Aspaldi daukat buruan azken urteetan lehen baino gutxiago irakurtzen ari naizelako ideia. Baina ideia horri segika, azkar-azkar, beste bat etortzen zait: ez da egia. Zuk asko irakurtzen duzu. Kontua da ez duzula gaztetan bezainbeste irakurtzen irakurtzeko plazer hutsagatik.
Garai batean orduak eta orduak ematen nituen muturra liburu artean sartuta, hara eta hona, liburu potoloekin karga-karga eginda. Irakurzaletasuna ez dut galdu, baina aspaldi utzi nituen atzean garai horiek. Zergatik utzi nion โhainbesteโ irakurtzeari? Ez nuke jakingo esaten. Boteprontoan, esango nuke denbora faltagatik dela. Baina aitzakia-kutsua ere badu horrek, ezta? Bada, horixe bera esaten dute irakurketa-ohiturei buruzko inkestan parte hartu dutenen %ย 46,8k. Denbora faltagatik ez bada, nekatuegi edo estresatuegi nagoelako dela esango nuke, beharbada.
Hala ere, ondo pentsatuta, iruditzen zait badagoela kontuan hartu beharreko beste arrazoi bat ere: interpretearen lanbideak berez eta bakarrik dakar irakurtzeko beharra. Eta, horregatik, literaturarekin zerikusi gutxi duen irakurketa asko egiten dugu, egunero. Eta hori ere bada irakurtzea.
Ideia hori blog honetara ekartzeko modu egokienaren bila nenbilela, interpreteen irakurketa-ohiturei buruzko oso artikulu interesgarri batekin egin nuen topo. Artikuluaren izenburua The reading habits of professional signed and spoken language interpreters da, eta egileak, Brenda Nicodemus, Minhua Liu eta Sandra McClure.
Artikuluan ahozko eta zeinu hizkuntzetako interpreteen irakurketa-ohiturak aztertu eta alderatzen dira. Oso interesgarria iruditzen zait ahozko eta zeinu-hizkuntzetako interpreteen arteko konparazioa egitea, baina gaurkoan datu bakarrarekin geratuko naiz: galdeketan parte hartu zuten ahozko eta zeinu-hizkuntzetako interpreteen % 99k eta % 90,93k, hurrenez hurren, enkarguak prestatzeko irakurketa espezifikoak egiten dituzte. Horraino, sorpresarik ez. Baina, horretaz gain, interpreteen % 98,5ek eta % 96,44k, hurrenez hurren, plazer hutsagatik ere irakurtzen dute. Horrek esan nahi du galdetegian parte hartu zuten interprete ia guztiek egiten dituztela mota bietako irakurketak; hau da, prestalanekoak eta plazerezkoak.
Artikuluan bertan aitortzen da parte-hartzaileei ez zitzaiela galdetu zer-nolako rola duen beren bizitzetan plazerezko irakurketak, baina, egileen hitzetan, emaitzek iradokitzen dute irakurketa funtsezkoa dela garapen profesionalerako, ezagutzak handitzeko, hiztegia aberasteko eta estresa murrizteko lagungarria delako, besteak beste. Ironikoki, gutxiago irakurtzeak eragin didan estresaren kontrako erremedioa ere bada irakurketa.
Gauzak horrela, zalantza gutxirako tartea dago, ezta? Interpretatzea irakurtzea ere bada.
Blog honetan askotariko sarrerak idatzi ditut interpretazioari buruz, eta pentsatu dut aurtengo azkena abagune polita izan zitekeela autokritika pixka bat ere egiteko.
Izan ere, maizago egoten naiz kabinan oholtzan baino, baina beste aldean egotea ere tokatu izan zait behin baino gehiagotan. Beti da garrantzitsua interpreteari dokumentazioa (aurkezpena, eskema, irakurriko den testuaโฆ) garaiz helaraztea. Behin eta berriz defendatu dut plaza honetan eta beste batzuetan, eta beti defendatuko dut. Eta txintxoa izan naiz hizlari izatea tokatu izan zaidanetan, eta eskatutako epean bidali ditut materialak.
Hala ere, doktorego-tesia defendatu nuenean sentitu nuen lehen aldiz interpreteari materialak bidaltzeko presioa. Presio desatsegina, bide batez. Nazioarteko doktorego-tesia egin nuen, eta euskaraz eta ingelesez defendatu. Horregatik, interpretea izan nuen epaimahaikideei euskarazko pasarteak itzultzeko.
Aste gogorra izan zen: urduritasuna, lana, emozioak gora eta beheraโฆ Ez neukan asmorik โez denborarik, egia esanโ aurkezpena idatziz prestatzeko. Momentuan inprobisatu nahi nuen. ยซEz dut idatzizko testurik irakurriko, eta, beraz, interpreteak ez du arazorik izango nire ahozko jardun inprobisatuari jarraitzeko. Aurkezpena prestatu, interpreteari denboraz bidali, eta listoยป. Izan ere, aurretik bidaliak nizkion tesia bera (400 orrialdetik gora) eta tesiaren laburpena ere โhorrelakorik pentsatzea ereโฆโ.
Asmatu duzue, bai. Idatzizko testua prestatu behar izan nuen. Nire hasierako asmoaren eta egutegiaren kontra. Erlojupekoan. Eta agobiatu eta estresatu egin nintzen lan โgehigarriโ hori egin behar izateagatik. Amorru apur bat ere eman zidan, aitortzen dut. Lehen aldiz, hizlari batzuek sentitzen dutena sentitu nuen.
Bekatua aitortuta, hiru ideia, labur-labur, hesiaren alde banatik:
1.- Proiektatzen den aurkezpenak ahozkoaren osagarri izan behar du, eta, beraz, ez da komeni diapositibetan ahoz esango dena idaztea. Hartzaileak badaki irakurtzen, eta beste zerbait espero du hizlariarengandik.
Bai, bainaโฆ interpretea ez da igarlea, eta ez du magiarik egiten. Nola aurreikusiko du zer esango duzun ez baduzu idazten? Nola jakingo du zer ezkutatzen den zuretzat erabat ilustratzailea den irudi baten atzean ez badiozu esplikatzen? Batzuetan, posible du esango den hori aurreratzea, gaia ezaguna badu eta prestaketarako material eta denbora nahikoa izan badu, baina doktorego-tesi baten defentsan? Hobe da ez arriskatzea. Hizlariaren beraren interesak zaintzeko eta babesteko modua da ahoz esango direnak idatziz eskatzea, interpretearen itzulpenaren kalitatea eta zehaztasuna ziurtatzeko bermea.
2.- Hizlaria da aditua gaian, eta kapaz da gai horri buruz luze, zabal eta zehatz hitz egiteko, denbora-tarte luze batez. Izan ere, urteak eman ditu dena delako gaia ahoz zein idatziz jorratzen.
Bai, eta, horrexegatik, hain zuzen, esango duen horren gaineko ahalik eta xehetasun gehien eman behar dizkio interpreteari, interpreteak ez baitu inoiz jakingo hizlariak adina gaiari buruz. Ezin ahantz daiteke oso testu-genero espezializatuaz ari garela, eta, beraz, orokorragoak edo dibulgatiboagoak diren testu-generoetan baino gehiago โlagunduโ behar zaiola interpreteari ezagutza espezializatu hori ahalik eta azkarren eta ondoen barneratzen.
3.- Horrelako hitzordu garrantzitsu baten atarian, entsegua programatu genuen interpretearekin โeta eskerrak!โ. Espero ez nuen lana eman zidan testua aurrean neukala, izugarrizko mendekotasuna sentitu nuen idatzita zegoen horrekiko. Irakurri egin behar nuela sentitzen nuen, eta begiak etengabe joaten zitzaizkidan paperera. Oso gaizki atera zitzaidan, inoiz baino okerrago. Sinestezina zirudien.
Interpretea erabat funtsezkoa izan zen entsegu horretan aurkezpenaren ahulguneak identifikatu eta azalpenetan gako izango ziren aldaketak egiteko. Bere lana ondo egiteaz ez ezik, neure ekoizpena hobetzeaz ere arduratu zen. Hark emandako feedbackari esker, aurkezpena oso ondo atera zitzaidan, testua bazter utzita.
Eta testua bazter utzita ere, interpretea eta biok sinbiosi-egoera batera iritsi ginen, non berak bazekien nik zer eta nola esango nuen eta nik banekien berak nola itzuliko zuen. Sorpresarik gabe, ezustekorik gabe. Lehen esan dut interpreteek ez dutela magiarik egiten, baina hark magia egitea lortu zuen, modu adeitsuan, eskuzabaltasunez. Elkarlanean aritu ginen. Nik โinterpretearentzatโ egin beharreko lana โniretzatโ egindako lan bihurtu zen. Amorrua amaigabeko esker on bilakatuta. Mila esker berriro ere, Idoia. Esperientzia horri esker, badakit bestaldean zer sentitzen den, baita sentimendu horiek enpatiaz nola bideratu ere, alde batean zein bestean egon.
Azkenean esperientziak berak erakusten digu testuliburuek esaten dutena: interpreteak hizlarien lagunak dira, eta ez etsaiak.
Izenburuko hiru terminoak nahasian erabili izan dira interpretazioaren arloko ikasketetan, oso ondo zehaztu gabe non dauden batzuen eta besteen arteko mugak. Kontua ez dago ebatzita, inondik inora ere, auzia ez baita bakarrik terminologikoa, kontzeptuala ere bada. Sarrera honetan hiru planteamendu ezberdin azalduko ditut, abiapuntua jarri eta elkarrekin gogoetatzen hasteko. Gogoeta bikoitza proposatzen dizuet: esanahiaren eta izendapenaren gainekoa.
Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirrek (2003) hiru kontzeptuak biltzen dituen hiperonimo gisa darabilte ikusizko itzulpena terminoa. Haientzat, idatzizko testu bat ahoz birformulatzea da ikusizko itzulpena egitea. Hau da, kanal-aldaketa baino ez dute kontuan hartzen. Funtzioen eta modalitateen arabera sailkatzea proposatzen dute.
Azpisailkapena egiteko abiapuntua da ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala. Funtzio komunikatiboa duenean, interpretazioarekin lotuta dago beti, helburua hartzaileei idatziz dagoen informazioa ahoz ematea delako. Kasu horretan, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatea da, eta azpimodalitateak ditu, besteak beste, artikulu honetan hizpide ditugun ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin (edo testuarekiko aldibereko interpretazioa).
Dena den, beste azpimodalitate batzuk ere aipatzen dituzte Jimรฉnez-Ivarsek eta Hurtado-Albirrek (2003) beren artikuluan โzuen baimenarekin, jatorrizko izendapenak jarriko ditut, itzuli gabe, anabasa terminologikoari ekarpenik ez egitekoโ: traducciรณn a ojo edo traducciรณn a primera vista, traducciรณn a la vista preparada, traducciรณn a la vista consecutiva eta traducciรณn a la vista en interpretaciรณn consecutiva.
Funtzio instrumentala duenean, aldiz, beste helburu bat lortzeko bitarteko bihurtzen da ikusizko itzulpena. Helburu hori idatzizko itzulpena egitea izan daiteke, edo, adibidez, atzerriko hizkuntza batean lortutako ezagutza egiaztatzea. Beraz, funtzio instrumentala duenean, ikusizko itzulpenaren helburua produktu bat lortzea edo zerbitzu pedagogiko bat ematea da, eta, ondorioz, itzulpen-estrategiatzat eta pedagogia-estrategiatzat har daiteke. Hona hemen Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) proposamena, laburtuta:
1. irudia: Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirretik (2003) hartua.
Pรถchhacker-ek (2004), aldiz, honela bereizten ditu hiru terminoak eta izendatzen dituzten kontzeptuak:
Harentzat, ikusizko itzulpena idatzizko testu bat ahoz itzultzea da, baina interpretazioaren testuingurutik kanpo. Hau da, bat dator Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren funtzio instrumentalarekin: interpretaziotik kanpoko edozein testuingurutan idatzizko testu bat ahoz itzultzea litzateke ikusizko itzulpena egitea, eta hainbat helburu betetzeko balio dezake.
Ikusizko interpretazioa, aldiz, interpretazioa egiten den testuinguruei lotuta dago hertsi-hertsian. Esan osteko interpretazioa egiten den testuinguruetan egin ohi da, eta ez dago hizlariaren diskurtsoari jarraitu beharrik, ez delako aldi berean egiten. Are gehiago, interpreteak xede-hizkuntzan irakurtzen ari delako inpresioa eman behar du (Angelelli, 1999). Beraz, Pรถchhackerrek (2004) Jimรฉnez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) funtzio komunikatiboko azpimodalitate batzuetara mugatzen du ikusizko interpretazioa terminoa.
Eta โbatzuetaraโ diot, hain zuzen, aldibereko interpretazioa testuarekin aldibereko interpretazio mota berezitzat hartzen duelako. Ikusizko interpretazioa neurri handi edo txikiagoan eskatzen duen aldibereko interpretazio mota konplexua dela dio, baina ez du ikusizko itzulpenaren azpimotatzat hartzen.
Azkenik, Lambert-entzat (2004) erabat sinonimoak dira ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin terminoak. Ikusizko itzulpenarekiko duten ezberdintasuna da hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar direla, eta, beraz, bi input kudeatzea eskatzen dutela: ikusizkoa eta entzunezkoa.
Ikuspegi horrek Cammoun et al.-en (2009) kritika jaso zuen, termino biak sinonimotzat jotzeak maila berean jartzen dituelako ikusizko itzulpena eta testuarekiko aldibereko interpretazioa, itzulpena hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar den ala ez โeta horrek dakartzan zailtasunak eta erronkakโ kontuan hartu gabe.
Argi dago gutxi ikertutako esparruetan ohikoa den terminoen eta kontzeptuen gainjartzea dagoela arlo honetan ere. Horregatik, garrantzitsua da gaiari buruzko ikerketetan argi eta garbi adieraztea zeri egiten zaion erreferentzia termino bakoitzarekin, anbiguotasunak saiheste aldera. Gainera, ez dugu bistatik galdu behar euskarazko ordainak sortu, erabili eta finkatu egin beharko direla momenturen batean, eta ziurrenik itzulpenaren eskutik etorriko direnez, litekeena dela aukera bat baino egotea. Horregatik, arloko adituen esku dago termino horiek euskaraz nola, noiz eta zer izendatzeko erabiltzen ditugun erabakitzea.
Oraingoan nire espezializazio-alorreko adibide bat ekarri dizuet, baina uste dut estrapolagarria dela beste alor batzuetara ere. Izan ere, lan akademikoetan, edukian zentratzen gara askotan โizanean, eta ez izeneanโ, eta ez diogu behar besteko denbora eskaintzen gogoeta terminologikoa egiteari. Ondorioz, aurretik erabilitako terminoak beste kontzeptu batzuk izendatzeko erabiltzen ditugu, edo ordain berriak proposatu, aurrekoak ezagutu gabe. Eta, kontziente ez garen arren, gure jardunak eragin zuzena du hizkuntza txikituen normalizazioan eta hizkera espezializatuen garapenean eta finkapenean. Gutako bakoitzak egiten dituen hautu txikiek eragin handia dute sarritan gure espezializazio-arloetan, eta funtsezkoa da horretaz kontziente izatea.
Dena den, ikasiz ibiltzen da oinez, ez pentsa. Gogoan dut nire Gradu Amaierako Lanaren defentsako epaimahaikide batek galdetu zidala โzergatik ikusizko itzulpena eta ez ikusizko interpretazioa? Ez nuen jakin erantzuten.
Erreferentzia bibliografikoak:
Angelelli, C.V. (1999). The role of reading in sight translation, The ATA Chronicle (Translation Journal of the American Association of Translators), 28(5), 27-30.
2023ko sarrera batean, Maitane Uriartek interpretazioaz gutxi dakien edonori otu dakiokeen galdera bati erantzun zion: Zer gertatzen da interpretearenย burmuinean? Neurozientziara metafora ulergarri eta gozagarrien bidez hurbilduta, azaldu zigun interpreteen burmuinek orkestra sinfonikoetako zuzendariek bezala funtzionatzen dutela, eremu askoren jarduera koordinatu behar dutelako, aldi berean jotzen duten musikariak koordinatu behar diren bezala.
Gaurko sarrera honetan ere interpreteek koordinatu behar dituzten jarduerez arituko naiz, baina interpretazioaren ikasketetan aski ezaguna den Orekarien Sokaren hipotesitik abiatuta. Hipotesiaren egilea Daniel Gile da, eta Maria Arrutik ekarri zuen euskarara Basic concepts and Models for Interpreter and Translator Training liburuaren euskarazko itzulpenean (Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako)[1].
Abiapuntua oso sinplea da: gizakion prozesatze-gaitasuna mugatua da. Denoi gertatzen zaigu, multiataza izan nahi dugun arren, muga bat, tope bat daukagula. Momentu batean, โitxaron, mesedezโ esan eta esku artean daukaguna utzi behar dugu beste zerbaiti kasu egin ahal izateko.
Interpreteen burmuinak ere berdin-berdin funtzionatzen du. Kontua da interpretatzea jarduera kognitibo konplexua dela, eta, ondorioz, Orekarien Sokaren hipotesiaren arabera, interpreteek beti egin behar dutela lan beren gaitasunaren % 100etik gertu. Hau da, daukaten arreta eta energia guztia bideratu behar dute interpretatzeko egin behar dituzten ataza ezberdinetara (entzutea eta prozesatzea, ulertzea, ekoizteaโฆ). Ondorioz, atazetako batek hasiera batean esleitutakoa baino energia edo arreta gehiago eskatzen badu, falta den energia hori beste ataza bati kendu behar zaio. Beste hitz batzuetan, Gilek (2018 [2009]: 182[2]) azaltzen du โprozesatze-gaitasunaren horniduraren eta eskariaren artean etengabeko tentsio kognitiboaโ dagoela.
Zentzu horretan, estres eta exijentzia kognitibo handiko lana da interpretazioa, eta ez dago erlaxatzerik. Oso nekagarria da, eta horregatik txandakatzen dira interpreteak kabinan 20 edo 30 minutuero. Gizakiak diren neurrian, muga fisiko eta intelektualak dauzkate. Prozesatze-gaitasunaren muga gainditzen bada โmetafora bat da, muga hori, definizioz, ezin baita gaindituโ, saturazio edo porrot kognitiboa gertatzen da, eta interpreteak ezin du itzultzen jarraitu. Muturreko eta salbuespeneko egoera da hori interprete arituen kasuan, baina ohikoa da hasiberrien lehen saiakeretan. Inoiz bizi izan duenak badaki zeri buruz ari naizen.
Imajina dezagun orain soka baten gainetik doan orekari edo ekilibrista bat. Haizeak ezkerraldetik jotzen badu, eskuinalderantz egin beharko du indarra, ezkerretik datorkion bultzada hori orekatzeko. Alabaina, aldi berean, aurrera egiten jarraitu behar du, gehiegi makurtu gabe, aurrean edo atzean pisu gehiegi jarri gabe, besoak gehiegi mugitu gabe. Etengabean ibili behar du oreka bila, ematen duen โeta ematen ez duenโ urrats bakoitzean. Zerbaitek huts egiten badu, lurrera joango da berandu baino lehenago. Hori bera gertatzen zaie interpreteei ere: egin behar dituzten atazen arteko oreka mantentzen saiatu behar dute etengabe, oreka hori hautsi egiten bada, erori egiten direlako. Game over. Beldurra ematen du, ezta? Arrisku handiko jarduera intelektualtzat har liteke interpretazioa, beti egiten delako amildegiaren ertzean. Ez dakit interpreteek eta orekariek zer gehiago izango duten komunean, baina adrenalinarekiko zaletasuna behintzat ezinbestekoa iruditzen zait kasu bietan.
[1] Gile, D. (2018). Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako. Bilbo: UPV/EHU. [Itzulpena. Jatorrizkoa: Gile, D. (2009). Basic concepts and models for interpreter and translator training]. Amsterdam/Filadelfia: John Benjamins.
Udagoienean sartuta gaude jada, eta egunak laburtzen eta freskatzen hasiak dira. Bagoaz, apurka-apurka, urtearen azken txanpari heltzen. Baina tira, ez noa orain nostalgiko jartzera, oraindik ere ikasturtea hasi baino ez baitugu egin. Ama irakaslea dugu, eta gure etxean urteak beti bizi izan ditugu ikasturtetik ikasturtera. Blog honetan ere irailetik ekainerako denboraldian aritzen gara hitz eta pitz. Baina orain, buruak โeta hozkirriakโ esaten dit urte naturalaren amaierara gerturatzen goazela eta zor batzuk kitatu behar ditugula.
Blog honetan bi sarrera idatzi ditut EIZIEren interpreteen diagnostikoaren inguruan. Lehenengoa, 2023ko abenduan, egitasmoa iragartzeko; eta, bigarrena, 2024ko maiatzean, aurrerapenen berri emateko. Ezetz asmatu zer kontatzera natorren gaur? Ba, udan lanean buru-belarri ibili eta gero, udagoienarekin eta jertseekin batera iritsiko zaizuela diagnostikoaren emaitza. Labean daukagu jada, ia prest. Azken ukituak baino ez zaizkio falta.
Dena den, plater nagusiaren esperoan, denoi gustatzen zaizkigu zizka-mizka batzuk, ezta? Batzuetan entretenimendu hutsa dira, eta beste batzuetan gehiegi asetzen gaituzte. Ea zuen interesa piztu eta oreka aurkitzea lortzen dudan. Gaurkoan, galdera zabal bezain zehatz baten inguruko lau zertzelada ematen saiatuko naiz, txosten osoa iritsi bitartean: nolakoak dira euskal interpreteak?
Hasteko, datu bat: galdetegiari 43 interpretek erantzun diote, eta erantzun horietan oinarrituta dago jarraian egingo dudan deskribapen laburra. 43 interprete horietatik 16k beren kontura egiten dute lan, eta 27k hirugarrenen kontura. Horrek ez du, bere horretan, โeuskal interpreteenโ errealitate osoa islatzen, eta hori hasieratik onartu behar dugu.
Esango nuke, nagusiki, bi arrazoi daudela horren atzean. Batetik, galdetegiari erantzun ez dioten interprete asko daude, noski. Hori jakina da. Ez da ikerketa exhaustiboa izan. Hala ere, lortutako erantzunen kopurua ez da txikia. Are gehiago, lehen galdetegia izateko, esango nuke oso goian jarri dugula langa. Bestetik, Euskal Herri osoko interpreteen mosaikoa osatzeko saiakera egin dugun arren, tamalez, ez dugu lortu. Sarritan entzuten dugun EAEzentrismoaren gaitzak harrapatu du gure diagnostikoa ere. Izan ere, Iparraldeko interpreteen errealitatea hain da ezberdina, non egindako galderak ez baitiren hango interpreteentzako pertinenteak izan.
Hori esanda, goazen orain interpreteak nolakoak diren ikustera: gehienak (% 70 inguru) emakumeak dira โsorpresarik ezโ, eta batez bestean 45 urte pasatxo dituzte. Galdetegiari erantzun dion interpreterik gazteenak 22 urte ditu, eta nagusienak, aldiz, 68. Edonola ere, interprete gehienak (% 70 inguru) 40-68 adin-tartean kokatzen dira.
Prestakuntzari erreparatuta, denak dira unibertsitatean ikasitakoak, baina erdiek egin dituzte, gutxi gorabehera, itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko ikasketak. Ez da harritzekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko lehen promozioa 2000. urtekoa baita. Adinaren eta prestakuntzaren datuak gurutzatuta, pentsatzekoa da interprete ugarik beste ikasketa batzuk egingo zituztela hasiera batean, nahiz eta askok prestakuntza espezifikoa jaso duten gerora โgraduondokoen inguruko zehaztasun gehiago aurkituko dituzue txosteneanโ.
Sarritan esaten da interpreteak exijenteak eta perfekzionistak garela. Ez dakit hori demostratzerik dagoen, baina, ingurura eta norberaren barren-barrenera begiratuta, iruditzen zait bi adjektibo horiek nahiko ondo deskribatzen gaituztela, oro har. Galdetegiak berak ere hori iradokitzen du; izan ere, interpreteen erdiek uste dute ez dutela prestakuntza arautu eta ez-arautu nahikoa jaso. Zergatik izango ote da?
Emaitza horrek bai, harritu egin nau pixka bat. Izan ere, galdera โtranpaโ zen; hau da, โprestakuntza arautuaโ eta โez-arautuaโ kontzeptuak apropos sartu genituen galderaren formulazioan, inork ez zedin sentitu itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko ikasketa formalik ez izateagatik ez dagoenik behar beste prestatuta. Eta, hala eta guztiz ere, galdetegiari erantzun dioten interpreteen erdiek uste dute ez dutela prestakuntza nahikoa jaso. Pertzepzio kontua da, bai, baina oso aintzat hartzekoa, nire ustez.
Joan den abenduaren 15ean idatzi nuen sarreran EIZIEko interpreteen lantaldeak 2024rako finkatutako asmoen berri eman nizuen: interpreteen esperientziak eta bizipenak biltzea, errealitatetik abiatutako galdetegi bat diseinatzeko. Helburua zen (eta oraindik ere bada) 2024an euskal interpreteen diagnostikoa egitea. Izan ere, ezer gutxi dakigu euskararekin lan egiten duten interpreteei buruz, eta informaziorik oinarrizko-oinarrizkoena ere falta dugu. Adibidez, ez dakigu euskararekin lan egiten duten zenbat interprete dauden. Hori ere ez dakizue? Agian batzuk harritu egingo zarete, baina ez, hori ere ez dakigu.
Askotan esaten da interpreteei buruz ezer ez esatea dela lana ondo egin duten seinale. Baina beti atzealdean (edo beste gela batean, edo txoritokian) egote horrek baditu beste albo-ondorio batzuk ere. Besteak beste, itzaletan eta ilunpean geratzea. Horregatik, uste dugu badela garaia euskal interpreteei eta lanbideari berari argitasun apur bat emateko.
Helburu horrekin egin dugu lan urte hasieratik, eta jadanik prest dago galdetegia. Saiatu gara euskararekin lan egiten duten interprete guztientzat egokia eta esanguratsua izango den galdetegi bat prestatzen, lanbidearen argazki ahalik eta osoena eskuratzeko.
Galdetegiak bi atal ditu. Lehenengoan, gaur egun aktibo dauden interpreteen profila eraikitzen lagunduko diguten galderak erantzun beharko dira (generoa, adina, ikasketak, esperientziaโฆ). Atal hori interprete guztiek bete beharko dute, eta oso baliagarria izango da datu demografikoak bildu eta XXI. mendeko interpreteak nolakoak diren irudikatzeko.
[Emakumeak al dira interprete gehienak? Gehiago al dira oraindik ere itzulpengintza eta interpretazioko ikasketa espezifikorik ez dutenak? Belaunaldi-aldaketa gertatu da? Zein da aktibo dauden interpreteen batez besteko adina? Gazteak ere ibiltzen dira interpretazio-lanetan?].
Bigarren atalean, aldiz, bi azpiatal daude: bat autonomoentzat eta beste bat hirugarren konturako langileentzat. Galdera gehienak oso antzekoak dira, baina badira batzuentzako eta besteentzako galdera zehatz eta espezifikoak ere.
[Autonomoentzat, adibidez: esango zenuke tarifak arazo-iturri direla? Ezagutzen al dituzu lankideen tarifak? Eta hirugarrenen konturakoentzat, aldiz: zein erakundetan egiten duzu lan? Eta zehazki, zein lanpostu eta kategoriatan?]
Hala ere, interprete guztientzako garrantzitsuak diren gaiak ere jorratuko dira galdetegian, besteak beste, lan-baldintzak, azpiegitura, hizkuntza-norabidea eta dokumentazioa aurretiaz jasotzea. Horiek guztiek, azken finean, lanbidearen funtsarekin dute zerikusia, eta interprete guztien egunerokoan daude presente.
Ekainean zabalduko du galdetegia EIZIEk, eta helburua da, hain zuzen, ahalik eta gehien zabaltzea. Ez da beharrezkoa EIZIEko bazkide izatea galdetegia betetzeko, eta eskertuko dizuet zuen inguruan dituzuen interprete guztiei ematea galdetegiaren berri. Euskal interpreteen diagnostikoak gure lanbidearen errealitatea ezagutzen eta, hortik abiatuta, gure lan-baldintzak hobetzen eta aldarrikatzen lagunduko digu, baita hautematen diren balizko arazoei aurre egiten ere. Egin dezagun bidean aurrera elkarrekin.
ยซGizakia animalia soziala da, eta pertenentziazko sentimendu bat izan beharra du. Askotan irudikatzen dugu gizartetik kanpo bizi ahal garela, baina ez da erreala. Gizarte batean ondo bizitzeko, talde baten parte garela sentitu behar duguยป. Halaxe jaso zituen Itsaso Jauregik Maider Query Avaristo antropologoaren hitzak, eta inoiz baino zentzu handiagoa hartzen ari natzaie azkenaldian. Izan ere, talde baten parte sentitzeak โedo ez sentitzeakโ pertsonalki eta profesionalki eragiten digu.
Euskara ardatz duen talde baten parte gara blog honen bueltan biltzen garen guztiok, eta pozik irakurtzen ditugu gure taldekideen hausnarketak, gogoetak eta ekarpenak. Batzuk gertuago sentitzen ditugu, beste batzuk urrunago, baina jakin badakigu denok partekatzen dugun errealitatearen aurpegi edo ertz ezberdinen islak direla blog honetara ekartzen ditugunak.
Profesionalki, itzulpengintzaren eta interpretazioaren sektorean aritzen naiz ni, eta ondo gogoratzen dut zein polita zen Gasteizen, Letren Fakultatean, lagunekin eskoletara eta eskola ondokoetara joatea. โItzulpengintzakoakโ izatea. Baina denborak aurrera egiten du, eta bagenekien hori ere bukatuko zela. Ondo gogoratzen dut, halaber, garai hartako โeta gero zer?โ galdera, buruan bueltaka. Gero, lanera. Bakoitzak bere bidea egitera.
Itzulpengintza lanbide bakartia dela esaten da askotan, eta hori arriskutsua izan daiteke. Izan ere, Josu Zabaletak ondo azaldu zuen bezala ยซ[โฆ] behatza teklaren gainean jartzen denean, bakarrik aurkitzen da bat betiยป. Eta begirada pantailatik aldendu eta inguruan inor ez badago, are gehiago. Hori da, bada, norberaren kontura aritzen diren itzultzaile askoren eta askoren errealitatea: bakarrik egoten dira ordu luzez, fisikoki eta mentalki. Interpreteek ere maiz egin behar izaten dute lan bakarrik. Are gehiago, pandemiaz geroztik, gero eta ohikoagoak dira etxetik (edo lantokitik) mugitu gabe eta lankiderik gabe egiteko lanak.
Baina, hala ere, ezagutzen ditudan euskal itzultzaile eta interprete gehienak ez dira bakarrik sentitzen. Eta ez dira bakarrik sentitzen, hain zuzen, lanbide berean aritzen diren ezagun, kide eta lagunen sare bat daukatelako. Esango nuke, dena den, sare horrek laguntza eta babes profesionala ez ezik, laguntza eta babes emozionala ere ematen duela. Pozak, penak, beldurrak eta ziurgabetasunak partekatzeko aukera. Nire sare pertsonal/profesionalean โitzulpengintzakoakโ taldeko batzuk daude, baina baita gerora ezagutu ditudan beste profesional eta lagun asko ere. Han eta hemen aurkitu ditut, bidean, egoera eta une ezberdinetan.
Sektore honetan sartu nahi dutenek edo hasiberriak direnek aholku bat onartzen badidate, โeta gero zer?โ galderari eman dakiokeen erantzun errealistenetako bat da โ(baz)kidetzeaโ. Kideak behar ditugu lanbidearen itxurazko (eta ez hain itxurazko) bakardadeari aurre egiteko. Talde baten parte sentitzeko. โItzulpengintzakoakโ izateari utzi eta โitzultzaileakโ izateko. Edo โinterpreteakโ, edo โzuzentzaileakโ, edo โikus-entzunezkoetako itzultzaileakโ, edo โkonferentzietako interpreteakโ edo โliteratur zuzentzaileakโ.
Elkarteek aukera ematen dute lanbide bereko kideekin lanak, kezkak eta buruhausteak partekatzeko. Elkarren berri izateko. Prestakuntza jasotzeko. Kontsultak egiteko. Lanbidearen kontrako erasoak daudenean, erantzunak modu bateratuan emateko. Laguntza jaso eta emateko. Besteen esperientzietatik ikasteko. Zalantzak argitzeko. Lan-eskaintzak aurkitzeko.
Ez da ezinbestekoa elkarte bateko kidea izatea lankideen sare bat osatzeko. Baina oso lagungarria da, eta ate asko irekitzen ditu. Hasieran, batez ere, zaila izan daiteke lehenengo enkarguak lortzea, tarifak ezagutzea, faktura-ereduak eskuratzea, fakturazio elektronikoa nola egin behar den ulertzea, eskarmentu handiagoko itzultzaile eta interpreteekin harremanetan jartzeaโฆ Eta gero, lan-merkatuan egonkortzea, merkaturatzen diren tresnak ezagutzea, prestakuntza eta lana uztartzea, beste hizkuntza-konbinazio batzuetan aritzen diren lankideak ezagutzeaโฆ
Horretan eta beste gauza askotan laguntzen dute elkarteek, baina, batez ere, esango nuke bakardadearen aurkako antidoto ere badirela.
Gabonak eta urtearen bukaera gerturatzen ari diren honetan, blog honek ematen digun ikusgaitasuna aprobetxatu nahi dut EIZIEk interpreteen lantalde bat osatu duela jakinarazi eta 2024rako asmo onen berri emateko.
Azken hilabeteotan agerian geratu da interpreteon lan-baldintzak kolokan daudela hainbat eremutan. Horren jakitun, EIZIEko interpreteok bi bilera egin ditugu udazkenean, une honetan dauden premiak identifikatu eta eman beharreko urratsak jorratzeko. Bilera emankorrak izan dira, eta hasi gara jada lehen fruituak jasotzen.
Urte berriarekin batera interpreteen lan-baldintzen diagnostiko bat egitea erabaki da, interpreteen esperientziak eta bizipenak bildurik, arloka edo lan-eremuka bereizita. Helburua da ahalik eta ekarpen gehien biltzea, interpreteen artean dagoen aniztasunarekiko lehen hurbilpen bat egin eta maizen agertzen diren kezkak identifikatzeko. Ondoren, interpreteen artean zabalduen dauden lan-baldintza zalantzagarrietan oinarritutako galdetegi bat diseinatzeari helduko diogu, premia errealetatik abiatuta sortzeko galdetegia.
Gauzak horrela, blog honek dauzkan adarrak eta adaxkak baliatu nahi ditut interpreteen lan-baldintzen diagnostikoan parte hartzeko gonbita EIZIEren mugetatik haratago zabaltzeko. Izan ere, diagnostikoak euskal interpreteen errealitatearen benetako isla izan nahi du, eta EIZIEko bazkide ez diren interpreteen ahotsa ere entzun nahi genuke, interpreteen lan-baldintzak defendatzeko neurriak hartzen ari baikara. Gure lanbidean dauden lan-baldintzek denoi eragiten digute, neurri handi edo txikiagoan. Elkartu gaitezen, bada, borroka honetan.
Badakit irakurleen artean profesional hasiberriak ere badaudela, eta batzuetan esperientzia faltak eta, askotan, gaztetasunak, tokiz kanpo eta lotsatuta sentitzera garamatzala. Bada, mezu hau zuentzat ere bada: animatu eta parte hartu. Eskarmentu handiagoko interpreteak eta etorkizuneko lankideak eta lagunak ezagutzeko modu paregabea ere bada.
Bide batez, ez nituzke aipatu gabe utzi nahi erretiratuta edo erretiratzear dauden interpreteek gure lanbidean eta gure lan-baldintzen aldarrikapenean egindako ekarpenak. Zuei esker gara orain garena.
Sakabanatuta ibiltzen garen arren, interpreteok sare sendo bat osatzen dugu, eta 2023an agerian geratu da euskararen erabilera bermatzeko funtsezko bitartekariak garela. Horregatik, 2024rako daukagun asmo ona da lan-baldintzen diagnostikoan eta beste hainbat kontutan lanean jarraitzea, bakoitzak bere aletxoa jarrita. Dena den, eta esan bezala, oso pozik hartuko ditugu aletxo gehiago lan-taldean, eta beraz, animatzen bazarete, idatzi gure Mari Domingiei: bulegoa@eizie.eus.
Badakit apur bat goiz dela oraindik, baina 2023an idatziko dudan azken sarrera denez, urte-amaiera zoriontsua eta urte-hasiera ezin hobea opa dizuet guztioi.
Segi dezagun 2024an ere 31 eskutikek ematen digun elkargune honetan eta beste batzuetan elkartzen!
Azken hilabete hauetan interpreteak albiste izan ditugu behin baino gehiagotan. Ekainean Arabako Batzar Nagusietan gertatutakoaren berri izan genuen: โEl sorprendente motivo del parรณn de 20 minutos en el Pleno de las Juntas Generales de รlavaโ (ikus Maitane Uriarteren Interpreteon iraultzasarrera), baina udako azken egunekin batera etorri da benetako eztanda.
Zalantzarik gabe, Espainiako Diputatuen Kongresuan hizkuntza koofizialak erabiltzea ahalbidetzen duen erabakiak hautsak harrotu ditu kazetari eta politikarien artean, eta nahita edo nahi gabe, foku eta kamera guztien xede bihurtu ditu interpreteak:
El proceso de recopilaciรณn de discursos e intervenciones se verรก entorpecido, en lo que al tiempo de actuaciรณn se refiere, y puede darse el caso de que lleve a reducciones o simplificaciรณn de lo esbozado. Derivando ello en inexactitudes, que pueden agravar la de la propia traducciรณn simultรกnea. Esto se intentarรก paliar con la contrataciรณn de una empresa externa que dรฉ [sic] pie a las traducciones definitivas. Pero cualquier traducciรณn puede ser calificada de inexacta por un diputado (El Independiente).
[โฆ] el Parlamento advierte ahora de que no se responsabiliza de sus interpretaciones. A travรฉs de la web oficial del Congreso, ha difundido una โclรกusulaโ en la que se desentiende de cualquier traducciรณn errรณnea (Antena 3 Noticias).
Ikusten denez, batzuen hitzei โkasurik oneneanโ interpreteen prestakuntzarekiko eta lanarekiko mesfidantza darie, eta horrek, gustatu ala ez, kalte egiten dio gizarteak gure lanbidearekiko duen pertzepzioari. โGizarteakโ diot, interpreteen jarduna hurbiletik ezagutzen duen edonork baitaki interpretatzea ez dela munta gutxiko lana: hizlariak esaten duena entzun eta ulertu egin behar da, hori beste hizkuntza batera itzuli, hizlariak esandakoa memorizatu eta esango duena aurreratzen saiatu, eta gainera, norberaren ekoizpena eta itzulpena kontrolatu. Guztia aldi berean.
Hori, noski, dena ondo doanean eta hizlariak etxerako lanak behar bezala egin dituenean. Konplikatu egiten denean, beste hauek guztiak ere egin behar ditu interpreteak: hizlariak zer esan nahi duen asmatu (sarritan ez duelako esaten), amaitu gabe utzi dituen esaldiei amaiera logiko eta koherentea eman, ideien arteko loturak txertatu, abiadura bizian irakurtzen ari bada, ahal den bezala jarraituโฆ Gehiago dirudi makinen lana gizakiena baino.
Halaxe azaltzen da, behintzat, beste artikulu batean: โla multitarea es una capacidad inherente de los ordenadores y no tanto de los seres humanosโ, nahiz eta โsiempre hay excepciones, algunas concienzudamente trabajadas a base de prรกcticaโ (El Correo). Lanbidea gehiegi ezagutu gabe ere, agerikoa da interpreteek prestakuntza eta praktika asko behar dutela, eta ez dela edonork egiteko moduko lana. โMakina batzukโ diren emakume eta gizonen lana da, argi eta garbi.
Hala ere, edonork ulertzeko modukoa iruditzen zait hizlariek interpreteen lana erraztu dezaketelako ideia. Edo โerrazteaโ ez bada, behintzat, gehiago ez zailtzea. Hain zuzen, lehen aipatutako โetxerako lanezโ ari naiz. Izan ere, gehienetan hizlariek ez dituzte beren hitzaldiak momentuan inprobisatzen: diskurtsoa aldez aurretik landuta eramaten dute taula gainera, aktoreek bezalaxe. Hala denean, ezinbestekoa da interpreteari diskurtsoa lantzeko prestatu den material hori helaraztea, interpreteak bere lana hobeto eta erraztasun handiagoz egin dezan.
Zer har daiteke โmaterialtzatโ? Ia edozer. Paper batean zirriborratutako lau ideia nagusi izan daitezke, PowerPoint aurkezpen bat edo are hitzaldi oso bat; irudiak erabiliko badira, irudiak; bideoak proiektatuko badira, bideoak. Interpreteak ez dira igarleak: zenbat eta pista eta zantzu gehiago eman, orduan eta hobeto egingo dute beren lana. Testuinguru guztietan, gainera. Ez dago salbuespenik. Zenbat eta gehiago eman, orduan eta gehiago jasoko dugu trukean.
Hala ere, gero eta maizago ikusten da hizlariek ez dutela inongo materialik bidaltzen, ezta testu osoak aurretiaz idatzita dauzkatenean ere. Horixe izan zen, hain zuzen, Arabako Batzar Nagusietako bilkura eteteko โarrazoi harrigarriaโ. Objektiboki analizatuta, ez dakit nik hain โharrigarriaโ den. Batzuetan, ezinezkoa da, besterik gabe, aurretiaz idatzitako diskurtso konplexu bat ziztu bizian irakurtzen ari den hizlari bati jarraitzea, batez ere egitura aldetik oso ezberdinak diren hizkuntza-konbinazioak tartean direnean.
Aurretik ere esan dut interpreteak โmakina batzukโ direla, baina ez dira ahalguztidunak. Eta batzuetan, besterik gabe, ezin da. Error 404. Not Found. Interpreteek ezin dutelako edozein baldintzatan lan egin. Eta ez da interpretea ez dagoelako behar bezala prestatuta edo ez duelako eskarmentu nahikorik. Ezin da, hizlariak ez duelako berari dagokion lanaren zatia egin.
Agian, interpreteak urakanaren begian dauzkagun une hau izan daiteke momenturik aproposena gure lanbidearen inguruan hitz egin eta โpedagogiaโ egiten jarraitzeko. Gure lanaren funtzionamendua azaltzeko. Altu eta ahots irmoz esateko gutxieneko baldintza batzuk bermatu behar direla, interpreteek beren lana behar bezala egin dezaten. Eta, batez ere, gogorarazteko interpreteak igorle eta hartzaileen arteko komunikazioa ahalbidetzen duten profesionalak direla. Lagunak, alegia, eta ez etsaiak. Eta profesional aditu eta arituak.
Goian letra beltzez azpimarratu ditudan hitzak gure lanbidearekiko ezjakintasunetik eta interpreteokin zerikusirik ez duten bestelako arrazoi maltzurragoetatik sortu dira. Baina haserretu eta samindu beharrean, uste dut aukera ona izan daitekeela ur lohietatik ezkailuak atera eta gure lanbidearen berri eman eta gutxieneko lan-baldintza batzuk aldarrikatzeko.
Halako batean, lortuko dugu jendeak esatea interpreteak garela eta ez itzultzaileak.
Aspaldi hasi ziren UPV/EHUko Erizaintzako Graduan Komunikazioa Euskaraz โbere garaian Euskara Teknikoa IIโ hautazko irakasgaiko ikasleak praktikak egiten dituzten osasun-zentroetako euskararen erabilera aztertzen.
[Komunikazioa Euskaraz UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailean eskaintzen den hautazko irakasgaietako bat da, eta une honetan ni naiz irakasgai horretaz arduratzen dena Erizaintzako Graduan. Has gaitezen hortik.]
Berandu samar iritsi naiz ni eskola horiek ematera, baina eutsi egiten diot blog honetan parte hartzen duen Igone Zabala Unzalu irakasleak duela urte batzuk egindako proiektu-proposamenari.
[Eskerrik asko, Igone!]
Bada, praktikak egiten dituzten bitartean Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren zenbait atal irakurri eta lantzen dituzte, gero praktikak egiten ari diren osasun-zentroetako errealitatea barrutik aztertzeko.
[Askotan esaten da gauzak ulertzeko bizi egin behar direla. Eskarmentua ez dela besteengan hartzen. Gauza praktikoak gauza teorikoak baino hobeto ulertzen ditugula, bertatik bertara ikusten ditugulako.]
Igone Zabalaren Euskararen Erregistro Akademikoen garapenaz eta harmonizazioaz sarreran ondo azaltzen den bezala, gure irakasgaien helburu garrantzitsuenetako bat da ikasleek kontzientzia har dezaten euskararen biziberritzean goi mailako gradudun euskaldun modura duten erantzukizunaz.
[Kontua ez da bakarrik โeuskaraโ irakasgaian idatzizkoak eta ahozkoak lantzea, askoz ere haratago doa, ikasleak normalean nahiko berandu konturatzen badira ere.]
Askok hitz egin dute hizkuntzak (eta euskarak) osasun-arretan hartzen duen garrantziaz, benetan pazientean zentratutako arreta holistikoa eman nahi bada. Aitor Montes medikuak, esaterako, bide luzea dauka egina, bai arlo akademikoan, bai komunikabideetan, eta aipamen berezia merezi du artikulu honetan, nire mezuei erantzun eta berak prestatutako materialak erabiltzeko baimena eman baitzidan Komunikazioa Euskaraz irakasgaia nire gain hartu nuenean.
[Luzatzen ari naiz eta ez zen hori asmoa, banoa esan nahi nuenaren muinera.]
Batzuetan, irakasleok arrantzura larrera joaten garelako sentsazioa izaten dugu, ikasleak fisikoki ikasgelan baina mentalki beste nonbaiten daudelakoa. Eta Elixabete Perez Gazteluk Hiztegiek esaten eta iradokitzen dutenaz, edo zein zaila den hiztegi bat egitea sarreran ondo baino hobeto esan bezala, gauzak sakonki (eta askotan behin baino gehiagotan) azaldu arren, ez da irakaslea arras lasai geratzen, ez baitaki zer geratu den, azkenik, ikasle bakoitzarengan.
Labur esanda, kontua da Erizaintzako Graduko ikasleak pazienteei euskaraz egitearen garrantzia bertatik bertara ikustera eta sentitzera bidaltzen ditugula, eta sarrera hau aprobetxatu nahi dudala ikasleek aurten egin dituzten gogoeta batzuk partekatzeko, testigantza modura gera daitezen.
[Disclaimer: iritzi-artikulu bana idazteko eskatu nien, eta ikasle bakoitzak bere estilo propioa du, ikusiko duzuenez.]
Harrigarria da Osakidetzak osasun-arloan euskara presente egoteko inbertitzen duen diru kantitatearekin, gero osasun-profesionalek haien artean eta pazienteekin euskara hain gutxi erabiltzea.
Bukatzeko, euskararen erabileraren sustapena ekintza txikietatik hasten dela esan dezaket; adibidez, lehen agurra euskaraz ematen. Horrela, erabiltzaileari komunikazio hizkuntzaren aukeraketa ahalbidetzen diozu. Horrez gain, pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa Osakidetzan lan egiten duten denek ezagutu beharko luketen kontzeptu bat da, paziente edo erabiltzaile bakoitzaren hizkuntza askatasunak errespetatzeko.
Oskorriren abesti polit horrek esaten duen moduanโฆ โGu euskaldunak gara, Euskal Herrikoakโฆโ ziur naiz zuetako askok ozen oihukatu duzuen esaldi bat dela, beraz, goazen gure artean, belaunaldi berriek, plan horrek aurrera egiteko behar duen bultzada ematera, izan ere, egoera bera bakarrik aldatzera itxaron behar badugu, jai daukagu!
Hori horrela, ondoriozta dezakegu euskarak hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen duela, nahiz eta material ofizialak kontrakoa adierazi. Argi dago Osakidetzan, beste euskal erakunde publiko batzuetan bezala, hala nola UPV/EHUn, gaztelaniaren erabilera oso barneratuta dagoen dinamika dela. Hala ere, konponbideak bilatzea zaila izan daitekeen arren, euskaldunok gure hizkuntzaren alde borrokatu behar dugu eta ez ditugu diskriminazio horiek onartu behar. Horregatik hiztunok erantzukizun handia dugu; izan ere, guk euskara errespetatzen eta etengabe hitz egiten badugu, dinamika bihurtzea lortuko dugu.
Azken batean, Osakidetzan euskara erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-arretaren alderdi garrantzitsu bat da, eta neurriak ezarri behar dira arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea bermatzeko. Horretarako, alderdi materialean hainbeste inbertitu beharrean, arreta jarri behar zaio pazientearen eta profesionalaren arteko osasun-harremanari, eta neurriak ezarri behar dira osasun-arloko profesionalen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta momentu guztietan komunikazio eraginkorra bermatzeko.
Guztiok dakigunez, zoritxarrez, gaur egun ez da behar adinako osasun laguntzarik eskaintzen gure hizkuntzan, eta horrek zalantzarik gabe eragiten dio zerbitzuaren kalitateari, bai eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei ere.
Jada 2023an gaude, EAEn zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko ordua dela iruditzen zait. Ordua da osasun-zentro, ospitale, eta eguneko zentroetan arreta euskaraz bermatuta izateko, euskara ama-hizkuntza dugunok ere biztanleriaren parte gara, dirudienez batzuentzat existitzen ez garen arren. Guk ere eskubidea dugu gure arazoak, nahiak, kezkakโฆ gure ama-hizkuntzan adierazteko, gure hizkuntzan artatuak izateko.
Praktiketan ibili naizenean erizain klinikoak lan bat egiteko proposatu zigun ikasleoi, amaierako nota igo ahal izateko. Zalantzak izan nituen lan hori egiterakoan, izan ere, erizain klinikoari euskaraz egingo nuela esatean haren erantzuna hau izan zen: โVale como quieras, pero que sepas que hay enfermeras no te van ha entenderโ. Une horretan lekuz kanpo egongo banintz bezala sentitu nintzen. Nork dauka arazoa, nik Euskal Herrian euskaraz hitz egin nahi dudalako ala haiek (gehiengoak) euskara ez dakitelako? Argi dagoena da gaur egungo biztanleriari ahaztu zaiola Euskal Herriko hizkuntza euskara dela.
Esanak esan, aipatutako guztia kontuan hartuta, argi eta garbi dago gazteleraren erabilera eremu askotan euskararena baino handiagoa dela. Nire aburuz hori onartezina da, pazienteek euskaraz artatuak izateko, inguruko informazioa (hormetako kartelak esaterako) euskaraz irakurtzeko eta beraien historia klinikoa euskaraz izateko eskubidea dutelako. Beraz, denok egin behar dugu zerbait euskararen alde gutxi batzuek den-dena egin ez dezaten.
Ikasle hauek guztiak erreferente bihurtu dira praktiketan egon diren zentroetan, eta bertatik bertara bizi izan dute zer-nolako lasaitasuna eta ongizatea sentitzen duten pazienteek beraiek hautatutako hizkuntzan artatzen dituztenean. Ez dakit hitz elkartuei eta izen sintagma konplexuei buruz asko ikasi duten, baina ziur nago denak bihurtu direla euskararen erabileraren aldeko eragile aktibo osasun-arloan. Hala bada, helburu garrantzitsu bat bete dugu, behintzat.
Hala ere (eta tamalez), zaharrak berri: ikasleen testigantzek erakusten dutenez, urrun gaude oraindik euskarazko arreta sanitarioa bermatuta izatetik, eta ezinbestekoa da kontzientziazio-lana egiten jarraitzea.