Nor aritzen da euskarazko interpretazioan?

Leire Azkargorta Mintegi

Eremu eleaniztuna da euskararen lurraldea. Euskaldun gehien-gehienek ezagutzen dute, gutxienez, bigarren hizkuntza bat, eta euskarak bizi dituen sozializazio esparruak erdarekin partekatuak izaten dira oso sarritan.

Euskarazko interpreteen lana, beraz, ezinbesteko elementua da euskararen eta beste hizkuntza batzuen arteko elkarbizitza horretan, nahiz eta askotan ikusezina izaten den. Euskal interpreteek, askotariko profilak izanagatik, ekarpen handia egiten diote euskararen normalizazioari, komunikazioa gauzatzeko zubiak eraikitzeaz gain, euskararen beraren presentzia bermatzen dutelako askotan beren lanarekin.

Baina nor dira euskal interprete horiek edo, beste era batera esanda, nori dei diezaiokegu euskal interprete?

Hasteko, aspaldiko eztabaida interpretaziora ekarrita, Euskal Herrian bizi den eta euskararekin lan egiten ez duen interprete bati euskal interprete esan diezaiokegu? Edo euskara ezagutzen duen baina euskararekin lan egiten ez duen interprete bati? Galdera horiei erantzunez, euskal interpretea euskararekin lan egiten duena dela esango nuke nik (nahiz eta baduen beste hizkuntza-konbinazio batzuetan ere aritzea).

Bestalde, nori esaten zaio normalean interprete? Ohikoena da interpretazio-lanetan aritzeagatik lansaria jasotzen duenari esatea horrela, hau da, interprete profesionalari. Askotariko esparruetan aurkituko ditugu euskal interprete profesionalak, esate baterako udaletxeetan, parlamentuetan, epaitegietan, akademian, osasun-arloan, erakunde publikoen ekimenetan, eta arlo pribatuan ere bai, besteak beste enpresa, GKE edota elkarteen ekimenetan.

Hala ere, beste hainbat esparrutan ere aritzen dira interpretazio-lanak egiten dituzten pertsonak, adibidez eskoletan, gaztetxeetan edota herri-mugimenduan, eta batzuetan ordain ekonomikoa jaso dezaketen arren, beste askotan lansaririk gabe egiten dituzte horrelako lanak; besterik gabe, euskara erabiltzen dela bermatzea izaten da haien asmoa.

Aída Martínez-Gómez ikertzailearen arabera, interprete ez-profesionalak elebitasun maila jakin bat eduki eta unean uneko interpretazio-lanak egiten dituztenak dira, ordainsaririk eta aurretiko prestakuntza espezifikorik gabe.

Martínez-Gómezek dioenez, askotan pertsona horien intuizioak zehazten ditu interpretazio-funtzioak behar bezala betetzeko behar diren trebetasunak eta horrek dakartzan muga etikoak. Kasu gehienetan, gainera, banaka eta modu isolatuan egiten dute lan; horren ondorioz, ikusgarritasun txikia izaten dute, ez dute talde baten elkartasunik izaten, ez eta prestigiorik ere, eta publikoki sinesgarritasun txikiagoa eman ohi zaie, nahiz eta haien laguntza jasotzen duten elebakarrek berehalako errekonozimendu soziala eman diezaieketen (Martínez-Gómez, 2015[1]).

Euskal Herritik kanpoko akademikoen literatura arakatuz gero, ikusiko dugu sarritan zerbitzu publikoetako interpretazioarekin eta etorkinekin lotzen dela interpretazio ez-profesionala, eremu horretan gero eta profesional gehiago aritu arren, oraindik ere hainbeste instituzionalizatu gabeko sektorea delako eta, beraz, askotan haurrak, etorkinen lagunak eta abar ibiltzen direlako interprete-lanetan (ibid., Antonini, 2015[2]).

Euskal interpretazioaren kasuan, aldiz, esango nuke interprete ez-profesionalek bestelako funtzio bat betetzen dutela. Izan ere, iruditzen zait gurean euskarazko interpretazioa, etorkinekin komunikatzeko baino gehiago, euskaldunek jendaurrean euskara erabili ahal izateko egiten dela.

Nik dakidala, horren inguruko daturik ez da argitaratu, eta interesgarria litzateke gaiaren inguruko ikerketa xeheagoa egitea, baina oraingoz sarean aurkitutako adibide pare bat ekar dezaket hona: alde batetik Argian argitaratutako iritzi artikulu honetan Malores Etxeberriak aipatzen du “jende asko [dagoela] gurean, profesionalez gain, bilera edo batzar bat euskaratik gaztelaniara itzultzeko gai dena”, eta beste alde batetik Bergarako Aranzadi Ikastolako esperientzia ere bikain azaldu zuten Ane Barrusok eta Estepan Plazaolak bideo honetan.

Ildo horretan, iruditzen zait euskal interprete ez-profesionalen meritu nagusia zera dela, baliabide ekonomiko urriak edo interpretazioaren inguruko nolabaiteko ezezagutza duten espazioetara eramatea bai interpretazioa, bai euskaraz aritzeko aukera. Are gehiago, ikusi dudanez, batzuetan interprete profesionalak ere aritzen dira horretan, beharbada Kike Amonarrizek aurreko batean aipatzen zuen militantismoak bultzatuta.

Horrela, interpreteen lanbidea espazio berrietan ezagutarazten da, pixkanaka erabiltzaileak interpretazioarekin ohitzen dira eta, agian, horri esker antolatzaileak beren aurreikuspenetan (eta aurrekontuetan) interpretazioa sartzen hasiko dira hortik aurrera.

Euskarak bizi duen diglosia kontuan izanda, garaipen garrantzitsua da interpreteen lana profesionalizatu izana, eta horri esker egin daiteke euskaraz hainbeste eremu eta ekimenetan. Baina, hain zuzen ere egoera diglosiko hori dela eta, oraindik ere oztopo handiak daude esparru askotan euskaraz aritzeko, sarritan interpretazioa zertan datzan ere ez da jakiten, eta eremu horietan funtsezkoa izan daiteke interprete ez-profesionalen lana edo interprete profesionalen borondatezko lana, oraingoz behintzat.


[1]Martínez-Gómez, A. (2015). Non-professional interpreters. In H. Mikkelson eta R. Jourdenais (Ed.), The Routledge Handbook of Interpreting (417-431. or.). Routledge.

[2]Antonini, R. (2015). Non-professional interpreting. In F. Pöchhacker (Ed.), Routledge Encyclopedia of Interpreting Studies (277-279. or.). Routledge.