Itzultzaile-interpreteak eta euskararen normalizazioa (II)

Lamia Filali-Mouncef Lazkano eta Patricia Jorge Kuartango

Aurreko blog-sarreran proposamena egin genuen euskararen normalizazioaren eta euskararako itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteon (IZIon) lanaren arteko intersekzioaz hausnartzeko, eta pentsatzeko ea zein izan beharko litzatekeen gure rola, paradigma hain azkar aldatzen ari zaigun honetan. Hausnarketa horretan murgilduz, gure gaurko proposamena euskararako IZIon lanaren egoerari buruz aritzea da, nola heldu garen honaino eta non gauden labur bat.

Hasteko, euskarara itzultzeko, zuzentzeko eta interpretatzeko lan ordaindu eta profesionala, euskara teknikari lana bezalaxe, 80ko hamarkadan jaio zela pentsa daiteke, normalizazioak bultzada bat hartu zuenean, eta hari esker garatu dira bi lan-motak azken 40 urteotan, zuzenean zein zeharka. Zentzu horretan, ezin da ulertu euskal IZIon lana euskararen normalizaziorik gabe. Herrigintzaren aldarrikapenen eraginez ehundu zen lanbide gisa, eta hari esker soilik mantendu ahalko da eraso erreakzionarioaren aurrean, gure ustez.

Era berean, alderantziz ere hausnarketa antzekoa dela pentsa genezake. Alegia, baieztatu daiteke ezagutzen dugun euskararen normalizazioa, hizkuntzaren biziraupena bermatu duena[1], itzulpengintzarik gabe nekez gertatuko zela[2] [3].

Guztion mingainetan dagoen euskara batua bera sortzeko, testu zaharretan oinarritu ziren, eta haietatik erdiak baino gehiago itzulpen aitortuak ziren [ibid., 109. or.]. Hiztun arruntari heltzen zaizkion lexikografia lan erabilienetakoek eta itzulgailu automatikoek itzulpenak izan dituzte abiapuntu. Belaunaldi oso batentzako jabekuntza-akuilu izan ziren marrazki bizidunak itzulpenak ziren. Agian aztertuena eta partekatuena literatur sistemari egindako ekarpena izan liteke, baina ez dugu uste arlo bakarra denik. Horrez gain, euskaraz dagoen testu-masa ez-informalaren ehuneko handi bat itzulpengintzak sostengatzen duela pentsa daiteke (hots, euskara planek), alde batera utzita gehienbat euskaraz funtzionatzen duten kulturaren, hedabideen eta hezkuntza munduaren eremuak. Izan ere, entitate elebidunetan, hizkuntza-norabidea, ia beti, gaztelaniaz/frantsesez sortzea eta euskaratzera bidaltzea izaten da.

Finean, gure ustez itzulpengintza eta horrekin loturiko lanbideak (IZIak) gako izan dira normalizazio deituriko aldaketa soziala martxan jartzeko, eta oraindik trakzio-indar nahikorik ez duen esparruetan hura sostengatzeko. Itzultzea bera erabilera berri horietara ohitzeko entrenamendua da.

Printzipioz, biziberritzea martxan delarik, espero izatekoa da hiztun komunitatearen itzulpengintzarekiko mendekotasuna pixkanaka murriztea, itzulpen-norabideak gehiago orekatzea, eta hiztunek eurek produzitzea behar dituzten materialak, horretarako erabilera-aukerak izanik. Irakaskuntzan hobekuntza ikus daiteke, euskararen normalizazioari dagokionez hizkuntzaren transmisioan jarri zirelako indarrak. Baina, gure ustez, gainerako erabilera-esparru gehienetan ez da hori gertatzen ari, eta, 40 urteren ondoren, makulu-egoera egonkortzen ari da. IZIak, euskara teknikariak eta euskara batzorde boluntarioak aritu dira esparru horietan biziberritzea sostengatzen, hein handi batean. Pentsa daiteke orain makinek sostengatzea aukera gisa ikusten ari dela jende asko, lanaren eta ekarpenaren ikusezintasuna dela bide, agian.

Horratx, gure ustez, nola heldu garen honaino.

Eta orain, berriz, geldotze-zantzuak daude, egunero bizi ditugu: normalizazioak, emakumeek bezalaxe, kristalezko sabaia du, egiturazko ezintasun eta asimetria bortitzak[4]. Garaiotako adibide pare bat baizik ez aipatzearren, eta administrazioetara mugatuta, nabarmentzekoak dira eskasagoak direla kontratatzen diren itzulpen- eta interpretazio-zerbitzuen lan-baldintzak, itzulgailu automatikoa zabaldu zela itzulpen-politika integralik zein normalizazio-prozesuari nola eragingo zion aurreikusi gabe, etab.

Gure sektorean antzematen ditugun ezinak, hortaz, ez dira gertaera isolatuak: gure iritziz, euskararen normalizazioaren geldotze-fasearen zantzuak dira, eta ikuspegi zabalago batetik, eraso erreakzionario baten sintoma. Geldotze hori galera bihurtu ez dadin, lehen urratsa premiak izendatzea izan liteke, elkarren lana ezagutzea eta balioestea, eta elkarlanean aritzea. Hau da, subjektu pasibo izatetik subjektu aktiboago izatera igarotzea.

Azkenik, garrantzitsua iruditzen zaigu IZIok hizkuntza politika eta plangintzari dagozkion erabaki-esparruetan egotea, bai arlo publikoan zein pribatuan, baita militantzian ere: lan-ildoak finkatzerakoan gure aletxoa jartzeko; egoerei eta ekimenei aurrea hartzeko, gero anabasak konpontzen ibili ordez; gure lana ezagutzera emateko eta duen balioa aitor diezaioten…

1960ko hamarkadako pizkundeak ekarri gaitu hona ―mundu mailako 1968ko olatuak gurean hartu zuen txinpartak[5]―, hori gabe euskara ez baitzen XXI. mendera iritsiko. Euskara kontrakulturarekin lotzen zen[6], etorkizunarekin. Orain geldotze-fasean gaude, eta bi aurrebaldintza behar ei dira horri buelta emateko[1]: egoeraz jabetzea, eta estrategia berriak marrazten hastea. Guk gaurkoan lehenengoari heldu nahi izan diogu, geuretik, eta azken blog-sarrerarako utziko dugu bigarrenari egindako ekarpen xumea.


[1] Goikoetxea, G., & Iurrebaso, I. (2025). Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan. Txalaparta.

[2] Belmar, G. (2017). The Role of Translation in the Revitalization Process of Minority Languages: The Case of Basque. Sustainable Multilingualism, 10 (1), 36–54. https://doi.org/10.1515/sm-2017-0002

[3] Mendiguren Bereziartu, X. (1993). Incidencia de la traducción en la normalización lingüística del Euskara. Livius, 4, 107–115.

[4] «2021eko Inkesta Soziolinguistikoa oinarritzat hartuta, honakoak dira erabilera-aukerak:

  • Bost harremanetik lauk erdarazkoak izan behar dute, mintzakide batek behintzat ez dakielako euskaraz: erlazioen % 80.
  • Kontrakoa, harremana derrigor euskaraz izan beharreko ehunekoa ezdeusa da erabat: % 1.
  • Tartean, euskara eta erdara aukeran leudekeen egoerak, bostetik bat: % 19.

Horra, beraz, euskararen erabileraren bi mugak: gutxienez % 1, gehienez % 20. Goiko muga hori gainditzeko, bi baldintza hauetako bat beharko litzateke: erdaldunek euskara ikastea, edo euskaldunak elkarrengana gehiago biltzea, harreman-sareak linguistikoki trinkotzea. […] Bi kopuru horien artean, hau da erabilera aitortuaren batez besteko datua, iturri berberaren arabera: % 17. Hots, erabilera askoz gertuago dago goiko muga posibletik, behekotik baino» (Iurrebaso & Goikoetxea, 2025: 84-85).

[5] Atutxa Ordeñana, I. (2022). Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista. Txalaparta.

[6] Beitia Zabala, I. (2025). Euskararen normalizazio prozesuaren azterketa: Lautadako Kuadrillako kasua. EHU.

Itzultzaile-interpreteak eta euskararen normalizazioa (I)

Lamia Filali-Mouncef Lazkano eta Patricia Jorge Kuartango

Euskararen normalizazioa gure gizarteko herritarrok bizitzako eremu orotan euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erosotasunez aritzera heltzeko gizarte-aldaketa gisa definitu daiteke, bigarren Euskaraldiak aldarrikatzen zuen bezala[1]. Hau irakurtzen gabiltzan guztiok ondotxo dakigu, ordea, etorkizun bizigarriago eta lasaiago hori eraikitzea zaila dela; kontraesanez, zalantzan jartzez eta oldarkeriaz betetako prozesua izan daitekeela.

Neurri batean, behintzat, gure hizkuntzari bizi berri bat emateko marko instituzional bat eskaintzen du egun indarrean dagoen Hizkuntza Politika eta Plangintzak (aurrerantzean, HPP), nahiz eta argi dagoen, batetik, alde izugarria dagoela marko instituzional batzuen eta besteen artean, lurraldea zein den, eta, bestetik, marko hori zein berau aurrera eramateko baliabideak labur geratzen direla.

Baina hizkuntza bat normalizatzea HPP instituzional bat izatea baino prozesu askoz zabalagoa eta konplexuagoa da, izatez, eta administrazio, teknikari eta aholkularitza bakan batzuen inplikazioa baino dezente gehiago eskatzen du, edozein aldaketa sozialek bezalaxe.

Prozesu hori modu planifikatuan egiteko martxan jarritako tresna inportante bat euskara-planak dira. Gizarte zabalarentzat ezezagunak diren arren, genero- edo ingurumen-planek bezainbesteko zeharkakotasuna dute edo izan beharko lukete, eta hizkuntz eskakizunetatik haratago doaz, herritar gehienak nagusiki horretan fijatzen badira ere.

Euskara-planen bueltan daude antolatuta, besteak beste, erakunde publikoetan zein enpresetan zehar barreiatutako euskara-zerbitzuak eta euskara-batzordeak, barne- zein kanpo-kontratazio formetan. Ezin dugu ahaztu plan horien anbizioa, finean, mikrotestuinguru jakin batean aldaketa bat burutzea dela: elkarte batean, enpresa batean, erakunde bateko sail batean… Alegia: berrogei urte daramagu plangintzaldiro helburu txiki egingarri batzuk finkatzen eta helburu horien jarraipena egiten, aldaketa gradual batean murgilduta, EiTBn, Osakidetzan eta Administrazioetan, bai, baina baita Eroskin, Mutualian edota Ekonomisten Elkargoan ere.

Planei esker, komunitatearentzako arnasgune berriak urratzeko bide bilakatzen da eguneroko hainbat ekintza. Normalizazio-ekintza soil horiek egiten dituena teknikaria, itzultzaile-interpretea zein beste edozein langile izan, prozesu beraren parte dira: errotulu batzuk itzuli edo berrikusi; hizkuntza-irizpideak indarrean jarri; astean bazkalordu batean euskaraz arituko direla adostea langileek; hitzaldi baterako interpretearen presentzia negoziatu, hizlariak euskaraz egiteko aukera izan dezan; aplikazio bat ganoraz itzuli ahal izateko, testuinguruari buruzko azalpenak exijitu; euskara-klaseetara joan, euskara teknikoko tailerretara, mintza-praktikara, astean 3 orduz; Excel euskaraz erabiltzen ikasi…

Gezurra badirudi ere, ez diogu askotan erreparatzen jende askok egunero prozesu hori hezurmamitzeko egiten duen lanari, modu planifikatuan 40 urtez martxan daramana. Gaude euskalgintzako eragileok ere, neurri handi batean, ahaztu egin dugula zein herri-giharretatik gatozen, eta euskararen normalizazioa martxan den aldaketa sozial batekin lotu baino, gero eta gehiago erakundeen eta sektore profesional baten zeregin gisa identifikatzen dugula. Hots, garai batean herritar askok erakundeak eta enpresa handi, ertain zein establezimendu txikiak euskalduntzeko eragile gisa ikusten zuten euren burua. Hala izaten jarraitzen al du? Gutako zenbat bizkaitar joan da abenduaren 3an Bilbon deituriko manifestaziora? Zenbat joango gara abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak deitutakora?

Gauzak horrela, zein da eta zein izan beharko litzateke itzultzaile-interpreteon rola ekosistema horretan? Zer leku du gure lanbideak HPPan? Eta normalizazioan, oro har? Guk kudeatzen ditugu gure lanbideari dagozkionak, ala kudeatu egiten dizkigute? Behar besteko presentzia daukagu erabaki-esparruetan? Inplikatu egiten gara, ala bertan-goxo gaude?

Gure ustez, horri guztiari buruzko gogoeta egitea mesedegarria litzateke; are gehiago, ikusita azken urteotan zelan eta zein azkar aldatzen ari den dena (sektorearen zaurgarritasuna, egoera soziolinguistikoa, adimen artifiziala, euskararen aurkako oldarraldi judiziala, hizkuntza-aniztasunaren galera…). Gauza asko hausnarrerako, eta leku gutxi, lerrootan.


[1] Dena dela, jakin badakigu tradizioz tradizio ezberdin kontzeptualizatu izan dela normalizazioa. Marko anglofonoan, adibidez, plangintza eta politika gero eta hurbilago daudela iritzita, Hizkuntza Politika eta Plangintzaz hitz egiten hasi ziren (Larrinaga, 2019: 38). Esaterako, Larrinagak bere tesian (2019) Thomas Ricentoren kontzeptualizazioak gure testuingurura egokitu zituela esan daiteke, eta euskararen behetik gorako politikaren garrantziaz aritu zela. Era berean, berriki Beitiak (2025) euskararen normalizazioa kontzeptualizatzeko egon diren modu ezberdinak (hizkuntza-kulturak) eta tentsioak oso era interesgarrian laburbildu ditu, bakoitzak zer emaitza ekarri duen azalduz.

Larrinaga, A. (2019). Euskal telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan [Euskal Herriko Unibertsitatea]. https://dialnet.unirioja.es/servlet/tesis?codigo=223629.

Beitia, I. (2025). Euskararen normalizazio prozesuaren azterketa: Lautadako Kuadrillako Kasua [Euskal Herriko Unibertsitateko gordailuan].