Aintzane Ibarzabal Esnaola
Hernaniko kanposantuko kale-kantoi batean Agustin Paskual Iturriagaren (1778-1851) hilobi hondatu eta lizunak jandakoarekin ezustean topo egin ondoren, idazlearen bizitza eta obra irakurtzeari ekin nion. Besteak beste, Klasikoak saileko Jolasak liburua (1842), 1987an berrargitaratu zena.
Patxi Altuna arduratu zen argitalpenaz, eta hitzaurrean Agustin Iturriagaren bizitzaz eta, batez ere, haren idazlearen irakasle lanaz ari zaigu. Iturriaga oso gazterik hasi zen irakasten (1797a baino lehenago). Ikasketak egin ondoren, gainera, eskola bat ireki zuen Hernanin eta irakasle aparta izan zela diote ikerlariek (“zekiena baino gehiago irakasten omen zuen”). Dena dela, eskolak ez zuen luze iraun (1823 ingurura arte edo). Ikertzaileen esanetan, Iturriagak salaketak izan zituen, Voltaireren eta entziklopedisten filosofia azalduz, gazteak galbideratzen omen zituelako. Giro horren eraginez, atzerrira joan behar izan zuen 1841ean. Handik urte batzuetara Hernanira itzuli eta han geratu zen hil arte (1851).
Garbi dago garai hartarako oso aurrerakoiak izan zirela haren joera didaktikoak eta hizkuntzari buruzkoak, gaurko ikuspegitik aurrerapen horiek oso urrun ikusten baditugu ere. Euskarari eman zion trataera ere guztiz berritzailea izan zen: ikasleen ama-hizkuntza (euskara) kontuan hartu behar zela zioen, irakaskuntzako gainerako ikasgaietan murgiltzeko.
Liburuaren hitzaurrearen amaieran Altunak dio COUko ikasle aurreratuenek euskalkiak ikasteko irakurgai aproposa izango dela Iturriagaren liburua. Aipamen horrek gogora ekarri dit gaurko Batxilergoko ikasleek euskal idazle klasikoekin duten harremana (aurreratuek eta ez aurreratuek). Batxilergoa, eta azken urtea bereziki, USE/EAU proba gainditzera eta emaitza onak izatera dago bideratua. Hala, euskal literaturak ez du lekurik (ez prestigiorik), are gutxiago euskal idazle klasikoen irakurketak edota testu iruzkinek.
Iturriagaren testuetan, oro har, sumatzen da idazlearen asmo didaktikoa, bai alegietan, elkarrizketetan eta baita hark itzulitako eglogetan ere, baina Jolasak liburuko elkarrizketetako azalpenek beste liburu batera jauzi eginarazi didate.
Irakaskuntzatik erretiroa hartu ondorengo abantailetako bat liburu mardulak irakurtzeko denbora izatea da. Marduletan mardula da Juan Gartziak itzulitako Moby Dick, Herman Melvillek (1819-1891) 1851. urtean argitaratua: Iturriaga hil zen urte berean.
Bi idazleen arteko lotura egitea ez zait zentzugabea iruditu. Garai berekoak dira biak eta testuen zati didaktikoetan, hizkuntzaren erabilerari dagokionean, batak bestearen oihartzuna ekarri dit. Izan ere, mundu iraganaz ari zaizkigu biak, antzinako jarduerez. Landa giroko gaiez elkarrizketak erabiliz Iturriaga; baleaz eta balearen arrantzaz 135 atal eta epilogoa dituen nobela luzean Melville.
Irakaskuntzak ere lekua du bi testuetan. Iturriaga irakasle ospetsua izan zen, elkarrizketen bidez irakatsi nahi izan zien ikasleei, bai hizkuntza eta bai edukia. Eskola maisu izandakoa da Melvilleren pertsonaia ere, Ismael, itsasora marinel gisa abiatzen dena. Irakasle senez ematen dizkigu baleaz eta balearen arrantzaz azalpenak eta argibideak.
Ez da prosaren estiloa (Melvilleren prosa zentzu batean didaktikoa izateaz gain, poetikoa ere bada, aberatsa, sakona…), ez da forma zehatza ere (elkarrizketa soilak dira Iturriagarenak, paragrafo luze eta korapilatsuak ditu Melvilleren nobelak). Hizkuntzaren kutsu arkaikoak ekarri dit burura bi testuen arteko ahaidetasuna.
| LEHENBIZICO JOLASA Antonio: Basilio lengo eguneco zure jolasac arras jostatu ninduen, B: Atseguin det jaquitea (…) A: Esan zadazu nola eguiten duen obra eder ori. B: Bada inguma mota bat zuria ta lodia. Onec eguiten dituen arraultcetatic irteten dira ar guztiz chiqui batzuec. Bereala asten dira masust arbolen ostoa jaten. Jaten dijoacen becela dijoaz anditzen. (…) Capuleac ifintcen dira ur iraquiñean eta an beratzen dira. Artcen da izpi bat, eta dauden lecutic atera gabe dijoaz ascatcen . Matazuran izpia artuaz, eguiten da mataza, ascatcen dijoan becela. A: Norc esan icusten diran sedazco jantzi ederrac zor zaizcala ingumari! B: Capulearen barrenen dauden arrac oso osoro ezcur alea dirudite. A: Illac, ala biciac daude? B: Illac gure beguietan, baña uda berrian irteten dira capuletic inguma biurturic. A: Ori gauzaren miragarria! B: Bi gauza oietatic zein deritzazu miragarriagoa? Piztea ala inguma biurtzea? A: Ain arrigarria arquitzen det ar bat inguma biurtcea, non il bat piztea. B: Eguiaz, arritceco gauza da gaur lurrean arrastaca dabillen arra , bigar egan len zan baño ederragoa icustea. Onen vistan ez da gaitz sinistea pistuco guerala gu ere egunen batean len baño ederragoac. Inguma berri oiec eguiten dituzte arraultzac eta bereala iltzen dira. A: Cer, orren dembora guchian bicitzen dira? B: Bai, eta badira abereac oraindic guchiago bicitzen diranac. A: Ori orrela bada, ez degu cer errencuratu gure biciaren laburtasunaz. Jolasak, 1842 |
| 95 Sotana Igo bazinate Pequodera balearen hil ondoko disekzio horren une jakin batean, eta aurrera urrats egin gindaxaren ondotik, duda handirik ez dut jakin-min ez txikiz arakatuko zenutela objektu guztiz harrigarri, enigmatiko bat, han ikusiko zenutena luzetara etzanik haizebeko isurbideetan. Ez balearen buru itzeleko zisterna berebizikoa, ez haren beheko baraila gontzetik irtenaren txundigarria, ez haren buztan simetrikoaren miraria, horietarik ezein ez litzaizueke hain harrigarri, nola so erdi bat egitea horrako kono igargaitz horri; kentuckytar bat altu den baino luzeagoa, oinbete inguru diametroz oinarrian, eta hain atxabitxi-beltz nola Ioio, Queequegen idolo ebanozkoa. (…) Moby Dick, 1851 |
Amaitzeko, duela gutxi Homeroren Odisea itzulpen argitaratu berriaren aurkezpenean Matias Mujika itzultzaileak azaldu du jatorrizko bertso luze, monotono, ia hipnotikoak itzultzeko Ziburuko Etxeberriren testua erabili duela eredu gisa.
Adierazpen horiek ezin egokiagoak dira hemen azaldutakoa baieztatzeko. Hau da, euskal idazle klasikoak baliabide egokia dira itzulpenetarako eta haien lanak ezagutzea premiazkoa da. Itzultzaileek arrakastaz erabili dituzte euskal idazle klasikoen ereduak zenbait idazle klasikoren lanak itzultzeko (Shakespeareren Sonetoak, Hamlet; P. Chardelos de Laclosen Harreman arriskutsuak, Melvilleren Moby Dick, Margarita Nafarrokoaren Heptamerona edo Homeroren Odisea bera).
Lan horietan itzulpenetatik euskal idazle klasikoetara jauzi egin dezakegu eta euskal idazle klasikoetatik itzulpenetara. Horregatik, ausartuko naiz esatera irakaskuntza orokorrean euskal idazle klasikoen testuei lekua egin behar zaiela[1], etorkizuneko irakurleentzat onuragarria izango delako, jakinda ere oso zaila dela hori helburu guztiz praktikoak, teknologikoak eta merkantilistak nagusi diren giroan.
Orain Iturriagaren aztarnak aurkitzea falta da. Udalak jakinarazi digunez, kanposantuko hilobi lizunak jandakoan ez dirudi gorpuzkirik dagoenik. Ea artxibategiko langileek nonbait aurkitzen dituzten. Bitartean, hor ditugu idazlearen testuak zain.
[1] Ezin egokiagoa Noeren ontzia web orriak euskal testuak lantzeko eskaintzen duen materiala.

