Maitane Uriarte Atxikallende
Horixe bera izan da interpretazioa niretzat, kabina zapaldu nuen lehen egunetik. Tira, denborarekin hasierako ilusioa lausotu egiten da eta hastapenetan gorputz-adarrak ere zeharkatzen zizkidan adrenalina baretu egiten da. Urteen igaroarekin irabazitako lan-esperientziak du “errua”, gorputzari lasai egon daitekeela esaten diolako, betiko lana egitera zoazela, jada hasiberri hura ez zarela eta orain errutina dela. Bihotza bete-beteta ―eta batzuetan erdibituta― uzten dizun enkargu horietako bat iristen zaizun arte.
Nire ustez, interpretea ohi baino baliagarriago sentiarazten duten enkarguak daude, bihotz-bihotzeraino iritsi eta ohi baino bitartekari xumeago egiten dutenak, eta ogibide hau zergatik eta zertarako aukeratu nuen gogorarazten didaten enkargu horiek ere behar ditut nik. Adibide bat jartzearren, orain gutxi Gazatik ihes egin behar izan zuen idazle eta kazetari baten interpretea izatea tokatu zitzaidan. 2023ko urrian, Israel Gaza bonbardatzen eta okupatzen hasi zenean, gerrako egunerokoa idazten hasi zen pertsona hori. Handik urtebetera, 2024ko urrian, seme nagusia hartu eta Gazako zerrenda osoa zeharkatu zuten ihesi, iparraldetik hegoalderaino. Rafah-ko pasabideraino iritsi ziren eta bertatik Egiptora pasatu ziren, eta handik Europara. Emaztea eta gainerako seme-alabak Zisjordaniara bidali zituen, senide batzuen etxera. Bonbetatik salbu zeuden; ez, ordea, Israelgo Estatuaren etengabeko basakeria eta umiliazioetatik.
Kazetari hori Euskal Herrira etorri zen duela urtebete eta berriro etorri da orain gutxi, eta bere interpretea izan naiz bietan. Lana egin ostean esan dezaket ohore handia izan dela bere bizipenak euskarara ekartzea. Berak eskerrak eman zizkidan, kazetariz beteta zegoen areto batean zein jendez lepo zegoen antzoki batean zubi-lana egiteagatik, baina lana bukatu zenean nik eman nizkion eskerrak berari, gure lanbide eder honen baliagarritasuna begien bistako egiteagatik, entzuleentzat zein niretzat. Hizkuntza eta kultura desberdinetako pertsona zein erakundeen arteko zubi-lana egitea beti da asebetegarria interpretearentzat, baina giza-eskubideak, gizatasuna eta sentimendurik gordinenak tartean direnean, zubi-lan hutsa baino gehiago da. Niretzat misio bat ere bada, nolabaiteko ekarpen xumea egiteko modu bat.
Orain eta beti, Israelgo gobernu sionista Gazan, Zisjordanian eta historikoki palestinarrenak diren gainerako lurretan legez kontra egindako okupazio, eraso eta urraketa oro salatzeko eta justizia aldarrikatzeko bideetako bat izaten ari da gure lanbidea, ahalik eta hizkuntza gehienetan biktimei ahotsa ematen diegun heinean. Eta niretzat, lanbide honetan lehen pausoak ilusioz eman zituen neskato hari keinu egitea ere bada.

