Koxkak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

–Hemen kontua ez da zuek seme-alabak ikastola eta D ereduetara eramatea. Niri hori primeran iruditzen zait, zuen hautua da eta hor konpon. Baina ez pentsa gero onartuko dugunik zuen seme-alabek inolako abantailarik izatea etorkizunean horri esker, ez, behintzat, lanpostuak-eta eskuratzeko– bota zion, ziplo eta ironiaz (eta gaztelaniaz, of course), Nafarroako Administrazioko zerbitzuburu batek nire lagun bati 2000. urtean.

Euskararen Legeak 14 urte baino ez zituen eta, halere, ordurako, jende anitz nerbiosten hasia zen. Legeak ekarritako desmasiak geldiarazi beharra zegoen. Egunkarietan artikuluak agertzen hasi ziren bata bestearen ondotik, parrastaka. Administrazioan inongo lanposturik eskuratzeko euskara baloratzea ezin onartuzkoa zela errepikatu ziguten atergabe. Artikuluren batean hizkuntza eskubideak komunitate tradizionalari bakarrik zegozkiola ere idatzi zen: onar zitekeela hizkuntzaren aldeko politika ofizialik, baina soilik euskara mendez mende etenik gabe gordea zuten herrietako euskaldunen mesederako. Ez zen, nik dakidala, inon zehaztu –herri jakin batzuetan jaio eta bizitzeaz gain– zenbat arbaso euskaldun behar zituen batek hizkuntza eskubide horien jabe legitimo bihurtzeko, aski ote zen 8 arbaso euskaldun izatea edo 16 behar ote ziren.

Aldaketak segituan etorri ziren. Ondorio nabarmenak ekarri zituzten. Administrazioaren irudia zenbat eta erdaldunagoa, hobe. Inprimaki elebidun asko desagertu ziren, eta euskara hutsezko batzuk –halakorik zegoen tokietan– herritarren begien bistatik desagertu, misteriotsuki. Kar horren adibide batzuk sinesgaitzak dira: 2011n, laneko eszedentzia bukatutakoan, agiri bat sinatu behar izan nuen lanpostuaz berriz jabetu baino lehen. Nik gorde beharreko kopia euskaraz edo elebitan nahi nuela aipatu nion administrariari, euskalduna bera. Erantzuna, beldurgarria: eredu elebiduna bazutela, baina ezin zutela libreki erabili. Uste dut administrari horri bere erantzunak eztanda egin ziola buruan zeren, bat-batean, eredu elebiduna inprimatu, niri itxaroteko eskatu eta han abiatu baitzen atalburuaren sinaduraren eta baimenaren bila. Ordu erdi luze baten buruan itzuli zen, sutan. Atalburuak hasieran baietz esan omen zuen, baina gero, ordea, atzera egin eta departamentuko idazkari teknikoari deitu zion baimen eske. Haren baietza jaso arte atalburua ez zen eredu elebiduna erabiltzeko baimena ematera ausartu. Paroxismoa.

Euskararen estatusa une oro eta alor orotan apalarazi nahi horrek ez du itxuraz mugarik. Horrexegatik da hain garrantzitsua euskara ikusezin bihurtzea eta, orobat, euskarak baliorik ez izatea administrazioan sartzeko oposizioetan. 2000. urtean argi erakutsi zuten zein izanen zen bidea. Azken batean, bost axola komunitate tradizionaleko herritarren kexak beren eskualdetan pediatra, mediku, ginekologo edo liburuzain euskaldunak ez daudenean.

Oposizioetan atzerriko hizkuntzak baloratzea eta euskara albo batera uztea ez dela zuzena esan du egunotan Javier Eneriz arartekoak, baina apirilaren 26an Nafarroako Ogasuneko lanpostu batzuetarako oposizioa hasiko da eta ez da euskara baloratuko. Lan eta bizi elebiz nahi dute eta hortara doaz, baina bikotekide berria aurkitu diote gaztelaniari eta gero eta jende gehiagoren buruan ongi iltzatu dute orain dela hiru hilabete guraso gazte batzuei entzun nien iritzia, seme-alabak zein ikastetxetan matrikulatu ez zekitela zioten bitartean:

–Al fin y al cabo, si no saben euskera no pasa nada, nada de nada, y esa es la cuestión.

Edo koxketako bat.

Hiztegiz hiztegi…

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

…ibiltzen naiz sarritan hitz edo esamolde jakin baten euskal ordain taxuzkoena aurkitu ezinik. Baita buruan dudan ordaina egiazki taxuzkoena —edo bederen zuzena— ote den argitu nahirik ere. Hiztegiz hiztegi, corpusetik corpusera, ereduzko prosatik ereduzko prosara. Hainbeste eta hainbestetan ibiltzen naiz han-hemenka kontsultan non iruditzen baitzait anitzez ere denbora gehiago iragaten dudala kontsulta etengabeko horietan ezen ez itzulpenak eskatzen dituen bestelako eragiketa mentaletan.

Egia da, egia denez, hiztegietarako joan-etorri horietan ibili bidenabar burua estutzen aritzen naizela maiz, gogoan alderrai dabilzkidan aukeren-maukeren gainean hauta-lanetan. Baina egia da, baita ere, nahiago ditudala ez zenbatu kontsulta-lanetan pasatzen ditudan denbora-tarte horiek, beldur bainaiz ileak lazteko moduko kontuak aterako litzaizkidakeela.

Nago ez ote den segurtasun falta ikaragarrizko baten seinale. Edo izan liteke estuegi lotzen natzaiola Itzulpengintza Masterreko irakasle haren aholkuari: hitzen batekin duda izpirik izanez gero, hiztegietara jotzeko beti (hala ez jokatzearen ondoriozko itzulpen trakets eta xelebreen antologia polit eta irri-emangarri batekin hornitu zigularik aholkua, jakina). Inoiz pentsatu dut Interneten errua ere badela, hain delako erraza eta erosoa, baita —batzuetan— entretenigarria ere, leihoz leiho jauzika orduak ematea.

Anitzetan galdetu diot neure buruari nola eginen nukeen baliabide horiek guztiak gabe, nola moldatuko nintzatekeen Internet gabe edo eskura hiztegirik bakar bat ere izan ezean. Uf! Izerdi eta guzti sumatzen dut bizkarrezurrean beheiti! Eta hara non aurreko batean Xabier Olarrak hausnarketa aski jakingarri hau bidali zidan mezu batean, hark itzulitako Historiarik goibelena irakurri ondoren igorri nion laudorio mezuari erantzuteko:

«Eta Historiarik goibelena, bai, niri ere liburu bikaina iruditu zait beti. Nik atxikimendu berezia diot, lehenbiziko ehun orriak papera eta lapitzarekin eta hiztegirik gabe egin nituelako Nepaleko trekin batean (zati bat) eta Kathmandun beste zati handi bat, han ere papera eta lapitzarekin (eta Internetik gabe). Gero, noski, hona iritsi nintzenean behar ziren hiztegi guztiekin bukatu nuen. […] Bestalde, uste dut norberak barruan dituen baliabide soilekin lan egin izanak —liburuetara, hiztegietara eta abar gehiegi jo gabe— nolabaiteko naturaltasuna ematen diola lanari (eta irakurketa erraztu ere bai agian). Hori da behintzat X-k esan zidana Durangon: historia ez zitzaiola batere interesatu, baizik eta testua bera, idazkera, eta abar, eta horrek euskaraz hartzen zuen taxua. Esplikatu nion nola egin nuen aspaldi hartan, eta beharbada horren ondorio izango zela […]».

Ni, nolanahi ere den, saiatu ere ez![1]


[1]Bide batez, bihoakie hemendik nire miresmenik handiena Internet gabeko antzinaroko itzultzaile guztiei!

Nork berean

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Nik ez dakit posible izanen ote den inoiz gurean biren arteko solasetan edo are talde handiagoetan nork bere hizkuntzan –edo norberak nahiago duen hizkuntzan– hitz egin ahal izatea askatasunez. Hizkuntza aukeratzeko askatasun dontsua benetan ezagutuko ote dugun egunen batean hemen. Inoiz ohikoak izanen diren gure artean Katalunian hain arruntak diren elkarrizketak, zeinetan solaskide batek gaztelaniaz hitz egiten dion besteari, eta besteak katalanez erantzuten normaltasun osoz. Jakin badakigu, baten batzuek bestela sinetsarazi nahi badigute ere, hizkuntz hautua ez dagoela norbanakoen esku, eta hemengo elebakar gehienak euskara ulertzeko kapaz ez diren heinean, ezinezkoak izanen direla aipatu hizketaldi motak. Bitartean, estres linguistikoaren nekeak pairatu behar ezezagunen batekin hitz egin beharra suertatzen zaigunean.

Nolanahi ere, ez dut arrotzekin ditugun hizkuntz ohituren azpiko faktoreez gogoeta egin nahi hemen, soil-soilik plazara ekarri nire eta nire inguruko beste batzuei noizean behin sortzen zaigun galdera bat: zergatik egiten zaigu horren zaila euskarari eustea euskaldun hartzaileekin, hau da, hitz egiteko gai ez direnekin edo gai sentitzen ez direnekin, edo are euskaraz mintzatzeko gogorik ez dutenekin? Zergatik kostatzen zaigu hainbeste mintzaide horiekin euskaraz egitea ulertu eginen digutela dakigun arren? Ez dakit zein diren galdera horien erantzun egiazkoak: ohitura falta besterik ez den,  adeitasunari buruz ditugun uste okerrak, euskararen eta gure bi erdara nagusien arteko distantzia, euskaldunon jendetasun neurrigabea, solaskidea nahigabetzeko beldurra… Jendartean nagusi diren jokamoldeak azpikoz gora jartzea nekeza da beti, bai, baina zein dira geu ere erdara erabiltzera bultzatzen gaituzten benetako faktore zehatzak?

Ikergai arrunt interesgarria delakoan nago. Datu guztien arabera, azken urteotako elebidunen gorakadak ez du euskararen erabilera handitu, baina mintzaidearen hizkuntzari atxikitzeko ohitura hausteko modua ikasiko bagenu, euskaldun guztioi handituko litzaizkiguke —neurri batean edo bestean, kasuan kasuan— euskara erabiltzeko aukerak. Eta, bestalde, halako egoeretan euskarari eutsiko bagenio, ez ote luke horrek halaber balioko euskaldun hartzaileen motibazioa eta ezagutza  areagotzeko?  Nik baietz uste dut.

Kontua garrantzi handikoa iruditzen zaidanez, aspaldi honetan neure burua aztertzen ibili naiz, neuk holakoetan zer egiten dudan eta nola sentitzen naizen begiratzen. Eta, besteak beste, honako hauek gertatu zaizkidala ikusi dut:

-Pediatra berria dugu osasun etxean. Orain sei hilabete hara joan eta gure artean euskaraz ari ginela entzutean, mesedez eskatu zigun hari euskaraz egiteko, dena ulertzen zuela, baina ez zela hitz egiteko gai eta gaztelaniaz mintzatuko zitzaigula. Ezinezkoa egin zitzaidan. Aldiro jo nuen gaztelaniara. Haserre atera nintzen kontsultatik, ez bakarrik ohartzeagatik zeinen erroturik dudan erdarara salto egiteko joera, baizik eta alabak ere ber gauza egin zuelako. Zer ikusi, hura ikasiren adibide huts bat? Eta nolatan eskatuko diot ba nik alabari gaztelaniaz besterik egiten ez duten ikastolako lagunei euskaraz egiteko? Eta nolatan eginen dio kasu irakasleari hark ere ikasle erdaltzaleekin euskaraz aritzeko eskatzen diolarik? Eneee!!!

-Iaz, ikastolako autobusaren zain, umeak eta lau heldu elkartzen ginen goizero: hiru euskaldun eta euskaldun hartzaile bat, Mikel. Gure arteko hizkuntza, noski, gaztelania. Egun batean, kemena bildu eta, Mikeli baimena eskatu ondoren, euskaraz hitz egiten hasi nintzen. Hasieran nabaria izan zen horrek taldean sortu zuen deserosotasuna, solaskide euskaldunak aldiro ibiltzen ziren batetik bestera saltoka. Baina, bi asteren buruan, euskara nagusitu zen gure hizketaldietan. Dena den, nahi baino gehiagotan, kezka bertsuek garrazten zidaten gogoa ustekabean: egia ote da Mikeli ez zaiola axola? Ez al zen lehenago, denok gaztelaniaz aritzen ginenean, hitzontziago? Eroso ote dago? Ez al naute denok hizkuntz talibantzat hartuko? Eneee!!

Bi adibide besterik ez dira, baina halako egoerak ez dira batere arrotzak nire inguruan. Horregatik, ahal dudanean, TELP tailer batean parte hartuko dut. Taller d´Espai Lingüístic Personal horiek, antza, norberak nahi duen hizkuntzari atxikitzen laguntzen ahal digutelako, norberaren asertibitate linguistikoa sendotzeko balio dutelako, baita norberaren hizkuntza ohiturez hobeki jabetzeko ere.

Olentzerori eskean

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

2009-12-18

Isabel eta Irantzu adiskideak dira, eta itzultzaileak. Irantzuk 2 hilabeteko alabatxoa ahizparenera eraman du Isabelekin patxadaz eta lasai gosaldu ahal izateko. Kafea hartu du Irantzuk; tea, Isabelek. Irakurritako azken liburuez ari dira. Irantzuk azaldu du A Room of One’s Own irakurri berri duela. Leitua zuela lehenago ere, orain 15 bat urte, baina aurreko batean bat-batean Woolfen saiakera berrirakurtzeko gogo bizia sentitu zuela. Ikaragarria da, esan du Isabelek, ikaragarria testu hori ez izatea euskaraz. Ikaragarria ez, amorragarria da, ihardetsi dio Irantzuk, amorragarria! Eta, berehala, hitz-aspertu ezin luzeago batean murgildu dira gogotsu; euskarara ekarritakoen artean sumatzen dituzten hutsuneak izan dituzte hizpide, eta zein lan mota hobesten diren, zein egile, zein aro, zein genero…

Isabelek boligrafoa eta papera atera ditu, eta itzuli beharrekoen –itzuliko dituztenen– zerrenda osatzen hasi dira. A Room of One’s Own paratu dute zerrendan buru. Inguruko beste itzultzaile batzuekin ere mintzatuko dira beren proiektuaz. Isabelek esku artean dituen lanak bukatu bezain laster helduko dio lehen itzulpenari, eta Irantzuk bere bizimodu berriaren zurrunbiloa baretzen denean ekinen dio zerrendako bigarrenari.

2012-12-18

Irantzu eta Isabel askaltzeko elkartu dira. Hiru urte lehenago osatu zerrenda atera du Isabelek. Irribarrez begiratu diote. Meriendatu bitartean, Consonni arte ekoizlearen ekimenaz hitz egin dute gehienbat. Pozez. Bazela garaia jakiteko euskaraz nola aipatu behar zen Woolfen harribitxi hori, jakiteko norberaren gela edo gela propio bat edo gela bat norberarena aldarrikatu behar dugun. Zerrendako lehen izenburu hori ezabatu dute, beraz, eta zerrendari begiratu diote berriz, irribarrez baina pentsakor, nahiaren eta ezinaren artean kulunkan dutela gogoa.

2013-12-18

Bi adiskideak betiko kafetegian elkartu dira. Irantzuk Maddi alabatxoa dakar eskutik helduta eta Edo!-k argitaraturiko Genero-ariketak besapean. Isabelek irrikaz kendu dio liburua. Haien zerrenda zaharreko beste bi egileren testuak euskaraz irakurgai! Ez dira liburu osoak, haiek amestu bezala, baina tira, bada zerbait! Gero, Gela bat norberarena saiakeraren edizio txukun eta interesgarriaz jardun dute, Consonnikoen lana goraipatu dute. Eta ondoren, nola ez, Isabelek zerrenda zimurtu eta kolore gabetua atera du atzera. Oraingoan, zerrenda berritu eta osatutakoan, errealitateari men eginen diotela erabaki dute, eta lasterbidea hartuko dutela: Olentzerorengana joko dute, ea hiruren artean lortzen duten 2014an honako hauek euskaraz ere irakurri ahal izatea.

Olentzero maitea, hona hemen euskaraz ere nahiko genituzkeenak:

1)  Le Livre de la Cité des Dames, Christine de Pisan.

2) De l’égalité des deux sexes, discours physique et moral où l’on voit l’importance de se défaire des préjugez, François Poullain de la Barre.

3) A Vindication of the Rights of Woman, Mary Wollstonecraft.

4) Ain’t I a Woman, Sojourner Truth.

5) Le Deuxième Sexe, Simone de Beauvoir.

6) The Feminine Mystique, Betty Friedan.

7) Sexual Politics, Kate Millett

8) Gender Trouble: Feminism and the Subversion of Identity, Judith Butler

9) The Female Eunuch, Germaine Greer.

10) Spéculum de l`autre femme, Luce Irigaray.

11) Crítica del Pensamiento amoroso, Mari Luz Esteban.

Maddik, ordura arte gometxak itsasten ibili baita, burua altxatu eta adi begiratu dio eskutitzari. Ezin da, esan die oso serio, Olentzerori ezin zaizkio hamaika gauza eskatu. Hamaika asko dela esan digute ikastolan, aaaas-ko!; hiru bai, gehienez ere, eta bene-benetan nahi duguna zerrendan lehena jarrita. Bestela ezin da. Hala esan digute.

Irantzuk eta Isabelek ez dute zalantza izpirik izan, izenburu bakarra idatziko dute gutunean. Nik idatziko, esan die Maddik.

Olentzero maitea, Irantzuk eta Isabelek Le Deuxième Sexe irakurri nahi dute euskaraz

Euskarari buruzko eztabaidaguneetan noiz edo noiz pizten diren ika-mikatxoak ikusita, lehentasuna iruditzen zaielako lehenbailehen jakitea nola esan behar den euskaraz «On ne naît pas femme, on le devient».

Donatoren egiak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Itzultzaile guztioi gertatu zaigu, askotan gertatu ere, ezin ulertuzkoa zaigun hori itzuli beharra. Administrazioan dihardugunok, behintzat, maiz ibiltzen gara gaztelania jasoan hain hedatuak eta askorendako hain gustagarri —eta imitagarri— diren mordoilokeriak euskarara nola ekarri ezin asmatuz. Zerga jakin bat ordaintzeko jarraibideetan honako esaldia itzuli beharra egokitu zitzaidan aurrekoan:

«Cumplimentarán este impreso los sujetos pasivos que se indican a continuación:
(…)Igualmente, los sujetos pasivos de dicho Impuesto que vayan a ser destinatarios de prestaciones de servicios cuyo lugar de realización a efectos de aquél, se determine efectivamente en función de cual sea el Estado que haya atribuido al adquirente el Número de Identificación Fiscal con el que se haya realizado la operación».

Jarraibideak ziren, helburu jakin bat omen zutenak, hots, jendeak jakin eta uler zezan nori tokatzen zaion pagatzea.

Halako esaldiak irakurtzen ditudan guztietan Chrissie Maher etortzen zait burura, Plain English kanpainaren sortzailea. Hizkera juridiko-administratibo ilun hori ez baita gaztelaniaren berezitasuna, nahiz eta egia den azken urteotan hizkuntza molde ulergaitz horren kontrako kritikak eraginkorragoak izan direla Europako beste hizkuntza batzuetan, hala nola ingelesean. Erresuma Batuan, 70eko hamarkadan abiatu zen Plain Englisharen aldeko mugimendua, herritarrok agiri administratibo eta burokratikoak ulertzeko dugun eskubidea berma zedin. Plain Language Movement etorri zen gero; Maite Imazek bikain azaldu zituen mugimenduaren nondik norakoak Estilo jarraituaren alde testua zela-eta idatzi zuen erantzunean. Maitek bere erantzunaren bukaeran zioena berreskuratu nahiko nuke hemen: «aztertu beharko da, baita ere, Plain Language mugimenduak zergatik ez duen eragin handirik izan itzultzeko etortzen zaizkigun testuak gaztelaniaz idazten dituztenenengan. Baina esaldiak etetearen kontu hori ez da euskararena bakarrik; ez da soilik euskararen senaren izenean egiten den zerbait». Izan ere, ni oso bat nator Donatok, Ogasun Departamentuko segurtasun-jagoleak, aurreko egunean aipatu zidanarekin: «La gente está muy indefensa; no se hace ningún esfuerzo por escribir las cosas de forma sencilla, para que la gente normal lo entienda, vamos, y eso no está bien; leen en el papel “sujeto pasivo” y les entra ya como una angustia…».

Bada halako hizkera konprenigaitzari antidemokratikoa irizten dionik ere. Hizkuntza bihurri hori ez baita soilik teknolekto baten isla hutsa, gure gizarteko botere harreman zehatz batzuk ere uzten ditu agerian. Gure esku dago zer-nolako testuak sortu euskaraz, eta komeni da garbi izatea gure egoera soziolinguistikoek Plain Language Movementekin bat egitera behartzen gaituztela ezinbestez (eta zorionez).

Maribistako

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Hitz batzuek iragan denborako oihartzunak ekartzen dizkidate atzera, nire haurtzaroko koloreei, batzuetan margul besteetan bizi ageri zaizkidan irudi eta lurrinei atxikiak daudelako nolabait nire bihotz-burmuinetan. Eta holako hitz bat duzue gaur honat ekarri nahi dudana: maribistako.

Maribistako da hitz bat garai bateko Iruñeko erdaldunen ahotan noizean behin aditzen zena, gure auzoan ohiko samarra zenean aditzea «dicen que va a langarrear», «se están muriendo los zugarros», «no seas zacarro» edo «me tendrás que dar algo a ordea»; eta Unzu erostetxeetara amarekin tapaki bat erostera joan eta saltzaileak normal-normal esaten zuenean «qué le parece esta manta, señora, es muy gosho». Zeren, blog honetan agertutako Gaztelaniaz, nik beti «abuela» testuak eragindako iritzi-trukean aipatu zen bezala,  Iruñean ere euskarazko hitz anitz agertzen baitziren gaztelaniazko solasetan, hiztunen oharkabean maiz, euskal jatorrizkoak zirela jakin gabe erabiltzen ziren-eta askotan.

José María Iribarrenen Vocabulario Navarrok honela dio:

MARIBISTACO. De maribistaco: Aplícase a los objetos de bonita apariencia, pero de corta duración y pésimo resultado; a las engañifas. (Tierra Estella, Puente la Reina, Pamplona, Montaña).

Hauxe, berriz, Antzingo Udalaren (Egaibar, Lizarrako merindadea) web-orrian irakurgai dagoen hiztegiak, hango hizkeraren euskal jatorriko hitzak biltzen dituenak:

MARIBISTAKO: así le dicen todavía en una familia del pueblo a lo de mucha apariencia pero de poco valor: «Es un vestido de maribistako».

Baztango Mintzoa: gramatika eta hiztegiak ere badakar:

maribistako (maribisteko) ‘itxura egiteko bakarrik balio duena’: unek eztu balio, au maribisteko bat da.

Eta Elhuyar eta Labayru hiztegiek jasotzen ez badute ere, Orotarikoan badago (mari-bistako), aurreko adibide bera agertzen delarik, besteak beste.

Euskalerria Irratiko Pipitaki-papataki lehiaketan maribistako hitza proposatu zuten (orain dela 16-18 urte) eta, entzuleek esandakoaren arabera, Nafarroako eskualde askotan erabiltzen zen (da?).

Egun, gehien-gehiena maribistako den honetan (arropak, gailuak, gure ondasunak eta jendaurreko jarrerak), bitxia gure solas eta testuetan hitz horren hain premia txikia sumatzea.

Perla trukerako gonbita

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Iraila hagitz hilabete aproposa da antolaketa lanetarako, nire ustez. Ikasturte berriarekin batera, dena atontzeko joera sumatzen dut inguruan; inguruan eta, batik bat, neure baitan, antolakuntzarako isuria oso neurea dut eta. Larrazken usainak igarri orduko, zernahi antolatzeko irrika etortzen zait ezustean: armairuak eta asmoak, ordutegiak eta ametsak, tiraderak eta balizko errotak… antolatzeko modukoa den oro, antolagai iruditzen zaidan oro. Nahiz eta gero bizitza nagusituko den beti, eta pozarren erakutsiko dizkidan, berriro ere, bere ahalmen paregabeak bazterrak desantolatzeko, garrantzitsua den ia guztia antolagaitz bihurtzeko. Baina, tira, saiatu egin behar behintzat.

Aurrekoan, antolatzearen onurez solasean ari ginela lagunartean, adiskide bat –teknologia berrietan bipilen eta ausarten ibiltzen dena– Pearltrees[1] programaz mintzatu zitzaigun, Interneteko edukiak bildu, antolatu eta gainerako erabiltzaileekin partekatzeko aukera ematen duen programaz. Pearltrees tresnaren bidez web orrialdeak bil daitezke, eta nork bere modura sailkatu, perla zuhaitzak osatuz. Programak, bestetik, gainerako erabiltzaileen bildumak ikusteko aukera ematen du, baita haien perla interesgarriak nork bere zuhaitzari eransteko ere. Hala, bada, iraila hagitz hilabete aproposa denez gauzak ordenatzeko eta nik oso neurea dudanez antolakuntzarako isuria, sareko itzulpen baliabideen perla zuhaitz bat osatzen hasi naiz. Hona hemen zer itxura hartzen ari den perla zuhaitz hori (Pearltrees programa instalatu beharra dago, eta kontua ireki, zuhaitzean barrena ibili, perlak ireki eta erabili ahal izateko):

Itziar1

Eta hauexek lirateke Hiztegiak perlak barnean dauzkan perlak eta perletako izpietako batzuk:

Itziar2

Zuhaitza osatzeko, beste hainbat erabiltzaileren perlak neureganatu ditut jada. Oraingoz saio xume bat besterik ez da (bizitza errealeko armairu, baliabide, ordutegi eta enparauen antolaketa lanek nahi baino ordu gehiago hartzen baitute), baina programa horren bidez euskal itzultzaileok kontsultarako darabiltzagun iturrien bilduma ederrak era daitezke, eta beste itzultzaileen eskura jarri. Hortaz, baten bati nire perletako bat interesgarri irudituz gero, hortxe dauka beretako, eta inork bere baliabideen zuhaitza eraikitzen badu, ni oso gustura ibiliko naiz perlaz perla kuxkuxean, baita baliagarria deritzodana neureganatzen ere.


[1] Esteka honetan duzue programari buruz maiz egiten diren galderak (ingelesez): http://www.pearltrees.com/s/faq/en; eta beste honetan, berriz, labur-labur azaltzen da programa zertan den (euskaraz; eskerrik asko Marije Uraga egileari): http://www.slideshare.net/marijeuraga/pearltrees-tutoriala

Zientzia, lankidetza eta bazkalosteak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Euskara ez omen da orain dela 15.000 bat urte bereizten hasi zen hizkuntza superfamilia euroasiarraren taldekoa, Mark Pagel biologo ebolutiboak zuzendu duen azterketa baten arabera[1]. «Our research suggest that the Basque language is probably older in its origins than this super-family» idatzi zion Mark Pagelek aurreko egunean Atlantiar Nazioarteko Biltzarreko antolatzaileetako bati. Izan ere, zientzialari horrek kognizio modernorako trantsizioaz hitz egiteko asmoa zuen gaur Irunen, baina, bere azken ikerketa horren emaitzak Oppenheimer doktorearen azterketa genetikoekin  bat datozela uste duenez (It migh link in some way to the genetic evidence that Oppenheimer has), mintzagaia aldatu nahiko lukeela esan die antolatzaileei.

Zeren gaur,  Atlantiar proiektuko II. biltzarrean, hainbat ikuspuntutatik begiratuko zaio hizkuntzari Irungo FICOBAn. Mark Pagelen hitzaldiaz gain, BCBLko Kepa Paz-Alonso doktorea hizkuntza ekoizpenaren neurobiologiaz arituko da, eta eboluzio perspektibak eta euskarazko adibideak agindu dizkigu. Peter Bakker hizkuntzalaria, bestalde, ehiztari-biltzaileen hizkuntzez mintzatuko zaigu, eta Stig Eliassonek, azkenik, Danimarkako idazkun erruniko batzuen berri emanen digu, zeinetan, hark darabilen hipotesiaren arabera, euskararen kontaktuaren aztarnak aurki daitezkeen.

Iñaki Segurolak blog honetan esandakoarekin ados nago erabat, bati erakutsi egiten diote zerk harritu behar duen eta zerk ez. Eta bat nator harekin esaten duenean ez dagoela sekula iristerik hizkuntza baten edo hizkuntza familia baten jatorri absoluturaino. Eta, halere, zeinen interesgarriak iruditzen zaizkidan hizkuntz(ar)en jatorriari, eboluzioari eta bilakaerari buruzko ikerlanak! Gauza ederra da harritzea, bestalde. Harrimenak jakin-mina ernetzen digu, ezin erantzun ditugun galderak loratzen burmuinean, eta motibazio suharra izan daiteke are betiereko erantzun biribila lortzerik –segur aski– ez dagoen aztergaiez ikertzen saiatzeko, hala nola hizkuntzen jatorriaz, eta zergatik ez, euskararen beraren jatorriaz. Atlantiar proiektua bera harrimenaren emaitza dugu hein batean: harrimen eta jakin-minez beteriko euskaldun talde batek abiarazi du, harrimen, jakin-minez eta nor bere arloan jakinduriaz beteriko nazioarteko aditu-talde bat elkartzeko asmoz, Bizkaiko Golkoaren inguruko lurraldeetan mendez mende bizi izan diren Homo sapiensen eta bertoko hizkuntz(ar)en historiaz jardun dezaten.

Biltzarraren antolatzaileek, gure lurraldearen iraganari buruzko jakintza hedatzen saiatzearren, bi lankidetza mota sustatu nahi dituzte: batetik, modu batean edo bestean munduko txoko honekin zerikusia duten ikerlanak burutzen dituzten nazioarteko ikertzaileen artekoa; eta, bestetik, nazioarteko ikerlari horien  eta Euskal Herrikoen artekoa.  Eta lankidetza hori burutzeko, elkarlanerako hiru sare irudikatu dituzte: arlo bereko zientzialarien arteko sarea; diziplina ezberdineko zientzialarien artekoa, eta kanpoko eta bertoko zientzialarien artekoa. Sare hirukoitz horrek ikerketa ildo arras oparoak ireki ditzakeela uste dute.

Iazko biltzarrean, esate baterako, Theo Vennemannek hartu zuen parte. Hizkuntzalari horren hipotesia da Europan protoeuskara zabaldu zela azken izotzaldiaren ondotik. Alemaniako toponimia aztertuz frogatu uste du hori, ibaien izenei begira bereziki. Vennemannen hipotesi hori ongi uztartzen omen da Oppenheimer zientzialariaren azterketa genetikoen ondorioekin. Vennemannen lanen emaitzak kolokan jartzen dituztenek euskaran aditua ez izatea leporatzen diote batez ere. Bada, Atlantiar proiektuaren sustatzaileen nahietako bat izanen litzateke Europako toponimia aztertzeko gogotsu egon litezkeen euskal hizkuntzalariak ikerlari alemaniarrarekin harremanetan jartzea, Vennemannek irekitako lan ildo horri behar bezalako segida emateko. Ekimen honen bitartez sor daitezkeen –sortuko diren– elkarlan  interesgarrien adibide bat besterik ez da hori.

Aurreko igandean hizlariei harrera ofiziala egin zitzaien Irunen. Iazko biltzarrean parte hartu zuten guztiek aho batez aitortu zuten beren ikerketetan aurrerakuntza kualitatibo eta kuantitatibo nabarmanenak egin dituztela iaz Euskal Herrian elkar ezagutu zutenez geroztik. Margaret Jodry  Smithsonian Institution erakundeko zientzialariak are gehiago esan zuen: Euskal Herriko egonaldia oso aberasgarria izan zela egun haietan ikertzaileek biltzarreko testuinguru formalaz haratago egin zituzten harremanei esker, hots, esparru informaletan izan zituzten iritzi truke eta hitz aspertu ugari eta emankorrei esker. Zientzia lankidetzan egiteko euskal bide oparo eta atsegin hori Estatu Batuetara eraman nahiko lukeela ere adierazi zuen. Jakina, pentsatu nuen nik hori adituta, bazkalosteak inportanteak dira oso, baita zientziarako ere, horregatik euskaldunok –Pedro Miguel Etxenike EHUko katedradunak eta DIPCeko lehendakariak parte hartzaileei harrera egin zielarik oroitarazi zigun gisara– hiru galdera nagusi izaten ditugu buruan beti: nondik gatozen, nora goazen eta non bazkalduko dugun.

Gaur, beraz, FICOBAra entzule joanen garen 400 bat lagunok erne izan beharko dugu burmuina, zabal begiak eta adi belarriak, zientzia betekada ez da-eta nolanahikoa izanen. Baina, iaz bezala, makurrena ondoren etorriko da: gure adiskideen begirada aspertuak sumatzen ditugunean, lagunarteko bazkalosteak alaitzeko xeheki bezain nahasiki azaltzen dizkiegunean Irunen gaur kaskora parrastan isuriko dizkiguten datu eta kontu jakingarri –eta, zergatik ez, eztabaidagarri– guztiak.


[1]Pagel M, Atkinson QD, Calude AS, eta Meade A (2013): Ultraconserved words point to deep language ancestry across Eurasia.

Burua eta paraxuta

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Patxi Goñi Zabaldikak[1] 50 urte bete zituen joan den astean. Sasoi betean dago, bidaiazale amorratua da eta aspalditik zerabilen kaskoan Europa iparraldera joatea hango bazterrak eta mendiak ezagutzera. Gurasoek, horren jakitun, opari berezia egin nahi izan diote aurten. Aurreko astelehenean, beraz, semearen urtebetze egunaren bezperan, ustekabeko afari-merienda antolatu zioten. Bapo jan zuten, edan ere ausarki, eta Patxiri, tartaren seigarren hirukia mozten ari zela, urre-koloreko kutxa zapal luzekara bat agertu zitzaion txokolate krematsuaren erdian. Kutxa metalikoaren barnean, Danimarka eta Norvegia ezagutzeko bidaia itxuraz zoragarri baterako gonbitea. Zorion beteko istant horietako bat izan zen, mundua ederra begitandu zitzaion, perfektua ia.

Biharamunean, bere urtebetze egunean, bihotz alai gerturatu zen Unibertsitatera (XXXXko irakaslea baita, EHUn) eta, arruntean ospakizunen oso zale ez izan arren, egun hartan lankide hurbilenendako otamen berezia prestatzea otu zitzaion. Berehala aipatuko zien, baita bidaiaren kontua ere, irrikan zegoen eta; hortaz, bulegora sartu bezain laster bota zien albistea Jokin eta Mikel lankideei:

-Aurten bai, aurten badiagu udarako plana! Danimarka eta Norvegia! Dohainik gainera! Atzo…

-Da-ni-mar-ka, Nor-ve-gi-a…!? Tira, motel, hi beti igoal, hitz egin normal behingoz!

Gizon patxadatsua da Patxi, nekez sumintzen den gizon klasea, baina 50 urte sasoi on-onean bete zituen egun hartako une hartan su gorri batek kiskali zizkion tupustean erraiak. Halere, arnasa sakon hartu, bulegoko atea atzera astiro ireki, arnasa sakon hartu berriro eta… eta danbateko zakar batez itxi zuen atea, bi lankideen mutur harrituen aurrean itxi ere.

Patxi euskaldun berria da, gaztetan euskaldundutakoa, eta 20 urtetik goiti daramatza EHUn Ibaetako campusean eskolak euskaraz ematen. Langile fina da, euskaltzale porrokatua. Ongi moldatzen da, euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, ingelesez ere. Horregatik, lankideek, Jokinek, Mikelek eta Mertxek bereziki, sarritan eskatzen diote laguntza, batez ere materialen bat edo beste gaztelaniatik edo ingelesetik euskaratu behar denean; tamalez, oraindik ere haiek hartu behar izaten dute-eta maiz lan hori. “Laguntza”, dena den, eufemismo ttiki bat baino ez da esateko normalean Patxi arduratzen dela departamentuan euskaratu beharreko material guztiaz. Gustura hartzen du lan hori bere gain, nahiz eta batzuetan ez den oso konforme egoten –nekez erakusten duen arren– Jokinek aitakeria bigun eta onbera batez oroitarazten dionean euskaraz bukaeran jarri behar dela aditza, eta aitortu beharra du gaizki hartu zuela Mertxek testu batetik “okela” kentzeko proposatu zionean, Donostian zeudela argudiatuz.  Bestalde, gogoan du nola lotsagorritu zen beste behin, irakasle talde handi samar bat bazkaltzeko elkartu ziren batean, berak auskalo nongo futbol-zelaian ez dakit zer gertatua zela aipatu eta aldameneko lankidea iji-ajaka hasi zitzaionean esanez oso graziosoa zela, futbol-zelaia, ene! hori zela hori hizkera ponposo eta dotorea, “gurean beti kanpodefutbolean esan dugu”; iji eta aja, nor eta Mikel, departamentuko azken bilerako bere esaldia “las últimas vicisitudes y contingencias del proceso generativo de la actual situación tienen su fundamento no tan solo en meros factores coyunturales sino también y en mayor medida en causas cuyo origen es indiscutiblemente estructural” aktan hitzez hitz jaso ez zelako zalapartaka ibili zena, departamentuko (gaztelaniazko) dokumentu batzuen narraskeria salatuz bidenabar.

Patxik, bada, bere urtebetetzeko egunean danbateko zakar batez itxi zuen bulegoko atea eta elbarriendako komunera joan zen aterpe eske. 5 minutuko meditazio saiotxo batek mesede eginen zion.  Uste baino minutu gehiago behar izan zituen erabat baretzeko, zeren, banan-banan, txinpartak bailiran, erasoan etorri zitzaizkion unibertsitatean hasi zenetik bere euskara zela eta ez zela lankide batzuengan sumaturiko begirada isekari eta barre-murritx guztiak; hitz edo esapide baten kontura jasandako iruzkin graziosoak, gatz gutxiesgarriz ongi hornitutakoak askotxotan: behin “jun” beharrean “joan” esan zuelako batuera jasoegian mintzatzea leporatu zion batek; itzulpen batean “arras” jarri zuenean, aldiz, periferiako txokokerien sobera zalea izatea egotzi zion lankide berberak. Dena den, azkenean ere, Patxik modua izan zuen erabat baretzeko eta bulegora itzuli zen. Tarte bat zuenez, Berria hartu eta atzekoz aurrera irakurtzen hasi zen. Lehenbizi, Santi Leoneren zutabea, ohi bezala: Estua. Irakurri ahala, atzera gorritu ziren aienaturiko txinparta ernegagarri guztiak, su gorri batek kiskali zizkion berriz kostata hoztutako bere errai minberatuak. Azken esaldiarekin batera, arnasa sakon hartu eta ordenagailua piztu zuen. Igandean prestaturiko azterketaren artxiboa osorik ezabatu eta gero, artxibo berri bat ireki zuen: “Galdera bakarra: 1. Ba al dakizu zertan diren berdinak burua eta paraxuta?[2] Jar itzazu hainbat adibide berdintasun hori azaltzeko”.

Astebete pasatu da eta ez zaio damutu. Azterketako igarkizuna asmatu dutenei 6 jarri die. Bizpahiru adibide jartzen moldatu diren bakanei, 10. Igarkizunaren mamiaz jarduteko saio berezi bat prestatu nahi du, irakurgaiak biltzen hasi da, ikuspegi zabalak izatearen onurez, ez soilik ikerketa zientifikoetan, noski. Gazteek hainbeste merezi dute; gure belaunaldikoen hertsikeriaz libratzea, “nik nola, denok hala” dihardutenen matrakaz askatzea. Lankideei mezu elektroniko bat bidali die goizean, azaltzeko kirolzale bihurtu dela azkenaldian, ez zaiola iruditzen hemendik aurrera larunbat-igandeetan astia nahikoa izanen duenik departamentuko materiala itzultzen aritzeko, baina balitekeela kanpodefutbolean maizago elkar ikusten hastea. Mezua bidali eta leihora hurbildu da. Kanpoan, udaberri giroa. Zabal-zabal ireki du leihoa, ea zoko-usaina garbitzen den. Mundua ederra begitandu zaio, perfektua ia.


[1] Egileak, segurtasun arrazoiak direla eta, egiazko istorio honetako protagonistaren benetako izena aldatzea erabaki du.

[2] Igarkizuna: “ba al dakizu zertan diren berdinak burua eta paraxuta? Zabaldu ezean ez dutela ezertarako balio ez batak ez bertzeak”.

Sin perjuicio de

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Behin baino gehiagotan eta batek baino gehiagok aipatu dute jada: denok ditugu gure maniak eta blog honek horretarako ere balio dezake -balio du-, nork bere maniak azaleratzeko. Gero, noski, gerta liteke besteen ikuspuntuek gure ezinikusi horiek baretzea edo are sendatzea; edo, aitzitik, norberari iruditzea bere mania blogean plazaratuta oker edo trabagarri edo gehiegizko begitantzen zaion erabilera horren kontrako gurutzadan aurrera egiteko adorea bildu duela.

Gaur aspalditik begitan hartua dudan lokuzio bat ekarri nahi nuke honat: sin perjuicio de. Hobeki esan, gaztelaniazko lokuzioa baino, itzulpen administratibo eta juridikoetan baliatzen ditugun euskal ordain batzuk dira begitan hartuak ditudanak: -en kaltetan gabe, –en kalterik gabe, (ezertan) galarazi gabe. Gaztelaniazko adberbiozko lokuzio horren ordain ilun samarrak iruditzen zaizkit, eta ez direla kalterik gabeko kalko ez dakit zuzen edo oker hutsak, baizik gaztelaniazko hizkera juridiko-administratiboak gure testuetan uzten dituen alferreko lorratzen adibide ez oso txukunak.

Jatorrizko lokuzioaren esanahia argitzearren, Espainiako Errege Akademiara jo nuen aurrekoan. Hauxe erantzuna:

En el Diccionario de la Real Academia Española figura la locución adverbial sin perjuicio definida del siguiente modo: ‘Dejando a salvo’. En estos mismos términos, o muy semejantes, la definen otros diccionarios –‘dejando aparte, dejando al margen’–, con lo que se refleja el uso auténtico.     

Gure hiztegi erabilienak kontsultatu nituen gero, lokuzioari zein ordain ematen dioten egiaztatzearren:

Elhuyar: -i kalterik egin gabe; -i utzi gabe.

Labayru:  -(r)i kalte egin barik/-(r)i kalte(rik) egin gabe, -(r)i gatx egin barik/-(r)i gaitz(ik) egin gabe, -(r)i damu emon barik/-(r)i damu(rik) eman gabe.

Zehazki: lit alde batera utzirik.

Eta, gero, nola ez, Interneten galdezka hasi nintzen, ordain horiek zenbat eta nola erabiltzen ditugun ikusteko eta, horretan ari nintzela, Itzulisten aspaldi (2001ean) emandako erantzun hau aurkitu nuen, zeinak erakusten baitu euskal ordain automatiko horiei buruzko kezka aspaldikoa dela gure artean:

Aspaldian ez zait egokitu «sin perjuicio de» hori itzultzea, baina inoiz horrela itzuli dudala uste dut: Horrek ez du esan nahi udal arauek ezarritakoa bete behar ez denik, edo horrez gain, udal arauek ezarritakoa ere bete beharko da. Behintzat hobeto ulertzen da, ezta? Ze gazteleraz «sin perjuicio de» hori zer den jakin gabe, ezin da euskarazko «kalterik gabe» hori ulertu. Lide Azkue.

Hango eta hemengo testuak irakurrita, ematen du garai batean baino ausartago jokatzen dugula itzultzaileok honetan ere eta, Lide Azkuek proposatu ildotik, esanahiari erreparatu eta kasuan kasurako itzulpen argia egiten saiatzen garela, nahiz eta oraindik ere askotan jotzen dugun ordain automatiko horietara. Hona hemen Lan Arloko Prozeduraren Legetik eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legetik hartutako adibide hauek, euskaraz erabil ditzakegun baliabideetako batzuen erakusgarri:

  1. «…sin perjuicio de que sea costeada por el recurrente…».>«nahiz eta errekurritzaileak ordaindu…».
  2.  «…sin perjuicio de la facultad otorgada por el apartado 5…». >«horrek ez du eragotziko artikulu honen 5. zenbakian emandako ahalmena».
  3. «…sin perjuicio de que para supuestos determinados….». > «baina horrek ez du eragozten kasu jakin batzuetan…».
  4. «No obstante y sin perjuicio de lo dispuesto en los artículos 32 y 33…». > «…Hala ere, eta alde batera utzi gabe lege honen 32. eta 33. artikuluetan xedaturikoa…».
  5. «…sin perjuicio de la redacción posterior de la sentencia dentro del plazo y en la forma legalmente previstos». > «nahiz gero epaia erredaktatu, legeak aurreikusitako epe eta moduan».
  6. «…sin perjuicio del que en su día pueda interponerse contra la sentencia». > «horrek ez dakar, hala ere, bere garaian epaiaren kontra ezin aurkeztu izatea».
  7. «…sin perjuicio de lo establecido en el artículo…». > «…57. artikuluak ezarritakoaren kalterik gabe».
  8. «…sin perjuicio de las especialidades que se enuncian en los artículos siguientes». > «… ondorengo artikuluetan azalduriko berezitasunekin».

Lege horietako adibideetan joera (sistema?) bat hauteman daitekeela iruditu zait: «kalterik gabe» erabiltzekoa beti legeren batek ezarri edo xedatutakoari lotutako esaldietan eta gainerako kasuetan, berriz, bestelako ordainak bilatzekoa. Nik halako esaldietatik ere kenduko nituzke «kalterik gabe» horiek, garbi ez dudan arren zein izan litekeen holakoetarako ordain automatiko aproposena.

Hala ere, zalantzak zalantza, eta kontuan hartuta Espainiako Errege Akademiaren erantzuna, goiko adibide horiek irakurri arte ez zitzaidan guztiz baztertzekoa iruditzen Zehazkik proposatutako «alde batera utzirik» hori; adibideok irakurri arte diot, zeren konturatu bainaiz 4.ean itzultzaileak «alde batera utzi gabe» erabili duela. Tira, azkenean, uste dut hobe nukeela amore eman, beste inoren iritzia jaso aurretik ere hasi zaidala nire mania baretzen…

…dena den, badaezpada, galdetzera ausartuko naiz: inork beste proposamenik bai?