Emozioen zurrunbiloa interpretazioan

Maitane Uriarte Atxikallende

Interpretazio-eskoletan, behin baino gehiagotan galdetu izan didate interprete profesionalek hizlariaren emozioak ere transmititu behar dituzten edo erabateko neutraltasun emozionalari eutsi behar dioten. Ni beti izan naiz hizlariarekin erabat bat egin eta hitzetatik haratago doana ere transmititzearen aldekoa, baina interprete guztiak ez gara berdinak –izaera kontua ere hortxe dago–, eta, azkenean, norberaren hautua izan ohi da.

Batzuetan, hizlariaren emozioak begien bistakoak izaten dira entzuleentzat, negarrez hasten bada, adibidez. Horrelakoetan, interpreteok ez gara antzerkia egiten eta negarrez hasiko, noski. Hala ere, hizlariak zirrara, poza, haserrea eta, oro har, gehienbat ahotsean antzematen diren emozioak transmititzen dituenean, ahal den heinean interpreteek ere horiek transmititzen saiatzearen aldekoa izaten naiz ni, hau da, interpreteek ahotsaren modulazioaren jolastearen aldekoa, hizlariaren sentsazio eta sentimendu horiek nolabait transmititu ahal izateko. Izan ere, emozioek agerian utz ditzakete hizlariaren iritzia, pentsamoldea, helburuak… eta hori ere mezuaren parte da, azken finean. Dena den, berriro diot horrelakoak interpretearen beraren hautua izan behar direla, denak ez garelako iritzi –eta izaera– berekoak eta batzuei besteei baino gehiago kosta liezaiekeelako hizlariaren emozioak mimetizatzea.

Emozio eta sentimenduez ari garela, hemen badago zer esan. Hizlariaren emozioak azaleratzen direnean –begien bistakoak izan ohi direnak zein ahotsaren bidez antzematen direnak– interpreteok nola jardun aukeratu dezakegula aipatu dut arestian, baina zer gertatzen da interpreteak berak gaiaren edo bestelako arrazoien ondorioz senti dezakeenarekin? Kasu horretan, norberaren hautua baino gehiago, profesionaltasuna dago tartean, interpreteok gure emozio pertsonalei eutsi behar diegulako beti, baina gizakiak gara eta noizbait gerta daiteke guretzat gehiegi izatea.

2022ko otsailean, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenean, Alemanian bizi den interprete ukrainar batek Volodimir Zelenskiren hitzaldia interpretatu behar izan zuen hedabide aleman batean, zuzenean. Interpretea urte askoko ibilbide profesionala egindakoa zen, baina Ukrainako gerrak zuzenean eragiten zion eta momentu batean ezin izan zion negarrari eutsi. Segundo gutxi batzuez barrena urratu zitzaion eta isildu egin behar izan zen, baina barkamena eskatu zuen segituan eta interpretatzen jarraitu zuen, hitzaldia bukatu arte. Hurrengo egunetan, albisteetan agertu zenean, babesa erakutsi zioten gehienek; beste batzuek, ordea, gogor kritikatu zuten, profesionaltasun falta egotzita. Nik neuk beti esan izan dut gure emozioak kabinatik kanpo uzten saiatu behar garela, baina bizitzan zehar muturreko egoerak ere suerta daitezke, interprete honi gertatu zitzaion bezalaxe. Negarra atera bazitzaion ere, barkamena eskatu eta aurrera jarraitu zuen, eta niretzat hortxe dago profesionaltasuna. Beharbada, kritikatu zutenek ahulezia eta profesionaltasun falta ikusi zuten tokian guztiz kontrakoa ikusi beharko genuke, hau da, profesionaltasun osoz barkamena eskatu eta segituan hitzaldia interpretatzen jarraitu izana, bukatu arte. Profesionaltasuna eta meritua, bere tokian jarriko bagina guretzat ere oso zaila izango litzatekeelako egoera horretan jardutea.

Luze hitz egin genezake interpretazioaren eta emozioen inguruan, batez ere azken adibide horren eta antzeko kasuen inguruan, baina, norberak bere gogoeta egin bitartean, gogora dezagun banbalina artean ibiltzen diren interprete bikainenak ere gizakiak direla eta noizbait egoera baten laztasuna eta konexio pertsonala direla-eta une batez emozioak erakustea ez dela, inolaz ere, ahuleziaren edo profesionaltasun faltaren seinale, interpreteek aurrera jarraitzeko duten erresilientziaren seinale baizik.

Geruza gehiago

Joannes Jauregi Benavides

Aurreko astean, Idoia Santamariak ale eder-eder bat utzi zigun blog honetan, hizkuntzen (eta batik bat alemanaren) ikaskuntza abiapuntu hartuta, eta ni behintzat eskerrak birritan eman beharrean nagokio: baga, testuak bere hartan ematen duen gozatuagatik, eta, biga, nire hurrengo honetarako ideia ere eman didalako hizkuntzen ikaskuntzaren gaiak.

Izan ere, hizkuntzen eta itzulpenaren jira-bueltan gabiltzanok sarri askotan jakintzat jotzen dugu hizkuntzen ikas-irakaskuntza bera, eta akaso ez diogu merezi lukeen gogoetaldirik eskaintzen. Santamariak hizkuntzekiko harreman kasik intimoa hartu zuen hizpide (“Beti iruditu zait hizkuntza bakoitzak pertsona bat izateko aukera ematen duela”), eta hari-mutur horixe zirtzildu nahiko nuke zertxobait: hizkuntza bakoitzak pertsona bat izateko aukera ematen duela, alegia, baina baita hizkuntza horietan garatzen dugun gaitasun linguistiko bakoitzak ere. Ez baita gauza bera hizkuntza bat eguneroko komunikazio xeherako ikastea, edo bidaiatzeko, edo irakurtzeko, edo den-denerako. Testuinguruak, norberaren interes-helburuek eta gaitasun berezkoek, guztiek taxutzen dute hizkuntza baten ikaskuntza eta harekiko harremana. Eta horiek, esango nuke, gutxitan datoz bat hizkuntzatik hizkuntzara. Nik neuk, behintzat, oso desberdin banatuak ditut gaitasunak ezagutzen ditudan hizkuntzetan: batak jario txukunez solastatzeko modua ematen dit akaso, baina nekez idatz ditzaket bi esaldi akasgabe bata bestearen segidan; besteak, berriz, ondo samar irakur dezakedan arren, ez dit ahoskatzeko ere modurik ematen.

Eta, hala ere, hizkuntzak ikasteaz edo jakiteaz mintzo garenean ez ote dugu oso absolutuki mintzatzeko joera? Hizkuntza bat badakigula ala ez dakigula esaten dugu, baina zer esan nahi du horrek? Noiz esan dezake ikasleak hizkuntza bat ikasi duela? Hizkuntza-eskolako azterketako lau atal tradiziozkoak (ulermena idatziz, ulermena ahoz; ekoizpena idatziz, ekoizpena ahoz) gainditzen dituenean? Uste dut sinplifikatzeko joera hori ederki adierazten duela hizkuntzak menderatu egiten direla esateko ohiturak ―‘Espezie inbaditzaile’ gisa sailkatuko ote lukete Irene Arraratsek eta Maialen Berasategik menderatu hori Ezer ez eta festa podcastean?―. Nik neuk ez dut uste ezagutzen ditudan hizkuntzetatik bakar bat ere menderatzen dudanik; izatekotan, haiek menderatzen naute ni, eta zeinek bere modura, gainera. 

Berdinak ote dira administrazioan lan egiteko B2a atera berri duenaren euskara, gure amonaren gaztelania traketsa, filologo klasikoaren latina eta Erasmuseko ikaslearen ingelesa? Hizkuntza horiek guztiak berariaz ikasiak izan arren, zeinek bere manerara landu ditu gaitasun batzuk eta alboratu besteak, norberaren abilezien, zaletasunen, joeren eta testuinguruaren arabera.

Azkenaldian nahiko tematua nauka hizkuntza-gaitasunei bereizita erreparatzearen kontuak, zeren iruditzen baitzait horren kontzientzia hartzeak asko irakatsi didala hizkuntza-ikasle gisa. Eta esango nuke gaitasunak ―geruzak― bereizteko ohitura hori zabalduxeago balego askoz hobeto ikas-irakatsiko liratekeela hizkuntzak gizartearen luze-zabalean, zenbait kasutan bederen: ez ote da posible euskara ulertzen ikastea? Urtean behin Frantziara oporretan joan nahi duenari zer axola zaio frantsesaren ortografia? Eta ahoskera, Yourcenar eta Ernaux jatorrizko bertsioan leitu besterik nahi ez duenari? Geruza guztiak zuritu behar al zaizkio tipulari mozten hasi aurretik?

Nekatutak

Aitor Blanco Leoz

Iaz, Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa gaztelaniara itzultzeko aukera (eta pribilegioa) izan nuen. Iruñeko Antzerki Eskolan komiko tolosarraren birako azken-aurreko emanaldiaz gozatu eta egun gutxira jaso nuen enkargua, Donostiako azkena grabatu ondoren, eta zalantzarik egin gabe eta gogo handiz onartu nuen “Euskal Herrian sekula grabatu den stand up ikuskizunik onena” gaztelaniaz azpititulatzeko erronka.

Monologoa zuzenean ikusi nuenean, hura itzulgai izango nuela jakin gabe oraindik, txunditua atera nintzen antzokitik. Zoragarria iruditu zitzaidan Anttonek hizkuntzaz baliatuta umorea egiteko eta euskararekin jolasean ikusleak barrez leherrarazteko duen gaitasuna. Une hartan, jakina, ez nekien nolako desafioa izango zen txiste eta hitz-joko horiek gaztelaniara ekartzea, baina berehala konturatu nintzen horretaz bakarrizketaren transkripzioa jaso eta lanari heldu nionean.

Bereziki maite dudan mundua da hitz-jokoena. Betidanik gustatu zait hitzen esanahi bikoitzarekin, antzeko hitzen adiera desberdinekin eta hizkuntzak eskaintzen dituen bestelako trikimailuekin jostatzea, eta, itzulpengintzan, horrelako elementuei aurre egitea ariketa izugarri polita iruditzen zait (horri buruzko gogoetatxo bat plazaratu nuen 2022ko Senez aldizkarian, Sherlock Holmesen memoriak liburua euskaratzean aurkitutako zailtasunen harira).

Askotan zaila izaten da hitz-joko horien ordain egokia aurkitzea. Are gehiago, zenbait kasutan, amore ematea eta itzulpena ezinezkotzat jotzea beste erremediorik ez dago (kontu labaina izaten da zer egin horrelako kasuetan, baina tira). Nolanahi ere, merezi du ahalegina egitea, xede-hizkuntzan ongi funtzionatzen duen forma baliokide bat aurkitzea oso sentsazio pozgarria izaten baita, eta itzulpenaren kontsumitzaileak biziki eskertzen baitu.

Horren erakusgarri, hona hemen Nekatutaken itzulpenean erronka handia izan diren baina nire ustez gaztelaniaz ongi funtzionatzen duten zenbait hitz-joko (norbaitek monologoa YouTube-n edo Filmin-en ikusteko asmoa badu, barka spoilerrak):

  • Gizonezkoon kasuan oso antzekoak dira masturbazioa eta literatura. Ze bi kasuetan emozioak paperean isurtzen dira.
    En el caso de los hombres, se asemejan mucho la masturbación y la literatura, ya que, en ambos casos, el papel se empapa de emociones.
  • Baina gustatzen zait irudi hori: Mirri sudur-gorria eta… Da pixka bat… da Mirriren bertsio rockeroa, badakizu? Izena du… Marra izena du. “Zuekin, Txirri, Marra eta Txiribiton!”. “Non dago Marra?”. “Komunean…”.
    Pero me gusta esa imagen: Mirri, con su nariz roja y… Es un poco la versión rockera de Mirri, ¿sabes? Se llama… se llama Tripi. “Con ustedes, ¡Txirri, Tripi y Txiribiton!”. “Pero, ¿dónde está Tripi?”. “En el baño…”.
  • [Ertzaintzaren Musika Bandaz] Jende honek, zer? Zer egiten du, ezta? Baten batek esango du “beste guztiek bezala: jo”.
    Esta gente… ¿qué? ¿Qué hace? Alguien dirá: “Lo mismo que todos los demás: poner a bailar”.

Jakina da itzulpengintza ez dela zientzia, eta argi dago modu bat baino gehiago dagoela pasarte horiek gaztelaniaz emateko, baina nik uste adibide onak direla ikusteko zer-nolako zailtasunak izaten diren estilo honetako testuak itzultzean. Dena dela, itzulpena bera jolas bihurtzen da halakoetan, eta aitortu behar dut oraingo honekin oso-oso ongi pasatu dudala.

Latxa

Maite Imaz Leunda

Egunean Behin jokoan aritzeko ohitura dugunok atseginez ekin genion 15. denboraldiari, joan den astelehenean, denboraldi bat bukatu eta bestea hasi bitartean pasatzen diren asteetan zerbait falta zaigula iruditzen baitzaigu egunero minutu pare batez tribial estiloko galdera-erantzunen partida jokatzeko aukera errutina bihurtua dugunez geroztik.

Jokoa Codesyntax enpresak sortu zuen, 2019an: 10 galdera erantzun behar dira, egunean behin bakarrik, eguneko partida bakarra jokatzeko aukera ematen baitu, ahalik eta azkarren, puntuazio ona lortzeko ondo erantzuteaz gain bizkor erantzun behar baita.

Denboraldi honek, gainera, jokalari berri bat ekarri digu, beste inor ez bezalakoa: Latxa du izena eta lortzen duen emaitza ikusgai dago sailkapen orokorrean, norberaren emaitzaren ondoan. Euskarazko adimen artifizialeko garapen berria aplikazioaren mekanikarekin lotu dute CodeSyntax-eko garatzaileek eta Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroko (HITZ) Latxaren arduradunek.

Jokalari berri bat eta erronka berri bat. Lehenengo aste honetan Latxak baino emaitza hobea lortu dut, Latxak inork baino azkarrago erantzun arren, nik baino erantzun oker gehiago ematen baititu, oraingoz.

Deigarriena egin zitzaidana izan zen Latxak zeinen azkar egiten dituen partidak; zeinen azkar prozesatzen dituen sartuta dauzkan datu guztiak: 4-5 segundoan. Ezinezkoa da pertsona batek 10 galdera hain denbora laburrean erantzutea. Nire partidarik azkarrena 44 segundokoa izan da eta jokalari trebeek 27 segundo behintzat behar izaten dituzte. Beraz, oraingoz Latxari aurrea hartzen ari naiz baina hori Latxak ikasi ahala eta erantzun zuzen kopuru handiagoa lortu ahala bukatuko da.

Latxa LLM edo hizkuntza eredu handi bat da, adimen artifizialeko ekimenek oinarrian duten datu-base erraldoia, alegia. OpenAI-ren ChatGPT bertsioen oinarriak dira LLMak adibidez. LLM ereduek datu asko eta asko behar dituzte ondo funtzionatzeko. Adimen artifizialak ondo egin dezan ondo elikatu behar da.

Kezkak eta beldurrak eragiten ditu pentsatzeak makinei laguntzeko lan gehigarria hartu ondoren makinek guk baino hobeto egingo dutela lana eta agian gure lana desagerraraziko dutela. Baina adimen artifizialaren aldeko apustua egin ezean, zer gerta daiteke?

Joan den urtarrilaren 18an eta 19an izan zen Languages Lanean kongresuan, Bilbon, Jóhanna Vigdís Guðmundsdóttir islandiarrak globalizazioa nabarmendu zuen hizkuntzak desagerrarazteko arriskuen artean. Islandia biztanle gutxiko herrialdea denez, islandierak hiztun gutxi ditu, baina islandiarrak moldatu izan dira hizkuntza babesteko, islandiera hizkuntza nagusi bihurtuta arlo publikoan, hezkuntzan, komunikabideetan…, islandiarren hizkuntza eta kultura laudatuz, hizkuntzaren garrantziaz kanpainak eginez eta abar.

Baina globalizazioaren aurrean, hizkuntza-teknologiak eta adimen artifiziala sustatzeari ekin diote islandiera babesteko. Diru asko inbertitu dute islandierak adimen artifizialean presentzia izan dezan, hizkuntza babesteko finantzaketa ezinbestekoa dela sinetsita: corpusak, hizkuntza-teknologiak informatikariak, hizkuntzalariak. Eta, jakina, gizartearen babesa ere behar da.

OPEN AI adimen artifizialean aritu dira datuak sartzen eta entrenatzen, bai hizkuntzari dagokionez eta baita kulturari dagokionez ere, eta 2023ko martxoan ChatGPT 4 kaleratu zenean, islandieraz ere egiten zuen. Beren esperientzia baliabide gutxiko beste hizkuntza batzuetarako baliagarria izango dela espero dute.

Adimen artifizialaren gai honek emango digu hizpidea aurrerantzean.

Geruzak

Idoia Santamaría Urkaregi

Geruzak. Hizkuntzek ematen dituztenak. Hizkuntzak. Aktore-lana.

Gaur ez zait axola itzulpenen zuzentasuna, ezta egokitasuna ere; ez corpusak, ez hiztegiak, ez itzulpen automatikoa. Itzulpen ororen aurreko fasea nahi dut gaur hizpide. Sufrimenduaren aurrekoa (“sufrimendu goxoa” beharbada?), gozatzeko eta deskubritzeko fasea —eta, ahal izanez gero, “etxe”tik kanpo bizitzekoa—: hizkuntzak ikastea.

Beti iruditu zait hizkuntza bakoitzak pertsona bat izateko aukera ematen duela, beste hizkuntza batean zaren horretatik desberdina. Ez dakit. Ez zarete aspertzen zuen buruarekin? Ni dozena-erdi bat aldiz egunean.

Alemana, esaterako. Hasteko, alemana Berlin da niretzat. Eta Berlin oso handia da. Eta da 1990eko ekialdeko Berlingo kale-labirinto oraindik dendarik eta tabernarik gabea. Eta dira etorbide infinituak. Eta, hasieran, Christa Wolf. Eta Günter Eich. Eta hori baino “hasierago”, Humboldt Unibertsitateko alemanezko eskolak. Etxeko altzari zaharrekin espaloietan inprobisatutako egongela-itxurako lekuak (“terraza” deitzea egongelatxoak menostea litzateke). Eta mendebaldeko aldirietako kapela-fabrika ohietan moldatzen hasitako bizilekuak, eta eraikin horien azpiko zineklub txiki miniaturazko beti jendez beteak. Eta ezkien lurrina hirian barrena. Eta oinez, oinez, oinez, oinez ibiltzeko irrika. Eta, gero, askoz geroago, Dürrenmatten Konolfingen, Suitzan, eta Bachmannen Klagenfurt, Austrian (eta, hara!, “antzaratik antzarara neu berriro jokora”, Musil ere han bertan jaiotakoa da, eta Italia oso hurbil dago, eta Eslovenia are hurbilago), eta Sebalden Allgäu, Alemanian, bai, baina Austriako mugatik oso gertu, eta handik hizkuntzaren tripetara, Klemperer mesanotxean, LTI. Hirugarren Reicheko hizkera. Filologo baten apunteak. Alemana dira hotsak, bai, letrak, bai, baina orobat dira usainak, balkoiak, iparraldeko leiho handiak, ilunantz zuria, argiantz grisa, kebaba, unibertsitateko Mensako otordu merkeak, bigarren eskuko liburu-dendak, Europako ekialdearen lurrin-presentzia-absentzia mamu benetakoa. Eta orduan da Roth, eta judu errariak, eta Zweig, eta judu “asimilatuak”. Geruzak, geruzak, Berlingo aleman frantsestua, hitz bakar baten erabilerak austriar eta alemanen artean pitz dezakeen herra zahar beti berria. Eta judu desagerraraziak, eta aleman desplazatuak, eta gutxiengo germanofonoak nonahi ekialdean, ukrainar, errumaniar, bulgariar edo txekiar germanofonoak (Celan, Müller, Canetti, Kafka…). Zer hizkuntzatan egiten zuen amets Jacques Austerlitzek? Nolako alemana darabilte naziek gas-ganbera batean kiskalitakoen seme-alabek? Geruzak. Lumazko edredoiak bezain arinak eta porlana baino astunagoak.

Eta bizitza horiek irudikatzea. Horiekin guztiekin hitz egitea. Behin, ingelesezko irakasle batek gomendatu zidan bakarrik hitz egitea; hori omen zen ikasten ari garen hizkuntza bat praktikatzeko ariketarik onena, hori esan zidan. Ez zekien ondo zenbaterainoko arrakasta izango zuen bere gomendioak. Lehendik ere praktikatzen hasia nintzen. Ez ikasten ari nintzen kanpoko hizkuntzekin, etxeko hizkuntzekin baizik. Inguruko jendearekin izandako elkarrizketa irudizkoak, euskaraz eta gaztelaniaz, batzuetan etxean gezur bat nola esan probatzeko, adibidez, modurik sinesgarriena asmatu arte, hitzez eta tonuz; edo eskolan ahoz azaldu beharreko testu bat entseatzeko. Kalean bakarrik hizketan joaten den horietako bat naiz, batzuetan eskuekin-eta keinuak eginez gainera, halako batean ni neu neure buruarekin eskandalizatzen naizen arte eta korrika eskuak patriketan sartzen. Beraz, kirol ezaguna zait alemanez ere bakarrik hitz egitea. Berlinen denbora guztian praktikatzen nuen, denda batera, liburutegira, superrera sartu aurreko aleman-“erakustaldia” entseatzeko. Eta, gero, amigo, zaila da ohiturak aldatzea. Maiz hitz egiten dut Bachmannen “Aintzirarako hiru bide” ipuineko Elisabethekin, adibidez. Gustatzen zaizkit haren aldarte-aldaketa bat-batekoak, maitale-katalogo zorrotz disekzionatua, galdetzen diot ea zer ari den idazten, ea non argitaratuko duen hurrengo artikulua, ea zer moduz Trottarekin, ea aitak haserre jarraitzen duen turista alemanekin. Eta kontatzen dizkit azken berriak Austriako bere aleman ingelesarekin “kutsatua”n, aitaren ateraldi atzenekoa, Trottarekin ez dela bizi orain, Klagenfurteko basora itzultzekoa dela berriz, eta galdetzen dit ea zertan ari naizen eta kontatzen dizkiot egia diren gezur batzuk, eta galdetzen dit ea badakidan zer esan nahi duen Parisko metroan berriki ikusitako afixa batek, berak ez duela asmatzen. Edango dugu zerbait? “Une pression?” “Milchkaffee?” “Nik hutsa”.

Eta, Elisabethekin nagoen bitartean, beste pertsona bat naiz. Naizena baino askoz hobea beti. Denean. Eta pentsatzen dut zer ote den zu jaiotako hiriaren izena —eta izana?— behin eta berriz aldatzea historiaren, gerren, hizkuntzaren arabera. Lviv hiria, adibidez, zeinaren historia Philippe Sands-ek kontatzen baitu East West Streeten: XIX. mendean, Lemberg, Austria-Hungariako inperioaren ekialdeko ertz-ertzean; Lehen Mundu Gerraren ostean, Polonia independente berrian, Lwów; Bigarren Mundu Gerra hastean, sobietarren agindupean, Lvov; 1941an, alemanen esku ostera, Lemberg berriz, eta 1944ko udan Armada Gorria naziei gailendu zitzaienean, Lviv, Ukrainako hiri bihurtua. Nola esaten diote hiri horri bertako biztanleek? Zein da “bertako”, zer da “bertako” hiri horretan? Nola idatzi behar da hiri horren izena itzulpenetan?

Aktoreak gara itzultzaileak, autore bila dabiltzan pertsonaiak. Testuan barrena azpijanean dabiltzan satorrak, galeriak ireki nahian baso sarrian, azpiko geruzatik gain-gainekora, gainekotik barrunbeetakora. Geruzak. Geruzak. Beste leku bat, beste bizitza bat, beste bizimodu bat kontatu. Eta kontatzean, hara joan, han bizi, han hitz egiten dutena ikasi, imitatu, kopiatu, kode desberdinak mamurtu, beste kode batera ekarri, izan komisario, interprete, kazetari, arkitektura-historialari, espia…

Hika nork bere buruari / nork bere buruarekin

Xabier Olarra

1.- Barne-bakarrizketa hitanoan

Nire gogoeta honen hasieran Ibon Sarasolak euskal nobelagintza berriaren nondik norakoez arduratzen zenean esandako zerbait dago, alegia, euskaldunok geure buruarekin mintzatzea hitanoan egiten dugunez, hala egin beharko zuketela pertsonaiek ere. Ez dakit Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza liburuxkan idatzi zuen hori edo beste nonbait. Sarean begiratu dut, eta ez dut aurkitzen aipamena (nire ustez oinohar bat zen), baina ez dut uste amets egin dudanik. Uste dut Sarasolak kritikatu egiten zuela Saizarbitoriaren lana, “lege” hori ez betetzeagatik. Baina auskalo, orain dela 50 bat urteko kontuez ari gara, eta ez dago buruaz gehiegi fidatzerik adin honetan. Dena dela, horrelako zerbait zen.

Koldo Mitxelenari, handik urte batzuetara, irakurri nion nork bere buruarekin –barne bakarrizketan– mintzatzean toka egiten genuela euskaldunok gizonezko nahiz emakume izan. Beste modu batera esanda toka zela termino markatu gabea eta noka markatua, eta emakumeari zuzenean mintzatzean bakarrik erabiltzen zela noka. Hori guztia (eta askoz gehiago) modu sistematikoan emana ikusi nahi duenak jo beza Ritxi Lizartzaren Hika egiten ikasteko gidara[1].

Nik ere hala dut gogoan, nire etxean emakumeek –amak eta izebak–, zerbait kontatzen ari zirela, beren baitako komentario bat egiten zutenean: «Nik, nere artean» hasten zena, toka egiten zutela. Esate baterako: «Nik nere artean: Ez diat ba hori egingo…», «Ez nauk ba joango»… eta abar, bien arteko jarduna noka izaten zenean beti. Hori bera egiaztatua dut beste zenbaiten gurasoen erabilerari buruz galdetu izan dudanean. Beraz, gure aurrekoen jokabidea (Gipuzkoa aldean behintzat) hori zen.

Orain dela urte batzuk F. Rey adiskideak haizatu zuen gaia blog honexetan eta izan zen eztabaida bat haren ondoren Iñaki Segurolaren –gutxi bezain aditua, besteak beste, gai honetan– eta Ana Moralesen eta beste zenbaiten artean. Gero itzuliko naiz berriro kontu honetara. Bitartean, nahi adina argibide aurkituko ditu nahi duenak eztabaida horri buruz hemen.

Hori guztia kontuan hartuta, hona zein kontu ditugun hemen argitzeko, edo azaltzeko behintzat.

2.- Hitanodunak eta eta hitanogabeak

Bistan da euskaradun guztiok ez garela hitanodunak.

Ez dago oso argia izan beharrik ohartzeko hitanogabeek zuka egingo diotela bere buruari beren barne-bakarrizketetan. Are gehiago, ez nuke esango hikadunok ere beti hika egiten diogunik. Gauza jakina da badirela eskualde osoak hitanoa aspaldi galdu zutenak. Gero itzuliko naiz kontu honetara. Argibide gehiago nahi duenak hor du Irati Urdalleta Letek joan den otsailean Berrian argitaratutako artikulua hitanoaren osasunaren egoerari buruz:

Izan daiteke ari naun edo ari naiz; izan daiteke esan dinat edo esan dizut. Zuka, noka edo toka. Euskarak berez badu lagunarteko hizkera bat: hitanoa. Alabaina, ez da nagusi: herririk euskaldunenak ditu arnasgune, baina arnasestuka ari da Euskal Herriaren parterik handienean.

Egoera hori –batetik atzerakada eta bestetik halamoduzko erabilera– kontuan izanda, badira hikaren sustatzaile sutsuak eta “berreskuratze” lanean dihardutenak. Lehen ere aipatu nuen Fernando Oiartzun Sagastibeltza, Leitza aldeko hika eta nokari eustearen alde egiten ari dena. Eta sail honetako lehen artikulua idatzi nuenean, izan ziren hainbat komentario, artikulu horretan esaten zirenak hizpide hartuta, Azkoitia aldean hitanoari eusteko egindako lanaren berri ematen zutenak.

Atzerakada atzo goizean hasia ez dela jasota dago, esate baterako, Txomin Agirrek (1864-1920) Kresalari egindako hitzaurrean:

«Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña il zan Arranondon da orregaitik ezta emen agertuko izketa zar ori»[2]. (azpimarra nirea).

Beraz, sinesgarritasun literarioa da argudio nagusia. Eta Txomin Agirrek esaten badigu Arranondon (Ondarroa) aspaldi hil zela hitanoa, pentsa dezakegu noizko kontuez ari garen, kontuan hartzen badugu 1920an hil zela abade ondarrutarra.

Esango nuke joera hori areagotu besterik ez dela egin XX. mendean zehar, baina horrekin batera hitanoari eusteko “ahalegina” egin dutenak ere ez dira gutxi izan, eta hor ditugu lekuko gisa Lizardi, Lauaxeta eta Orixe, besteak beste. XX. mende hasierako antzerkiari begirada bat ematea ere aski da horretaz konturatzeko.

Lehenago ikusi dugunez, “arnasestuka” baina bizirik da oraindik hitanoa. Eta ez dut dudarik egiten hori duela bere barne-bakarrizketa modu “naturala”, esate baterako, X. Euzkitze bezalako hikadun peto batek. Berriki, bi-bitarako pilota-txapelketan esatari ari zela, pilotari baten –ez naiz oroitzen nor, baina ez du axola– buruan sarturik honelako zerbait esan zuen:

“Aurrera egin duenean, pentsatua izango du: «… horrek (arerioak) eskuinera egingo dik, aurrekoan hara bota baitiot, eta jo dezadan atzera»”.

Esan bezala, seguru aski, automatismoek ezertan funtzionatzen badute, norbere baitako bakarrizketan funtzionatzen dute, eta norbaiten jarduna % handi batean zuka bada, haren barne-bakarrizketa ere zuka izatea ekarriko du horrek. Eta alderantziz. Baina hori neurtzen beti erraza ez den arren, hika/noka erabilera, oraindik behintzat, izan, bada. Ez dakit asko garen. Baina batzuk bai.

3.- Hitanoa barne-bakarrizketan toka ala noka

3.1. Nor bere buruari vs. Nor bere buruarekin

Lehenago aipatu dudan polemika horretan (Iñaki Segurola vs. Ana Morales et aliae) argi bereizten dira hasieratik bi jardun mota: emakumezkoa bere buruari zuzenean mintzo denekoa eta bere buruarekin (bere baitan, bere artean) diharduenekoa. Segurolak lehenbiziko kasuan emakumea aktantea dela dio eta bigarrenean ez.

Lehenbiziko kasu horretan (emakumea bere buruari zuzenean mintzo zaiola, ispilu aurrean ikusiko balu bezala bere burua, esate baterako), garbi dago emakumeak noka egiten diola bere buruari. “Ederra egin dun! Orain dena izugarri zailduko zain!”).

Eztabaida bestelako kasuetako erabileraren deskribapen eta azalpenean dago, alegia, nolakoa izan den eta den molde hori emakume hitanodunen artean, zein diren erabilera “harrigarri” horren sustraiak (emakumeak bere buruarekin toka) eta molde hori alda daitekeen ala ez.

3.2. Iñaki Segurolaren planteamendua

Oso polemika mamitsua izan zen, eta argudio sendoak erabili ziren bi aldeetatik, baina uste dut honela labur daitekeela Iñaki Segurolaren planteamendua:

a) Emakume hitanodunen barne-bakarrizketa toka izan da (eta da, bizi-bizirik baitago, bere inguruan behintzat).

b) Erabilera “harrigarri” horren arrazoiak bilatzea ez da funtsezkoa.

c) Erabilera horren arrazoiak “jakinaren azpikoak dira” (oharkabekoak esan nahi zuela uste dut), eta aldagaitzak beraz, gramatikaren arlokoak baitira, eta ez hiztegikoak.

3.3. Eta honela Ana Moralesen planteamendua (I. Diez de Ultzurrun, B. Arrizabalaga ere horra bil daitezkeela uste dut):

a) Bera ez da hitanoaren erabiltzailea (ez da bere praktikan oinarritzen) baina oso gogorra egiten zaio emakumeak bere buruari toka egiten diola onartzea.

b) Horren azpiko arrazoiak historikoak eta sozialak direla uste du (patriarkatuaren ondorio, labur esanda, berak zuzenean esaten ez badu ere). Blogeko komentarioetan gaia sakonxeago azaltzen da.

c) Anomalia hori alda daiteke, eta adibidetzat jartzen du berak bere jardunean egindako aldaketa xume bat (gaztelaniaz betiere: Uno piensa (inpertsonala) > Una piensa). Bestalde, Moralesek honelakorik esaten ez duen arren, dioenaren ondorio logikoa litzateke jardun hori noka izan daitekeela etorkizunean. (Barkatu gehiegi sinplifikatu edo ondorioetan urrunegi joan banaiz).

4.- Barne-bakarrizketaren moldeak literatur itzulpenean

Adibide batzuk baizik ez ditut hona bilduko, artikulu hau gehiegi ez luzatzearren.

Hitanogabeek, bistan da, ez dute hitanoa erabiltzen beren itzulpenetako bakarrizketetan (edo nola erabili jakin arren, zerbaitegatik ez diote egoki iritzi kasu jakin batean erabiltzeari). Eta, ondorioz, eredu neutroan ematen dituzte. Horrela itzuli du, esate baterako, José Ramón Vázquezek Melvilleren Benito Cereno. Eta Delano kapitainaren barne-bakarrizketa mordoxka dago bertan.

Puntu hauek binazkatuz gero, batak bestearen kontrakoa adierazten zutela zirudien nolabait. “Baina orduan, zer?”, pentsatu zuen Delano kapitainak, ontzira hurbiltzen ari zen bere txalupari begira “… orduan, zer? Tira, don Benito oso ontziburu apetatsua da. Baina bera ez da nik ikusi dudan mota horretako lehena; egia da, ordea, berak anitzez gainditzen dituela beste guztiak. Baina herri gisa” jarraitu zuen bere ameskizunetan galdua, “espainiar hauek xelebreak dira denak; espainiar hitzak berak badu soinu bitxi bat, halako konspiratzaile, Guy Fawkes-en kutsu zerbait. Eta hala ere, egingo nuke espainiarrak, erabat hartuta, Duxburyko edonor bezain jende jatorra direla. A, ederki! Hemen da Rover azkenean”. (Benito Cereno, H. Melville, 69. or.).

Juan Garzia Garmendiak, berriz, bi moldeak erabili zituen Melvilleren Bartlebyren itzulpen ospetsuan. Esan dut lehenago ere hitanodunok ez dugula beti erabiltzen hitanoa barne-bakarrizketan, eta honela ageri da Bartlebyren nagusiarenetan:

«Ez dut inolako kalterik egiten –egin nuen neure artean–; ez naiz ari inolako jakin-min bihozgaberi gustua ematen; bestetik, nirea da idazmahaia, eta orobat haren edukia; ez da ausarkeria, beraz, barrua mia dezadan[3]». (Bartleby, 51-2 or.).

Testu horretan bertan, aurrerago, pertsonaia berak honela dihardu bere baitan:

«Zer egin behar dut? –esan nuen orduan neure kolkorako, jaka azken botoiraino lotuz–. Zer egin behar dut? Zer dagokit egitea? Zer dio kontzientziak egin behar nukeela gizon, edo, hobeki esanda, fantasma honekin? Gainetik kendu, horra nik zer egin behar dudan; eta berak, berriz, alde egin. Nola ordea? Ezin botako duk, gizaseme gaixo, zurbil, oldargabe… ezin botako duk atetik kanpora halako izaki babesgabea. Ezin belztuko duk heure ohora halako krudelkeriarekin. Ez ez diat egingo, ezin nezakek egin halakorik. Lehenago utziko niokek hortxe bizi eta hiltzen, eta gero gorpuzkiak ere bertan horma-arteratu. Zer egingo duk, orduan?». (Ibidem, 75).

5.- Molly Bloomen barne-bakarrizketa

Literaturaren historiako barne-bakarrizketarik ospetsuenari ekin nionean, ez zen egun bateko lana izan Mollyk bere buruarekin nola jardun behar zuen erabakitzea, eta nolabaiteko azalpenak eman nituen Ulises liburuaren hitzaurrean nire erabakiaz:

Azkenik, beste bi hitz Molly Bloomen bakarrizketari buruz. Hor ere, bakarrizketa denez, alokutiboa erabili dut, baina, kasu horretan, Mollyk noka egiten dio bere buruari, nik hala erabakita. (Ulises, hitzaurrea, 9. or.).

Hitzaurrean azaltzen nuenez, egoera horretan toka jardun balu Molly Bloomek, senarrari ari zitzaiola emango zuen, eta barne-bakarrizketa lo zegoen senarrarekiko jarduna bihurtuko zen. Eta hori ez zitzaidan egokia iruditu. Kinka horretan, erabaki nuen Mollyri noka mintzaraztea zela hoberena. Usadioaren transgresio txiki bat, Segurolak, seguru asko, onartuko ez zidana. Baina honela argitaratu zen:

Bai izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala gaixo-ahotsarekin dena itxura hutsa txoratua zeukala uste zuen Riordan atso haren aurrean interesantearena egiteko (…) neri bere ajeak kontatzean kontua eta xaborra franko politika eta lurrikarak eta munduaren azkena utzigun aurrena pixka batean dibertitzen emakumea (Ulises, 735. or., ia 50 orrialdeko monologoaren hasiera).

Egia esan, ortodoxiaren mugetan mantenduz noka egiteko soluzioa ere begien aurrean neukan, Fernando adiskideak bere artikuluan emana, baina orduan ez nintzen horretaz ohartu: transgresio txiki bat eginez, eta ia testua aldatu gabe, aski nuen Molly bere buruari ari zela markatzea lehenbiziko esalditik, honela gutxi gorabehera:

Bai Molly izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala (Ulises, 735. or.).

Eta holaxe, hitz bakar batekin konponduko nuen «arazoa». Beraz, oraingo irakurleak aski du bakarrizketaren hasieran komarik gabeko bokatibo hori sartzea. Bazen beste irtenbide bat ere: hitanokeriak alde batera utzita dena zuka eta neutroan ematea, esate baterako. Hori irudituko zitzaion hoberena, noski, Irati Jimenezi, honelakoak esaten baititu Begiak zabalduko zaizkizue, bere saiakerako Kontuz hitanoarekin, azpiatalean:

“(…) Euskaldun gehienok –ia guztiok ez esatearren– zuka egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egiten duen moduan, alegia”[4].

Bai, begiak ez ezik aho zabalik ere gelditu gara hori eta gisa horretako beste zenbait argudio irakurtzean. «Honek jo ziguk/n adarra!», aditzen diet Segurolari, Euskitzeri eta Molly Bloomi.

Aipatu saiakeran esaten direnei erantzuteko beste hiru artikulu beharko nituzke gutxienez, baina hori datorren urterako utzi beharko.


[1] Hika egiten ikasteko gida, R. Lizartza, Baigorri argitaletxea, Bilbo, 2009.

[2] «Kresala», Domingo Agirre, Arantzazuko frantziskotar argitaldaria, Oñati, 1967.

[3] Bartleby eskribatzailea, Herman Melville/Juan Garzia Garmendia, Erein, Donostia, 2016.

[4] Begiak zabalduko zaizkizue, Irati Jiménez, Elkar, Donostia, 2021 (82. or. eta hur.).

Auzolanaz

Amaia Lasheras Perez

Azken boladan, artista pare bati aditu diet maiz jotzen dutela haiengana herri-ekitaldiren batean parte har dezaten, baina musu-truk. Horietako batek zioen karpa eta aulkiak eramaten dituen enpresari ordaindu eginen ziotela, baina berarentzat ez zegoela dirurik. Ziur naiz zuei guziei noizbait eskatu dizuetela testutxoren (edo testu luzeeeeeren) bat musu-truk itzuli edo zuzen dezazuen horrelako ekitaldi baterako. Ni, behintzat, zuzentzaile-itzultzaile “ofiziala” naiz herriko elkarte batean baino gehiagotan. Eta aitortu behar dut gustura aritzen naizela, eta, are gehiago, pozten naizela elkarte horietan euskarazko testuen kalitatea aintzat hartzen dutelako.

Ez dut bertze herrialdeetako egoera ezagutzen eta ez dakit auzolanaren kontzeptua existitzen ote den Euskal Herritik kanpora (pentsatzen dut baietz), baina, gure inguruan, arlo askotan, sendo dago. Herri honetan, boluntarioei esker, ehunka elkarte aritzen dira lanean egunero denon bizitza hobetzeko: erretiratuen elkarteak, kulturaren eta kirolaren arlokoak, hezkuntzarekin lotutakoak, gurasoenak, emakumeenak, euskararen aldekoak… Horrelako erakunde batean aritzeko aukera izan dutenek ongi baino hobeki dakite zenbateko lana egin behar den horiek aitzinera ateratzeko, zenbat mesede eskatu behar diren, zenbat ordu eta buruko min…

Hala ere, balantzan jarriz gero, nik uste dut gehienei horrelako elkarteek eman dieten satisfakzioak gainditu egin duela egindako ahalegina. Badirudi besteei laguntza emateak zoriontsuago egiten gaituela, eta adituek, besteak beste, honako arrazoi hauek aipatzen dituzte hori azaltzeko: balio izatearen sentsazioa eta autoestimua handitzea, esker ona jasotzea, hazkunde pertsonala sustatzea eta elkarri laguntzea gizakiaren eboluziorako nahitaezko gertatu izana. Bai, horrela uler daitezke hainbat lagunek guregatik egiten dituzten sakrifizioak.

Orain dela urte batzuk, herritar batek herri-erakunde bateko lehendakaria izateko proposamena jaso zuen. Jakin bazekien ez zela lehen hautagaia izan, eta beste zenbaitek ezetz erran eta gero jo zutela berarengana. Hasieran, berak ere ez zuen “gonbidapena” onartu. Baina, etxera joan eta luze pentsatu eta gero, ondorio batera ailegatu zen: “Norbaitek hartu beharko du ardura, ezta? Denok ezetz erraten badugu, gure proiektuak ezin izanen du aitzinera egin”. Bertigo handiak jota, baiezkoa eman zuen azkenean.

Handik egun batzuetara, kontu bitxia gertatu zitzaion. Kalean, elkarteko kide bat hurbildu zitzaion eta zorionak eman zizkion karguarengatik. Harrituta begiratu eta honela erantzun zion: “Zorionak? Eskerrik asko erran nahiko duzu, ezta?”. Argi dago elkartekide hark asmo onenarekin zoriondu zuela, baina, segur aski, ez zen ohartu kargu horrek nolako ardura, lana, kritikak, buruko minak, etsipena eta abar ekarriko zituen berekin.

Beraz, lerro hauen bidez, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet orain arte EIZIE zuzentzeko ardura beren gain hartu duten Zuzendaritza Batzorde guzietako kideei, eta, une honetan, bereziki, gure elkartearen gidaritza hartu berri duen taldeari. Biba zuek eta gora auzolana!

Eta zorionak guri, jakina, inguruan zu bezalako jendea izateagatik! Izan ere, zuek zuen denbora librean denon interesen alde lan egiten duzuen bitartean, gainerakook tarteka herri-ekitaldietarako testuren bat zuzendu besterik ez dugu eginen.

P.D.: Zorionak EIZIEko Zuzendaritza Batzordeko kide berriei, alegia, “zori (zorte) on”!

Biraorikan ez duen hizkuntza garbia?

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà

Nafarroako administrazioak itzultzaile sare handia antolatu behar izan zuen mendez mende, jende gehiena ez baitzen mintzatzen administrazioak zerabilen hizkuntzan, herritar gehienak euskaldun hutsak baitziren. Eskribauak aritu ziren bitartekari herritarren eta administrazioaren artean auzi, epaiketa eta gisakoetan. Erran nahi baita, jendeak euskaraz errandakoa gaztelaniaz jasotzen zuten eskribauek paperetan, baina tarteka euskarazko hitzak idatzirik, baita esaldiak ere, gure gozamenerako.

Epaiketa eta auzietako paperak Nafarroako Artxibo Nagusian daude gorderik eta, duela hamar bat urtetik hona, euskarazko hitzak dakartzaten izkribu aunitz argitaratu dira, garai bateko euskararen erakusgarri.

Konparazio batera, behin batean, kalapita ederra gertatu zen Barasoaingo kanposantuan, bi familiaren artean, hilobi baten kontura. Epaiketako paperen arabera, Martin Leotzek hauxe erran zion Margarita Lanari (parentesi artean eskribauaren itzulpena):

– Eme txarrak oihuak handi (ruin muger –sic– grandes voces).

Eta Margaritak erantzun:

– Baita zuek kasta andurrak (malas castas).

Hortik aitzina, sekulakoak eta bi erran zizkioten elkarri, familia bakoitzeko bertze kide batzuek lagundurik.

Honatx Margaritaren alabaren etorria:

– Aho laxoak, fanfarron tzarrak, erroi kasta gaiztoak (bocas flojas, fanfarrones viejos, malas castas…).

Eta Martin Leotzek erantzun:

– Arrano txipiak egin nahi du hain oihu handia nola handiak (la aguila chiquita tan grandes voces quiere dar como la mayor).

Eskribauaren eskuizkribuaren arabera, Margaritak azken hitza bere:

– Kasta gaiztoak, perjuro kumeak, perjuro baten semeak ez dik hemen ortzi (ehortzi) behar.  

Orbaibarko gertakari horretan erabilitako erroi eta andur hitzak (gaiztoa, makurra, zitala) maiz ageri dira mende haietako paperetan. Adibidez, Agoitzen, behin batean, emakume batek bertze bati “andurra” erran, eta erantzun hau jaso zuen: “Ni ez naun andurra, nik andurtu ninduenak…”. Hortaz, aditz bihurturik ere ageri da andurra.

Erroi ere izugarri erabiltzen zen: “erroi zarra”, “erroi adaburu handia”. Eta Añorben, ez dakigu zer gertatu ote zen bi lagunen artean, baina batak bertzeari honakoa bota zion: “erroi mehaka ustela tripa handia”. Eskribauak ez zuen itzulpen zehatzik ekarri, honakoa baizik erdaraz: “arras hitz iraingarriak”.

Adaburu hitz hori ere ezin konta ahala aldiz ageri da (cornudo) eta ez dira gutxi gero apezei lotutakoak. “Axeri” eta “axerikume”, apezen seme-alabei errateko. “Apezgoitia”, apezarekin harremanak izan dituen emakumeari errateko.

Gainerakoan, “buruhandi”, “zakil erre”, “zakil handi”, “bragetandi”, “sudur makur”, “traidore seme”, “azkonlarru”, “mairua”, “frai zikin”, “agot zarra”, “agot askazia”, “ozar likitsa”, “errumes zar”, “doilorra”, “doilor zarra”, “ollaka txarra”…

Edaten zuenari “ordia”, “ordi zarra” eta gisakoak erraten zizkioten edo, metafora bidez, “ardankopa matela”, “ardanbotea”, “ardansaskia”.

Behin batean, Irunberriko jendea Leirera erromerian joan zelarik, sekulako istiluak gertatu ziren monasterioko fraideekin. Orduan, Irunberriko Trinitateko ermitauak, Irunberriko gurutzea zeraman gizonarengana hurbildurik, gurutzeari eusteko makila hartu zion, fraideen kontra jotzeko asmoz: “Indak honat makil hori, nik adituko diat fraideok” (Daca aca ese palo, que yo entendere a estos frailes”.

Bukatzeko, Ameskoako gizon batek bertze bati egindako heriotza-mehatxua: “lehen ere begietan hadukat, eta gero bada, lehen bada, ene eskuetarik joanen haiz” (“yo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea despues, tu as de morir en mis manos o por mis manos).

Irain horietako aunitz Iruñeko karriketan bertan erabili ziren, bai eta Iruñerriko eta inguruko herrietan ere, hau da, euskarak XIX. mendean gibelera egindako bazterretan. Arestian erran bezala, aunitz dira eta ezin denak hona ekarri. Batzuk, gainera, egiazki dira itsusiak egungo belarrietarako. Hurrengo batean, agian. 

Euskaldun desjabetuen ahalduntzea

Igone Zabala Unzalu

Aspaldian gai posibleen kutxan gordeta nuen horietako bati hautsa kentzeko aukera paregabea eman dit apirilaren 20an Enkarterrietako euskalduntze prozesuaren eragileei egindako omenaldiak. Miresgarria da 60ko hamarkadatik hona eskualdea euskalduntzeko eragile horiek inbertitutako lana eta kemena. Nire ustez, Sodupen egin zen “Enkarterri Harro” ekitaldi horrek merezi zuen Berriaren irakurle guztien arreta, baina Bizkaiko hitza lurralde-atalean argitaratu zen Ia hutsetik euskaldundu dutenak erreportaje interesgarria. Erreportajearen abiapuntua dira Enkarterrietako euskaldunen portzentajeak: % 1,02 1981eko inkestaren arabera, eta % 31,58 Eustaten 2021eko estatistiken arabera. Eskualde euskaldunenekin alderatuta, kopuru txikia dela pentsa genezake, baina berrogei urtean 30 puntuko igoera lortu izana harro egoteko modukoa da, zalantzarik gabe. Berriako erreportajean ematen dituzten datuen arabera, Bizkaiko eskualde euskaldunena den Lea-Artibaik denbora-tarte berean puntu bat baino gehiago galdu du (% 81,88 > % 80,23). Atera kontuak! Enkarterrietako euskalduntze prozesu horren hasieran nik ere hartu nuen parte, lehenengoz, ikasle modura eta, ondoren, irakasle modura, eta garbi izan dut beti aldaketa bultzatu zuen indar garrantzitsuetako bat izan zela euskaraz ez jakiteak eragiten zigun min handia. Ideia bera irakurri nuen duela zenbait hilabete Berrian Nafarroako gazte bati egindako elkarrizketan, eta pentsatu nuen min horretan bat egiten dugula muturretako eskualdeetako euskaldunok.

Borroka eta ahalegin handia egin da berrogei urte hauetan, baina azpimarratu beharrekoa iruditzen zait 80ko hamarkadan eskola publikoetako gurasoek D eredua ezartzeko egin zuten borroka. Izan ere, eremu erdalduna zenez, Hezkuntza Sailak Enkarterrietako herrietako eskola publikoei ez zien onartu nahi D ereduko gelarik. Gurasoen borrokak bere fruitua eman zuen eta, horrezkero, ume asko eta asko euskaldundu dira eskola publikoetan, eta gau-eskoletan eta euskaltegietan euskara ikasi duten guraso askok eta askok etxeko lanak egiten lagundu ahal izan diete ume horiei. Areago, horietako askok euskara transmititu diete beren seme-alabei. Gau-eskola eta euskaltegietako lanak ere etenik gabe iraun du orain arte. Eta, horrela, iturri bateko eta besteko emariak batzen joan dira euskararen itsasoan. Hartara, Enkarterrietako edozein herritan albistegien arreta merezi duen zerbait gertatzen denean, hara doaz EiTBkoak, eta euskaraz elkarrizketatzeko norbait aurkitzen dute. Ez al da harro egoteko modukoa?

Ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala ere aipatu zen omenaldian, nola ez? Baina hona ekartzea merezi du horren harira gazte batek aipatu zuen leloa: “Ez dago euskara txarrik”. Lelo hori etengabe errepikatzen omen zuen Lourdes Gaunak. Lourdesi, berrogei urte AEKn lanean aritu ondoren, erretiratzeko unea iritsi zaio, eta omenaldi berezia egin zioten ekitaldian. Lelo paregabea iruditzen zait Enkarterrietako, Meatzaldeko eta antzeko eskualdeetako euskaldunak ahalduntzeko, eta euskaldunen komunitatetik baztertuta ez sentitzeko. Izan ere, oso maiz euskaldun horiek egin duten ahalegina balioetsi beharrean, beren hizkuntza-gaitasuna mugatua dela iritzi, eta euskararen erabileraren gabezia eta hutsuneen erruduntzat ere hartzen dira. Nago euskararen biziberritzearen etsaietako bat dela euskaldunen artean klaseak eta kastak bereizteko joera nabarmena: ikastoletakoak vs eskola publikoetakoak, D eredukoak vs B eredukoak, etxean euskaldundutakoak vs eskolan euskaldundutakoak, herri euskaldunetakoak vs herri ez-euskaldunetakoak, euskaldun berriak vs euskaldun zaharrak, euskalkidunak vs euskalkirik gabeak, euskaldun ele-erasanak vs euskaldun peto-petoak eta abar eta abar. Bereizkeria horiek guztiak oso sustraituta daude umeen eta gazteen artean ere, eta oso arriskutsuak iruditzen zaizkit gauden puntura heltzeko egin behar izan den ahalegina ezagutu ez dutenen eskuetan, edo hobe esan, bihotz, garun, aho eta belarrietan.

Gizarte berdinzale eta justu baten ardatzetako bat izan nahiko lukeen euskararen aldeko hizkuntza-politikak bereziki zaindu beharko lituzke hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak euskaraz garatzeko oztopo eta zailtasun gehien dituzten hiztunak eta eskualdeak. Adibide bat emateagatik, eskola eta institutuetako ikasleei atzerriko hizkuntzen garapenean laguntzeko trukeak egiten dira beste herrialde batzuetako ikasleekin, baina, nik dakidala, ez da trukerik egiten, adibidez, Enkarterrietako edo Meatzaldeko eskoletako eta Lea-Artibaiko edo Goierriko eskoletako umeen artean, nahiz eta hezkuntza-sistema beraren barruko truke horiek askoz ere errazagoak liratekeen atzerriko herrialdeetakoak baino. Horrelako trukeak biziki aberasgarriak lirateke ume-nerabe guztientzat, beraiena ez bezalako eremu soziolinguistiko batean murgiltzeko aukera emango lieketelako, eta mota bateko eta besteko euskaldunen arteko sareak sortzen lagunduko luketelako. Zer esan etorkinei buruz, edo guraso euskaldunak ez dituzten bertako umeei buruz. Laguntza berezia eskaini beharko litzaieke eskoletan eta udaletan, etxeko lanak egiten laguntzeko eta, jakina, eskolatik kanpoko jardueren eskaintza oparoa euskaraz. Euskarak gure gizartean integratzeko tresna beharko luke, eta ez oztopo, betiere guzti-guztien hizkuntzak eta kulturak begirunez tratatzen direla bermatuta, jakina.

Nik neuk zorte handia izan nuen unibertsitatean hasi behar nintzenean (1979. urtean) lehen kurtsoa euskaraz ematea lortu zutelako orduko Zientzi Fakultateko zenbait irakaslek eta, nire euskara oso mugatua bazen ere, euskaraz matrikulatzeko konbentzitu nindutelako. Unibertsitateak aukera paregabea eman zidan herri eta eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunekin ikasteko, hitz egiteko edota aisialdia partekatzeko. Gaur egun ere aukera hori eskaintzen die UPV/EHUk ikasleei, baina geletan eta korridoreetan ikusten dudana da jatorri bateko eta besteko hiztunak ez direla askorik nahasten, eta eremu batzuetako ikasleek, ikasketa guztiak euskaraz egin badituzte ere, oso autoestimu linguistiko baxua dutela. Inoiz gertatu zait klasean ahozko aurkezpena egin behar zuen ikasle batek barkamena eskatzea aurkezpena egiten hasi aurretik Gasteizkoa izanda ez zuelako behar bezain ondo egingo. Hartara, gure irakasgaien helburu garrantzitsuetako bat da ikasleek euskararen biziberritzearen historia apur bat ezagut dezaten, biziberritze horri egin dizkioten ekarpenen kontzientzia har dezaten, eta etorkizunean aditu euskaldun modura euskararen garapenean eta biziberritzean izango duten erantzukizunaz gogoeta egin dezaten.

Handitzen handitzen, hasi naiz handitzen

Alfontso Mujika

Berandu iritsi gara euskaldunok euskara-eredu estandar bat izatera, oso berandu, nahiz eta, zorionez, azkar nagusitu den euskara batua deitzen diogun hori. 1968an ezarri ziren lehen oinarriak, baina, lexikoari dagokionez, askoz geroagokoa da lexiko estandarra: 1995ean hasi zen argitaratzen Hiztegi Batua, eta 2000.ean amaitu.

Hiztegi Batua, baina, ortografia-hiztegi bat izan zen, hitzak nola idatzi behar ziren baino ez zuen argitzen. Alegia, ez zuen definiziorik. Eta oso handia ere ez zen, 20.000 sarrera besterik ez zuen. Egin egin behar zen, beharrezkoa izan zen, baina ulertu behar dugu benetako hiztegi aruemaile baterako oinarria baino ez zela izan. Beraz, esan dezagun argi: hiztegi arauemailerik gabe iritsi ginen euskaldunok XXI. mendera.

Auzokoen inbidiatan

Inbiriyetan bizitze ori / preziso gauza tristia kantatu zuen Txirritak. Inguruan ditugun bi estatu-hizkuntza handiekin ezin konpara daiteke gure nazio-hizkuntza, eta, hala ere, haiekin konparatu behar dugu, besteak beste, non gauden jakingo badugu eta zer lantegi dugun aurrean ohartuko bagara.

Frantsesaren hiztegiari erreparatuko diogu lehenik. 1694koa da Frantziako hizkuntza‑akademiaren lehen edizioa (Dictionnaire de l’Académie française). Hau da, 330 urte ditu! Eta 9. edizio izan ditu (1694/1718/1740/1762/1798/1835/1878/1935), 9. edizioa (2012an argitaratzen hasia) oraindik erabat amaitua ez badago ere (2023ko martxoan argitaratu zen orain arteko azken partea: sommation-spermatophytes). Guztira 60.000 sarrera izango ditu gutxi gorabehera, 8. edizioak dituen baino 28.000 sarrera inguru gehiago.

Gaztelaniari dagokionez, 1780koa da Diccionario de la lengua españolaren lehen edizioa (haren aurrekaria Diccionario de autoridades izenekoa izan zen, 1726-1739 bitartean argitaratua). Hau da, 244 urte ditu! Geroztik, 23 edizio argitaratu dira, azkena 2014an, Espainiako hizkuntza-akademiaren 300. urteurrenaren kariaz (eta 24. edizioa, dirudienez, 2026an argitaratuko da). Azken edizio horretan, Real Academia Española erakundeaz gainera, gaztelaniaren gainerako hizkuntza-akademiek ere hartu zuten parte (guztira, 23 akademia dira). Diccionario de la lengua españolaren 23. edizioak 93.000 sarrera ditu.

Estatu banaren indarra eta laguntza izan dute, eta dute, bi hizkuntza-akademia horiek eta bi hiztegi arauemaile horiek. Gaztelania eta frantsesa baino hurbilago dugu, egoeraz eta historiaz, katalana. Katalanaren hizkuntza-akademia, Institut d’Estudis Catalans (IEC), 1907an sortu zen (gogoan izan garai bertsuan, 1918an, sortu zela Euskaltzaindia), eta 1932an amaitu zuen bere hiztegia, Pompeu Fabraren Diccionari general de la llengua catalana (DGLC).

Euskarak, euskal kulturak eta euskal identitateak bezala, katalanak, katalanen kulturak eta identitateak ere Espainiako diktaduraren jazarpen latza jasan zuten lau hamarkadaz, eta IECk ezin izan zuen garatu bere hiztegia. Diktadura amaituta, lanari berrekin zion, eta, 1995ean, Diccionari de la llengua catalana argitaratu zuen, 1932koa baino 18.000 sarrera gehiagorekin. Eta 2007an, IECren ehungarren urtean, bigarren edizioa argitaratu zen (DIEC2), 1995eko ediziokoa baino 2.400 sarrera gehiagorekin. Bigarren edizioak 67.570 sarrera ditu. Geroztik, urtean bitan gehienetan, zuzenketa eta sarrera berri batzuk gehitzen dizkiote onlineko bertsioari.

Eta gurean zer?

Hiztegi orokor elebakar arauemailerik gabe iritsi ginen XXI. mendera, eta 2012. urteraino itxaron behar izan genuen Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) lehen edizioa ikusteko (liburu gisa argitaratu den edizio bakarra). Hiztegi horrek 20.000 sarrera zituen, eta 634.152 hitz. Jaioberria ez zen potoloa, baina bazen, eta hori zen garrantzitsuena.

Ondo eta ugari edoskitu beharra zegoen, gizendu eta haziko bazen. Eta horri lotu zitzaion Euskaltzaindia. Orain, lehen edizio hark argia ikusi zuenetik 12 urte iraganik, biziki koskortu da hiztegia, eta nerabezaroaren atean dugu jada. Hori ez da iritzi hutsa, datuetan oinarritutako baieztapena baizik. Azken urteotan, urtean bitan argitaratzen ari dira eguneratze eta handitzeak, urtarrilean eta uztailean. Gaur egun, hiztegiaren 13. edizioa edo ―edizio hitza handitxoa dela iritziz gero― 13. bertsioa dugu kontsultagai. Eta bada alderik:

1. edizioa (2012)13. bertsioa (2024ko urtarrila)
20.000 sarrera49.503 sarrera
634.152 hitz1.298.496 hitz

Hamabi urtean, bikoiztu baino gehiago egin da sarrera-kopurua, 2,5 aldiz handiagoa da orain. Eta zenbaki hotzen atzean dagoen mamia ikusteko, hona hemen, frogagarri, erakusgarri txiki bat. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehen bost sarrera nola zeuden 2012an eta nola dauden orain (eta zer sarrera berri sartu diren tartean):

20122024
a1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria.















a1 1 iz. Alfabetoko letra (a, A). A larria. 2 area-ren nazioarteko sinboloa. 3 ampere-ren nazioarteko sinboloa. (Letra larriz).

     a bildu iz. Helbide elektronikoetan erabiltzen den ikurra, erabiltzailearen izenaren ondoren eta zerbitzariaren izenaren aurretik jartzen dena (@); ikur hori adierazteko erabiltzen den hitza.

   a itsatsi iz. hizkl. Euskal hitz batzuek berezkoa duten hitz bukaerako -a, artikulua ez dena. a itsatsia duten hitzen berezitasuna.
a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.









a2 interj. Oi! A!, ikusi banu.

     a zer interj. (Artikulua edo zenbatzaile zehaztua hartzen duen izen sintagma baten ezkerrean, hark adierazten duena azpimarratuz). A zer itsutasuna! A zer lasaitua etorri zitzaiona! A zer muturrekoa eman didan! A zer bi geunden gu!
 aaiundar 1 adj. Aaiungoa, Aaiuni dagokiona. 2 iz. Aaiungo herritarra.
ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankarabegiratuz. Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetik utzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean ur zulo bat dago.


ababor iz. Ontziaren ezkerraldea, popatik brankara begiratzen dela. (Batez ere leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da). Anton. istribor. Uhartea ababorreko aldetik utzi. Ontzia ababorrera makurtzen da. Ababorrean ur zulo bat dago.
abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua.Paulo abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. Bizk. Apaiza. Abade jauna. || Esr. zah.: Nolako elizalde, halako abade. Abadearen lapikoa, txikia baina gozoa.
                abade egin Bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero, abade egin zen.






abade 1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua. Paulo, abade zahar hura. Leireko abadea. 2 iz. bizk. Apaiza. Abade jauna.
   Esaera zaharrak Abadearen lapikoa, txikia baina gozoa. Nolako elizalde, halako abade.       abade egin ad.-lok. bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero, abade egin zen.
   abade nagusi iz. bizk. Apaiz nagusia, apaizburua.
   abade etxe, abade-etxe iz. bizk. Apaizetxea. Saint-Denisko abade etxea hiriko otoizlekurik zaharrena da.
 abadegai iz. bizk. Apaizgaia. Abadegai zela hasi zen euskara lantzen liburuak irakurriz.
 abadegintza iz. bizk. Apaizgintza. Behin baino ezin hartu daitezkeen sakramentuak hiru dira: bataioa, sendotza eta abadegintza.  
 abadeki iz. g. er. Apaizgaia
abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio batekoburua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentuko abadesa.abadesa iz. Emakumezkoentzako monasterio bateko burua. Monasterioko abadesa zenean. Bere komentuko abadesa.  

Oraindik inbidiatan begiratzen diegu katalanen, espainolen eta frantsesen hiztegi aruemaileei, baina badakigu jada ez daudela hain urruti, ia-ia eskumendean ditugula, ia‑ia hori ezabatzeko zenbait urtez gogor jardun beharko badugu ere.

Beti gehiagoren miran

Hiztegi-erabiltzaileok, halere, asegaitzak gara, umeak nola. Nahi nuke Euskaltzaindiaren Hiztegiak nik behar ditudan hitz guztiak izatea. Nahi nuke balidatu, bitcoin (bitkoin?), bot, botulismo, carpaccio, didaskalia, elektroentzefalograma, enoturismo, estilobato, fatua, geolokalizatu, klaustrofobiko, kriptomoneta, marakuia, mentalizatu, mokoprestu, multizinema, nukleosintesi, ortotipografiko, subfusil, superkumulu, txador, txirene, zapping, ziberjazarpen… hitzak izatea. Nahi nuke hiztegi horretan sarrera diren hitz askotan orain ageri diren baino adiera gehiago izatea (adibidez, gautxoria gaueko autobusa ere badela esatea; edo karakterizazio hitzak, antzerkiko adieraz gainera, teknologian beste esanahi bat baduela, oso erabilia, esatea; edo…). Nahi nuke hiztegi horretan hitzak irakurtzeaz gainera entzun ere ahal izatea, nahi nuke antonimo gehiago egotea, nahi nuke sinonimoak sistematikoki ematea, nahi nuke… Queen taldeak abesten zuen bezala,I want it all and I want it now,baina badakit pixkanaka beteko direla nire nahiak eta hamabi urteko EH gazteak, hemendik hamabi urtera, beste hizkuntzetako hiztegi handi eta eder horien Txapeldunen Ligan airoso jokatuko duela eta inbidiaren talaian egoteari utziko diodala, diogula.