Ingelesa Haur Hezkuntzan? Aukeran, nahiago ez

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Aspaldi-aspaldi ohartu ginen D ereduak ez zuela euskalduntzea bermatzen. Baina hori jakin arren (eta gure egoera soziolinguistikoa eta euskararen gizarte-estatusa zein den jakinda), batzuei, aspaldi, ideia ona iruditu zitzaien euskarazko murgiltze ereduetako umeak Haur Hezkuntzan has zitezen ingelesa ikasten.  Bizirauteko ingelesa jakitea ura bezain ezinbestekoa dela sinetsarazi digutenez, gurasoek pozik hartu zuten neurria. Ezin bestela izan. Gaur egun, Hego Euskal Herriko hizkuntza eredu guztietako haurrak 4 urterekin hasten dira ingelesa ikasten. Are gehiago, Nafarroan ―ederki kostata ― zabaltzen diren D ereduak PAI-D ereduak dira, derrigor, eta EAEn euskarazko murgiltze-eredu eleaniztunak bultzatzen ari dira.

Hainbesteko karrez eta indarrez esan digute gure haurrek, bizitzan galtzaile izanen ez badira, Oxforden jaio eta han biziko balira bezain ongi mintzatu behar dutela ingelesez, non haur ingelesdun petoak heztea bihurtu baita familia askoren xede, euskaltzaleen artean ere bai: alaba txikia zenean, euskarazko jolas talde batera eraman genuen, baina, guraso gehienen eskariz, zeinek seme-alabak euskaraz eskolatuak baitzituzten, talde hura ingelesezko jolasgune bihurtu zen.

D ereduaren ezinaren datuak oso gordinak dira. Mikel Basabek aspaldiko artikulu batean azaldu zuen zein kezkagarriak ziren EAEko ikastetxe guztietan 2019an egindako ebaluazio diagnostikoaren datuak, adierazten baitzuten D ereduak ez duela inolaz ere bermatzen elebitasunaren helburua.

Badakit eskolak bakarrik ezin duela, hertsatzen gaituen diglosiak bihurtzen duela haurren euskalduntzea hain nekeza inguru askotan, eta badakit ikastetxe batzuetan hasiak direla egoera iraultzeko neurriak hartzen. Horregatik iruditzen zait ingelesak hartzen dituen orduak ere jarri behar direla mahai gainean, haur txikiek HHko ikasturteetan zehar ingelesa ikasten ematen dituzten orduak oso baliotsuak izan daitezkeelako etxetik erdaldun eskolatzen diren umeek euskaraz hobeki (egiaz?) ikasteko.

EAEn, D eta B ereduetako ikasleei B1 maila aitortzen zaie DBH bukatutakoan, baina datuek (eta gure belarriek) besterik esaten digute. Erabilerak gaitu kezkatzen, baina euskaraz ozta-ozta dakitenak nekez arituko dira eroso eta gustura hizkuntza horretan. Nire ustez, gazte tituluz euskaldunek euskararen aldeko hautua eginen badute, ezagutza da indartu beharrekoa. Ez dakienak ezin-eta hautatu. D ereduetan ikasitako gazte euskaldunen taldetxo batekin suertatu nintzen aurrekoan: solasean ginela, hizkuntza ohituren gaiaz aritu ginen, eta garbi eta ahoan bilorik gabe aipatu zuten ikastola-/institutu-garaian beren ikaskide askok ez zekitela euskaraz bizpahiru esaldi josten.

Ez gara halakoez harritzen, baina ez ikusia egiten diegu. Ostrukarenak egiteak, ordea, ez digu lagunduko. Burua goititu, begiak zabaldu, eta belarriak zorroztu beste aukerarik ez dugu. Min ematen digun egoeraren neurriaz eta larriaz jabetu behar dugula iruditzen zait, eta egoera iraultzen lagunduko digun erraminta-kutxa hornitu, eta D ereduetan ingelesak hartzen dituen ordu mordoak kimatzen hasi ere bai.

Nolanahi ere, ez dut ezkorra izan nahi, itsasoak badu-eta esperantzarik: lankide batek kontatu berri digu 11 urteko alabak etxean esan diela ez duela ikastetxeak Lekarozen (bai, Lekarozen) antolatuko duen English Weekera joan nahi. Neskak honela azaldu die erabakia: “zertarako joanen naiz herri euskaldun batera ingelesez mintzatzera?”. Tutoreari ez zaio erabakia askorik gustatu, baina gure lankideak, ingelesaren matrakarekin ni bezain gogaitua bera, pozez eta harro kontatu digu gertatutakoa. Alaba ez da Lekarozera joanen.

Neskato horren erabakia buruan, otu zait hor egon litekeela ingelesak ikastetxeetan hartu duen garrantziaz kokoteraino gauden gurasoen aukera: beharbada gure desadostasuna erakusten hasi behar dugu, edo, gutxienez, ingelesa hautazkoa izan dadila eskatzen, HHko urteetan behinik behin. Leloetan ere pentsatzen hasi naiz: “HH: ingelesaren inposiziorik ez”, “HH: ingelesa askatasunean”; “Ingelesa HHn? Ez, eskerrik asko”; “Ingelesa HHn? Aukeran, nahiago ez”…[1]


[1] Hau ez da gaiari buruz idazten dudan lehen aldia. Blog honetan bertan testu hau argitaratu nuen orain dela ia 10 urte. Eta, Euskalerria Irratian, beste hau 2024an. Bestetik, testua idatzi ondoren, honat ekartzeko hagitz aproposa iruditu zaidan aspaldiko artikulu honen berri izan dut. Joxe Manuel Odriozolarena da eta bikain aletzen ditu ingelesaren sarrera goiztiarrak eragindako ohar kritiko zenbait.