Sarai Robles Vitas
Hasteko, ‘ex’ terminoa bera nabarmendu genezake: aurrizki batetik abiatuta substantibo bihurtzen dena, jadanik ez den baina noizbait izan zen zera hori (bikotekide ohi, maitale ohi, lagun ohi… ohi-ohi?) definitzen duena. Nabarmenki falta den zera hori. Nire ex-a zarela diodanean, ez nabil izan zinenari buruz; are, saihestu egiten dut hori. Baina adierazten dut nire afektuetan leku garrantzitsua izandako norbait zarela, lotura indartsu eta (neurri batean behintzat) aldebikoa. Elkarbanatutako harreman bat, bion artean eutsi genuena, eta gaur egunera arte eraldaketan jarraitzen duena.
Hitzok Valentina Berrek koordinatutako (h)amor¹¹ex liburu kolektiboaren hitzaurretik atera eta (askatasun handiz) itzuli ditut. Liburuak hausnarketarako hamaika gai proposatzen baditu ere, irakurri bitartean bat gailendu zitzaidan beste denen artetik: nola izendatu harreman (edo hutsune) hori euskaraz?
Badaude moduak, noski. Baliteke nire kezka poetikoagoa izatea linguistikoa baino. Baina bi hitzek piztu zidaten azaltzera noan obsesio txikia: jada aipatutako ex eta gaztelerazko ausencia hitzek. Biak ala biak hasierako paragrafoaren jatorrizko bertsioan agertzen dira.
Ex hitza euskaraz ere badarabilgu, kaleko hizkeran bederen, baina beti bakarrik (izan ohi zen hura zer zen esan gabe, alegia) eta gehienetan bikotekide ohi bati erreferentzia egiteko. Ez dugu esaten “hori nire ex-laguna da”, arraroa litzatekeelako. Horren ordez, “hori nire lagun ohia da” diogu. Ohi hitza, ordea, ez dugu bere horretan erabiltzen; hots, ohi-k ez du egin partikula izatetik substantibo bihurtzerainoko bidea. Eta aitortuko dizuet pena iruditzen zaidala: “hori nire ohia da”, “ai, begira, zure ohia dator”… nire iritziz oso balekoak lirateke. Ahots goran esanda, ohe eta lohi hitzekin nahasteko aukera ere apropos xamarra ez al da ba?
Ausencia hitzak bestelako buruhausteak sortu dizkit. Blog honetan askotan ikusi gisan, Itzultzaile neuronalari galdetu diot lehenbizi, berak nola euskaratuko lukeen jakin nahian. Ez egote/izate, kanpoan izate/egote, absentzia, urruntze, aldentze, urrunaldi… proposatu dizkit. Baita falta eta gabezia ere. Batek ere ez nau guztiz konbentzitu, itzulitako paragrafoan “nabarmenki falta den zera hori” jartzea erabaki dudan arren (jatorrizkoan: “un aquello significativamente ausente”). Iruditzen zait karga fisiko handia dutela denek, jada ondoan ez dagoen zerbaiti erreferentzia egiten diotela. Baina zer gertatzen da ez dagoen hori lotura bat denean? Eta oso presente dagoenean? Ustez falta den horri aurrez aurre begira ari bagara, zein hitz erabili behar genuke?
Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox liburuaren sinopsian ausentzia hitza erabiltzen da: “Txema lagunaren ausentzia oroitzapen huts baino zerbait gehiago da nobelan, emakumearen gogoeta gehienetan dago haren ausentzia”. Ausentzia. Hau zen ia. Hutsuneari forma eta egotea ematen dizkiola iruditzen zait. Baina hara nire harridura, Euskaltzaindiak ausentzia txartzat jo eta absentzia hobetsi duela jakitean. Ohitura kontua izanen da ziurrenik, baina absentzia-k gauza teknikoegietara eramaten nau: laneko absentismora, medikuaren kontsultara…
Atzera Interneten sartu, eta Pablo Nerudaren poemen itzulpenera jo dut orduan. “Me gusta cuando callas porque estás como ausente”, zioen bere bertso famatuenetako batek. Olerkian aurrera jarraituz gero, “me gusta cuando callas y estás como distante” irakurriko dugu. Topatu dudan lehenengo itzulpena Annie Etxeberrirena da, eta hala dio: “ixiltzen zirelarik maite zaitut, urrun bazine bezala zirelakotz”. Distante hitza ere berdintsu itzuli du: “urrun bazine bezala zira”. Itzulpen ederra da, inondik inora; baina ez dit lehengo zalantza argitu.
Aurreko kolaborazioan euskararen kosmobisioaz aritu nintzen. Zer dio gutaz ausentzia izendatzeko hitzik ez izateak?
Egia esan, ez dut uste hala denik. Euskaldunok nahiko nostalgikoak garela esanen nuke, eta nahi beste modu topatzen ditugu horri bide emateko. Azkenik, beraz, nostalgiaren Erreginarengana jo dut: Anarirengana. Autodefinitua kantaren lerro honetara, zehazki:
“Zenbat gauza kabitzen den zu bezalako hutsune batean…”
Eta hitzak ere bai, antza.

