Menos caliente…

Aitor Ugarte Arruebarrena

Dakizuenez, euskaraz ez daukagu gutxiagotasuneko konparazioak egiteko morfemarik, gaztelaniazko menos-en antzekorik, ez eta ‘menos + adjektibo’ moduko egiturarik ere… Hori dela-eta, teorian, ezin dugu hitzez hitz itzuli honelako esaldi bat:

Este clima es menos caliente que el nuestro (gutxiago beroa?).

Hala ere, bilatzen hasita, tradizioan aurkitu ditzakegu horrelakoak ematen saiatu diren zenbait idazlariren adibide batzuk; esaterako, hor daukagu Espiritua izanen duzu irekiago, gutxiago nahasia eta freskoago (Pouvreau), bai eta berriagoak ere: Ez da horregatik gutxiago bitxia, hala ere, lerro zuzena ia batere ez agertzea animalien arkitekturan eta izadiarenean oro har (Juan Garzia).

Gehienetan, dena dela, gutxiagotasun hori adierazteko berdintasuna ukatzera jotzen dugu, edo antonimoaren areagotasuna seinalatzen dugu beste batzuetan. Hala, etxe bat beste bat baino ‘gutxiago garestia’ dela adierazteko, etxe hau ez da bestea bezain garestia edo etxe hau bestea baino merkeagoa da esan daiteke. Bigarren aukera hori ez da, ordea, beti egokia: guztiz pobreak diren pertsona biri buruz ez du zentzurik bata ‘bestea baino aberatsagoa’ dela esateak.

Beste irtenbide bat ondoriozko egituraren bat erabiltzea da, ezezkoa hain zuzen: ez hain…

Klima hau ez da hain beroa, gurearen aldean.

Baina, horrek ere ez du beti arazoa konpontzen, eta, beraz, ez da irtenbide guztiz egokia kasu guztietan. Adibidez, zientzia-arloan, klimatologiari buruzko testu tekniko batean, segur aski un clima menos cálido ez da izango klima ez hain beroa edo ez hura bezain beroa.

Bestalde, itzulpena are gehiago zailtzen da tartean beste elementuren bat sartzen bada. Adibidez, nola itzuli honelako esaldi bat:

España es un país cada vez menos democrático.

Ez nekien nondik heldu esaldi horri, eta, proba bat egite aldera, itzultzaile neuronalean sartzea bururatu zitzaidan, eta emaitza hau eman zidan:

Espainia gero eta herrialde demokratikoagoa da.

Ez, ez da hori noski emaitza zuzena…, guztiz kontrakoa baizik.

Irtenbide bat bilatzen hasita, eta buruari buelta batzuk eman ondoren, niri hau otu zitzaidan (agian aukera erradikalegia da; ez dakit, zuek esango duzue…):

Espainia gero eta herrialde ez-demokratikoagoa da.

Asegarria? Ez dakit, zuek ikusi…

Probatzeko, berriro ere, neuronalean sartu nuen sasiitzulpen hori, eta emaitza hau eman zidan:

España es un país cada vez más no democrático.

Ez, ez da bete-betekoa, jakina. Ez du gainditu nik ‘urrezko proba’ deitzen dudana; alegia, itzulpena kontrako norabidean sartu neuronalean (eu-es bada, es-eu) eta jatorrizkoa ematen badu, itzulpen hori balekoa da niretzat.

Arazoa aztertzen hasita, konturatu naiz ezezkotasun horretan dagoela koska; izan ere, ez– horrek beste zentzu bat ematen dio esaldiari, hau da, kontrako muturrerantz doan joera bat zabaltzen du eta gainera tonu gogorregia ematen dio esaldiari. Izan ere, kasu horretan, jatorrizkoaren esanahia ez da Espainia ez dela herrialde ez-demokratiko bat, baizik eta, nolabait demokratikoa izaten jarraitzen duen arren, ez dakit, ‘demokraziatasun’-maila apalagoa duela orain. Beste hitz batzuetan, demokratikoa da oraindik herrialde hori, baina ez lehen bezain demokratikoa.

Balizko itzulpen hori salbatzekotan, hor ulertu beharko genuke zerbait abstraktuagoa dela ‘ez-demokratiko’ hori, ‘desdemokratiko’(?) edo esango bagenu bezala (herrialde desdemokratikoak edo indemokratikoak, horrelakorik balego; ez dut uste oraingoz dagoenik), baina ez dakit horretarako prest gauden. Izan ere, zenbat eta modu abstraktuagoan ulertu, orduan eta baliagarriagoa izango litzateke nire proposamen hori: ‘ebakuntza ez-urgenteak’… Ebakuntza horiek ez-urgenteagoak dira, beste batzuen aldean.

Bukatzeko, beste proba bat egin dut neuronalean, esapide ihartu batekin (ezezagun hitzarekin hain zuzen ere):

Baina, marratxoa eransten badiogu (ez-ezagun), hau da emaitza:

Bingo! Él (no ella) es menos conocido que yo.

Eta, azkenik, urrezko proba eginda, hau da lortu dudan emaitza:

Tira, probatzen jarraitu beharko dugu…

Utzi iruzkina