Luzerako bidaia San Juanera

Eneko Bidegain

Behin, Kortatuk Arrangoitzen eman zuen kontzertu batean, Fermin Muguruzak «Gabon Arcangues» oihu egin omen zuen. Anekdota horren berri hamabost urte geroago entzun nuen.

Anekdota horretatik harago, Ipar Euskal Herriko herrien izenak gaizki errateko joera nahiko zabala nabaritzen dut Hego Euskal Herriko hainbat jenderengan. Zenbat ez dira joaten Angletera erosketak egitera Angelura joateko ordez? Edo zenbat ez dira joaten egun pasa San Juan de Luzera? Behin euskarazko afixa batean ikusi nuen «San Juan de Luzerako ateraldia» lerrotik bururatu zait artikulu honen izenburua. Pentsatu nahi dut ateraldia aski luzea izan zela, gutxienez Donibane Lohizune ikasteko bezain luzea.

Bitxikeria gehiago ere entzuteko ohitura badaukagu: Urruñe, Bidart, Azkain… Eta zenbatek uste dute Lapurdiko hiriburu historikoa Ustaritz edo Ustaritze dela? Eta Laburdi erraten dutenak ere badira. Eta horrela idazten dutenen edo mintzo direnen artean, batzuk oso euskaltzaleak eta abertzaleak dira.

Are gehiago harritu ninduen beste bitxikeria bat entzun nuen behin, errepideko arazoen berri ematen zuen baten ahotik. Auto ilarak ba omen ziren Mugarren. Ez nuen ulertzen nondik etor zitekeen huts hori. Frantsesez Muguerre da. Google-en bila ibili eta ikusi dut gaztelerako hainbat testutan Mugarre agertzen dela. Hortik dator nahasmena?

Hasteko, ez dut uste nehori burutik pasatzen zaionik Saint-Sebastienera joatea pintxoak jatera, edo Fonterrabira afaltzera, Pampeluneko bestetera…

Hainbarik

Oskar Arana Ibabe

Nahiko zabaldua egongo da, euskararekin lan egiten dugunon artean, niri noizbehinka pizten zaidan ardura txiki bat, alegia, zergatik ez ote duen izaten, ez ahozko ez idatzizko estandarrean, erabilera arrunt eta zabalagoa, norberaren inguruan nahiko bizirik izan ohi den hizkuntza baliabide edo forma batek.

Halaxe gertatu zait «hain barik» formarekin, gure inguruan egunerokoa eta nahiko arrunta den baliabidearekin. Idazteko uzkur, estandarrean jasota ote dagoen eta onartzen ote den ikertzea izan da nire lehenbiziko burubidea. Eta, bai, jasota dator Hiztegi Batuan, ez hor idatzi dudan moduan, baizik eta hitz bakarrean lotuta; adibide eta guzti dator, eta euskalkiaren oharrarekin.

hainbarik: adlag. Bizk.: dela txokolateagaz, dela hainbarik, ondo gozo dago pastel hori.

Esango nuke ezen, zenbait esapidetan, gainera, hainbat aukeren artean hobetsia izaten dela, nik ezagutzen ditudan erabiltzaileen artean bederen.

    1. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, hainbarik geratuko zara-eta bestela.
    2. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, barik geratuko zara-eta bestela.
    3. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, baloi barik geratuko zara eta bestela.
    4. Kontuz baloiarekin erreka ondoan jolasten zabiltzala, hura/bera gabe geratuko zara eta bestela.

Izenordainaren eta postposizio-elementuaren arteko elkartzetik sortutako forma horren aipamenak hizkuntzalarien artean bilatzera joanik, Azkueren hiztegian artikulu luzexka aurkitu dut ain sarreran, eta merezi lezake, agian, hemen darabilgun baliorako zertzuk jaso zituen aipatzea:

Ain : 1° (c), tan, tanto – 2° (B), tal, tel. (V. Aen.) AIN EDERRA, tan hermoso (como aquello), si beau (que cela). AIN MENDITAN, en tal montaña, sur telle montagne. AIN AIÑEAN, poco más ó menos, à peux près (Añ.) AIN AIÑETAN (B-a-o-t8), indeciso, indécis. AlJ.in (S, Sal.), ligero, léger. Val’. de ARIN. (V. Introd.) Hain (BN, L, S, Sal.), ain: 1° tan (de 3er grado): si, aussi. – 2° (L), Contr. de HAGIN. – 3° tanto, autant. EZTITU HAIN SENTITZEN, no los siente tanto, il ne les sent pas autant. (Ax. :l. a-90-13.) – 4° (BNald), promedio, moyenne. OREN BATEN HAINA, cosa de una hora, une heure  environ.

HAINA: 1° (BN-ald), casi, presque. OREN BATEN HAINA (BN-ald), cosa de una hora, une heure environ. – 2° (L), aquel, aquella, aquello: celui-la, celle-la, cela. NORK ERE  MAITEAGO BAITU AITA EDO AMA NI BAINO, HAINA EZTA ENETZAT ON; ETA NORK ERE MAITEAGO BAITU SEMEA EDO ALABA NI BAINO, HAINA EZTA ENETZAT GAI: el que ama á padre ó á madre más que a mí, no es digno de mí; el que ama á hijo ó á hija más que á mí, no es digno de mí: celui qui aime son pere ou sa mere plus que moi, n’est pas digne de moi; celui qui aime son fils ou sa fille plus que moi, n’est pas digne de moi. (Har. Matth. x-37.) HAINA HAEK (L-s), aquel de marras, celui d’autrefois. HAINA HARK, aquel, celui-la. HALAKOARI ETA HALAKOEI, HAINARI ETA HAINEI: á semejante y semejantes, á aquel y á aquellos: a tel et tels, a celui-la et aceux-la. (Ax. 3′-166-14.) HAINA BATEK (BN-ald), una persona, certaine personnc. HAINA HURA (Lc), aquella persona, cette personne-la.

Aiña: 1° (B, G), tanto como, autant que. Zu AIÑA ONA (B-m), tan bueno como V., aussi bon que vous. – 2° (B), proporción, medida: proportion, mesure. IHABAZI ERAN AIÑAAN, en la proporción que mereció, dans la proportion qu’il mérita. (Baser. 268-5.) – 3° (B, BN-s, R), nodriza, ama, nourrice. = En BN y R no da pecho á los niños, en BN et R elle n’allaite pas les enfants. – 4° (L), aquel, celui-la. ~ 5° segunda llanta de la rueda para afirmarla, second bandage de fer autour de la roue pour la renforcer. _6° (B-m), escarpias, trozos de hierro que se fijan á la rueda del carro para consolidarla: crampons, morceaux de fer qui se fixent a la roue d’une charrette pour la consolider. – iD (R), cabrito, chevreau.

Bestalde, bi aldaera jasotzen ditu Labayru hiztegiak, eta adibide aski argigarriak, gaurko mintzairan eman dezaken joko oparoaren erakusgarri:

hainbarik
1
adb. aparte de, además de. Sarritan be(re)/ere indargarriagaz. Diru gitxitxugaz gabilz, baina hainbarik ondo. Behar asko emoten deustazu, baina hainbarik be badaukat zeregina!
~ bestela, osterantzean

2 adb. sin ello, sin nada. Ogitan joan eta atzenean hainbarik etorri naz etxera. Indabak txorizoagaz gozo dagoz, baina hainbarik be ondo pozik jango doguz guk. Dala gogo txarrez dala hainbarik, agintzen jakona egiten dau beti.
~ hainbaga (bizk.), haingabe (bat.)

hainbaga (bizk.)
1 adb. sin ello, privado de. Jakituria beharrezkoa da; esaterako, ez dago hainbaga mediku ona izaterik. Edozertarako behar dozu dirua, hainbaga ezer ez dago eta.
~ faltaz, hainbarik

Eta esapidea izenlagun bihurturik, Hiztegi Batuak, ahozkoan bizi-bizirik dagoen forma:

hainbako izond. Bizk.: botoiduna hainbakoa baino gehiago gustatzen zaio.

Erlatiboetako korrelato-izenordain anaforikoaren balioa ere hartu zuen gure idazle klasikoen eskutik, lehen aipatu ditugun egungo erabilera arruntagoetako balio anaforikoaren bidetik, baliagarritasun anaforiko horrek aurreko perpausako izena ez baizik eta izenaren inguruan eratutako erlatiboa jasotzen zuela:

Nork ere maiteago baidu aita edo ama ni baiño, haina ezta enetzat on: eta nork ere maiteago baidu semea edo alaba ni baiño, haina ezta enetzat gai (J. Haraneder, Mt 10, 37).

Balio anaforiko horren erabilera murriztuz joan zaigu, antza. Gaurko hainbarik esapidekoa baino erabilera zabalagoa zukeelako aierua egin izan dut, eta are klasikoen erlatiboetako izenordain-korrelato anaforikoarena baino erabilera zabalagoa ere, eta, inoiz, aurkitu ere bai, aditzera ematen duen ahal horrekin, gaurko testuren batean, Manu Erzillaren Ez eleberrian, esaterako. Baina ez diot antzematen zertan izan zitekeen espezifikoa izenordain hori, non eta ez zen anaforikotasun horretan bertan, eta izenordain arruntagoen eta gaur guztiz erabilien aldean anaforikotasun horrekin hobetsiak izan zitezkeelako susmoan (Hura/haina, …). Baina susmoak, susmo.

Gainera, erraztasunak eta ekonomiak ez dute gupidarik izaten beharrezkoak ez diren formekin. Orotarikoan, argi eta garbi ematen da aditzera posposizioak aurrekaria errepikatu beharrik ez duela:

e) (Lar, Dv, A Apend). (Empleado sólo, ref. gralmte. a un antecedente sobreentendido). Sin nada, sin ello. “Carecer, […] bage egon, gabe egon, baga egon” Lar. “(Quedarse en) cruz y en cuadro, uts eta gabe geratzea” Ib. “Baga, bage, gabe egon, ez izan, iduki, euki, carecer, n’avoir pas, manquer de” Dv. “Faltar, […] carecer, […] gabe izan (S). Me falta, […] gabe niz” A DBols. “Gabe zira, no tiene Vd.” A Apend. Cf. …ALA GABE. v. GABEKO IZAN. Tr. De uso general, salvo en vizcaíno. Ezen zuri behar bezala eskatu zaitzunik gabe bihurtu dela eztut egundaino enzun. Harb 100. Ezta pobrearen gabe egotzterik eta ez athean oihuz edukitzerik ere. Ax 228 (V 152). Purga ezin bertzez, eri zarenean, premia duzunean hartzen duzu […]; eta baldin gabe iragan al bazindezi, […]. Ib. 255 (V 171). Ezta nihor ere hain konplirik eta hain saindurik, non eztuen noizpait zenbait tentazione, eta ezin gaudezke osoki gabe. SP Imit I 13, 1 (Ch, Mst, Leon -rik gabe, Echve 35 aiek gabe). Ondasun gutirekin edo gabe arkitzen dira. Mb IArg I 203 (II 269 bage). Zerbait [eritarzün] hetarik dükianak ükhen, zer balio dian bage izaitia daki. Egiat 184. Segitzendúte [Jesus guruzifikatua] ón diren guziék, nork bere gurutzearéki, gábe niór ez. LE Ong 15r.

Eta abar luzea, adibide-zerrenda horren ostetik.

Tematu naiz, tematu naizenez, gogoko dudan baliabide baten apologia egiten, euskalkiarena baino hedapen handiagoa merezi lezakeelako iradokizuna egiten, baina alferrik, seguru asko.

Badarik, bizirik dugu esapidea, eta ez gaitezen, bada, hainbarik geratu.

Estilo jarraituaren alde

Jesus Maria Agirre Berezibar

Itzultzaile-oposizio bateko epaimahaian egotea tokatu zait. Oso delikatua eta desatsegina da inoren formulazioak epaitu beharra (erantzun beza bakoitzak bereez, eta kito), eta gainera azterketa-egoera ez da paradarik onena itzultzaile batek bere onena emateko. Hala ere, egokitu zaidan eginbeharra talaia moduko bat izan dut gaurko itzultzaile gazteen joera eta mania batzuk begiratzeko. Gaztelaniazko testu argumentatibo bat jarri zitzaien euskarara itzultzeko, txosten juridiko bat.

Erreparatu dudan lehen ezaugarria izan da itzultzaileek ia sistematikoki jo dutela gaztelaniazko esaldiak zatitzera, hari sintaktikoa etetera. Horretarako errekurtso bariatuak erabili dituzte: puntuazioa (ugariak izan dira puntuak, puntu eta komak, bi puntuak, parentesiak eta marra luzeak), koordinazioa (eta denen gainetik, hain zuzen eta holakoak ugari, hau da eta holakoak dexente, izan ere hainbat), eta anaforak (erakusleak, eta batez ere izen eta erakuslez osaturiko sintagma anaforiko astunak).

Har dezagun adibide modura esaldi hau: «Con fecha 12 de noviembre de 2008 y número de registro 14537, tuvo entrada en la Cámara el escrito de la Coordinadora de las Plataformas contra la Incineración de Gipuzkoa, constituida en comisión promotora, adjuntando la ‘proposición de ley de residuos’ en forma de iniciativa legislativa popular». Aurkeztutako 22 azterketarietatik, esaldi hori 2k bakarrik eman dute eten handirik eta anafora astunik gabe euskaraz.

Aurreko joera horrekin kontrastean, bigarren gauza erreparatu dudana izan da ezen itzulgaia oso testu formala zen arren oso gutxik erabili dituztela erlatibo postpositiboak.

Har dezagun adibide modura esaldi hau: «Este título competencial fue asimismo invocado por la Ley 3/1998, de 27 de febrero, General de Protección del Medio Ambiente del País Vasco, cuyo capítulo IV lleva por título ‘Residuos’». Esandako 22 azterketari horietatik, 4k bakarrik erabili dute zein erako erlatiboa esaldi horretan. Eta horren kontrastean, asko erabili dituzte erlatibo prepositiboak (-n…, -tako…).

Beste gauza batzuk ere nabarmendu daitezke, horien artean adibidez marka modalen erabilera urria (-ta, -ik, -z, -larik), jokoa ematen duten arren, nire ustez, lotura irekiak edo ez oso definituak egiteko, zirkunstantzia bat adierazten duten heinean.

Eta zein da nire inpresioa? Egia da testuak eta testuak daudela, egia da itzulgai bat modu batera baino gehiagotara itzuli daitekeela, baina jatorrizkoaren haria sistematikoki eteteko joera hori eta zein erlatiboaren autozentsurak erakusten duen jarraitutasun-falta hori sintoma arriskutsuak iruditzen zaizkit. Zerenak? Agian badabil gure artean kontsigna bat dioena ezen dena delakoagatik (egitura desberdinak, bi hizkuntzen egoera, gaztelaniaren gehiegikeriak) euskararako egokiena zatituta itzultzea dela, eta neurri batean nik neuk ere lagundu dut topiko hori zabaltzera Itzulpen-estrategiak liburuxkarekin. Eta agian badabil ere gure artean beste kontsigna bat dioena inporta duena ez dela estiloa, baizik eta edukia ondo ematea. Baina, kontsignak aparte, seguru nago gutako askok eten askorekin eta lotura gutxirekin itzultzen dugula euskararen baliabideak ez ditugulako behar adina menperatzen, itzultzeko orduan konfiantzarik ez daukagulako geure buruagan, euskaraz ez garelako konplexurik gabe lantzen eta finkatzen ari estilo formal bat, jarraitua baina aldi berean korritzen duena.

Behar dugu konturatu azala eta mamia batasun bat direla, behar dugu konturatu itzultzailea jatorrizkoari lotu behar zaiola azal eta mami. Hainbeste eten gordinekin eta anafora astunekin segituz, arriskua dugu euskara haurtzaro-estadioan mantentzeko, arriskua dugu itzultzaile-ofizioa debaluatzeko. Ez omen zuen ba Atxagak esan hizkera literarioa bat bera dela mundu guztian? Sentitu gaitezen libreago, jolastu dezagun hizkuntzarekin, praktikatu dezagun loturekin, kalkatu ditzagun behar adinean gure klasikoek bezala, euskaran estilo formal jarraitu hori lortze aldera.

Anabasaren erdian

Iratxe Goikoetxea Langarika

Batzuetan holaxe ikusten dut bai neure burua bai euskarazko testugintza: anabasan galduta.

Kasurako, San Telmo Museoak erakusketa bat zabaldu du oraintsu “Harrijasotzaile: harriaren indarra” izenpean. Esaldia gorabehera, ez diote erreparatu arauzko forma harri(-)jasotzaile dela. Baina alfabetatuta egon arren, zenbatek ote dakite harri jasotzaile berba bitan idazten dela? Zenbatek jakin min aparte dela eta jakingura batera?

Hitz elkarketako marraren erabilera nasaiaz jardun dute aurrekoetan blogkide batzuek. Baina erabiltzaileontzat are lausoagoak dira berbak lotuta edo bereiz idazteko irizpideak. Ikasi dugu aditzoinez hasten diren hitz elkarteak batera idazten direla (ikuspuntu, jomuga, ikasliburu…), eta bigarren osagaitzat berba jakin batzuk dituztenak ere lotuta idaztera ohitu gara (atzealde, legealdi, dirubide, mahaiburu, plazagizon, berdegune, bizikide, alkateorde, kalekume, ganaduzale, atezain…)[1]. Hortik gora, zer?

Arrainontzi eta baleontzi batera idatzi behar dira, eta arrantza-ontzi banatuta. Berben luze-laburrak ba ote du eraginik lotuta ala bereiz idazteko? Ez nahitaez, antza.

elur-jausi vs elurbildu (kategoria berdinak eta esanahi bera)
esku-argi vs eskuliburu

Hori ikusita, beharbada tradizioa da batera ala banatuta idazteko irizpidea? Ez nahitaez. Berba berri batzuk lotuta idazten dira, eta tradizio luzeagoko beste batzuk, banatuta:

eskubaloi vs esku-pilota[2]
zikloturismo vs ziklo-kros
etxetresna
vs etxe-abere

Pentsa liteke pare-pareko hitzak berdin idatzi beharko genituzkeela. Baina ez beti:

etxekoandre vs etxeko jaun

Hitzen adierazia edo mamia ote da batera edo bereiz idazteko giltza? Kafesnea nahasketa homogeneoa delako idazten da lotuta, eta arroz-esnea heterogeneoa delako bereizita? Arrautzesnea ez dator hiztegi batuan; zelan idatzi? Homogeneoa denez lotuta, ala Elhuyarri jaramon egin, eta berba bitan idatzi?

Izan ere, hiztegi batuan dagoen saltsaz gainera, beste arazo bat ere badugu: berba asko jaso barik daude. Arrautzesnea gutxitan da albiste, eta tira. Baina dirulaguntzak egunero aipatzen ditugu. Zelan idatzi? Zehazki-k lotuta dakar; Elhuyar eta Labayru-k, marrarekin.

Hori gutxi ez, eta urteotan elementu gehiago batu zaizkigu anabasa orto(tipo)grafikora: ingeleseko mailegu asko eta horiek deklinatzeko zalantzak (iPhonearekin? iPhone-arekin?), berbak mugagabean-edo azpimarratzeko moda tipografikoa (BERTSO EGUNA Urtarrilaren 26an Donostian…) Ez zarete konturatu? Azken moda da, ba.


[1] Euskaltzaindiaren 25. arauan zehazten den zerrenda baino luzetxoagoa da hau. Oro har, horrela jokatzen da izenokin, baina ez beti: gerra-gizon, euri-bide, barra-aldi, natura-gune (Elhuyar).

[2] Beste hizkuntzen eragina da beharbada eskubaloi eta saskibaloi batera idaztea. Baina askok idazten dute eskupelota edo eskupilota.

«Los aitas», «los aitonas», Sofia eta Letizia

Koro Garmendia Iartza

Erkidego berean bi hizkuntza bizi direnean, eta herritarrek biak erabiltzen dituztenean, ezinbestean gertatzen dira alde bietarako hizkuntza-migrazioak. Eta hartu-eman horrek bitxikeria batzuk sortzen ditu. Besteak beste, hizkuntza batek bestearen hitzak maileguan hartu, eta haren logikaz janzten dituenean. Adibide bat jarriko dizuet, eta erraz ulertuko duzue.

«Vamos a comer a casa de los aitas». Zenbat larunbat-igandetan entzuten ote dugun halako esaldia! Ezer arrarorik antzeman al diozue? Ez, agian; hain da normal eta usua. Bideratuko zaituztet, bada: «los aitas». Aita bat baino gehiago? «Los gatos» katu bat baino gehiago izendatzekoa den bezala? Ez, bada. Aita eta ama dira «los aitas». Ildo berekoa dugu «los aitonas»; aitona bi ez, baizik eta aitona eta amona adierazten dituena.

Beharbada, hain arrunt eta eguneroko bihurtu zaizkigunez, gutxik joko du haien desegokitasunari buruzko gogoetara. Ez dakit zehazki non eta nola sortu ziren aldaerak. «Los padres» eta «los abuelos» saihestuta, halako silogismoren bat egingo zuen baten batek: padre = aita; abuelo = aitona. Lixto! Los padres = los aitas; los abuelos = los aitonas. Ez dirudi hain zaila!

Harridura eragiten dit hautu horrek, euskaraz baditugulako hagitz egokiak diren beste bi ordain: gurasoak eta aiton-amonak. Aitortu beharra dago euskarak zentzuzko bidea hartu zuela binomioaren alde egitean, eta hitz bakarrean senide biak izendatzean. Gerora etorri dira, sexuen arteko berdintasunaren izenean, gaztelaniaz «los padres y las madres», «los abuelos y las abuelas», eta halako formulak erabiltzeko beharrak.

Hori guztia hizkuntzen arteko bizikidetzaren ondorioa da. Eta eragina baterakoa zein besterakoa izan daiteke. Hor ditugu, adibidez, zeresana ematen ari diren borboitarrak aipatzeko erabiltzen diren «Espainiako erregeak», «Asturiasko printzeak», eta gainerakoak, errege-erreginak eta printze-printzesak beharko luketenean. Sofiak eta Letiziak ere lekua nahi baitute monarkia xelebre honetan…

Zientzia, lankidetza eta bazkalosteak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Euskara ez omen da orain dela 15.000 bat urte bereizten hasi zen hizkuntza superfamilia euroasiarraren taldekoa, Mark Pagel biologo ebolutiboak zuzendu duen azterketa baten arabera[1]. «Our research suggest that the Basque language is probably older in its origins than this super-family» idatzi zion Mark Pagelek aurreko egunean Atlantiar Nazioarteko Biltzarreko antolatzaileetako bati. Izan ere, zientzialari horrek kognizio modernorako trantsizioaz hitz egiteko asmoa zuen gaur Irunen, baina, bere azken ikerketa horren emaitzak Oppenheimer doktorearen azterketa genetikoekin  bat datozela uste duenez (It migh link in some way to the genetic evidence that Oppenheimer has), mintzagaia aldatu nahiko lukeela esan die antolatzaileei.

Zeren gaur,  Atlantiar proiektuko II. biltzarrean, hainbat ikuspuntutatik begiratuko zaio hizkuntzari Irungo FICOBAn. Mark Pagelen hitzaldiaz gain, BCBLko Kepa Paz-Alonso doktorea hizkuntza ekoizpenaren neurobiologiaz arituko da, eta eboluzio perspektibak eta euskarazko adibideak agindu dizkigu. Peter Bakker hizkuntzalaria, bestalde, ehiztari-biltzaileen hizkuntzez mintzatuko zaigu, eta Stig Eliassonek, azkenik, Danimarkako idazkun erruniko batzuen berri emanen digu, zeinetan, hark darabilen hipotesiaren arabera, euskararen kontaktuaren aztarnak aurki daitezkeen.

Iñaki Segurolak blog honetan esandakoarekin ados nago erabat, bati erakutsi egiten diote zerk harritu behar duen eta zerk ez. Eta bat nator harekin esaten duenean ez dagoela sekula iristerik hizkuntza baten edo hizkuntza familia baten jatorri absoluturaino. Eta, halere, zeinen interesgarriak iruditzen zaizkidan hizkuntz(ar)en jatorriari, eboluzioari eta bilakaerari buruzko ikerlanak! Gauza ederra da harritzea, bestalde. Harrimenak jakin-mina ernetzen digu, ezin erantzun ditugun galderak loratzen burmuinean, eta motibazio suharra izan daiteke are betiereko erantzun biribila lortzerik –segur aski– ez dagoen aztergaiez ikertzen saiatzeko, hala nola hizkuntzen jatorriaz, eta zergatik ez, euskararen beraren jatorriaz. Atlantiar proiektua bera harrimenaren emaitza dugu hein batean: harrimen eta jakin-minez beteriko euskaldun talde batek abiarazi du, harrimen, jakin-minez eta nor bere arloan jakinduriaz beteriko nazioarteko aditu-talde bat elkartzeko asmoz, Bizkaiko Golkoaren inguruko lurraldeetan mendez mende bizi izan diren Homo sapiensen eta bertoko hizkuntz(ar)en historiaz jardun dezaten.

Biltzarraren antolatzaileek, gure lurraldearen iraganari buruzko jakintza hedatzen saiatzearren, bi lankidetza mota sustatu nahi dituzte: batetik, modu batean edo bestean munduko txoko honekin zerikusia duten ikerlanak burutzen dituzten nazioarteko ikertzaileen artekoa; eta, bestetik, nazioarteko ikerlari horien  eta Euskal Herrikoen artekoa.  Eta lankidetza hori burutzeko, elkarlanerako hiru sare irudikatu dituzte: arlo bereko zientzialarien arteko sarea; diziplina ezberdineko zientzialarien artekoa, eta kanpoko eta bertoko zientzialarien artekoa. Sare hirukoitz horrek ikerketa ildo arras oparoak ireki ditzakeela uste dute.

Iazko biltzarrean, esate baterako, Theo Vennemannek hartu zuen parte. Hizkuntzalari horren hipotesia da Europan protoeuskara zabaldu zela azken izotzaldiaren ondotik. Alemaniako toponimia aztertuz frogatu uste du hori, ibaien izenei begira bereziki. Vennemannen hipotesi hori ongi uztartzen omen da Oppenheimer zientzialariaren azterketa genetikoen ondorioekin. Vennemannen lanen emaitzak kolokan jartzen dituztenek euskaran aditua ez izatea leporatzen diote batez ere. Bada, Atlantiar proiektuaren sustatzaileen nahietako bat izanen litzateke Europako toponimia aztertzeko gogotsu egon litezkeen euskal hizkuntzalariak ikerlari alemaniarrarekin harremanetan jartzea, Vennemannek irekitako lan ildo horri behar bezalako segida emateko. Ekimen honen bitartez sor daitezkeen –sortuko diren– elkarlan  interesgarrien adibide bat besterik ez da hori.

Aurreko igandean hizlariei harrera ofiziala egin zitzaien Irunen. Iazko biltzarrean parte hartu zuten guztiek aho batez aitortu zuten beren ikerketetan aurrerakuntza kualitatibo eta kuantitatibo nabarmanenak egin dituztela iaz Euskal Herrian elkar ezagutu zutenez geroztik. Margaret Jodry  Smithsonian Institution erakundeko zientzialariak are gehiago esan zuen: Euskal Herriko egonaldia oso aberasgarria izan zela egun haietan ikertzaileek biltzarreko testuinguru formalaz haratago egin zituzten harremanei esker, hots, esparru informaletan izan zituzten iritzi truke eta hitz aspertu ugari eta emankorrei esker. Zientzia lankidetzan egiteko euskal bide oparo eta atsegin hori Estatu Batuetara eraman nahiko lukeela ere adierazi zuen. Jakina, pentsatu nuen nik hori adituta, bazkalosteak inportanteak dira oso, baita zientziarako ere, horregatik euskaldunok –Pedro Miguel Etxenike EHUko katedradunak eta DIPCeko lehendakariak parte hartzaileei harrera egin zielarik oroitarazi zigun gisara– hiru galdera nagusi izaten ditugu buruan beti: nondik gatozen, nora goazen eta non bazkalduko dugun.

Gaur, beraz, FICOBAra entzule joanen garen 400 bat lagunok erne izan beharko dugu burmuina, zabal begiak eta adi belarriak, zientzia betekada ez da-eta nolanahikoa izanen. Baina, iaz bezala, makurrena ondoren etorriko da: gure adiskideen begirada aspertuak sumatzen ditugunean, lagunarteko bazkalosteak alaitzeko xeheki bezain nahasiki azaltzen dizkiegunean Irunen gaur kaskora parrastan isuriko dizkiguten datu eta kontu jakingarri –eta, zergatik ez, eztabaidagarri– guztiak.


[1]Pagel M, Atkinson QD, Calude AS, eta Meade A (2013): Ultraconserved words point to deep language ancestry across Eurasia.

Bereizkeria

Bego Montorio Uribarren

Gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, badira desberdintasunak, eta aberasgarria da hori; zorionez, askotarikoak gara.

Baina, gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, gainditu beharreko desberdintasun latzak daude.

Aho korapiloa eman dezakeen arren, zentzuzko baieztapenak dira aurreko biak; ni, behintzat, biekin bat nentorke, baldin eta desberdintasun hitzari hiztegi zein corpusetan onartzen zaion esanahi zabal-nahasgarria onartzen badiogu.

Izan ere, nik beste modu batera esango nuke lehen pasarteko bigarren esaldian adierazi nahi dena, baina horren moduko ehunka adibide ikusi ditut hiztegi nahiz corpusetan: desberdintasuna esaten zaio bestelakotasunari, eta desberdintasuna esaten zaio (testu berean, hedabide berean, erakunde berean), halaber, parekotasun ezari, berdintasun ezari.

Duela egun gutxi, itzultzen ari nintzela, esaldi hau agertu zitzaidan: «…son posturas filosóficas críticas e complexas que analizan as relacións de poder e a desigualdade». Bada, lehen automatismoak desberdintasun idaztera bultzatu ninduen, baina, hitza tekleatzen amaitu aurretik, ohartua nintzen ez zela hori, desberdintasun horrek ez zidala balio. Diferentzia, pertsona edo gauza baten eta beste baten arteko aldea, haien arteko antzik eza izendatzeko erabiltzen dut nik desberdintasun hitza; beraz, ezin, aldi berean, guztiz bestelakoa den zerbait adierazteko erabili.

Galegozko esaldi horretarako irtenbide posible batzuk banituen, baina hiztegietan eta corpusetan begiratzen hasi nintzen, zentzu biak –différence/diferencia eta inégalité/desigualdad (falta de equidad)– zein puntutaraino bereizten ziren ikustearren, eta, nire harridurarako, oso gutxitan bereizten dira.

Testuinguruak gauza asko argitzen ditu, jakina, baina, testuinguruak testuinguru, ez al da hobe adierazi nahi duguna argi adieraztea? «Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunei buruzko ikerketa» irakurtzen badugu, zelan jakingo dugu zertaz ari den?; ikertzaileak mediku, antropologo edo soziologoak diren erreparatuta?

Hiztegiek bestela esan arren, nik adiera bakarrerako utzi dut desberdintasun hitza. Ez dakit irtenbide egokiena den, baina bereizketa nahitaez egin beharra dut, itzultzerakoan, idazterakoan eta hitz egiterakoan. Desberdintasuna maite dudala diodanean, denek uler dezaten zer esaten ari naizen.

Gaitzak ez ote du gaitzegirik?

Iñaki Segurola

Aurreneko abisua beranduegi-rekin etorri zait, oraindik orain. Belarriak halako zera bat egin zidan. Beranduegi etortzen da beti edo holatsuko zerbait zen entzundakoa, eta belarriak ezezka bezala egiten zidan. (Belarria gora eta belarria behera nabil aspalditxotik; ni, F. Nietzsche, P. Perurena eta beste ezjakin jakintsu asko bezala, «hiru belarriduna» naiz.) Oso berandu, izugarri berandu eta nahi dena bai, baina beranduegi hori ez zitzaidan sartzen kontestu horretan. Berandu etortzen da beti nahikoa eta gehiegi zela esaten zidan barruko belarri erne horrek; esanez edo galdetuz bezala: «beranduak ez al du berekin beranduegia?». Ez dut inola ere adierazi nahi beranduegi hori ezin erabil litekeenik –eta erabili edo erabiltzen ez denik– inolako kontestutan, ez hurrik eman ere. Bidenabar: beste hizkuntza batzuetan esango nuke aiseago erabiltzen dutela gehiegia kasu honetan: too late, trop tard…, baina nere jakite apurrak sortutako irudipena izan liteke hori, gehiagoko barik.

Eta, bien bitartean, goizegi oso erraz ateratzen zait, eta ia edozein kontestutan erabiltzeko modukoa iruditzen. Zer dago hor?, zer gertatzen da?, zer ezkutatzen da? Ez dakit nola, baina gogoa moralaren barrutira lerratu zitzaidan, hots, on-gaitzetara. Eta hor garbi sentitu nuen, adibidez, ongiegi lasai esan dezakegula, baina, zenbait kontestutan bederen, gaizkiegi ez. Zer moduz dago? galderari ez diogu erantzuten ahal gaizkiegi esanez inolako moduz, baina ongiegi bai, nahi den intentzio bihurri eta guzti, baina bai. Eta txarregi, gaiztoegi edo itsusiegi ere askoz nekezago onesten dizkit belarriak onegi edo ederregi baino. On-gaitzak, morala edo zer martingala dabil hor?

Irudi luke gaitzak bere baitan duela gehiegia edo gutxiegia, eta onak, aldiz, ez. Baina ez naiz batere lasai gelditzen partizio horrekin; errazegia dirudi, xinpleegia, tontoegia. Baina, halaz guztiz ere, egia balitz? Orduan zer? Onean mugak daude (nahiz-eta lausoak), eta haiek iragan ezkero gehiegia da? Eta gaitzean ez da mugarik aintzat hartzen, zeren gaitza bere baitan den gehiegia?

Eta hori dena hizkuntza kontu hutsa da edo ez da? Eta hizkuntza kontu hutsa ez bada, eta munduarekin zerikusia baldin badu, zer diosku gure munduaren gainean? Eta hauxe datorkit gogora: gaitza ezin jasana izango da guretzat, eta hargatik izango da bere baitan gehiegia; «on-gaitzetatik haratago» esan ohi da, eta «on-gaitzen gainetik» eta abar, baina onarekin ez dakit, baina gaitzetik haratago edo gaitzaren gainean ez dakit egon, jarri edo joan gaitezkeen; nahi dugunik ez dakit egin dezakegun gaitzarekin, bere baitan gehiegia egiten zaigun gaitzarekin. Baina… uste dut urrutitxo airatu naizela, eta gauza horiek oso dudakoak direla beren izatez. Adibidez, gauza bat, ezaugarri bat, ez badago garbi ona den edo gaiztoa, edo on-gaitzekin zerikusirik ez baldin badu? Ba, orduan badirudi ez duela lekurik gaurko nere saltsa edo morokil linguistiko-moral honetan. Haundiegia bezain naturalki diogu txikiegia, eta horiek bai geldituko liratekeela, absolutuki harturik behintzat, on-gaitzetatik kanpora, ezta?

Bo, hortxe uzten ditut galderak dantzan.

Nire lehengusina Angela

Asier Larrinaga Larrazabal

Sapir-Whorf hipotesia XX. mendearen lehen erdialdean formulatu zen. Egun, gezurtaturik dago, baina arrastoa utzi du hizkuntza-gaiez interesatzen direnen / garenon «herri-jakintzan», oso ideia sinple gisa: pertsona baten mundu-ikuskera, pertsona horren hizkuntzak baldintzatzen du. Hori egia balitz, elebidunok eskizofrenia moduko batean biziko ginateke.

Nik ez dut gure artean gaitz horren sintomarik igartzen, baina, egiatan, elebidunok modu ezberdinetan esperimenta dezakegu mundua. Piperrek, euskaraz, min ematen digute; gaztelaniaz, azkura, eta ingelesez, beroa.

Susmoa dut, dena dela, halako anekdotetatik harago nekez begira diezaiokegula gauza berari ikuspegi batetik baino gehiagotatik. Zenbakiak datozkit gogora. Euskaldun askok ―Hego Euskal Herrian― gaztelaniaz esaten dituzte zenbakiak, euskal sistema hogeitarra irensten gaitza izango balitzaie bezala. Are gaitzago egiten zaie zenbakiak urteetan edo bestelako modu sinbolikoren batean erabiltzen direnean. Anjel Alkainek eta Iñake Irastortzak parodiatzen dituzten atsuei galdetu beharko genieke, osterantzean, zergatik esaten duten «ETB Uno», eta ez «ETB Bat».

Elebidunok, ikuspegi biren artean aukeratu behar dugunean, hizkuntza minoritarioa irteten da galtzaile. Nik horrela interpretatzen ditut euskarazko ahaide-izenetan igartzen ditudan “anomaliak”.

Ematen du antzina-antzina familiaren ideia nahiko murritza zela, eta famili gunetik kanpokoak izendatzeko oso hitz lausoak erabiltzen zirela, ez sexua, ez ahaidetasun-gradua bereizten ez zutenak: «arbaso», «iloba»… Beharbada, hizkuntza erromantzeen mundu-ikuspegiak ekarri zigun «amona», «koinata», «lehengusu», «birbiloba» eta beste batzuk sortu edo mailegatu beharra. Oraindino ez dira amaitu beharrak: «koinatukide», «izeba txiki»… Labur esanda: egun, euskaraz, erabat sustraiturik dago sexua eta gradua bereiztea ahaidetasun-izenetan.

Nire iritziz, testuinguru horretan zabaldu da mendebaldetik Euskal Herri osora «lehengusina». Ez zait iruditzen «aktoresa», «alkatesa» eta gainerako lanbide-izen sexu-markadunen ildotik joan denik.

Lehengoan, «lehengusina» baturako egoki ote den galdetu zuen Euskadi Irratian entzule batek. Euskaralari batek erantzun zion euskaraz desegoki dela genero-bereizketa egitea. Nik esango nuke desegoki ez, ezinezko dela.

Beste argudio interesgarri batzuk ere erabili zituen euskaralariak: desgrazia bat dela halako inbasioa jasatea euskara batuan, bizkai euskara tradizio eskasekoaren kume marjinal bat baino ez dela… Satan bera hitz bihurtuta!

Bihurkariez

Irantzu Epelde Zendoia

Gauza jakina da euskaraz ez dagoela, berez, izenordain bihurkaririk. Pertsona izenordain indartu baten genitiboa buru izenarekin konbinatuz osatzen ditugu gehienetan bihurkariak, edo hala osatu izan ditugu orain arte behintzat. A grammar of Basque askotan ibili dut eskuen artean azkenaldian, eta, berriro ere parean aplikatu zaidanez, jakin-mina piztu zait, gaiaren inguruan zer ekarriko. Jo dut izenordain bihurkarien atalera, erreferentzia zehatzagoen bila. Adibide hau dator aurrena:

Ispiluan ikusi dugu (*ditugu) geure burua.

Alegia, pluraleko komunztadurarik ez duela onartzen egitura honek aditzean, non eta ez den erabiltzen geure buruak, singularraren ordez. Ados, honaino. Ez da hori, ordea, gaurko sarreran azaldu nahiko nukeen gaia. Beste hau da: Larry Trask-i zor diogu izenordainen azpiatal osoa liburuan. Bere laburrean, zehatza da azpiatala, eta bitasun baten aipamena dakar pasarteetako batean. Honela dio:

Many western speakers use a different reflexive construction, in which the transitive verb is construed intransitively and no reflexive NP is present: Ispiluan ikusi naiz ‘I saw myself in the mirror’. This second construction is not possible with verbs of emotion, like maite *edun ‘love’.[1]

 Aspalditxotik konturatuta nengoen Txingudialdeko haurrek —ondoena ezagutzen dudan alderdia aipatzeagatik— ez dutela -(r)en burua batere erabiltzen, eta goiko bi aukera horietan Ispiluan ikusi naiz-en tankerakoak bakarrik ibiltzen dituztela bihurkarien ordainetan, nahiz gurasoen/aiton-amonen hizkeran hala ez izan. Eta familia euskaldunetako umeez ari naiz. Umeez, eta ez horren umeez. Nik uste many western speakers esatean adin tarte zabala kabitzen dela hor gaur egun, nahiz ondotxo dakidan Euskal Herri barruan toki batzuetatik besteetara alde handia dagoela honetan ere. Adibidez, badakit Urolaldean bestela direla kontuak, eta ez hiztun gazte eta helduetan bakarrik, baita neskakoskorretan eta mutilkoskorretan ere.

Eta mendebalekoak ez diren hiztunekin zer gertatzen da? Eusten ote diote -(r)en burua egiturari? Trask-en pasartean, mendebaleko hiztunei bakarrik egiten zaie erreferentzia, bitasunak Ipar Euskal Herrian tokirik ez balu edo gertatuko ez balitz bezala. Jakin-mina duenarentzat, orain-oraingo datuekin azal dezagun zein den gaur egungo egoera Iparraldean, azaletik bada ere. 2013-02-12ko sarreran aipatu nizuen ahozko corpusa erabiliko dut erakutsi nahi dudanaren oinarri (www.norantz.org), honelako bitasunak eta orokorrean berrikuntzak agerian jartzeko lanabes egokia delakoan. Gure galdetegiko bi galdera bakarrik hartuko ditut adibidetzat, luzeegi joan ez dadin kontua, hain zuzen Trask-en goiko adibideetako bi aditzak kontuan hartuta: maite izan eta ikusi.

Gatozen lehenbizikoarekin.

C32 galdera- Je ne m’aime pas beaucoup.

Orduko hartan kontatu nizuen bezala, Iparraldeko 59 lekukori galdetu genien frantsesezko perpaus horiek euskaraz nola esango lituzketen, eguneroko jardun arruntean. C32a honela euskaratu zuten gure berriemaileek:

  1. 60 urtetik gorakoetan (guztira 15 informatzaile), denetatik denek -(r)en burua egituraren bitartez: Eztut biziki maite ene burua, eta antzekoekin (hitzordena eta hiztegiko edo ahoskerako aldaera txikiren bat gorabehera, tokian tokiko kolorea emanez).
  2. 40-60 urte arteko berriemaileak 12 izan genituen guztira, eta horietatik bik ez beste guztiek erabili zuten -(r)en burua. Hori erabili ez zuten bi lekukoek itzulpen hauek eman zizkiguten:
    • Ez naiz biziki gustatzen (emakume amikuztarra, 54 urtekoa, frantses hutsean eskolatua).
    • Ez naiz ainitz maite (emakume baxenabartarra hau ere, 51 urtekoa, frantsesez eskolatua eta urte askoan Euskal Herritik kanpo bizi izandakoa).
  3. Azkenik, lekuko gazteenekin honela atera ziren kontuak: guztira 32 gazteren datuak bildu genituen (18-35 urte artekoak denak), eta Ez naiz biziki/ainitz/asko maite erantzun zuten horietako 13k, tartean etxe euskaldunetako eta hiru probintzietako lekukoek: Zuberoan, Lakarri eta Santa-Grazikoak; Nafarroa Beherean, Behauze eta Baigorriko bik; Lapurdin, Sara, Milafranga, Azkaine, Kanbo, Hendaia eta Baionako bik. Gainerako 19 gazteek -(r)en burua egitura erabili zuten goiko perpausa euskaratzeko eskatu genienean.

Trask-en goiko aipuan irakurri berri dugu maite izan bezalako aditzekin ez dela erabiltzen forma iragangaitzik, edo ezin dela, baina, alde batetik, badira 10 urte Gramatika argitaratu zela, eta, bestetik, gaurko hiztun arrunten ahozko datuak ikusiz, argi dago gertatu gertatzen dela, eta ez Hegoaldeko hiztunetan bakarrik. Bat-bateko 59 erantzunetatik 15 kasu gehitxo lirateke kontrakoa esateko.

Bigarren galderaren kasuan, oraindik emankorragoa da forma iragangaitza, edo honen aldeko joera:

C33 galdera- Vous vous êtes vu dans ce film?

  1. 60 urtetik gorakoetan, bakarrak erabili zuen: Ikusi zira filma horretan? Gainerakoek, espero genuen bezala, Ikusi duzu zure burua filma hortan? itzuli zuten perpausa, berriz ere hitzordena edota hiztegiko aldaeraren bat gorabehera.
  2. 40-60 urte artekoetan, 3k (lehengo biek eta hirugarren emakume batek) erabili zuten forma iragangaitza, eta 9k -(r)en burua.
  3. Azkenik, 18-35 urte arteko 32 gazteetan, 17 gaztek itzuli zuten Ikusi zira filma hortan?, eta gainerako 15ek -(r)en burua egituraren bidez.

Nabarmentzekoa da azken multzo horretan gehiagok erabili zutela forma iragangaitza, -(r)en burua baino. Berriz ere ohartarazi behar da datuen elizitabide nagusia itzulpena izateak ekar ditzakeen ondorioez, baina, halere, 32tik 17 ez da inola ere hutsaren hurrengoa. Batzuetan, gainera, hiztuna jakitun da kontraste garbia dagoela belarriak entzuten duen horren eta ezpainetatik ateratzen zaionaren artean, ingurumena eta solaskidea nolakoak dituen. Aukera baldin badaukazue, entzun, bestela, JOAI[2] lekuko gaztearen erantzuna, C33ko itzulgaia bota nionean: lotsatuta bezala, parre txikiak ateratzen zitzaizkiola, aitortu zidan etxekoek bestela erabili arren berak Ikusi zira filma hortan? errazago esango lukeela, «itsuskeria» iruditu arren, bere hitzetan esateko.


[1] Hualde, J. I. & Ortiz de Urbina, J. 2003. A grammar of Basque. Mouton de Gruyter: Berlin. 160. or.
[2] Neska garaztarra, 1983an jaioa, familia euskaldunekoa eta 18 urte arte euskaraz eskolatua, murgiltze sisteman.