Claudia Torralba Rubinos
Aspaldi daukat buruan azken urteetan lehen baino gutxiago irakurtzen ari naizelako ideia. Baina ideia horri segika, azkar-azkar, beste bat etortzen zait: ez da egia. Zuk asko irakurtzen duzu. Kontua da ez duzula gaztetan bezainbeste irakurtzen irakurtzeko plazer hutsagatik.
Garai batean orduak eta orduak ematen nituen muturra liburu artean sartuta, hara eta hona, liburu potoloekin karga-karga eginda. Irakurzaletasuna ez dut galdu, baina aspaldi utzi nituen atzean garai horiek. Zergatik utzi nion ―hainbeste― irakurtzeari? Ez nuke jakingo esaten. Boteprontoan, esango nuke denbora faltagatik dela. Baina aitzakia-kutsua ere badu horrek, ezta? Bada, horixe bera esaten dute irakurketa-ohiturei buruzko inkestan parte hartu dutenen % 46,8k. Denbora faltagatik ez bada, nekatuegi edo estresatuegi nagoelako dela esango nuke, beharbada.
Hala ere, ondo pentsatuta, iruditzen zait badagoela kontuan hartu beharreko beste arrazoi bat ere: interpretearen lanbideak berez eta bakarrik dakar irakurtzeko beharra. Eta, horregatik, literaturarekin zerikusi gutxi duen irakurketa asko egiten dugu, egunero. Eta hori ere bada irakurtzea.
Ideia hori blog honetara ekartzeko modu egokienaren bila nenbilela, interpreteen irakurketa-ohiturei buruzko oso artikulu interesgarri batekin egin nuen topo. Artikuluaren izenburua The reading habits of professional signed and spoken language interpreters da, eta egileak, Brenda Nicodemus, Minhua Liu eta Sandra McClure.
Artikuluan ahozko eta zeinu hizkuntzetako interpreteen irakurketa-ohiturak aztertu eta alderatzen dira. Oso interesgarria iruditzen zait ahozko eta zeinu-hizkuntzetako interpreteen arteko konparazioa egitea, baina gaurkoan datu bakarrarekin geratuko naiz: galdeketan parte hartu zuten ahozko eta zeinu-hizkuntzetako interpreteen % 99k eta % 90,93k, hurrenez hurren, enkarguak prestatzeko irakurketa espezifikoak egiten dituzte. Horraino, sorpresarik ez. Baina, horretaz gain, interpreteen % 98,5ek eta % 96,44k, hurrenez hurren, plazer hutsagatik ere irakurtzen dute. Horrek esan nahi du galdetegian parte hartu zuten interprete ia guztiek egiten dituztela mota bietako irakurketak; hau da, prestalanekoak eta plazerezkoak.
Artikuluan bertan aitortzen da parte-hartzaileei ez zitzaiela galdetu zer-nolako rola duen beren bizitzetan plazerezko irakurketak, baina, egileen hitzetan, emaitzek iradokitzen dute irakurketa funtsezkoa dela garapen profesionalerako, ezagutzak handitzeko, hiztegia aberasteko eta estresa murrizteko lagungarria delako, besteak beste. Ironikoki, gutxiago irakurtzeak eragin didan estresaren kontrako erremedioa ere bada irakurketa.
Gauzak horrela, zalantza gutxirako tartea dago, ezta? Interpretatzea irakurtzea ere bada.

