Mediterraneoa aurkitu eta han surfeatu

Oskar Arana Ibabe

Surfeatzera bidali omen zituen lehengo batean itzal handiko norbaitek garbizaleak, eta, nik, itzultzaile, txakurraren salara edo antzarrak perratzera edo pikutara bidaltzeko erabilitako eufemismoa izan ote zen, neure artean. Hobeto, bai, surfeatzen, txakurraren salan edo antzarak perratzen baino.

Badira hainbat urte atlantiar Arabatik mediterranear Arabara etorri nintzela lanera eta bizitzera ─surfeatzera, esan dezagun, itzal handiko hark bezala, ez inork behartuta edo kondenatuta, bizimoduak ekarrita baizik─ (edo Euskal Herri berdetik Euskal Herri horira, hala nahi izanez gero). Eta garaitsu hartan jakin nuen bazirela gure euskararen mediterranear ahaidearen hainbat eta hainbat aztarna Gasteizen, lekuen eta auzoen izenetan, lehenengo, eta hamaseigarren mendeko italiar batek Gasteizko berri-emaileak erabiliz (antza) egindako hiztegian, geroago.

Gurean ─Aramaion, kalean (ez baserrian), umea nintzela, diktadorea hil berritan─, euskara higatzen hasia zegoen, etxeko sutondoan bertan ere bai. Aita-amek ez zuten ezagutzen zaldia izena (caballue, esaten zuten, bai aitak, kaletarren familiakoa izanik, bai amak, baserritarren familiakoa izanik), ezta bilera (reunixue), erratza (eskobie), leihoa (bentanie), aulkia (sillie), edo gabiraia (kabellerie) ere; horietako batzuk, bilera eta zaldia, esate baterako, geroago ikasi zituzten, ez euren etxeko edo gurasoen euskaratik, seme-alabek ikastolatik ekarrita baizik, edo handik urte batzuetara euskaraz ikasi zuten telebistan eta irratian entzunik.

Bitxia da zein arrotza eta erdalduna iruditzen zitzaidan Gasteiz umea nintzela, medikuarenera edo erosketak egitera etortzen ginenean. Baina gure hiruburua zen Bittoixa, Debagoiendar askorena bezala. Bittoixa erdalduna zen. Bertan bizi ziren senitartekoak ere aspaldi erdaldunduak ziren. Harako bidean aitak beldurtu egiten gintuen, esanez ezen autobidetik ez hain urruti, galsoroetan barrena, Gao Lacho Drom izeneko herri bat zegoela eta han ijitoak bizi zirela. Handik urteetara, hona bizitzera etorrita, ohartu nintzen euskalduna izana zela Gasteiz noizbait, auzoen izenetatik: Zaramaga, Errekaleor, Judimendi, Zumakera, Lakua

Landuchioren hiztegian ere oso higaturik ageri da euskara. Baina gure mediterranear euskara da, Aramaiokoaren oso antzekoa. Eta erdarazko jatorria duten hitz askorekin batera, badira ezagutzea merezi duten hitz, aldaera, adiera, esapide eta itzulinguru asko ere euskararen iturrikoak, haietako batzuk hilak, baita Araba berdeko euskaran ere. Badira orduko hiri-euskararen arrasto asko ere, ziudadeko bizimodua sasoi hartan nolakoa zen irudikatzen lagundu ahal digutenak. Hitzaurre polita egin zion Mitxelenak 1958an, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen argitalpenean, fonetikaz eta filologiaz dexente jakin behar den arren osorik eta xehetasun guztiekin ulertzeko.

Han ageri dira gaizki erdia (abortado), besaka egin (abrazar), argiketan du eguna (aclarar el día), etzin (acostarse), belatza (azor), gobernazioa (administrazioa), administradorea (administrador), alkate txikirra (alcalde menor), eskunarrua (guante), gabiraia (gavilán), zamarginan kalea (pellejería), zapatari kalea (zapatería)…

Ez dugu idazten kalean euskaldunen ahotan sarriegi entzuten dugun euskararen eta erdararen arteko mordoiloa, ezta itzultzen dugunean ere. Denok gara apur bat garbizaleak, alde horretatik. A… eta dilistak jaten zituzten gasteiztarrek, guk gero ikastolaren bidez geureganatutako latindar maileguzko izena daramaten egoskari goxo horiexek.

Hiritar hirigabeak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Lehengoan, Melillako hesiari buruzko berri batean, hauxe entzun nuen gaztelaniazko albistegi batean: “unos cien ciudadanos han conseguido saltar la valla”.

Ziurrenik askok lekuz kanpo ikusiko duzue ciudadanos hori inongo eskubideen jabe ez direnak aipatzeko. Eta euskaraz? Ba euskaraz ere gertatzen dira antzeko lerradurak.

Gizataldeak orokorrean aipatzeko, hiru-lau berba erabiltzen dira nagusiki hedabideetan: herritar, hiritar, bizilagun eta biztanle. Baina ez dira zeharo sinonimoak; bakoitzak bere erabileremua eta ñabardurak ditu.

  • herritar: komunitate edo estatu bateko kidea, batez ere eremu soziopolitikoan (herritarren eskubideak, borondatea, iritzia…).

  • hiritar: hiriko biztanlea. [Zalantzazkoa estatu bateko kideak aipatzeko, alboko hizkuntzek citoyen, ciudadano badarabilte ere.]

  • biztanle: soziologiaren eremuan, biztanleriaren gorabeheretarako erabiltzen da, bai eta “bizi izate” kontzeptuari lotuta ere. [Zalantzazkoa eremu politikoan.]

  • bizilagun: herri, auzo, eskailera edo etxe berean bizi direnak.

Hitzok nongo kontzeptuari lotuta daude beti: nongo herritarrak, nongo biztanleak, etab.

Gentilizioetan, berriz, hitzak berak ematen du erreferente geografikoa: Parisko hiritarra = paristarra; Usurbilgo biztanlea = usurbildarra; Goierriko biztanlea = goierritarra. Baliabide “ekonomikoagoa” da, eta, batzuetan, egokiagoa.

Kontua ez da berbotako bata ere baztertzea, zein non erabili jakitea baino. Hona adibide batzuk, esandakoaren argigarri:

  • Milaka lagunek azken agurra eman diote Luciano Pavarottiri. Hil kapera ireki dutenetik etengabea izan da bizilagunen joan-etorria.

HOBETO: (…) etengabea izan da modenatarren joan-etorria.

  • 1.800.000 biztanlek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

HOBETO: 1.800.000 herritarrek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

  • Gaurtik aurrera, Boliviatik Europara datozen herritarrek bisa berezia beharko dute.

HOBETO: Gaurtik aurrera, Europara datozen boliviarrek (…)

  • Inkestaren arabera, biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

HOBETO: Inkestaren arabera, EAEko biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

  • Uholdeak izandako Erriberako herrietan, herritarrak etxeak garbitzen hasi dira.

NORMALAGOA: Jendea etxeak garbitzen hasi da.

Amatxi

Eneko Bidegain 

Ipar Euskal Herri gero eta erdaldunagoan badira euskarazko hitz batzuk, fosil moduan, frantsesezko kontzeptuekin nahasten dituztenak. Horietarik bat da amatxi. Eta horrela, merkatuetan-eta ikusten ditugu salgai: “la confiture d’amatxi”, “le gateau d’amatxi” eta nahi den elikagai oro… denak amatxiren erara. Behin “amatxiren belarritakoak” ere ikusi nituen salgai. Eta ene baitan egin nuen: gure amatxiak belarritako egiten ibiltzen ote ziren? Nik uste bazutela beste antzara ferratzekorik…

Baina ez da hori ene solasaren muina. Funtsean, amatxi hitz horren gibelean, modu tradizionalean edo eskuz egindako produktuez ari direla adierazten digute.

Ene buruari galdetzen diot komunikazio guztia eta oinarrizko hitza frantsesez baldin bada, zergatik gehitzen dioten euskarazko amatxi hori eta ez zuzenean frantsesezko grand-mère jartzen. Ororen buru, amatxi Ipar Euskal Herriko gehienek uler dezaketen hitza da, euskararen transmisioa eten arren, gaur egungo Ipar Euskal Herriko gehiengoaren gurasoen gurasoak euskaldunak bide direlako edo zirelako. Eta horiek amatxi eta aitatxi dira.

Baina penarekin ikusten dut produktuak merkaturatzen dituzten horiek, garai zaharren nostalgia gisa saltzeko baizik ez dutela erabiltzen euskarazko hitza, are gehiago, zaharrak gogora ekartzen dizkigun hitz bat erabiltzen dutela: amatxi. Euskara zaharren kontu bat balitz bezala.

Aldi berean, euskarazko hitz horrekin, alde afektiboa, haurtzaroko goxotasuna eta horrelako sentimenduak zabaldu nahi dituztela iruditzen zait. Ez da oraingoa jarrera euskaltzalerik izan gabe (ere), euskara alor afektibora mugatzeko joera hori. Baina horrekin gogora datozkit hau erraten dutenak: “euskara etxean, etxetik kanpo frantsesa”. Begi bistakoa da, azkenean, logika horrekin euskara ez dela ez kanpoan ez etxean erabiltzen. Baina amatxi eta holako hitzak erabiltzen dira merkatuaren munduan, kolore pixka bat emateko, hurbiltasun seinale bat erakusteko, berotasun bat. Kontua da, Ipar Euskal Herriko hainbatentzat euskaldun izateko ez dela euskara jakite beharrik, euskal kultura bizirik dagoela eta euskaldun izan gaitezkeela, gure mendiak, itsasoa, dantza, pilota eta amatxi hor dauden bitartean.

Egitez, gehienbat

Iñaki Segurola

Euskara guk dugu, / gu gara euskaldunak kantatu ziguten eta sinetsi egin genuen. Sinetsi egin genuen euskaldun hitzak ‘euskara duena / daukana’ esan nahi zuela; hots, gutako bakoitzak edukitzez geneukala hizkuntza gurea; hizkuntzak eduki egiten direla, eduki egiten dituela gizabanakoak edo gizamordoak. Eta nere galdera da: nolatan irentsi genuen horren aise guk, erdara gutxirekin hazitako umeok, ipuin zentzunbako hori? Ez al zigun deusek azpitik —jakinaren azpitik— “hizkuntza edukitzearen” funsgabekeria edo xelebrekeria sentiarazten?

Esplika ditzadan gauzak ahal bezain garbi: –dun atzizkiak bi zentzu izan ditzake; bada –dun bat edukitzezkoa edo edukitzeko zerekin doana (bizardun, dirudun…), eta bada beste –dun bat egitezkoa edo egiteko zerekin doana, gehienbat aditz-izenekin agertzen dena (jatun, jostun, erostun…), baina ez beti (hiztun); bigarren -dun hau da, dudarik gabe, euskaldun hitzean dagoena eta, beraz, esanahia ez litzateke ‘euskara duena’, baizik-eta ‘euskara(z) egiten duena’.

Euskalduna “euskara duena” dela dioen ipuina, ez dut uste oso aspaldikoa denik. Azkuegan aurki daiteke jadanik, baina, bestelako datuen bila hasi gabe, ez nuke esango askozaz lehenagokoa denik. Baliteke oker egotea, baina zahar-usain haundirik ez diot hartzen ixtorioari.

Euskalduna “euskara duena” dioen ipuina jende askok sinetsi du: ez jende-jendeak, jakina, baina bai, nolazpait esan, publiko informatuak. Bada garaia publiko informatuak gauzak diren bezala konta ditzan behingoz: euskaldun hitzak, sortzez edo jatorriz bederen, ‘euskara(z) egiten duena’ esan nahi du zehazki eta teknikoki, eta besterik ez.

Eta bada garaia jakiteko hizkuntza bat ez dela galtzen honegatik edo hargatik, baizik-eta dakitenek, egin beharrean, eduki egiten dutelako.

———

Toki hau itzultzaileentzat jarria da bereziki, eta ez dut hitzik esan haien lana erraztuko duenik. Hitz batez eta bere esanahiaz jardun dut eta ez hark izenda lezakeenaz, hots, errealitatearekin dituen gorabeherez. Egia jakiteak (“zer da?”) itzultzailearen, soziolinguistaren, politikoaren edo lege-jartzailearen lana nekeztu baizik ez du egiten maiz, zeren zehaztasuna, doitasuna eta holakoak (“zein dira eta zein ez dira?”) ez baitira eskuarki hizkuntza naturalaren berezko tasunak. Tranpa eta gexurra lagun hartzera kondenatuak zaudete… eta gaude.

Magisteritzako tituludunentzako oposaketen datak ikusi ditut Delegaritzan

Alfontso Mujika Etxeberria

Inon ahalegina egin bada euskara normalizatzeko, euskara lan-hizkuntza izateko, irakaskuntzan egin da. Duela 25-30 urteko egoerari erreparatzea besterik ez dago: makina bat irakasle erdaldun euskaldundu dira, eta makina bat irakasle euskaldun (zahar eta berri) euskaraz irakasteko trebatu dira maila guztietan, eskolaurretik unibertsitateraino. Ikasmaterialen arloan ere, beste hainbeste. Erreparatu, bestela, orain 25 bat urteko eskola-liburuei: argi dago hizkuntzaren estandarizazioak bide oparoa egin duela bitarte horretan.

Eta Hezkuntza Administrazioa bera ere, beste arlo batzuetako administrazioen aldean, euskaldunena dugu, batez ere EAEn. Badira 20 bat urte —Etxenike hezkuntza-sailburua zela— hasi zirela agertzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian honelako oharrak Hezkuntza Sailaren agindu, ebazpen eta gisakoetan: “Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik euskarazkoa hartuko da korapiloa askatzeko gidari”.

Hezkuntza-administrazioa euskaldunena izanik, maisu-maistra gehienak euskaldunak izanik eta ohiko lan-hizkuntza euskara izanik, maisu-maistren kolektiboak egina du bere jargoia, bere “teknolektotxoa”: irakasle gehienek magisteritza-eskola (eta ez  irakasle-eskola —edo magisterio-eskola behintzat—), oposaketa (eta ez oposizioa) eta delegaritza (Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritza adierazteko) hitzak erabiltzen dituzte. Begiratu, bestela, Google lagun hartuta: sindikatuen testuetan ageri dira hitz horiek behin eta berriro, hau da, benetako hizkuntza da, arlo horretako profesionalen artean erabiltzen diren benetako hitzak dira.

Hitz horiek baliatzen dituen maisu edo maistrari azaltzen badiozu magisteritza eta delegaritza hibrido gaiztoak direla (magisteri eta delegari ez baitira existitzen), testu ofizialetan ez direla erabiltzen eta Hiztegi Batuak berariaz baztertzen dituela, eta oposaketa hitza ere ez dugula behar (Hiztegi Batuak oposizio dakar, eta oposatu ez da sarrera), gehienetan ez dizute kontra egiten, ulertu egiten dute, baina…

Azkenik, EHUren webgune ofizialean eta Euskaltzaindiaren Plazaberri aldizkarian ere Magisteritza irakurtzen duzunean, zalantza pizten zaizu barren-barrenean —nekeza baita, oso, lasterrari atergabe kontra egitea—, eta erlaxatzeko gogo goxo batek biltzen zaitu, belarrira xuxurlaka: “Eta zer? Gaitz erdi hori balitz maisu-maistren —eta gainerakoon— hizkuntza-gaitz bakarra, ezta?”.

Hizketa-komunitate bat osatu nahi ote dugun?

Julia Marin Arteaga

Ezer baino lehen, zorionak 31 eskutik proiektua diseinatu duzuenoi, eta eskerrik asko kezkak eta aurkikuntzak konpartitzeko aukera emateagatik. Egingo ahal dugu bide oparoa auzolanean!

Atsegin handiz irakurri dut Asier Larrinagaren urriaren 18ko hausnarketa interesgarria. Haren gonbitak gogorarazi dit Anjel Lertxundik 1999an Egunkarian plazaratu zuen artikulua: Jar gaitezen. Hona zati bat.

Honela laburbilduko nuke nik arazoaren muina: lehendabizi, eztabaidatzen ez diren bidean bideko hutsune eta arazo larriak. Segidan, eztabaida faltak eragozten dituen etorkizunerako proiektu garbiak. Eta horren guztiaren erdian —edo gainean, eguzkitik babesten gaituen baina eguzkia kentzen digun palio gisa—, euskararen inguruko sakralizazioak eraiki duen totemaren itzal luzea, akritizismoaren tabu-sistema osoa hedaturik euskalgintzaren bazter ezkutuetaraino.

Jar gaitezen, bada. Har dezagun larritasunik eta erresuminik gabeko jarrera eraginkorra eta, serio baina patxadaz, has gaitezen hausnarketan. Hitz egin dezagun ditugun kezkez eta nabarmentzen ditugun hutsuneez. Baita frustrazioez ere. Bidera ditzagun ilusioak, kemenak, proiekzioak, perspektibak. Har dezagun etorkizuna aztergai.

Nire aletxoa.

Gogora datorkit oraintxe Donostiako ikastola batean andereño dabilen ondarrutar bat. Mantso hitz egiten du, apal samar, buruan bailebilen etengabe, zuhur, hitz egokien bila. Ikusita nago haren metamorfosia tabernaz taberna genbiltzan batean amak telefonoz deitu zionean: arin-arin ez zen ba hasi berbetan. Hura etorria eta bizitasuna!

Ezagutzen dut euskaltegi irakasle mordoxka bat, herri txikietan sortutako euskaldun peto-petoak, beti euskara batu aseptiko uniforme bera ahoan dutela ibiltzen direnak Gasteiz aldean, berdin dio lagun-giroan dauden, edo irakasle batzar batean, edo eskola ematen ikasleei, edo txango batean.

Uda honetan, Idazkuntza tailer bat egiten jardun dugu, eta ikusita taldean bazirela bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak, saioetako batean proposatu nien txikitako pasadizo bat kontatzeko idatziz, baina nork bere euskalkiaren arrastoak utziz, eta erabakitzeko, testuari eman nahi zioten tonuaren arabera, nola komeni zitzaien idaztea, batuan euskalki-ukitutxo bat emanez, euskalki estandarrean edo maila informalago batean. Haiek izerdiak!

“Terapia” saio bat egiten amaitu genuen. Jabetu ziren ez zituztela bereizten batu-batua, batua ukitu jakin batekin, euskalki estandarra, tokian tokiko hizkera formalak eta informalak. Batzuk mindu eta dena egin ziren: etxeko hizkera etxerako da, eta etxekoekin egoteko, emozioen inplikazioa dagoenerako alegia, eta etxetik kanpo ibiltzeko, batua. Biluzik sentitzen omen dira etxeko hizkera Gasteiz hirian erabilita.

Bi adibide horiek ematen dute zer pentsatua… Orduan, zer da kontua? Etxetik kanpo inplikaziorik gabeko hizkuntza hotza erabiltzea eta etxe barrurako gordetzea bihotzetik ateratzen zaigun hizkera naturala eta samurra? Arima etxekoekin utzi beharra daukagu hizketa-komunitatea osatzeko? Ezin dira uztartu biak? Hortxe dago, nire ustez, gakoa.

Debate honetan sakontzeko gogoa daukanarentzat, bada artikulu eder bat, Leire Narbaiza Arizmendik plazaratua, 2012ko abuztuaren 30ean, Berria egunkarian, Euskalkia izenburua duena.

Eta goseak amorratzen dagoenak azaroaren lehen astean izango du aukera paregabea gogoetan segitzeko. Izan ere, gai hauxe hartu du ardaztzat Mintzolak aurtengo Ahoa Bete Hots jardunaldiak antolatzeko: Euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan.

Itzultzailearen dilema

Bego Montorio Uribarren

Hor ari da lanean, tak-tak-tak, eta, halako batean, euskaraz nola eman ez dakien hitz bat. Bakarra balitz!, diotso irribarrez bere buruari. Sagua askatu gabe, ohiko lagunengana jo du, hiztegiengana. Joan-etorri batzuk egin ditu Euskalbarretik, mahai gainean dituen paperezko liburukote batzuk ere begiztatu ditu, eta, azkenean, topatu egin du: barban. Horixe da hitza, erdarazko testuan dagoenaren ordain egokia!

Bere ezjakinaren handia amiñi bat murriztu duelako pozik dago itzultzaile gajoa: beste hitz bat ikasi du, eta, lehenagotik ezagutzen ez dituen hitzekin egin ohi duen moduan, egiaztapen bila joan da. Orotarikoak badakar; ondo. Eta Ereduzko Prosak? Alerik ez hor. Ummmm, muturra okertu du une batez. Tira, ea besteek zer dioten…

Hiztegi eta corpus bakan batzuetan baino ez duelako topatu zapuzten hasita, itzulgaira bueltatu da gure itzultzaile koitadua, pasartea konponduko liokeen hitz berarentzat berri hori erabiltzeko asmotan oraindik ere. Erdarazko esaldia berriro irakurri, atzamarrak teklatu gainean idazteko prest, eta… hortxe geratu da, geldi, buruan hamaika deabrutxo beste hamaika aingerutxoren kontra borrokan dituela: DBHko ikastetxeetan banatzeko testua da, inork ez du ulertuko! Eta nola aberastuko dute hiztegia, inon berba berririk irakurtzen ez badute?! Euskarazkoa ulertzen kostatuko zaiela sumatu orduko, erdarazkora joko dute, ele bietan banatuko zieten eta! Orduan, zer, “ile” jartzea da irtenbidea?, eta kontura daitezela eurak noiz ari den burukoaz eta noiz beso-zangokoez? Eta biak bereizi behar direnean, zer, santa perifrasi maitea?…

Dilema horretan murgildurik utzi dut, arre edo so egin duen jakin gabe. Seguruen, frustrazio puntu batez sakatuko zuen “bidali” laukitxoa, itzulpena emateko epea amaitzen zen minutu berean, oraindik ere irtenbide egokiena zein zen erabaki ezinik.

Ibinagabeitiak Zaitegiz

Iñigo Roque Eguzkitza

Aurrenik, ezin hasi EIZIEri nire esker ona agertu gabe honako gonbita egiteagatik. Uste izatekoa da gai ugari landuko direla plaza honetan, betiere hizkuntzari lotuak. Hala, nolabait nire berbakizunak mugatu behar, eta itzulpengintzaz euskal testuetan eginiko gogoetak ekarriko dizkizuet hona, kronologiarik edo bestelako hurrenkerarik gorde gabe.

Gaur, hasteko, Andima Ibinagabeitiak Jokin Zaitegiren lanaz idatzitako artikulu bat dakarkizuet («Zaitegi´ren idaztiei buruz», Euzko gogoa, 1952ko otsaila). Biak itzultzaile gailenak izan dira gure historia ttikian, eta nekez aurki liteke gerra osteko itzultzaileen artean haiena baino iritzi jantziagorik.

Menperatu-izkuntza geyenak itzulpenetan izan dute geroko loraldiaren oñarria. Mintzairarik asko begitan yarriko nizkizueke, bainan aski duzute Tauer’tar Norberta, euskeltzale azkarrak, EUZKO DEYA’n (276 grn. zenbakian) txekoeratzaz idatzi dunari begi-ukaldi bat ematea.

Ortarako, ordea, idazleak, bere erri-izkuntza eta erdel-izkuntza zain-zainetik ezagutu bear ditu. Lenen, euskeraz yabetu bear du! Gure artean argitara diran idazlan guziak sakonki ta maiteki irakurri, erri-esakera ta gogoa aspertugabe aztertu. Ez bakarrik nork bere izkelgiri muxiñik egin! Ori bizkaieraz zegok, utikan! Alper zurien apuko geldok dituzu oriek, beñola, Larramendik erruki gabe astindu zitun ayen lankideenak. Batasuna iristen ez dugun bitartean, ezin dezakegu euskeltzaleak euskerazko lanik arbuyatu.

Testua aski adierazgarria da bere horretan, baina, badaezpada ere, egin ditzagun zenbait iruzkin.

Lehenbiziko paragrafoa aski argia da: itzulpengintza euskarari arnasa emateko tresna bat da; ikuspegi politikotik ere (edo politika kulturalarenetik), erants genezake (ez dezagun ahatz biak ala biak, Zaitegi eta Ibinagabeitia, erbestean zeudela gerra galduz geroztik).

Azken paragrafoan, ordea, gaur oraindik ohargarri diren zenbait aholku ematen dizkio Ibinagabeitiak  itzultzailegaiari: lehenik, euskaraz ondo ikasi, euskal literatura irakurriz eta herriaren ahotik edanez; bigarrenik, txokokeriei lekurik ez egin, eta norberaren euskaratik harago begiratu eta bilatu (hizkuntzaren batasuna amets).

Grafia gorabehera, ez dut uste gaur egun gehienok urrun gabiltzanik elantxobetarraren burubideetatik.