Zer egin historia aitonaren kutxan dagoenean

Eider Beobide Urkizar

Frankismo garai bete-betean, euskarari nolabaiteko bultzada emateko asmoz, gazte talde bat elkartu eta irakurketa dramatizatuak egiten hasi zen. Hasieran, antzerkia aitzakiatzat soilik hartuta, amaierarako, euskal antzerkigintza errotik aldatu zuen. Jarraiantzerki taldeaz ari naiz, zeinak ia hamarkada bateko ibilbidea eta belaunaldi berrien grina batu zituen, euskarari eta euskal kulturari ekarpen esanguratsuak eginez. Korronte iraultzaile eta abangoardistakoa zen eta ikuspegi berritzaile eta gaztea ekarri zuen, indar hegemonikoari kontra egin nahi zion belaunaldia baitzen. Garai bertsuan aritu zen Toribio Alzagak sorturiko eta Maria Dolores Agirrek jarraipena eman zion Euskal Izkera eta Iztunde Eskola; hura, ordea, kostunbristagoa eta tradiziozalea zen eta euskal ohiturak, hizkera eta ereduak gizarteratu nahi zituen berriz. Donostiako bi antzerki talde horiek dira teatro zaharraren eta berriaren adierazleak[1].

Jarrairen lehen taularatzeetako bat 1960ko San Tomas egunekoa izan zen: Pedro Muñoz Seca-ren Nor da Erruduna? euskaratu eta antzeztu zuten. Segidan etorri ziren beste hainbat itzulpen ere, taldeak izandako ibilbide oparoan, tarte handia eman baitzien euskaratzeei. Taldekideentzat garrantzi handia zuen itzuliko edo moldatuko zituzten testuak ongi hautatzeak, eta, horren ondorioz, hautaketa landua burutu zuten. Ez da erraza euskarara zer ekarri eta zergatik erabakitzea ―eta garai hartan uneak zuen garrantzia politiko-historikoagatik, are zailagoa―, baina beren ikuspegi berritzaile eta gazteak argi utzi zuen gizartea eraberritzeko eta euskara sustatzeko berariazko bultzadak eman nahi zituztela. «Herriak zer behar du?» galdetu zioten beren buruari, eta teatro berria eskaini zioten.

Itzulpenei esker lortu zuten, besteak beste, teatro berri hori gure oholtzetara sartzea: ideia zaharkituen aurkako atzerriko antzezlan iraultzaileak euskaratu zituzten eta, era horretan, euskal hiztunengana hainbat izen handi gerturatu, hala nola Tennesse Williams, Eugene O’Neill, Arthur Miller, Eugène Ionesco, Fredrich Dürrenmat, Albert Camus eta Enrique Jardiel Poncela.

Itzultzaileen lana, aitzitik, apur bat itzalean geratu zen beste behin, eta gaur egun ere ez dugu aski goraipatu. Haietako batzuk euskal kulturgintzako izen handiak bihurtu dira eta hainbat alorretan jarraitu dute urte luzez lanean, haien izenak berak hain ezagunak ez izan arren; haien artean daude Nemesio Etxaniz, Lukax Dorronsoro, Julen Lekuona, Xalbador Garmendia eta Iñaki Beobide, esaterako.

Azken hori izan zen gure aitona, eta noizbehinka haren kontuak agertzen zaizkigu oraindik amonarenean. Haren kutxa bati begira idazten ditut lerro hauek, haren oroitzapenekin zer egin erabakita eduki arren, haren ondarearekin zer egin hautatzea ez zaidalako hain erraza. Bizi zen artean ere kutxarantz indarrez tiratzen ninduen, eta horrexegatik aritu nintzen halako material-sailkapen bat egiten Olatz Beobide izeba eta aktorearekin.

Aitonaren kutxan begira denetarik topatu genuen, kartelak, diru-kontuak, itzulpenak, gutunak eta antzezlanak, den-denak Jarrairi buruzkoak eta haren bueltakoak. Horien artean zegoen aipatzekoa den altxor bat: Gabriel Arestiren Beste mundukoak eta zoro bat. Haren heriotzatik 50 urte igaro diren honetan, bereizgarri zuen estilo berriarekin Jarraiko kideentzat propio idatzi zuen tragikomedia da. Antzezlan harekin teatro berria hasi zela zioen Letek 1965eko elkarrizketa batean (beste hainbat perlarekin batera)[2]. Teatro mota harekin lortu zuen nolabait Jarraik euskaldun publikoa inoiz baino gehiago gerturatzea antzerki mundura, baita euskaldunon mundu txikira atzerriko antzezlan berritzaileak gerturatzea ere. Idoia Gereñuk ezin hobeki azaltzen duen moduan, «Artearekiko kezka eta jakin-mina euskaradun xumearen eskubidea ere bazela defendatu zuen»[3].

Kutxa horren alboan mila galderaz bete nintzen. Zer egin ohi da halakoetan topatutako material guzti horrekin? Merezi duen eran sailkatua eta digitalizatua izatea litzateke bidea; umedadeak jaten amaitzea, tristea. Zer behar dugu gaur egun itzulpengintzatik antzerki mundua indartzeko eta abangoardia bultzatzeko? Izan gaitezen ausartak eta saia gaitezen gure mundura ekartzen atzerrian irakurtzen ditugun berrikuntzak, saia gaitezen euskal hiztunak testu literario finez janzten, eta euskaratzen iraultzailea izan daitekeen oro, halako herri bat nahi badugu.

Gure aitonak eta amonak izan zuten diskoetxean inspiratuta egin berri dute Haatik dantza konpainiakoek OTS dantza emanaldia, Herri Gogoa zigiluaren beraren katalogoa erabiliz soinu-testigantza eta dantza uztartzeko. Iraganeko mugimendu kultural abangoardista egungoarekin lotzeko saiakera zintzoa izan da. Ikusi ez duenarentzat, hementxe gomendioa.

Hausnartu beharko genuke zer egin ez soilik materialarekin, baita utzitako ondarearekin ere. Gazte haien indarra egun ere badaukagu; itzulpengintza baliatu beharko genuke, hortaz, abangoardiako mugimendu kulturalak bultzatzeko eta gureganatzeko. Euskaratzeak badu eta indarra; behar dugu kaleetan eta oholtzetan. Askotan esan ohi da itzulpenak izan behar duela zubia, baina gure esku dagoena egin beharko genuke itzulpena mailua ere izan dadin.


[1] Gereñu Odriozola, I. (2016). Jarrai (1959-1968), hito del teatro vasco de vanguardia

[2] https://www.argia.eus/argia-astekaria/100/arestiren-beste-mundukoak-eta-zoro-bat-ekin-teatro-berria-asi-zelaesan-genezakegu-dio-letek

[3] Gereñu Odriozola, I. (2018). Bazegonk amairu jarrai gabe?

58 segundo

Eider Beobide Urkizar

Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrena da gaur. Behingoagatik egun batzuk lehenago hasi naiz artikulua idazten. Behingoagatik Italiari kontuak eskatu dizkiogu. Edo behintzat saiatu gara.

Egia esan, azken aldian ez dut ia idazten, mantso nabil itzulpenetan eta ez dut gogorik pozik nagoela antzezteko. Irakurtzen behintzat banabil, horrek salbatzen nau. Askotan ez dakit «zer moduz» galderari ere nola erantzun eta korapilatu egiten zaizkit ondo ez nagoela ezkutatzeko aitzakiak.

Gaur ere, ez nuke jakingo zeri buruz idatzi ez balitz Poemas de y por Palestina fanzinea berrirakurri ez banu (esker mila Isabeli Senezerako artikulurako gonbita botatzeagatik). Besteak beste, nire nekea genozidioari ere baitagokio: inpotentziari, sumindurari, haserreari, lur jota dauden (literalki) haur, gaztetxo eta heldu palestinar guztieri.

Gaiaz irakurri eta hitz egin, manifestatu, berriak partekatu, Rifqaren emanaldiren bat egin, palestinarren mezua zabaldu… ez zait aski iruditzen. Amaia Astobizak blog honetan bertan zioen «Eta ezin diot utzi mina sentitzeari, […] baina begietan gainezka egiten dizuten malkoek ez dute fosforo zuriaren surik itzaltzen». Horrenbestez, itzultzea denez nire lan eta pasioa, zer beste egin nezake nik ez bada palestinar poeta eta itzultzaile baten hitzak blog honetara ekarri? Beraz, hona hemen Lena Khalaf Tuffaha-ren poema bikain bat:

Iheserako aginduak

Orain deitu egiten digute,
bonbak bota baino lehen.
Telefonoak jo egin du
eta nire izena dakien norbaitek
deitu eta arabiera perfektuan dio
«David naiz».
Eta oraindik buruan burrunbaka ditudan
eztanda sonikoen eta beira hautsien sinfonien nire harridurarekin
pentsatu dut, Ezagutzen al dut Davidik Gazan?
Orain deitu egiten digute esateko
Egin korri.
58 segundo dituzu mezu hau amaitzen denetik.
Hurrengoa zure etxea da.
Gerra-garaiko kortesia
moduko zerbait dela uste dute.
Ez du axola
ez egoteak nora korri egin.
Ez dio ardurarik mugak itxita egoteak
eta zure paperak ezdeusak izateak
eta soilik biziarteko kartzela-zigorrera kondenatzeak
itsasoaren alboko kartzela honetan
eta kalezuloak estuak dira
eta giza bizitza gehiago dago
bata bestearen gainean zanpatuta
munduko edonon baino
Soilik egin korri.
Ez gara zu hiltzen saiatzen ari.
Ez du axola
ezin diguzula deia itzuli esateko
bilatzen gabiltzala diogun jendea ez dagoela zure etxean
ez dagoela inor bertan
zu eta zure haurrak besterik ez
zeinak Argentina animatzen ari diren
aste honetako azken ogi-barra partekatzen
geratzen diren kandelak kontatzen argia joaten bada.
Ez du axola haurrak dituzun.
Leku okerrean bizi zara
eta orain zure txanda da korri egiteko
ezerezerantz.
Ez du axola
58 segundo ez izatea nahikoa denbora
zure ezkontza-albuma aurkitzeko
edo zure semearen manta gogokoena
edo zure alabaren unibertsitateko eskaera-orri ia amaitua
edo zure zapatak
edo denak elkartzeko etxean.
Ez du axola zer zenuen planifikatuta.
Ez du axola nor zaren.
Erakutsi gizakia zarela.
Erakutsi bi hankatan mantentzen zarela.
Egin korri.

Rapa, hitz esana, ahozkotasuna eta kaleko hizkera

Eider Beobide Urkizar

Ez dakit hark idazletzat duen bere burua, ziurrenik ez, baina nire ustez Odei Barroso raperoa da gaur egungo idazle finenetakoa. Haren zutabe[1] bikain batekin hasi nahiko nuke hausnarrean: “Hitz berriak behar ditu hiztegiak / mintza daitezela periferiak”.

Aurrekoan irratira bidean nindoan Gata Cattanaren poema bat errezitatzera Eider Adeletxekin (Mejillon Tigre kolektiboa) eta poema hura errepasatzen eta hari buruz hizketan ari ginen. Nire itzulpena zen eta Adeletxek moldatu egin zuen hitz esanean ongi funtziona zezan, ahozkotasunetik gertuago egon zedin. Hor hasi ginen euskararen ahozkotasunari eta kaleko hizkerari buruz mintzatzen eta, batzuetan, atsekabetzen nau konturatzeak puntu berean sentitzen ditudala beti inguruko poeta eta idazleak: nola eman euskaraz kaleko hizkera hori, nola lortu erdaretan duen zentzu osoa?

Euskarak badu noski tradizioa eta ahozkotasun handia; hala ere, itzultzaileok gara lehenak ohartzen kaleko edo lagunarteko hizkeran dauden kontuak gurera ekartzean zailtasunak ditugula oraindik. Eta ez naiz irainez eta argotez ari soilik.

Abestira itzuliz, Barroso periferiez ari denean Ipar Euskal Herriaz ari da kasu horretan, baina periferia orori ere zabal dakioke esaldiaren zentzua. Iruditzen zait askotan (eta oraindik!) isilpean daudela hainbat bazterretako kolektiboak eta, haien ahotsa pixkanaka altxatzen ari den arren, belarriak prest izan behar ditugula.

Donostiako Iraqueerle taldean aipatu izan dugu: guk geureak irakurtzea zoragarria da ―eta beharrezkoa―, baina jende zisheterosexualak ere liburu horiek irakurtzeko prestutasuna izan beharko lukeela iruditzen zaigu. Hitz berriak sortzeari dagokionez eta gure irakurle taldeari lotuta, onartu beharra dago LGBT kolektiboan gure soziolektoa dugula, eta erraza dela ohartzen ingelesetik zenbat edaten duen. Ez naiz sartuko zergatietan edo “honakoa egin beharko litzateke”-etan, baina, esan nahi ditugunak adierazteko hitz askoren beharra dagoela sentitzen dugu askotan, eta hor ibili ohi gara malabarak egiten eta hitz berriak itzultzen edo jada baditugun hitzei esanahi berriak ematen; hala nola zerbitzatu (to serve), esleitu (to slay), ama/amatxo izan (to mother), norbait irakurri edo irakurria izan (to read, to be read), tea isuri (to spill the tea) eta abar.

Denok dugu geure hizkera kaletarra, arautik urrunago dagoena eta lotsagabeagoa dena, batez ere klase zehatz batzuetan edota aipaturiko periferietan. Iruditzen zait kaleko hizkera hori, rapa, hitz esana eta ahozkotasuna lotzen dituen zerbait dela kultura, eta jada bagabiltzala sortzen; euskara zikintzen eta kaletar bihurtzen. Hala ere, oraindik badugu zer egina euskara Euskaltzaindiaren kutxatik atera eta erabileraren bide berriak bilatzeari dagokionez, gure kulturak ere behar baititu txoriburukeriak eta hizkera kaletarra. Molda dezagun gure hizkuntza behar beste kalean naturalki erabilia izan dadin.


[1] Ingelesezko bars rapean erabili ohi da kantu bateko hitzen zati bati erreferentzia egiteko, errimatua izaten da eta esanahi bikoitza edo gehiagokoa du askotan.

Poesiaren zuzentasuna edo poesia zuzenak

Eider Beobide Urkizar

Duela egun pare bat miresmenez entzun nuen Juana Dolores idazlea katalanez errezitatzen bere Girgileria poema-liburua (2024, Katakrak, Maider Ramirezek itzulia) eta, ondoren, Hedoi Etxarterekin hizketan, «euskaraz ez dugu ikasi oraindik poemak errezitatzen» bota zidan. Harritu ninduen hasieran, baina funtsean arrazoia duela iruditzen zait: poemak betiko doinu berarekin, pasio urratu ahotsez eta etenaldi behartuez entzuteaz nazkatuta gaude. Faltan botatzen ditugu poemak indarrez eta kontzientziaz irakurtzea, hitz-jarioa eta soltura, nolabaiteko antzezpena… Mejillon Tigre kolektiboa eta poeta gazteak bidea urratzen dabiltzala esango nuke, eta itzultzaileok ezin gara atzean gelditu.

Hori dela eta, poesiaren itzulpenari buruz idatzi nahiko nuke nire lehen artikulua. Rifqa poema-liburua argitaratu ostean, bai kazetariek, bai lagunek edo ingurukoek, denek galdera bera zuten: zer zaila poesia itzultzea, ezta?

Nire erantzuna beti zen oso nahasgarria eta espero ez zutena: bai, beno, depende, ez pentsa… Harrezkero ohartu naiz, poesia itzultzea ―jakina― zaila den arren, galdera ez zihoala hortik, galdera poesia inoiz irakurri ez duen jendearena zela, edo oso poesia ulergaitza irakurri zutenena, edo poesiari izua ziotenena, edo poesia bera zer izan zitekeen ez zekitenena.

Egia esan, nik ere ez dakit zer den poesia. Baina argi dut orain itzultzen nabilen hortz-protesien ikasmateriala baino askoz errazagoa dela itzultzeko ―euskarazko hiztegi teknikoei buruzko hausnarketa beste baterako―, eta errazagoa ez bada, betegarriagoa, ulergarriagoa eta barruragokoa behintzat badela. Baina, esan bezala, poesia itzultzea ez da erraza, eta horri heldu nahi nioke gaur.

Mohammed el-Kurd poeta palestinarraren Rifqa hasi nintzen euskaratzen duela ia urtebete eta GrALean landutako kontuak bihurtu zitzaizkidan egunerokotasun: poesiaren musikaltasuna, esaldien ordena eta genero kontuak, besteak beste. Hiruren inguruan askoz luzeago hitz egin badezaket ere gaur egun, lehen bietan jarri nahiko nuke arreta oraingoan eta doinua hitzean bildu biak.

Aipatzekoa da El-Kurdek berak liburuko poema batzuk errezitatu eta igo zituela musika plataformetara eta oso lotuta dago hori poemen izaerari, guztiek baitute hitz esanetik asko, ahoz gora esateko sortuak batira hainbat eta hainbat. Horrek eragin zuzena izan du nire itzultzeko moduan, poetaren doinu hori lortzen saiatzerako orduan.

Aipatutako doinua itzulpenean islatzeko, jatorrizkoa ―eta egilearen beste testuak― mila bider irakurri eta entzuteaz gain, ezinbestekoa iruditzen zait testuingurua ulertu eta kontuan hartzea: nor ari naiz itzultzen, zein helburu du idazleak eta zein helburu du nire itzulpenak. Garrantzitsua da poetaren ahotsa nolakoa den aztertzea eta hori euskarara nola ekar dezakegun hausnartzea. El-Kurden poesia apurtzailea da, zuzena eta adierazkorra, baina oso ondo neurtzen ditu haren hitzak: ez da gauza bera gatazka eta genozidio eta argi azpimarratzen du hori hautu eta poema guztietan. Haren indarra eta esanahia bildu behar dira musikaltasun handiko poema laburretan; horra hor erronka.

Bestalde, liburu honetako poema batzuetan, zentzuzkoa eta beharrezkoa iruditu zitzaidan zuzentasuna sakrifikatzea poetikotasunaren alde, mezua eta hori adierazteko era baitira garrantzitsuak harentzat eta, ondorioz, zuzentasuna bigarren plano batean zegoela iruditzen zitzaidan. Hausnarketa eta hautu horrek esaldien ordena, hitzak eta egiturak aldatzera edo besteren bat hobestera bultzatu nau, une oro poetikotasuna bilatuz, baina jatorrizkoa errespetatzen saiatuz.

Doinua lortzeko beste puntu garrantzitsu bat itzulpenak ahots goraz irakurtzea dela esango nuke, bai norberarentzat bai norbaiti errezitatuta. Ezinbesteko urratsa da poesiak funtzionatzen duen edo ez ohartzeko, zerbaitek belarrira gaizki ematen duela konturatzeko, erritmoa baduen aztertzeko, errimak jatorrizkoaren melodia jasotzen duen ikusteko… Arnas-neurriak axola du; irakurketa-erritmoa oso kontuan hartzekoa da. Nire kasuan, gainera, lehen aipatu bezala, hitz esana lantzen duen poeta bat itzultzen nenbilen eta, beraz, are garrantzitsuagoa izan da urrats hau. Esango nuke, bestalde, erritmo poetiko hori bilatzeko saiakera nabaritu dela hainbat txokotan egiten ibili garen Honengatik egiten dugu dantza poesia-errezitaldi musikatuetan.

Aipatutakoaz gain, argitaratutako liburuan bertan jatorrizkoa ondoan izateak (ezkerrean jatorrizkoa ingelesez, eskuinean itzulpena euskaraz) badu itzulpenean eraginik ere, jakina. Ikasketetan beti entzuten genuen «ahal bezain hurbil, behar bezain urrun» eta gure helburu nagusia izan ohi da, baina nola urrundu jatorrizkoaren hizkuntza irakurle gehienentzat ulergarria denean eta albo-alboan dagoenean? Ez da erraza poetikotasuna mantentzea jatorrizkotik gehiegi urrundu gabe, baina ezinezkoa da irakurleetako batzuk boligrafo gorria eskuan ez imajinatzea. Ariketa bat egin beharra dago horrelakoetan eta sinetsarazi zeure buruari urruntzeak merezi duela, poema on bat lortzearren bederen.

Poesia itzultzeko ikastaro batean Maialen Berasategiri entzun nion euskaraz partikula iragarleen falta dugula eta ezin dut gehiago bat etorri. Euskaltzaindiak hitz iragarle deitzen dien horiek «komunikazioa errazteko eta mendeko perpaus luze-konplexu mota batzuk hasieratik markatzeko» balio dute, mezua argiago adieraziz eta «testuaren esanaz jabetzeko aukera emanez amaierara iritsi arte egon gabe». Poesian eta, batez ere, poesia itzulpenean oso erabilgarriak dira eta haietako asko behar-beharrezkoak itzulpena uler dadin eta jatorrizkoaren doinua gal ez dezan. Halaber, eta horri lotuta, poesian azken hitzak garrantzi handia du eta, hortaz, modu naturalak bilatu behar dira hitz horrekin amaitu eta poemaren xarmari eta indarrari eusteko.

Azken aldian jende gaztearen artean badago joera gero eta gehiago hurbiltzekoa poesiara: ikusi besterik ez dago sortu berri diren irakurle talde guztiak, Pomada banda gisako proiektuak, Ez gara inor poesia-topaketak, egiten diren poesia-errezitaldiak eta abar. Idazle periferikoen kalitatezko poesiaren egarriz gaude, bai euskaraz idatzia bai euskarara itzulia, horrek emango baitio euskarari doinu propioak sortzeko aukera, baita oraindik gurean landu ez ditugun gai berriak ukitzekoa ere. Beraz, jarrai dezagun itzultzen eta sortzen, bidea urratzeke dago oraindik eta.