Maitane Uriarte Atxikallende
Aurreko artikuluan adierazi bezala, interpreteok ezin konta ahala anekdota ditugu, eta oraingo honetan ere horietako batzuk zuekin partekatzera nator. Goazen, ba!
- Udaletako osoko bilkuretan lan egitea tokatzen zaigunean, edozer gerta daiteke. Behin, bilkura horietako batera herritarrak joan ziren, haserre bizian, eta izugarrizko iskanbila sortu zen. Ertzainak eta udaltzainak sartu behar izan ziren bilkura-aretora, herritarrek aretotik joan nahi ez zutelako, edo hobeto esanda, eserlekutik altxatu ere egin nahi ez zutelako. Azkenean, ertzain banak eserlekua muturretatik heldu eta eserleku eta guzti atera behar izan zituzten aretotik. Interpreteak ez zeuden aretoan bertan, beste gela batean baizik, pantailatik dena ikusten. Eskerrak…
- Osoko bilkuretan interpretatzeaz ari garela, batzuetan oso “kabina” bitxietan interpretatzea tokatzen zaigu: trastelekuetan, korridoreetan, zinegotziren baten bulegoan… Kableak bertaraino bota eta kitto. Behin, trasteleku horietako batetik interpretatzea tokatu zitzaidanean, harrituta geratu nintzen nik erabili beharreko mahai ondoan indaba-lapiko bat, aste osorako erosketak eta kalabaza pare bat ikusi nituenean.
- Batzuetan, hizlariei mikroa piztea ahazten zaien bezalaxe, itzaltzea ere ahazten zaie. Hala, interpreteok gauzatxo asko entzuten ditugu entzungailuetatik, nahi gabe. Sarritan entzuten dizkiegu komentario deserosoak, txisteak, irainak… Deserosoa izan daiteke baina barreak ere egiten ditugu.
- Pandemia garaian, interpretazio-saioak online egiten hasi ginen, interpreteak zein hizlariak. Behin, % 100ean online egingo zen bilera batean interpretatzea tokatu zitzaidan, eta parte-hartzaileetako bat autotik konektatu zen, gidatzen zihoala. Zer esan ez nekiela geratu nintzen, baina, kontatu didatenez, konexio arraroagoak ikusi dituzten interpreteak daude.
- Logikaz, hizkuntza desberdinetan egingo den kongresu bat antolatzeko orduan, interpretazio-zerbitzua izaten da kontratatzen den gauzetako bat. Horrela beharko luke, baina behin baino gehiagotan jaso izan dugu antolatzailearen edo bitartekariaren deia, interpretazio-zerbitzua kontratatzea ahaztu zaiela eta ziztu bizian bertara joateko eskatuz. Eta “ziztu bizian” diodanean, “momentu horretan bertan” esan nahi dut. Noizbait pijaman harrapatu naute.
Eta oraindik geratzen zaiguna. Kabinan hamaika ikusteko jaioak gara!

