Iragana bihurtzea

Borja Ariztimuño López

Irulegiko Eskua jendaurrean aurkeztu zutenetik urte luzea igarota, oraindik ere argitu ezinik gabiltzala, egitekoaren konplexutasunak ageri-agerian uztea ezinbestekoa da, hasierako euforiak estalirik geratu ziren ohartarazpen eta zuhur-hitzak aldarrikatuz.

Gaurko sarreraren izenburua ez da nahikari edo eskari baten adierazpen traketsa, eta ez naiz “iragan denbora beti hobe” topikoaz arituko; ez eta iraganera bidaiatu ahal bai, baina hura aldatu ezinaren paradoxaz ere.

Blog honen testuinguruan uler bedi bihurtu aditza; ‘itzuli’, alegia, ‘translatatu’, ‘traduzitu’.

Izan ere, zer da testu zahar bat (areago idazkera [ia] ezezagunean idatzirikoa) ulertzea, geureagoa den hizkuntza-molde batera ekartzea baino?

Hala bada, zer behar du kontuan hartu itzultzaileak testu bat bihurtzerakoan? Lehenik eta behin, sorburu- eta helburu-hizkuntzak; hots, horiek ongi ezagutu behar ditu. Horrez gain, nork, norentzat eta zertarako idatzi duen ere jakitea komeni zaio (testuingurua), hitz, esapide eta molde guztiak egoki interpretatuko baditu. Orobatsu da, funtsean, epigrafista, filologo edo hizkuntzalari diakronikoek testu zahar eta antzinakoen aurrean beharko luketena.

Areago, sorburu-hizkuntza eta idazkera bera ezezagunak edo erabat identifikatu/dezifratu gabeak direnean, corpus zabala eta adibide elebidunak eskura izatea da desiragarriena; besteak beste, argudiaketa zirkularretan ez erortzeko.

Iberieraren kasuan, adibidez, ez dugu azpian dagoen hizkuntza egiazki ezagutzen, baina, halere, idazketa-sistema nahiko ongi (ez guztiz) ulertzera iritsi dira. Ez dago egiazko testu elebidunik, baina bai corpus nahiko zabala, zeinetan pertsona- eta leku-izen zenbaiten formak ziurtasunez identifikatu diren. Horiekin batera, zenbait atzizki posible eta, zalantza askoz handiagoz (ene ustez, bederen), aditz-formaren bat eta terminologia-kontu lauso batzuk.

Aldiz, historikoki ezagutzen dugun euskararen 1.500 urte lehenagoko ezaugarriez ezer gutxi dakigu (jakinen adiera hertsienean), harrietan zizelkaturiko elementu onomastikoetatik (zeharka, beraz) ondorioztatu ahal izan diren kontu batik bat fonetiko-fonologikoez gain. Zoritxarrez, barne-berreraiketak eta bestelako eraikuntza teorikoek ez digute esaten igarritako aitzin-hizkuntza hori noizkoa den.

Bestalde, Irulegiko Eskuaren azpian datzan hizkuntzaz hipotesiak besterik ezin genezake egin, idazkeraren berezitasunak eta bestelako ebidentzia negatiboek (“ez da/dirudi zeltiberiera edo iberiera”) uzten diguten heinean. Alabaina, hipotesi horiek baieztatzeko edo, gutxienez, argudio linguistikoez janzteko, corpus murritz eta bakanegia dugu lau lerro horietan. Ezagunak dira Rosetta harriaren eta B lineal delakoaren aurkikuntzak eta dezifratzeak, baina ez ohi da horrenbeste azpimarratzen horien atzeko historia eta kronologia. Ez zen magiarik jazo orduan, eta ez da halakorik gertatuko orain ere. Lan handia eta denbora nahikoa ezinbesteko osagaiak dira.

Horiek horrela, neure iritzia azaldu nahi nuke, dagoeneko idatzirik dagoen iraganaren iragarpen moduan: nago Irulegiko Eskuaren misterioa ez dela argituko harik eta lekukotasun gehiago agertu arte, gutxienez. Eta orduan ere, ziurrenik argitasuna ez da berehalakoan etorriko.

* * *

Iraganera itzultzeko motibo asko izan litzake pertsona batek; esaterako, eginiko hutsak ekiditea edo bidelagunez garaiz aldatzea. Hizkuntzalari gisa, bidelagun horiek izan daitezke ezagutzan oinarrituriko hipotesiak eta argudioak, hizkuntzak berak edota datuak ikusteko moduak (marko teorikoak). Horiek aldatzea errazagoa da, horretarako arrazoirik aurkituz gero, iraganerako itzulia erosoagoa eta emankorragoa izan dadin, iragana bihurtu (‘bihurritu’) gabe.

“Ez naiz ni, hura da”. Ohar laburrak hirugarren ez-pertsonez eta egitura inpertsonalen historiaz

Borja Ariztimuño López

Ahots (aktibo, pasibo, erdi-pasibo), argumentu-egitura, balentzia, diatesi, ez-akusatibo, ez-ergatibo… Termino ugari dago aditzek beren morfologian eta beren inguruko elementuetan erakusten dituzten ezaugarri jakin batzuk eta eragin dakizkiekeen aldaketak deskribatzeko eta aditzok horren arabera sailkatzeko. Hemen, egitura inpertsonalak aipatuko ditut, adierazpide morfosintaktikoa edozein dela ere.

Euskal aditz jokatuen eta jokatugabeen arteko desberdintasun nabarmenetako bat pertsona-komunztadurak dira; alegia, dena delako egoera, prozesu edo egintzan nork parte hartzen duen adierazten duten markak. Denbora edo aspektua ere aipa litezke, baina, joko analitikoan ere badu halako marka aditz nagusiak, jokatugabetzat hartu ohi den arren (ikusi, ikusten, ikusiko).

Era berean, hizkuntzalaritzako kontu ezaguna da 3. pertsona, hizkuntza askotan, ez dela egiazko partaidea; ez bederen besteak bezalakoa, hizketa-ekintzatik kanpokoa baita (gogoan izan euskaraz 3. pertsonak benetako izenordainik ere ez duela, berez).

Hala, euskaraz egitura inpertsonalak (alegia, partaide orokor edo zehaztugabeko aditz predikatuak) eratzeko bide bat baino gehiago dugu, maiz 3. pertsonari lotuak. Hauek izan litezke nagusiak, zein bere helburu eta ñabardurekin: aditz iragankorraren iragangaiztea, pluraleko 3. pertsonaren komunztadura, eta singularreko 2. pertsonaren komunztadura.

Azken horretatik hasita, kontakizun bati balio orokorra eman nahi diogunean, baina, era berean, gertutasunez-edo aritu nahi dugula (dela geuri gertaturiko zerbaitetaz ari garelako, dela solaskidearen interesa biltzeko), 2. pertsona erabiltzen dugu:

– Eta zer egin ote dezakezu holako egoera batean?
– Zeken horrek ez dizu inoiz ezer musu-truk emango!

Bigarren estrategia, aditz iragankorrekin bakarrik, subjektu orokorra edo zehaztu ezin/nahi ez dena pluraleko 3. pertsonaz adieraztea da:

– Atea jo dutela iruditu zait.
– Babarrunak bezperatik beratzen uztea gomendatzen dute.

Azkenik, jatorrizko subjektua guztiz ezabatu eta aditz laguntzaile iragangaitza (ergatiborik gabea) erabil dezakegu:

– Zarata honekin ez zaizu ondo ulertzen.
– Gailur hartatik itsasoa ikus daiteke.

Horrelakoak testu zaharretan arakaturik, Milia Lasturkoren eresi ezaguneko hau izan liteke adibide garbi bat, pluraleko 3. pertsonarena:

– Bidaldu dogu zeruetara kartea: arren, diguela [‘itzul diezagutela’] gure andrea.

Alabaina, badira egun ezinezkoak diren ale batzuk ere: iragangaizterik gabeko inpertsonal adierako adizkiak, trinkoak zein laguntzaileak.

Jakina da, izan ere, forma sintetikoetan ez dela ergatiboa kentzeko aukerarik (esaterako, darama-tik, daramakio eratu dezakegu, baina, egun ez dugu ‘eramaten da’ moduko inpertsonalak adierazteko modu trinkorik). Ez bide zen hala antzina, eta horren arrastoak ditugu XVI-XVII. mendeko testuetan. Honatx adibide batzuk:

– O, jaun ona, gogo dizit garizuma denian
egiazki egiteko neure konfesionia.
Bai eta’re konplitzeko didan [= ematen didan {‘ematen zaidan’}] penitenzia,
othoi, jauna, zuk konfirma ene borondatia (Etxepareren LVP, I: 194)

Gatza lora ditean artean beste gauza lekuske [‘ikus liteke’]. En tanto la sal floreciese otra cosa se vería (Refranes y Sentencias, 145)

Ezi[n]egina harria baino gogorrago. Harriari mailuaz ere baledeko [‘edeki lekioke, edekitzen zaio’]. El no poder, más duro que la piedra: a la piedra se puede quitar con el martillo (Isastiren errefrauak, 26)

Aditz perifrastikoetan ere, egun aditz laguntzailearen alternantziaz baliatuko ginatekeen kasu batzuetan, inolako aldaketa lexiko-morfologikorik gabe izan dezake egiturak balio inpertsonala:

– Kuidadua eduki begie, ikasi dezaen etseko persona guziak doktrinea, eztakianari irakasten diagola [= diola {‘zaiola’}] (Azkoitiko ordenantzen “sumario brebea”, I: 12-6)

– Gauza gaizki egina da, eta itsusia, adiskideari deiez dagotzunean, ez ihardestea, athean iguriki arazitzea ; eta berehala eman ahal diazaion [‘dakiokeen’] errepuestaren eta egin ahal diazaion [‘dakiokeen’] zerbitzuaren geroko luzatzea (Axularren Gero, 304-5/6)

Adibide horietan guztietan, aditzaren ohiko konfigurazioko argumentuetako bat orokorra edo zehaztugabea da, eta hala interpretatu behar da, adizkiaren morfologia gorabehera. Kontuan hartuta, baina, 3. pertsonako subjektuak ez duela inolako markarik euskaraz, ez zaigu horren harrigarri gertatu behar hura isiltzeko aukera morfologikoki anbiguoa.

Izan ere, horixe bide da iritzi ‘izena ukan’ aditzaren sorburua: ‘etsi, -tzat eduki’-tik (deritzo ‘irizten dio’), ‘deitu’ adiera iragankorrera (deritzo ‘deitzen dio’) eta, hirugarren pertsonako subjektudun formak inpertsonaltzat interpretaturik (deritzo ‘deitzen zaio’), iragangaitz gisa berrinterpretatzera igaro zatekeen (deritzo ‘deitzen da’). Hala bada, testu zaharrek gaur egun ezinezkoak diren bideak lehen posible zirela erakusten digute, eta egungo zenbait formaren sorburu eta bilakaera argitzen laguntzen.

***

Azken asteotan, zoritxarrez, egitura inpertsonal ugari gabiltza irakurtzen, pasibo-antzekoekin batera, zenbaitek ez-pertsonatzat dituztenez (Gazako bonbardaketan auskalo zenbat haur hil direla, Zisjordanian ugari izan direla zaurituak, eta abar). Halakoetan, sarraskigileak ez aipatzeko eta haien ardura eta erantzukizuna estaltzeko erabiltzen da inpertsonala. Ezen, esan ohi den bezala, pertsonala politikoa da; hizkuntza-kontuetan, ordea, inpertsonala ere bada politikoa.

Argi esan dezagun: Palestinakoari genozidio deritzo.

Itzulpen-ariketak: errefrau bilduma zaharrak

Borja Ariztimuño Lopez

Aurreko batean (esapide horrek iradokitzen duena baino aspaldiago, haiek garaiak!), euskarazko errefrau zaharrei buruzko sarrera bat idatzi nuen. Zehazki, bilduma zahar desberdinetan jasotako errefrau ber(din)en zerrendatxo bat osatu nuen, ikertzeko modukoa iruditu baitzitzaizkidan halako paraleloak. Gaurkoan, ordea, beste mota bateko paraleloak dakartzat: bildumotako batzuek dakartzaten itzulpenak.

Gai honek askotariko ertzak eta interesguneak ditu: formala (morfologia, lexikoa, sintaxia), semantikoa, filologikoa, antropologikoa… Esamoldeek ez ohi dute esanahi konposizionalik, eta itzulpenek, testu paralelo gisa, jatorrizkoa ulertzen lagun diezagukete. Bada, adibide gutxi batzuk eman besterik ez dut egingo hemen, irakurlearen interesaren pizgarri.

Alde batetik, 1596ko Refranes y Sentencias bilduman badira hainbat atsotitz ilun, egungo euskaratik nekez uler litezkeenak; halakoetan, itzulpenak filologoaren lana erraztu du.

(1)
.
Neurez ez dot, balinde baniqueçu
De mio, no tengo, si me diessen, daros eya

Oihenarten  1657ko lan ezagunean, bestalde, itzulpen literal edo zehatzagoen artean, bada nire arreta bereziki erakarri izan duen bat, jatorrizkoa baino nabarmen luzeago eta “osoagoa” delako, esaera ulertzeko beharrezkoa ez bada ere.

(2)
.
.
Domingo, egik emazte, atzi lo, berak iratzar iro
Dominique, prends une femme, et après dors tant que tu voudras, car elle aura asssez de soin de t’éveiller

Halaber, badira itzulpen bat baino gehiago duten atsotitzak ere, hainbat arrazoirengatik. Esaterako, aurretik aipaturiko bi bildumetan, zenbait antzeko errefrau (edo funtsean berberak) jaso ziren, zein bere itzulpenarekin:

(3)
.
Oshoa senar daguianac veti ojanera beguira
La que haze marido al lobo siempre mira al desierto (RS, 338)
(4)
.
.
Otsoa senar duenak, oihanera beha
Qui a le loup pour mari jette souvent la vue vers le bois (Oihenart, 386)

Aldiz, Garibaik berak bi bilduma utzi zizkigun, itzulpen-estrategia desberdinekikoak. Adibide interesgarrienetakoa diago adizki berezi eta (orain arte) misteriotsua dakarrena dateke: Atzean diagonak hutsean diago. Bi itzulpenei esker, esanahi literala eta ñabardura zehatza iritsi zaizkigu, bakoitzak bere aldetik nekezago adieraz litzakeen moduan.

(5)
.
.
Por los que murmuran detras sin poder hazer daño, dizen:
Açean diagonac, vsean diago
Los que hieren detras hieren en vazio. (Garibai, A20)
(6)
.
.
.
Por los que hablan mal de otros en ausencia, dizen:
Tras en dize el q vazio en dize
Ace an diagon ac, use an diago
Quiere dezir: El que dize detras, dize en vazio. (Garibai, B39)

Mereziko luke, bada, errefrauon azterketak berrikustea itzulpenetan arreta berezia jarriaz. Izan ere, esaerek gordetzen dituzten misterioak argitzeko modua ez ezik, itzulpenak berak ere aztergai ederra lirateke: zein motatakoak diren, zer helbururekin eginikoak, eta abar.

Ez da egiteko makala atsotitzak itzultzea!

Zori onak

Borja Ariztimuño Lopez

Artikulutxo hau, sori bazait, 31 eskutikeko arduradunak zorionduz hasi nahi nuke, bai eta eskertuz ere, bloga berpiztegatik eta berton aritzeko gonbita egiteagatik. Bejondeizuela, bada; eta zorionekoak gu!

Maiz gauzak zoriz gertatzen direla dirudien arren, azpian lana eta ahalegina ohi dautza. Ez zen jode-txori-batki agertu Irulegiko Eskua, ezta azken hamarkadetako beste zenbait aurkikuntza filologiko ere[1]. Halaber, halabeharra baino gehiago behar da testu bat interpretatzeko[2]; hasteko, aldez aurreko ezagutza nahikoa. Alabaina, hizkuntza bera ere (aski) ez dazagunean, ezer gutxi dagikegu. Rosetta harri bat eskas dugularik, dakiguntxoak eman diezazkiguke interpretazio txoro batzuk baztertzeko argudioak, eta are hipotesi xumeren bat egitekoak; baina, konparagai egokirik ezean, jai dugu.

Adibidez, 1596an argitaratu Refranes y Sentencias bildumako 91. errefrauak honela dio: Neurez ez dot; balinde, banikezu. Esaldi labur hori ulertuko bada, euskal aditzaren historiaren gaineko ezagutza pittin bat behar, gutxienez: dela -i(n)- errodun aditz trinkoaren existentzia bera (‘eman’ adierakoa), dela -de bukaerak ilundu duen morfema-segidarena (*-da-e); eta, hala, ‘emango balidate, emango nizuke’ eguneratu dezakegu. Alabaina, itzulpen bat beti da lagungarri (batzuetan rosettaharri), eta aipagai dudan testuak berak bazekarren berea: De mío no tengo; si me diesen, daros eya[3].

Izan ere, testuak itzultzea alderatzea da, dagokien testuinguruan egoki alderatzea. Eta horixe falta du Irulegiko Eskuak: testuinguru linguistiko eta filologiko zabalagoa, ortzian bat-batean agerturiko hegazti bakarti baten modura, bitxi, itxuraz noraezean.

Arranopola, txori bat!


[1] Besteak beste, Lazarragaren eskuizkribua, Materraren 1617ko Doctrina Christiana, edota XVI. mende hasierako Azkoitiko poemak.

[2] Eta zer da, bada, itzultzea? Eta, alderantziz, zer da, bada, interpretatzea, testua ulergarri den modura (“hizkuntzara”) erakartzea baino?

[3] Alegia, ‘os daría’; -os izenordain enklitikoaz, eta eya aditz laguntzaile artean zeharo atzizkitu gabeaz (geroko –ía).

Euskara aldagaitz: adizki kuttunenak

Borja Ariztimuño Lopez

Hizkuntzen historiaz dihardugunok sarritan aipatu ohi dugu harako “hizkuntza guztiak etengabe aldatuz doaz” leloa. Eta egia da, izan ere.

Haatik, bada horren alboan beste ezaugarri ezagun bat: erabilera maiztasunak formak higarazten ditu, baina bestelako aldaketetarik (adib. analogiatik) aldentzen.

Paradoxa dirudi motibo beragatik zerbait aldi berean eraldatzea eta zurruntzea. Azalpen ulerterraza du horratik. Oro har, oharkabean-edo darabiltzagu gure hizkuntzaren fonetika-fonologiak (eta hitzak, erabiliaren erabiliaz, higatzen dira). Aldiz, morfologia maizago erabiltzen dugu gogara-edo (eta analogiak egiteko joera dugu, erabat ohartuki ez bada ere); alabaina, maiz erabilitako forma bat (adizki bat kasu), maila morfosintaktikoan osatua izatetik gure buruko “hiztegira” igaro daiteke, jatorrizko paradigma erregularretik atera, eta kideen patua patu, bere horretan iraun dezake, prestu-prestu, guk edo gure sintaxiak eskatzen dion aldiro dagokion hutsunea betetzeko.

Euskarazko aditz erabilienak izan eta *edun dira, hein handi batean laguntzaile bihurtu zirelako; eta haien paradigmetan badira forma irregularrak. Lehendabizikoari dagokionez naiz, da, gara, dira aipa daitezke. Bigarrenaz denaz bezainbatean, mendebaldeko euskalkietan are nabarmenagoa da irregulartasuna: du/dau : det/dot erroko bokal-aldaketak, ditut, gaituzu bezalakoetako -it- pluralgile misteriotsua…

Neure tesirako osatu dudan corpusari begiratuz gero, ikusiko dugu 1625 arteko testuetako adizki guztien artean, izan eta *edun-enak agerraldi guztien %56 direla. Areago, aditz horien oinarrizko forma banak (da, du)[1] corpus osoaren %6 osatzen dute (%12 bi forma soilek!).

borja1

1. irudia: Euskara arkaikoko adizkien corpuseko portzentaiak (izan eta *edun).

Gaurkoan, dena dela, ez dut euskara arkaikoaz (soilik) hitz egin nahi.

Duela lau urte pasatxo, Erramun Turutarenak ikerketatxo baten datu batzuk plazaratu zituen Sustatun. Euskarazko azpitituluen corpus bat erabiliaz, indikatiboko 10 aditz laguntzaile erabilienen zerrenda osatu zuen.[2]

Bada, esperimentua neure corpusarekin albait fidelkienik errepikaturik, emaitza harrigarria (?) atera zait. Erka itzazue ondoko grafikook (ez kopuru absolutuak, baina adizkiak berak zein diren eta haien arteko maiztasun erlatiboa bi corpusetan):[3]

borja2

2. irudia: izan eta *edun adizki erabilienak (azpitituluetako datuen arabera ordenaturik).

borja3

3. irudia: izan eta *edun adizki erabilienak (corpuseko datuen arabera ordenaturik).

Alde batera utzirik nire corpusean hamargarren postuan berez ditu ageri dela (gutxigatik zara-ren aurretik),[4] aditzon erabilera ezer gutxi aldatu dela ikus dezakegu: begikoen ditugun 10 adizkietarik 9tan bat gatoz XVI-XVII. mendeetako euskaldunak eta XXI. mendekook. Edo behinik behin garai zaharretako idazleak, eta egungo (azpitituluen) itzultzaileak.

Azken horrek ere (itzulpenak izateak, hain zuzen) zer pentsatu ematen dit: ba ote daiteke, aurkeztu dudan hizkuntzaren alderdi honi dagokionez, hizkuntza guztietan antzeko joerak izatea?

* * *

[1] Eta bigarrenaren dau, deu aldaerak; aldiz, ez ditut barnean sartu aurrizki-atzizkidun formak (duen, dela, baita eta abar bezalakoak). Hortaz, egiazki %6na baino zertxobait gehiago dagokieke.

[2] Egiazki izan eta *edun-en adizki erabilienak lirateke, forma hutsen (naiz, haiz, da, gara…) zenbaketa automatikoan oinarriturik egin baitzuen lana, nonbait, nire anaia etorri da eta nire anaia da modukoak bereizi gabe.

[3] Azpitituluak: Erramun Turutarenaren datuak. Corpusa: nire corpuseko datuak.

[4] Eta gainerakoetan ere ez dela ordena bera gordetzen (hori bai, bi corpusetan da nagusi, eta dut 2. edo 3. postuan). Horrez gain, zen-dira-zuen eta naiz-zara/dugu-dugu/zara “blokeak” (3. pertsona vs. 1. eta 2. pertsonak, barneko ordena ia berbera eta guzti!) nabarmenduko nituzke. Lehen taldekoak erabiliagoak dira oro har kontakizunei lotuak diren idatzizko testu zaharretan; bigarrenekoak nagusitzen dira, aldiz, gehienetan elkarrizketei dagozkien azpitituluetan.

Higuina akuilu III

Borja Ariztimuño López

 

Haik(u)a I

Doinuak zatitzen zituelakoan
ebaki nahi izan zituzten
ez zutenen belarriak

 

Haik(u)a II

Ahairearen itolarria
arintze aldera
zintzurmotz otzan
egon hadi

ITZULEKTOLOGIA: dialektologi itzulpengintzatik itzulpen-dialektologiara(ntz)

Borja Ariztimuño López

Atzokoa aitaren eguna izan bazen, gaurkoa aitaren-eguna izango da blog honetan. Izan ere, euskal testu zaharretan gehien aipatzen den aita (Gure Aita edo Aita Gurea) izango da hizpide, edo hobeto esanda, hari eskainitako otoitz ezaguna. Baina, has gaitezen hasiera-hasieratik (kronologikoki ez bada ere).

Ezagun izango zaizue, noski, euskarazko testuen urritasun eta berankortasuna (erlatiboa, dena den), eta are gehiago homogeneotasun temati(ko)a: hala biz.

Hortaz, berebiziko garrantzia dute “kanon” horretatik aldentzen diren testuek, erlijiozkoetan ageri ohi ez diren egiturak eta formak biltzen dituztelako, eta, bide batez, lan filologikoari zirrara apur bat eransten diotelako!

Filologi lan hori egoki eta xeheki egitea ezinbestekoa zaigu hizkuntzalaritza historikoan gabiltzanoi, denboran atzera eta ikerketan aurrera urrats sendoz eta fidagarriz egin ahal izateko. Azter-eremu zabal horren barruan, dialektologia historikoak du, beharbada, oztoporik handiena.

L. L. Bonaparteren XIX. mendeko landa-lan eskergak (lan da lan) datu asko utzi ditu gure eskura, baina, egia da ere hein handi batean itzulpenetan oinarriturikoak direla, sistematikoki eta helburu jakin batekin e(ra)gindako itzulpenetan hain zuzen. Ezin zaie ukatu daukaten balioa, jakina, halako corpus paralelo erraldoirik ez baitugu beste inoiz izan, dakidala. Alabaina, desberdintasunak erakustea xede zuten itzulpenak (printze-zuzendariaren “aurreiritziak” tarteko), ez bide dira litekeen iturririk aratzena, halakorik inon bada. Kantitateak berdintzen-edo kalitatea.

Edonola ere, testuok berriegi, modernoegi begitantzen ahal zaizkio euskalki zaharren egituraketa, eta euskalkien sorrera eta hasierako garapena aztertu nahi dituenari. Horretarako, lekukotasun askoz ere zaharragoak behar, eta horiek exkax gurean (geroz eta gehiago badira ere, zorionez!).

Hemen sartzen da gure aita. Edo aitagurea.

Zein da, bada, euskalki gehienen lekukotasun zaharrenetarikoa? Bada, hain zuzen ere, horien corpusa osatu dut (hogeitaka itzulpen ezberdin), eta haren azterketan dihardut orain, aurki-edo emaitzaren bat argitaratzeko esperantzan.[1]

Jabetzen naiz, halere, Bonaparteren bildumaren pareko eragozpenak dituela honek ere. Hasteko, itzulpenak dira, eta horrelakoetan (bereziki erlijio-testuetan) iturriari zor zaion fideltasunak eta iturriaren ezaugarriek berek (jatorrizko hizkuntza desberdinak, adibidez) izan dezaketen eragina kontuan hartu behar da. Gainera, helburu dialektologikorik ez, baizik eta aitaren hitza albait zabalen hedatu nahi izanik, hizkuntz eredu jakin bati (tokian tokiko “estandarrari”, aldaera prestigiodunari) jarraitu izana ere espero izatekoa da. Azkenik, honelako testuetan arkaismoak eta berrikuntzak nahaska topatuko ditugu, alde orotako indarrak izaten baitira tradizio zahar-berrietan.

Datorrena datorrela, gogotsu ekin diot aztergaiari: txarrenean, bagenekiena edo uste genuena berrestera etorriko da (lankide gutxiko alor batean, pixka bat es…), eta, onenean, ondo ulertu gabeko edo oharkabean igarotako ezaugarriren bat edo beste hobeto konprenitzea ekarriko ahal du!

[1] Aurrerago sinesten dut edo kredo deritzona sartzeko asmoa ere badut, konturaturik ia beti elkarrekin doazela eta, beraz, corpus paraleloa zabaltzeko aukera dagoela.

Higuina akuilu II (edo #euskaraakastasunez)

Borja Ariztimuño López

Jatorrizkoa gaztelaniaz pentsatua izatea, itzuli duenak euskara ez menderatzea (berak kontrakoa uste izan arren), norberaren lanean axolagabe jardutea… Hainbat arrazoi ekar litezke idazpuru, eskuorri eta bestelako testu laburretako itzulpen okerrak zuritzeko; bakar bat ere ez onargarri.

Tamalez, uste baino gehiagotan gertatzen dira halakoak (zer esango dizuet zuei, blog honen ohiko irakurleoi), gaizki itzultzea ez baita gramatika-akatsak egitea bakarrik; ondo itzultzea hitzez hitz, sintagmaz sintagma, bana-banako ordainak ematea baino gehiago baita.

Ez dut iruzkinduko ondoko testua, ez eta nola itzul litekeen euskal sen handiagorekin, bereziki euskarak berezko duen elipsirako joera eta gaitasunaren bitartez (egoki erabiliz gero, jakina); zuen esku:

GUIA “no te (lo) pierdas”

ez (ezazu) galdu” GIDA

(Gipuzkoako Campuseko Biblioteka, UPV/EHU, Donostia)

Arazoa, maluruski, mezuen eduki linguistiko hutsetik haratago doa, eta nabarmen uzten du, berriro ere, gaztelaniazko (sorburuko) bertsioarekiko morrontza; ikus:

PLANTEMOS
CARA

AURRE
EGIN

(Gazte KomunistakJuventudes Comunistas)

Baina ez pentsa soilik erakunde publikoak eta marxistak ditudanik jomugan eta gaitzesgarri; ez. Ustezko “sozialista” zenbaitek ere badute merezimendurik, hizkuntzaz bezainbat edukiz, hain lotsagarri. Pse…

Bego.

Hizkuntzaren historiak III: gramatikalizazioa

Borja Ariztimuño López

Hitz potoloak, hitz arraroak, eta askotan itsusiak, zenbat eta halakoagoak hobe, iduriz. Terminologia zehatza, delako alorrean adituxea ez den inori, oztopo gertatu ohi zaio. Horregatik komeni da adibide ulerterrazak jartzea, bereziki lan dibulgatibo batean.

Iazko udan Eibarko UEUn antolaturiko ikastaro batean azaldutako kontu bat ekarri nahi dut gaur hona, izenburuan adierazitakoa (aurrekoren batean zeharka-edo aipatu dudana), adibide ene ustez polit batekin.

Gramatikalizazioa, labur esanda, hitz edo egitura batek izaera geroz eta gramatikalagoa hartzea da, esanahi lexikoa lausotuz eta galduz, testuinguru berrietara zabalduz, fonologikoki higatuz… baina maiz sorburuko esanahiaren parte bat gordeaz, eta berak baldintzaturiko bilakabidean barrena.

Adibide ohikoena aditz laguntzaileena da: jatorrian esanahi osoko aditzak izanik, ondoren aditz jakin batzuekiko konbinaketan erabiltzen hasi eta, azkenean, zeinahi aditzekin eta haren esanahia aldatu gabe, soilik informazio gramatikala adierazteko elementu bilakatzen baitira.

Euskara bezalako mintzaira “isolatu” eta historia laburreko baten iragana argitzeko, baliagarri izaten da oso hizkuntza askotan antzera gertatzen diren bilakabideak aztertzea eta horien bila gure hizkuntza arakatzea. Esaterako, erabilera ezberdin askoko esapide baten esanahi zaharrena, berriena eta tarteko bidea zein izan diren argitzen lagun diezaguke, lekukotasun idatziek nahikoa argi egiten ez dutenean.

Adibide baterako, behar izen-adjektiboaren eta behar izan (edo ukan, edo hobeto *edun) perifrasiaren arteko harremana, eta azken horren adiera guztien jatorri eta bilakaera modu berean azal genitzake.

Perifrasi bateko elementu bakoitzak, logikoki, perifrasia bera baino zaharrago behar du izan, hortaz, behar izen edo adjektibo moduan soilik erabiliko zen hasieran, baita horrelako elementuek parte hartzen duten ohiko perifrasietan ere (izen-predikatuetan), jatorrizko ‘premia(zko)’ adieraz:

(1)       ura behar dut ‘ura beharrezko dut, ura(ren) beharra dut’ (cf. ardoa gogoko dut)

Jakina, egitura horrek ez du bestelako interpretaziorik ahalbidetzen, baina, izen sintagmari beharrean aditz sintagma bati lotzen badiogu:

(2)       ura edan behar dut ‘ura edateko beharra dut’ (cf. ura edan gogo dut)

Hor bai, ‘premia’ > ‘obligazio’ aldaketa (hizkuntz askotan lekukotua dena) erraz gerta daiteke.

(3)       ura edan behar dut [egarri naizelako-edo] → [medikuak agindurik-edo]

Hortik aurrera, partikula modal gisa gramatikalizaturik (pentsa mugagabean erabiltzen dela, iharturiko hainbat esapidetan legez), obligazioaren modalitate deontikoaren bidez “xede” edo “asmo” adiera hartzea ere ohikoa da:

(4)

a. atera ezank patxaran botila, gaur parranda egin behar dut!
b. normalean ura edaten duzu eta, gaur ardoa edan behar al duzu?

Azken esaldiok, bereziki (4b)-k ene iritziz, badute geroaldi kutsu bat ere; izan ere, hori da modalitate deontikoaren ohiko bilakabideetako bat (obligazioarena ere bai, oro har):

(5)       bihar elurra egin behar omen du (hor ez da “asmorik”…)

Gramatikalizazio kate bat da, beraz, behar-en erabilera guztiak batzen dituena eta horien arteko harremanak eta kronologia erlatiboa azaltzen dituena, ingelesezko literaturan aipatu ohi den modura: NEED > OBLIGATION (> DEONTIC MODALITY~PURPOSE) > FUTURE. Ugariak dira horren adibideak mundu guztiko hizkuntzen artean.

Kateok, baina, behin eta berriro gertatzen diren prozesuak ditugu eta, hala, adiera oinarrizkoenetarako beste perifrasi bat sortu zen, Bizkai-Gipuzkoetan gutxienez: beharra eduki. Ikusten denez, bi berrikuntza ditu egitura honek aurrekoarekin alderatuta, mugatzailearen eta eduki aditzaren erabilera areagotuz joan baita historian zehar. Proba ezazue aurreko adibideetako behar *edun egituraren ordez beharra eduki-rekikoa txertatzen,[1] ea zenbagarreneraino iristen zareten aldi bakoitzeko aldaketa semantikoak eginez… Hain zuzen ere, oraingoz, premiatik obligaziorakoa besterik ez bide du egin, hartaraino egin duen hizkeretan. Areago, (1) adibiderako gehienok beharrezko dugun beharrezko(a) are berriagoaren kasuan, aditzekin erabili ahal izatera igaro da, bai, baina betiere hasierako NEED esanahia gordeaz.

Honenbestez, gramatikalizazio isolatuetatik gramatikalizazio kateetara eta, horietarik, gramatikalizazio kate ezberdinak geruzaz geruza nola teilakatzen diren ikustera iritsi gara. Gramatikalizazioaren teoriak, zehazki, sare itxuraz nahaspilatuen artean eta geruza erdi-estalien azpian murgiltzen, eta anabasari azalpen koherente eta ordenatu bat (aski ziurtasun eta berme sendoekin) ematen laguntzen digu hizkuntzaren historian eta historiaurrearen berreraiketan dihardugunoi, beti ere, zientzia guztietan bezala, hatsarre zenbait onartuz gero: batetik, munduko hizkuntza natural bizi guztiek printzipio berberei erantzuten dietela eta, bestetik, uniformitarismo delakoari jarraiki, gizakiaren historian zehar izan diren hizkuntza eta hizkuntza-egoera guztietan aldaketarako mekanismoak berberak izan direla.

Ariketa modura, zein katebegitan ezarriko zenukete ondoko esaldi bakoitza? Bada zuen hizkeran ezinezkoa denik? Etorkizun hutsa adierazten ote du behar partikulak? Zer dela-eta (ez)?

  1. Bihar zinemara joan behar dut.

 

  1. Azkenean zer, etorri behar al duzu?

 

  1. Ardoa behar dut.

 

  1. Hurrengo hauteskundeak irabazi behar ditugu.

 

  1. Gauean etxekolanak egin behar ditut.

 

  1. Datorren urtean goenkale bukatu behar omen da.

 

  1. Pixa egin behar dut.

 

  1. Bazkaldu behar duzu?

______________________________________

[1] Beharbada, (1) adibidean ez bere horretan, baina bai beharrezko(a) eduki (edo *edun) erabilita; kontua da mendebaldeko hizkerek, bederen, behar (edo beharrizan) izena eta beharrezko adjektiboa bereiztera egin dutela.

Lehengoaiarenak II: izen(k)izunak

Borja Ariztimuño

Itziar Diezek, duela hilabete gutxi gorabehera, ekarritako “toponimo itzulezinen” kontuak[1] gogorarazi zidan askotan aipatzen den (eta Koro Garmendiak bestelako adibide interesgarriekin hornitu zigun)[2] Nafarroako Dos Hermanas leku-izenaren afera. Zilegi bekit bestetan adierazitakoa laburbiltzea: gaztelaniazko izena euskarazkoaren interpretazio oker baten ondorioz sortu zen, Bi haizpe (< *bi haitz-be(he)) → **Bi ahizpe = Dos Hermanas. Noski, nahaste hori aski (edo erlatiboki) berria dateke, orduko euskararen ahoskeraz ondoriozta dezakegunez: alde batetik, ez bide zen hasperenik ahoskatzen (eta areago /ai/ bokalek diptongoa osatzen zuketen) eta, bestetik, are berriagoa dirudien a > e / i(C)_ (hau da, i ondoko a bokala e bihurtzea) gertatua zatekeen, horrela ahizpa > aizpe bilakaturik, beste (h)aizpe-ren erabateko homofono.

Baina badira mota honetako edo antzeko aldaketa gehiago Euskal Herrian zehar, bitxikeria moduan aipatu nahi nituzkeenak (ezagunak dira oro, baina menturaz ez duzue guztien gaineko hausnarketarik egin eta hortaz ez zaituztet berriketa honekin gogaituko!).

Nafarroako Foru Erkidegotik atera gabe, famatua da (nahiz eta ez dakidan zenbateraino dagoen garbi) Estella izena Lizarra-ren sasi-itzulpena delako ideia, L’izarra zelakoan erromantzez emana. Nahiz egia, nahiz ipuin, istorio polita dela ukatu ezin.

Ipar-ekialderago joaz, duela urte t’erdi pasatxo Eneko Bidegainen arrazoizko arranguren[3] eragileetako bat topatuko dugu: Donibane Lohizune. Lekukotasun zaharrenetarik ageri omen zaigu azken zatia desitxuraturik, Luis, Luk, Lux, Luce eta abarren azpian, baina, edonola ere, jatorrizkoa euskarazkoa dela pentsatzea logikoa da, kontuan harturik Zuberoan ere badela beste Lohitzüne aski zahar bat.

Badira beste batzuk euskaldunek eraldatuak zirela uste izaki eta ustezko aldaketa horiek “deseginik” sortu zirenak, Recalde eta Retolaza, esate baterako, erreka alde eta erret ola-tza sintagmetatikoak, hurrenez hurren.

Bukatzeko, ordea, ez dut itzulpen edo egokitzapen bat aipatuko, baizik eta izen konposatu bat, Vitoria-Gasteiz ereduaren aurrekaria izan baitzitekeen, auskalo!

Euskaraz Iruñ(e)a denaren erdal ordainaz ari naiz: Pamplona, Pampelune… eta, azken batean, horien jatorrian den Pomp(a)elo(n). Aspaldiko kontua da azken horrek euskarazko izena bera daukala barnean, Estrabonek Pompeios polis gisa “itzuli” baitzuen (hortik hiri hitzarekin lotu izana). Hizkuntzalaritza master amaierarako prestatu nuen tesinan, besteak beste, izen hauen jatorriaz aritu nintzenez, hona ekarriko dut ondorioetako pasarte bat (zertxobait zuzendu/moldatua), Iruñea izenaren jatorriaz eta, beraz, Pamplona-ren eraketaz dudan iritzia argi geratuko delakoan:

«Irun- hasiera duten toponimoak (antzinateko Ilun- lekukotasunekin lotuak badira, bederen) ez lirateke jatorrian *hiri (h)on, ez *ili (h)on, baizik eta *ilun, osorik, azken horren euskal jatorria eta sorburuko etimologia gorabehera. Iruñ(e)a-ra, esaterako, bilakaera luze xamar baina azalerraz honen bidez irits gintezke:[4] *Ilun → [non?] *Ilun-en → [mozketa okerraz, cf. Uztarroze, Akize, Parise…] *Ilune(-n) > *Ilũ(h)ẽ > *Irũ(h)ẽ > *Irũĩ(n) > Iruin [deitura ezagunean eta iruinxeme-n gordea, zeinek artikuluarekin Iruña eman duen] → [berriro: non?] Iruñ-en → [berriz ere mozketa okerraz] Iruñe-n[artikuluarekin] Iruñea. Iruña forma, beraz, bigarren -e paragogikorik gabea izango litzateke, eta Irun, argi da, jatorrizkotik gertuen dagoena, VlV > VrV aldaketa bakarrik pairatu duena (cf. Irunberri ere). Besterik da izenok antzinako Ilun-ekin lotzen ez baditugu proposa litekeen etimologia: *hiri-hon edo *hiri-(g/h?)un(e)? Hala ere, Ilumberri- zaharrak eta Pomp(a)elo(n)-go akabuko zatiak iradokitzen digutenari kasu eginez, *ilun-en alde egingo nuke.[5]»

[1]    http://31eskutik.com/2014/11/21/25-de-noviembre/
[2]    http://31eskutik.com/2013/06/18/toponimiarekin-lotutako-hainbat-bitxikeria/
[3]    http://31eskutik.com/2013/05/22/luzerako-bidaia-san-juanera/
[4]    Irakur Mitxelenaren oharrak izen hauez, hemen.
[5]    Jakina, ilun horrek ez du zerikusirik euskara historikoko il(h)un hitzarekin; orain azalduko ez ditudan zenbait arrazoik eragozten dute lotura hori egitea.