Interpreteon anekdota-bilduma

Maitane Uriarte Atxikallende

Bai, irakurle, ondo irakurri duzu: interpreteon anekdota bitxiak jasotzea bururatu zaigu oraingoan. Lanbide guztietan suertatzen dira egoera bitxiak, haserrearazten gaituztenak zein barre galanta ateratzen digutenak. Beraz, zergatik ez hemen partekatu?

Hona hemen momentura arte jasotako batzuk:

  1. Taldeko interprete bat Brasilen lanean zebilela, sendagile batzuen interprete izatea tokatu zitzaion, faveletan. Aldibereko interpretazioa eskaini zuen infoportarekin, aldibereko interpretazioa zer zen ere ez zekiten pertsonentzat. Entzuleek flipatu egin zuten entzungailuak jarri eta hizlariek hizkuntza arrotz batean ziotena aldi berean portugesez entzuten hasi zirenean. Asko baloratu zuten, baina interpreteari esan ziotenez, are gehiago baloratu zuten entzungailuak erabili izanari esker inoren hatsa ondo-ondotik usaindu behar ez izatea.
  1. Atzerriko delegazio bat etorri zen Brasilgo osasun sistema publikoa ezagutzera. Hizlaria gobernuko arduradunetako bat omen zen, politikaria, eta delegazioko kideei bisita gidatua eskaini zien ospitale batzuetan. Interpreteak berarekin joan ziren, infoportarekin aldibereko interpretazioa egiteko. Ospitale nagusiez gain, kanpoaldeko ospitale berri bat ere bisitatu zuten, zehazki, larrialdi zerbitzua. Jendez lepo zegoen, eta pazienteak politikaria bertan zela enteratu zirenean, kexa guztien berri ematen hasi ziren, zarataka. Politikariak, bestalde, kexak ez interpretatzeko eskatu zien interpreteei, atzerriko delegazioak uler ez zitzan. Hala ere, atzerritarrak konturatu egin ziren interpreteak ez zirela dena itzultzen ari. Interprete gaixoak, erdi-erdian.
  1. Interpreteak kabinan zeuden behin, soinu-teknikariarekin batera. Antza denez, teknikaria logura zen, eta loak hartu eta zurrungaka hasi zen. Zurrungak interpreteen mikroetatik kolatu eta entzuleek ere entzun zituzten.
  1. Interprete batzuek hotel batean eskaini behar izan zuten interpretazio-zerbitzua eta ez zieten kabinarik jarri. Horren ordez, hoteleko langileek erabili ohi zuten gela baten sartu zituzten. Interpreteak lanean ari zirela, gizon bat sartu zen gelan. Hoteleko langilea omen zen, eta gela hori aldagela modukoa omen zen. Beraz, interpreteak lanean ari zirela arropa kentzen hasi zen, lanekoa janzteko. Interpreteak lanean eta gizona galtzontzilloetan. Hori bai, erabilera anitzeko kabina.
  1. Frantsesetik ingelesera interpretatu beharreko bilera batean, hizlari frantsesa “la réunion” gora eta behera aritu zen eta interpreteak “the meeting” (bilera) terminoa erabili zuen hura itzultzeko. Saioak aurrera egin ahala, beharbada hizlaria beste zerbaitetaz ari zela susmatu zuen interpreteak, eta halaxe izan zen: bilera amaitutakoan, entzule batzuk joan zitzaizkion interpreteari, barreka, hizlaria “La Réunion” uharteaz ari zela esanez.

Honaino ba, anekdota bitxi batzuk. Askoz gehiago ditugu; beraz, adi hurrengo artikuluari!