Galderak

Alfontso Mujika Etxeberria

Bada Bertol Brecht-en poema eder bat, Fragen eines lesenden Arbeiters izena duena. Nik ez dakit alemanez, baina Mikel Laboaren Langile baten galderak liburu baten aurrean kanta ederrari esker ezagutu nuen, zuetako gehienok bezala. Langile bati historiako liburu bat irakurtzen ari delarik sortzen zaizkion galderei buruz dihardu poemak.

Ez dut poesiari buruz idatzi behar, liburu baten aurrean piztu zaizkidan galdera batzuk plazaratu baizik. Ez da poesia-liburu bat, ezta historiari buruzko liburu bat ere; Euskaltzaindiaren hiztegia da.

Lexiko arrunteko hiztegi bat da, hau da, ez da entziklopedia bat. Alegia, ez dugu aurkituko hartan Nafarroako Foru Komunitatea, Mondragon Unibertsitatea edo Europar Batasuna gisako sarrerarik. Ez, ezta?

Baina, ari naizela, ari naizela, lehenengo ezustea:

Euskaltzaindi iz. Euskararen akademia. Euskaltzaindiaren sailak eta batzordeak. Euskaltzaindiaren batzarrak, lanak. Euskaltzaindiaren ardurapean. Euskera, Euskaltzaindiaren aldizkaria. Euskaltzaindiko kideak, burua. Eleizalde-tar Koldobika, Euskaltzaindikoa. Euskaltzainditik iritsi zaigun gomendioa.

Nola liteke izen berezi bat sarrera izatea lexiko arrunteko hiztegi batean? Adibidez, Diccionario de la lengua española hiztegia hartuta, zer esango genuke Real Academia de la Lengua sarrera, letra larriz hasita, aurkituko bagenu? Ala euskararen edozein akademiari dei dakioke Euskaltzaindia? Hala izatera, letra xehez idatzi behar litzateke, ezta? Adibidez, ertzaintza eta jaurlaritza sarrera dira Euskaltzaindiaren hiztegian, baina letra xehez idatzita ageri dira (zalantza egin liteke, dena dela, zenbateraino diren izen arruntak, baina hori beste kontu bat da).

Esango du norbaitek horren bidez Euskaltzaindiak erakutsi nahi izan duela azken –a hori ez dela berezkoa, eta horregatik sartu duela hiztegian (badaezpada, begiratu ezazu, orduan, ea Ajuria Ene ere, adibidez, sarrera den). Esango du norbaitek egozentrismoak eragindako irristada dela. Esango du norbaitek… Nik, berriz, galdera besterik ez dut egin.

Bigarren ezustea, berriz, euskal sarrera irakurtzen ari naizela iritsi da. Bi azpisarrera (ez adibide, azpisarrera baizik, definizio eta guzti):

Euskal Autonomia Erkidego Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak gaur egun osatzen duten autonomia erkidegoaren izena. Euskal Autonomia Erkidegoaren baliabide ekonomikoak.

Euskal Herri Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Lapurdik, Nafarroak, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatzen duten lurraldea. Euskal Herriaren adiskideak.

Aurrekoan bezala, zer esango genuke Diccionario de la lengua española hiztegian comunidad sarreran Comunidad de Madrid aurkituko bagenu edo reino sarreran Reino de España azpisarrera aurkituko bagenu?

Konparazio batera, Nafarroako Foru Erkidego azpisarrera ez dugu aurkituko foru edo erkidego sarreren barnean, ezta Europar Batasun azpisarrera ere europar edo batasun sarreretan. Zergatik dira Euskal Autonomia Erkidego eta Euskal Herri azpisarrera lexiko arrunteko hiztegi batean? Zer irizpide lexikografiko dago erabaki horren atzean?

Hirugarren ezustea, handia hau ere, aberri sarreran aurkitu dut. Azpisarrera harrigarri bat:

Aberri egun Euskal aberriaren eguna, Pazko egunez ospatzen dena. Aberri eguneko mitinak.

Zer esango genuke Diccionario de la lengua española hiztegian hispanidad sarreran Día de la Hispanidad azpisarrera aurkituko bagenu edo raza sarreran Día de la Raza azpisarrera aurkituko bagenu? Zergatik azpisarrera entziklopediko bat lexiko arrunteko hiztegi batean?

Horra hor euskaldun harritu baten galderak Euskaltzaindiaren hiztegiaren aurrean. “Motibo bat nigana / dago etorria”, baina ez dut bertso berririk jarriko; badira, dena dela, makinatxo bat bertso eta kopla motibo eskasago askori jarriak.

Txahal inkatuaren sindromea

Asier Larrinaga Larrazabal

Txahal inkatuaren sindromea izaten dut sarri euskarazko ikus-entzunezko produktuen aurrean. Arrotz sentiarazten naute. Gutxi ardura die ni liluratzeak. Hitz gozakaitzak jaurtitzen dizkidate, purrustan, sastaka, ni erakarri beharrean belarriak eta euskal ikusle bihotza urratu nahi balizkidate bezala. Baina post honetan ez didate berba bat gehiago alferrik galaraziko. Post hau, ETB1eko analisi- eta iritzi-saioei eskaini nahi diet, euskarazko telebistarekin berradiskidetzen naute eta.

“Azpimarrak” badu ibilbide bat egina, ideia eta une bikainez betea. Bat nabarmendu nahi dut: programako azken minutua, emakume bati utzia gai libreko hausnarketarako. Ausazko bilaketa batean, Kontxi Irizarrek memoria historikoaz eginiko gogoeta/gogorapena aurkitu dut. 2010eko urriaren 14an izan zen. Ederra. Tamalez, aurrekontu-zailtasunengatik, gero eta bakanago egin dira halako parte-hartzeak, eta, azken denboraldietan, “Azpimarra +” saioan baino ezin ditzakegu ikusi, eta ez astero.

“Egun on, Euskadik” elkarrizketa gogoangarri asko utzi dizkigu. Hortxe entzun ditut Fagorren eta Eroskiren egoerari buruzko azterketarik eta azalpenik onenak. Jose Luis Olasolo Mondragon taldeko presidenteorde izandakoa mintzo zen, 2014ko martxoan, Fagorren afera pil-pilean zegoela.

Analisi- eta iritzi-saioetan, dena ez da politika. “Airean” magazinak arratsaldero frogatzen du euskaraz ere jorra daitekeela aktualitateko edozein gai, edonork ulertzeko moduan, maila jaitsi barik, eta produktu ikusgarri, erakargarri eta lehiakor bat eginez. Aurtengo maiatzean, hitzik ez galtzeko modukoa izan zen Amaia Iza CEIT-IK4 zentro teknologikoko ikertzaileak altzairuaz kontatu zuen guztia.

“Azpimarra”, “Egun on, Euskadi” eta “Airean” sendagai eraginkorrak zaizkit txahal inkatuaren sindromerako.

Tu est un autre

Iñaki Iñurrieta Labaien

Lagunartean gaude Lorea eta biok, eta halako batean nik esaten badut “Loreak diozun hori ondo iruditzen zait”, esaldi hori guztiz arrunta egingo zaie bai Loreari bai beste solaskideei. Horretan nengoen ni behintzat, harik eta orain hurrengoan Loreak berak esan zidan arte bitxia egiten zitzaiola “Loreak” eta “diozun” horrela elkartzea.

Egia da egoera ez zela lagunarteko solasa; aurrez aurrekoa, esan nahi dut. Foro batean ari ginen. Alegia, idatziz, nor bere ordenagailutik, elkarren aurrean egon gabe, ezta une berean ere. Solaskideok nahi genuenean sar gintezkeen foroan, besteek aurrez idatzitakoak irakurri, eta, nahi bagenuen, erantzun egin genezakeen.

Beharbada, horrexegatik egin zitzaion arraroa Loreari. Niri arrunta iruditzen zait, baina ikusten dut foroan ez dela erabiltzen “Loreak diozun hori” bezalakorik; beraz, hain arrunta ere ez da izango. Pentsatzen jarri naiz zergatik, eta aurkitu dudan azalpena da ezen esaldi hori, berez, beste komunikazio-egoera bati dagokiola: bi solaskide baino gehiago eta aurrez aurre gaudeneko egoerari. Lagunartean bezala.

Lagunarteko elkarrizketan, hainbat lagun ari gara leku eta une berean. Ni zurekin, zurekin eta zurekin ari naiz, eta, horregatik, hitza hartzen badut, komeniko zait zehaztea zu nor zaren kasuan-kasuan. Hori deikia erabiliz egin nezake, “Lorea, zuk diozun hori ondo iruditzen zait”. Hau da, Lorea eta biok baizik ez bageunde bezala jardun nezake. Ez da hala, ordea, gehiago gaude, eta beste solaskideok ere integratu nahi zaituztet neure esaldian, une horretan besteok ere, nirekin solasean ari zaretenok, zu baitzarete, eta zuei diotsuek Loreak dioena ondo iruditzen zaidala, baina Lorea bera ere kanpoan –hirugarren pertsonan– utzi gabe, Lorea ere zu baita, eta orduan batura edo integrazio hori egiten dut:

“Lorea, zuk diozun hori” + “Loreak dioen hori” = “Loreak diozun hori…”.

Orain dela urte gutxi batzuk arte, aurrez aurre ez izatera, edo telefonoz edo gutun bidez komunikatzen ginen normalean. Bi egoera horietan, solasa biren artekoa izan ohi zen: ni eta zu, zu eta ni ari ginen elkarrekin solasean. Batetik, gutunaren komunikazio-eskema, biren artekoa baina diferitua, eta bakarkakoa: igorleak eta hartzaileak aldi eta alde banatan idazten eta irakurtzen dute gutuna. Bestetik, telefono bidezkoa, une berean gara solaskide ni eta zu, zu eta ni, aurrez aurre egon gabe, elkar ikusi edo ukitu gabe.

Estrukturalisten ezaugarri-oposizioen bidez defini daitezke komunikazio-egoera horiek: lagunartean / buruz buru; aurrez aurre / alde banatan; idatziz / ahoz; aldi berean / aldi banatan…

Orain, Interneten aroan, beste komunikazio-egoera batzuk agertu dira, tartekoak, hibridoak, esandako ezaugarri horiek desberdin konbinatzen dituztenak: foroa, chata, Skype… Komunikazio-egoerok aldatu ahala, hizkuntzan ere nabari dira aldaketak, oharkabeko lerratzeak… “Loreak diozun hori” bezalakoak.

Foroan, esate batera, lagunartean bezala ari gara, baina ez gaude aurrez aurre, ez gaude aldi berean, eta idatziz ari gara, ez ahoz. Chat batean ere lagunartean bezala ari gara, eta gainera aldi berean, baina ez aurrez aurre, eta idatziz. Skypen, berriz, lagunartean, aurrez aurre, ahoz eta aldi berean…

Elkar ukitzea falta zaigu, baina horrek ere ez du luze joko. Ez zaigu hainbeste falta Her filmeko egoerara iristeko. Ikusi duzue? Protagonistak birtualki jotzen du larrua, birtualki maitemintzen da… Norekin? Nortaz? Nor da zu, ni, gu…?

Aditz-kohesioa eta modalizazioa euskarazko ikerketa-testuetan: zenbait aholku eta erabilera zalantzagarri

Igone Zabala Unzalu

Ikasturteko azken ekarpen honetan, aurreko bi artikuluetan jorratzen joan garen gogoeta-ildoari bukaera eman nahi diogu. Ikerketa-testuetan aditz-kohesioa bideratzeko ingelesez eta gaztelaniaz erabiltzen diren estrategiez aritu ginen maiatzean, eta antzeko testuinguruetan euskaraz erabil daitezkeen estrategiez, ekainean. Oraingo honetan hizpidea ixteko, erreferentzia egin nahi diegu aditzen pertsonen, aldien eta moduen inguruan gure arreta erakarri duten zenbait aholku eta erabilera zalantzagarriri.

  • Gure eskuetara heldu diren aholkuekin hasita, zalantzan jarri behar dugu inoiz ikusi dugun gomendio sinple eta, gure iritziz, oker bat. Izan ere, ikasleei zuzendutako jarraibideetan inoiz ikusi dugu iragana erabiltzeko aholkua egindako lan esperimentalari (materialak eta metodoak) erreferentzia egiten diotenean. Susmoa dugu aholku horren atzean ez ote dagoen ingelesaren iragan sinplea (we calculated, we used…) euskararen iraganarekin (kalkulatu genuen, erabili genituen..) parekatzea, adizki horiek bi hizkuntzetan oso erabilera desberdina badute ere. Ekaineko artikuluan azaltzen saiatu ginen bezala, orainaldi / iragan jokoa estrategia egokia izan daiteke aurkezten ari garen ikerlana beste lan batzuetatik bereizteko. Nolanahi ere, ingelesez iragan sinplea erabili ohi den testuinguru askotan euskaraz egokiagoa izango da orainaldi burutua erabiltzea.
  • Azaltzen ari garen lanaren fase esperimentalaren berri emateko iragana aukeratzea lanaren egilearen intuizio linguistikotik ere etor daiteke. Izan ere, doktoretza-tesiek eta beste lan esperimental batzuek hainbat urteko lana eskatzen diete ikertzaileei eta, beraz, denbora-tarte handia egon ohi da saiakuntzak diseinatu eta aurrera eramaten direnetik, egindako esperimentuen metodologia, emaitzak eta ondorioak testu batean islatzen diren arte. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da aditzaren aldia aukeratzeko enuntziazio-denbora dela erreferentzia eta ez lana aurrera eramateko erabili den denbora erreala. Hartara, aurrera eramandako lana testu batean azaltzen ari garenean, prozesuan murgildurik gaude oraindik eta logikoena da orainaldi burutua (erabili dugu, kalkulatu dugu, erakutsi dugu…) edo orainaldi burutugabea (erakusten dute, agerian uzten dute, frogatzen da, erakusten dugu, proposatzen da…) erabiltzea. Iragana erabiltzea ez da pentsaezina, aurrera eramandako lana kontakizun modura antolatzen badugu. Nolanahi ere, trebeak izan beharko gara kontakizun modura antolatutako hori beste ikerlan batzuekin erkatu beharko dugunean, testuartekotasunetik datozen planoak garbi gera daitezen.
  • Modalitate epistemikoa ohikoa da ikerketa-testuetan, ikertzaileak bere burua babestu behar baitu etorkizunean, jakintzan aurrera joateko prozesuan, bere lanaren zati batzuk zalantzan jarriko dituzten kritiketatik. Hainbat baliabide ditu euskarak ikertzaileak babes-mekanismo modura erabil ditzakeenak: esperimentu hauen emaitzen ondorioa bide da / dateke / izan daiteke / izan liteke… Ohikoa izaten da, ordea, honelakoetan baldintzazko aditzak erabiltzea (#esperimentu hauen emaitza litzateke…), alegia, modalitate epistemikorako egokiak ez diren adizkiak erabiltzea. Oso ohikoa izaten da baldintzazko adizkien erabilera desegoki hori ahozko aurkezpenetan ere (#zelula eukariotikoak lirateke…/ zelula eukariotikoak dira…).
  • Ekaineko artikuluan deskribatu genituen testuinguru diskurtsiboen modukoetan adizkien forma inpertsonalak hautatzen direnean, ohiko samarra izan ohi da beste hizkuntza batzuen egitura pasiboak kalkatzea, sinpleagoak eta erabilgarriagoak diren euskararen forma inpertsonalak erabili beharrean (ekoizpen primarioa fitoplanktonaren ekoizpen primario modura #neurtua izan da / neurtu izan da / neurtu da).
  • Bukatzeko, gure lanaren berri ematen dugunean, arreta jarri behar dugu modu koherentean hautatzeko egitura inpertsonalen eta pluraleko lehen pertsonako adizkien artean. Aditz-kohesioa eta testuaren ulergarritasuna kolokan jar dezakegu bi horiek modu inkoherentean nahasten baditugu (#Lan honetan …ikertu dugu…neurtu dira…erabaki dugu… ondorioztatu da…).

Alkateorde

Maite Imaz Leunda

Alkate-kargua hutsik bada edo alkatea kanpoan, gaixorik edo ezinduta badago, izendapen-hurrenkeraren arabera haren eginkizunak betetzen dituen zinegotzia da alkateordea. Gainera, alkateari dagozkion eginkizunak har ditzake eskuordetzan hark berariaz emanda. Alkateak askatasunez izendatu eta kentzen ditu alkateordeak tokiko gobernu-batzarreko kideen artetik, eta batzar hori ez badago, zinegotzien artetik.

Hala dago definituta alkateorde Terminologia Batzordeak 2009an onartu zuen Toki administrazioaren hiztegian. Hiztegi horretan jasotzen den gaztelaniazko ordaina teniente de alcalde da.

DRAEn teniente sareraren azpian ageri da teniente de alcalde. (Persona que ejerce el cargo o ministerio de otra, y es sustituta suya. Teniente de alcalde.) eta baita Maria Molinerren hiztegian ere, honetan azpisarrera propioa duela (Teniente alcalde. Concejal que tiene atribuidas ciertas funciones de la alcaldia o ciertos asuntos de un distrito de ella).

Azken aldian, ordea, beste hitz bat da barra-barra entzuten dena: vicealcalde. Google-en galdetuz gero, ikus daiteke erruz erabiltzen dela, nahiz eta oraindik hiztegi orokorretan jaso gabe dagoen eta oraingoz teniente de alcalde erabiliagoa den.

Eusko Jaurlaritza bideratzen ari den Udal Lege aurreproiektuan ere ageri da:

Artículo 27.- Delegaciones del alcalde o de la alcaldesa.

1.-El alcalde o la alcaldesa podrá delegar sus competencias en la junta de gobierno local, en los vice-alcaldes o vice-alcaldesas o en los tenientes de alcalde o alcaldesa y en los concejales o concejalas.

2.-Las delegaciones del alcalde o de la alcaldesa en los municipios de gran población se regirán por lo dispuesto en la legislación general de régimen local.

Horrela ikusita, pentsa daiteke vicealcalde/vicealcaldesa beste figura bat dela, tenientes de alcalde/ alcaldesa kontzeptutik bereizten dena. Hala balitz, komeriak izango genituzke euskarazko ordaina proposatzeko. Baina aurretik doan artikulu hau ikusita, badirudi ez dela beste figura bat.

Artículo 26.- Vice-alcaldías.

1.-Los municipios vascos, en uso de sus potestades de auto-organización, podrán crear en sus estructuras de gobierno la figura de la vice-alcaldía.

2.-En el caso de que se creen vice-alcaldías, tal figura sustituirá a la del teniente de alcalde prevista en la legislación general de régimen local. Sus funciones, procedimiento de designación y remoción, así como sus competencias, serán las mismas que la normativa básica de régimen local establece para los Tenientes de alcalde.

Behingoagatik gaztelaniaz erabiltzen den terminoa da aldatu beharrekotzat jo dena, teniente horrek kutsu militarra duelako, agian. Euskarazkoa egokia da eta espero dezagun inork ez digula eskatuko hitz berriren bat asmatzeko.

Txirrindulan etorri naiz oraintsu

Santi Leoné

Lagun baten arabera, euskaran hitz batzuek izan duten arrakasta printzipio honen arabera baizik ezin daiteke azaldu: “zenbat eta arraroagoa, orduan eta euskaldunagoa”. Badira solasak, teorian existitzen ez direnak edo gaizki eratuak daudenak, baina mamuak bezala nonahi agertzeko gaitasuna dutenak: txirrindula da horietarik. Nire ikasle gehien-gehienak txirrindulan etortzen dira eskolara, edo txirrindulan ibiltzen dira mendian barna, edo txirrindula erabili nahiago dute autobusa hartu baino. Txirrindula ez dator hiztegietan; Orotarikoan agerpen bakarra du, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua liburukoa (“Txirrindulan etorri naiz oraintsu: aisa egiten da orrela lau kilometrotako bidea”), eta xori batek erran zidan ez ote zen huts bat izan; baina D ereduko ikastetxeak txirrindulaz beteak daude.

Solas horren kontrako borroka nire klaseetara eramaten dudalarik, normalean haren aldeko hiru arrazoi ematen dizkidate ikasleek: hitz polita dela (eta horrek parada ematen dit “zenbat buru, hainbat aburu” esamoldea irakasteko); txirrindularia-tik heldu dela (eta, horri esker, historialariek historiala ikertzen dutela ondorioztatzen dugu); eta, azkenik, hasmentan aipatu printzipioari men eginez, bizikleta espainola dela, baina txirrindula euskalduna. Hirugarren argudioa, halere, franko badaezpadakoa da, zeren txirrindula hartzen ez dutelarik, gehienek kotxea erabiltzen baitute, eta ia-ia inork ez autoa.

Nolanahi ere, hitza noraino hedatu den ikusita, nik bi aterabide ikusten ditut: a) Euskaltzaindiak txirrindula hitza onartzea eta Hiztegi Batuan sartzea; edo b) erakunde batek –akaso Euskaltzaindiak berak– lelo hau eramanen lukeen elastiko bat salgai jartzea: “Txirrindularik? Ez, eskerrik asko. Bizikleta”. Ni, bistan da, bigarren aukeraren aldekoa naiz.

Erialdea eta Porru Legea

Mikel Taberna Irazoki

Endarlatsa aldetik joanda, orain dela urte mordoxka bat bazen Irungo sarreran zirkulazioko seinale bat “Irun Erialdea” jartzen zuena, Behobia baino lehentxeago[1]. Errotulu hark ez zigun erakusten nontsu zeuden erietxeak, nahiz eta hala pentsatu zenbaitek. Puntu kardinal bat aipatu nahi zigun: sortaldea. Letra truke bat gertatu zen, nonbait, eta inor ez zen ohartu bide bazterrean paratu zuten arte. Hala egonik ere, ez dakit zenbat izan ote ginen huts hari erreparatu genionak. Inork egin ote zuen kexa ofizialik? Luzaro iraun zuen hantxe, ni nerau lekuko. Salaketa moduko idazki bat atera zen orduko prentsan. Ohartarazi ondotik, haren ardura zutenek deus egin ote zuten?[2]

Euskaraz testua sortzen duenak (itzultzailea izan edo ez) bere proposamena beldurka uzten du frankotan erabiltzailearen eskutan. Zenbat aldiz ez ote dituzte mezuak desitxuratu batean eta bertzean, bulegoan, inprimategian edo tailerrean. Bezeroari gure sorkaria eman ondotik, komeni izaten da, ahal izanez gero, hark prestatzen duen euskarriari azkeneko begirada ematea.

Irungo errotuluaren kasuan bezalaxe, gure itzultzaile lanean gertatu izan zaigu testuaren hartzaileari ohartarazi behar izatea letra bat edo dena delakoa gaizki paratu dutela eta zuzendu beharko dutela errotulua, inprimakia, kartela. Jeneralean, kasu egiten du jendeak, entenditu eta onartzen du. Baina ez da beti hala izaten. Erantzun izan digute ea merezi ote duen egina dagoena desegitea, gastua handitzea, etab., huskeria batengatik. Ez digute erraten, baina segur aski pentsatu bai: “gainera, euskaraz; nori inporta zaio euskaraz zer-nola dagoen idatzirik?”.

Behin, hauteskunde batzuetako gutun-azalean euskarazko hitz bati trakeskeriaren bat egin zioten. Nahiz eta ordukoz inprimatuak zituzten ez dakit zenbat ale, hura nola edo hala zuzendu behar zen. Gure lankide lesakarrak telefonoa hartu eta argi azaldu zion amore eman nahi ez zuen erdaldun kaskagogorrari zergatik ezin zen onartu akatsa: “Gaztelaniaz ‘ELECCIONES’ behar zuen tokian L-aren partez R idatzi izatera, harekin zer? Hura ere bere hala utzi?”. Agudo isildu zen orduko bertze adiskide hura, eta euskaraz oker egina segituan konpondu zuen.

Dena dela, nik erran beharrik ez da, zeuek ere aski ongi dakizue eta, ikaragarria da zenbat horrelako dagoen toki guzietan. Orain, azkeneko moda, itzultzaile automatikoaren bidez euskaraturiko (edo) testuak erakusten dizkigu edozeinek lasai ederrean. Batzuek ez dute asmo gaiztorik izanen, usteko dute eskaini dieten tresna horrek bere lana bikain eginen duela, baina a ze astakeriak web orrietan, paperezko prentsan… Barkaezinak.

Nolanahi ere, bistara agertzen zaizkigun xelebrekeria guziak ez dira ezjakintasunaren edo zabarkeriaren ondorio izaten. Lantokietan, batzuetan, ezin beti serio-serio aritu, nahita desitxuratzen ditugu hitzak edo iruzkin aldrebesak txertatzen ditugu, geure buruarekin edo gure lankideekin txantxetan. Normalean horrelako gauzak ez dira norberaren bulegotik irteten, baina tarteka ustekabeak ere gertatzen dira eta kanpora ateratzen (argitalpen baten paperera edo Internetera); lagun arteko broma zena problema larri bihur daiteke.

Horrela gertatu zaio berriki Noticias de Gipuzkoako kazetari bati; txorakeria iraingarri bat idatzi zuen politikari baten argazkiaren azpian, baina gero hura ezabatzea ahantzi, eta nahi izan zuen orok ikusi zuen. Ez dakigu ondotik zer gertatu zen, baina gaiari buruz dezente idatzi da, eta segur aski kulpanteak aditu izanen du nahi ez zuen zerbait.

Gure lantokian ere izan dugu gisa bertsuko konturik. Zuetako aunitzek jakinen duzue gure erkidegoko aldizkari ofizialerako testuak euskaratzen ditugula, bertzeak bertze. Oroitzen naiz aldi batean lankide batek, irri egiteko ideiarekin, desitxuratu egin zuela iragarki baten izenburua bere itzulpena zuzentzaileari eman baino lehen; zuzentzaileari adarra jo nahi zion, baina gero testua zuzenduko zuen, argitaratu baino lehen. Ez dizuet erranen zer idatzi zuen, baina, hobeki entenditzeko, eman dezagun “PORRU LEGEA” idatzi zuela (ez zen hori) “FORU LEGEA” idatzi beharrean. Deskuidatu ginen eta halaxe argitaratu zen, baina paperean bakarrik; oraindik ez zen aldizkaria sarean argitaratzen. Aspaldiko kontua da, baina ez dut gogoan hark zigorrik edo gisa horretakorik inori ekarririk. Inorentzat kastigurik ez izatea ongi da, baina, bertzalde, pentsatzen hasita, etxe guzietara sartzen den hemengo prentsaren eta, oro har, iritzi publikoaren gurekiko soraiotasun horrek ere ez dit orain grazia handirik egiten. Hurrengoan zerbait fuertexeago paratu beharko dugu, ea kasu gehiago egiten diguten.

[1] Hara, aitzinekoan zirkulazio seinale bateko gure “oker egite” bat aipatu nuen, eta orain bertzeona salatzen ari naiz; kasualitatea da, ez dut arlo honetan espezializatzeko asmorik.

[2] Irungo “Erialdea” oraindik ere esistitzen da (eta Irundik aparte bertzeren bat ere bai), Interneten bederen, baina ez da letra truke batengatik letra falta batengatik baizik (“Erialdea/Centro”); ikus, 2010eko agiri honetan: http://movilidad.irun.org/docs/resum en_ejecutivo.pdf

 

 

 

Beste bi esapide, pasaeran adituak, erabiltzen ahaztu zaizkidanak

Oskar Arana Ibabe

Gertatzen da, lehenago ere esan izan dut, herriko edo ezagun euskaldun zahar gurearen aurreko belaunaldikoen ondoan egon eta norberak dagoeneko ahaztuak dituen edo erabiltzen ez dituen esapideak entzutea. Ez dute zertan gure gurasoen belaunaldiko euskaldun zahar horiek euskaraz oso ondo egin, ez dute zertan ereduzko izan mintzamenean. Euskaraz, askoz iaioagoak eta trebeagoak ziren belaunaldi horren aurrekoak, gure aittitte-amamak, haietako asko elebakarrak edo ia elebakarrak ziren eta. Beste belaunaldi honetakoak, nire ingurukoak bederen, errazegi ematen dute amore, errazago jotzen dute erdarara, are euskaldun artean egonik ere, are tartean erdaldunik izan gabe ere; hobeto moldatzen dira, edozein gaitaz ari direla, erdaraz. Baina haien gurasoak, ez, haien gurasoak hobeto moldatzen ziren euskaraz, eta, horregatik, euskara oso narrasturik eta mordoiloturik duten arren gaur egun, noizean behin, adierazmolde oso baliagarriak, bitxiak edo are ederrak ere baliatzen dituzte. Eta poza hartzen du belarriak, eta bihotzak ere bai.

“Urliak erein du patata honezkero” …nik iruzkina,….”hainbeste ere igual” erantzuna, etxekoak. “Litekeena da” edo “oso litekeena da”, “baliteke” aditu behar da testuinguru horretan esapide hori, edo “harrigarria bada ere, baliteke” ere bai, ñabardura erantsiz. Beste baliabide bat, gure zakuan sartzeko; eta, estandarrean ere, zergatik ez, lekua izan dezakeena,… ez diot nik eragozpenik ikusten. Ez dakit zenbateraino dagoen hedatuta beste euskalkietan, baina, hedatuta egon gabe ere, iruditzen zait erraz norberaganatzeko modukoa dela. Beharrezkoa ote baliabideak ugaritzea? Galde dezake baten batek. Baliabideak ugaritzeko ahalegina ez, ahazturik galtzeko zorian diren esapideak bizirik atxikitzekoa baizik, esango nuke, eder irizten diedalako, gure aurrekoen hizkuntza-senaren emaitza direlako, beste ezergatik ez.

Bestea hitz bat da, aski arrunta hiztegietan, ez ordea nire inguruko euskaldunen ahoan. “Aurrekoan, auzoan, TAO jarri dutenez geroztik badira hainbat bider, beste isun bat jarri zioten semeari”,…auzokoak. “Etxekoak eta auzokoak izanda aparkatzeagatik pagatu beharra, … beste pagakizunik ere badute horrelako huskeriengatik isunak pagatzen ibiltzeko”, haserre. Egingo nuke ez dudala sekula erabili hitz hori, hain gurea, hain arrunta, hain logikoa eta hain senezkoa izan arren.

Iturri onetik edan zuten euskaldun zaharren baliabide eta esapideak, lehengoekiko eta beren adineko hiztun onekiko jardunean ia oharkabean erabiltzen dituztenak, baina euskara guztiz narrastu eta mordoilotu zaienak, arrazoi soziolinguistiko guztiontzako ezagunengatik; lantzeko eta ikasteko aukerarik ere ez zuten izan, hori ere gauza jakina da. Gurea beste problematika bat da, bistan da. Hizkuntzarekiko jarrera, gure belaunaldian, oro har, beste ondasun askorekikoa bezalakoa izan da, onerako zein txarrerako. Eta, beharbada, geure esku ere ez dago erabat hizkuntzaren bilakaera (barkatu birao dirudien hori, ez du zerikusirik egunokaz hain boladan ibili den beste “gure esku dago” horrekin).

Hurrengo belaunaldiko kide batekin, etxean bertan, komunera abiatu naizelarik, atea itxita aurkitu eta barrutik erantzun dit: “nago egiten kaka”…

Ez dago, ez, erabat geure esku gure hizkuntzaren bilakaera…Tamalez eta zoritxarrez, esan nahi dut.

“Zagoz filosofik”,…erantzun dit hurrengo belaunaldiko horren eta nirearen tartean dagoen neska pertxenta batek gogoeta hauen berri eman diodanean.

Eta literaturara jo dut, etsita, aurkitu nahiko nukeen bezalako jarrera izango dutelakoan hizkuntzarenganako, kontsolamendu bila, …fidakaitz, ordea.

Elur-jausia

Juan Luis Zabala

(Leonard Cohenen beste kantu baten hitzak).

Elur-jausia

Elur-jausi batean sartu nintzen;
Arima estali zidan.
Ikusten duzun konkordun hau ez naizenean,
Urrezko muinoaren azpian egiten dut lo.
Zuk, mina gainditu nahi duzun horrek,
Ikasi egin behar duzu, ni ondo zerbitzatzen ikasi.

Nire saihetsa jotzen duzu nahi gabe
Zure urrearen atzetik zoazela.
Zuk hemen jantzi eta elikatu zenuen elbarria

Ez da jada ez goseak eta ez hotzak hiltzen;
Ez du zu alboan izatea eskatzen,
Ez erdigunean, munduaren erdigunean.

Idulki baten gainean nagoenean,
Ez nago han zuk hara igoa.
Zure legeek ez naute behartzen
irrigarri eta biluzi belaunikatzera.
Ni neu naiz begirada iltzatzen diozun
Konkor zatar honen idulkia.

Zuk, mina gainditu nahi duzun horrek,
Atsegin zerk bihurtzen nauen ikasi behar duzu;
Eskaintzen dizkidazun amodio apurrak
Nik atzean utzitako apurrak dira.
Zure mina ez da inongo egiaztagiria hemen,
Itzala baino ez da, nire zauriaren itzala.

Zu irrikatzen hasi naiz,
Ni, irrikarik ez duen hau.
Zutaz galdezka hasi naiz,
Ni, ezer behar ez duen hau.
Nigandik urrundu zarela diozu,
Baina sentitu egiten zaitut arnasa hartzean.

Ez itzazu jantzi zarpail horiek niregatik,
Badakit ez zarela behartsua;
Eta ez nazazu halako indar handiz maita
Bai baitakizu ez zaudela ziur,
Zure txanda da, maitea,
Zure haragia dut soinean.

Avalanche

I stepped into an avalanche,
It covered up my soul;
When I am not this hunchback that you see,
I sleep beneath the golden hill.
You who wish to conquer pain,
You must learn, learn to serve me well.

You strike my side by accident
As you go down for your gold.
The cripple here that you clothe and feed
Is neither starved nor cold;
He does not ask for your company,
Not at the centre, the centre of the world.

When I am on a pedestal,
You did not raise me there.
Your laws do not compel me
To kneel grotesque and bare.
I myself am the pedestal
For this ugly hump at which you stare.

You who wish to conquer pain,
You must learn what makes me kind;
The crumbs of love that you offer me,
They’re the crumbs I’ve left behind.
Your pain is no credential here,
It’s just the shadow, shadow of my wound.

I have begun to long for you,
I who have no greed;
I have begun to ask for you,
I who have no need.
You say you’ve gone away from me,
But I can feel you when you breathe.

Do not dress in those rags for me,
I know you are not poor;
And don’t love me quite so fiercely now
When you know that you are not sure,
It is your turn, beloved,
It is your flesh that I wear.

Ttipitzaileak, ttipikeriak eta txikikeriak

Eneko Bidegain

Batzuentzat txikikeriak izan daitezke gaurko solasak; nire ustez, garrantzitsuak dira. Ñabardurek anitz alda dezakete, eta komunikazio arazoak sor daitezke ttipitzaileak ez direnean berdin ulertzen edo idatzizko estiloan ez badira onartzen.

Gertatu zait norbaitek gaizki ulertzea “ttipikeria” hitza, beste batek egindakoa “ttipikeria” zela erran nuenean. Hain zuzen, pentsatu zuen “txikikeria” erran nahi nuela, eta noski, ez zitzaion txikikeria iruditzen. Harluxet hiztegiaren arabera, txikikeria da Huskeria, garrantzi txikiko gauza.”

Hiztegi gehienek ez dakarte, ordea, “ttipikeria” hitza. Ttipikeria da, Orotariko Euskal Hiztegia-k ongi dakarren bezala:

1. Mezquindad, ruindad. “Holako bihotz zikhoitzetarik ezta iguriki behar ttipikeriarik baizen” H. “Acción baja, vil” A. Ezin nitzazke erran beren xehetasunetan geroztik urthearen azken egunetaradino misionestek jasan behar ukhan zituzten ttipikeriak. Prop 1889, 72. Ttipikeria itsusienen, urdekeria ederrenen egiterat haizu. J. Hiriart-Urruty GH 1951, 91. Azken hok ez dira agertu. […] Egin duten ttipikeria ezin onhetsia da! Herr 18-8-1960, 2

Nolaerran.org hiztegian “ttipikeria” proposatzen du “mesquinerie” hitzaren itzulpen gisa.

Azpimarratu behar da, ordea, Orotariko hiztegiarentzat “txikikeria” antzeko zerbait dela:

Mezquindad, vileza. “Petitesse […] de caractère, etc.” y “petitesse d’action” H. “Abyección” A Apend. Gizon handi batek ez onestea eta bertzeak onestetik gibelatzea, berak zuzena daukan galde bat, ez othe da hori ttikikeria? Eskual 11-7-1913, 1. Maitale garbi dan biyotzean / Txikikeririk ez dago. Elzo-Azpiazu EEs 1916, 323. Ez ahal zekien egiazki nolakoa zen, ez ahal zuen haren gogo —eta bihotz— xikikeriaren berri, bere bizi guztian egin, egiten eta eginen zituen xikikerien berri? Mde HaurB 78. Gizonen arteko txikikeriakaitik agertu ez bazan be, Sibelius soñu-idazlea il zanean “El Bidasoa” astekarirako idatzi neban lantxo bat, euskaraz. Alzola Atalak 94. En DFrec hay 4 ejs. de txikikeria.

Kontua da, gaur egun, “txikikeria” erratean, Harluxet-ek dioena ulertzen dela. Eta “ttipikeria” gauza bera dela pentsatuz gero, erabateko gaizki ulertua sor daitekeela. Joaera horrek erranahi oso zehatza duen hitz bat desagertzea eragin lezake.

Ñabardurekin jarraituz, ohiko hitza z hizkiarekin idatzi ordez x hizkia erabiliz egiten denaz hitz egin nahi nuke. Adibide garbia: zakur eta xakur. Hiztegi batuak dio “xakur” Lapurdin erabiltzen dela, eta “zakur” Lapurdin eta Nafarroan, “txakur” adierazteko. “Txakur”, ordea, ez du zehazten mendebaldean erabiltzen dela “zakur” edo “xakur” adierazteko. Orotariko Hiztegiak dakarren bezala, “xakur” erabiltzen da oro har “txakur txikia” adierazteko, edo orokorki “txakur” adierazteko. Guk halaxe erabiltzen dugu. Haatik, ez bada arrazoi afektiboengatik bederen, nekez deituko dugu “xakur” doberman bat. Hori “zakurra” da. “Zakur”-en ttipitzailea “xakur” baldin bada, “xakur”-ek ere badauka bere ttipitzailea: “ttattur”, txakurra haur hizkeran aipatzeko erabiltzen duguna.

Hiztegiek ez dakarte “gaxte” hitza. Alta, Euskal Herriko hainbat lekutan, “gazte” eta “gaxte” ez da gauza bera. Lagun batekin izan nuen elkarrizketa bat datorkit burura:

— Gaztea da? Zenbat urte ditu?
— 12 urte.
— A! Gaxtea da!

Gauza bera “neska” eta “nexka” desberdintzeko.

Adibide gehiago baldin badago ere, azken batekin bukatuko dut: “zahar” eta “xahar”.

Hiztegian ez dut “xahar” aurkitu. Baina desberdintasuna egiten dugu. Guretzat, xaharra da pertsona biziki zahar bat, eta hitz horrek amultsutasuna ere adierazten du. Ez da gauza bera “zahartzea” eta “xahartzea”. 70 edo 80 urtetan “zahartu” da, 90 urtetik gora “xahartu”. Bitxi da, kasu horretan, ttipitzailea handitzaile izatea, baina “xaharra” era afektiboan erabiltzeak eragiten du hori.