzue …?

—Perdoné, qué queriá? (irakur bedi frantses azentuarekin)

—Je voulais …

—Ah! Mais vous parlez français?!

— …

Goian deskribatu egoera hori ohikoa da iparraldeko komertzioetan, kostaldekoetan batez ere. Euskaraz abiatu, eta erantzuna espainolez. Hastapenean, pentsatzen nuen ene azentuarengatik jotzen zuela zerbitzariak edo saltzaileak espainolera, nahiz eta bera bezain bertakoa izan. Baina frogatu dut ez dela azentu kontua. Berdin dio azentuak, kontua hizkuntza bera da. Haien buruan, frantsesa ez den oro espainola da. Dena den, teoria horrek ez ditu egoera guztiak biltzen. Izan ere, gai honen inguruan itzulika ari nintzela, non irakurtzen dudan Euskara eta ingelesa Rikardo Arregiren artikulua. Hara! Martxelo Otamendiri ere gauza bera gertatu zaio. Loiuko aireportuan euskaraz galdetu eta ingelesez erantzun diote. Beraz, kontua zer da, euskara ikusezina dela? Edo entzunezina, hobeki esan?

Holako egoerak bata bestearen ondotik jasateak odol-gaixtoa eragiten du, zinez. Alta, Mugati, Hendaiako euskaltzaleak taldeak umoreaz baliatuz erantzutea erabaki du, eta tixortak egitekotan dira, alde batetik hau idatzirik, «Si vous souhaitez qu’on parle ma langue, parlons basque; sinon, avec plaisir, parlons la vôtre», eta, bestetik, «L’espagnol c’est pour les vacances en Andalousie et l’anglais pour mes déplacements a New York».

Gurea Le pays où les fromages parlent basque baino gehiago delako, holako tixortak eskuratu beharko ditugu, eta moda berria sortu!

Behatokiak eta harrikadak

Iñaki Iñurrieta Labaien

31 eskutiken orain arte agertu diren artikuluei begira, ildo edo zain ezagun bat agertzen zait nabarmen: zerbait (hitz, esapide, egitura edo erabileraren bat) ez dela zuzena edo egokia argudiatzen duten artikuluak. Era horretakoak dira, esate baterako, Alfontso Mujikaren «hiru etxe-kaleratze ematen dira egunero», Juan Garziaren «Balizko ausazko premiazkoak» edo Juan Luis Zabalaren «Baina eta bainoren arteko borrokak». Esan dezadan bertatik bat natorrela artikulu horietan esaten denarekin.

Zain horretako ageri zaizkit, halaber, Iñigo Errasti «-tze aldera»ren erabilera kritikatzen duenean, edo Juan Luis Zabala –aurrekoari egin iruzkinean– «nago»ren erabileraz gogaituta ageri denean.  Bi kasu horietan, gustu kontuak jartzen dira auzitan. Kritikatzen dituzten bi erabilerak datoz OEHn; lasai asko erabil daitezkeela iruditzen zait, nik behintzat hala egiteko asmoa dut, adierazi nahi dudana esateko egokiak iruditzen zaizkidan bakoitzean. Sumatu gabe nengoen aipatzen duten saturazio hori. Ez dakiela gerta bi esapide horiei bati gertatu zitzaiona: halako batean, zabaldu zen bat gehiegi erabiltzen genituelakoa, eta, kontsigna horren hotsera, han joan ziren desagertuz bat asko eta asko…, harik eta Juanek salbatzeko aldarria egin arte.

Zain horrek badu bere kontrakoa (edo osagarria, nondik begiratzen den), hau da, debekuen kontrakoa: ez dugu hain estu lotu behar geure burua. Lasaiago onartu behar ditugu erdal jatorriko hitzak, kalkoak…, komunikatibotasunaren mesedetan. Ikuspegi horren arabera, erabilerak du munta, zer erabiltzen den (jotzen da ezen, zerbait erabiltzen bada, premia bati erantzuten diolako, edo gabeziaren bat betetzen duelako erabiltzen dela). Beste joera hau lehenengoari emandako zenbait erantzunetan agertu da gehienbat.

Bi joera horien arteko elkarrizketa ikusi dugu Beñat Oihartzabalek eta Igone Zabalak adierazi aditzaren erabilera biologiako berri baten inguruan trukatu dituzten iruzkin luzeetan. Bigarren joeraren ildoan ikusten dut Jesus Mari Agirrek baliabide prepositiboen alde egindako proposamena ere. Horrelakoak ez dira asko agertu orain arte, eta horretarako ere baliatu behar genuke plaza hau.

Igone Zabalak aipaturiko garapen funtzional kontzeptua da hor gakoa. Denok ikusten dugu mugak zabaldu beharra dagoela, inguruko hizkuntzetan esanda dauden eta esaten diren gauza asko esan gabe daudela oraindik euskaraz. Kontua da nola zabaldu mugok.

Kanpoko erak kopiatzea eta kalkatzea da, beraz, bide bat. Hizkuntza guztiek egiten dute-eta, zergatik ukatu hori geureari. Kopiatze horrek, maiz (beti?), zenbait hitz eta esamolderi balio berriak ematea esan nahi du. Hala, Igonek berak adierazi aditza iragangaitz darabilenean.

Ingelesek ez omen zekiten sentimental jartzen, edota, jarrita ere, ez omen zekiten sentimental jartzen zirenik, harik eta Sternek, hitza alemanetik kopiatuta, Bidaia sentimentala idatzi zuen arte.

Idazle zaharretan gorderik eta ezkutuan dauden baliabideak berraurkitzea da beste bide bat. Itzultzaileok ditugun arazo edo premia askoren erantzuna haietan gorderik dago, ezkutuan. Horretan bai ez zaigula zereginik falta. Gero eta tresna hobeak ditugu, gainera, bilaketarako: OEH bera, edo corpusak arakatzeko tresna gero eta zorrotzagoak, egunotan iragarri diguten kalkoen behatokia…

Bestalde, era batera edo bestera, itzultzaileok askotan izan dugu sentipen hori gure lanean, molde berriak asmatzen ari garelakoa; bitariko sentipena izan ohi da: batzuetan, asmatutako horren gordinak traba egiten digu, eztarriko lakarrak nola; beste batzuetan, berriz, zerbait txukun asmatu dugulako sentipenak bete izan gaitu, bete eta puztu ere bai tarteka. Hala ere, esango nuke gehienetan urrats horiek hor geratzen direla, inork inon jaso gabe. Batzuk beharbada jasoko ziren edo dira Kalkoen Behatokian, baina ez dut uste denak hor sartzeko modukoak direnik; bestelako behatokiak ere behar ditugula, alegia.

Harrikadarik futuristenak ere egin dezake bidea. Ikusi besterik ez dago nola baliatu zuen Xabier Olarrak Jesus Rubiok (Euskarararen garabideaken) eta Erramun Gerrikagoitiak (bere idatzien praktikan) proposatutako bidea Queneauren estilo-ariketetako bat itzultzeko; «harrikada futurista prepositiboa» izenekoa, hain zuzen ere.

Ikusi eta ikasi

Ana Telletxea Koxkolin

—Ama, Peru ikusi det

—Ikusi dut! —amak erantzun azkarra tonu haserrekorraz.

—Ikusi dut… —alabak burumakur, akatsagatik goibel.

Berriki bizitu dut elkarrizketa hau Oiartzunen. Ama-alabak ari ziren, nigandik hurbil kasualitateak nahirik, eta ezin izan nuen oharmenak alarmari eragitea saihestu. 7 urte izanen zuen neskatila ttiki hark, eta ama gaztea zen zuzentzailea.

Bat-batean zuri gelditu nintzen, ezin sinetsiz. Burua jautsi eta zoruari begira gelditu nintzen ikusi eta entzundako eszena hura prozesatzeko. Egia zen.

Gehiegitan aditzen dut euskalduna berez eta sortzez filologoa dela; gehiegitan euskalki gehiegi dituela euskarak; eta halaber, gehiegitan euskara batua asmakuntza artifiziala dela; gehiegitan gure aitzineko belaunaldiek egiten zutela euskara garbia propio… Gehiegitan honelako hamaika baieztapen, eta denak nahasi zaizkit oraingoan burrunba gorrian.

Erdarakadak, kalkoak, egitura edota hitz okerrak zuzentzen ohituak gaude, baina honezkero, agidanez, familia edo lagunarteko esparruko euskarari formalitatea eskatzen hasiak gara, are haratago, alegia. Baliteke neure buruarekin egin dudan bataila ttikia baino ez izatea gogoeta hau. Segur naiz deus berri ez dudala ekarriko, beraz, gaiaz pentsatzeak eragin didan plaza-eletzat uler bedi gaurkoa.

Euskara vs euskalkia: binomio hau gai zaharra da. Honela, llaburki, euskara batua, batik bat idatzizkorako pentsatua, euskara da. Arau mota bat da funtsean, kode jakin bat erabilera zuzena zehazten duena. Hizkuntz estandarra izatea du lan nagusia. Euskalkia, berriz, euskararen hizkera berezia da, aurrekoaren “araua” urrun duena, baina ez inondik bere arerio.

Ikusi det bat zuzentzera ailegatu baldin bagara, zerbait ez gara ongi egiten ari. Izatez, gainera, esparrua zein den (familiartea) kontuan hartzen badugu. Ongi jokatzeko asmo onarekin maiz, kodeak noiz eta non erabili ez dugu garbi. Eskizofrenia gisako bat oraindik ere (edo orain bereziki) sumatzen dut maiz hiztunengan. Noski, sona kontua agerian da; herrikoitasuna edo modernotasuna erakutsi nahi den, kode bat edo beste hautatuko da. Hizketa moduen itzal hori pisua da. Norma soziala, ez da, beraz, hizkuntzaren dimentsioa huts-hutsean, beste faktore batzuk daude jokoan. Badirudi arauaren zama dugula bizkarrean, eta bide honetatik, hiztun idealaren bilaketan, erronka handiegi.

Bistan da kezka dugula, baina, nori dagokio honen gaineko aholkuak gizarteratzea? Ze erantzukizun edo ardura dugu hiztunok? Izan ere, denak gara (nolabait) hizkuntzaren irakasle; bai bederen, erakusle. Eta hortaz, hizkuntzaren ardura dugunok kezkatzea baino gehiago ez ote den behar duda naiz.

Nago halabeharrezko bizikide ditugun erdarek ez dituztela buru-hauste hauek sortzen haien hiztunengan. Askotan, eta hiztun komunitateei erreparatuta, susmoa dut ardura eta exijentzia maila hagitzez ere altuagoa dugula gurean, auzokoen aldean. Baina hori gure normalizazio egoera osagabeari zor zaio, ustez.

Koldo Mitxelenak (Altuna, P., 1972, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak) honela zioen: “batasunak, edozein batasunek gero, galera berekin dakar, ez da hasi berrian behintzat amaren hizkuntza izango, esperanto-usaina itsatsiko zaio noraezean, ñabardura aberatsik gabe agertu beharko du jendartean”.

Euskara batuaren hastapeneko ekimenaz ari zen hura, jakina, baina beldur naiz ez ote den laster hori (bakarrik) izanen gailentzen ari den euskara, ez ote garen gehiegi galtzen ari. Iruñerriko (edo gisako inguruneko) ikasle euskaldunekin jardutea zer den dakienak ulertuko du zer den det bat zuzentzen entzutea gogorra gertatzea, eta horren haritik ere, zer den aldian-aldian sorterrira joateko beharra sentitzea, lausotzen dena berrikusteko eta berrikasteko.

Trikuarena egiten ikasi behar orain

Miel Anjel Elustondo

  • Alkate jaunak ostrukarena egin zuen, berriro ere, Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan erantzukizun politikorik eskatzeko uko egin zuenean.

  • Ezin dute ostrukarena egin. Azken baten, EAJren kudeaketa politikorako eredua da Bravo sententziarekin zigortu dena.

  • Hulako sarraskia gertatu zenetik ezin da ostrukarena egiten jarraitu, besteak beste, 100 hildakoen artean 32 haur zeudelako.

  • Euskal Herriko errealitateari bizkarra eman eta honen erabakitzeko eskubidea ukatu nahi duela gobernuak adierazi du, ostrukarena egin eta…

  • Euskal Herrian zabaldu nahi den konponbidearen aroan, Frantzia ostrukarena egiten ari da, gatazka politikoak beraiekin ezer ikustekorik ez…

  • “Egin dezagun bidea”ren manifestazioaren balorazioa… horren aurrean ez espainiar ezta frantziar gobernuek ezin dutela ostrukarena egin.

  • Azken honen egoitzan egin zigun harrera… Hori, ingurumenaren ikuspegitik, oso arriskutsua da, baina ez dugu ostrukarena egin behar, ezertaz konturatu nahi…

«Ostrukarena egin» jarri dut Google leihatilan. «2.980 emaitza inguru (0,38 segundo)» dio makinak. Ezjakinean dira kolore suerte guzietako eragileak. berria.info, bilbokobranka.info, aralar.net, naiz.info, eitb.com, hamaika.tv, ehu.es, bildu.info, hamaikabilbo.tv, euskonews.com…

«Trikuarena egin» jarri dut Google leihatilan. «10.100 emaitza inguru (0,32 segundo)» dio makinak. Bernardo Atxagaren poema, Javier Muguruza, Koldo Almandoz eta nik neuk behin halako eskribitutako testua. Lokuzioetan ere ez dut nire trikurik harrapatu. Amaren altxortegitik jaso nuen.

Ostrukarena egiten ikasi dugu, trikuarena egiten ikasi behar orain. Trikuarena esaten.

Ez alferrik.

‘Traditorea’ naiz, eta harro nago

Fernando Rey Escalera

Mila aldiz aditu dugu itzultzaileak ez diola traiziorik egin behar itzuli beharreko testuari, eta traizioa dela itzultzailearen bekatuetako bat, larriena beharbada. Eta nahiaren eta ezinaren arteko mugan bizi garenez, «traduttore traditore» esamoldea oso barnean daramagu, gure ezintasunaren adierazgarri.

Baina lanbide honetan urteak pasa ahala, bekatutzat geneukana bertute dela hasten gara pentsatzen. Eta horixe gertatu zait niri.

Herri honetan, arlo politikoan gehienbat, ohikoa izan da ez-dakit-zeinen iritzi eta jokamoldeetatik pixka bat aldentzen zenari ere traidore deitzea, eta, hasieran mina eta bakardadea sentituta ere, azkenean ohartzen zara beharrezkoa zela traizio hori, eta, gauzak ongi egitez gerotan, ona zela bekatua, eta traizioa bertute.

Itzulpena ongi egitekotan, «Ahal bezain hurbil, behar bezain urrun» goiburu hain beharrezkoari segituz gero, urrundu behar horretan, askoz hobea da maiz traizio pixka bat egitea, ustezko fideltasunari eustea baino.

Hori bera irakurri nion lehengoan Huelvako Yolanda Morató itzultzaile sarituari: «Itzultzailearen traizioa premiazkoa da kulturak kalitatezko garapen-maila lortzeko, kulturen arteko komunikazioa egiazkoa izateko».

Literatur itzulpenak obra eratorriak dira, eta, beste hizkuntza batera eramanik, hein handi batean, sormen-lan berritzat hartzen ahal ditugu. Itzultzailea traiziora kondenatua dagoela jakitea ez da, jakina, edozertarako aitzakia edo bide, baina hala dela barneratu behar du testuari behar dituen traizioak egiteko askatasuna sentitzeko. Traizioa, batzuek diotenez, egokitasunaren bila gabiltzanean menperatu behar dugun artea da.

Eta halako gogoetaren argigarri –esandako gehiena ageri-agerikoa da segur aski, Fernandoren egia–, bi adibide praktiko emanen ditut, traizioaren eta ezintasunaren ispilu:

  • «Decenas de jóvenes acudieron a la conferencia». Alferrik tematuko gara «hamarka gazte» eta horrelakoak sortzen. «Dozenaka gazte» jarriz gero, baten bati tranpa matematikoa egin dugula irudituta ere, ideia bera ematen dugu, eta euskara egokiagoan.

  • «De críos íbamos los domingos al campo» ideia euskaratu behar izan dut behin baino gehiagotan. Nafarroa edo Euskal Herri berdekoek berehalaxe, landa edo alor ez direla egokiak ohartuta, «mendira» proposatzen didate, baina hori ez da soluzioa Nafarroa hori eta zelaikoontzat, ez baikinen joaten mendira. Azkenean, hoberik ezean, «Txikitan, igandeetan, egun-pasa joaten ginen ibaira-edo» jarri izan dut.

Seguru nago bekatuan esperientzia handia duten batzuek soluzio hobeak ematen ahal dituztela. Ni, beti ikasteko prest.

Nahasteka

Paskual Rekalde Irigoien

Iruñeko eta Tuterako Artzapez-barrutiaren La Verdad aldizkariak badu Egia izeneko euskarazko saila. Noizean behin artikulu interesgarriak argitaratzen dira, hizkuntza aldetik segurik. Horietako bat da “Aintzineko Santiago bide atzendua” (La Verdad, 2012-11-23). Baztan izengoitipean, egileak erraten digu antzina Arakil ibarrean erromes bidea zegoela, Uharte Arakilgo Zamartzeko Andre Mariaren eliza erromanikoan ez aspaldi egin dituzten indusketetan ikusi ahal izan den bezala. Eta bide horretara bilduko ziratekeela Ultzama, Atetz, Basaburua, Arakil, Sakana eta Burunda aldeko «donekariak» (edo erromesak).

Delako Baztan horrek darabilen nafar euskaran nahastekaturik daude ahozko hizkuntzako hitzak, gaztelaniatik zuzenean euskarara ekarritakoak eta euskara estandarrekoak. Lehenen artean ditugu Baztan aldekoak [aintzineko (antzinako), atzendua, xarmantain (xarmantaren), aixtian (arestian), bordona (pordoia), Jaungoikoain (Jaungoikoaren), abantzu, jendeei, orai (orain) artio, daiena (doana) eta pastu (pasatu)], Sakanako-eta fateko (joateko), Ultzamaldeko batio (bateo) eta Lapurdiko eta Baxenabarreko boztuko (poztuko). Bertzalde, bigarren multzoan sartzen ahal ditugu donekariak [«oraino ere Luzaide eta Orreaga aldean (hala deituak)»] –ez dut hitz horren erreferentzia idatzirik harrapatu sareko hiztegietan–, santulariak [«Seguratik Zalduendora fateko bidea aukeratzen (zutenak)»], palmeroak [«itsasoz bertze aldera doazenak»], romeroak [«erromesak gurean»] eta peregrinok [«Galiziara doazenak»]. Eta, hirugarrenik, indusketa, hilobi, egokiro, bilgune, aterpe, katekesi, hileta… hitz estandarrak.

Aitor dezadan, hasteko, ez ditudala gustuko halako nahastekak, baina, eskuarki, testua erraz irakurtzen da (komunikatzen du) eta ahozko euskaran idatzitako hitz horiek ez dira traba (aski izanen litzateke ahozko forma horien ordez forma idatzi batuak erabiltzea). Orobat, kontuan hartzekoa da egileak beharbada euskara batuan alfabetatu gabeko irakurleak ere izan dituela gogoan eta horregatik erabili dituela ahozkotik hurbilagoko hitz horiek, haiengana hurbildu nahian edo.

Eta honekin guziarekin, zer? Bada, ez dugula idazterakoan inolako beldurrik izan behar, bertzeak bertze, Hiztegi Batuko nola Euskaltzaindiaren Hiztegiko euskalki markadun hitzak gure testuetan erabiltzeko, nire ustez bederen, euskalkiak (bereziki muturrekoak) sobera nahastekatu gabe eta Euskaltzaindiaren Euskalkien erabileraz. Irakaskuntzan, komunikabideetan eta administrazioan izeneko 137. arauan dioena errespetatuz.

Oker ttiki garrantzi handikoak

Juan Garzia Garmendia

Tabucchiren ipuin zoragarriari Fernando Rey adiskideak eman zion euskal izenburua parafraseatuz ekin diot honi, nahiz “garrantzigabeak” izan han “oker ttiki”ok, eta hain garbi ez edukiagatik nik egokiena ote den hor “oker” hitza “equivoco” itzulordaintzeko. Uler bedi, beraz, ekiboko edo, garbizaleentzat, gaizki-ulertu edo nahasbide zenbaiten garrantziaz aritu nahi dudala, eta ez, deabruak libra, inoren oker salagarriez.

Zehazkiago, ekiboko bat dut aipatzekoa, sarri bezain hedatsua, eta, beraz, bat izanik ere, pluraltzat har daitekeena ondorioei begiraturik. Labur nahi nuke, eta alferrikako misteriorik gabe. Hara zein den gure arteko gaizki-ulertze nire ustezkoa: euskarari buruz mintzatzen (ahakartzen) garenean, zer euskarari buruz ari garen ez garbi uztea hasterako.

Erabilerari buruz mintzo bide gara hemen, eta ohituak gaude, 31ok eta beste hamaika milaka euskara-maiseatzaile gisa askotakoak, hizkuntza-maila, erregistroa, komunikazio-helburuak, generoak eta beste hainbat kontzeptu tekniko barra-barra aipatzen, harira etorri zein ez, baina berniz moduko bat izaten  da azkenean hori egiaz, euskara (eta, oro har) hizkuntza delako errealitate itxuraz ondo definituari gainezarria.

Alegia, hizkuntza delakoaren apaingarri gehitutzat jotzen ditugu praktikan, gehien-gehienetan,  beste zer guztiok. Maila guztietan gertatzen da berdintsu, baina joskeraren gorabeheretan nabarmentzen da gehienik, eta esango nuke hortik datozkigula maiz teorizatzen hasten gareneko sesioak eta okasioak.

Izan ere, hiztegiek, gutxi asko, markaren bat ezarri ohi diete zenbait hitzi, erregistro mota sozial zein geografikoa mugatuz edo zehaztuz. Bada zer hobeturik, hala hiztegietan nola haien aplikazio praktikoan, eta, jakina, pieza lexiko solteek ez dute agortzen konbinazio semantikoen kolore-gama guztia. Ongi etorriak dira, bada, esapide eta fraseologia bereziei buruzko lanak ere, ia berezkoa baitute halako erabilerek tonalitate estilistiko jakin bat, erregistro batekin edo besterekin lotutakoa.

Joskerarenera etorrita, ordea, esango nuke gure eztabaiden iturri sarria dela ez hartzea lan pixka bat aldez aurretik, berotu baino lehen, ondo zedarriztatzeko zer euskarari buruz ari garen euskara aipatzen dugunean. Hasteko, eta behinenik, ea ahozko euskara informal espontaneoaz ari garen (eta noren eta nongoaz) ala euskara idatzi formal batu (nahi) estandar euskal herritar guztientzakoaz. Tontakeria dirudi hain oinarrizko gauza seinalatzeak, baina etsita nago hortixe datorkigula nahaste, okerbide eta are haserregarri ugari. Eta askoz ere adostasun –eta gogobaretasun– handiagoa lortuko genukeela, nork geure suan eta bestearen itsuan aurrera segitu beharrean, atzera egin eta abiapuntuari erreparatuko bagenio, ea gauza beraz ari garen. Ez dakit, hala ere, nahi dugun. Ala gustua hartu diogun tirabirari berari, eta honela elkarrekin ahakarturik bizitzea ote den, hizkuntza-kontuan ere, euskal arima delakoaren pultsiorik barrengoena, inolaz ere saltzeko ez daukaguna.

Esate baterako, eta kontu teknikoetan sartu gabe ere, nola idatz daiteke lan bat euskararen (edo are euskal) hitzordenaz sikiera ahozkoaz ala idatziaz ari garen ere argitu gabe? Bada, zinez, idazten da halakorik. Eta nola maisea daiteke euskara batuaren joskera, aurretik aitortu gabe, gutxienez, badela bereizi beharreko sintaxibide bateragaitzik, mintzoz eta idatziz, ekialdetik mendebalera eta hegoaldetik iparraldera? Bada, egunero dakusagu halakorik ere. Lanak, gero, jakina, argitzeke geratu den hori argitzeko ahalegina egin behar duenarentzat dira; hark konplikatu omen du berez sinplea dena.

Noski jabetuko zinetenez, hasterako egin behar liratekeen bereizkuntza potoloenetariko batzuk baino ez ditut aipatu: ahozkoa/letrazkoa, dialekto geografikoa… Hortik aurrera, soziolektoak ere apur bat bereizi behar genituzke, besteak beste, ez dakigun gerta, esate baterako, euskaraz lau gauza esaten ikasi duen gaztetxo erdal giro peto-petokoaren erabilera-eredua hartzea etorkizuneko euskarazko kultura-hizkuntzaren abangoardia imitagarritzat, horretarako bidean goazela ematen baitu batzuetan, ergatiboa abolitzerainoko ausardia ere baluketen zenbait aditu superguayri jaramon egitera.

Hori, ordea, beste 31gai bat litzateke, edo honen beste adar bat, eta, oraingo honetan (baina ez fidatu nirekin), adarretatik ez joateko erabaki sendoa hartu dut, hartara ekibokoak –okerrak ez dakit baina– ez handiagotzeko.

Adibiderik ere ez dut jarri(ko), kapaz baikinateke, gainerako guztia ahazturik, harexen inguruan mokoka hasteko. Zer-nolako euskararen erabileraz ari garen argitu gabe noski.

Aditzak eta erregistroak

Igone Zabala Unzalu

Hainbat gai eta eztabaida-ildo azaleratu dira foro honetan, egunak joan egunak etorri, eta aitortu beharra daukat ezinezko zaidala aurreikusita nuen bideari eustea. Azkenean aditzen gaiak harrapatu eta erregistroen eremura eraman nau. Burura etorri zait, orduan, bere xumetasunagatik beti liluragarri iruditu zaidan M. A. K. Halliday hizkuntzalari funtzionalista ingelesak dialekto eta erregistroez 1985 urtean zioena. (Zehatzak izateko, Ruqaiya Hasan-ekin batera idatzi zuen Language, context and text aspects of language in a social-semiotic perspective lan ospetsua.)

Dialects are saying the same thing in different ways, whereas registers are saying different things.

Definizio xume horri oso argigarri deritzot euskararen normalizazio prozesua ulertzeko.  Gogoratu bi kezka larri zituztela euskaltzainek euskara batuaren sorrerari ekin ziotenean.  Batetik, euskalkiak gero eta urrunago zeuden elkarrengandik, eta horrek gero eta zailago egiten zuen euskaldunek elkarri ulertzea. Bestetik, euskara familiartean eta lagunartean erabiltzen zen, baina baztertuta zegoen prestigiodun erabilera alorretatik (administrazioa, komunikabideak eta irakaskuntza).  Patologia horren sintoma garbia zen hiztun galtze etengabea eta, sendagaia, mundu zabalean onartuta dagoena, alegia, hizkuntzaren aldaera estandarra sortzea. Euskararen batasuna pobretze modura ulertu dute askotan euskaldunek baina, hain zuzen ere, aldaera estandarraren kodifikazioak euskaldun guztiok gatozen lekutik gatozela erabil dezakegun aldaera berri batekin aberastu du euskara. Horri gaineratu behar zaio estandarizazio prozesua (edo frankofonoek nahiago duten terminoa erabiliz, normalizazio prozesua) ez dela amaitzen estandarraren kodifikazioan, hizkuntzaren garapen funtzionala ere ezinbestekoa da erabilera-esparru berrietan baliatu ahal izateko. Garapen funtzionalak zenbaitetan baliabide berrien sorrera dakar eta, beste batzuetan aldiz, hizkuntzak dituen baliabideen berrantolaketa. Garapen funtzional horri esker hizkuntza aberastu egiten da eta “gauza diferenteak” adierazteko egokitzen.

Erregistroen garapenaren lehen urratsak komunikazio-egoeraren formaltasun mailarekin du zerikusia, eta euskara batuaren arauek euskararen baliabideen aldakortasuna formaltasunaren arabera harmonizatzeko erreferentzia-ardatza eskaintzen digute. Komunikazio-egoera formalek, besteak beste, hiztegi-elementuen hautapen zehatzagoa egitea eskatzen dute ez-formalek baino eta, aditzen kasuan, elementu ugari kontuan hartzea. Ikuspegi funtzionaletik, Alfontso Mujikak azaroaren 19an aipatzen zuen eman aditzaren erabilera, erabat aintzat hartzekoa da nire iritziz, testuinguru jakin batean semantikoki zehatzagoa izan litekeen aditza hautatzeko ahalegina saihestea posible egiten digun “komodin” modura uler baitaiteke. Erregistroaren formaltasunak hala eskatzen digunean edota, besterik gabe zehatzak izan nahi dugunean, adierazi nahi dugunerako egokiena den aditza bilatzen saiatuko gara: halako landareak halako inguruneetan hazten dira; lurrikarak beste halakoetan gertatzen dira; halako gaixotasuna halako ezaugarriak dituzten pertsonengan azaltzen da… Formaltasunaren edota zehaztasunaren presiorik ez dugunean, aldiz, lasai asko erabiliko dugu testuinguru horietan guztietan eman aditza. Komodin modura erabili ohi dira beste aditz batzuk ere, adibidez, sortu, kontsideratu eta suposatu. Hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko direla esaten zigun duela egun pare bat Iñigo Aranbarrik, baina ez dut uste premisa horrek komunikazio-egoera guztietarako balio digunik: batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago pentsatu behar dugu hizkuntza egokiro erabiltzeko.

Euskararen normalizazioan erantzukizun eta eginkizun desberdinak ditugu alor desberdinetako eragileok. Euskaltzaindiari dagokio euskarak dituen baliabideak harmonizatzea erregistroen formaltasunaren ikuspegitik. Hiztunoi dagokigu gure errepertorioan ditugun baliabide guztiak erabiltzea, Euskaltzaindiak hobetsitakoak eta gaitzetsitakoak, komunikazio-egoeraren ezaugarrien arabera. Hiztegigileei dagokie, nire iritziz, euskaldunek erabiltzen dituzten baliabide lexiko guztien deskripzio dinamikoa egitea eta erregistroen araberako aldakortasunaren garapenaren berri ematen joatea. Azkenik, ni bezalako unibertsitateko irakasleoi dagokigu etorkizuneko goi mailako tituludunei, alegia, gizartean erregistro formalen erabilerarako eredu izango diren hiztunei, irakastea komunikazio-egoera bakoitzak mota jakin bateko hizkuntza-baliabideak erabiltzea eskatzen duela  eta komunikazio-egoera formalek bereizketa lexiko-semantiko xeheagoak egitea eskatzen dutela komunikazio-egoera ez-formalek baino.

Kalkoen Behatokia

31 eskutik

UPV/EHUko Euskara Institutuaren webgunean jarria dago, azaroaren 20az geroztik, Kalkoen Behatokia izeneko baliabide berri bat. Baliabide praktikoa eta didaktikoa, dudarik gabe.

Hitzaurreak dioenez, «Ikerketa-proiektu baten emaitza da Kalkoen Behatokia. Hain zuzen ere, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk) eta Euskal Irrati Telebistak (EITBk) finantzatutako ikerketa-proiektu honen emaitza: “UE08/05, Inguruko erdaren interferentzia eta kalkoak hedabideetako hizkeran (Interferencias y calcos de las lenguas vecinas en el euskera de los medios de comunicación)”».

Hauek dira lanaren egileak: Xabier Alberdi —koordinatzailea—, Xabier Altzibar eta Julio Garcia irakasleak, EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailekoak; Asier Larrinaga, EITBko Euskara Zerbitzukoa; eta Josu Landa, Ametzagaiñakoa.

Materiala fitxaka antolaturik dago, eta modu bat baino gehiago eskaintzen du informazioa bilatzeko, erraz. Hona hemen edukien gain-gaineko sailkapena, zenbait adibiderekin:

1. KALKO SEMANTIKOA kolpatu (“zauritu”):  atea kolpatu / atea jo
2. HITZEN JOSKERA: KALKO LEXIKO-SINTAKTIKOAK Agurtzen naiz lagunengandik (gazt. despedirse (de)) / lagunak agurtu, lagunei agur esan…
3. HITZEN MORFOLOGIA: KALKO LEXIKOAK Emendakin (gazt. “enmienda”) / zuzenketa
4. KALKO MORFOSINTAKTIKOAK Eduki desberdinak landuko ditugu. / Askotariko edukiak landuko ditugu
5. KALKO DISKURTSIBOAK Hobe esan / Hobeto esan
6. HITZ MULTZO EGINAK EDO FINKATUAK: KALKO FRASEOLOGIKOAK Guardia ez jaitsi / erne egon; Arreta deitu / atentzioa eman…
7. BESTELAKOAK (…)

Hona, adibide gisa, fitxa baten edukia:

KODEA 1098
KALKOA X (galdegaia) da + erlatiboa (mintzagaia) [gazt.: es X el que / el que… es X  (fokua adierazteko)].
HOBETZEKOA • Hasi baino ez da egin sagardotegi denboraldia, eta dagoeneko pertsona asko dira Astigarraga aldera jo dutenak.
HOBETUA • Hasi baino ez da egin sagardotegi denboraldia, eta dagoeneko jende askok jo du Astigarraga aldera.
KALKO MOTA 4.4. KALKO MORFOSINTAKTIKOAK – Perpausaren mailatik gorakoak
AZALPENA • Ikus EiTB: Euskarazko albistegietarako esku-liburua (II) (Hikea): 2.3.5  AHOLKUA: Informazio berria galdegaiaren lekuan jartzen da

Zerrenda moduan ere ikus ditzakegu fitxak, eta han bilatu informazioa:

Zerrenda

—438 fitxa—

aditzaren aspektua: -t(z)en / -ko

aditzaren aspektua: -t(z)en, agintera / geroa

aditzaren aspektua: agintera / -ko

aditzaren aspektua: ahalera / geroa (-ko)

agurra jaso X-ren aldetik

agurtu da (gazt. despedirse)

agurtzen naiz / agurtzen zaitut, agur esan

agurtzen naiz lagunengandik (gazt. despedirse (de)) / lagunak agurtu, lagunei agur esan…

Ahalera gaztelaniazko subjuntibozko perpaus erlatiboen ordain: *gerta litezkeen kalteak.

Ahaleraren erabilera okerra (ahal izan da): Azkenean sartu ahal izan da/zen.

Ahaleraren erabilera okerra: … ahal bazenit…? / …egingo didazu…?

Ahaleraren erabilera okerra: ahal izan

(…)

Material guztia, bere hitzaurre, bibliografia, iradokizun, erabilera-ohar eta gainerakoekin, orri honetan dago. Aurrera begirako asmoez, hauxe dioskute hitzaurrean:

‘Behatokia’ izena du datutegiak. Eta, hain zuzen ere, asmo horrekin sortu dugu datu-basea: alegia, datutegia elikatzen segitzea da gure asmoa. Alde batetik, datutegia fitxa berriekin osatu nahi genuke. Beste aldetik, irrikitan gaude datutegiaren erabiltzaileen iritzi, ohar eta ekarpenak (kalko berrien adibideak, esaterako) jasotzeko, ondo asko baitakigu zer orraztu ugari dagoela fitxetan. Hain zuzen ere, horretarako jarri dugu ‘Iradokizunak’ izeneko esteka, irakurleekiko harremana bideratzeko.

Gora jaitsi

Iñigo Aranbarri Alberdi

Hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko dira.

Kontua da orain ez hainbestera arte, seguru antzean ikusten nuela neure burua goia non zegoen banekielako, eta ondorioz, baita behea ere. Halaxe ikasi nuen umetan, bazela Goiko Taberna bat amamaren etxetik goraxeago, eta kale barrenera jo beharra nuela amak ogia erostera Beheko Panaderira bidaltzen ninduenean. Hala, kalean-gora-kalean-behera ibiltzen ginen, afalondoren zapia buruan lau korapilo eginda txoroarena egin gabe, eta hala jotzen genuen Goiko Kalera edo Beheko Plazara, Goiko Errotara eta Beheko Joxeparenera, geure oinen atzetik.

Urte batzuk beharko nituen geografia haren logika zein zen ikasteko: munduko beste herri askotan bezala, gurean ere ibaiaren ibiliak erakusten zuen non zegoen goia eta non behea. Mendia goian dagoelako dago behean itsasoa. Fisika hutsa. Hidrogeologia hizkuntzara aplikatua.

Urrun gaberik, amaren herrian bazela gurean aditzen ez nuen esaerarik konturatu nintzen gero: “beheko haizea atera du”. Eta beheko haizea da itsasotik sartzen dena, iparretik hortaz, tarteka udako egun beroetako lamarari arindua dakarkiona, gogoz estimatzen den aire freskoa. (Gurean zergatik ez dugun hori esaten, geografiak du hobena, ez hiztunak. Azpeitian ez bezala, Izarraitz erauzi beharra dago ipurdi-ipurditik kostako haizea Azkoitira helduko bada, eta zinez diotsuet alferrik etorriko zaizkigula Dimako, Ataungo zein Sarako jentil guztiak, hain ditu lurraren begiraino sartuak zuztarrak delako harritzarrak).

Geografia ikasteko behintzat baliagarria zitzaidan ikasgaia, inondik ere: Nafarroa bat bazen Etxegaratez bestalde, Iruñetik gora (hain gora ere! Udaletxeko plaka geodesikoak halaxe dio: 444,67 m) Mendigatxaren basabideetan barrena Auñamendietaraino igotzen zena, eta haien bestaldean bazen beste Nafarroa bat, Beherea zeritzona, esan gabe doa, itsasoan hondarratzeko hurrerago zegoelako. Logika berari jarraiki, Gipuzkoan bazen Goierri bat, eta Oria ibaian behera, baita Beterri bat ere. Bizkaian Goiherri dezente ezagutzea aplikatu zait harrezkero Erandion, Aulestin, Barrikan zein Zaldibarren. Izango da gehiago.

Gero, itsastarrekin, arrain jendearekin bezala, lehorreko legeak alferrikakoak direla konturatu nintzen. Bizkaiko kostaldean, goia ez dago hegoaldean. Nahikoa da Eneko Barrutiaren Bizkaiko arrantzaleen hiztegia-ri begiratu bat ematea: “GOITAR: lesteranzko portuetako arrantzaleak”. Eta berme, Mundakan Dimas Zaldunbideri jasotako hitzak: “goitarrak lekeitiarrak eta ondarrutarrak ere bai, baina gehien giputzari esaten zaio”. Lekeition, marinel giputzak dira goitarrak itsasoko hizkeran, hala entzun izan diet beti lagunei. Orri batzuk atzerantz jo dut. Hiztegiak ez dakar ez BEHETAR ez BEHE sarrerarik. Kantabroak montañesak dira.

Txorabioaren hasiera baino ez zen, ordea. Iparrorratzaren dantzak ez du etenik. Erabileretan, uste dut hondoko hau izan dela iristen azkena. Ez dakit, beharbada Fernando Colomoren komedia hark bizitu zuen lehendik garretan erdi gordean zegoena. Kontua da bajarse al moro-k, Gasteizera jaitsi-ri eman ziola bide Bizkai-Gipuzkoetan 80ko hamarkadaren erremate hartan. Eta hala, Madrilera jaitsi esaera aski arrunta egin delakoan nago harrezkero, ibaian zein itsasoan beharrean mapan dabilena jaitsi egiten baita Madrilera, ez igo, eta Marokora bezala, baita Andaluziara ere. Galdetu bestela astebururo presogintzan dabiltzanei.

– Ezin diat. Soto del Real-era bajatzea tokatzen zaidak zapatuan.

Gora jaitsi. Ona da. Anariren kantu hartan bezala, baina poesiarik gabe: “erori banaiz ere/gorantz erori naiz/nola urazaleratzen diren/arrainak hiltzean”.

Hala nenbilen zalantzan, goia hegoa, ekialdea edo iparraldea zen, Hirutasun Santuan sinesten hizkuntzari esker hasi behar nuen, amak deitu zidanean, ea ez nuen asteburuan azaltzeko asmorik. Noiz egongo zen etxean, nik. “Zortzietatik aurrera”. Egokiago ezin. Afari-legea egiteko agertuko nintzela. Herrira nindoala-eta, arindu bat hartzeko aprobetxatuko nuen hartara. Segituan deitu nion pelukeroari. Ohi moduan hartu ninduen: “bostetatik atzera, nahi duanean”. “Seietan orduan” esanda gakotu nuen telefonoa.

Konpasa eta segundua gurutzatzen diren lekua. Ez da espazioa, sarritan honen ispilu den denbora ere, bada. GPSak eta erlojuak. Biak txikitzen ditu hiztunak egunero. Txorabioak pentsatzen hasiz gero ematen dizu. Ez gelditzean dago gakoa.

Izan ere, eguneroko ibilian, ezin esan moldatzen ez garenik Brian Friel-en “Agur Eire, agur” hartan britainiarrak bezala, hizkuntzaren kartografo oro engainatzeko dirudien erabilera ero, bihurri eta ederrokin.