Gaubeltza eta euskararen arima

Alaitz Zabaleta

Arratsaldea zen, lanaldiaren bukaera. Urriak 31, ostirala. Itzulpen ataleko lankide gehienak, ordurako, ordenagailua itzali, berokia jantzi eta alde eginak ziren. Denak, bat izan ezik. Mahai hutsen artean, lozorroan ziruditen espediente eta pantaila beltzen erdian, teklatu soinu sotil batek hausten zuen fluoreszenteen burrunba leuna.

Itzultzaile hura beti gelditzen zen azkena. Berezi samarra zen, gainerakoen iritziz. Besteek “bakardadea” deitzen ziotenari hark “isiltasunaren arnasa” esaten zion. Bazekien hitzek hats hartzen dutela lanaldi amaieran, dena baretzen denean. Arratsalde hartan lege proiektu bat ari zen itzultzen, halako testu trinko eta lakatz horietako bat, sortzetik hilik zegoen dokumentu bat.

Kanpoan, bat-batean goibeltzen hasi, eta sekulako ilunbea jarri zuen. Haize ufada batek leihoa astindu zuen, eta bulegoaren izkina batean argia keinuka hasi zen. Ekaitza lehertu zen, eta lehen tximistaren distirak haren aurpegia leihoan islatu zuen, istant batez. Orduan jakin zuen unea iritsia zela. Lausotuak ziren gau hartan hizkuntzen arteko mugak.

Ostotsak burrunbaka ari ziren bitartean, sakelatik giltza atera eta mahai azpiko kaxoia ireki zuen. Han, agiri arrunten azpian gordea, belusezko poltsa beltz handi bat zeukan. Poltsaren muturra askatu eta liburu zahar bat atera zuen. Arrunt higatua zuen azala, berdea agian, eta urre mudatuzko hizkietan hauxe zioen: “Itzultzaileen orotariko grimorioa”.

Belaunaldiz belaunaldi igaroa zen liburua, eskuz esku, baina ez edozeinengana; nekromante linguistiko handiei baizik ez zitzaien ematen, hizkuntzen arteko mediumei, hizkuntzaren arte bihurrietan abilak zirenei.

Itzultzaileak hildako testu juridikoaren espirituari egin zion dei, eta galdetu: “Zer behar duzu? Zein da zure erritmoa? Zer hitz zehatz behar dituzu, euskaraz bizirik egoteko?”. Espirituaren xuxurlak entzun zituen, eta grimorioan formula zehatzak bilatzeari ekin zion.

Liburuaren azala hiruretan igurtzi, eta zabaldu egin zuen. Belar eta lizun zaharren usaina zerien orriei, eta kraska egiten zuten pasatzean. Banan-banan ikuskatu zituen atalak: Morfologiaren aztikeriak, Sintaxiaren madarikazioak, Terminologiaren sorginkeriak. Bazekien bere erronka ez zela esaldi bat zuzen jartzea bakarrik, baizik eta euskararen arima bizirik iraunaraztea testu osoan.

Behar zituen hitz magikoak bildurik, besoak itzulpenaren zirriborrorantz zuzendu eta hitzak errezitatzen hasi zen, ia abesten. Testuaren letrak diz-diz egiten hasi ziren. Itzultzaileak gehixeago abestu zuen eta hizkiak hegaldaka aireratu ziren. Itzultzaileak abesten jarraitu zuen eta letrek testuaren espiritua inguratu zuten. Ordurako nekromante linguistikoak halako bizitasunez kantatzen zuen, non bulegoko lurra dardararazten baitzuen eta, berak abestu bitartean, hizkiek espiritua pantailara eraman, eta dokumentua arnasten hasi zen. Euskarazko testua bizirik zegoen. Ez zen ohiko itzulpena; erritmoa zuen, arnasa, bizitasun argia.

Itzultzaileak abesteari utzi, eta sakon hartu zuen hatsa. Pozez eta harro begiratu zion testuari. Halako batean, ordea, pantailaren atzeko aldetik zenbait hots xume entzun zituen, murmurio batzuk: hantxe ziren deabru txikiak, -en eta -ko izenekoak, bazterrak nahasten. Berehala gramatika zabaldu eta, dei bakar batekin, haren orrietan harrapatu zituen. Isil-isilik gelditu zen bulegoa.

Orduan ohartu zen ekaitza ere baretua zela. Euriak tanta gozoekin jotzen zuen leihoa, haren abestiaren arada eginez. Pantailako letra beltzak diz-diz ari ziren oraindik, esaldi bakoitzean taupaka.

Itzultzaileak grimorioa bere tokian gorde eta dokumentua itxi zuen, izenburu soil bat jarrita: “Azken bertsioa”. Ordenagailua itzali eta bulegotik irten zen, giltzak sakelan zeramatzala. Korridoreko argiak haren atzetik itzali ziren, bata bestearen ondoren, ate nagusitik atera arte.

Gaubeltz hartan, arima bat gehiago murgildu zen kale ilunetan.