Hizkuntza artekaritza

Asier Larrinaga Larrazabal

Asko gustatu zait berriki Vicenzako Goi Eskolaren esku-orri batean irakurri dudana. Goi Eskola horretan ematen duten graduari Scienze della Mediazione Linguistica deritzo —alegia, Hizkuntza Artekaritzaren Zientziak—, eta itzultzaileak eta interpreteak prestatzen dituzte.

Beharbada, errazago irudikatzen ditugu artekari modura interpreteak, baina itzultzaileak ere bitarteko dira, zubigile, elkarganatzaile. Hobeto esanda, hala izan beharko lukete, zeren denak ez dira. Itzultzaile batzuek jatorriari egiten diote huts. Ur handitan sartu barik, ziur naiz behin edo behin «ur freskoa» harrapatuko zenutela dokumentalen batean edo artikuluren batean, eta irri egingo zenutela jatorriz «fresh water» zela konturatuta.

Beste itzultzaile batzuek xedeari egiten diote huts. Testu zailak sortzen dituzte, ilunak, xede-hizkuntzaren usain oso gutxi dutenak. Larria iruditzen zait. Halako testuak ez dira ezertarako ere, hartzailea ernegarazteko ez bada.

Itzulpengintzaren prestigioari komeni zaion baino sarriago, euskarazko testu baten aurrean, jatorrizkoa igartzeko ahalegin titanikoan aurkitu dut neure burua. Eroskiren zuku-ontzietan «kontzentratuz bestelakoarekin egindako sagar zukua» dio. Non zegoen itzultzaile-artekaria? Zer zubi egin nahi zidan? Eskerrak kasu honetan, gaztelaniazko bertsioa ondoan eduki barik ere, badakidan lehenagotik testu horrek zer eman nahi duen aditzera. Zoritxarrez, badira itzulpen mila bider okerragoak.

Batzuetan, hiztegiak irakurtzen ditut

Itziar Otegi Aranburu

Orain dela urte batzuk, taberna batean ezagun batekin topo egin eta hizketan hasi ginen, eta, elkarrizketaren momenturen batean, irakurri berri nuen eleberri edo ipuin-bilduma bati buruz hitz egiten hasi nintzaionean, tipoak goitik behera begiratu, eta esan zidan, hotz: «Nik ez dut fikziorik irakurtzen, hori denbora-galtze hutsa da; nik saiakerak baino ez ditut irakurtzen». Gau hartan, ahoa bete hortz gelditu nintzen, baina, elkarrizketa hura gaur egun errepikatuko balitz, izango nuke zer erantzun: «Ba nik, batzuetan, hiztegiak irakurtzen ditut».

Egia da. Noizean behin euskarazko hiztegi elebakar bat hartu, eta irakurtzen hasten naiz, orrialdea zori hutsez aukeratuta. Ama-hizkuntzarekin lotutako zeraren bat izango da, beste hizkuntzetako hiztegiak irakurtzean ez baitut hainbesteko plazer (estetikorik) sentitzen. Usterik gutxienean, benetako harribitxiak aurkitzen dituzu. Gainera, ez didazue esango adibide gisa jartzen dituzten esaldi horiek ezin ederragoak ez direnik. Misterio-punttu bat ere badute, gainera, testuingururik gabe horrela jarrita. Zein altxorretatik ateratako perlak ote dira?

ainen. iz (*1746) G. Er. Deabrua izendatzeko leungarria. Ainenak hartu du.

jas iz itxura; gorpuzkera. Horra armada hori, halako jas eta muntakoa, printze delikatu eta xamur bat duela buruzagi. Halako dotoretasun bat bazuen Fogarty jaunak jasean.

magina iz (ezpata) zorroa. Nik ere erosi dut, beraz, sastakai bat, brontzezkoa, sendoa, larruzko magina eta guzti, gerrian loturik eramateko jantzien azpian.

Lanean, askotan erabili behar izaten ditut hiztegi elebidunak. Ez zaizkit asko gustatzen, ordea. Unibertsitatean Hizkuntzalaritzan ikasi nituen gehientsuenak ahaztuta dauzkat, baina bada oroimenean irarrita geratu zitzaidan irudi bat, semantikaren alorrekoa: mundua hiru dimentsiotako argazki alimaleko bat bada, hizkuntza bakoitzak mundua den argazki hori puzzle-pieza txikitan zatitzen du, pieza bakoitza kontzeptu bat izanik. Hizkuntza bakoitzak bere modura ebakitzen ditu puzzlearen piezak, eta, beraz, askotan ez datoz bat bi hizkuntzatako piezak. Hala, hizkuntza bateko hitz bakoitzean beste hizkuntza bateko hitz bat ahokatzen saiatzea, zulo karratuan pieza biribila mailu-kolpeka sartzen tematzen den umearena dela esan daiteke, hein batean.

Askotan, hiztegi elebidunak emandako ordaina abiapuntua izaten da. Adiera batean gutxi gorabehera bat etorriko dira bi hitzak, baina zuk behar duzun hitzaren ertz, ñabardura, konnotazio edo hizkuntz erregistro zehatzak lituzkeen beste hitz horren bila abiatzen zara, hiztegiak emandako hitza abiapuntutzat hartuta. Nora jo, ordea? Nik, lehendabizi, hiztegi elebakarraren adibideetara —lehen aipaturiko esaldi eder horietara— jotzen dut. Gero, sinonimo-hiztegietara. Baina bide horiek agortu dituzunean, nora jo? Baduzu ideia, baina falta duzu hitza. Edo, baduzu hitz bat, behar duzunarekin nolabaiteko erlazioa duena (Eurovoc: kausa-ondorioa, instrumentaltasuna, hierarkia, konkomitantzia, kokapena, antzekotasuna, jabetza…), eta hortik tiraka beste bat aurkitu nahi zenuke. Nola egin ideiatik hitzerako bidea? Nola joan orokor lauso batetik ordain zehatz egokira? Adibidez, nola joan peska-gauzatik durdo, zarbo, kabra, lentoi, buztanbaltz, makarel, ludxa, takarta edo papardora, beharbada ezkatadun eta lirdinga abisaletik igarota? «Bizimoduak egiten digu hiztegia», idatzi zuen Iñigo Aranbarrik lehengoan, eta hala da. Hiztegia, eta ezagutza. Arrain jendearena irakurrita, nire lagun batena etorri zitzaidan akordura. Lagun gajo hark saio ugari egin behar izan zituen psikoanalistarenean, etxean zuen hezetasun-arazo itxuraz konponezin batek eragiten zion herstura zela eta. Antza, iturgin, margolari, igeltsero, aparejadore eta arkitekto andana bat izanak ziren nire lagunaren etxean, hezetasun haiek aztertzen, baina inork ez zuen lortu ez arazoaren kausa aurkitzerik, ez haren ondorioak konpontzerik. Saio haietako batean, psikoanalistak esan omen zion, lanbide horretan ezinbestekoak diren seriotasun hotsandiko eta tournure bereziekin: «bada zerbait, munduaz dugun ezagutzaren alderdirik oinarrizkoenetik, galtzen ari garena». Esaldi hura luze aztertu eta eztabaidatu ondoren, ondorioa atera genuen egungo iturgin, margolari, igeltsero, aparejadore eta arkitektoak gai direla lan sofistikatu konplikatu berritzaileak egiteko, baina ahaztu egin zaiela nola egiten diren lanbidearen alderdi soil oinarrizko primarioenak. Edo halako zerbait.

De la idea a la palabra y de la palabra a la idea, esaten du, azalean, Julio Casares-en  Diccionario ideológico obrak. Bertan Filtración hitza begiratzen baduzu, coladura, exudación, permeabilidad, ósmosis, transvasación, rezurmarse, lloverse, sudar, impermeabilizar, gota, gotera, sedimento hitzak aurkitzen dituzu, besteak beste. Arrastoren bat ematen du, ezta? Bestalde, María Moliner hiztegian angustia begiratuta, irudipena dut nire lagunak psikoanalista-saio bat edo beste aurreztu izango lukeela:

1 (“Tener, Sentir, Causar”, etc.) f. Intranquilidad con padecimiento intenso, por ejemplo por la presencia de un gran peligro o la amenaza de una desgracia. Malestar causado por la sensación de no poder desenvolverse; por ejemplo, por tener más trabajo o atenciones a que acudir de aquellos a que es posible hacerlo o por estar rodeado de muchas cosas en desorden.

Agobio, agonía, ahogo, aína, angoja, ansia, ansiedad, ansión, comezón, congoja, cordojo, cordoyo, desasosiego, desazón, impaciencia, inquietud, intranquilidad, *malestar, nerviosidad, nerviosismo, opresión, padecimiento, *preocupación, presura, tensión, tósigo, zozobra. Abrumar, acongojar, oprimir, hacer padecer, ahogarse en un vaso de agua. No llegar la camisa al cuerpo, con el corazón en un puño, más muerto que vivo. Agonías, encogido, *pusilánime. Kafkiano. *Tranquilo. *Apuro. *Asma. *Prisa.

Tira, hezetasunetik hersturara daroan erlaziorik ez dut ikusten, baina zer nahi duzue. Gauza jakina da bizitza ez dela hiztegietan kabitzen.

Beste bilaketa bat: Rafael del Moral-en Diccionario ideológico obran Animales acuáticos begiratuta, informazio mordo bat aurkitzen dut. Entresaka eginda:

28.01 Tipología (pez, pescado, pesce, jaramugo…)

28.02 Clases y forma (acipenseriforme: esturión…)

28.03 Clases y familias (Ballena (cetáceos): ballena azul, ballenato, cachalote…)

28.04 Anatomía (aleta, aleta caudal, aleta dorsal, vientre: ventresca o ventrecha, ovas, hueva)

Adjetivos y adverbios: tropical, exótico, de colores, de fondo, abisal, volador, venenoso, tóxico…

Verbos y expresiones: nadar, flotar, boquear, frezar (restregarse para desovar), mugar (fecundar las huevas) …

Agian egongo da eta nik ez dut ezagutuko, baina nik neuk eskura daukadan hiztegi ideologiko bakarra nire gurasoak dira, lehorreko gauzetarako, eta aitaginarreba, itsasoko gauzetarako. «Ba al dago euskaraz hitzik hau eta hau esateko?», galdetzen diet. Batzuetan laguntzen didate, beste batzuetan ez.

Ez dakit zer pentsatuko duzuen, baina niri izugarri lagungarria irudituko litzaidake norbaitek euskararen puzzle txukun-txukun bat egingo balu, ideiatik —intuiziotik?— hitzerako bidea egin ahal izateko, edo orokorretik zehatzera, edo hitz batetik besterako jauzia, hitzon arteko harremanetik tiraka.

Beraz, hiztegigile preziatu horiek, hau irakurtzen baduzue, har ezazue mesedez euskarazko hiztegi analogiko, ideologiko edo dena delako bat egiteko lana, otoi. Izugarri estimatuko genizueke. Eta, egiten duzuenean, ez ahaztu mesedez itoginei buruzko atal on bat sartzea; hartara, euskara darabilten iturgin, margolari, igeltsero, aparejadore eta arkitektoei ez zaie ahaztuko hezetasun-arazoak nola konpontzen diren.

Hitz joko bat nola itzuli

Angel Erro

Zinemaldian ikusitako König des Comics dokumentalak irteeran eztabaidatzeko aukera eman zigun, ez filmaz, behin haren eskastasuna aho batez ebatzi dugula, baizik eta hiruroi atentzioa eman digun beste kontu bati buruz. Jatorrizkoaren hitz joko bat nola itzuli duten.

Ralf König gay tematikako komikigile alemaniar ezagunaren zinta umoristiko batzuk erakusten zaizkigu filmean, egilearen beraren ahotsean, gay munduko egunerokotasunean oinarrituak, ohi bezala. Haietako batek ondokoa irudikatzen du: eserleku batean biluzik itxura arrunteko gizonkote batek intzirien artean suck my duck, suck my duck esaten dio bere aurrean belauniko dagoen gizon itxuraz ikasiagoari. Honek bekainak goratzen ditu baina ez dio felazioari uzten. Eseritakoak, plazerean gora, oh yeah, suck my duck, suck my duck jarraitzen du, eten gabe, suck my duck, besteak egonarria galdu eta deiadarka batean SUCK MY DICK… MAN SAGT DICK zuzentzen dion arte.

Esketx irri emangarriak, film osoak bezala, azpitituluak ditu, pantaila barruan gaztelaniaz, eta, pixka bat beherago, proiektagailu baten bidez, azpititulu elektronikoak, euskaraz. Behin zinema aretotik aterata, hitz joko honen itzulpenak konparatu ditugu. Gaztelaniaz, “chúpame el pollo, chúpame el pollo” dio batek eta hizkuntzetan trebeagoak “chúpame la polla, se dice polla” zuzentzen dio. Euskaraz, “miazkatu makila, miazkatu makila” eta “miazkatu zakila… esaten da za-ki-la!”.

“Pollo-polla” eta “makila-zakila” bikoteen egokieraz mintzo, gaztelaniazkoaren hurbilketa goraipatu, kasualitate semantikoa, horrek dakarren erraztasun guztiarekin. Itzulpen ia ezinbestekoa dirudiela adostu dugu. Euskarazkoak ere ematen du ez duela aukera handirik uzten, pentsatzen hasi gara ea beste hitz pare bat bururatzen zaigun, makila ez bezain falikoa den beste zerbait, zeren eta, egia esanda, makila hitza edozeinek erabil lezake testuinguru horretan, eta, jakina, horrek eragin komikoa murrizten du.

Hiruretako inor ez da jabetu hitz joko horretarako aukera egokiena bere horretan, itzuli gabe, uztea dela. Ingelesez. Alemanezko testuan zegoen bezalaxe. Izan ere, esketxaren komikotasunaren giltzetako bat film pornografikoen hizkera (jatorrizko bertsioan) imitatu nahi irrigarrian zetzan, eta ingelesez hanka sartzeko eskubidea euskaldunek eta gaztelaniadunek ere badugu, ez soilik alemanek.

Egiteke daukagun debatea

Asier Larrinaga Larrazabal

Euskararen normalizazioak urrats handiak egin ditu 1970eko hamarkadatik hona. Uste dut denok onartuko duzuela baieztapena argibide eta azalpen gehiagoren beharrik gabe, eta ni ere, neurri batean, bat nator. Hala eta ere, uste dut badirela urte batzuk normalizazio-prozesua geldi edo oso-oso moteldurik dagoela, eta esango nuke euskal gizartean oraindino egin ez dugun debate bat dela zergatia.

Soziolinguista batzuek «hizkuntza-komunitatea» eta «hizketa-komunitatea» bereizten dituzte. Hizkuntza bera erabiltzen duten hiztunek hizkuntza-komunitate bat osatzen dute, hau da, euskaraz mintzo garenok euskaldun-komunitatea osatzen dugu. Interesgarriagoa da bigarren kontzeptua. Hizketa-komunitatea komunikazio-sare bat da, eta bertan hizkuntza-aldaera sorta bat eta erabilpen-praktika batzuk partekatzen dituzten hiztunek hartzen dute parte. Euskaldunok hain gutxi izanda, gezurra dirudi gure artean hizketa-komunitate bat baino gehiago bereiz daitekeela, baina badira bi gutxienez: kontinentekoa eta penintsulakoa. Esan gabe doa, horrez gainera, dialekto bat edo azpidialekto bat dagoen tokian hizketa-komunitate bat bereiz daitekeela.

Estatu banatan bizi izate hutsak asko aldentzen ditu kontinenteko eta penintsulako komunitateak. Zer ez dakarren batean eta bestean gizarteko bigarren hizkuntza ezberdina izateak! Nire iritziz, baina, bada faktore bat, askoz ere gehiago banantzen eta aldaratzen dituena euskal hizketa-komunitateak: hiztun batzuen mikronizazio-borondatea. Beharbada, gehiegi da «borondate» esatea, baina hiztunok euren jokabidearen bidez erakusten dute ez zaiela interesatzen ezkaratzetik haragoko komunitaterik. Adibide bat ematearren, azken hogei urteko pastoraletan, Junes Casenavek eta Jean Louis Davantek zuberera oso eder eta jatorra erabilita ere, euren testuak euskara estandarretik jauzi txiki batera baino ez daude. Beste pastoralgile batzuek ez dute ardura hori jartzen, edo, beste barik, beste helburu edo interes bat dute.

Haor euskaldunok egin barik daukagun debatea. Hizketa-komunitate bat osatu nahi dugu guztiok? Komunikazio-sare bereko kide izan nahi dugu? Ala euskara ezkaratzerako baino ez dugu nahi? Askok, bai; konforme antzean daude euren euskara-mundua hizketa-komunitatetxo batera mugatuta, eta ez die batere ardura euren hizkuntza-ariketetan gainerako euskaldunak arrotz egiten bagaituzte. Horien artean ez dira gutxi hedabideetan lan egiten dutenak! Tamalgarria da, baina euskara gero eta gehiago da euskaldunok elkarrekin inkomunikatzeko tresna. Espero dut blog honen bidez egiteke daukagun debatea sustatzea, eta egoera hori gainditzeko bidea aurkitzea.

Bi hitz

Fernando Rey Escalera

Bi hitz proposatzera heldu naiz oraingoan.

Motzondo

Behin baino gehiagotan tokatu zait muñón/moignon hitzaren euskarazko ordaina eman beharra. Eta motzondo erabiltzera ausartu naiz (besoaren motzondoa, zangoaren motzondoa, edo beso-motzondoa, edo zango-motzondoa), nahiz eta hiztegietan arbolarena baizik ez aipatu. Googlen ere ez dut ikusi bat bakarra ere.

Ez Orotarikoan ez inon ez dut aurkitu halakorik. Eta Zehazkin galdetuta, epaitondo ematen du horretarako, baina, nik dakidala, epaitondo eta motzondo gauza bera dira.

Iruditzen zait, dena dela, zabalkuntza semantikoa egin litekeela, eta motzondo hitzari adiera hori gehitu. Nahiko gardena da, gainera, nire ustez.

Konpartitu

Gure auzo-erdaren compartir/partager esateko, izugarri zabaltzen ari da azkenaldi honetan partekatu aditza. Orotarikoan, partekatu eta konpartitu ageri dira. Konpartitu maileguaren esanahia oso argia da, eta ez du zalantzarako tarterik uzten. Eta barra-barra erabiltzen da (dugu?), nik dakidala. Partekatu aditzaren adierak bat baino gehiago dira: “dividir en partes”, “repartir” eta “compartir”.

Hala izanik ere, Hiztegi Baturako, bat bakarra onartu da: partekatu. Eta honela ageri da: partekatu, parteka, partekatzen. 1 du ad. Ipar. ‘zatikatu’ 2 du ad. Ipar. ‘erdibanatu’ (garbi dago, portzierto, zein den esanahia?). Zehazki eta Nola Erran hiztegiek partekatu aditza proposatzen dute, egokiro, jakina.

Baina, beharbada nire buru zurrunagatik-edo, partekatu entzuten dudan askotan, zatitu edo banatu etortzen zait gogora, eta, zenbait testuingurutan, min ere egiten dit. Igual nire problema da, baina gustura erreibindikatuko nuke, eta erreibindikatzen dut, partekatu aditzarekin batera konpartitu ere onartzea. Bestea bezain zilegi dela iruditzen zait. Zer da problema? Mailegua dela?