Geruza gehiago

Joannes Jauregi Benavides

Aurreko astean, Idoia Santamariak ale eder-eder bat utzi zigun blog honetan, hizkuntzen (eta batik bat alemanaren) ikaskuntza abiapuntu hartuta, eta ni behintzat eskerrak birritan eman beharrean nagokio: baga, testuak bere hartan ematen duen gozatuagatik, eta, biga, nire hurrengo honetarako ideia ere eman didalako hizkuntzen ikaskuntzaren gaiak.

Izan ere, hizkuntzen eta itzulpenaren jira-bueltan gabiltzanok sarri askotan jakintzat jotzen dugu hizkuntzen ikas-irakaskuntza bera, eta akaso ez diogu merezi lukeen gogoetaldirik eskaintzen. Santamariak hizkuntzekiko harreman kasik intimoa hartu zuen hizpide (“Beti iruditu zait hizkuntza bakoitzak pertsona bat izateko aukera ematen duela”), eta hari-mutur horixe zirtzildu nahiko nuke zertxobait: hizkuntza bakoitzak pertsona bat izateko aukera ematen duela, alegia, baina baita hizkuntza horietan garatzen dugun gaitasun linguistiko bakoitzak ere. Ez baita gauza bera hizkuntza bat eguneroko komunikazio xeherako ikastea, edo bidaiatzeko, edo irakurtzeko, edo den-denerako. Testuinguruak, norberaren interes-helburuek eta gaitasun berezkoek, guztiek taxutzen dute hizkuntza baten ikaskuntza eta harekiko harremana. Eta horiek, esango nuke, gutxitan datoz bat hizkuntzatik hizkuntzara. Nik neuk, behintzat, oso desberdin banatuak ditut gaitasunak ezagutzen ditudan hizkuntzetan: batak jario txukunez solastatzeko modua ematen dit akaso, baina nekez idatz ditzaket bi esaldi akasgabe bata bestearen segidan; besteak, berriz, ondo samar irakur dezakedan arren, ez dit ahoskatzeko ere modurik ematen.

Eta, hala ere, hizkuntzak ikasteaz edo jakiteaz mintzo garenean ez ote dugu oso absolutuki mintzatzeko joera? Hizkuntza bat badakigula ala ez dakigula esaten dugu, baina zer esan nahi du horrek? Noiz esan dezake ikasleak hizkuntza bat ikasi duela? Hizkuntza-eskolako azterketako lau atal tradiziozkoak (ulermena idatziz, ulermena ahoz; ekoizpena idatziz, ekoizpena ahoz) gainditzen dituenean? Uste dut sinplifikatzeko joera hori ederki adierazten duela hizkuntzak menderatu egiten direla esateko ohiturak ―‘Espezie inbaditzaile’ gisa sailkatuko ote lukete Irene Arraratsek eta Maialen Berasategik menderatu hori Ezer ez eta festa podcastean?―. Nik neuk ez dut uste ezagutzen ditudan hizkuntzetatik bakar bat ere menderatzen dudanik; izatekotan, haiek menderatzen naute ni, eta zeinek bere modura, gainera. 

Berdinak ote dira administrazioan lan egiteko B2a atera berri duenaren euskara, gure amonaren gaztelania traketsa, filologo klasikoaren latina eta Erasmuseko ikaslearen ingelesa? Hizkuntza horiek guztiak berariaz ikasiak izan arren, zeinek bere manerara landu ditu gaitasun batzuk eta alboratu besteak, norberaren abilezien, zaletasunen, joeren eta testuinguruaren arabera.

Azkenaldian nahiko tematua nauka hizkuntza-gaitasunei bereizita erreparatzearen kontuak, zeren iruditzen baitzait horren kontzientzia hartzeak asko irakatsi didala hizkuntza-ikasle gisa. Eta esango nuke gaitasunak ―geruzak― bereizteko ohitura hori zabalduxeago balego askoz hobeto ikas-irakatsiko liratekeela hizkuntzak gizartearen luze-zabalean, zenbait kasutan bederen: ez ote da posible euskara ulertzen ikastea? Urtean behin Frantziara oporretan joan nahi duenari zer axola zaio frantsesaren ortografia? Eta ahoskera, Yourcenar eta Ernaux jatorrizko bertsioan leitu besterik nahi ez duenari? Geruza guztiak zuritu behar al zaizkio tipulari mozten hasi aurretik?

Zubi-hizkuntzak, trilogia bat eta bi “boutade” ondorio gisa

Joannes Jauregi Benavides

Jon Fosse idazle norvegiarraren Trilogia euskaratzeko lana (eta suertea) egokitu zaidan honetan, eta norvegieraz ez dakidanez gero, bat-batean eta ustekabez zubi-hizkuntzen gaiarekin egin dut tupust. Orain artean ez zidan aparteko interesik piztu, baina, beharrak hartaratuta han-hemenka bila hasirik, Senez aldizkariko bi artikulu lagungarri aurkitu ditut: Karlos Zabalarena bata, Ivo Andritxen ‘Zubi bat Drinaren gainean’ eta zeharbidezko itzulpena, eta Monika Etxebarriarena bestea, Itzulpen baten penak eta nekeak, Danilo Kisen Hildakoen entziklopedia-ren itzulpenaz. Bi itzultzaileak nekatu ziren Zabalak zeharbidezko itzulpen gisa bataiatu zuen horretan, eta neke haien biharamunetan idatzi zituzten artikuluak. Nago, eta zorionekoa ni, haien lan-osteko gogoetek nabarmen erraztu dutela nire itzulpen-lanaren hasiera.

Jatorrizko hizkuntza ez beste batzuetatik egindako itzulpenak ia berez sortzen duen mesfidantzaren kontra, Zabalak testuinguru zabal batean kokatzen du zeharbidezko itzulpena, esanez ezen “hizkuntza guztietan eta garai guztietan” egin dela: Mila gau eta bat gehiago klasikoa, adibidez, frantsesezko itzulpenaren bidez zabaldu zen Mendebaldean (XIX. mendeko nobelagile errusiarrak bezala, bidenabar esanda), eta, kontrako bidean, Mendebaldeko literatura ugari japonieraren zeharbidez iritsi bide da koreerara.

Hizkuntza txikiek, bestalde, sarritan ez dute itzultzaile nahikorik izaten zenbait hizkuntzatatik itzultzeko. Esango nuke kinka horretan suertatu garela Jon Fosseren Trilogia eta ni neu. Nik dakidala, Juan Mari Mendizabal dugu literatura hizkuntza nordikoetatik zuzenean euskaratu duen itzultzaile bakarra (Hamsun, Sjón eta Kierkegaard, besteak beste), eta, nahiz eta lan bikaina eta estimagarria egin inondik ere, ez dirudi bidezkoa denik itzultzaile bakar bati bizkarreratzea hizkuntza nordikoen zaku osoa.

Edozein kasutan, eta zeharbidezko itzulpena nonahikoa eta batzuetan ezin saihestuzkoa izanagatik ere, mesfidantza-urrin temoso batek segitzen dio noranahi; ez beharbada propio erdeinatzen edo gutxiesten direlako era horretako itzulpenak (nahiz eta akaso bai propio ekiditen), baizik eta, kontrara, neurrigabe samar prezatzen delako hizkuntza ezohiko edo urrun baten itzulpena “zuzenean” egitea. Zeharbidezko itzulpenak ale bikain ugari eman ez balizkigu bezala, Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean bera adibide (Hildakoen entziklopedia, zoritxarrez, ez dut irakurria), edo Karel Capeken Arrabioen gerra, berriki argitaratua Koro Navarroren itzulpenean.

Egia da mesfidantza-punttu hori naturala dela, eta itzultzaileak ere sentitzen duela (nik neuk bai bederen). Itzulpen badaezpadako bat hartuta nekez eman ahalko da taxuzko lanik, eta, denik eta itzulpen bikainena izanda ere, jatorrizko itzultzaileak dagikeen giza akats mendreena ere ia saihetsezin suertatuko zaio bigarren eskuko itzultzaileari. Horregatik, konbentzio onartuxea da bi zubi-hizkuntza erabiltzea, eta hala eskatzen du EIZIEk ere bere Literatura Unibertsala bildumarako. Alabaina, eta hilabete eskas honetan Fosserekin lortu dudan esperientzia-apurra aintzat harturik, elkarteari proposatuko nioke Monika Etxebarriak bere artikuluan ematen duen gomendioa erants diezaiela lehiaketaren oinarriei. Izan ere, Etxebarriak dio bere ustez bi hizkuntzak ez liratekeela batera erabili behar; bataren gainean egin beharko litzatekeela lehen zirriborroa, eta berrikusketan erabili beharko litzatekeela bigarrena. Karlos Zabalak ere harekin bat egiten du, nahiz eta aitortu ez ziola aholkuari segitu: “Erotzekoa izan zen bertsio-saltsa horretan igeri egitea. Eta okerrena da, erotuz gero, benetan ez dakizula zein puntutaraino ari zaren asmatzen hartzen dituzun erabakietan”.

Halaxe hasi nintzen ni Fosserekin, aldi berean erabiliz eskura nituen bertsio guztiak (ingelesa eta gaztelania nagusiki, eta alemana puntualki, maila oso kaskarra dudanez gero). Konturatu naiz, baina, hainbeste jatorri-testu izateak ikaragarri trakesten duela itzulpen-jarduna. Fosseren idazkerak ere izango du zerikusirik horretan, gehienbat komaz banatutako paragrafo luzeak eta elkarrizketa bizi eta biluziak tartekatzen baititu narrazio osoan. Paragrafook itzultzean, bereziki, erritmoa hartu ezinda ibili naiz, bi bertsioen eta nire testuaren artean salto-etenka eta eten-saltoka; testua segmentatzea ere bururatu zitzaidan, baina, bataren zein bestearen puntuazioa beti bat ez zetozenez, aurreikusten nuen horrek kendu baino buruko min gehiago emango zizkidala.

Beste zailtasun bat: bi bertsio (edo gehiago) izanik, neurrigabe erreparatzen zaie bi testuen arteko alderik ezdeusenei ere, eta, aise obsesionatzeko joera duen itzultzaile erdi-neurotiko gisa, aldarteka bazirudien gehiago ari nintzela bi itzulpen konparatzen testu bat itzultzen baino. Egin kasu, beraz, Monika Etxebarriari, eta erabili hizkuntzak banaka.

Horiek horrela, zeharbidezko itzulpenari buruzko bi ondorio koskorrekin bukatuko dut ale hau, akaso boutade hutsak, nabarmenak eta alferrikakoak irudituko zaizkienak sarearen paraje hauek populatzen dituzten aditu eta arituen tamainakoei, baina niri neuri lagungarri izan zaizkidanak, buruhausteon ondotik, hemendik aurrerako lanari hobeto ekiteko.

Lehen boutadea: Zeharbidezko itzulpenak planifikazio handiagoa eskatzen du. Zubi-testuak tentuz aukeratu beharra dago, eta lan handiegirik egin baino lehen finkatu behar da modus operandi-a, ez arian-arian aldatu behar izateko. Hasieran, inertzia hutsez, ingelesezko bertsioa lehenetsi nuen, baina gerora konturatu naiz ezen May-Brit Akerholt itzultzaileak Fosseren tonua eta atmosfera harrapatze aldera egindako zenbait hautu estilistikok ilundu egiten zidatela testua, eta ez argitu. Kontrara, gaztelaniazko bertsioak, Cristina Gómez-Baggethun eta Kirsti Baggethun itzultzaileenak, testu lakarxeagoa dirudi lehen irakurraldian, baina itzultzeko orduan gardenagoa egin zait. (Esan beharrik ez dago inpresiook erabat subjektiboak direla, eta ez dudala itzulpen-kritikarik egiteko asmorik). Beraz, irakurketa hutserako akaso ingelesezkoa lehenetsiko nukeen arren, lehen itzulpen-zirriborrorako gaztelaniazkoa hartu dut, ingelesezkoa orrazketa-faserako gordeta.

Bigarren boutadea: Langai dugun zubi-testua itzultzaile baten eskuetatik pasatu da. Ez hori bakarrik: itzultzaile batek idatzia da. Eta horrek lasaitasun adina urduritasun ematen du: lasaitasuna, itzultzaileak fidatzeko jendea direlako oro har, lanean arretatsuak eta xehetasunetan puntalakurloak, nor bere erara; eta urduritasuna (ezen ez mesfidantza), berriz, itzultzaile batek dakielako ondoen zer-nolako erabakiak hartzen diren itzulpen batean, jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko tirabiran, eta zer-nolakoak geratzen (uzten) diren, bestela ezinda, itzulpenaren bide-bazterrean. Hori dena txit ondo dakienez gero, itzultzaileak berak irudika lezake ondoen pantailan duen bertsioa noraino izango den jatorrizkoaren berdina edo desberdina.

Finean, zubi-hizkuntzen auziak testuaren izaeraz, idazketaz eta itzulpen-lanaz ditugun iritzi-usteak islatzen ditu, baita kordokatzen ere, eta are gehiago bat ustekabean harrapatzen badu, Fossek ni bezala.

Infinitua hiztegi batean

Joannes Jauregi Benavides

Azken bolada koskorrean, Bigarren Hezkuntzan ikasle ditudan gaztetxoei galdera berbera egin izan diet ikasturtea joan eta ikasturtea etorri: ea zer egiten duten euskarazko hitz bat konprenitzen ez dutenean ―eta, noski, zer esan nahi duen jakin nahi/behar dutenean―. Xalo erantzuten didate, “ba Interneten bilatu” soil batekin. Zer da, baina, Interneten bilatzea? Zenbaitek konpontxo egiten dute bilatzailean “significado X” jarrita; beste batzuek itzultzaile automatikoak erabiltzen dituzte galanki, eta ez hiztegi gisa soilik; bakarren batek “Elhuyar” aipatu izan du ahapeka, pedantearen sasilotsaz. Ordea, inori ez zaio bururatzen, ez euskaltzalerik sutsuenari ere, izango dela modurik euskarazko lexikoa gaztelaniaren makulurik gabe jasotzeko. Gehienak harritu ere egiten dira konturatzean baietz, badela euskarazko definizio-hiztegirik. “RAE bezalakoa”, esaten dute, irakaslearen etsigarri.

Ez naiz, baina, hizkuntz gatazkaren eta diglosiaren ur handietan murgilduko, nik dezakedan baino hobeto mintzatuak baitira jada beste batzuk blog honetan bertan. Gazteen kontrako epai errazetan laketzea ere ez zait guztiz zilegi iruditzen, “gaur egungo gazteak” garai guztietan izan baitira historiako okerrenak, eta, egia esatera, ez dakit noraino lepora diezaiekegun sareak ematen dituen errazbideez baliatzea soluzioak merke eskuratzeko. Hezkuntzari gagozkiolarik, ni neu humanitateen gainbeherak kezkatzen nau gehien, eta gainbehera horri atxikirik ikusten dut hiztegiaren kulturaren aienatzea. Teknopedagogia izeneko munstroaren altzo digitalean, zeinak, labur-zurrean esanda, ordenagailuak eman baitizkie ikasleei liburuen truke, txit zaila bilakatu da ez bakarrik literatura eta filosofia irakastea, baizik eta baita hiztegiak kontsultatzeko ohiturak eta jakintzak sustatzea ere, merke-zurreko soluzio sinplista guztiak zorroztasuna eta esfortzua eskatzen dituztenen ondo-ondoan daudenez gero. Pantailan, distantzia berera biak.

Paperezko liburuak ondo eutsi zion eraldaketa digitalari, baina paperezko hiztegiak, nekez. Sareratu ―hodeiratu― egin ziren, eta paperaren erromantizismo guztiek ezin diote buru egin hiztegi digitalen azkartasunari, eguneratzeko gaitasunari eta, oro har, eraginkortasunari. Itzultzaile eta bestelako profesionalok ere aise ohitu gara. Niri behintzat, paperean sekula itzuli gabea naizen honi, zaila egiten zait imajinatzea nola ekin ahal izan zion Bingen Ametzagak Hamlet euskaratzeko lanari Ameriketara bidean itsasoratuta, paperezko hiztegi pare bat beste laguntzarik gabe.

Hiztegiak gaur egun ez dira liburuak, ez behintzat liburuak bakarrik, eta egitate hori metaberretsia dago gure eta gure inguruko hizkuntzetako hiztegietako definizioetan ere. Paperetik digitalerako transmutazio horretan, ezin uka tresna eraginkor eta praktikoak bilakatu direnik, eta nabarmen errazten diotenik bizitza jende ugariri, ez ikasleei bakarrik. Duela zenbait aste, Amaia Astobizak ale benetan interesgarria eta eskertzekoa eman zion blog honi, Elhuyar hiztegiaren zenbait funtzionalitate aurreratu xehe-xehe azalduz. Sekulako lana egin baitu jende burutsu askok sareko hiztegiak gero eta tresna eraginkor eta erabilgarriagoak egiteko, eta hori eskertzekoa eta mirestekoa besterik ez zait iruditzen.

Eta, hala eta guztiz ere, tresna eta baliabide gisa dituzten abantaila guztiak gorabehera, paperezko hiztegiak hori baino askoz gehiago ere izan daitezkeela (zitezkeela?) iruditzen zait. Hezkuntzara bueltan, sinetsita nago lexikoa ez dela berdin barneratzen bilatzaile-barra batean enter sakatuta edo minutu bat(zuk) liburu batean orri-pasa arituta, hitz hori gogoan (ahoan) bueltaka erabiliz, bere testuinguru alfabetikoan begiztatu nahian. Paperezko hiztegietan hitz-paisaia bereziak aurki daitezke, zeinek bai baitute literariotik ere. Ikasle garaiko latineko hiztegietan, berriz, lexikoa ez ezik morfosintaxia eta fraseologia ere ugari aurkitzen da orriz orri ―gure latineko irakasleak irri maltzur batekin esaten zuen “dena” zegoela hiztegian, baina aurkitzen jakin behar zela―; latin-ikaslearentzat, hitz jakinen esanahia ia bigarren mailako bihurtzen da tarteka, gainerako informazioaren aldean. Duela gutxi, bestalde, Julio Casaresen Diccionario ideológico de la lengua española harribitxia aurkitu nuen gurasoen etxean ahaztuta; hiztegi ideologiko bat zer zen ere ez jakin nik, eta seko liluratuta geratu nintzen liburukote hartan orri-pasa.

Izango da, seguru asko, horiek guztiak zeruratzeko modurik ere. Gaur-gaurkoz, baina, paperean, lurrean baino aurkitu ezin direlakoan nago.