IZIen eta euskararen garapen jasangarria

Amaia Astobiza Uriarte

Duela hirurogei eta koska urte, gure amari zeharo zirrimarratu zitzaion auzo-eskolan ikasi eta mojetan dotoretutako idazkera, hainbeste takigrafiatu nahi izan baitzuen hain denbora gutxian, gaztetxoa izanda ere idazkari-lanetarako hautagairik onena zela erakutsi nahian. Jada ez gaude 1960ko hamarkada hartan, baina orain ere halatsu gabiltza hizkuntzarekin, aurrez tentuz ikasi eta ekinaren ekinez edertutakoa lipar batean narrasten, adimen artifizialeko tresnen bidez tarte txiki-txikian hainbeste testu sortu ahal izateak eragindako lilurak itsututa eta edukiaren nolakotasunarekiko kezka lan ondo eginaren eta errentagarritasunaren arteko zirrikitu beti lausoetan galduta. Eta ez, ez naiz ari soilik itzulpenez; kasu honetan, jatorrizko testuak ere zaku berean sartzen dira, edo aldamenekoan.

Izan ere, hortxe ari dira azken belaunaldiko AAk lehen belaunaldietako AAek sortutako testu eta itzulpenekin beren buruari jaten ematen (autofagia… selektiboa ala ez-selektiboa?) eta elikatze-kate hori behin eta berriro errepikatzen. Eta, itxura batean, inor gutxiri axola zaio makinok hala elikatuta gero eta lexiko pobreagoa eta gero eta sintaxi gutxi gorabeheragokoagoa eta gero eta adierazpen-gaitasun gutxiagoko edukiak —hizkuntzak— sortzen ditugula eta eduki/hizkuntza kamustu horiek izango direla laster, adibidez, gai potoloen inguruan erabakitzeko erabiliko ditugun argudioen eta diskurtsoen oinarri.

Egoera horren aurrean, itzultzaileak, zuzentzaileak eta interpreteak (IZI) ere kezkatuta daude, gaude, noski, AArekin, ez bakarrik lanpostuak dantzan eta langileak larrugorri jartzen dituelako, beste sektore batzuetan bezala, baizik eta baita hizkuntzaren kalitatea —eta, beraz, bihar-etziko euskara eta haren plaza guztietarako erabilgarritasuna— kolokan jartzen duelako ere.

Arretatsuak gara oso IZIok: hizkuntzaren zehaztasunaz, zuzentasunaz eta egokitasunaz arduratzen gara, eta, lan-baldintza prekarioek horretarako marjina-izpi bat uzten badigute, baita aberastasunaz eta dotoreziaz ere, ez soilik hizkuntzari zor zaion errespetuagatik, baita testuen hartzaile diren herritarrei, bezeroei, pazienteei… zor zaienagatik ere. Baina, hara, ez omen da hori merkatuak (ente oteitzar hori, abstraktua bezain pisuzkoa) behar duena, ezta merkatuak nahi duena ere. [Ohartxo bat marjinan, eskultorea aipatu dugunez: Oteizak esaten zuen, gutxi gorabehera, aurrera begira baina atzerantz zebilela idazten zuela, hau da, erroak oinarri, abangoardia helburu; beharbada buelta pare bat eman behar genioke ideia horri]

Zer nahi du merkatuak? Edukien Aroan, kontsumo azkarreko testuak eta horien itzulpenak nahi ditu, behin ikusi eta betiko ahaztekoak. Eta, jakina, edukiak efimeroak badira, bost axola merkatuari hizkuntza ere halakoxea bada, behin erabili eta botatzekoa. Euskararekiko —edo hizkuntzekiko— zinezko begirunerik edo engaiamendurik ez duen enpresa edo erakunde batean, finantzetako nork egingo du paseko testu horien kalitatearen alde? Administrazio publikoek ere egiten ez badute (eta hori beste IZI batzuek azaldu dezakezue nik baino hobeto), nola egingo dute errentagarritasun ekonomikoari soilik begiratzen diotenek?

Itzul gaitezen AA-makinetara. Kalteak kalte, jada ez ditu (ia) inork zalantzan jartzen haien abantaila askotarikoak. Behin hori onartuta, zer da hobe, gure ekonomiaren eta gure hizkuntzaren ikuspegitik: etxean garatzea ala kanpotik ekartzea? Guk bultzatzea erabilera arduratsua (hizkuntzaren kalitatea zainduz) ala dena balizko autorregulazioaren esku uztea (eta gora orotariko kamustasuna)? Eta guk eta guretik eta guretzat egin nahi badugu, nola egingo dugu?

Gehienok jakingo duzue: garapen jasangarrirako 17 helburuei beste bat gehitu zitzaien, hemezortzigarrena: Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna. Horren barruan, 17 konpromiso, 102 ekimen, 188 jarduera daude zehaztuta, eta tira, ez naiz hasi banan-banan begiratzen, baina pentsatzekoa da horietakoren batean zerbait esango dela euskararen kalitateaz (zeren bestela ez dakit zer mordoilokeria espero dugun «kontserbatzea, kudeatzea eta transmititzea» edo «zabaltzea suspertze-bidean dauden eremuetara»). Bada, ondo letorkiguke horiei arretaz begiratzea, iruditzen baitzait hor badagoela erakunde publikoetara kontu eske joateko aski oinarri. Kontuak, ez bakarrik hizkuntzaren kalitatearen eta haren etorkizun jasangarri eta duinaren erantzukizunaren ingurukoak, baita bestelakoak ere; alegia, IZIon lan- eta bizi-baldintzei zuzenean eragiten dietenak: ekonomikoak.

Konplexuak eta eskekoaren sindromea gainetik astintzeko, betiko adibidea ekarriko dut, hain baita agerikoa. Automobilgintzaren sektoreak aurrera egiten badu ez da sinmás auto asko saltzen direlako, baizik eta gobernuek sektore hori zuzenean diruz injektatzen dutelako; urtero dirutza ikaragarria erabiltzen dutelako enpresak nazioartekotzen eta legeak haien beharretara makurtzen; eta baita, noski, tarteka-tarteka herritarroi ere dirua ematen digutelako autoak erosteko, ez zintzo portatu garelako, baizik eta negozioari eutsi behar zaiolako eta Europatik datozen ingurumen-legeak bete behar direlako. Eta ondo dago hori guztia, horretarako ordaintzen baititugu zergak; besteak beste, gizarteak osotasunean baliabide berekin (zurrut) eta abiadura ber bakarrean (dobla zurrut) aurrera egiteko, gizakion eta planetaren jasangarritasuna bermatzen ahalegintzeko eta herritarren bizitza prekarioak apur bat bizigarriago egiteko.

Baina zergak denok ordaintzen ditugunez gero, industria erraldoi horretatik kanpo geratzen garen sektoreok eta langileok ere gure aldeko ahalegin bera eskatu behar genieke administrariei. Eta eskatu behar genieke, baita, herritarron dirutxoak eta Administrazioaren ahaleginak ekitatiboagoki banatzeko eta dibertsifikatzeko gure sektoreko autonomo, enpresa eta erakundeen artean; izan ere, ez da ezinbestekoa —ezta bidezkoa ere— dena fabrika traktore handien eta haien morrontzako tailer txiki apurjaleen logikara makurtzea.

Beraz: nik etsiak jo gabeko teknikarien saldo bat jarriko nuke 18. GJHko konpromisoak lan-orritik harago eramaten eta (besteak beste) IZI sektorea eta euskara hauspotzen, bata ito eta bestea asmatiko kroniko bihurtu aurretik.