Euskara gaztelaniaren neurrira mugarratua

Alaitz Zabaleta Sarobe

Gaztelania ez den beste hizkuntza batetik itzultzea bezalakorik ez dago, konturatzeko euskara gaztelaniaren gero eta antzekoagoa bihurtzen ari garela. Egunez egun. Maileguak eta kalko semantikoak abailan hartzen ari gara (badirudi ahaztu zaigula euskarak baduela hitz berriak sortzeko gaitasuna), eta kalko sintaktikoak ere gero eta ugariagoak dira. Baina, hori aski ez dela, kontrako norabidean ere ari gara, gaztelaniak ez dituen baliabideak euskaratik ere kentzen. Hona hemen pare bat adibide:

Elkar: gaztelaniaz ez dago halakorik. Bada, orduan, euskaraz ere ez: ezagutzen gara, ikusiko gara. Horrelakoak gero eta ohikoagoak dira eta jada ez digute belarriko minik ere ematen.

Bera / berdina: gaztelaniaz bereizkuntza hori ez dagoenez, bada euskaraz ere dena da berdina eta kitto.

Eta horrela ari da gertatzen beste hainbat hizkuntza elementurekin. Bide horretan, muga administratiboa hizkuntzaren barreneraino iritsi zaigu: Hegoaldeko euskara gaztelaniaren bidetik doa, eta Iparraldekoa frantsesarenetik. Ohartzen al gara Hegoaldeko euskaldunok, gure euskara ulertzeko, gero eta beharrezkoagoa dela gaztelania jakitea eta erreferente kultural espainiarrak ezagutzea?

Hizkuntzak beti ari dira aldatzen, bai. Baina beti ez dira abiadura berean aldatzen; hizkuntza batek egonkortasun tarte luze bat izan dezake, eta gero, urte gutxian, asko aldatu. Eta aldaketa horiek hizkuntzaren baitatik sortzen ahal dira, edo kanpoko faktoreek bultzatuta.

Zer norabidetan ari dira hizkuntzaren kanpoko faktore horiek?

Euskararen etorkizun demolinguistikoa gogorra da; minorizazio egoera larrian gaude, esaterako Iñaki Iurrebaso soziolinguistak datuen bidez adierazi digunez.

Hizkuntza eskubideetan, besteak beste Espainiako sistema judizialaren bidezko oldarraldia izaten ari gara; ondorioz, lanerako euskara eskatzea gero eta zailagoa da.

Hizkuntza politikei dagokienez, udan, Berriako elkarrizketa batean, Conchúr Ó Giollagáin adituak ohartarazi gintuen Irlandan gaelikoa egungo egoerara eraman duen hizkuntza politika beratsua egiten ari garela hemen ere, baikortasun faltsu baten izenean.

Horrekin batera, aski aztertua dago hizkuntza ordezkapenaren azken faseak direla, hiztunak eta erabilera eremuak galtzeaz gain, lexikoaren higadura, sinplifikazio gramatikala eta, azkenik, pidginizazioa. Hala, euskañola ez da euskara modernoaren erregistro informala, kolonizazioa noraino iritsi zaigun adierazten digun fenomenoa baizik.

Horregatik, gure eguneroko testugintzan eta ahozko erabileran, funtsezkoa da hausnartzea euskara zer ereduren arabera ari garen kimatzen.