Portaera fisikoa egoera solidoan

Beñat Sarasola Santamaría

Filosofia Fakultateko Hemiziklora sartu naiz, irten nintzen azken alditik bi hamarkada igaro direla. Han zegoen orduan Fakultateko liburutegia eta hara joaten ginen ikastera. “Eserleku horretan jartzen nintzen ni”, esan dit kideak, “ni hemen, eskuinaldean”, seinalatu diot. Carlos Santamaria liburutegia eraiki zutenean, bertan zentralizatu zituzten fakultateetako liburutegi guztiak eta, ordutik, Hemizikloa soilik ekitaldi berezietarako irekitzen dute. Hogei urte, beraz, behialako garaien usaina duen aretora sartzen ez nintzela, eta oroipen proustiar moduko batek erasan nau kolpetik. Berdin-berdin dago, hain berdin ezen ez dugun gaur egun ezinbestekoak omen ditugun entxufeetako bakar bat ere aurkitzen. Apalategiak, ordea, ezberdin daude. Liburuak Santamariara eraman zituztenean, haien ordez Pentsamenduaren Klasikoak bildumako alez bete zuten apalategia. Antza, bere garaian liburuon erosketa zabal bat egin zuten (nork erosiko zituen liburu horiek, ez bazen Filosofia Fakultateak?), eta liburu bakoitzeko ale mordoa dago, inoiz agertzen ez den balizko irakurle koitadu baten esperoan.

1991n jarri zen martxan bilduma eta 2010ean argitaratu azkeneko alea, Jean Piaget eta Noam Chomskyren Hizkuntzaren irakaskuntza. Denera, 130 liburu. Errepaso azkar bat eginez, bildumatik irakurri genuen institutuan Platonen haitzuloaren mitoa, handik, jada karreran, Bertrand Russellen Filosofiaren arazoak, Descartesen Metodoari buruzko diskurtsoa eta Humeren Giza ezagutzari buruzko ikerketa. Gehiago ere egongo ziren, orain gogoan ez ditudanak.

Liburuak eskutan hartzen dituzunean, lehen begi kolpean da deigarria zeinen edizio zainduak egin zituzten; zentzu materialean ez ezik itzulpenari zegokionez ere. Berrikusle kualifikatu batek hartzen zuen parte ale bakoitzean, terminologia eta edukia zaintzeko, eta hitzaurregilea tentuz hautatzen zen. Garai bateko egiteko moduaren erakusle da nolabait, gauzak patxada handiagoaz egiten zirenekoa.

Garaiko ahalekin, hori bai. Izan ere, batez ere bildumako hastapeneko itzulpen ugari iraganak jota baitaude, eta zaila da irakurketari ondo eustea. Zorionez, asko garatu da euskal prosa azken hogeita hamar urtean eta bilduma hori da horren testigu pribilegiatu. Horratx euskal itzulpengintzaren eboluzioaren azterketa baterako ikergaia, 130 liburu horien garapenari erreparatzea. Zaila da zehazten euskal itzulpengintzak noiz eman zuen jauzi kualitatiboa eta atzean utzi aspaldiko mantra hori, hots, euskal itzulpenak ez zegoela ulertzerik (eta, beraz, erdarazko bertsioetara jotzen genuen). Baina 1990eko hamarkadaren erditik aurrera gertatu zela esango nuke.

Behin baino gehiagotan aipatu izan du Anjel Lertxundik 1991n Carla nobela argitaratu berritan Juan Garziak honakoa jaulki ziola: “Has dado en la línea de flotación”. Flotazio-marran eman zuela, alegia. Zergatik? Seber Altuberen dogma nagusia, galdegaia beti aditzaren ezkerretara joan behar omen delakoa, muturreraino eraman zuen Lertxundik liburu hartan eta, Garziaren arabera, ez zegoen idazkera hori ulertuko zuen Altuberen seme-alabarik. Esaldi luze eta korapilatsuetan, Altuberen lege gotorra izugarrizko oztopoa gertatzen zen, eta testugintza literariorako muga nabaria. Esango nuke 90eko hamarkadan zehar joan zela euskal sintaxia altubismotik pixkanaka libratzen eta geroz eta testu sintaktikoki malgu eta ulerkorragoak ontzen, konplexutasuna gorabehera. Lertxundiren beraren 1994ko Otto Pette da, zentzu horretan, mugarri bat.

Duela gutxi irakurri dut puntako euskal itzultzaile baten 1990. urteko itzulpen bat. Berehala sumatzen diozu testuari behar ez duen karga, hain justu arrazoi sintaktikoak medio. Itzultzaileari berari aipatu nionean, berehala esan zidan: zerotik itzuli beharko nuke berriro liburu hori. Testu baten auzi lexikoak eguneratzea ez da hain kontu arazotsua; aitzitik, auzi sintaktikoak eguneratzeko testua itzulikatu behar duzu maiz eta, horretarako, ia hobe zerotik hastea. Egin kontu Lertxundik Carla eta Otto Pette artean argitaratu zuela Kapitain frakasa eta 2021ean bertsio berridatzia argitaratu zuela, besteak beste auzi sintaktiko horiek konpondu nahian.

Horregatik, Pentsamenduaren Klasikoak bildumako liburu askok berridazketa baten premia dute, ez itzultzaileen gaitasun gabeziagatik, baizik eta egungo euskal prosa askoz ere gihartsuagoa delako 90eko hamarkadaren hasierakoa baino. Zer esanik ez mota horretako testuetarako, hots, ideia artikulatu eta argudiozkoetan; hil ala bizikoa baita hor sintaktikoki txukun itzultzea. Garaiak eman zezakeen onena eman zuen bildumak eta horregatik da ulergaitza zergatik amaitu zen proiektua. Zerrendari begiratzen diozu eta, noski, falta direnek ematen dizute arreta lehenik (esate batera, ia ez da emakumerik zerrendan), baina baita zerrendako zenbatek mereziko luketen itzulpen eguneratu bat. Garai batean argi genuen Michel Montaigne, Platon, Sigmund Freud, Madame Staël, Mary Wollstonecraft (azken bi horiek ez daude bilduman) euskaraz eduki arte ezingo genuela taxuzko hizkuntzarik eduki. Gaur egun, ez dakit; esango nuke lehentasun handiagoa ematen diogula sareko azken modako zeratxoak euskaraz egon daitezen. Eta, era berean, akaso ahaztu egin zitzaigun gehitzea autore horiek behin itzulita ez zela aski, behin eta berriro itzuli behar direla euskaraz irakurriko badira, taxuzko hizkuntza bat izango badugu.

Deigarria da proiektua finantziatu zutenen zerrenda: BBV Fundazioa, BBK, Kutxa, Vital Kutxa, EHU eta Deustuko Unibertsitatea. Topikoari jarraitzeko, AHTaren kilometro baten kostuarekin Pentsamenduaren Klasikoko zenbat ale argitaratu liratekeen kalkulatzera nindoala despistatu nau telebistako irudi batek: 1994an ingeniaritzako tesia euskaraz idatzi zuen (atzerakargak zamaturik suposatzen dut) gizon zuria ikusi dut Donald Trumpen graziei barrezka. Portaera fisikoa egoera solidoan, izan ere. Zuri kontuez ari garela, Pentsamenduaren Klasikoak bilduma berpiztea Repsolentzat zuribide aproposa izan zitekeela bururatu zait, 2025ean 1.899 milioi euroko irabaziak izan dituela argitaratu berri den honetan.

Utzi iruzkina