Juan Pedrorenak (II): eskaini

Fernando Rey Escalera

Blog honetan egin nuen azken artikuluari “Juan Pedrorenak” izenburuari jarri nion, Jon Etxegarai Agara gure lankide zenaren ohoretan, hark erakutsitakoetatik tiraka sailtxo bat egiteko asmotan.

Aurrekoan esan nuenez, Juan Pedrok gauza asko erakutsi zizkidan, eta oso gogoan ditut berak niri eta beste batzuei esandakoak. Azken bi hilabeteotan, gainera, buruan bueltaka dabilzkit kalko okerrak, horri buruzko ikastarotxo bat eskatu baitidate. Nahi gabe ere, oharkabean, kalko okerrei buruzko gogoeta etengabean ari naiz egun hauetan, adibide-ehizan, eta horrekin batera etorri zait blog honetarako enkargua.

Horregatik erabaki dut “eskaini” aditzaren kalko okerra hartzea hizpide.

Kalko oker horren kontrako borrokan, oroimenak huts egiten ez badit, Mikel Taberna lankidea ere aritzen zen. Uste dut Mikeli ere aditu niola noizbait ere horri buruzko zerbait.

Esaten zidan Jonek: Zergatik erraten ditek “hitzaldi bat eskaini zuela”? Galdetu zian hasieran hizlariak jendeak aditu nahi ote zuen? Ez. Ez zian deus eskaini. Eman egin zian hitzaldia.

Joan zen mendean Joni hori aditu nion arte behin ere erreparatu gabe nengoen. Baina arrazoi zuen, jakina. Eta begi-bistakoa da gaztelaniatik hartutako kalko okerra dela, gaztelania ustez dotorean aski normala baita esatea norbaitek “ofreció una charla”.

Kalkoak arrakasta izan du, eta berehalaxe aurkitu ditut halako adibideak:

Rich Bakerrek Master Industrialekolehen mailako ikasleentzat ponentzia bat eskaini zuen, “Makinen Diseinu, Kalkulu eta Egiaztapena” enbor ikasgaiaren barne. (Mondragon Unibertsitatea)

Tumaker enpresak hitzaldi bat eskaini zien Industriako Fabrikazio Gehigarriko Masterreko ikasleei. (Mondragon Unibertsitatea)

Larrazabalgo hitzaldia, baita Larrazabalgo otordua izenez ere ezaguna, 1893ko ekainaren 3an Sabin Arana Goirik garai hartan Bilbotik hurbil zegoen Begoñako Larrazabal baserri-txakolindegian eskaini zuen hitzaldi bat izan zen. (Wikipedia)

Biziolak lehen aldiz hitzaldi bat eskaini zuen atzo Aiora Zabalaren “Natura Gure Esku” liburuaren aurkezpenarekin. (Goierri irrati telebista)

Maiatzaren 10ean Silvia Federicik hitzaldi bat eskaini zuen museoan. (erran.eus)

Motorrak berotzen joateko, gaur goizean adineko pertsonei zuzenduriko hitzaldi bat eskaini dute osasun zentroko kideek zinean. (Alegiako Udala)

Uribarri guneko Magala espazio pedagogikoak hitzaldi berri bat eskaini zuen aurreko ostegun arratsaldean. (Modraberri)

Irailaren 26an, Zumarragan, adinkeriari buruzko hitzaldi bat eskaini zen, Zumarragako Adineko Pertsonen Astearen egitarauaren barruan (irailaren 25etik urriaren 1era ospatuko da). (euskadi.eus)

James Randi magoak, eszeptizismoaren eta zabalkundearen arloko aditu ospetsuetako batek, Labpsico bisitatu eta hitzaldi bat eskaini du Deustun. (Deustuko Unibertsitatea)

Hernaniko alkateak Hernani Burujabe proiektuaren inguruko hitzaldi bat eskaini du EHUko udako ikastaroetan. (Hernaniko Udala)

Orkestrako zuzendari orokorra den Iñigo Alberdik hitzaldi bat eskaini du “Fórum Europa. Tribuna Euskadi”. (Euskadiko Orkestra. Basque National Orchestra)

Eskarne Lopetegi Zalakain filologoak INGURA euskara on line ikas-plataformari buruzko hitzaldi bat eskaini du euskara irakasteko 2025-2026 ikastaroaren irekieran. (Euskarabidea. Nafarroako Gobernua)

Patricia Viscarret mendizaleak hitzaldi bat eskaini du Karakorum mendiari buruz. (NUP)

…Carmen Muñoz Regueras Ramon Bajo ikastetxe publikoko maistra, hitzaldi bat eskaini zuena. Parte hartu zuten ere Haizea Domingo Bilbao eta Rakel Gamito Gómez ikasleek… (Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkaria)

Itzultzaile neuronalak ere kalko oker hori zabaltzen laguntzen ari dira, Adimen Artifizialak dituen arriskuen erakusgarri. Begiratu besterik ez dago “El profesor universitario ofreció una charla a 30 alumnos de ingeniería” esaldia nola ematen duten.

Itzultzaile neuronala:
Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri

Elia:
Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini zien ingeniaritzako 30 ikasleri

Traslator (Google):
Unibertsitateko irakasleak 30 ingeniaritza ikasleri hitzaldia eman zien

Corpusetan begiratuz gero ere, asko dira halako adibideak. Txikikeria da, jakina, baina halako ale asko sartzen ari zaizkigu euskaran, eta, obsesiorik gabe ere, aurre egin beharko diegu. Ederki dakigu kalko batzuk egokiak direla eta tokia izanen dutela noizbait ere gure hizkuntzan. Beste batzuk, aldiz, ez dira ez egokiak ez beharrezkoak. Euskara kalko okerrez betetzen ari zaigu egoera diglosikoaren ondorioz. Oreka zailean egin beharko dugu aurrera: auzo-erdaren ekarpenak onartu eta integratu, baina haien mendeko bihurtu gabe.

EIMAren Kalko Okerrak liburuan ez dut aurkitu kalko honi buruzko aipamenik. Eta artikulu hau bukatzen ari nintzela, azken bilaketa egin, eta hara, ustekabea, EBEk bai, jaso du. Ez dakit noiz sartu zuten, baina honela dio Euskara Batuaren Eskuliburuak:

eskaini
Erdararen kalkoz —es: ofrecer, fr: offrir—, ez dagokion adiera ematen zaio batzuetan. Egoki da esatea ardoa eskaini, bertso bat eskaini, laguntza eskaini…; baina prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eskaini eta gisakoak ez dira egokiak (> prentsaurrekoa, hitzaldia, kontzertua eman, egin, jo…).

One Reply to “”

Utzi iruzkina