Hizkuntzaren irakaskuntzaren ardura partekatua

Amaia Lersundi Pรฉrez

Nire lehenengo sarreran aipatu nuen hizkuntza-mailak eragin nabarmena duela ikaste-prozesuaren kalitatean; hau da, hizkuntzaren erabilera egokia funtsezkoa dela ikasleen garapen akademikorako. Garrantzitsua da aitortzea hizkuntza ez dela soilik ikasgelako komunikazio-tresna bat, baizik eta ezagutzak eskuratzeko, esanahiak eraikitzeko eta ikasgelan aktiboki parte hartzeko bitarteko bat ere badela.

Gaur egungo eskoletan ohikoa da ikasleek kultura- eta hizkuntza-testuinguru desberdinak izatea, eta gela berean hizkuntza-maila eta hizkuntzekiko jarrera oso desberdinak dituzten ikasleak elkartzea. Errealitate horren aurrean, ikasleei hizkuntza garatzen laguntzeko, irakasleak ikasleek izan ditzaketen hizkuntza-oztopoez eta zailtasunez jabetu behar dira. Bestela esanda, irakasleak gai izan behar dira ikasleen behar eta gabezia linguistikoak identifikatzeko, eta estrategiak eskaini behar dituzte ikasleen beharretara egokitzeko eta jarreretan modu positiboan eragiteko.

Ikasleen lehen hizkuntzak ikasgelan sartzea estrategia baliotsua izan daiteke euskara ikasteko eta beste hizkuntzekiko jarrera positiboak sustatzeko. Hona hemen irakasleek erabil ditzaketen zenbait estrategia: ikasleen lehen hizkuntzak balioestea, itzulpen-ariketak proposatzea, baliabide elebidunak erabiltzea, ikasgelako hizkuntza-aniztasuna kontuan hartzen duten jarduerak integratzea… Ekintza horien helburua ikasgelan hizkuntza-aniztasuna errespetatu eta kontuan hartuko duen ingurune bat sortzea da. Ikasleen etxeko hizkuntzak gelan txertatzean, ikasleek beste hizkuntzekiko jarrera positiboa garatzen, kulturen arteko ulermena sustatzen eta hizkuntzak ikasteko esperientzia orokorra hobetzen lagundu dezakete.

Hala ere, estrategia horiek tresna baliagarriak izan daitezke hizkuntza ikasteko beste metodo batzuekin uztartzen badira; eta horretarako beharrezkoa da irakasleek estrategiak modu kontzientean erabiltzea. Irakasle guztiek, irakasten duten maila edo irakasgaia edozein delarik ere, kontziente izan behar dute, batetik, hizkuntzak jakintza-arloetan duen rolaz, eta bestetik, beren erantzukizuna ere badela ikasleek hizkuntza- eta komunikazio-gaitasuna garatzea. Kontzientzia izateak esan nahi du irakasleek hizkuntzaren funtzionamenduari buruzko ezagutza (ahalik eta sakonena) izatea, alderdi gramatikalak, semantikoak, pragmatikoak eta soziolinguistikoak barne, eta horiek modu esplizituan lantzea. Modu horretan, irakasleak ikasleei hizkuntza-trebetasunak garatzen eta hainbat testuingurutan hizkuntza modu eraginkorrean eta kontzientean erabiltzen irakatsiko die.

Ikasleen hizkuntza-maila edozein dela ere, garrantzitsua da irakasleek ikasleen parte-hartzea sustatzea gelan. Ikasle eta irakasleen arteko elkarrekintza beste gako nagusi bat da hizkuntzaren garapen-prozesuan. Elkarrekintzaren bidez, ideiak trukatzen dira, esanahia eraikitzen da eta, ondorioz, hizkuntza-trebetasunak garatzen dira. Ikasleak ez badira eroso eta motibatuta sentitzen, zaila egingo zaie hizkuntza-jardueretan aktiboki parte hartzea. Horregatik, irakasleek testuinguru atsegina eta erosoa sortzeko ardura dute, ikasleek hizkuntza erabil dezaten eta poliki-poliki gelako berbaldiaren protagonistak bihurtu daitezen. Dagoeneko iritsi gara ekainera, eta, udaberriaren amaierarekin batera, ikasturte amaiera ere gerturatzen ari da. Irailean ikasturte berria hasi arte, gazte askok ez dute euskara erabiliko. Hizkuntzak ikasi dituen edonork badaki zenbat kostatzen den hizkuntza bat ikastea, eta zeinen azkar ahazten den! Beraz, aprobetxatu dezagun udako oporraldia, gazteak epaitu gabe, haiekin hitz egiteko, komunikatzeko, galdetzeko, hausnartzeko eta motibatzeko!

Hodor

Ane Garcia Lopez

[Game of Thrones ikusteko asmorik baduzu, oso berandu zabiltza, baina, tira, jakin ezazu spoilerrez beteta dagoela artikulu hau.]

Izenburua ikusi eta berehala zertaz hitz egingo dudan identifikatu ez duzuenontzat sarreratxoa: Game of Thrones telesail entzutetsuko pertsonaia bat da Hodor, Stark familiaren eta batez ere Bran elbarriaren laguntzaile fidela. Gizon handi eta maitagarria da, baina ez oso adimentsua. Telesailaren lehenengo 6 denboraldietan, pertsonaiak gauza bakarra esaten du besteekin komunikatzeko, eta hortik datorkio izena: โ€œHodorโ€. Seigarren denboraldira arte, ikus-entzule eta itzultzaile inuzenteok pentsatu genuen izen bat besterik ez zela hura. Orduan heldu zen, ordea, munduko ikus-entzunezko hainbat eta hainbat itzultzaile traumak jota utzi zituen kapitulu madarikatua.

Hainbat eta hainbat arrazoi tarteko, Bran salbatzeko ate bati eutsi behar dio Hodorrek. Branek gogamenarekin denboran atzera egiteko gaitasuna du, eta momentu horretan, Hodorrek ate horri eutsi behar dion unean, denboran atzera egin eta Hodor gaztearen baitan sartzen da (bai, oso konplikatua da dena) eta zera agintzen dio: โ€œhold the doorโ€. Iraganeko Hodor gazteak atake antzeko bat edukitzen du, esaldi hori etengabe errepikatzen duen artean (โ€œhold the door, hold the doorโ€ฆโ€), eta atakea lasaitu ahala, esaldi hori itxuraldatu egiten du โ€œhold door, hol door, hodorโ€ bihurtu arte.

Hori bai atakea, itzultzaileei eman ziena. Izan ere, itzultzaileek ezin zituzten aurreko 6 denboraldiak aldatu, beraz bi erronka zituzten: fonetikoki โ€œHodorโ€ izena emaitzatzat izan zezakeen esaldi bat aurkitzea + egoera horretan Hodorrek egin behar zuen hori, bere bizitzari esanahia eman zion egitekoa (ate horri eustea, hildakoek Bran akaba ez zezaten) adieraztea.

Hona hemen hainbat hizkuntzatan aurkitu zuten konponbidea (eskerrik asko, Internet). Bideoan ikus dezakezue hainbat hizkuntzatan: https://www.youtube.com/watch?v=bvs_-I8lrgU&t=145s

  • Frantsesez: โ€œQu’ils n’aillent pas au-dehors! Pas au-dehorsโ€ (Ez utzi kanpora joatenโ€ฆ Kanpora ez!)
  • Italieraz: โ€œBlocca la porta, trova un modoโ€ (Itxi atea, aurkitu ezazu modua)
  • Gaztelaniaz: โ€œaguanta el portรณnโ€ (eutsi ateari)
  • Portugesez: โ€œSegure a portaโ€ (eutsi ateari)
  • Errumanieraz: โ€œศ›ine uศ™a!โ€ (eutsi ateari)
  • Japonieraz: โ€œBoku daโ€ (Ateari eutsiko diot)
  • Alemanieraz: โ€œHalt das Tor!โ€ (eutsi ateari)
  • Nederlanderaz: โ€œHoud de deur!โ€ (eutsi ateari)
  • Danieraz: โ€œHold dรธren!โ€ (eutsi ateari)
  • Turkieraz: โ€œOrada dur!โ€ (gelditu hor)

Lehen begiratuan ikus daitekeenez, ingelesaren ahaide diren hizkuntzek (nederlandera, daniera, alemana) erraztasuna izan zuten bai fonetika eta bai esanahia gordetzeko. Beste hizkuntza-familia batzuetakoek, ordea, lanak izan zituzten katramila horretatik erdi-bizirik ateratzeko, eta ahal zutena egin zuten.

Bi joera bereiz ditzakegu: alde batetik, frantsesak eta italierak bakean utzi zuten atea, eta fonetikaren alde egin zuten. Tentsiozko testuinguru horretan esandako beste esaldi zatiei heldu zieten eta horiexek jarri zituzten Hodor gaixoaren ahotan, bere izena sortzeko. Bestalde, portugesa, gaztelania eta errumaniera atearekin tematu ziren eta fonetikoki askoz ere traketsagoak diren esaldi eta trantsizioak esanarazi zizkioten Hodorri. Aztertzeke daukat ea tradizio eta joera kultural konkretuen barruan gertatu ote ziren itzulpen horiek edo ez. Hodorren gaiak sona izan zuen kapitulu hori plazaratu zenean, eta hainbat memeren iturri ere izan ziren itzultzaileak horren harira. Nik pena itzela dut, euskara ez dagoelako Hodor nola edo hala itzuli behar izan zuten hizkuntzen zerrenda horretan, pantailak euskaraz edukitzea zailagoa delako, Hodor euskaratzea baino; izan ere, hamaika aukera ditugu gurean: โ€œheldu gogorโ€, โ€œgeldi horโ€, โ€œeutsi gogorโ€โ€ฆ

Nominalizazioaren ekologia

Igone Zabala Unzalu

Hasiera-hasieratik aitortuko dut izenburua Rochelle Lieber morfologo ospetsuari kopiatu diodala. Izan ere, oso erakargarria egin zitzaidan 2016an argitaratu zuen liburuaren izenburua (English Nouns. The Ecology of Nominalization[1]), eta are erakargarriago liburuaren aurkezpena:

ยซUsing extensive data from the Corpus of Contemporary American English, this groundbreaking book shows that the syntactic patterns in which English nominalizations can be found and the range of possible readings they can express are very different from what has been claimed in past theoretical treatment and, therefore, that previous treatments cannot be correct. Lieber argues that the relationship between form and meaning in the nominalization processes of English is virtually never one-to-one, but rather forms a complex web that can be likened to a derivational ecosystem. Using the Lexical Semantic Framework (LSF), she develops an analysis that captures the interrelatedness and context dependence of nominal readings and suggests that the key to the behavior of nominalizations is that their underlying semantic representations are underspecified in specific ways and that their ultimate interpretation must be fixed in context using processes available within LSF.ยป

Lieber-ek zalantzan jartzen ditu morfologia lexikoan tradizionalki erabilitako eratorpen-paradigmak, forma morfologikoak eta eratorrien esanahiak lotzen dituztenak. Morfologia lexikoaren oinarria den eratorpen-paradigmaren arabera, ohikoena dateke formen eta esanahien arteko harremana biunibokoa izatea, eta oso ezohikoa dateke hainbat forma egotea esanahi bakarrerako edota hainbat esanahi egotea forma bakarrerako. CCAE corpusean oinarritutako ikerketetatik abiatuta, ondorioztatzen du horren urrun dagoela formaren eta interpretazioaren arteko harremana aurreikusi bezalakoa izatetik, ezen eratorpen-paradigmaren kontzeptua bera zalantzan jarri behar baita. Hartara, formaren eta esanahiaren arteko harremana konplexua denez, nominalizazioa eratorpen-ekosistema modura irudikatzea proposatzen du.

Ekosistemaren metaforan, tipo morfologikoak (askotariko atzizkiak, ร˜ atzizkia edo bihurketa) bizidunen antzekoak lirateke eta, esanahiak (egilea, kokapena), aldiz, habitat edo txoko ekologikoen antzekoak. Ildo horretatik, atzizki bakoitzak txoko semantiko bat edo gehiago bete lezake, eta zenbait tipo morfologiko bizi litezke batera zenbait txoko semantikotan. Zenbait txoko semantikok oso populazio murritza izango lukete, eta atzizki bakarrak edo tipo morfologiko batek ere ez luke emango txoko horren esanahia. Edozein kasutan ere, ekosistemak betetzen dituzten bizidunak bezala, tipo morfologikoak ere elkarrekiko menpekotasuna duten sistema konplexutzat hartu beharko lirateke.

Eratorpen-ekosistema hori irudikatzeko, CCAV corpusetik ateratako adibideak erabiltzen ditu, eta atzizkiz atzizki doa erakusten askotariko esanahiak ematen dituztela, alegia, aurreikusitakoak baino askoz ere โ€œtxoko ekologikoโ€ gehiago betetzen dituztela. Adibide bat ekarriko dut hona, kontzeptua ulergarriago egiteko:

AffixReadingWordExample in context
ationeventinvasionWashington Monthy 2004: The administrationโ€™s invasion of Iraq seems to have given bin Laden a historic gift.
resultassassinationPBS_NewsHour 2009: Syrian agents are suspected in the assassination.
agentadministrationAssociated Press 2012: The administration denied speculation that the sessions were moved for security reasons.
instrumentdecorationCountry Living 2007: Rather than being painted by hand, the decoration was likely a decal outlined with hand coloring.
inanimate patientacquisitionInc. 1996: So Smith is shopping for an acquisition.
locationexhibitionMagazine Antiques 2000: This too is now in the Victoria and Albert Museum, which also owns a tazza by Deck entitled La Bella Marguerite bought at the exhibition.
pathcontinuationAdolescence 2005: Figure 2 shows the results for the female adolescents, and again we use the frequency of delinquency in late adolescence to study the continuation of the different trajectories.

Atzizki bakoitzak sortutako eratorriek izan ditzaketen interpretazioak ez ezik, alegia, biztanle batek bete ditzakeen txoko semantikoak ez ezik, txoko bakoitzak izan ditzakeen biztanleak biltzen ditu, mapa moduko batean. Liever-ek inhabitant erabiltzen du atzizkien metafora modura, eta habitat eta semantic niche metaforak erabiltzen ditu esanahi edo interpretazioei erreferentzia egiteko. Adibide gutxi batzuk baino ez ditugu ekarriko hona, erakusteko txoko semantiko batzuk oso populatuta daudela eta beste batzuek oso biztanle gutxi dituztela. Bestalde, aukeratutako adibideetan ikus daitekeen bezala, txoko semantiko batzuek berariazko biztanleak badituzte ere, beste txoko semantiko batzuk berariazkoak ez diren denetariko biztanleek betetzen dituzte. Beltzez nabarmenduta ageri dira esanahi jakin baterako berariazkotzat har daitezkeen atzizkiak.

Haren analisiaren bidez, agerian uzten du azterketa teorikoek aurreikusitako eratorpenaren paradigmek benetako erabileraren zati bat deskribatzen dutela, baina tipo morfologiko guztien mugak gainditzen dituztela corpusetatik erauzitako adibideek. Zenbait tipo morfologikok lehen mailako irakurketa batzuk partekatzen dituzte, eta elkarrengandik bereizten dira beste batzuetan. Adibidez, agente/esperimentatzaile izen-sortzaileak diren zenbait atzizkik tresna-izenen sortzaileak ere badira, baina -ist atzizkiak ez du inoiz ematen tresna-izenik. Izen abstraktuen sortzaileak diren atzizki gehienek talde-izenak sortzeko bigarren erabilera ere badute, baina –ness atzizkiak ez du inoiz ematen horrelako irakurketarik. Atzizki ugarik sor ditzakete paziente bizigabeen izenak baita kokapen-izenak ere, baina atzizki baterako ere ez da berariazko funtzioa halako izenak sortzea. โ€˜Sinesmen-sistemaโ€™ adierazteko erabiltzen den atzizki bakarra –ism da, baina atzizki hori polisemikoa da  eta beste esanahi batzuk dituzten eratorriak ere sortu ditu: โ€˜jokaeraโ€™ (absenteeism), โ€˜hizkera-moduakโ€™ (colloquialism) edo โ€˜gaixotasun motaโ€™ (alcoholism). Liever-ek ateratzen duen ondorioa da forma morfologikoen eta esanahien arteko askotariko harremanak gertatzea dela norma eta ez salbuespena.

Oso azterketa sakona da, eta gogoeta pausatua eskatzen du horren ertz guztiak ondo ulertzera heltzeko. Nolanahi ere, uste dut kontuan hartzeko ondorio batzuk atera daitezkeela lehen hurbilketa batean. 

Hasteko, euskararen garapen lexiko-diskurtsiboaren jomuga hobeto irudikatzen laguntzen digu azterketa honek. Izan ere, ondo garatutako hizkuntzetan eratorpenaren emaitza ez bada forma bat = esanahi bat modukoa, eratorpen-paradigmek aurreikusten zuten bezala, euskararen garapenaren jomuga ere ez da izango halako paradigma bat, baizik eta web konplexu bat, Liever-ek eratorpen-ekosistema modura irudikatzen duena. Hortaz, euskararen garapen lexiko-diskurtsiborako oztopo izan liteke hitz eratorri batzuk okertzat hartzea euskararen eratorpen-paradigma teorikoaren aurreikuspenekin ondo egokitzen ez direlako. Ondo aztertu beharko lirateke betetzen dituzten txoko semantikoak eta azpian dauden motibazioak, sortutako eratorriak itsu-itsuan baztertu gabe.

Bestalde, tipo morfologikoak txoko semantikoen biztanletzat hartu beharrean, agian espezietzat hartu beharko lirateke, eta sortzen duten izen bakoitza biztanletzat. Izan ere, espezie bateko elementu batzuek betetzen dute txoko semantiko jakin bat, eta ez espezieko elementu guztiek. Gainera, txoko semantiko jakin batean espezie autoktonoen eta kanpotik etorritako espezieen arteko bizikidetza gertatzen da, eta espezie desberdinen arteko harremanak ere hartu behar dira kontuan, ekosistemaren funtzionamendua bere osotasunean deskribatuko badugu[2]. Izan ere, mailegatutako hitz eratorriekin batera jatorrizko hizkuntzaren sistema polisemikoaren konplexutasuna ere ekartzen dugu euskarara: absentismo, kolokialismo, alkoholismo… Gainera, gerta daiteke mailegu horietako batek txoko semantiko baten beharra asetzea, eta hori dela eta euskararen hitz-eraketarako sistema ez aktibatzea, adibidez, alkoholismo maileguak betetzen duen txokorako ez sortzea #alkoholzaletasun edo #alkohol-menpekotasun. Baina beste kasu batzuetan, gerta daiteke mailegua ez ezik, euskal hitz eratorria ere sortzea txoko semantiko berean erabiltzeko, edo hurbileko beste txoko semantiko batzuetarako: ebaluazio / ebaluaketa; konposizio / osaera. Gai konplexua da mailegutzaren eta hitz-eraketaren arteko harremanarena, baina kontuan hartu beharrekoa. Hortaz, saiatuko gara beste artikuluren batean garatzen.

Hizkuntza eranskarien ezaugarritzat hartu ohi da flexio-atzizkien eta esanahien arteko harremana estuagoa izatea hizkuntza flexiboetan baino: por preposizioa vs -k, -tik, -gatik, -gandik. Zenbait atzizki eratorle ere, estuki lotuta daude esanahi jakin batekin, adibidez, –keria atzizkiak beti ematen ditu kualitate gaitzetsiak adierazten dituzten izenak (alferkeria, erokeria, zerrikeria, indarkeria…) baina, beste atzizki batzuk, aldiz, askoz ere txoko semantiko gehiagotan hedatuta daude, esate baterako, –goa atzizkia: artzaingoa โ€˜ofizioaโ€™, ikuslegoa โ€˜kolektiboaโ€™, adiskidegoa โ€˜kualitateaโ€™, zabalgoa โ€˜neurriaโ€™, edangoa โ€˜lekuaโ€™[3]. Areago, atzizki batzuek kategoria desberdinetako oinarriei lotzen zaizkie, eta askotariko txoko ekologikoak betetzen dituzte. Adibidez, –era atzizkia adjektiboei lotzen zaienean, dimentsioa adierazten duten izen abstraktuak sortzen ditu: luzera, zabalera, sakonera… Aditzei lotzen zaienean, aldiz, (-era /-kera), โ€˜gertaeraโ€™ (etorrera, igoera, joera…) edo โ€˜moduaโ€™ (orrazkera, idazkera, jarrera…) esanahi paradigmatikoak betetzen ditu. Hala ere, zenbait eratorrik txoko semantiko ugaritan barneratzen dira: sarrera eta irteera โ€˜lekuaโ€™, (kontzerturako) sarrera โ€˜objektuaโ€™, (artikuluaren) sarrera โ€˜objektuaren atalaโ€™, (hiztegiko) sarrera โ€˜objektuaren atalaโ€™.

Txoko semantiko beraren barruan ere denominazio-behar xeheagoak daudenean, oinarri bera erabili eta atzizki desberdinekin konbina daiteke, eratorpen-paradigma teorikoetatik urrunduta ere. Adibide ezagunak dira idatzi aditzetik eratorritako idazle eta idazkari egile-izenak, behar semantikoek bultzatuta sortu direnak nahiz eta โ€“(k)ari atzizkiaren ohiko jokaera den izen kategoriako oinarriekin konbinatzea. Areago, -le/-tzaile askotan atzizki beraren halomorfotzat hartzen badira ere, esanahi desberdineko izenak ematen dituzte eskat oinarritik abiatta: eskale eta eskatzaile. Garbi dago horiek guztiek ez dutela esanahi konposizionalik, eta horien esanahia esperientzia linguistikoaren bitartez ikasten dugula. ร‘abardura horiek harmonizatzen joatea izan beharko litzateke hiztegien eginkizuna, eta ez eratorri batzuei ezikusia egitea, edota gaitzestea. Adibide bat emateagatik, nire intuizioaren arabera erabilera eta erabilpen รฑabardura semantikoren bat duten izen eratorriak dira, baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak (EH) erabilpen sarreratik zuzenean bideratzen gaitu erabilera sarrera polisemikora: ยซerabilera iz. Erabiltzea; erabiltzeko moduaยป. Ereduzko Prosa Gaur corpusean oinarritutako Egungo Euskararen Hiztegiak (EEH), aldiz, bi sarrera bereizten ditu:

erabilera ( ) 1 iz erabiltzea, eskuarki erabiltzeko modua. ik erabilketa; erabilbide.
erabilpen ( ) 1 iz erabiltzea. ik erabilketa; erabilera.

Hortaz, EEHren arabera, erabilpen erabil liteke โ€˜gertaeraโ€™ adierazteko eta, erabilera, aldiz, polisemikoa da, eta EHk jasotzen dituen bi adierak ditu. EEHren informazio hori EHkoa baino hobeto uztartzen da Garaterm corpus akademikotik atera ditzakegun datuekin: erabilera 7.133 agerraldi (% 79,48); erabilpen 1.842 agerraldi (% 20,52). EEHk jasotzen duen erabilketa sarrerak, aldiz, 7 agerraldi baino ez ditu Garaterm corpus osoan, eta erabilpen lemarekin alderatuta, % 0,38 baino ez dira agerraldi horiek. EPG corpusean ere erabilpen lemak 360 agerraldi ditu (% 98,4) eta erabilketa lemak, aldiz, 6 agerraldi (% 1,6). Bazterrekotzat har liteke, beraz, erabilketa eratorria, eta motibazio semantiko edo pragmatiko berezirik aurkitu ezean, alde batera utz liteke hiztegiak osatzeko orduan.

Luzeegi geratzen ari den artikulu hau ezin dut bukatutzat eman, ordea, erregistroen ikuspuntua gaineratu gabe. Lieber-ek ematen dituen adibide gehienak komunikabideetako testuetatik aterata daude eta, nire iritziz, eratorpen-ekosistemaz hitz egin beharrean, eratorpen-ekosistemez hitz egin beharko litzateke, pluralean, erabilera-eremuak eta erregistroak kontuan hartuz gero. Izan ere, hizkuntzaren erabilera orokorrak ez ezik erabilera espezializatuak kontuan hartuz gero, maila batean edo bestean definitutako espezialitate-alorrek eratorpen-ekosistema bereiziak osatzen dituztela ย pentsatu behar dugu. Espezialitate-alor bakoitza ekosistema bat litzateke, eta barruan txoko semantiko batzuk lituzke espezie morfologiko desberdinek beteko lituzketenak. Espezie desberdinetako bizidunak (eratorri autoktonoak, maileguak) ez dira elkarrekiko independente, eta espezialitate-alorreko ekosistemaren barruan antolatzen dira. Hartara, elementu batzuk beste ekosistema batzuetan bezalakoak izango dira, baina beste batzuk bereizi egingo dira beste ekosistemetatik. Atzizkiei begiratuz gero, hainbat hizkuntzalarik[4][5][6] aldarrikatu duten atzizkien banaketa morfopragmatikora eramaten gaitu gogoeta-ildo honek. Gaia aspaldian tratatu nuen blog honetan Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika artikuluan.

Izen eratorri jakin batzuen erabileraren azterketa baliatuz saiatuko naiz erakusten semantikak ez ezik pragmatikak ere parte hartzen duela nominalizazioaren ekologian. Demagun erauzi aditzetik eratorritako erauzketa gertaera-izena. Hainbat espezialitate-alorretan erabiltzen dela ikus dezakegu Garaterm corpusean. Hona hemen banaketa, oso erabilera murritza duten alorrak baztertuta:

EremuaAgerraldi kopurua
Kimika674
Zientzia Teknologikoak222
Biziaren Zientziak119
Fisika61
Osasun Zientziak49
Matematika21
Hizkuntzaren Zientziak15

Alor batzuetan, โ€˜erauzten denakโ€™ ez du lotura zuzenik erauzi aditzarekin, adibidez, hizkuntzalaritzan termino-hautagaiak edota bestelako hizkuntza-elementuak erauzten dira, baina beste alor batzuetan โ€˜erauzten den horiโ€™ adierazteko, erauzkin edo erauzi erabiltzen da, alegia, emaitza-izen konkretuak sortzen espezializatuta dagoen –kin atzizkiaren bidezko eratorria, edo ร˜ atzizkiaren bidezko bihurketa. Hiztegi gehienetan dago jasota erauzi aditza, baina ez erauzi izena ez eta erauzkin izena ere. Salbuespena dira Elhuyar Hiztegiak eta Elhuyarren ZT Hiztegia. Hiztegi horietan erauzkin baino ez dago jasota, eta Kim. eremu-marka darama. Hain zuzen ere, kontsulta bat egin zidaten duela gutxi fakultateko kide batzuek kimika alorrean idazten ari ziren doktoretza-tesi baten harira: itzultzaile neuronalek eta hiztegiek erauzkin proposatzen bazieten ere, beren intuizioaren arabera, erauzi izena zen nagusiki erabiltzen zena kimikaren alorrean. Garaterm corpusera jotzen badugu, berehala ikusiko dugu  erauzkin izena baino ez dela ageri Biziaren Zientzietan eta Osasun Zientzietan. Kimikan eta Zientzia Teknologikoen barruan txertatu dagoen Ingeniaritza Kimikoan, aldiz, bi izenak ageri badira ere, erauzi izena nagusitzen da. Areago, erauzi izen modura ez ezik, fase izenaren modifikatzaile modura (fase erauzia) erabilita ere ageri da zenbait testuingurutan. Garbi dago erauzkin izena ezinezkoa dela beste izen baten modifikatzaile modura.

Hautatutako peptido proteotipiko guztiak erauzkin osoaren liseriketa-triptikoan monitorizatu ziren. (Biziaren Zientziak)

Epitelioen erauzkin gordinak aztertzen zirenean, hormonak parakrino eta entzimekin nahastuta agertzen ziren. (Osasun Zientziak)

Erauzketa etapan jaso genituen kannabinoideekin aberastutako oliba olioko erauzkinak MeOH-tan diluitu genituen 1:20 (mL) erlazioan.ย  (Kimika)

Behin xiringa prest zegoela, analitoak 25 mL DCM-tan eluitzen ziren eta lortutako erauzia Turbovap LV Evaporator-aren bidez lurruntzen zen guztiz, N2fluxu arin bat erabiliz. (Kimika)

Lurrundu ostean saiodiak berriro pisatu eta 4 mL tetrakloroetilenotan birdisolbatu ziren. Erauziak IR bidez analizatu ziren. (Kimika)

Ekipo baten bi faseak nahastu eta bereizi ondoren, fase findua hurrengo ekipora sartzen da elikadura gisa, eta fase erauzia kanporatu egiten da. (Ingeniaritza Kimikoa)

Atzizki ageriak dituzten aditzetiko izenak detektatzen errazagoak dira ร˜ atzizkiaren bidezko bihurketak baino, baina garrantzitsua da horiek ere deskribatzea garapen lexiko-diskurtsiboaren emaitza desiragarriak eta zaindu beharrekoak baitira. Hizkuntzalarion eta hiztegigileen eginkizuna da nominalizazioaren ekosistema konplexuen โ€œbioaniztasunaโ€ zaintzea eta sustatzea. Horretarako, irizpide semantiko eta pragmatikoak aintzat hartzen dituzten eta corpus esangarrietan oinarritzen diren deskripzio xeheak egin behar dira, eta hiztegien helburua izan behar da halako irizpideak erabiliz hurbileko aldakiak harmonizatzen joatea[7].


[1] Lieber, Rochelle (2016) English Nouns. The Ecology of Nominalization. Cambridge University Press.

[2] Hacken, Puis ten & Panocovรก, Renรกta (arg.) (2020) The interaction of borrowing and word formation. Edinburgh University Press.

[3] Azkarate, Miren (1991) UPV/EHUko Irakaskuntza Proiektua. Argitaratu gabea.

[4] Gallegos, Alfonso (2003). Nominalizaciรณn y registro tรฉcnico. Algunas relaciones entre morfopragmรกtica, tradiciones discursivas y desarrollo de la lengua en espaรฑol. Doktoretza-tesia, Albert-Ludwigs-Universitรคt.

[5] Guz, Wojciech (2009): โ€œEnglish Affixal Nominalizations Across Language Registersโ€, Poznaล„ Studies in Contemporary Linguistics 45(4), 461โ€“485.

[6] San Martin, Itziar; Ezeiza, Joseba; Zabal, Igone a (2010): โ€œAditzetiko izenak erregistro bereizle gisa: corpus espezializatu baten azterketa morfopragmatikoaโ€, InXabier Alberdi & Pello Salaburu (arg.).ย  Ugarteburu Terminologia Jardunaldiak. Euskararen garapena esparru akademikoetan, Bilbo: EHUko Argitalpen Zerbitzua.

[7] Zabala, Igone (2021). โ€œEuskaltzaindiaren Hiztegiaren ekarpena lexiko espezializatuaren eta ez-espezializatuaren harmonizazioanโ€. In Andres Urrutia (arg.). Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018. IKER 40, 285-299. Bilbo-Madrid-Frankfurt: Euskaltzaindia-Iberoamericana Vervuert.

Ordena naturala

Esti Lizaso

Aiora Jakak idatzitako ยซ”Garrantzi”-ren garrantziazยป artikuluaren ildotik, zer aurkituko dugun jakin arren, behin eta berriz azalpen eske hiztegira eramaten gaituzten hitzei helduko diet gaur. Bada, nire kasuan, “ordena” da horietako bat.

Iรฑigo Roquek itzulitako Gauzen ordena naturala eleberriaren izenburua oximoron bat iruditu izan zait beti. Izan ere, nire buruan, “ordena” ez da hitz batere naturala.

Gure inguruan โ€“a itsatsia jateko dugun joeragatik izango da, akaso. Berandutxo ikasi genuen barra-barra esaten genituen egi, anai, atton ta gauz haiek denak โ€“a bat behar zutela bukaeran. Eta jakin genuenean ere, txorakeri galanta iruditu zitzaigun, hitza hondatzea, arau logikoa haustea.

Gehiago edo gutxiago kostata, barneratu ditut gehientsuenak. Hala ere, zerbait “ordenan” jarri behar dudan bakoitzean, kalanbre bat sentitzen dut buruan, hainbesterainokoa, ezen, ez batean eta ez bitan, azkenean gauzak “hurrenkeran” uztera iritsi bainaiz. #Daitort

Hala ere, -a itsatsien komeriak arintzeko, eman ziguten zeri eutsi, โ€“a hura noiz jarri asmatzeko trikimailu edo logika berri bat; erdaretara jotzea, alegia. Hitzak erdaraz โ€“a bazeraman, euskaraz ere bai. Eta hala ibili izan naiz, tarteka, -a haren bila.

Latineko ordo, ordinis hitza omen dago jatorrian.

Ingelesez, order eman du.

Frantsesez eta katalanez, ordre.

Orain arte, a-ren arrastorik ez.

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan oraindik ez dago berariazko sarrerarik. “Ordu” sarreran egiten zaio aipamen ordo-ri, baina ez diote funts handirik ikusten proposamen hari:

Schuchardten ustez, lat. ordo, -inis โ€˜hurrenkeraโ€™ da hitzaren jatorri formala, baina lat. hora-ri hartu omen zion esanahia: โ€œin zer ordu da? setzt ordu zwar dem Laut nach das lat. ordo fort, dem Sinne nach aber horaโ€ (1922a: 69). Proposamen honek bi arazo nagusi ditu: esanahi aldaketarena, batetik, eta lat. ordo nominatiboa, ez akusatiboa, jatorri moduan proposatzea, bestetik. Horretaz gain, orde eta ordu batera aztertzen ditu Schuchardtek (1893b: 336), lehenak ordena espaziala eta bigarrenak ordena tenporala adierazten dutela esanez.

Egungo Euskararen Hiztegian “orden” jasota badator, baina gutxi erabiltzen dela dioen oharrarekin. Euskaltzaindiaren Hiztegian “ordena” aipatzen da bakar-bakarrik. Beraz, Orotariko Euskal Hiztegiak dioenarekin bizi behar; hau da, tradiziozko hitza delako eta literaturan (Bizkaian izan ezik) hala jasoa dagoelako erabili behar dugula “ordena” โ€“a eta guzti. Oraingo honetan, tradizioa gailentzen zaio logikak sortu ohi dizkigun arauei. Tradizioa nondik datorren, bota hemen zuen hipotesiak, txukun-txukun, ordenean. Erantzunik bada, kontatuko dizuet hurrenean.

Hiztegitik hiztegira jauzika

Alfontso Mujika

โ€œUrtxintxak oihanean jauzika, aldaxkatik aldaxkaratโ€ eta itzultzaileak ere jauzika hiztegitik hiztegira. Halaxe ibili ohi gara itzultzaileok maiz, aseko gaituen erantzunaren bila. Hiztegi elebidunak, hiztegi terminologikoak, hiztegi orokorrak, hiztegi historikoak, hiztegi modernoakโ€ฆ eta, hiztegietatik harago, corpusak ere baditugu arakagai.

Zorionez, gero eta tresna gehiago ditugu eskura sarean, eta azken hiztegiek corpusen bermea dute atzean (paperezko hiztegiak hautsa biltzen dauzkagu apaletan, haienak egin du). Aurtengo lehen hiru hilabeteetan, bi hiztegi orokor elebakarren azken bertsioak kaleratu dira.

Batetik, otsailean, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) azken bertsioa (urtean bitan eguneratzen da). Poliki baina sendo, koskortzen eta are heltzen ari da: 2012an paperean argitaratu zen 1. bertsioa, 20.000 sarrera inguru zituela; orduko jaioberri hark 10 urte ditu orain, eta 48.000 sarrera inguru: 38.000 sarreraburu eta 10.000 azpisarrera inguru. Bide emankorra.

Bestetik, Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) amaitu du Euskal Herriko Unibertsitateak. Honela dio EHUk:

โ€œEuskara modernoaren hiztegi handien eta zehatzena. 2008an abiatua, hamabost urtetako lanaren ondoren, 2023ko urtarrilean amaitu zen.โ€

Beharbada, arrandia-puntutxoren bat egon liteke izenburu horretako lehen esaldian, baina hobe da izenburuak alde batera uztea eta EEH interesgarri horren mamian sartzea eta zertarako gerta dakigukeen baliagarri aztertzen saiatzea.

EEHn sartuta, lan horren beste definizio bat ageri da, taxuzkoagoa nire ustez:

โ€œEreduzko Prosa Gaur corpusa oinarri hartuta egiten ari den hiztegia, egungo erabileraren ispilua izan nahi lukeenaโ€.

Hau da, 25,1 milioi hitzeko corpus baten hiztegia da, 2000tik 2006ra bitartean argitaratuko hainbat liburu (287 liburu, 13,1 milioi hitz) eta egunkari (Berria eta Herria, 12 milioi hitz) arakatu dituena. Corpus hori ustiatuz egindako hiztegia da, hau da, corpus hori zukutuz egina, zer den baliagarri eta zer ez epaitu gabe. Eta hori argi eduki behar dugu, hartan ageri den guztia ez baita estandarra, obra horren asmoa ez baita inola ere arautzaile izatea, 2000โ€‘2006 bitarteko euskararen argazkitxo bat (partziala, ezinbestean) ematea baizik.

Hala, Euskaltzaindiak arautu ez bezala idatzita ageri dira hainbat hitz: balutxi (EH: balutx), kanakiar (EH: kanak), waloniar (EH: valoniar), matriuska (EH: matrioxka), accessit (EH: accesit), abordaje eta abordaia (EH: abordatze)โ€ฆ Eta Euskaltzaindiak berariaz gaitzetsitako edo ez erabiltzeko gomendioa eman duen beste hainbat hitz inolako oharrik gabe ageri dira: abenida, adaptatu, administradore, aeroplano, afirmazio, agintekera, aguakate, ahapeko, aheria, ajedrez, aktualizazio, aktuatu, aktuazio, akzesit, akzionista, alarmagarri, alarmatu, albondiga, aldeanitz, alderanzketa, algodoi, alkanfor, alkilatu, alkitran, altaboz, aluzinatu, aluzinazio, amapolaโ€ฆ Alegia, estandarizazioak azken urteetan egin duen bidea ez da EEHn islatzen.

Horregatik beragatik, sarrera asko eta asko hitz beraren aldaerak dira. EEHk dio 70.751 sarrera dituela, baina milaka eta milaka sarrera โ€œikusakโ€ dira, hau da, honelakoak: โ€œjostagailu ik. jostailuโ€, โ€œjuduteria ik. judueriaโ€, โ€œyaourt ik. jogurtโ€, โ€œyogourth ik. jogurtโ€, โ€œyogur ik. jogurtโ€, โ€œyogurt ik. jogurtโ€. Ez dakit zenbat, baina, lagin batzuk aztertuta, esango nuke sarrera โ€œofizialenโ€ % 15-20 inguru horrelakoak direla, aldaera grafiko hutsak. Horrek esan nahi du sarrera โ€œerrealakโ€ edo definituta daudenak nabarmen gutxiago direla, 10.000 edo 15.000 gutxiago.

Nolanahi ere, sarrera erreal asko dira. Beraz, pentsatu behar dugu hor material baliagarri bat dagoela beste hiztegi batzuk, edo norberaren hiztegia, elikatzeko.

Proba txiki bat egin dut: EEHn sarrera diren eta EHn sarrera ez diren lehen 25 hitzak apartatu ditut, eta begiratu dut zenbat adibide dituzten EEHn eta zenbat agerraldi dituzten corpus hauetan: Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia (XXI. mendeko 98 milioi hitz zituen 2021ean), EHUren Egungo Testuen Corpusa (XXI. mendeko 355 milioi hitz ditu) eta Elhuyarren Dabilena (Interneteko 300 milioi hitz ditu). Hau da, Ereduzko Prosa Gaur corpusa baina askoz handiagoak diren beste hiru corpusekin alderatu ditut, ikustearren zenbateraino diren hitz horiek hizkuntzan ondo finkatutako eta erabilitako hitzak edo zenbateraino diren bazter-hitz. Hona hemen datuak:

EEHn sarrera eta EHn ezLBETCDabilenaZenbat adibide EEHn
abadetxo00104
abadezale0222
abadezulo0202
abailetan1013
abailgarri240134
abaka22101
abakozale0051
abalatu11902133
abalorio511271
abanderatu35181
abandonismo0111
abanikatu31861
abantailadun3081
abantailatxo160285
abantailazko130514
abantailoski0021
abante170647
abantzamendu0952
abantzarazi0022
abanzada0021
abarketatxo0011
abarogabetza0001
abarotsu1011
abarotu0591
abarrakitzaile0001

Garbi dago gehienak ez direla oso hitz erabiliak edo berez sor daitezkeela lexikoa sortzeko ohiko baliabideak erabiliz โ€”eratorpena, adibidezโ€”, hiztegi batean esplizitatu beharrik gabe (abadetxo, abadezale, abakozale, abarketatxoโ€ฆ). Horiz nabarmendu ditut nire ustez lehen begiratu batean (corpusetan duten agerraldi-kopurua ikusirik) hiztegi arauemaile batera lehen urrats batean pasatzeko interesgarrienak izan litezkeenak. Nolanahi ere, zalantzarik ez da EEH badela hitz-iturri interesgarria, corpusekin batera kontuan hartzekoa, Euskaltzaindiaren Hiztegia osatuz joateko.

Beste galdera bat egin nion neure buruari: Egungo Euskararen Hiztegia zenbateraino da benetan egungo? Eta, erantzuteko, beste alderaketatxo bat egin nuen galdera honetan oinarrituta: EHk ba ote du bera baino handiagoa den EEHn sarrera ez den egungo hitzik? Eta erantzuna ezin argiagoa da: bai, EHk gaur egungo hitz asko eta asko ditu EEHk ez dituenak. Hona hemen erakusgarri txiki bat, 100 hitzez bakarrik osatua:

ahaldundu, alergeniko, animalista, arretagune, astur, audiometro, azelerometro, azidifikatu, bakterizida, biodinamiko, birmasterizatu, birzentralizazio, chic, curling, curry, desmarkatu, desmuntagarri, dogon, drone, ekintzailetza, feminizidio, fotodepilazio, friki, garnatxa, gatzapen, geoingeniaritza, geolokalizazio, gobernabide, heteroarau, hidrofugo, hijab, hipotekadun, hostoerorkor, hostoiraunkor, immunitario, in vitro, intersexual, jibaro, jokatugabe, kationiko, koadrizeps, koedizio, konpostagailu, kontziliazio, lignina, lodigarri, lurrintzaile, maori, mariatxi, masai, mastaba, matriarka, mikrobiologiko, minorizazio, miss, muesli, nanomaterial, nanometriko, nanozientzia, neuroendekapen, ninja, nitruro, oleiko, ordainduko, paintball, papuar, pilates, plazandre, positroi, prebalentzia, proaktibo, propileo, psoriasi, pultsometro, quad, sismologo, skate, skater, sorbiko, sudoku, superprodukzio, surimi, tajik, tenporizadore, tentsioaktibo, tentsiometro, tortso, tory, traol, trazabilitate, tuit, tuper, txosnagune, ultraeramangarri, wifi, zamaleku, ziklogenesi, zistitis, zordunketa.

Alegia, EEH hiztegia egungoa da, baina ez da egungoena. Eta normala da hala izatea, EEH elikatu duen corpusa mugatu samarra delako hala kopuruz (25,1 milioi hitz) nola denboraz (2000tik 2006ra bitarteko testuak). Horretaz gainera, Ereduzko Prosa Gaur corpusa ez da orekatua, haren testuak ez baiziren estatistikoki hautatu; beraz, 2000-2006 bitarteko hizkuntza idatziaren parte bat baino ez du islatzen.

Eta, bestalde, ez da hiztegi โ€œohikoaโ€. Sarrera nagusiez gainera, baditu azpisarrerak ere, baina gutxi; asko falta dira. Esate baterako, abiadura hitzak, EHn, lau adiera (bakoitza bere definizioarekin) eta azpisarrera definiziodun hauek ditu: abiadura-aldagailu, abiadura angeluar, abiadura-muga, abiadura-neurgailu, abiadura-palanka.

abiadura
1 iz. Korritzen den distantziaren eta horretan ematen den denboraren arteko zatidura. Ik. lastertasun. Abiadura handiko trenaren inguruko jardunaldiak. Argiaren abiadura.
2 iz. Abiada, abaila. Txalogarria da benetan Auspoa bildumak hartu duen joera eta abiadura.
3 iz. Ibilgailuetan, abiadura-aldagailuaren engranaje-konbinazio bakoitzari dagokion higidura modua. Ik. martxa 2. Sei abiadurako motorra.
4 iz. Ipar. eta Naf. Hastapena. Tentaldiaren abiaduran. Erromatarren garaian, Elizaren lehen abiaduran.
abiadura aldagailu, abiadura-aldagailu
iz. Ibilgailuetan, abiadura edo martxa aldatzeko erabiltzen den tresna. Motorra eta abiadura aldagailua Ferrarirenak dira.
abiadura angeluar
iz. Errotazio mugimenduetan, biratutako angelua denbora-unitateko. Eguzkia ekliptikan zehar abiadura angeluar konstantean mugitzen da.
abiadura muga, abiadura-muga
iz. Legeak errepideetan ibilgailuentzat ezartzen duen gehieneko zirkulazio abiadura. Espainiako Gobernuak orduko 110 kilometrora jaitsi du berriki autobide eta autobietako abiadura muga. Argi uzten du horrek, inork ez dituela abiadura mugak errespetatzen.
abiadura neurgailu, abiadura-neurgailu
iz. Ibilgailu baten abiadura neurtzen duen tresna.
abiadura palanka, abiadura-palanka
iz. Abiadura aldagailuari eragiten dion palanka.

EEHn, berriz, adiera bakarra definitzen da, eta beste sei sail (hitzaren testuinguru morfosintaktikoaren arabera osatutako sailkapena), definiziorik gabe, adibide ugariz hornituak (adibide bakoitzaren jatorria zehaztuta), eta azpisarreratzat har litekeen beste sail bat (sailetako adibide bana baino ez dut hemen jarriko, ez luzatzearren).

abiadura (ETCn 32.060 agerraldi)
1 iz ibiltzen den distantziaren eta horretan ematen den denboraren arteko zatidura. 15 adibide.
                Abiadura horretan ehun metro korritzen dira segundoko.
2 (izenondo eta izenlagunekin) 15 adibide.
                Begiak itxita dagoen bidaiariak ezin du esan hegazkina abiadura konstantean doan ala lurrean geldi dagoen.
3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa) 15 adibide.
                Gidariek motoaren esku utzi nahi izan zuten abiadura murrizketa, eta elektronikak egiten du lan hori.
4 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa) 5 adibide.
                Nahikoa da bere keinu metodikoak ikustea, neurtuak, abiadura-kaxa segundo zehatzean erabiltzen dakienaren keinuak dira.
5 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa) 4 adibide.
                Bertatik haize-abiadura puntakoena jaso.
6 irud/hed 5 adibide.
                Urkia eta Lujanek ahal zuten guztietan partidaren abiadura aldatzeari ekin zioten.
7 abiaduran abiadan. Adibide bat
                Polizia patruila bat pasa zen abiaduran eta argiak keinuka.

Hirurogei adibide ditu abiadura sarrerak EEHn (hamar adibide, berriz, EHn), baina adibide horietako batean ere ez dira agertzen EHn definituta dauden bost azpisarrerak (abiaduraโ€‘aldagailu, abiadura angeluar, abiadura-muga, abiadura-neurgailu, abiaduraโ€‘palanka).

ETC corpusean bost azpisarrera horiek bilatzen baditugu, berehala ikusiko dugu garrantzitsuak direla, hau da, abiadura hitza beste hitz batzuekin konbinatzen denean nagusietakoak direla elkartze horiek. Hala, abiadura izena adjektiboekin elkartzen denean, abiadura angeluar nagusietan bigarrena da (abiadura konstante bakarrik du aurrean). Eta abiadura izena beste izen batzuekin elkartzen denean, abiadura lehen hitza izanda, ETC corpusak < abiadura + izena > motako 314 konbinazio eskaintzen dizkigu erabileraโ€‘maiztasunaren arabera ordenatuta, eta bost horiek oso goian daude zerrendan. Zehazki, postu hauetan ageri dira: abiaduraโ€‘aldagailu 4.a, abiadura-muga 7.a, abiadura-neurgailu 22.a eta abiaduraโ€‘palanka 38.a. Horrek guztiak erakusten digu EEHk ematen digun argazkiak ez duela islatzen euskara idatziaren unibertsoa, unibertso horren zati bat baizik, atzean dagoen Ereduzko Prosa Gaur corpusaren edukia orekatua ez izatearen ondorioz.

Balio mugatua duela esateak ez du esan nahi balio ez duenik, jakina. EEHren bi arlo iruditu zaizkit bereziki interesgarriak. Batetik, sarrera batzuetan adierak bereizteko egin den ahalegina. Adibidez, gurutze sarrera hartu eta EH eta EEH alderatzen baditugu, ikusiko dugu lau adiera komun dituztela baina EEHn badirela beste lau adiera EHn ageri ez direnak. Ez daude zehazki definituta (hitz batez edo biz iradokitzen da zertaz ari den), baina hor daude (adibide bakarra ekarri dut, ez luzatzearren, baina adibide gehiago dituzte):

4 (dominetan)
Haren bular zabalaren gainean gurutze batek eta hiruzpalau dominak egiten zuten dirdai.
5 (ikurra)
Liburutegiko zenbait liburu gurutze gorri batez markaturik daude.
6 (kaleen artean)
Hortaz, eraman nazazu Lexington eta 47.aren arteko gurutzera.
7 (elizen egituran)
Ezin konta ahal eliza eta monasterio daude […] beren kupula, gopoil eta gurutzeekin.

Bestetik, hitz-multzoen atala: sarrera bakoitzean, behin eta berriro errepikatzen diren biko eta hiruko hitz-multzoak ageri dira. Hitz bat gehienbat zer hitzekin elkartzen den ikusteko balio du, eta informazio hori interesgarria da joerak ikusteko, โ€œkolokazioโ€ direlakoak edo terminoak izan litezkeenei antzemateko eta, oro har, ikusteko hitz bakoitzak zer โ€œlagunโ€ dituen gogokoenak. Esan behar da, dena dela, hitz-multzoen hautaketa modu automatikoan egin dela eta, itxuraz, ez dela iragazi. Horrek esan nahi du atal horretan ageri den informazio asko ez dela esanguratsua edo itzultzaileontzat baliagarria, aski erredundantea delako edo baliagarria ez delako; hau da, bihia bilatu behar dela lastoen artean. Adibidez, har dezagun rally sarrera. Hau agertuko zaigu:

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

munduko rally txapelketa (14); munduko rally txapelketako (6); munduko rally txapelketan (8); rally denboraldia (5); rally txapelketan (10)

argentinako rallya (8); australiako rallya (5); dakar rallya (11); erresuma batuko rallya (4); italiako rallya (3); kataluniako rallya (10); lehen rallya (4); mexikoko rallya (13); mexikoko rallya utzi (3); montecarloko rallya (3)

rallya hasiko (5); rallya hasiko da (4); rallya irabazi (7); rallya irabazi zuen (7); rallya irabazteko (3); rallya utzi (6); suediako rallya (8); suediako rallya irabazi (3)

akropolis rallyan (3); argentinako rallyan (3); dakar rallyan (15); faraoien rallyan (4); kataluniako rallyan (7); korsikako rallyan (4); lider kataluniako rallyan (3); liderra suediako rallyan (3); montecarloko rallyan (3); suediako rallyan (8)

dakar rallyaren (4)

mendiko rallyetako (3); rallyetako gidari (3)

dakar rallyko (8); japoniako rallyko (3); kataluniako rallyko (4); korsikako rallyko (3); rallyko lehen etapa (4); rallyko lehen etapan (3); rallyko lehen liderra (4); suediako rallyko (6)

Interesgarria da ikustea rally txapelketa multzoa hor dugula edo munduko rally txapelketa, baina, aurreko horiek hor izanda, munduko rally txapelketan eta rally txapelketan ez dira esanguratsuak. Edo argentinako rallya, argentinako rallyan, australiako rallya, erresuma batuko rallya, italiako rallya, kataluniako rallya, kataluniako rallyan, kataluniako rallyko, mexikoko rallya, montecarloko rallya, korsikako rallyan, korsikako rallyko, suediako rallyan, suediako rallyko, japoniako rallykoโ€ฆ Alegia, informazio asko dago, baina itzultzailearentzat baliagarria izan daitekeena apartatzen badago lana.

Beraz, ongi etorri EEH gure hiztegien biltegira, itzultzaileon โ€œarmategiraโ€. Ez da izango tiradera birtuala zabaldu eta kontsultatzeko erabiliko dugun lehen hiztegia, baina baliagarria gertatuko zaigu รฑabarduren bila, adiera ezkutu baten bila edo hitz jakin baten โ€œlagunenโ€ bila gabiltzanerako.

Itzulpen ariketak II.ย ‘Puta’ (Nelly Arcan)

Miel A. Elustondo

Nire aitak behin eta berriz esaten zuen hiritzar handia izugarria egiten zitzaiola, hiria gauza gaitzesgarriz betea dagoela, bateko putak eta besteko homosexualak, bateko aberatsak eta besteko famatuak, sasoi beteko ekonomia eta indartsuenaren legea, hirian gauza guztiak ere hondamendia eta ulertezinak direla, hizkuntzen eta arkitekturaren kakofonia, udaberriko lokatza eta eraikin modernoen itsuskeria, eta nola liteke elizako fatxada bat unibertsitaterako sarbidea izatea, galdetzen zuen sumindurik nik horretan parterik banu bezala, mutilatu batek bedeinkatu gabeko gurutzearen antza du elizak, Jainkoaz gabetua da, eta nola liteke unibertsitateko pabiloiek peep showen aldera izatea irteera, nora goaz unibertsitatetik prostituziora urrats bat baizik ez badago, eta egia da, eta zientifikoki froga daiteke, eliza bateko fatxada hura nik klase gehienak ditudan pabiloirako sarbidea da, ondarearen izenean mantendu eta zaharberritutako fatxada da, ongi ematen duelako utzi zuten horrela, eta ikasgeletako leiho asko dantzariak larrugorritan diharduten tabernetara begira daude, feminitatearen neon arrosetara, klaseak eta klaseak eman nituen sexu-langile pila hura aztertzen, eta aurkikuntza galanta izan nuen izendapen hori, munduko lanbiderik zaharrenari, funtzio sozial zaharrenari bestek egiten dion aitortza ageri da izendapen horretan, liluragarria zait ore bat lantzen den moduan lantzea sexua, plazera lana izatea, atsegina nondik-bait erauzi ahal izatea, horrek ahalegina eskatzea eta ordainetan soldata jasotzea, murrizketak izatea, arauak behar izatea, eta ikasle gehien-gehienen irudiko putekiko elkarbizitza horretan txarrik ez zegoen, horixe da deigarriena, azkar ohitzen gara gauzetara haietatik ihes egin ezin duzunean, espaloia gainditu eta zure apunteetara heltzen direnean, eta hurbiltasun horrek eragin handia izan zuen nigan, kontrako espaloira aldatzeko gogoa piztu zidan, eta esadazu nola eutsi behar zion teoriak hainbeste plazer tentaldiri, nolanahi ere han inork ez ninduen ezagutzen eta udaberria oso zegoen aurreratua, eta udaberriak beti jardutera, soka zeure lepoan jartzera, bultzatzen zaitu, eta mendiko arropa eranzteko aukera sortu zenean, nik gogo onez onartu nuen eskaintza.

Prostituitzea oso erraza gertatu zitzaidan, zeren betidanik jakin nuen besteren batena izango nintzela, izen bat bilatuko zidan komunitate batena, eta sarrera-irteerak arautuko zizkidatela, zer egin behar nuen eta nola, aginduko zidan nagusi bat izango nuela, zer esan behar nuen eta zer ez, betidanik jakin dut denetan txikiena izaten, denetan sexiena, eta gainera ordurako zerbitzari-lanean ari nintzen tabernan, non alde batean putak zeuden eta bestean bezeroak, eta behar baino eskupeko handixeagoa ematen zidaten, nik ere behar baino arreta handixeagoa eskaintzearen ordainetan, eta poliki-poliki eta modurik naturalenean anbiguotasun halako bat sortu zen gure artean, zenbait hilabetez bezeroek erabili egin ninduten ni eta nik erabili egin nituen bezeroak, harik eta indarrez erakartzen ninduen hartaraxe joatea erabaki nuen arte, eta pentsatzen jarriz gero, iruditzen zait beste aukerarik ez nuela, ordurako puta izatera destinaturik nengoela, puta nintzela puta izan baino lehen ere; aski izan nuen La Gazette egunkari anglofonoa gainbegiratzea, eta hantxe azaldu zitzaidan escort agentzien orrialdea, aski izan nuen telefonoa hartu eta zenbaki bat markatzea, Montrealgo agentziarik garrantzizkoenarena, iragarkiak zioenaren arabera, agentziak escort onenak baizik ez zituen kontratatzen eta bezerorik onenak baizik ez zituen onartzen, alegia, han emakumerik gazteenak eta gizonik aberatsenak biltzen zirela, gizonen aberastasunak beti konbinatu izan du ongi emakumeen gaztetasunarekin, hori mundu guztiak daki, eta ni oso gaztea nintzenez batere pentsatu gabe onartu ninduten, etxe batera eraman ninduten eta gela batera sartu ninduten luzamendurik gabe, eta bospasei bezero errezibitu nituen, bata bestearen atzetik, hasiberriak oso ospetsuak dira, esan zidaten, politak izan beharrik ez dute, gela hartan egun bat aski izan nuen irudipena edukitzeko zera hura bizi guztian egiten ari nintzela, bat-batean zahartu nintzen, baina dirutza ere irabazi nuen, lagunak egin nituen, bai, posible zen konplizitatea izatea, ikaragarria da, kidetasun horren oinarrian gorroto komun bat baitzegoen, bezeroekiko gorrotoa, baina prostituzio girotik irteten ginen orduko atzera emakume normalak izatera itzultzen ginen, sozialak, bata bestearen etsai.

Eta ziztu bizian zahartzen hasi nintzen, bezero segida handi haren aurrean belauniko jartzeari utzi ahal izateko zer edo zer asmatu behar nuela pentsatu nuen, gela hartantxe ematen bainuen denbora guztia, eta terapia egiten hasi nintzen hitzik esaten ez zuen gizon batekin, eta halako burutaziorik, ni diban batean etzanaraztea, kontuan harturik egun osoa ohean ematen nuela gizon haren adin bertsuko gizonezkoekin, nire aita izan zitezkeen gizonekin, eta psikoanalisi hark inora ez ninderamanez, ezin nuenez hitz egin, gizonaren isiltasunak zeharo lotzen ninduelako eta esan behar nuena esateko beldurrez bizi nintzelako, erabakia hartu eta idazten hasi nintzen denboran eta denboran barruan isilik gorde nuena ateratzeko; halakoren batean, adierazi nahi nuen seduzitzeko neukan premia haren atzean zer ezkutatzen zen, ez nuen premia hura gainditzen asmatzen, ezin esplikatu prostituzioaren gehiegikeriara bota ninduen zera hura, bestek zu izatea espero dutena izateko premia, eta idazten dudanean ere inoren gogoko izateko nahia nagusitzen baldin bada, da baitezpadakoa zaidalako hitzetara ekartzea nire baitan ezkutaturik dagoena eta nahikoa delako inork hitz batzuk irakurtzea haiek hitz desegoki bihurtzeko, eta idatzi ahala, etenarazi nahi nukeenak indar handiagoa hartu zuen, askatu nahi nuen korapiloa are gehiago estutu zen, leku guztia betetzera heldu zen, eta korapilo horrexetatik sortu zen nire idatziaren lehengaia, agortezina eta alienatua, lotan dagoen ama baten eta munduaren azkenaren zain dagoen aita baten artean bizirauteko borroka.

Eta horregatik dago liburu hau osoki asoziazioz egina (…)

Adimen artifizialak testu artifiziala

Naroa Zubillaga Gomez

Azkenean ere, egin dut proba.

Urte hasieran irakurri genion EHUko irakasle den Ekai Txapartegiri adimen artifizialak lana kenduko zigula irakasleoi. Hilabete beranduago Bill Gatesen elkarrizketa bat entzun nuen (ez osorik), eta, bertan, Microsoften sortzaileak esaten zuen adimen artifizialak lana kendu ez, baina lana erraztuko zigula eta lan-jardunaldi laburragoak izango genituela etorkizunean. DBHko irakasleak larritzen hasiak omen dira, ikasleei agintzen dizkieten zenbait lan (laburpenak egin, idazlanak idatzi) ez dituztelako ikasleek berek oso-osorik egiten, hasi eta buka. EHUn bertan ere mahai-inguru bat antolatu da gaiaren inguruan.

ChatGPT izena du, eta OpenAI enpresak garatutako adimen artifizialeko txata da. Zerbait galdetu eta erantzuna ematen omen dizu, baita testugintzarekin zerikusia duten zereginak ematen badizkiozu ere (idatzi Xren inguruko 10 lerroko idazlan bat, zein dira literatura postmodernoaren ezaugarriak, etab.).

Izena eman eta proba txiki batzuk egin ditut. Gehiegi ere ez, konturatu bainaiz, oraingoz behintzat, euskaraz ez duela oso ondo funtzionatzen. Hauxe galdetu diot lehenik: ยซIdatzi 10 lerroko idazlan bat tabakoari buruzยป, eta hauxe erantzun zidan (dagoen horretan kopiatu dut, ez beldurtu):

Tabako hainbat osagai kimiko ditu, horietako asko kanceroginak sortzen dituzte. Horregatik, tabakoaren erabilera okerrena da gizartearen osasunerako.

Eskuetan edo bizkarrean eskuan duzun cigarro batek ezin du osasun-arriskurik txikiena izan. Horrez gain, tabakoak hainbat gaitasun psikologiko eta fisiologiko sortzen ditu, hala nola adikzioa edo anxietatea.

Gaur egun, gizarteak tabako erabilera murrizteko ahalegina egiten ari da, baina oraindik asko daude tabako erabilera okerrena mantentzen dutenak. Tabakoaren erabilera utzi behar da, hainbat eragileen ondorioz, baina baietakoa da: tabakoak osasun-arazoak sor dezakeela eta hainbat abantaila inportanteek galtzea ekar ditzakeela.

Gizartean tabakoaren kontrako adierazpen ugari daude. Hala ere, tabakoaren erabilera mugatzen ez den tokietan, hainbat erakundeek baimenduta dagoena baino nabaritzen da tabakoaren erabilera.

Ondorioz, tabakoak osasunari kalterak ematen dizkio eta inportantea da tabakoaren erabilera murriztea gizartearen osasunerako.

Galdera bera egin nion gaztelaniaz, eta txatak bueltan sortu zidan testua euskarazkoa baino askoz txukunagoa izan zen. Zuzena behintzat, bai. Gauza bera ingelesez eta alemanez. Gainera, dominatzaileak diren hizkuntzatan askoz azkarrago jasotzen da erantzuna. Edukia, hori bai, guztietan zen oso-oso antzekoa.

Izan ere, ChatGPT hizkuntza-eredu erraldoi bat da, eta hizkuntza bakoitzean entrenatu beharra dago. Oraingoz, euskaraz egiten dizkiogun galderak ez ditu beti ondo ulertzen. Bernardo Atxagari buruzko lan akademiko nagusienez galdetuta, txatak Bernardo Atxagak idatzitako lan nagusienak esan zizkidan. Gazteleraz galdetuta, berriz, ondo ulertu zidan zer behar nuen, eta lan akademiko batzuen erreferentziak eman zizkidan. Idazle austriar bati buruzko lan akademikoez galdetuta, emaitza desberdinak eman zizkidan ingelesez eta alemanez galdetuta; auskalo zein zirrikitutatik egiten duen bidea mekanismo neuronalak hizkuntza batean eta bestean.

Argi dago, hori bai, testuak sortzeko baliatzen badugu, tentuz ibili beharko dugula, zenbaterainoko autoritatea ematen diogun adimen artifizialari. Izan ere, itzultzaile automatikoarekin gertatzen den bezala, tresna honi behar baino botere handiagoa ematen badiogu, hizkuntza bera homogeneizatzeko arriskua izango dugu. Adimen artifizialak testu artifiziala sortzen baitu.

Hala eta guztiz ere, utzi denborari bere lana egiten. Ziur naiz askok baliatuko dugula tresna hau, besterik ez bada, Google ordeztuko duen bilatzaile gisa.

Igarri barik izan da

Oskar Arana Ibabe

Umeak ginela, ardura handiko kontua izaten zen nola eragiten ziren liskarrak anaia arteko edo lehengusu arteko liskarretan. Umeen artean inor negarrez entzun orduko, laster etorriko zen helduren bat, baten edo besteren ama gehienetan, negarrez aritzea eragin zuen hura igerri barik izan ote zen ebaztera. Lasaigarria izaten zen, amaren edo izebaren baten ahotan, igerri barik izen da entzutea. Baketuta-edo begiratzen genion, atzera ere, zakarkeriaz baina asmo txarrik gabe amorrarazi gintuen anaiari edo lehengusuari. Aurki suertatuko ginen, ordea, bat edo beste negarrez, berriro ere.

Aspaldi ez dut entzun nire inguruan esapide hori. Umeak nahi baino gutxiagotan izaten ditudalako inguruan, beharbada… edo esapide hori ere iraungitzen hasia delako helduon eta batez ere umeen ahotan, gure eskualdean bederen. Bestalde, antzina izan zen, halaber, esapide horrek nire arreta erakarri zuenekoa: bitxi irizten nion, eta ez guztiz zabaldua gure inguruan; etxean ere, ez zuten guztiek erabiltzen, eta umetako nire buru hartan, ez nion “logika” argirik ikusten, igarri horrek, asmakizunetako ezetz igarri eta ezkutaketa-jolasetako eta bestelakoetako igarri egin dotzut horrek, zer egiten ote zuen min eragin osteko barka-bideetan. Bestalde, igarri barik izen da horren pareko ziren, eta gehiago erabiltzen ziren, beste hauek: gure barik izan da (eta bere antonimoa, gureta izen da)… edo, geroago, ikastolan, beste euskalkietatik ikasirik, nahi gabe izan da eta nahita izan da). Halaber, gure barik izen da hori bezain sarri erabiltzen zen konturatu barik izen da. Horiek ziren haserreak eta liskarrak baretzen zituzten esapide magikoak, bakegarriak. Hainbat formula aukeran, eta ez nuke jakingo esaten zer banaketa geografiko edo pertsonal zuen bakoitzak, nork erabiltzen zuen gehiago etxekoen artean, zaharrenek agian, edo aitaren aldeko ahaideek gehiago. Igarri barik izen da hura, ordurako jada, arraroa zeriztan, zaila ere bai, atabikoa, nolabait, eta banion estimu berezi bat, dohain bakegarriez gainera bazuelako berezitasun hori, geure-geurea izatea, eta zaharrenen esapidea, agian, eta nik ez erabat ulertzea zer ote zen igarri beharrekoa (beste adieran). Bitxia, halaber, zeren ez baitut gogoan igerrita izan da entzun izana, haren kontrakoa (bai, igarri dozu, zatekeen erantzuna, beharbada, baina ez dut gogoan halakorik entzun izana).

Nostalgiak โ€“berriro ereโ€“ bultzatu nau hiztegietan eta corpusetan begiratzera, jasota ote dagoen, nola erabili ote den. Egia esatera, mendebaldeko hizkeretakoa dela jakin arren (eta igarri gabe aldaera are kasu gehiagotan agertzen denez begiratu ditudan hiztegi eta corpusetan, beharbada beste hizkera batzuetakoa ere bai), ez nekien (eta ez dakit) mendebaldean (edo beste hizkera batzuetan) zer hedadura daukan. Aspaldiko jakin-min bat asetzearren jarri naiz hartara, beraz โ€“alta, gaur, lantokitik ateratzean, Martin arratiarrari galdetu diot, eta baietz, jakina, ukondoarekin kolpe bat igarri barik eman alegia eginez,โ€ฆ baietz, Arratian baietzโ€“.

Egunotan, gainera, esapide horri buruz idatzi behar nuela nerabilela gogoan, pozgarri ere gertatu zait konturatzea litekeena zela “ohartu” handi eta nik miretsiaren baliokide bat eduki izana mendebaldean eta nik ez baliatu izana behar bestean edo merezi adina. Ironiarik gabe diot: “ohartu” hitzak badu, niretzat, ikasiaren edo liburuetan irakurriaren erregistro “jaso” moduko bat, ez da gure inguruan erabili izan ahozkoan (euskalkian, esan nahi dut). Ironiarik gabe, eta, jakina, euskalkien arteko lehia zoroetan erori gabe edo estandarraren norabideen kontrako iritzi zentzugaberik nire baitan alhatu gabe. Nire baliabideak ugaritu nahian baino ez, hain etxeko dudan esapide ia ahaztu horren aukerak neurtzearren bakarrik, edo orain esaten den moduan, esapideari balioa aitortzearren (balioa emanโ€ฆ agerira ekarri,… zer zaila gertatzen zaidan mettre en valeur / poner en valor horren ordain niretako gogobetegarri bat aurkitzea). Konturatu arruntegia begitantzen zitzaidan. Eta, hara, atzera ere erori umezaroan bertan jakin-mina eragiten zidan igerri barik izen da esapidearen erabilera hain berezituaren lilurara. Bistan da nondik zetorren nire trakestasuna, igarriri esanahi bakarra atxikitzen bainion, nahiz eta beste adieren erabilerak ere ezagutu eta ulertu. Egoera berezitu horretan iluntzen zen nire adimena: Igarri, zer?… esan ohi nuen neure artean.

Hiztegietan, esapideak badu Labayru hiztegian sarrera berezia, baina hemen darabilgun adiera atzenengo lekuan aipatzen da:

Labayru Hiztegia:
igarri barik/gabe Eu
1 adb. lok.
pausadamente, disimuladamente, insensiblemente; sin darse cuenta.
Igarri barik joan jakuz bakazino-egunak: Se nos han pasado las vacaciones sin darnos cuenta. (bizk)
Horrek igarri be egin barik edango leukez beste bost garagardo. (bizk)
Igarri gabe hondatu zituzten euren bizitzak. (bat)
sin konturatu barik/gabe, ezarian

Ematen diren gaztelaniazko ordainetan, sin darse cuenta hori litzateke gure kasukoa. Eta, adibideetan, ez da aipatzen barka-bideetako gure egoera berezi hori, nahiz eta lehenengo adibideko adierakoa izan, eta hirugarren adibidekoa ere bai. Eta sinonimotzat ematen da, gure kasuko erabilerarako, konturatu barik/gabe; beste sinonimoa, ezarian, ez dirudi ondo egokitzen zaionik gure kasuari. Ez da, beraz, sinonimo betea gure erabilera zehatz horretarako.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, bilaketa zehatza eginez, ez du ematen igarri barik esapidearen sarrera berezirik. Bai, jakina aditzarena:

igarri, igar, igartzen
1 du/dio ad. Ustearen edo intuizioaren bidez zerbait ezagutzera heldu edo zerbaitez konturatu. Ik. antzeman. Lehenengo egunetik igarri nion gogoan zer zerabilen. Ez diot igartzen zer arraioren bila dabilen. Begiratzen diezu eta ezin igarri duzu ezkonduak edo ezkongaiak diren. Ez zuen igarri erregearekin hizketan ari zela. Davidek bere buruari laster igarri zion munduan luzaroko ez zegoela. Ez ziokeen inork igarriko, erdaraz mintzatzean, hemengoa zenik. Euskal hitz garbiak, hots, bestetariko etorkia inork oraindik igarri ez dienak. Zertan igarriko zaizu kristaua zaren edo jentil fedegabea. “-ra/-rat” bereizkuntza nolakoa den igarri diodala uste dut, baina igartzea ez da frogatzea. Bizia kentzera zihoazkiola igarri zionean.
2 dio ad. (nor osagarririk gabe). Jakin nahi zuen haren asmo gaiztoei igarri ote zien. Burutapen bakuna da, zoroak ere igarriko liokeena. Igartzen diozu irakurtzen duzun horri? Nola igar diezaioket, inork erakutsi ez badit?
3 du ad. Ezezagun dena, ezkutuan dagoena edo gertatzeko dagoena asmatu. Hitz haien esanahia ezin igarriz. Ezetz igarri nork idatzi didan. Zer gertatzen zen ezin igarriz.

Alabaina, aditzaren adieretan gure kasutik gertuen dagoena lehena izan arren, ez da gure kasua bete-betean hor sartzen, ustearen edo intuizioaren bidez zerbait ezagutzera heldu edo zerbaitez konturatu dio definizioak, eta igarri barik min emate horretan ez du usteak edo intuizioak jokatzen, oharmen hutsak baino. Ez du jasotzen, beraz, nire ustean, oharturen parekoa den adiera. Izan ere, ohartu sarrera begiratzen badugu Euskaltzaindiaren Hiztegian:

ohartu, ohart, ohartzen
1 da ad. Adimenaren edo oharmenaren bidez gauzaren batez jabetu. (Osagarritzat -z atzizkia hartzen duen izen sintagma bat, adierazpen-perpaus osagarri bat edo zehar-galdera bat har dezake). Ik. konturatu; erreparatu 2. Ez da horretaz ohartu. Ohartu naiz ona dela. Aurki ohartuko baitzarete ilun zirudiena kristala bezain argia dela. Orduan ohartu zen gizon hura bere aita zuela. Kontu hartzen zeuden soldaduak ezertaz ere ez ziren ohartu. Ez zara ohartzen zer den? Ohart daitezela non dabiltzan edo nora doazen. Arras zahartzen eta ezintzen ari zela oharturik. Ondo ohartu gabe bekatu egiten denean. Abimelekek, zertan zebiltzan ohartu, eta aurrea hartu zien. Etsaiak zeuden tokira gauaz, inor ohartu gabe, sartu zen. Ez ote garen, ohartu gabe, paganoak bezalakatzen ari.
2 zaio ad. Ipar. Hitzekin esan edo adierazi nahi dugunari ohartu behar gatzaizkio. Ez natzaio ohartu. Ez zitzaion ohartu emaztekiaren beldurrari. Artzaina bazihoan, deusi ohartu gabe. || Jakintsu arrotzak ohartuago zaizkio guhaur baino gure mintzairari.
3 (Partizipio burutua izenondo gisa). Espiritu argia eta ohartua. || Ez ohartuarena egin.

Hor, bai, gure igarriren kasu berezi horri bete-betean egokitzen zaio oharturi eman zaion adiera. Adiera ez ezik, baita sinonimoak ere, konturatu, eta erreparatu. Beraz, simetria hori sinonimoetan ere gertatzen da, zeren igarriri ematen zaion sinonimoak, antzemanek ere, ez baitu balio gure adibide berezirako. Hau da, badago sinonimia bat igarri barik izan da, konturatu barik izan da eta ohartu gabe izan da esapideen artean.

Ikus dezagun nola erabili den Ereduzko Prosa Dinamikoan igarri barik/gabe:

Igarri barik aldaerak hiru agerraldi baizik ez ditu ematen, hiru egileren liburu banatan (Xabier Amuriza, Miren Agur Meabe eta Joseba Sarrionandia). Ez da oso emaitza oparoa.

Eta igarri gabe aldaera galdetuta, askoz gehiago dira kasuak, denak liburuetan, ez prentsan: 8 esaldi, zazpi liburutan, zazpi egileren eskutik. Eta, horrek adierazi dit, nire usteaz beste, balitekeela ez izatea mendebaldeko hizkeretakoa bakarrik aztergai dudan esapidea. Baina ez dakit.

Igarri barik aldaeraren kasuak ekarriko ditut hona:

3.- Euren buruak galtzeko zori txarrean doiazala igarri edo gogoratu barik, sartuten dira itxas barrura, etxeak aรฑako baga zuri sendoen artetik. Ag Kr 30.

4.- Zikinkeri guztijak erdereaz batera / Igarri barik sartu yakuz geure artera. Enb 41.

5.- Igarri barik berandutu jakuen. Gerrika 155.

6.- Orduan bidia igarri barik egiten dabe, etenbako barriketa pozkor gozuaren bitartez. Kk Ab II 142s.

7.- Iรฑok igarri barik bertaratu dira. Kk Ab I 58.

8.- Emakumea bada edatuna, […] iรฑok asko igarri barik salduko dauz oeko izarak bere. Ezale 1897, 143b.

9.- โ€”Baรฑa, zer diรฑok? –Ez,… ezebez… ezebez… Igarri barik urten jestan da. SM Zirik 27.

Urria, nolabait, erabilera.

Nire gogoa, berez, oharturen adiera bete-beteko erabileran eskaintzen dituen aukerak ustiatzea.

Jakinik, ordea, igarriren erregimenak, adiera horretan, nor/zer argumentua hartzen duela beti, absolutibo kasuan (igarri barik [hor zinela] = zer/ edo igarri barik [min ematen nizula] = zer), eta, subjektu isildua, aldiz, bi adibide horietan, [nik, berak,โ€ฆ] igarri barik [hor zinela] [min ematen nizula)] ergatiboan. Hain zuzen, esapidetua edo lokuzio bihurturik, osagarri beharrezko horiek isilduta, lausotzen zen ume nintzeneko adimena, gure esapide horren aurrean. Ohartuk, bestalde, oso erregimen bestelakoa, Euskaltzaindiaren Hiztegiko goiko sarrera horretan ageri denez: -z instrumentalaz osagarria (ohartu zerbaitetaz), edo zaio aditz gisa jokatua, datiboan (ohartu natzaio zerbaiti); eta absolutiboan subjektua.

Eta abiatu naiz, beraz, begiratzera zer joko edo aukera ematen ote duen igarriren sarrerak Orotarikoan, oharturen sinonimo betetzat jotzeko moduko adibiderik ba ote duen sarreran bertan, ea Euskaltzaindiaren Hiztegian ematen zaion definizio hori baino zabalagorik ote dagokiokeen, gero nik baliatu ahal izateko, eta igarri barik kriptikotik baliatze-aukera oparoagoetara zabaldu ahal ote dudan, Orotarikoan adibideen artean aurkitutako horiez gainerako batzuen bidez. Eta bakan batzuk baino ez:

10.- Beltranek igarri zun orduantxe zergatik aldendu zitzaion emaztea. Etxde AlosT 53รง

11.- Atso barrabanak bere entzuleak isil, otzan ta eskurakoi jarri zituala igarri ebanean. Erkiag Arran

12.- Irakurleak igarriko eban azkenengo esaldi au euskal idazlearen eretxi bat dala. Etxabu Kontu

13.- Nere buruari igertzen nioken gaitza beraka asi zala. Ataรฑo TxanKan 173 (ib. 175 igarri)

14.- Hizkuntza gaietan eskarmenturik duenak aurki igerriko dio liburu honen egileak ez duela gutxi entzun eta irakurri. MIH 303.
v. tbn. Ill Testim 26. JAIraz Bizia 83. Salav

(Igarri gabe aldaeraren kasuak gehiago dira Orotarikoan, adibideen artean bilatuta, baina ez askoz gehiago).

Horra, bada, Orotarikoan topatu, eman nahi niokeen erabilera zabalago horretarako bidea โ€“adibidetegian (9) eta igarri sarrerako adibideen artean (4)โ€“, hainbat esaldi aurkituta, zeintzuek, beharbada, zilegiztatuko bailukete Orotarikoan azpisarrera bat, edo Euskaltzaindiaren Hiztegian definizio zabalxeago bat, usteari edo intuizioari oharmena (ezen ez igarmena)ere gehituz. Ez dakit, ostera, ez ote den nire nahia gehiago, zilegitasuna baino, adibideen urriarekin.

Aukeren artean bat edo beste erabiltzeko orduan, agerian da irizpide erabakigarria gertatuko dela subjektua ergatiboan edo aboslutiboan erabiltzeko autua. Ematen du igarri aditzak subjektua ergatiboan izanez, eta ohartu aditzak absolutiboan, eta halaber konturatu aditzak, badela eragozpen semantiko moduko bat, ergatiboak ekintza aktiboa eskatzen duelako, eta ergatibotasunak subjektuaren ekintza bat iradokitzen duelako, eta, hartara, konturatu gabe igartzea zail egiten zaiola gure hizkuntza-senari, ergatibotasunari. Eta hor dagoke nire zailtasun haren beste arrazoi bat. Eta, orobat, igarri adiera horretan horren baliatua ez izatearen kausetako bat.

Baina sarriago erabili nahi nuke, nire moldakaiztasun dagoeneko ikertu eta agertu hori gorabehera, garai bateko igerri barik izen da enigmatiko eta magiko hori (eta esapideaz besteko egoeretan ere bai, hona bildutako adibideen bidetik). Ez, baina, min emateko, ezpada gure esapideei eusteko โ€“min ematera, gainera, hobe igarri barik. Samurrago barkatzen zenโ€“.

Beowulf euskaraz?

Josรฉ Ignacio Hualde

Otsaileko nire artikuluan gogoeta bat proposatu nizuen; hots, pentsatzea Leizarragak nola itzuliko zukeen kalbindarren salmo-liburua.

Ez dakigu egunen batean agertuko diren Leizarragaren salmoak nonbait. Beharbada Leizarragak erreginaren agindua osoki bete zuen eta salmoak ere idatzi zituen euskaraz, baina beranduegi bukatu zituen. Noski, Nafarroako Henrike errege kalbindarra Frantziako errege katoliko bihurtu ondoren ez zegoen argitaratzerik. Bien bitartean, erramu boneta Gilen Mejutorentzat!

Oraingo saio honetan poesia eta erritmoari lotutako beste gogoeta-proposamen bat dakarkizuet. Euskaraz, inguruko hizkuntzetan bezala, errima erabiltzen da, neurriaz gain, bertsoak egituratzeko. Erdi Aroko hizkuntza germanikoetan, aldiz, errima ez zen ohikoa, eta aliterazioak, erritmoaz gain edo erritmoaren indargarri, betetzen zuen egituratze funtzio hori poemetan.ย Beowulfen, adibidez, nabarmena da aliterazioa poeman zehar. Hasierako lerroetan bertan kausitzen dugu:

Hwรฆt!
wฤ“ Gฤr-Denaย ย  in geฤr-dagum
รพฤ“od-cyningaย ย ย  รพrym gefrลซnon,
hลซ รฐฤ รฆรฐelingasย ย ย  ellen fremedon.

Hona nire itzulpen-saio kaxkarra:

Adi egon! Antzinako lantzadun daniarren buruzagien ospeaz entzun dugu,
nola aitoren seme horiek ekintza ausartak burutu zituzten.

Bertso bakoitzean aliterazio patroia eratzen duten hitzak hauexek dira: lehen lerroan, Gฤr-Denaย โ€˜lantza-daniarrakโ€™ eta geฤr-dagum โ€˜antzinako egunakโ€™;ย bigarren lerroan, รพฤ“od-cyninga โ€˜herri-erregeak, buruzagiakโ€™ eta รพrym โ€˜ospea, loriaโ€™; eta hirugarrenean 0รฆdelingas โ€˜aitoren semeakโ€™ eta 0-ellen โ€˜ekintza ausartakโ€™ (hasierako kontsonanterik gabe, 0-0).

Poemaren zati askotan aliterazioaren pisua are handiagoa da, eta lerro gehienetan hiru aldiz errepikatzen da aliteratzen duen soinua: bi aldiz lehen hemistikio edo lerro-erdian eta berriro ere bigarren hemistikioaren hasieran, hurrengo bertsoetan ikusten dugun bezala:

210






Fyrst forรฐ gewฤt;ย ย ย  flota wรฆs on ydum,
bฤt under beorge.ย ย ย  Beornas gearwe
on stefn stigonโ€”ย ย ย  streamas wundon,
sund wiรฐ sande;ย ย ย  secgas bรฆron
om bearm nacanย ย ย  beorhte frรฆtwe
gลซรฐ-searo geatolฤซc;ย ย ย  guman ลซt scufon,
weras on wil-sฤซรฐย ย ย  wudu bundenne.

Beowulf ingeles modernora bertsotan itzuli dutenek askotan edo gehienetan erabili dute aliterazioa neurri batean beraien bertsioetan, nolabait jatorriko testuaren musikaltasuna transmititzeko. J.R.R. Tolkienek honako itzulpena ematen du, jatorrizko erritmoari eta aliterazio ereduei hertsiki lotzen zaiena:

Time passed away.ย ย ย  On the tide floated
under bank their boat.ย ย ย  In her bows mounted
brave man blithely.ย ย ย  Breakers turning
spurned the shingle.ย ย ย  Splendid armour
they bore aboard,ย ย ย  in her bosom piling
well-forged weapons,ย ย ย  then away thrust her
to voyage gladlyย ย ย  valiant-timbered.

Seamus Heaney-k askatasun handiagoarekin itzultzen ditu gaurko ingelesera bertso hauek:

Time went by, the boat was on water,
in close under the cliffs.
Men climbed eagerly up the gangplank,
sand churned in surf, warriors loaded
a cargo of weapons, shining war-gear
away with a will in their wood-wreathed ship.

Heaney-ren itzulpenean aliterazioak ez ditu betetzen jatorrizko murriztapenak. Sariak irabazi dituen itzulpen eder honetan itzultzaileak libreago jokatzen du; baina, hala ere, aliterazioa erabiltzen du, arau berriekin bada ere. Efektua berria da eta irakurleak jatorrizkoaren oihartzuna entzuten du zeharka.

Ez dut poema honen euskarazko bertsiorik aurkitu; eta ni ez naiz gai Beowulf euskaratzeko, ezta hurrik eman ere. Baina hemen badira ni baino askoz trebeagoak eta jakintsuagoak direnak. Ez dakit euskarazko bertsio hipotetiko batean zentzuzkoa izango ote litzatekeen aliterazioa erabiltzea, ala zentzuzkoaren kontrakoa, kontuan hartuz oso desberdina dela euskararen hizkuntz erritmoa. Hori da nire galdera.

Erantzuna pentsatzeko tenorean komeni da ondo ulertzea aliterazioak nola funtzionatzen duen, zertan datzan, poema honetan, eta oro har tradizio germaniko zaharrean. Lehen begiratu batean irudiko luke aliterazioa hitz hasierako kontsonanteen hoskidetasunaren bidez gauzatzen dela. Baina ez da benetan horrela. Hoskide ez dute hitz hasierek izan behar, silaba azentudunen hasierako kontsonanteek edo kontsonante taldeek baizik (bokalez hasten diren silabek hasiera hutsa dute). Gertatzen dena da azentua ia beti lehen silaban doala ingeles zaharrean, beste hizkuntza germaniko zaharretan bezala. Baina badira salbuespenak, eta salbuespen horiek erakusten digute aliterazioa silaba azentudunek eramaten dutela, ez nahitaez hitz-hasierako silabek. Hori adibidez lerro honetan ikusten dugu, non lehendabiziko hitzak azentua bigarren silaban baitarama:

218

Gewรกt รพa ofer wวฝgholm ย ย ย ย  wรญnde gefysed
โ€œalde egin zuen uhinen gainetik, haizeak eragindaโ€

Metrika sistema hau silaba azentudun eta azentugabeen arteko alternantzian oinarritzen da, eta aliterazioak efektu erritmikoa indartzen du. Hemistikio bakoitzak bi azentu nagusi edo โ€œgorakadaโ€ (ingelesez lift) ditu eta aliterazioa silaba azentudun horietan markatzen da. Guttienez, lerroko lehen eta hirugarren gorakadek aliteratzen dute; gehienez, lehenak, bigarrenak eta hirugarrenak. Hori da araua.

Eta hemen dugu arazoa euskaratzeko: aliterazioa erabiltzeko jakin behar dugu azentuak non jartzen diren; baina, dakigun bezala, euskalki eta euskal hizkera desberdinetan azentuera desberdinak ditugu.

Euskara batuan, azentua hitzaren bigarren silaban jartzea da araurik hedatuena (salbuespen batzuekin). Aukera bat, beraz, azentuera hori erabiltzea izango litzateke, azentua bigarren silaban kokatuz: antzรญnateko lantzรกdunak. 201. lerroa, adibidez, honelaxe itzul daiteke agian:

Orรฉnak irรกgan, ย ย ย ย urรฉtan barkรบak

Aldiz, irรกgan, รบretan ahoskatuz ez genituzke jatorriko testuaren aliterazio eta erritmo arauak errespetatuko. Hala ere, dudarik gabe, bidezkoena izango litzateke itzultzaile euskalduna bere hizkuntz intuizioez baliatzea azentuak kokatzeko eta horren arabera hoskidetasunak eraikitzeko.

Horra beraz ariketa proposamena.

Erreferentziak

Heaney, Seamus. 2000. Beowulf: A new verse translation. New York & London: Norton.

Russom, Geoffrey. 1998. Beowulf and Old Germanic meter. Cambridge: Cambridge University Press.

Terasawa, Jun. 2011. Old English meter: An introduction. Toronto: Toronto University Press.

Tolkien, J.R.R. 1984. The monsters and the critics and other essays. Boston: Houghton Mifflin. [Bereziki: โ€œOn translating Beowulfโ€, 49-71 or.]

Hiztegi on bat hemen: https://bosworthtoller.com

Alderantzizko bidaia bat

Idoia Santamaria Urkaregi

ยซEuskararen erabilerari buruz aritzeko talde-blogaยป du izenburu 31 eskutik-ek, eta hori izango du abiapuntu sarrera honek ere; oraingoan, baina, gehienetan egiten dugun bidaiaren noranzkoa alderantzikatzea proposatzen dizuet: gaztelaniatik euskararako txangoaren ordez, euskaratik abiatu eta gaztelaniaren geltoki batean jaistea.

Esaldiko elementuen ordenari buruzko kontu bat nabarmendu nahi nuke hemen: euskarazko galdegaiak gaztelaniazko esaldietan hartu behar duen lekua edo, beharbada egokiago, hartu behar ez lukeena.

Ez naiz terminologia-kontuetan katramilatutako; alegia, gaztelaniaz batzuetan FOCO, beste batzuetan REMA terminoak erabili izan dira esaldi batean nabarmendu nahi den elementua izendatzeko. Hori litzateke, oso sinple esanda (sinpleegi, baiki), euskarazko GALDEGAIAren parekoa-edo. Zein da arazoa? Bada, euskaraz โ€”hemen ere oso sinple esandaโ€” aditzaren aurrean jarri ohi dugula esaldian nabarmendu nahi duguna, ezer nabarmendu nahi badugu behintzat. Adibidez:

Aitak GONA GORRI BAT erosi zuen.

Esaldi hori gaztelaniara itzuli beharko bagenu, ez genuke zalantza handirik egingo:

Mi padre comprรณ UNA FALDA ROJA.

Bi esaldi horietan, euskarazko eta gaztelaniazko esaldi barruko elementuen ordenari buruzko alderik nabariena ageri da: erran nahi baita, euskaraz, zerbait nabarmendu nahi badugu esaldian edo informazio berria eman nahi badugu, aditzaren aurretik jarri ohi dugu (goiko esaldian, GONA GORRI BAT) eta gaztelaniaz, aldiz, aditzaren atzetik (UNA FALDA ROJA)[1].

Kontuan izan behar dugu, hala ere, gaztelaniak erraz botatzen dituela elementuak aditzaren atzera, ez bakarrik nabarmendu nahi d(it)uena(k). Esate baterako:

Mi padre comprรณ una falda roja para mi madre

Esaldi horretan, bi elementu ditugu aditzaren atzetik: ยซuna falda rojaยป eta ยซpara mi madreยป. Zer elementu nabarmentzen du gaztelaniazko esaldi horrek? Bada, esaldi hori bakarrik hartzen badugu aintzat, bietako edozein. Nola jakin orduan zer nabarmentzen duen esaldi horrek (ezer nabarmentzen badu, noski, beste aukera bat ere posible baita: esaldi osoa izatea informazio berria eta, beraz, ezer ez egotea nabarmenduta). Zerbait nabarmenduta dagoen jakiteko eta, hala bada, bi elementu horietatik zein dagoen nabarmenduta jakiteko, testuingurua beharko genuke (eta aurreko diskurtsoa, eta idazleak eta irakurleak partekatzen duten informazioaren berri izan). Horrek bakarrik argituko digu auzia.

Gatozen orain berriki parean egokitu zaizkidan bi adibide ikustera.

1) Testuinguru pixka bat aurrena: Hamaika Telebista, adimen artifiziala baliatuz, azpidatziak eskaintzen hasi da berriki saio batzuetan. Horren berri emateko, euskarazko prentsa-ohar bat idatzi zen aurrena, eta gaztelaniara itzuli gero.

Honela zioen euskarazko testuak (izenburu nagusia eta bi lead-ak jaso ditut aurrena, โ€”letra etzanean bi horiekโ€” eta, ondoren, prentsa-oharraren hasiera):

Hamaika Telebistak azpidatziak jarri ditu martxan adimen artifiziala baliatuz

Hamaika Telebista ahotsa azpidatzi moduan ematen hasi da bere web-orrian, Orai NLP Teknologiak langunearekin elkarlanean.

Duela aste batzuk dago martxan: adimen artifiziala baliatuz, bideoetan esandako hitzak azpititulu bihurtuko dira hemendik aurrera www.hamaika.eus webgunean.

Donostia, 2023ko otsailaren 28a.

Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaikak egoitza duen Donostiako PIA eraikinean.

Azken esaldiari erreparatu nahi diot:

Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaikak egoitza duen Donostiako PIA eraikinean.

Hona hemen esaldi horrentzat emandako gaztelaniazko itzulpena:

Hoy mismo se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostia, sede de Hamaika.

Esan berri dugunaren arabera, gaztelaniazko itzulpen hori ez litzateke egokia izango, nahiz gramatikala izan. Euskaraz aditzaren aurretik nabarmendutako ยซgaur bertanยป hori ezin dugu gaztelaniaz aditzaren aurretik eman, ez badugu irakurlea nahastu nahi behintzat. Honelako zerbait idatzi beharko genuke gaztelaniaz, euskarazkoaren pareko informazioa emateko:

El proyecto se ha presentado hoy mismo en el edificio PIA de Donostia, sede de Hamaika.

Hots, gaztelaniaz aditzaren atzetik eman beharko genuke euskaraz aditzaren aurretik eman duguna. Norbaitek esango du, beharbada, ยซHoy mismo se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostiaยป esaldian ยซHoy mismoยป ere izan daitekeela elementu nabarmendua gaztelaniaz, ahoz egiten baititugu horrelakoak, intonazioa baliatuz:

HOY MISMO se ha presentado el proyecto en el edificio PIA de Donostia.

Bai, ahoz (euskaraz ere egiten ditzakegu antzeko jokoak). Baina idatzizko jardunaz ari gara hemen, idatziz ez baitugu intonaziorik edo ahotsaren modulaziorik. Beraz, gaztelaniaz zerbait nabarmendu nahi badugu idatziz, ez zaigu komeni aditzaren aurretik jartzea, gaizki-ulertu bat eragin baitezakegu, edo, gutxienez, irakurlea nahasi baitezakegu eta, beharbada, testuan atzera eta aurrera eginarazi. Izan ere, goiko esaldi hori irakurtzean, erraz ondorioztatu dezake edonork gaztelaniazko esaldian ยซ(se ha presentado) el proyecto en el edificio PIA de Donostiaยป dela nabarmendu nahi dena, eta interpretazio hori ez litzateke egokia izango, gure testuingurua kontuan harturik.

2) Prentsa-ohar bereko bigarren adibidea orain:

EU (jatorrizkoa): Lehen urrats batean, Hamaikako albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak ageriko dira azpidatzita, webguneko ยซGurean Gaurยป ataleko ekoizpenetan zehazki. Nolanahi ere, aurreikusita dago sistema webguneko zuzenekoetan edota ohiko telebistako zuzenekoetan ere aktibatzea. Urratsez urrats, aurrez grabatutako saioetan ez ezik, eduki gehiagotan ere azpidatziak eskaintzeko joera lantzen jardungo du batetik, eta beste hizkuntzetan daudenak euskarara ekartzen ere bai bestetik.

ES (itzulpena): En una primera fase, la voz en off de las noticias de Hamaika y las palabras de los protagonistas se mostrarรกn subtituladas, concretamente en las producciones de la secciรณn ยซGurean Gaurยป de su pรกgina web. En cualquier caso, estรก previsto que el sistema se active tambiรฉn en los directos de la pรกgina web o de la televisiรณn. En fases sucesivas, se ofrecerรกn subtรญtulos no solo en programas previamente grabados, sino tambiรฉn en mรกs contenidos, y se incorporarรกn al euskera contenidos procedentes de otras lenguas.

Aurreko adibidearen arazo bera dugu hemen ere. Euskarazko lehenengo esaldia irakurrita, ulertzen dugu azpitituluak faseka txertatuko dituela Hamaikak eta, aurrena, albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak azpititulatuko dituela. Eta, aurrerago, eduki gehiagotan ere txertatuko dituela.

Gaztelaniazko itzulpena irakurriz, ordea, ez dugu gauza bera ulertzen. Lehenengo esaldiko informazioak adierazten digu albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak azpititulatuta agertuko direla aurrena (eta irakurleak, beraz, uler dezake beste moduren batean agertuko zaizkiola aurrerago; demagun, bikoiztuta). Ez da hori, baina euskarazkoak dioena. Honelako zerbait eman beharko genuke gaztelaniaz, bi hizkuntzetako informazioa parekatzeko:

En una primera fase, se mostrarรกn subtituladas la voz en off de las noticias de Hamaika y las palabras de los protagonistasโ€ฆ

Horrenbestez, komeni da kontuz antolatzea esaldi barruko elementuak euskaratik gaztelaniarako itzulpenetan.

Informazio bila?

Inork gaztelaniazko esaldi barruko elementuen ordenari buruzko informazio sakonagoa nahi badu, iturri oso gertuko bat gomendatuko nioke lehen-lehenik:

  • Juan Garzia, Joskera lantegi (IVAP, 1997; bereziki, 2.5 atala: ยซGaldega/mintzagaiโ€ฆ terminoak zehaztuz eta bereizkuntzak argituzยป).

Informazio mamitsuz beteta dago liburua. Askotan esan izan diot neure buruari gaztelaniari buruz gehiago ikasi dudala liburu hori kontsultatuz berariaz gaztelaniaren gramatika lantzen duten beste liburu asko irakurriz baino.

Beste iturri saihetsezin bat RAEk eta espainolaren akademien elkarteak 2009an argitaratutako gramatika mardula da:

  • Nueva gramรกtica de la lengua espaรฑola; zehazki, sintaxiari buruzko II. liburukiaren ยซLas funciones informativasยป atala (2.963.-3.034. or.).

Honaino gaurko txangoa. Paseoaren ondoren, hamaiketakoa. On egin.


[1] Ohar garrantzitsu bat: idatzizko moldeaz ari gara hemen, ez ahozkoaz, euskaraz zein gaztelaniaz beste estrategia batzuk baliatzen baititugu ahoz. Horri buruzko azalpen zabalxeagoa dago aurrerago.