Lau istorio ttipi

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalร 

Ai, ene onetsia erran zuen Graziana Jaso andreak hasperenka, barne minak urraturik, etsiak jota, bere amorantearen โ€•Joanes Otsarenโ€• aldeko hileta-elizkizunaren kanpai-hotsak ziegatik entzun zituenean. Graziana giltzapeturik zegoen senarra engainatzeagatik. Senarra ere preso harturik, Joanes amorantea sastakadaka hiltzeagatik. Bakoitza ziega-zulo batean, Agoitzen. Eskribauak honela itzuli zuen Grazianak euskaraz errandakoa: โ€œAi, ene onetsiaโ€, que quiere dezir en romance โ€œay mi bien amadoโ€.

Iruรฑeko bizilagun Migel Arraiozek gogor jo zuen bere emazte Katalina Erratzuren kontra, bai eta emaztearen amorante Migel Anotzibarren kontra ere. Katalinak ez zuen inola ere ezkutatu maitalearekiko sentimendua: โ€œNik amorio daukat Migel Anotzibarrekin eta beldurra dut nekez edekiko zaidala harekin dudan amorioaโ€. Gertakarien lekuko batek ere antzera deklaratu zuen auzian, horixe entzun baitzion Katalinari, emaztea ohatzean burua hautsirik zetzala, senarrak emaniko makilakadaren ondorioz: โ€œMigel Arraiozek ez dit bada edekiko nik harekin dudan amorioaโ€.

Maria Izturitz Iruรฑeko bizilaguna preso hartu zuten, senarrak Petri Uztaritz izeneko gizonaren ondoan harrapatu zuelako etxeko logelako ohatzean. Senarrak, Martin Iraรฑetak, โ€œzer ari haiz bellakoa?โ€ erran zion kolera gorriturik gizonari, labana eskuan zeramala, eta Maria eta Petri ihes egiten saiatu baziren ere, Martinek labankadaz josi zuen Petri. Behin atxiloturik, senarrak auzian adierazi zuen ezen, etxeko eskaileretan gora ziztuan zihoanean, argi eta garbi entzun zuela emazteak โ€œhik eta nik semeto baten egin bageneza!โ€ erran ziola kontent Petriri hainbat aldiz, erran nahi baita, โ€œยกo, si tu y yo hiciesemos un hijito!โ€ idatzi zuen gaztelaniaz kasuan kasuko eskribauak.

Hainbat emakume kalaka bizian eta txutxu-mutxuka ari ziren Iruรฑeko Arrotxapea auzoan, Arga erreka bazterrean, arropa eskuz garbitu bidenabar. Iduri duenez, hiriko bi gaztek ezkontzeko promesa egin zioten hitzez elkarri, baita sinatu ere, baina azkenean mutilak โ€•Pedro Aierrakโ€• hitza jan, atzera egin, eta giltzapetu zuten. Epaiketako paperetan jasoa dagoenez, emakume haietako batek omenka zekien zer gertatu zen: โ€œomen diote mutilak entzun duela neskatoa ez dagoela bere hondran. Erran omen diote neskatoa useginik dagoela eta horrengatik ez omen da joan (neskatoarekin)โ€. Bertze gauza bat ere erantsi zuen neskatoari buruz: โ€œLehen ere neskatoaren izebak bere dendan aurkitu omen zuen (neskatoa) alkate Liedenaren mutilarekin eta horregatikan atera omen zuen etxetikโ€.

Horratx lau istorioak, laurak ere Nafarroako Artxibo Nagusiko paper zaharretan jasotakoak, azken urteotan argia ikusitakoak, garaian garaiko euskararen lekukoak, kasuan kasuko eskribauek idatzitakoak, iraganeko misoginiaren erakusgarri.

Ustezko influencerren autokonplazentzia

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Itzulpengintza eta Interpretazioko graduan Itzulpengintzaren Teoria ikasgaia ematen dudanean gustura irakatsi ohi dut Itamar Even-Zohar pentsalariaren Polisistemen Teoria. Even-Zoharren ideiak ezagutzen dituenak erraz ulertuko du zergatik: itzulpengintzari gorazarre egiten dio nolabait. Haren arabera, hizkuntza txiki eta gutxietan itzulpengintzak zeresan nabarmena du literatur sistemaren osaeran. Itzulpenen bitartez literatur errepertorioa zabaltzen omen da, teknika eta abangoardiak inportatzen, hizkuntza poetikoa aberasten… Itzulpenak, finean, ideia eta molde berrien eroale dira, eta sorkuntzan aritzen diren bertoko idazleentzat inspirazio-iturri.

Itzulpenak literatur sistemarentzat kanpoko berrikuntzen sarbide diren bezala, itzultzaileentzat autokonplazentziarako iturri dira Even-Zoharren ideiak. Bai inportantea euskal literaturari egiten diogun ekarpena. Gora gu.

Duela gutxi Harkaitz Canok, Iker Sanchok eta hirurok mahai-inguru batean parte hartu genuen Aldecoa Festibalaren barruan, Beรฑat Sarasolaren gidaritzapean. Mahai-inguruak โ€œItzultzaileak, ipuingintzaren lurraldean mugalari: Txekhov, Carver eta Munro euskaraz (eta euskaratik harago)โ€ zuen izenburu, eta Cano, Sancho eta hirurok idazle horiek itzuli ditugun heinean geunden han, haien literaturaz eta haien arteko loturez jarduteko. Entzuleen galderen txandan, jaialdiaren antolatzaileak, Iban Zalduak, idazle horiek euskal idazleengan izan duten eraginaz galdetu zigun publikoaren artetik. Eta erantzuten hasi ginenean, errealitatearen dimentsio paralelo batera pasatzen ginela iruditu zitzaidan, han ginen guztion artean inplizituki itun bat sinatu izan bagenu bezala. Egiatik hurbil, baina egiantzeko baino ez.

Azal dezadan. Atzerriko hiru idazlek euskal idazleengan izan duten eraginaz galdetzen ari zitzaizkigun kanpoko idazle horiek euskaratu ditugun itzultzaileoi. Horrela planteatuta eta egoera soziolinguistiko normal batean biziko bagina, balizko eragin horren zubigile gisa erantzuten arituko ginateke, geure itzulpenen bitartez iritsi izan balitzaie bezala euskal idazleei eta oro har irakurleei Txekhov, Carver eta Munroren ahotsa. Eta badakigu ez dela horrela. Edo ez guztiz behintzat. Euskal idazle eta oro har irakurle guztiak elebidunak gara gaur egun, eta euskaraz ez ezik, gaztelaniaz edo/eta frantsesez ere irakurtzen dugu. Ederra da pentsatzea beren unibertso literarioetan hiru idazle horien aztarna jaso duten euskal idazleek euskaraz ezagutu zituztela haien obrak. Baina, hala izan balitz ere โ€”egile horiekiko lehen harremana euskaraz egin izan balute ere, alegiaโ€”, uneren batean gaztelaniara edo frantsesera (edo jatorrizko ingelesera, adibidez) salto egin beharko zuten beren irakurketa osatzeko. Txekhoven eta Carverren hiru liburu daude euskaratuta, eta Munroren bi; gaztelaniaz eta frantsesez egile horien obra osoa dugu eskura (eta โ€œeskuraโ€ esan dudala baliatuta, gogoan har dezagun Iรฑigo Satrustegik blog honetan euskararako itzulpenen deskatologazioaz esandakoa). Ondo dakigu denok euskal liburugintzak ez duela gaztelaniazkoaren eta frantsesezkoaren muskulua (ezta katalanezkoarena ere, bide batez).

Labur esanda, kanpoko eraginak euskararen bitartez bai, baina gaztelaniaren eta frantsesaren bitartez ere jasotzen ditugu euskal irakurleok; eta irakurketa-esperientziak hiztunak adina direnez, zenbait irakurleren kasuan (gehienenean esaten ausartuko naiz) proportzio handiagoan iristen zaizkigu bi erdara horietatik euskaratik baino. Euskal itzultzaileak ez gara pentsatu edo nahi bezain influencerrak. Itamar Even-Zoharrek gezurra esan zigun, edo guk, inozook, ez genuen jakin ondo ulertzen. Literatura itzuliak literatur sistema osoa egituratzen zeregin garrantzitsua duelako ideia ez zaio ondo ezkontzen hizkuntza handiago baten ondoan eta mende bizi diren hizkuntza gutxituen kasuari, haietan elebitasunak (diglosiak!) ez diolako itzulpengintzari sarbide nagusia izaten uzten.

Nik, nolanahi ere, baikortasun menderaezin baten jabe izaki, uste dut euskal itzulpengintzak baduela bere zeresantxoa. Seinalatzaile gisa, hain zuzen. Euskararako itzulpengintzak linternarena egiten duela iruditzen zait: iluntasunean arreta non jarri erakusten digu nola edo hala. Xaloa bezain harroa naizela pentsatuko duzue agian, baina nire irudiko zenbait egile euskarara itzuli izanak modan-edo jarri ditu euskal irakurleon gure zirkuitu txikian. Eta beste idazle batzuk, zeinak erdal literaturaren panorama ezin beteagoan Wally bat bezala kamuflaturik oharkabean pasatuko litzaizkigukeen, euskarara itzuli direlako hautatu eta irakurri ditugu. Txekhov, Carver eta Munrorekin erraz lotu daitekeen Flannery Oโ€™Connor, adibidez, irakurri gabe izango nuen nik beharbada oraindik, Itziar Otegiren itzulpenarengatik ez balitz. Eta zenbat irakurlek ez ote genuen Annie Ernaux ezagutu eta dastatu, nobel saria jaso baino lehenagoko urte haietan, Igela argitaletxearen itzulpenei esker? Irakurgai eta erreferente inportante izango al ziren euskal irakurle askorentzat Natalia Ginzburg, Giani Celati, Alaa al Aswani, Agota Kristof, Jean Echenoz, Mohamed Xukri, Ingeborg Bachmann, Leslie Feinberg, Silvia Federici, Kae Tempest, Adania Xibli, Mohammed el-Kurd… itzultzaileek eta editoreek haiek plazaratzeko lana hartu ez balute?

Badakit, badakit: ustezko eragin hori zenbakietara ekartzen badugu irrigarria da emaitza. Baina autokonplazentzia amiรฑi bat, neurrian bada, beharrezkoa eta osasungarria izaten zaigu denoi.

Eta, beren ustez, euskaraz ari ziren

Amaia Lasheras Perez

Orain dela hilabete batzuk, hagitz kezkatua utzi ninduen programa bat ikusi nuen, euskarazko kate batean. Saioaren atal batean, hiru gazte euskaldun ari ziren solasean: aurkezlea, gonbidatua eta kolaboratzaile bat. Aurkezlea txukun ari zen euskaraz; galderak egiten zizkion gonbidatuari, iruzkin burutsuakโ€ฆ; horraino, ongi. Gonbidatuak kezka handia sortu zidan. Ez dut izenik emanen, baina pertsona ezagun samarra da. Berez euskara ama-hizkuntza duen pertsona bat, ikasketak euskaraz egin dituena, eta โ€œarnasgune bateanโ€ bizi dena. Artista da eta bere ekoizpena euskaraz egiten du, baita hura euskara txukunean sortu ere. Bertze hizkuntza batean lan eginen balu, beharbada, diru gehiago irabaziko luke eta ospe handiago lortu, baina euskaraz sortzea erabaki du. Horraino, hagitz ongi.

Aipatu dudan bezala, solaskideak gazteak ziren eta lagunarteko tonu informalean ari ziren. Aurkezlea, erran bezala, txukun ari zen, baina gonbidatuaโ€ฆ. Ai ene! Lau hitzetik bi gaztelaniaz egiten zituen: gauza guziak โ€œincreรญbleโ€ak ziren, dena โ€œzen una pasadaโ€, โ€œuna gozadaโ€. โ€œAunque sea opor batzukโ€, โ€œidatzi nion eta a ver quรฉ pasaโ€, โ€œsuper fana nintzenโ€, โ€œidatzi nion tipoโ€ฆโ€. Gisa horretakoak bota zituen behin eta berriro.

Hala ere, kolaboratzailea sartu zenean hasi zen okerrena. Hiritar-itxurako gazte ultramoderno hark zailtasun handiak zituen euskaraz esaldi konplexuak osatzeko, eta zer erran gazte-hizkera erabili nahi zueneanโ€ฆ Halakoetan, esaldi batzuk oso-osorik botatzen zituen gaztelaniaz! Ikuskizun penagarria, inondik ere.

Ikaragarri tristatu ninduen egoera hark. Batetik, kolaboratzailea ikusita, ohartu nintzen euskarazko ekoizpenean ez dela garrantzitsutzat jotzen hizkuntzaren kalitatea zaintzea. Euskarazko kate batean lan egiteagatik dirua jasotzen duen pertsona batek probaren bat egin behar luke jendaurrean euskaraz nola moldatzen den ikusteko, ezta?

Bertzetik, hagitz kezkagarria iduritzen zait ohartzea gazteek euskaran ez dutela topatzen beren hizkera sortzeko nahiko baliabiderik (badakit ez naizela deus berririk erraten ari). Gonbidatuari eta kolaboratzaileari ezin zaie leporatu saio hartan modu naturalean ez mintzatzea, kalean solastatzen den bezala ez aritzea. Seme-alaba gazteak ditut eta badakit horrelaxe mintzatzen direla lagunen artean (nahiz eta inguru oso euskaldunean bizi: ikasketak, familia, lagunak, herriaโ€ฆ). Tristea da, bai, baina euskaraz bizi diren neska-mutil anitzek horrelako gazte-hizkera erabiltzen dute.

Telebista-saio batean zeudela kontuan hartuta, espero genezakeen estiloa pixka bat zainduko zutela; horrek tristura handiz pentsarazten dit beharbada bi lagun horiek ez direla gai euskara formal txukunean aritzeko. Eta, segur aski, errealitate hori gazteriaren multzo handi batera estrapolatzen ahal da.

Dena den, nire ustez, bada okerragoa den kontu bat. Gazte haiek uste zuten โ€œeuskarazโ€ ari zirela. Ez ziren ohartu ere egiten hitzen proportzio handia gaztelaniaz erraten ari zirela, eta, agian, ikaragarri pentsatu behar lukete esapide edo hitz horiek euskara txukunean eman ahal izateko. Erraietaraino sartua dute erdara.

Idazten ari naizena berrikusi ahala, burutara etorri zait alabak erranen lidakeena. Egungo gaztetxoen musika, ohiturak, aisialdiaโ€ฆ kritikatu eta gure gaztarokoak hobesten ditudanean, aipatzen dit jende โ€œzaharrakโ€ beti uste duela bere garaiko gauzak hobeak zirela. Eta arrazoia eman behar izaten diot halakoetan; guk gauza bera entzun behar izan genuen gure guraso edo aitatxi-amatxien ahotik. Horretan pentsatzen hasita, akaso, kontua ez da hain larria izanen. Hizkuntzak bizirik daude eta etengabe aldatzen ari dira, eta, beharbada, ni โ€œzahartuโ€ izanen naiz, bertzerik ez. Agian ere, belaunaldien arteko talka horietako bat izanen da, bertzerik ez.

Hizkera inklusiboaren alde

Asier Larrinaga Larrazabal

Mendebaldeko gizarteetan, inboluzioa bizi dugu giza eskubideen eta pertsonen askatasunen arloan, eta biktimetako bat hizkera inklusiboa da.

Euskaraz, genero gramatikalik ez duen hizkuntza izanda, urrunetik begiratzen diogu hizkera inklusiboari. Euskaraz ari garenean, zama moduko bat kentzen dugu gainetik gaztelaniaz edo frantsesez saiatu dituzten formuletara jo beharrik ez dugula: ยซlas y los periodistasยป, ยซl@s alumn@sยป, ยซlxs diputadxsยป, ยซles niรฑesยป (horiek denak, gaztelaniaz), ยซles auteurยทtriceยทsยป, ยซilsยทelles sontยป, ยซiel estยป (azkenok eta beste batzuk, frantsesez).

2021eko maiatzaren 5eko zirkular batean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak debekua ezarri zien halako baliabideei eskola-materialetan, hizkuntzaz ondo jabetzeko eta irakurtzen ikasteko oztopo zirela argudiatuta. Argentinan, 2024ko otsailean, gobernuak iragarri zuen hizkera inklusiboa eta genero-ikuspegia debekatu egingo zituela administrazio publikoan. Javier Mileiren gobernutik etorrita, erabakiak ez du inor harritu, baina gaztelaniaz, nolanahi ere den, hizkuntzaren akademia bera da hizkera inklusiboaren gaitzeslerik porrokatuena.

Espainolaren Errege Akademiak era guztietako argudio gramatikalak erabiltzen ditu gorago azaldutako baliabideen aurka, baina jai du, kontua idazkera bitxi edo ez hain bitxi batzuk baino sakonagoa da eta. Hizkera inklusiboa edo hizkuntzaren erabilera inklusiboa esaten dugunean, aditzera ematen duguna da pertsonei buruz hitz egiteko edo idazteko sortzen ditugun testuetan agerian jarri nahi dugula buruan daukagun mundua pertsona berdinen mundu bat dela. Horrek esan nahi du testua ekoizteko orduan jakinaren gainean ekiditen ditugula zenbait adierazpide, zeintzuen bidez gutxietsi, ezkutatu edo diskriminatu egiten baitira emakumezkoak, ezgaitasuna duten pertsonak, LGTBIQ pertsonak, nahiz “gure talde”-kotzat sentitzen ez dugun beste edozein pertsona.

Batzuetan, diskriminazioa oso agerikoa izaten da eta, beste batzuetan, sotilagoa, baina ukitzen dituen pertsonentzat oso mingarria izan daiteke. Ohitu gaitezen gure testuei inklusioaren betaurrekoekin begiratzen. Hurrengo esaldiak, adibidez, orraztu bat mereziko luke plazaratu aurretik:

Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako gizon handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Thomas Edison…

Honela ipinita, inklusibo egingo genuke:

Gure bizi-kalitateaz ari garenean, zientziako izen handiak ekarri behar ditugu hizpidera: Alexander Fleming, Marie Curie, Thomas Edison, Hedy Lamarr…

Hizkera inklusiboa ez da gramatikari dagokion kontu bat bakarrik. Gure diskurtsoan hautatzen ditugun adibideei eta osatzen ditugun enuntziatuei ere badagokie, estereotipoetatik ihes egitea baita inklusioaren lehen araua. Frantziako Hezkuntza ministroaren hitzetan esanda: ยซLe choix des exemples ou des รฉnoncรฉs en situation d’enseignement doit respecter l’รฉgalitรฉ entre les filles et les garรงons, tant par la fรฉminisation des termes que par la lutte contre les reprรฉsentations stรฉrรฉotypรฉesยป.

Aukerak (II)

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Gaztelaniazko testuetan oso ohiko bihurtu den aditz batez mintzatuko naiz gaurkoan: compartir; zehazki, erdal aditz horrek egun dituen bi esanahiz: kontatu/jakinarazi eta bat etorri.

Lankide batek dio erraz antzematen ahal zaiola aditz horrek kasuan-kasuan daukan esanahiari eta ez genukeela arazorik izan behar gure testuetan ordain egokia aukeratzeko. Egiaz, ordea, ez da hala, eta ematen du compartir opiniones (=expresar, poner en comรบn, intercambiar) eta compartir una opiniรณn (=estar de acuerdo) itzultzeko partekatu hobesten ari garela maiz.

Beste lankide batek dio ezen, aditzaren adiera horien zabalkundearekin batera, partekatu aditzaren euskarazko beste adieretako bat (zatikatu) galtzen ari garela, Hegoaldean bederen. Eta orobat dio orain ez dakigula esaten โ€œetxe berean bizi garaโ€.

Nire ustez, compartir una experiencia eta gisakoak (eta ez naiz ari โ€œzerbait elkarrekin egiteazโ€) ingelesezko share aditzaren gaztelaniazko kalkotik etorri zaizkigu hein batean. Eta, bestetik, iruditzen zait compartir automatikoki partekatu itzuli behar horretan itzultzaile neuronalek ere badutela zerikusia.

Gure itzulpen zerbitzuko lehenbiziko itzultzaileei ikasi genien gure lehen eginkizuna testuaren mezua ongi ulertzea zela eta bigarrena, berriz, euskaraz eta euskaratik mezu hori esaldiz esaldi nola emanen genukeen aztertzea eta erabakitzea; ez genuela zertan zurrun segitu gaztelaniazko estiloari eta hiztegi-moldeari, urrunduz ere sortzen ahal genituela euskarazko testu baliokide eta taxuzkoak. Garai batean, orain ez bezala, ulertze, urruntze eta mamurtze ariketa horiek patxada handiagoz egiteko aukera genuen. Ohartzen naiz gaur egun, lan-karga hain modu ikaragarrian handitu zaigun honetan, ezin garela beti aritu, lankide beterano batek zioen bezala, goxogintza fineko gutiziak prestatzen, eta opil industrialak egin beste erremediorik ez dugula. Ados nago, jakina, baina uste dut ez genukeela erabat galdu behar itzulpen-aukerez gogoetatzeko beti erne izan beharko genukeen bulkada.

Eta oraingoan ere, aukerei buruzko aurreko artikuluan esan bezala, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere hizkuntza baliabideak eta berrikuntzak baztertzea, baizik eta aukerez hausnartzea eta bururatutakoak zuekin partekatzea.

Azpidazketak gordetzen duena

Josu Barambones Zubiria

Zazpigarren artearen defendatzailerik sutsuenek bikoizketa gaitzesten dute, besteak beste, edozein antzezpenen zati handi bat ahotsean datzalako. Haien ustez, jatorrizkoa ulertzen laguntzeko, egokiagoa da azpidazketaz baliatzea, nahiz eta azpidatziek pantaila โ€œzikintzenโ€ duten eta ikuslegoaren atentzioa desbideratzen duten. Itzulpen mota bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu, eta horregatik kontua ez da bata ala bestea aukeratzea, biak aukeran erabili ahal izatea baizik.

Azpidatziak ez dira filmeko elkarrizketak, eta ez dira filmaren barruan existitzen. Ikus-entzunezko testua ulertzen laguntzeko tresna bat baino ez dira. Guztiarekin ere, azpidatziei esker, ikusleek jatorrizko filma uler dezakete, azpidatziek eta filmaren ikus-entzunezko adierazpen-kodeek elkarri eragiten baitiote, eta horregatik ez da beharrezkoa itzulpen oso bat.

Nire ekarpen honekin, azpidazketa zer den hobeto ulertzeko adibide batzuk jarri nahi ditut, kasu errealak ikusita jakingo baitugu zertaz ari garen azpidazketaz hitz egiten dugunean. Eta azpidazketak berekin dakartzan murrizketa guztien artean, bakarrik informazioa hautatu beharraz jardungo dut.

Zinema ilusio bat bada, bikoizketa ilusio baten beste ilusio bat da. Baina bikoizketak ez bezala, azpidazketak ez du ikuslegoa konbentzitu nahi pertsonaiek norberaren hizkuntzan hitz egiten dutela. Azpidazketak ez du jokatzen inoren ilusioarekin, ikusleek jatorrizko produktua entzun-ikusten baitute. Baina aldi berean jakin beharra dago (ez dakit oso kontzienteak garen) azpidatziek ezin dutela jatorrizko testuan dagoen informazio guztia eman denbora- eta espazio-murrizketak daudelako. Izan ere, batez beste, jatorrizko ikus-entzunezko testuak % 20ko murrizketa jasaten du elkarrizketei dagokienez. Eta batzuetan, Woody Allenen filmetan kasu, Jorge Dรญaz Cintasek egindako ikerketaren arabera, ikusleok jatorrizko testuan dagoen informazioaren % 40 galtzen dugu azpidazketarekin, jatorrizkoak duen ahozko jardunaren dentsitatearen handiagatik.

Hortaz, jatorrizko ahozko testuaren laburpen moduko bat dira azpidatziak. Jorge Dรญaz Cintas eta Aline Remaelen arabera[1],testua laburtzeko dauden arrazoiak hauek dira:

  • Ikus-entzuleek ahozko jarduna irakurketa baino azkarrago xurgatzen dute. Hori dela eta, azpidatziek aski denbora utzi behar dute pantailaren behealdean idatzita dagoena irakurri eta ulertzeko. (Helduen begiak minutuko 250etik 300 hitzera bitartean irakurtzeko gai dira. Horrek esan nahi du segundo batean lauzpabost hitz irakur dezakegula, hau da, 15 eta 20 karaktere bitartean โ€•puntuazioa eta espazioak ere karakteretzat hartzen diraโ€•.)
  • Aldi berean, ikusleek aukera izan behar dute pantailan gertatzen denari so egin eta soinu-banda entzuteko. Beraz, denbora nahikoa izan behar dute azpidatziak irakurtzen ari direnarekin batera pantailan gertatzen dena entzun eta ikusteko.
  • Azpidatzi arruntak bi lerrotara mugatuak daude. Lerro bakoitzak zenbat testu izango duen faktore hauen menpe dago: lerroko zenbat karaktere onartzen diren (Netflixek, esaterako, 42 karaktere onartzen ditu gehienez), zenbat denbora dagoen testu hori emateko, ikuslegoaren batez besteko irakurtzeko abiadura (normalean, 17 karaktere segundoko, helduentzako programetan, eta 15 haurrentzakoetan), eta jatorrizko testua ahoskatzen den abiadura.

Faktore horiek guztiak hartu behar ditu aintzat edozein azpititulatzailek (โ€œazpidazleโ€ ez dut uste onargarria denik, hitzak dituen รฑabardura txarrengatik). Eta horregatik, hain zuzen ere, nahitaez murriztu behar du jatorrizko testuan dagoen informazioa. Murrizketa bi eratara egin daiteke: batetik, zer kendu eta zer utzi erabaki behar da; eta, bestetik, askotan jatorrizko mezua birformulatu beharko da informazio garrantzitsua ahalik eta laburren eta zehatzen transmititzeko. Eta nola egiten da hori? Informazioa laburtzeko edo trinkotzeko estrategiak asko dira, baina hemen horretaz arituko ez banaiz ere, esan dezadan lehenik esan gabe uzten diren edo desagertzen diren osagaiak izen propioak, bokatiboak eta interjekzioak izaten direla.

Orain teoriatik praktikara pasatuko naiz, eta esan dudan guztia hobeto ilustratzeko, adibide banaka batzuk paratuko ditut denbora- eta espazio-murrizketek azpititulatzailea zein atakan jartzen duten ilustratzearren. Gehiegi ez luzatzearren, karaktere-kopuruek informazioa hautatu behar izatera behartzen gaituzten adibide batzuk besterik ez dut jarriko.

INFORMAZIOA HAUTATU BEHARRA

โ€• Lehen azpidatzian, pertsonaietako batek beste bati esaten dio bere emaztea ezagutu behar duela institutuko irakaslea delako, bera bezala. Bigarrenean, emaztearen izen-abizenak esaten dizkio eta zer irakasten duen. Baina euskaraz ez da informazio hori guztia kabitzen, eta erabaki behar da zer den inportanteagoa, emaztearen izen-abizenak ala zer irakasten duen. Adibidean bi aukerak utzi ditut. (Onartzen den gehienezko karaktere-kopuruaren arabera, parentesi karratuen artean jarri dut zenbat karaktere sobratzen diren euskarazko bertsioan.)

You must know my wife.  
Nancy Vandergroot. Life Management.  

Euskaraz bi aukera hauek daude bigarren azpidatzirako (lehen azpidatzian โ€œnireโ€ ez da kabitzen, baina testuinguruak argi uzten du noren emaztea den):

Emaztea ezagutuko duzu.  
Bizitza-kudeaketako irakaslea. [+5]  
Nancy Vandergroot. Kudeaketakoa. [+3] ย 

โ€• Bigarren adibide honetan pertsonaia baten izen-abizenak agertzen dira, baina osorik ez da kabitzen karaktere bat sobratzen delako. Orduan, aukera bat izan daiteke izen osoa idatzi beharrean, bakarrik lehen letra idaztea, kasu horretan bi karaktere sobratzen zaizkigulako.

Linda McLanden?  
Linda McLanden? [-1]
L. McLanden? [+2]

โ€• Azken adibide honetan pertsonaia batek beste bati galdetzen dio ea non dagoen Sammy, eta erantzuten dio Lavashen gorpuarekin dagoela (Lavash bere lagun mina zen). Taulan ikusten denez, euskarazko azpidatzietan ez dago tokirik datu horiek guztiak azpidazteko eta horietako bati eman behar zaio lehentasuna. Testuinguruagatik ikusleek badakite Lavash hilda dagoela. Eta karaktere-murrizketa dela eta, โ€œgorpuโ€ ez erabiltzea erabaki nuen. Beraz, pantailan agertzen den bertsioa azkena da.

โ€•Whereโ€™s Sammy?
โ€•Heโ€™s with Lavashโ€™s corpse. ย 
โ€•Non dago Sammy?
โ€•Lavashen gorpuarekin. [-6] ย 
โ€•Non dago Sammy?
โ€•Lavashekin. ย 

Dagoeneko esan dezaket badudala eskarmenturik azpidazten eta aitortu behar dut testu bakoitza erronka berria dela. Batzuetan, hartu beharreko erabakiak ez dira errazak eta buruhauste dezente sortzen dizkidate: zirt edo zart egin behar da, baina ulermenari albait kalterik txikiena eginez eta ikuslegoari ahalik eta informazio gehiena eskainiz.

Bukatu aurretik, itzultzearen eta, bereziki, azpidazketaren alderdi kognitiboa ere aipatu nahi nuke. Itzultzen dugunean gure burmuineko bi hemisferioak aktibatzen ditugu, nahiz eta ezkerreko hemisferioa nagusia den hizkuntza prozesatzeko orduan (zein hizkuntza egitura erabili, zein hitz, jatorrizko hizkuntza ulertzeko mekanismoakโ€ฆ). Eskuineko hemisferioak, berriz, testuinguru soziala eta kulturala ulertzen laguntzeko ez ezik, azpidatziak doitu eta egokitzeko kalkulu matematikoak egiteko ere balio du. Ez dugu ahaztu behar azpidazten dugunean etengabe neurtu behar dugula azpidatzien karaktere-kopurua egokia den ala ez, hau da, azpidazteko dugun denbora eta espazio horren barruan sartzen diren ala ez. Horiek horrela, gure burmuina pozarren ei dago azpidatziak jo eta su sortzen, bi hemisferioak dena emanda eta elkarri eraginez, harik eta pozaren pozez lehertu baino lehen, hemisferioei behar duten atsedena ematea erabakitzen duzun arte. Eta hori normalean gertatzen zait filmeko 10 minutu azpidatzi ondoren, hau da, 100-125 azpititulu egin ondoren (batez beste eta ikus-entzunezko testuaren zer-nolakoaren arabera, orduko 60 bat azpidatzi sor daitezke). Beraz, bi ordu nahikoak dira nire buruak atsedena behar izan dezan eta eskatzen didan kafeina dosia oparitu diezaiodan.

Gaur egun, ordainpeko plataformei esker euskarazko azpidazketak halako boom bat bizi du. Dena den, azpidazketaren alderdi gehienak ezezagunak dira jende gehienarentzat (normala den legez). Horregatik, nire ekarpen honekin nahi izan dut azpidazketaren zirrikitu ezkutua apur bat zabaldu eta azpidazketa ikusgarriago egiteko urrats bat ematea.


[1] Jorge Dรญaz Cintas and Aline Remael, Subtitling. Concepts and Practices. Routledge, 2021.

Maritxu nora zoaz adimen artifizial horrekin?

Santi Leonรฉ

Proba egin nuen, baina ez dut frogarik (bai, nahita hasi dut horrela artikulua, proba eta froga elkarrengandik hurbil paratzeko): ez naiz oroitzen noiz egin nuen, ezta zein itzultzaile automatikotan ere. Badakit aski famatu zela sortu zelarik, mundu guziak โ€•tira, mundu gehienakโ€• erraten baitzuen arras ongi funtzionatzen zuela, eta segur aski horregatik berretsi nahi izan nuen hala ote zen. Baina, berriz diot, ez dut nire probaren frogarik, eta, hortaz, zilegi da testu honen irakurleek pentsatzea anekdota asmatu dudala; zilegi bekit niri honelako arrapostua ematea balizko irakurle sinesgogor horri: se non รจ vero, รจ ben trovato.

Nolanahi den ere, kontua da itzultzaile famatu hartan ondoko hitz hauek sartu nituela (edo, nahiago baduzu, irakurle mesfidati hori, artikulu hau idazte aldera hitz hauek sartu nituela asmatzea erabaki dudala): โ€œMaritxu nora zoaz, eder galant hori?โ€, eta itzultzaile automatiko hark honela bihurtu zidala esaldia: โ€œยฟA dรณnde vas maricรณn, guapo, guapo?โ€.

Kontatutakoa geratu zela sinetsi ala ez, uste dut mezua aski argi dagoela: denok ditugu โ€•ditukegu idaztekotan egon naiz, baina ez nuke gure hizkuntza zaila are gehiago zaildu nahiโ€• horrelako anekdotak edo istorioak; memorian anitz bilatu gabe ere, aise ematen ahalko genuke itzultzaile automatikoek edo adimen artifizialak egindako akats edo itzulpen traketsen berri. Diseinatzaileek ere salatu dute adimen artifizialaren bidez sorturiko irudietan ohikoa dela โ€•edo ez dela arraroa bederenโ€• jendeak hiru beso edo neurriz kanpoko hortz kopurua izatea.

Akats horiek guziak salatzea ongi dago, bistan dena, baina, azken buruan, argudio teknikoak dira. Beraz, denborak aitzinera egin ahala, segur aski teknikak berak konponduko dituen kontuak, aintzat hartzen badugu, bertzalde, adimen artifiziala ikasteko eta hobetzeko gauza dela. Argudio teknikoek iraungitze data dute.

Itzulpengintzari eta bertzenazko giza jarduerei dagokionez, iruzur handi bat dago adimen artifizialaren abiapuntuan, nire ustez. Errana ziguten adimen artifizialak ez zuela lanposturik galtzea ekarriko, baina halaber errana ziguten โ€•koherentzia faltari inolako beldurrik izan gabeโ€• lanposturik galtzekotan, lan mekanikoetako postuak galduko liratekeela eta horri esker gizakiok astia izanen genukeela zeregin sortzaileago eta asegarriagoak egiteko. Alta bada, gaur egun diseinatzaileak eta itzultzaileak ikusten ditut kezkaturik adimen artifizialaren ondorioak direla-eta; alegia, bi langile multzo, zeinen lana ez baita preseski mekanikoa.

Beharbada apokaliptiko paratzen ari naiz, baina ez zait batere kostatzen irudikatzea mundu bat, zeinean adimen artifiziala arduratzen baita liburuak sortzeaz, liburuak itzultzeaz eta liburuen kritika egiteaz. Panorama horretara daraman bidea ongi hasia dago, nire ustez: problema ez baita noizbait adimen artifizialak itzultzaileak โ€•edo diseinatzaileak, edo idazleakโ€ฆโ€• ez-beharrezkotzat joko dituela, problema da dagoenako badela horrelako jendilajea erredundantetzat eta ez-desiragarritzat jotzen duenik.

Itzulpengintza giza jarduera gisa aldarrikatu beharko genuke, gizaki egiten gaituzten jardueretako bat gisa. Makina batek itzulpen perfektuen eta aitzakiarik gabeena eginda ere, akats larria litzateke itzulpengintza haren esku uztea. Azken batean, arrunt ikuspuntu murrizgarria da pentsatzea itzulpen baten maila teknikoa dela itzulpen batean jokoan dagoen gauza bakarra. Nire ustez, hizkuntzekin zerikusia dutena makinen esku uztea lehen pausoa bertzerik ez da giza sorkuntza eta hari loturiko kritika-gaitasuna gugandik ebasteko eta gu lan mekanikoetara kondenatzeko. Errana diguten horren kontrakoa egiteko, hain zuzen ere.

Euskara, galegoaren eta katalanaren ispiluan

Kike Amonarriz Gorria

Berriki, Galiziako eta Kataluniako hizkuntzen egoerari buruzko datu eguneratuak eskaini dizkiguten bi ikerketen berri izan dugu. Biek, kezka eta alarma sortu dute bertoko hizkuntzen alde ari diren erakundeen eta herritarren artean. Merezi du, beraz, datu horiek zer egoera marrazten duten eta euskararekiko zer nolako antzekotasunak edo desberdintasunak agertzen dituzten aztertzea. Artikulu honetan ez dugu gaia sakon jorratzeko aukerarik izango, baina, inpresio nagusi batzuk partekatuko ditugu.

Abiapuntuko desberdintasunak

Hasteko, hizkuntza hauek ondo hitz egiteko gai diren herritarren portzentajeak eta izan duten bilakaera konparatuko ditugu.

Kataluniako 15 urtetik gorako herritarren datuak bost urtez behin lantzen dituen Enquesta d’Usos Lingรผรญstics de la Poblaciรณ (EULP) inkestaren arabera, 2003an katalanez ondo hitz egiten zekitenak % 82 ziren, eta 2023an % 80 dira.

Galegoaren kasuan, bost urtez behin egiten da Enquisa estructural a fogares inkesta, eta 5 urtetik gorako herritarren datuak biltzen ditu. 2003an galegoz zekitenak % 81 ziren, eta 2023an % 65 dira.

Euskal Herriko euskararen ezagutza murritzagoa da, baina, beste bi nazioen aldean, datuek goranzko joera erakusten dute. 16 urtetik gorako biztanleen informazioa ematen duten Inkesta Soziolinguistikoen arabera, euskaldunak 2001ean % 25 ginen eta 2021ean % 30.

Erabilera behera Galizian eta Katalunian, impassean gurean

Galegoz hitz egiten dakitenen ehunekoak gutxitu egiten dira adinean behera egiten dugun neurrian. Ondo hitz egiten gehien dakitenak 65 urtetik gorakoak dira (% 51), eta gutxien dakitenak 5-14 urteko haurrak (% 27). Harrigarria da 15-29 urteko gazteen adin-taldearekin konparatuta (% 55) haurren artean nozitu den galera. Mende honetan zehar, gainera, ezagutza portzentajeak murrizten joan dira adin guztietan, neurketa guztietan gehien dakitenak adinekoenak izanik eta gutxien dakitenak haurrak eta gazteak.

Erabilerari dagokionez, galegoa da hiru hizkuntzen artean gehien erabiltzen dena. Bertoko agintariek maiz errepikatzen dute datu hau. Baina alarma guztiak piztu dituen datu bat jarri du agerian inkestak: Galiziaren historian lehen aldiz gutxiengoa dira beti galegoz edo galegoz gaztelaniaz baino gehiago egiten dutenak; % 46 (2013an % 51,5). Gaztelaniaz beti edo gehiago egiten dutenak, aldiz, % 54 dira.

Kataluniako datuak otsailean kaleratu berri dira eta denen artean lerroburu asko eragin dituen hau nabarmendu da: katalana ohiko hizkuntza dutenak ez dira herenera iristen (% 32,6). 2018an % 36 ziren, eta duela hogei urteko datuekin alderatuta hamalau puntu galdu dira. Datuak adinaren arabera irakurriz gero, bestalde, katalana ohiko hizkuntzatzat gehien dutenak 65 urtetik gorakoak dira (% 41). Ondoren datoz, 45-64 urte bitartekoak (% 34), eta gutxien darabiltenak 30-44 urte bitartekoak dira (% 26), 15-29 urte bitartekoetan ohiko hizkuntzatzat dutenen portzentajea hobetu egiten delarik: %29.

Galizian eta Katalunian behera doan eta gurean, oso mantso bada ere, goraka doan datu bat erabilera trinkoarena da, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen duten herritarrena, 1991n % 14 ziren eta 2021ean % 17,5.

Bestalde, Soziolinguistika Klusterrak bost urtez behin argitaratzen dituen Euskal Herriko kaleko erabileraren datu orokorrei erreparatzen badiegu, oso aldaketa gutxi izan dituen lerro ia zuzen batekin egingo dugu topo: 1989ko % 10,8tik abiatu, 2001ean goia jo % 13,3rekin, 2016an % 12,6ra jaitsi eta 2021ean % 12,6an mantendu. Igoera motel batetik, jaitsiera motel batera, azken neurketan ehunekoari eutsiz. Impasse moduko bat erakusten dute datuek. Galiziako eta Kataluniako daturik ez dugu, ez dutelako horrelako neurketarik egiten.

Haur eta gazteen bilakaera positiboagoa Euskal Herrian

Galiziarekiko eta Kataluniarekiko alderik handiena adin-taldekako bilakaerari dagokiona da.

Gurean, zenbat eta gazteago, orduan eta euskararen ezagutza handiagoa: 65 urtetik gorakoen artean euskaldunak % 20 diren bitartean, 16-24 urte bitarteko gazteen artean % 58 dira. 1991n, aldiz, euskaldunenak adinekoenak ziren (% 28,5) eta erdaldunenak 35-49 urtekoak. Orduan, baina, adinekoak alde batera utzita, beste adin-talde guztien artean oso alde txikia zegoen ezagutzari zegokionez: guztiak % 19-23 artean zebiltzan.

Erabilera trinkoari dagokionez ere, irabazirik nabarmenenak, Galizian eta Katalunian ez bezala, gazteenen artean gertatu dira. Inkesta Soziolinguistikoen arabera, 50etik gorakoen artean euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen duten herritarren proportzioak gutxitu egin dira (adinekoen artean % 21, 1991n eta % 14, 2021ean), eta aldiz 16-24 urte bitartekoen artean bikoiztu baino gehiago: % 11, 1991n eta % 25, 2021ean.

Kaleko erabilerari dagokionez ere, datu orokorretan impasseaikusi badugu ere, adin-multzoei erreparatuz gero, ez Katalunian, eta are gutxiago Galizian, ikusten den bilakaera nabarmen eta positibo bat ikusiko dugu: 1989tik hona haurrak izan dira beti kalean euskara gehien erabili dutenak. 1989an bigarren multzorik euskaldunena adinekoena zen, eta erdaldunena gazteena. 2021ean, aldiz, bigarren euskaldunena gazteena zen, eta erdaldunena adinekoena.

Amaitzeko, datu deigarri bat: gazteen ohiko erabilera-hizkuntzari dagokionez, hiru hizkuntzen datuak parekatu egin dira. Galegoz beti edo gaztelaniaz baino gehiago egiten duten gazteak (15-29 urte) gaur egun % 28 dira. Katalana ohiko erabilera-hizkuntzatzat duten 18-25 urte bitarteko gazteak % 25. Eta inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskara gaztelania adina edo gehiago egiten duten 16-24 urteko gazteak % 25 dira Euskal Herrian (% 33,5 EAEn).

Euskal komunitatearen egiturazko egoera beste biena baino ahulagoa izan arren, ikusten ari garenez, azken urteotan bilakaera gurean positiboagoa izan da. Badirudi, beraz, beste biak gaztelaniatik gertuago dauden hizkuntza erromanikoak izatea ez dela faktore esanguratsu gertatu.

Faktore asko daude bilakaera desberdin hauen atzean. Abiapuntuak, gizarte-egoerak eta bilakaerak oso desberdinak izan dira. Horiek guztiak aintzat harturik ere, iruditzen zait, datu hauek euskal gizartearen lorpen ikaragarriak direla. Nahiz eta, beste bi komunitateetan gertatzen ari dena ikusita, egoeraren zaurgarritasuna ere agerikoa den.

Aurrera begira

Abiapuntu, egoera eta bilakaera soziolinguistikoak desberdinak izan arren, hiru hizkuntza-komunitateak bultzada sendo baten beharrean gaude, gure hizkuntzen etorkizun normalizatua bermatze aldera. Larrialdia, impassea, egoera dramatikoa, bidegurutzea… bezalako hitzak ari gara erabiltzen hiru komunitateotan gure egoerak deskribatzeko, eta jauzia, indarraldia, politika sendoak edo injekzioa bezalako kontzeptuak aurrera begiratzerakoan.

Etorkizunera begira erronka bertsuak ditugu gure hiru nazioetan: hizkuntza politikak indartzea, aktibazio eta atxikimendu soziala areagotzea, legezko babes eta eskumen sendoagoak eskuratzea, adimen artifiziala, ikus-entzunezkoak, mugimendu sozio-demografikoak eta jaiotze-tasak, diskurtso eta dinamika sozio-politiko homogeneizatzaileak…

Horiei erantzuteko hizkuntza politiketan jauzia eman eta indarraldi bati ekin beharra argi ikusten dugu guztiok. Eta, uste dut, bai erakundeetatik, nola mugimendu sozialetatik, estatu mailako eta nazioarteko estrategia koordinatuagoak bideratzea ere guztiz onuragarria izango zaigula.

Rapa, hitz esana, ahozkotasuna eta kaleko hizkera

Eider Beobide Urkizar

Ez dakit hark idazletzat duen bere burua, ziurrenik ez, baina nire ustez Odei Barroso raperoa da gaur egungo idazle finenetakoa. Haren zutabe[1] bikain batekin hasi nahiko nuke hausnarrean: โ€œHitz berriak behar ditu hiztegiak / mintza daitezela periferiakโ€.

Aurrekoan irratira bidean nindoan Gata Cattanaren poema bat errezitatzera Eider Adeletxekin (Mejillon Tigre kolektiboa) eta poema hura errepasatzen eta hari buruz hizketan ari ginen. Nire itzulpena zen eta Adeletxek moldatu egin zuen hitz esanean ongi funtziona zezan, ahozkotasunetik gertuago egon zedin. Hor hasi ginen euskararen ahozkotasunari eta kaleko hizkerari buruz mintzatzen eta, batzuetan, atsekabetzen nau konturatzeak puntu berean sentitzen ditudala beti inguruko poeta eta idazleak: nola eman euskaraz kaleko hizkera hori, nola lortu erdaretan duen zentzu osoa?

Euskarak badu noski tradizioa eta ahozkotasun handia; hala ere, itzultzaileok gara lehenak ohartzen kaleko edo lagunarteko hizkeran dauden kontuak gurera ekartzean zailtasunak ditugula oraindik. Eta ez naiz irainez eta argotez ari soilik.

Abestira itzuliz, Barroso periferiez ari denean Ipar Euskal Herriaz ari da kasu horretan, baina periferia orori ere zabal dakioke esaldiaren zentzua. Iruditzen zait askotan (eta oraindik!) isilpean daudela hainbat bazterretako kolektiboak eta, haien ahotsa pixkanaka altxatzen ari den arren, belarriak prest izan behar ditugula.

Donostiako Iraqueerle taldean aipatu izan dugu: guk geureak irakurtzea zoragarria da โ€•eta beharrezkoaโ€•, baina jende zisheterosexualak ere liburu horiek irakurtzeko prestutasuna izan beharko lukeela iruditzen zaigu. Hitz berriak sortzeari dagokionez eta gure irakurle taldeari lotuta, onartu beharra dago LGBT kolektiboan gure soziolektoa dugula, eta erraza dela ohartzen ingelesetik zenbat edaten duen. Ez naiz sartuko zergatietan edo โ€œhonakoa egin beharko litzatekeโ€-etan, baina, esan nahi ditugunak adierazteko hitz askoren beharra dagoela sentitzen dugu askotan, eta hor ibili ohi gara malabarak egiten eta hitz berriak itzultzen edo jada baditugun hitzei esanahi berriak ematen; hala nola zerbitzatu (to serve), esleitu (to slay), ama/amatxo izan (to mother), norbait irakurri edo irakurria izan (to read, to be read), tea isuri (to spill the tea) eta abar.

Denok dugu geure hizkera kaletarra, arautik urrunago dagoena eta lotsagabeagoa dena, batez ere klase zehatz batzuetan edota aipaturiko periferietan. Iruditzen zait kaleko hizkera hori, rapa, hitz esana eta ahozkotasuna lotzen dituen zerbait dela kultura, eta jada bagabiltzala sortzen; euskara zikintzen eta kaletar bihurtzen. Hala ere, oraindik badugu zer egina euskara Euskaltzaindiaren kutxatik atera eta erabileraren bide berriak bilatzeari dagokionez, gure kulturak ere behar baititu txoriburukeriak eta hizkera kaletarra. Molda dezagun gure hizkuntza behar beste kalean naturalki erabilia izan dadin.


[1] Ingelesezko bars rapean erabili ohi da kantu bateko hitzen zati bati erreferentzia egiteko, errimatua izaten da eta esanahi bikoitza edo gehiagokoa du askotan.

Irabaziak eta galerak

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Gurasoak erdaldunak ditut. Anaiak eta ni euskaldunak gara. Gaur egungo milaka euskal hiztun bezala, eskolan euskaldundu ginen hirurak. Gure kasuan, ez ikastola batean, euskalduntzeari dagokionez garai hartan ohikoa zen bezala, baizik eta ikastetxe erlijioso batean, Donostian, nire jaiolekuan. Nire hizkuntza-autobiografia mentalki errepasatu, eta konplexuen eta ahalduntzeen segida bat gailentzen da.

Lehen Hezkuntza (OHO-EGB) B ereduan egin nuen, erdaldunak nagusi ginen ikastalde batean. Kontuak gaizki ateratzen ez bazaizkit, 10-15 izango ziren etxetik euskara zekartenak 80 haur inguruk osatutako 1975eko kinta hartan. Esan beharrik ez dago euskara guretzat irakasleekin hitz egiteko tresna baino ez zela garai hartan, topiko guztiekin bat eginez, eta โ€œitxeginโ€ ere hala moduz hitz egiten genuela. Txepetxen motibazioa-erabilera-ezagutza hartatik, ezagutzak eman zion hasiera nire ibilbideari, nik hala ez eskatu ez erabaki gabe, eta motibazioa agertu zen handik gutxira, oso modu lausoan bada ere. Ez dut gogoan irakasleek euskara maita genezan sermoirik botatzen zigutenik, baina bai โ€œTxoria txoriโ€, โ€œBizkaia maiteโ€ edo โ€œEuskal Herrian euskarazโ€ jarri eta ikasarazten zigutela, eta guk, edo nik bai behintzat, halako emozio estetiko bat sentitzen nuela kanta haiek entzutean, sumarazten zidana bazela hor nonbait mundu oso bat, niretzat ezezaguna, erakargarria zitzaidana eta neure egin nahi nuena.

Lehen lilura hark bazuen lotsatik ere, noski. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburuko pasarte batean bezalaxe, badut nik halako oroitzapen lauso bat, nola amak akuilatuta aitonarekin bizpahiru esaldi trukatu nituen inoiz euskaraz โ€•lau aiton-amonen artean euskaldun bakarraโ€•, eta zer frustragarriak gertatu zitzaizkidan inkomunikazio une haiek. Erraz irudika dezaket orain Mugiroko gizon gogor haren harridura deseroso baina aldi berean โ€•pentsatu nahi dutโ€• harrotasun puntu batez zipriztindua, biloba berarenetik hain urrun zegoen euskara trakets hartan lotsa-lotsa eginda mintzatzen entzutean.

BUPen nabarmen aldatzen zen gelako paisaia soziolinguistikoa gure ikastetxean. Ordura arte nagusiki Donostiako Loiola, Martutene eta Amara auzoetako haurrez betetako ikasgela haietara, ama hizkuntza euskara zuten gaztetxoak iritsi ohi ziren batxilergoa egitera, Astigarraga, Andoain, Oiartzun eta Hondarribitik, besteak beste. Gure ikaskide berriek โ€œona doโ€ eta โ€œbakizu ze?โ€ esaten zuten, eta euskaraz mintzo ziren euren artean, natural. Guretzat mundu berri bati begiak zabaltzea izan zen hura. Esan nahiko nuke Txepetxen triadako hirugarrena, erabilera, orduan iritsi zela nire bizitzara, baina gezurretan arituko nintzateke. Ez dut gogoan gu, erdaldunok, lagunartean euskaraz egiten hasi ginenik garai hartan. Bestela esanda, Andoaingo, Oiartzungo eta Hondarribiko gure lagun berri haiek erdarara pasatzen ziren gurekin hitz egiteko. Horratx ifrentzua.

Denbora luzez konplexuz beteta bizi izan nuen nire erdipurdikotasun linguistikoa, eta lotsatu egiten ninduen nire pedigri falta agerian geratzeak. Nire ikaskide euskaldunen mundu erreferentziala ezezaguna zitzaidan: nik ez nuen anaia zaharragoen zintetan Hertzainak entzuten, eta sekula joan gabea nintzen Kilometroak-era, are gutxiago Herri Urratsera edo Durangoko Azokara. Aurrerago, jada unibertsitatean, Euskal Filologiako nire ikaskideen arteko solasaldiren batean euskaldunok hain gustuko ditugun erakustaldi dialektal horietako bat sortzen zenean โ€•โ€œgure etxean di-da esaten daโ€, โ€œa, ba gurean ti-taโ€, โ€œgurean betidanik di-dauโ€…โ€• niri mahai azpian ezkutatzeko gogoa sartzen zitzaidan. Eta ondo grabatua dut oroimenean zeinen ezdeusa sentitu nintzen Ahozko Literatura ikasgaiko eskola batean, bertsolarien artean ahotsak zer funtzio jokatzen duen ilustratu nahian Joan Mari Lekuona โ€œEgaรฑak honelaโ€ eta โ€œLizasok honelaโ€ bata eta bestea imitatzen hasi zenean eta nire inguruan ikaskide guztiak dibertiturik buruarekin baiezkoa egiten sumatu nituenean; nik, noski, justu-justuan bainekien bertsolariak zirela, eta ez besterik.

Gaur egun euskaraz bizi naiz. Euskaldunberri/euskaldunzahar etiketak aspaldi samar ahaztu nituen, eta konplexu gutxi dut jada (horretan adinak ere lagunduko zuen ziurrenik). Euskal Filologia bukatuta, euskarari lotuak izan dira eduki ditudan ia lan guztiak, irakaskuntzan, itzulpengintzan zein liburugintzan. UEMAn dagoen udalerri batean bizi naiz, azken urte hauetan asko erdaldundu den arren Donostia nire jaioterria baino euskaldunagoa den herri batean. Bikotekide bizkaitarra dut, arnasgunetzat jotzen den herri batekoa, eta gure bi semeek, nik ez bezala, euskara eta euskal mundua jaso dute etxean zuzenean. Gure etxeko hizkuntza euskara da. Nola aldatu diren gauzak, kamarada.

Edo beharbada ez horrenbeste. Gure bi semeak erdarara pasatzen dira etxetik euskara ez dakarten beren lagunekin ari direnean, eta tarteka baita beraien artean ere. Horretaz idatzi nuen duela urtebete pasatxo, blog honetan bertan, nik espero baino erreakzio handiagoa sorrarazi zuen artikulu batean โ€•norberaren ahuleziak aitortzea bezalakorik ez dago arrakalarik gabeko bizitzak dituztenen aholkuen iman bihurtzekoโ€•. Batzuek hala ulertu ez bazuten ere, kezkatu eta amorratu egiten nauen kontua delako idatzi nuen testu hura, noski, inork ez baititu bere bizitzako ordutxo batzuk ematen munta gutxikoa iruditzen zaion gai bati buruzko ideiak buruan antolatzen eta paperean jartzen (ez naiz oraindik hedonismoari emanda bizi, baina alferreko masokismoa behintzat nahiko kontrolpean dut aspalditxotik).

Eta, hala ere, aitortu behar dut semeak noiz edo noiz gazteleraz mintzo direla-eta edo bizi naizen herria oso denbora gutxian nabarmen erdalduntzen ari dela-eta arranguratzen naizenean/garenean, deabrutxo baten ahotsa entzuten dudala ezinbestean, belarrira ezti xuxurlatzen didana: โ€œtira, erdaldunagoak zineten zu eta zure ingurua haien adineanโ€. Nire bizitzan dena izan baita irabaztea, euskarari dagokionez. Aho txikiarekin esaten dut esan berri dudana, ez baitut nahi inork ulertzea garrantzia kendu nahi diedala azken urte hauetako datuei. Baina ausartu nahi dut ikusarazten euskara ikasi dugunontzat ez dela erraza izaten batzuetan, edo niretzat behintzat ez dela erraza izaten, irabazi indibiduala eta galera kolektiboa bereiz mantentzea. Eta euskararen auzian kontzientziazioari eta aktibazioari dagokionez kontuan hartu beharreko faktore bat dela esango nuke. Euskara irabazi dugunok beharbada ez dugu berdin hautematen arriskua.