Semaforo gorri monokromoa

Uxue Rey Gorraiz

Berriki, orain dela urtebete inguru izandako elkarrizketa bat etorri zait burura. Laneko mediku azterketan izan zen. Ni aurrez egin beharrekoak eginda azaldu nintzen kontsultara; pixez betetako flasko bat eskuetan eta lentillarik gabe ―haien ordez, betaurrekoak jarrita―. Aitortzen dut egun horretako oroitzapena dagoeneko ez dudala lehen bezain garden, baina neke aurpegia izanen nuen, seguru.

Sartu nintzen kontsultara, eta, kasik beste deus baino lehen ―gogoan baitut neronek esan behar izan niola erizainari faborez har ziezadala flaskoa ahalik lasterren, ez bainion horretarako batere presarik sumatu―, emakumeak zenbait galdera egin zizkidan. «Zer moduz bizi zaren jakin nahi dut, besterik ez», aurreratu zidan.

Galderetako batzuk aski bitxiak iruditu zitzaizkidan ―droga kontsumoari buruzkoak bereziki, zertan ezkutatu―, edo, behintzat, behin baino gehiagotan iruditu zitzaidan galderak formulatzeko zeukan manerak guztiz baldintzatzen zuela eman nezakeen erantzuna. «Si no fumas, drogas entiendo que tampoco, ¿verdad?», bota zidan lasai asko. Baina, tira, hori beste kontu bat da.

Hemen kontua baita zera galdetu zidala segidan: ea estresik banuen. Duda imintziorik ere egin gabe erantzun nion baietz, munduko gauzarik agerikoena kontatzen ari banitzaio bezala. «Bai? Zenbat?», segitu zuen hark galdezka, jakin-minez. «Tira, ba normala. Estres maila normala», esan nion nik. Haren errematea etorri zen ondotik: «Nola normala? Zuretzat zer da estres maila normala?».

Horretaz oroitzeak grazia egiten dit orain. Izan ere, esanen nuke emakumeak nahiko muturtuta eman zizkidala estresa apaltzeko gomendio batzuk, eta, oker ez banaiz, kontatu nizkion zenbait gauzak harritu ere egin zuten, neurri batean. Igual, gauza bat kontatzea ahaztu nuelako harrituko zen hainbeste? Ez niolako esan euskalduna naizela? Akaso horregatik datorkidalako, partez, ditxosozko estresa?

Dudarik balego, azken hori erdi txantxa da, noski, eta, akaso, analogia bezala ere ez zait nahi bezain fin gelditu azkenerako. Kontua da nolabait nahi nuela pasadizo hori azkenaldian aski interesgarria zaidan gai honekin lotu: hizkuntza estresarekin. Badago euskaldun izan eta estres linguistikorik ez sentitzerik?

Hizkuntza estresa: aurrean duzunarekin euskaraz edo erdaraz egingo duzun erabakitzeak sortzen du tentsioa, ezinegon sentimendua.

Hain zuzen, hori posible ote den da aurtengo Euskaraldiaren karietara han-hemenka ikusi dudan test batek zeharka plazaratzen duen aztergaietako bat. Zehazki, Kalkulatu zure hizkuntza-estresa izena du test horrek, eta, berez, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak sortua da. Zinez interesgarria iruditu zait. Batetik, laguntzen duelako ikusten estres mota hori zer ekintzatan suma daitekeen; bestetik, noski, norberaren jokabideei erreparatzeko aitzakia ematen duelako, eta haietan zuzenketaren bat edo beste egiteko motibazioa biltzeko ere balio duelako, orobat. Hementxe duzue testa eskura; egizue, egizue.

Screenshot

Nik ez ditut nire erantzunak hemen aletuko. Baina bai aitortuko dudala estres maila «ertaina» omen dudala gaur egun. Asko pentsarazi dit.

Izan ere, normala da? Behar du izan? Adibidez, normala da oraindik ez izatea talde batean gaudelarik euskaraz aritzeko aski konfiantza, batek ulertuko ez duelakoan? Edo, bestela: normala da pertsona berarekin ari naizelarik etengabe euskaratik gaztelaniara saltoka-saltoka aritzea hizketan, eta horretara ohitu izana honezkero, edo, are gehiago, nik sorraraztea halako solasaldiak? Normala, batzuetan bai, baina oraindik ere kasuen erdietan baino gehiagotan egitea lehenbiziko hitza erdaraz, bestela zaila zaidalako «ay, perdona» horri hortzen atzean eustea, nahiz eta jakin badakidan ez dela zer barkatu?

Edonola ere, beste behin, galdera mordoarekin baina kasik erantzunik gabe nabil ni. Eta besteren hausnarketetan arakatzea beste erremediorik ez dut izan, ohi denez. Hona ekarri dizkizuet zenbait amu.

Esaterako, hizkuntza estresari buruz ari garen honetan, guztiz argigarriak dira Gemma Sangines Saizen azalpenak. 2016an Lehen hitza euskaratik, semaforo berdera izenburuko artikulua argitaratu zuen Berria egunkarian, eta hor jasoak dira hainbat gako. Besteak beste, semaforoaren analogia baliatuta, Sanginesek dio hizkuntza menderatzaileetan mintzo direnek «semaforoa gorri dagoenean» baizik ez dutela sentitzen oztoporik beren hizkuntzan aritzeko. «Hau da, solaskideak ez diela ulertzen esaten dienean edo bere hizkuntzan hitz egiteko eskatzen dienean. Horretara helduta bakarrik ulertzen dute ezinbestean egin behar dutela zerbait: edo komunikazio-modua aldatu, edo komunikatzeari uko egin». Aldiz, Sanginesen arabera, «hiztun minorizatuek» ―eta euskaldunak kokatzen gaitu talde horretan― oso bestela jokatzen dugu semaforoaren parean. «Berde dagoenean ere baztertzen dugu hizkuntza». Badaezpada, erdaraz, zer gerta ere.

«Besterik gabe onartzen dugu txinatar batek ezin duela euskaraz egin, Gasteizen ezin zaiola inori lehen hitza euskaraz bota, edo alukeria galanta litzatekeela nor-nori-nork iraganean jokatzeko arazoak dituenarentzat euskaraz jarraitzea. Ez dakigu koloreak bereizten. Den-dena ikusten dugu gorri monokromoan. Beraz, hiztun arruntek bezala jokatzea litzateke kontua, onarturik edonor izan litekeela gure hizkuntzaren hiztuna, haren itxura edozein dela ere, eta nekez hitz egiten badu ere ez zaiola batere kaltegarria izango elkarrizketarekin jarraitzea».

Gaiari buruzko beste hainbat gako ere eman izan du sarritan Sanginesek, eta, jakina, ohartarazi du guztia ez dagoela elkarrizketa abiatu beharra duen pertsonaren esku. Hain justu ere, ederki dakigu egoera desatseginak nahi baino gehiagotan sortzen direla halakoetan. Neronek ere nahi baino gehiagotan jaso ditut mespretxu begiradak bueltan, euskaraz aritzeagatik, eta nekagarria da; beti ez da izaten horretarako gogorik.

Hori bai: esperantzarako motibo bila-edo, bilaketa zabalagoa egin dut sarean, eta hara non aurkitu dudan Sangines beraren beste elkarrizketa bat ―Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaratua hau―, titular eder-ederrekoa: «Hizkuntza estresa sendagarria da». Eta, horregatik, erabaki dut datorren urtean, Euskaraldiaren hurrengo edizioan bestela, berriz eginen dudala estres maila neurtzeko test hori. Ea, behintzat, arinagoa den orduan.

Bukatzeko, duda bat, guztia aldrebesteko. Euskaldunok hizkuntza estresa sentitzea ezinen da guztiz txarra izan, ezta? Kateak sentitze hutsa bada, neurri batean, mugitzen ari garen seinale. Eta, gainera, estresak haserrea pizteko ere balio badigu, aprobetxatu dezagun. Ikus gaitzatela amorratuta tarteka.

Hau esanda, uda polita opa dizuet guztiei. Besarkada bana.

Txandrioa litzateke

Uxue Rey Gorraiz

Ahozko hizkera idatzira ekartzeko manerari buruzko gogoeta franko irakurri ditugu azkenaldian han-hemenka. Neronek ezin gusturago leitu ditut, esaterako, Miren Amurizak eta Uxue Alberdik nork bere liburuaren karietara alderdi horri buruz esan dituztenak. Ahozko hizkera imitatzen duen idaztankera jakin bat imitatu du Amurizak Pleibak-en: malguago aritu da lexikoan, baina euskararen jatorrizko egiturak asko zainduta, betiere. Horrela jardunez, eroso sentitu da eleberriko protagonistaren euskara erdarazko adierazpenez busti duenean, adibidez. Eta, hain justu, Alberdik ere antzeko tesia bistaratu du Hetero liburuko zenbait ipuinetan baliatu duen hizkerari buruz galdetu diotenean. Jostatzearen alde azaldu da idazlea, baina ohartaraziz ezin dela nolanahi aritu: «Apurketak eta zikintze ariketak errespetu handiz egin daitezke, edo batere errespeturik gabe. Ni ongi ardazten saiatzen naiz, eta, gero, dantza egiten, eta, ahal badut, zipriztintzen. Eta zipriztina euskañolarena izan daiteke, gipuzkerarena, mendebaldeko euskararena…».

Esplikatzekoa naizen hau ez da gauza bera. Aipatu kasuetan, Amuriza zein Alberdi, biak ari baitira, berez, fikziozko istorio bat idazteari buruz, baina inoiz norbaiti egindako elkarrizketa bat transkribatu eta hura idatzita eman behar izan kasik edonork ulertuko du, aise, ariketa horretan ere izaten dela gisa horretako buruhausterik, dudarik, edo halabeharrez hartu beharreko erabakirik. Behintzat, hori gertatzen da elkarrizketa egiteko arrazoia ez denean formaltasun betekoa, eta eutsi nahi zaionean hizlariaren hizkeraren koloreari, tonuari; nahi bada, baita graziari ere.

Baina, jakina, testuok derrigor behar dute orrazketa, eta nik, hizketan ari denean erdarakadak erreparorik gabe sartu zalea baina aldi berean aski garbizalea den honek, orduan izaten ditut nahi baino zalantza gehiago. Oraindik gogoan dut orain dela pare bat hilabete, disimuluan, egunkarian jambo hitza plazaratzen saiatu nintzenekoa. Iruñerriko musika talde bateko abeslariaren adierazpen batzuen parte zen. Baina jambo-k ez zituen pasatu iragazkiak. Eta, haren ordez, tipo jartzeko eskatu zidaten. Ulertu nuen zuzenketa, baina oraindik ere ez nago guztiz ados ―nahiz eta kexatu ere ez nintzen kexatu―. Jambo-rena «zipriztin» ederra zelakoan nago, Iruñerriko gazte kuadrilla bat trazatzeko eta irudikatzeko elementu polit-polita.

Kontuak kontu, bestelako zerbait gertatu zait berriki, Chill Mafiako kide Julen Goldarazena Flako Fonki-rekin izandako solasaldia paperera ekartzea tokatu zaidanean. Egiari zor, zailegia ere ez da izan, txukun egiten du euskaraz, eta, gainera, sorpresa polit batzuk hartzeko ere balio izan dit ariketak. Horretara dator hau guztia.

Grabagailuak erregistratutako audioa transkribatuta, hau dio Goldarazenak hitzez hitz: «Egiten ditut sekulako txandrioak, bolada batzuetan se me va la olla… eta esango nuke hori gertatzen zaigula guztioi».

Txandrio hitza irakurri ―eta aditu―, eta, zuzenean, zera pentsatu nuen nire kolkorako: «Fijo kanpoan utzi beharko dudala». Bai zera: inozoa ni. Honek bai, pasa zituen iragazkiak. Ondotik, sarean bilaketak egiteari ekin nion, eta hori poza hartu nuena ikusi nuenean bazirela zientoka adibide. Salbuespen bakanetakoa, Euskaltzaindiaren Hiztegian; hor ez dago jasoa. Hortaz, txoko txiki honetatik, jaso beza akademiak hura hiztegian kabiarazteko eskea. Ez esan, faborez, ez dela hitz guapoa ❤

Hiztegian jasotzeko eskea ez da kapritxoa, gainera. Gutako askoren bizitzetan duen tradizioa aski ez balitz, hona hemen txandrio hitzaren bueltako zenbait bitxikeria.

  • Kontsultarako lehenbiziko iturria: Egungo Testuan Corpusa (ETC).

Txandrio hitzaren edo bere aldaeraren baten 78 agerraldi daude jasota. Haietako batzuk izen propioei loturikoak dira; omen, badirelako izenean txandrio daukaten zenbait elkarte, musika talde eta bertso eskola. Edonola ere, adibideen gutxienekoa dira.

78 agerraldietatik, literatur lanei loturikoak dira 25 ―jatorrizko testuetakoak dira 23, eta itzulpenetakoak bi―. Hona hemen zenbait adibide:

Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000
Ustel gertatutako gosariak mokor kakaztua ezarri berria zuen, zorteak azken aldi horretan egin zizkidan txandrio guztien meta gainean.
Mendi-joak, Aingeru Epaltza, Elkar, 2017
Krisi erakutsi nion txandrioa, jakinik ere ez zidala konponbiderik emanen.
Hodei berdeak, Jon Alonso, Susa, 2003
Baina, orokorrean, txandrio bat izan zen.
Zintzoen saldoan, Jon Alonso, Txalaparta, 2012
Bestalde, zuk “aitzakia” deitzen duzu, baina bene-tako txandrioa izan da: “aitzakiaz” beteta utzi dituzue bazterrak.
Deklaratzekorik ez, Beñat Sarasola, Susa, 2019
Gorteko txandrio giroak ere ez dio laguntzen jeneralari; azken porroten ondoren hasiak dira On Carlosen inguruko mingain-leunak, bazter nahasle guztiak -“covachuelistas y acólitos” deitzen die Galdosek-, berriketan, Zumalakarregiren abilezia estrategiko-militarrak zalantzan jartzen, hobe lukeela erregea bera jarriko balitz -Jainkoaren bedeinkapena izaki- […]
Etxeko hautsa, Anjel Lertxundi, Alberdania, 2011
Ez nuen ateraldia kontrolatzen jakin, egina zegoen txandrioa.
Hilabete bat Montalbanorekin, Andrea Camilleri (Fernando Rey), Igela, 2011
Itzuli zirenean ohartu zituan txandrioaz.

Literaturaz apartekoetan ere adibide franko dago. Goenkale telesailaren  Testamentuaren afera atalean aditu liteke hitza ―2013ko maiatzean pantailaratu zuten―, Nekane pertsonaiaren ahotik aterea. Gainera, literaturan ez ezik, Anjel Lertxundik Berria egunkarian argitaratutako iritzi zutabeetan ere erabili du txandrio, behin baino gehiagotan, ―2015eko Damua garaiz-en, adibidez―, eta Maialen Berasategi Catalanen zutabe bat ere bada jasoa ETC-n, horrexegatik:

Berria, 2018-03-29, Sormenaz, ogiaz
Muin-muinean dauzkagu sortzaileak, sortze hutsa beti balitz bezala onuragarria, edo suntsipenaren antonimoa: sormen artistiko, teknologiko eta (zer esanik ez) ekonomikoak sekula ekarri ez baligu bezala mordoilorik edo, are, txandrio alimalekorik.
  • Bigarren kontrastea: Ereduzko Prosa Gaur (EPG) ataria.

Gutxi-asko, aurrez ETC arakatuz ateratako ondorioak berresteko balio izan du kontsultak honek. Haren arabera, txandrio zazpi esalditan azaldu da prentsan, eta lau liburutan literaturan; hain justu ere, Jon Alonsoren eta Migel Angel Mintegiren lan banatan, eta Aingeru Epaltzaren bitan.

Elearen jatorriari dagokionez, Orotariko Euskal Hiztegiko sarrera batean pista gutxi batzuk dira jasota.

txandrio.
“(Sal, R-uzt), jugarreta. Txandrio egin, hacer una jugarreta” A. Cf. VocNav: “Chandrío, estropicio, desaguisado, daño, desgracia […] (Es voz típica de Navarra y de uso general). […] Revoltijo, desbarajuste, desorden (Corella)”.

Eta, sarrera horretan adierazia ez badago ere, jakina da, Nafarroan ez ezik, txandrio tradizio handikoa dela Aragoin; kasu horretan, ch-z idatzita, jakina: chandrío. Horren harira, Aragoiko Maite Moret filologoak emandako azalpen batzuekin egin dut topo arestian, eta, haietan, hark zioen litekeela dela txandrio hitza euskarazko etxeko-andre adieratik eratorria izatea. Edonola ere, zertan katramilatu jatorrian: hiztun askoren eguneroko hizkeraren parte izatea ez al da dagoeneko aski arrazoi akademiak aintzat har dezan? Bide batez, jakin-mina dut: zenbateraino erabiltzen duzue, ahozkoan, Nafarroatik kanpoko euskaldunek?

Jakin-minez irakurtzen dut, aldiro, Euskaltzaindiak sei hilabetean behin egiten dituen eguneraketen zerrenda. Esate baterako, iragan urtarrilean ilusioa sentitu nuen akademiak jasotako 795 forma berrien zerrendan ikusi nituenean ajoarriero, kalderete, lebitatu, sexualizatu eta beste. Baietz nire hitz kutuna bildu hurrengoan! Lasai-lasai biziko gara bestela ere, erabili ere halaxe erabiliko dugu, baina zertan ezkutatu: txandrioa litzateke. Eta listo, aski apologia gaurkoz.

Amorrazio istorio bat

Uxue Rey Gorraiz

Jaiegunak astearen zer egunetan egokitzen diren, eta Iruñean betiere, esana da zubia bainoago akueduktua sortzen dutela abendu hasierako opor egunek. Bereziki halakoetan, kolpez desagertzen dira kazetariontzako deialdiak. Astebetez-edo, apenas izaten da deus agendan: ez prentsaurrekorik, ezta bestelako aurkezpenik ere. Eta, ondotik ere, ez pentsa, kostata jartzen da hiria berriz martxan ―zerbaitengatik da ezaguna esamolde hau: «Lan gutxiago egiten duzu iruindar batek abenduan baino!»―. Edonola ere, itzuli itzultzen da lanerako sasoia, jakina.

Espero bezala, ailegatu zaizu deialdi bat emailera. Egiari zor, ordurako eginak zenituen zenbait kalkulu, eta espero zenezakeen aste horretantxe deituko zutela prentsaurreko horretara. Eta, zertan ezkutatu: espero bezala, mezua erdara hutsez dago idatzia. Kurioski, aipagai duten egitasmoaren izena da euskarazko hitz bakar-bakarra emailean. Nafarroako Gobernuak antolatutako ekimena da.

Heldu da eguna, joan zara prentsaurrekora, puntual, eta pozik agurtu duzu aspaldi ikusi gabea zenuen lankide hura ―irrati kazetaria da bera―. «Nolatan zu hemen?», galdetu diozu harrituta, eta laster batean eman dizu aurreko hilabeteetan izandako aldaketen berri, eta kontatu kulturan arituko dela aurrerantzean, aldi baterako behintzat, zu bezalaxe.

Elkarren ondoan eseri zarete. Ziztuan, hurbildu zaizue eskuetan karpeta bat daukan gizona ―komunikazio arduraduna?―, eta, behin konprobatuta kazetariak zaretela, prentsa ohar bana eman dizue. Segidan, betiko moduan, diagonalean irakurri duzu entregatu berri dizun testua, eta, hara, ohartu zara jaso duzuna gaztelaniazko bertsioa dela. «Euskarazkoa emanen, faborez?», eskatu diozu, atsegin, eta, atseginez, edukazio handiz erantzun dizu hark ezetz. Sentitzen duela baina astirik ez dutela izan euskarazkoa inprimatzeko, baina bidaliko dizula emailez gero. «Ados».

Hasi da prentsaurrekoa. Hiru hizlari dira mikrofonoen parean, eta franko poztu zara erreparatu diozunean ertzetako batean eserita dagoenari. Haren aurpegiera ezaguna egin zaizu, eta oroitu duzu udan egitasmo berberak antolatutako agerraldi hartan zeure atzean izan zela eserita, eta ondotik izan zenuela halako hizketaldi atsegin bat harekin, eta euskaraz egin zenutela biek. Are gehiago: gogoratu duzu harexek nabarmendu zizula egitasmoaren aurtengo aldian partaide gehien-gehienak direla euskaldunak. Eta, pentsa zer inozokeria, baina orduan aski motibo sentitu dituzu zera esateko zeure kolkorako: «Prentsaurrekoa izan daiteke, bada, elebiduna».

«Egun on», ahoskatu ditu lehenbiziko hitzak Nafarroako Gobernuko ordezkariak, euskaraz, eta luze aritu da tartarrean erdaraz gero. Eta, gidalerroren batean idatzia balitz bezala, berdin-berdin egin dute besteek ere. Gaztelania hutsez egin dute agerraldia segidan, oso-osorik, ondotik jakin badugu ere hizlarietako bakarra ez, baizik eta bi direla euskaldunak. Hori gutxi balitz, bertan entzule ziren zenbait herritarri ere eman diete hitza, batera edo bestera badutelako loturarik egitasmoarekin, eta haien ahoetatik ere ez da atera euskarazko hitzik batere. Ohartarazpena: inork pentsa lezake areto hartan apenas zela euskaldunik; eta bazen, bai.

Pasea da kasik ordubete. Berez, prentsaurrekoa bukatu bezain laster egin nahi zenuke alde, lanak aurreratzen hasteko, baina, derrepentean, gogoratu duzu oraindik ondoan duzula irratiko lankidea, formal-formal. Eta, zuk agian ez duzu aparteko premiarik, moldatu zintezke horrela ere, baina nola demontre moldatuko da bera euskarazko hitzik grabatu gabe?

«¿Los periodistas tienen alguna pregunta?». Eta altxatu du eskua lankideak, argitzeko «euskaraz erantzuteko» galdera pare bat nahi liekeela egin. Ez zaituztet gehiegi nekatu nahi, laburbilduko dizuet ordutik aurrera gertatutakoa: hizlariek ederki eman zituzten kazetariak eskatutako esplikazioak, baina, egiari zor, haiek hizketan hasi eta berehala hasi nintzen ni zenbaiten urduritasuna sumatzen. Hona hemen errematea: bigarren galdera egiteko imintzioa egin zuen kazetariak, eta ordura arte ikusia ez nuen gizon bat hurbildu zen gugana ―arduraren bat bazuen―, bizi-bizi, eta hau esan zigun ahapeka ―horrela oroitzen dut behinik behin―: «Aizue, zergatik ez dizkiezue galdera horiek geroxeago egiten, banan-banan haiengana hurbilduta? Ez dakit komeni den orain prentsaurrekoa gehiago luzatzea, jendea zain izatea…».

Esanen nizueke ez nik ez nire lankideak ez genuela gogorik borrokarako. Horregatik eman genuela amore. Baina gauza bat da esandakoari men egitea eta beste bat horrez gain konforme plantak egitea. Horregatik, bai, gizon horrek «agindu» eta berehala bukatu zen ofizialki prentsaurrekoa, ordubeteko gaztelaniazko hizketaldiaren ondotik euskarak ez zezan enbarazurik egin. Baina esan nien, jakina. Esan nien ez zitzaidala normala iruditzen, batetik, gaztelania hutsean aritzea, are euskarazko hedabideetako kazetariak direnean aretoan. Bestalde, esan nien ―ezin izan nion gogoari eutsi― euskarazko prentsa oharrik inprimatzeko astirik ez edukitzea ere ez zitzaidala txukuna iruditzen. Haren erantzuna, hitzez hitz: «Gutxi daramazu ofizio honetan, ezta? Halako asko falta zaizkizu, neska!».

Funtsean, halako amorrazio batek bultzatutako kontakizuna da hau. Eta aitortuko dizuet nik ere badakidala ez dela hau kasu bakarra, eta, are gehiago, gizon horrek gogorarazi gabe ere badakit zientoka aldiz gertatuko zaidala aurrerantzean ere. Gainera, lehendik ere haserretu naiz halakoekin. Hori bai: euskararekiko utzikeriak haserretu egiten nau, baina harrokeriak… horrek sutan jartzen nau. Izatez, joan dira asteak ordutik, eta ez zait kostatzen onartzea biharamunean izan nintzela agerraldi hartan zenetako bati idaztekotan barkamena eskatzeko, akaso une batean zakar aritu nintzelako. Tira, azkenean ez nuen eman pausoa. Metxa laburrekoa naiz, baina haiek piztu zuten sua.

Eta hau guztia zertarako kontatu zuei? Bueno, behintzat bistara izan dadin euskarazko hedabideetako kazetariok izaten ditugun traben adibide bat gehiago. Gainera, hau berdin gertatzen da izan Iruñean, izan Donostian edo izan Bilbon ―badaezpada―.

Eta itzulpengintzari loturik, zer gehiago esan? Bada, kontatuko dizuet, euskarazko prentsa oharrik banatu ez zidatenez gero, eta presak estututa, hala moduzko itzulpen bat egin nuela egun hartan. Eta egunkariko zuzentzaileei esker plazaratu zela artikulua txukun gero. Haien laguntzarik gabe oraindik ere ez nekike Rada ez, baizik eta Arrada dela Nafarroako herriaren euskarazko deitura. Eta berdin Oteizarekin: Oteitza omen.

Best seller-ak (ere) euskaraz?

Uxue Rey Gorraiz

Ukaezina da Twitter guztiz mikaztua dagoela azkenaldian —bueno, barka diezadala Elon Muskek; X dago mikaztua—. Edonola ere, oraindik ere bada eztabaida interesgarriak izateko edo, behintzat, kezkak plazaratzeko eta haiei erantzuten dioten ideiak bistara uzteko tokia. Eta bada, orobat, inspirazio iturri; esaterako, kazetariontzat.

Beñat Sarasolak bota zuen amua, irailaren 27an idatzitako argitalpen batean. Besteak beste, zera zioen: «Sally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jada». Kasualitatez-edo, ni neu Sally Rooney idazle irlandarrari buruzko erreportaje batean murgildua nintzen ordurako, hark kaleratu berri-berria zuen nobela horren aitzakian —hilaren 24an eman zuen—, eta, beraz, astia hartu nuen Sarasolak zioen horretan arakatzeko. Bilaketa laster bat aski izan zitzaidan ikusteko Rooneyren jatorrizko lana kaleratu zen aste berean eman zituztela, adibidez, frantsesezko itzulpena, gaztelaniazkoa eta baita katalanezkoa ere. Eta, egiari zor, une horretan ez nion gaiari denbora gehiagorik eskaini, baina kaskoan gorde nuen ideia, horri buruz galdetzeko beste inori beste inoiz. Horra deformazio profesionala.

Eta ailegatu zen «beste inoiz» zelako momentu hori: urriaren 17an. Nafarroako Editore Independenteen Elkartearen ekimenez, Datorren itzulpengintza izeneko mahai ingurua izan genuen Iruñeko Laban, eta askotariko gaiez mintzatu zitzaizkigun Aitor Blanco, Eider Beobide eta Ainhoa Mendiluze itzultzaileak. Solasaldiaren hondarrean, galdera honi erantzun behar izan zieten hirurek: «Zer nahi zenukete itzuli? Edo, behintzat, zer nahi zenukete ikusi euskarara itzulita?». Aitortuko dugu: galderak bazuen tranpa puntu bat, jendaurreko solasaldia hasi baino lehenago ere aterea baitzen gai hori solasera, eta esanak baitziren Rooneyren eta besteren zenbait kontu. Edonola ere, euskarara zer itzuli beharko litzatekeen galdetuta, Blancok dudarik egin gabe heldu zion idazle irlandarraren, eta, horrenbestez, best seller-en korapiloari.

Galderari erantzuteko, Blancok gogora ekarri zuen Bartzelonan izana zela berriki, eta kontatu zuen bertan ikusi zituela zenbait erakusleiho best seller-ez josiak. «Gehien-gehienetan, katalanezko edizioak ziren nagusi, eta ondoan izaten zuten, gehienez ere, gaztelaniazko aleren bat». Irudi hark harritu egin zuen Blanco, zioenez. «Harritu ninduen hizkuntza gutxitu —nahiz eta ez den horren gutxitua— batera egindako itzulpenak nolako presentzia zuen liburu dendan. Uste dut denok sumatzen dugula horren falta euskaraz». Erakusleiho hark piztutako hausnarketaren ondorioz, Blancok bilaketa egin du Nor da Nor atariko bilatzailean, eta hona datu batzuk: Ken Follet, Camila Läckberg, Isabel Allende eta Dan Brown idazleek ez dute lanik euskarara ekarrita. «Mendebaldeko kulturan, jendeak batez ere horiek irakurtzen ditu, eta euskaraz ez dute aukerarik», zehaztu zuen itzultzaileak.

Bistan da best seller-en gaia ertz ugariko dela, eta zalantzak pizten ditu sarri, askotarikoak. Besteak beste, Ainhoa Mendiluzek adierazi zuen ez duela argi halako lanak diren euskarara ekarri beharko liratekeenak: «Ez dakit horren helburua zein den. Gure kasuan, gaztelaniazkoei irakurleak kentzea? Gehiago saltzea? Gainera, kontzientziarik ezean, uste dut best seller-ak aterata ere kostatuko litzatekeela irakurleak irabaztea, euskaldun guztiak baitira elebidunak».

Irakurketarako hizkuntza hautuari lotuta, askok eta askotan aditu dugu norbait zera esaten: «Euskarazkoa baino, nik nahiago dut jatorrizkoa irakurri». Baina, sarri, «jatorrizko» deitzen dioten hori ez da jatorrizkoa egiaz, ezpada gaztelaniazko itzulpena.

Solasaldia aditzera joan ziren entzuleen artean ere piztu ziren dudak. Esaterako, aipatu zenean jendeak nekez irakurtzen dituela mundu mailako best seller-ak euskaraz —baita horiek euskaratuak direnetan ere—, baten batek iradoki zuen ea hori ez ote den izanen itzulpen batzuk «berandu» ailegatzen direlako. Kontua da, solasaldian bertan ere nabarmendu zenez, euskal argitaletxeek nekez egin ditzaketela zenbait kontu «garaiz». Blancok berak ere esplikatu zuen hori: «Beste gauza bat baita argitaletxe batek noiz duen posible itzulpena ematea, zer indar duen horretarako; horregatik dut duda hau ez ote den utopikoa». Pentsatzekoa baita argitaletxeak nekez ordaintzen ahalko diola nahi bezain ongi itzultzaileari, baldin eta, gainera, hari eskatuko badio denbora epe estu batean egiteko lana. «Eta are zailagoa da jakinik nekez lortuko dutela diru hori merkatuan errekuperatzea».

Euskal literaturaren arazoak euskararen arazoak direla aditu nion Pamielako editore Lander Majuelori, argitaletxearen 40. urteurrenaren karietara. Eta, diot nik, horiei aurre egiteko soluzio sakonagoak beharko ditugula hortaz, mugatzen ez direnak norbanakoari eskatzera irakur dezala, faborez, euskarazko itzulpena. Ordura arte, baina, —nire ezjakintasun totaletik diot hau— zaila behar du zer bide urratu jakiteak. Best seller-en argitalpenak bultzatzeko behar da egin ahalegina? Piszinako literatura delakoa ere beharko da sustatu? Aireportuko literatura? Autolaguntza liburuak? Dudak ditut.

Hasierara itzulita: Beñat Sarasolaren txioa aipatu dut hasieran, eta akaso komeni da osorik bistaratzea argitalpen hori. Izatez, zera baitzioen Sarasolak: «Sally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jada. Zenbat diru da, demagun, urtero 10 literatura nobedade euskaraz espainolerako itzulpenarekin batera argitaratzea? Ez bilduma instituzional batean, ohiko argitaletxeetan Jaurlaritzak gastuak ordainduta». Alegia, galdera bat ere bazekarren Sarasolaren mezuak. Hedoi Etxartek erantzun zion, besteak beste, eta, Eusko Jaurlaritzak best seller-ak itzultzeko argitaratutako laguntza aipatu zuen erantzunean. Komeniko da, beraz, laguntza hori xehe leitzea; ikusteko zein argi eta zein itzal dituen.

P.D.: Bide batez, aukera hau baliatuko dut esateko arestian aipatutako Sally Rooney idazlearen bi lan badirela euskaraz: Alberdaniak Jende normala eman zuen 2020an, Irene Aldasorok itzulita, eta idazle beraren Soldata jauna narrazioa ere badago euskaraz, Leire Vargasek itzulia. Irakurgai dago armiarma.eus atarian.

Biktima eta bekatari

Uxue Rey Gorraiz

«Herdoildu» aditzarekin erantzuten dut nire frantses mailari buruz galdetzen didaten aldiro. Modu egokia eta aski poetikoa iruditzen zait adierazteko ez naizela kasik deusetaz oroitzen.

herdoildu, herdoil/herdoildu, herdoiltzen

1. da/du ad. Herdoilez estali, herdoilak joa gertatu. Burdina, herdoildua egon arren, sutegian goritzen denean, suak jaten dizkio herdoilak. Ezin herdoilduzko metalak. || (Partizipio burutua izenondo gisa). Aingura herdoilduak. Ezpata zahar herdoildu bat.

2. da/du ad. Trebetasuna edo zalutasuna galdu edo galarazi. Alferkeriak gizonak herdoiltzen ditu. Geroztik bere luma ez da herdoildu.

Lehenbiziko adierari heldu, eta irudikatzen dut nire frantsesa herdoilak joa, berdekara kolorekoa tolesetan. Are, gorrixka subjuntiberan eta aditz irregularretan. Lizunak hartua ere bai. Eta hari esanen nioke zera, «leku abandonatuen/ edertasun arraro hori» duela, Anarik esanen liokeen bezala. Ordea, herdoila erromantizatzeari uzteko aski arrazoi bildu ditut azkenaldian. Maialen Berasategik eta Irene Arraratsek «herdoil burokatikoa» kontzeptua parera ekarri didatenetik, are eta gehiago. Izan ere, beste gomendio bat utziko dizuet blog honetan, lagunok: Ezer ez eta festa podcasta.

Aitorturik ez naizela objektiboa, eta halere jakinda honetan ez zaidala arrazoirik falta, lasai asko esan dezaket: aditu ezazue podcastaren lehenbiziko saioa. Izugarri garbi, bizi eta atsegin mintzo dira bi hizlariak hizkuntzaren «herdoil burokratikoaz», antilinguaz, «txosteneraz», egurrezko hizkeraz, «hipertrofia linguistikoaz». Alegia, dotorezia erakutsi nahian-edo, esateko askorik ez dugula disimulatzeko-edo, anbiguo, nahasgarri, sobrako hitz mordoarekin eta zehaztasunik gabe idazteko –edo hitz egiteko– maneraz.

Berasategik eta Arraratsek azalpen sakon eta aldi berean ulerterrazez bete dituzte saioaren 59 minutuak, «kolaborazio» eta guzti. Besteren hitzak ere ekarri baitituzte saiora. Anjel Lertxundik Anti-lingua eta beste ele-mele batzuk zutabean idatzitako hauek, esaterako:

«Errealitatea lanbrotu eta manipulatu nahi duenak higuina die hitz aratzei, esaldi gardenei. Etsai ditu. Antilingua praktikatzen duenak «terrore semantikoa» dio errealitatea zuzen izendatzeari, lanari lan eta esplotazioari esplotazio deitzeari. Gauzen eta gertaeren izaera lausotzen du halakoak; zehaztasuna kamusten du ustezko dotorezia baten izenean; hitzak eta esaldiak luzatzen ditu; burokrazieraz gainezkatzen ditu legeak, diskurtsoak, informazioa; antilinguaren gristasuna barreiatzen du hizkuntzaren zirrikitu ezkutuetaraino ere».

Podcastaren hamargarren minutura iristerako ohartu naiz zenbatetan aritu naizen neroni txosteneran. Zenbatetan egin dudan aditzak gehiegitan nominalizatzeko akatsa, nola tematu naizen modu inpertsonala erabiltzearekin eta esaldiak esajeratuki luzatzearekin. Aitorpen bat: erredakzioan pilotaleku deitzen diogu esaldiak luzatu behar ditugunean erabiltzen ditugun trikimailuei. Zazpi letra baititu frontoi hitzak. Beraz, zergatik ez erabili hamar letrako pilotaleku?

Saioari esker gelditu zait argiago zer neurritan dagoen antilingua itxurakeriarekin lotua, egoarekin. Oihane Zuberoak behin kontatutako zera etorri zait burura: «Esango nuke idazten hasten zarenean, gaztetan, mezu bat transmititu edo irakurlearengana iritsi baino gehiago, erakutsi nahi izaten duzula zenbat dakizun. Idazten dituzu esaldi ponposoak eta inork erabiltzen ez dituen sinonimoak, eta kizkurtzen duzu hizkuntza, nahiz eta orduan ez zaren konturatzen». Dena dela, ez du zertan izan gaztetasunarekin lotua, eta, hain justu, halaxe nabarmendu zidan 60 urteak paseak dituen itzultzaile batek joan den otsailean, WhatsAppez: «Badakizu dinosauroon jarrera beti izaten dela zenbat dakigun erakutsi nahia».

Baina ez nadin ni ere alferrikako luzamenduetan aritu. Saioa aditu bitartean sakelakoan hartutako apunteetako bat utziko dut hemen, eta aski honekin. Ez dut egiten zuei deus deskubritzeko, baina polita da ikustea zer ez nekien eta orain badakidan, podcastari esker. Espezie inbadituen eta espezie inbaditzaileen atalean dago aipatua, zehazki, eta kontua da -ekiko kasu markaren erabilera baten berri izan dudala.

Euskaltzaindiaren hiztegian halaxe dago esplikatua:

Estiloak estilo, izenlagun-erabilera, testua arintzeko baliabide erosoa gertatzen zaie idazle askori izen konkretuekin: arkabuzekiko erasoa, zaldunekiko erasoa, datiboarekiko komunztadura, zain urdinekiko eskua, leiho beltzekiko eraikina, begi urduriekiko mutila…

Herdoil burokratikoaren ideiara itzulita, eta Iñigo Astizek esan bezala, «argi hitz egitea elkartasun ekintza bat da». Eta jendeari kalitatezko edukiak gomendatzea ere elkartasun keinu bat delakoan ekarri dizuet Ezer ez eta festa honaino. Hau da: antilinguaren biktima eta bekatari batek. Ongi izan.

Elebitasunaren aznahiak

Uxue Rey Gorraiz

Berriako kazetari eta nire lagun Iker Tubiak Esti Blanco-Elorrieta elkarrizketatu zuen iragan urteko martxoan. Psikolinguista eta neurozientzietako ikerlaria da hura, eta elebidunen garunak nola funtzionatzen duen ikertzen ari zen orduko hartan –akaso, horretan dabil egun ere–. Aitorpen bat: ni ez naiz batere zientzia zalea, eta hain zuzen horregatik, diagonalean irakurri ohi ditut zientziari buruzko artikulu gehien-gehienak. Tituluak leitu, nabarmendutako entresakei edo galderei behatu eta irudi edo infografiak laster batean ikustearekin aski izaten zait kasik beti. Aukeran, gutxiegitan irakurtzen ditut fundamentuz; pieza bat osorik irakurtzen dudan aldiro madarikatzen baitut aurrekoak leitu ez izana.

Izan ere, hasi nintzen Tubiaren elkarrizketa hura irakurtzen, gainetik hasieran, erne ondotik, eta, hara non, txoratua utzi ninduten esplikaziook –eta bidali nion esteka WhatsAppez amari–. Artikuluan kontatutakoen nahas-mahas bat da sarrera honen parte handiena –lotsagabea halakoa (ni)!–, blog honek irakurgai gomendioak egiteko ere balio duelakoan.

Blanco-Elorrietaren arabera, elebitasunari buruz bada argitu beharreko zerbait: «Garai batean pentsatzen zen hizkuntzak nolabait aparte zeudela maila anatomikoan, elebakarren ikuspuntutik ematen zuelako bi instantzia oso ezberdin zirela. Baina elebidunaren ikuspuntutik, sistemak bestelakoa izan behar du, hizkuntzak etengabe nahasten ditugulako». Hala, ikerlariaren hitzetan, dakizkigun hizkuntza guztien arauketak sistema bakarrean bilduta izanik, unean aukeratzen dugu hitzak ze hizkuntzatan esan, eta, hori horrela, alderdi horri erreparatzeko bereziki interesgarriak omen dira, adibidez, euskañolez osatutako esaldiak: «Esan dit que etorriko naizela». Hori, esaterako, ontzat jotzen du Blanco-Elorrietak, garunari so eginez behintzat. «Esan dit que etorriko da», ez hain ona.

Hizkuntza batean aritzean zerbait beste hizkuntza batean –oharkabean– esaten dugun aldi horietarako ere badu esplikazioa psikolinguistak. «Aktibazioaren neurrian» omen dago gakoa. «Orokorrean, dauzkazun berba denen artean aktibazio handienekoa aukeratzen duzu. (…) Berba batek ez badu transmititzen gura duzun emozioa beste baten moduan, aldatzea dago. Edo ez bazaizu burura etortzen txakur berba, aktibazioa txikiagoa delako, agian perro esango duzu gura gabe».

Bestalde, elkarrizketan bistara gelditzen da elebitasuna eta itzulpena ezin bereizizkoak direla ia. Hona itzulpenari buruzko Tubiaren galdera, eta Blanco-Elorrietaren erantzuna, segidan.

I. Tubia: Itzulpena egitean ezberdin jokatzen du burmuinak?

E. Blanco-Elorrieta: Ez du ezberdin funtzionatzen. Maila kognitiboan, edo linguistikoan, esan dezakezu mekanismo berak erabiltzen direla, baina pentsatu garunean distribuzio probabilistiko bat daukazula. 15 urtegaz ingelesa ikasten hasi den euskaldun baten garuneko hiztegi mentalean, euskarazko berbek askoz bere aktibazio handiagoa izango dute, mila bider entzun baititu. Baina 15 urtegaz AEBetara joan eta ez bada bueltatu, ingelesezko aktibazioa handituz joango da, eta euskararena, jaisten.

Elebakar totalak dira –edo ziren– nire lau aitatxi-amatxiak. Aitaren aitari, Juanitori, kostatu ere egiten zitzaion ulertzea nolatan izan zitekeen norbait umetatik elebidun. Gaztelaniaz egiten zidan berak, eta euskaraz gurasoek, eta sinetsia zegoen ni txiki-txikia izanik ezinezkoa zela bietara ulertzea. «Igual orain hasiko zaizu pixkanaka deus [euskaraz] ulertzen, ezta?», galdetu zion amari nik bi urte-edo izanen nituenean. Euskararen gaineko ezjakintasun erabatekoa ere izanen zen horren atzean. Edonola ere, kostatzen zitzaion posible zela ulertzea, baina ulertu zuen, eta beti ikusi zuen begi onez «ahalik gehien jakitea». Gaztelania ez ezik euskara ere baldin bagenekien, are eta hobeki.

Erriberrikoa zen Juanito. Ez du ikustekorik elebitasunaren aurrean erakutsi zuen harridurarekin, baina seguru naiz harrituko litzatekeela azkenaldian sorterrian gertatzen ari den kontu batekin. Enegarrenez, euskarofoboren batek pintura beltzez estali du herriaren sarrerako karteleko Erriberri, soilik gaztelaniazko Olite bistaratu dadin. A ze aznahia elebitasunak.

I. Tubia: Elebitasuna ona edo txarra den eztabaidagai da oraindik?

E. Blanco-Elorrieta: Eztabaida sekulakoa da. Batez bere asko pasatzen da iragan koloniala daukaten herrialdeetan eta identitate nazional bakarra bultzatzeko interesa dagoenetan (…).

Erriberritik 50 kilometrora, Orkoienen, herriko alkate Alejandro Lopez haserre dago haur euskaldunek «pribilegioak» dituztelako elebidunak izateagatik. «Ludoteka bat dugu euskaraz eta gaztelaniaz, eta euskarakoak bietara joan daitezke, baina gaztelaniakoak gaztelaniazkora soilik joan daitezke; hau da, [euskaldunek] bi aldiz zerbitzu gehiago dituzte. Jada ez gara eskubideez ari: pribilegioez ari gara». Berriz ere: a ze aznahia elebitasunak, betiere euskara bada ekuazioaren barrenean dagoena.

Erortzen zatzaizkit

Uxue Rey Gorraiz

Euskalduntzen hasi berri-berria den lagunaren begietatik ari natzaio euskarari behatzen azkenaldian, tarteka. Hogeita asko urte dituelarik eta aurrez euskara apurrik ere ez zekielarik eman du izena euskaltegian. Ez du falta motibaziorik batere, eta nik, euskaldun zahar baina oraindik gazte honek –adiera horren gaineko eztabaida beste baterako utziko dugu–, atseginez aditzen dizkiot niri inoiz okurritu ez zaizkidan galderak. Balio didate gure hizkuntzaren aukerez konturatzeko. Baita nire dudak begietaratzeko ere, batzuetan.

―Uxue, nola esaten da “encantada de conocerte” euskaraz? Nola da “encantada”? –galdetu zidan lagunak joan den astean.
―Urte askotarako –erantzun nion nik, seguru xamar.
―Bai? Interneten ez da horrela –erantsi zuen hark.

Segituan susmatu nuen zerk eragina zen nahasmendu hura. Elhuyar hiztegi neuronalean “encantada” hitza bilatuz gero, “sorgindua” hitza ageri da ematen duen lehenbiziko sarreran –ez da bakarra, jakina–.

Hori ez da blogaren sarrera honetan plazaratu nahi dudan duda, baina ilusioa egiten dit imajinatzeak laguna “sorgindua” azalduko zela azken egunotan izandako enkontruren batean. Gainera, beste hau nabarmentzeko ere balio du adibideak: zinez uste dut euskarak ez dituela zertan bilatu erdaretan sortutako esamoldeen kalkoak, baina bistan da joera hori normala dela euskalduntze prozesua hasi berria duen batengan.

Horregatik, honakoa galdetu zidan handik gutxira:

―Uxue, eta nola esaten da “me caes bien”?

Eta, orduan bai, etorri zitzaizkidan dudak; kaskoan zirika ditut oraindik. Euskarak baditu esamolde horren baliokideak, jakina, baina, egia esateko, bakar batek ere ez nau asebetetzen. Behintzat, baldin eta kale hizkeran baliatzeko modu baten bila bagabiltza. Kapritxo handiegiak ditut?

Aukera hauek okurritu zaizkit, baina ez naiz guztiz konforme.

a) “Jatorra zara”. Ziztuan etorri zait aukera hori burura, baina deskriptiboegia da nire irudiko. Jakina da gure lagun guztiak ez direla objektiboki “jatorrak”. Nireak ez behintzat.

b) “Gustuko zaitut / atsegin zaitut”. Imajinatzen dut aukera hau balekoa irudituko zaizuela gehien-gehienei, frantsesezko “Je t’aime bien” formularen antzekoa ere bada gainera, baina franko molestatzen nau zentzu sasi-erromantikoan interpretatzeko arriskua izateak. “Gustuko zaitut” esan, eta akaso laster letorke galdera: “Baina gustatu, lagun modura? Edo nola?”. Konplexu kontua izan daiteke, baina tira.

c) “Parte onekoa zara”. Asko estimatzen dudan itzultzaile batek iradoki zidan aukera hori bazegoela, baina, ondotik, elkarrekin egin dugu kontrastea, eta ez zaigu iruditu egokiegia.

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala baitio:

parte oneko
adj. Behar bezalakoa; parte txarrekoa ez dena.
(Ezezko esaldietan).
Erre usain hori ez zen parte onekoa.

=/= parte txarreko
adj. Badaezpadako gauzekin zerikusiren bat duena.
Parte txarreko jendea.

Esandakoa: baztertu egin dugu formula hori, kontua ez delako parean dugun pertsona hori “zintzoa” edo “gaiztoa” den epaitzea.

d) Kausitu aditzaren erabilera. Sekula ez nuen pentsatu gaztelaniazko caer bien aditzaren baliokide izan daitekeenik. Orain arte, esanahi hauen berri baizik ez nuen:

Euskaltzaindiaren hiztegiak hala dio:

kausitu, kausi, kausitzen
1 da/du ad. Aurkitu, ediren. Kausitu du bilatzen zuena. Mina berehala kausitu dit eta berehala sendatu. Han kausituko dugu betiko atsedena. Lo zuten kausitu. Bi nagusien artean kausitzen nintzen. Hor kausitzen da egiazko atsedena.
2 du ad. Ipar. Lortu; (azterketa edo kideko bat) gainditu. Gure elkarteak lehen urratsa egina du kalitate erreferentzia ofizial bat kausitzeko. Gure gazteek kausitu dituzte beren etsaminak.

Baina, sorpresa:

Elhuyar hiztegiak hala dio –Euskaltzaindiak jasotzen dituen esanahiez gainera–:

kausitu, kausi, kausitzen
(…)
3 dio ad. (Ipar.) complacer, agradar, gustar
orori kausitzea lan da: agradar a todos cuesta trabajo

Irakurle, zer formula lehenesten duzue zuek? Edo, are: hemen bildu ez dudan beste zer esamolde gomendatuko zeniokete nire lagunari? Atseginez irakurriko ditut zuen erantzunak.

Aitortuko dut: ez nuen espero blog honetan idatziko nuen lehenbiziko sarrera halako duda bat plazaratzeko baliatuko nuenik, inozente eta lotsati. Ordea, seguru nago aurrerantzean ere izanen dudala aukerarik kazetari baten itzulpen zalantzak esplikatzeko. Edo nabarmentzeko euskarazko kazetariok zenbateraino gauden kondenatuak etenik gabeko itzulpen lanera; onerako eta txarrerako.

Sarri arte.