Galletagileak, kondesak eta mari-lotsagabeak

Isabel Etxeberria Ramírez

Aurtengo udan atera zuen albistea Berriak: Bilboko Udalak Zorrotzaurre auzoko bi kaleren izenak aldatzea onartu berri zuen, Ana Morales itzultzailearen borrokari esker. 2023an, auzo hartako berrurbanizazio prozesuaren ondorioz sortutako kaleetako biri izena jartzean, hamarkada batzuk lehenago auzo hartan lanean aritutako bi emakume talde omendu nahi izan zituen Bilboko Udalak. Hala, kale horiek Avenida Galleteras eta Avenida Cargueras izendatu zituen gaztelaniaz, eta Galletagileen Etorbidea eta Zamaketarien Etorbidea euskaraz, Artiach fabrikako langileak eta Bilboko portura iritsitako itsasontzietatik merkantzia buru gainean hartuta biltegietara eramaten zutenak gogoan, hurrenez hurren. 2023ko lehen bataiatze hartan, beraz, gaztelaniazko izendapenak lanbide horretan aritutakoak emakumezkoak zirela adierazten zuen -a morfemaren bitartez, eta bete egiten zen, beraz, emakume haiek omentzeko asmoa. Euskarazko izendapenean, berriz, euskarak izenetan generoa markatzeko morfemarik erabiltzen ez duenez, generorik gabeko lanbide baten berri ematen zen, emakumezkoen protagonismoa ezabatuta.

Berriako erreportajeak jasotzen zuenez, borroka administratibo luze bati ekin zion orduan Ana Moralesek temati, euskarazko izendapenean ere ekimen haren asmoa ―emakume haiek ohoratzea ― bete zedin eskatzeko. 2025eko ekainaren 26an, azkenik, aldaketa eskatzeko mozioa aurkeztu eta onartu egin zen, eta harrezkero bi kale horiek Emakume Galletagileen Etorbidea eta Andre Zamaketarien Etorbidea dute izena.

Albistea plazaratu eta gutxira, Gotzon Loberak iritzi artikulu bat sinatu zuen Deian, zeinean salatu egiten zuen ezen, halako erabakien bitartez, “aldameneko hizkuntza batean dauden arazoak, euskarak berez ez dituenak”, euskarara ekartzen direla, eta jakinezarekin lotzen zuen horrela jokatzea. “Zenbat bider gomutarazi behar da euskarak hizkuntza gisa ez duela generorik”, argudiatzen zuen Loberak. (Artikulu haren tonuari buruz gauza bat baino ez dut esango: ze nezesidade?).

Loberaren zutabe hari dotore, zehatz eta argudio sendoekin erantzun zion, nire iritzian, Moralesek Naiz, Berria eta Argia komunikabideetan argitaratu zen testu batean. Besteak beste, Moralesek ukatu egiten zuen euskara generorik gabeko hizkuntza denik, eta horren adibide hitanoa eta amama/aitite gisako bikoteak aipatzen zituen. Euskara, izatekotan, genero-morfemarik ez duen hizkuntza dela esaten zuen Moralesek.

Bai Loberaren testua bai Moralesen erantzuna irakurri nituenean, duela urte eta erdi inguru EHUko Letren Fakultatean ikasle batek egindako azterketatxo bat etorri zitzaidan gogora. Diego de Alba du izena ikasle horrek, eta Euskal Ikasketetako bere Gradu Amaierako Lana izan zen delako ikerketa hura: Genero femeninoa euskaraz. Teoria eta hiztunen erabilera parez pare. Lan hartan de Albak zenbait hiztegi eta corpus arakatu zituen genero femeninoa adierazten duten hitzen bila. Helburua, hain zuzen, Loberak botatako premisa teorikoa (euskarak ez du generorik) eta hiztunek egiaz egindako erabilera konparatzea zen. Beste modu batean esanda, euskal hiztunek generoa zenbat hitzetan, zeinetan eta nolakoetan markatzen duten ezagutu nahi zuen. Horretarako, hiru iturri erabili zituen probaleku edo aztergune gisa: Euskaltzaindiaren Hiztegia, Egungo Euskararen Hiztegia eta Egungo Testuen Corpusa.

Azal dezagun nola jokatu zuen de Albak. Lehenengo eta behin, Euskaltzaindiaren Hiztegiko sarrera guztien artetik, definizioan emakume, andre, neska edo alaba hitzak dituzten sarrera guztiak zerrendatu zituen. Adibidez, abadesa izenaren sarreran “emakumezkoentzako monasterio bateko burua” definizioa ageri da, eta moñoña adjektiboarenean, “emakumeez edo animalia emeez mintzatuz, polita”. Halako guztiak bildu eta eskuzko garbiketa bat egin eta gero ―amenorrea hitzaren definizioan, adibidez, emakume hitza ageri da, baina bistan da amenorrea ez dela euskaraz genero femeninoa adierazteko izen bat ―, 146 terminoko zerrenda bat geratu zitzaion.

Nolakoak dira bildu zituen hitzak? Badira, espero izatekoa den bezala, senidetasuna adieraztekoak: ahizpa, alaba, ama, arreba, ahizpaorde, alabaizun… Badira, bestalde, estatus sozialari edo emakumezkoek gizartean hartzen duten lekuari lotutakoak: andereño, andre gehien, dama, dontzeila, infanta, kondesa… Beste batzuek lanbideak edo jarduerak adierazten dituzte: abadesa, inude, kantinera, ostalertsa, prostituta, serora, soprano… Eta beste zenbaitek emakumezko horiek kalifikatzea dute helburu, dela itxurari erreparatuz (bular-harro, moñoña, morroskana, panpoxa, pertxenta, pospolin, zalamandrana…) dela izaera deskribatuz (baldraska, bargasta, ematxar, mamala, ninfomana, perkatx, parrandera, pottoka, tuntun, txatxala…).

Horiek guztiak, esan bezala, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotakoak dira. De Albak, ondoren, Egungo Euskararen Hiztegira jo zuen. Egungo Euskararen Hiztegia (EEH), jakina denez, Ereduzko Prosa Gaur eta Egungo Testuen Corpusean oinarritzen da, eta egungo erabileraren ispilua izan nahi du. Bestela esanda, gaur egungo hiztunek beren idatzietan egiaz erabiltzen dituzten hitzak jasotzen ditu, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota egon zein ez. Euskaltzaindiaren Hiztegia baino permisiboagoa da, nolabait esan, eta egiazko erabileraren adierazle zuzenagoa. De Albak, bada, antzera jokatu zuen EEHan: definizioetan emakume hitza jasotzen duten sarrerak bildu, eta eskuzko garbiketa bat egin ondoren 214 terminoko zerrenda bat lortu zuen. 214 termino horietatik 82 Euskaltzaindiaren Hiztegiko zerrendan jasoak zituen; beste 132ak ez ziren Euskaltzaindiaren Hiztegian agertzen.

Nolakoak dira Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota ez badaude ere euskal idazleek eta kazetariek genero femeninoa zehazteko erabiltzen dituzten hitz horiek? Formari dagokionez, haietako asko genero-morfema baten bidez sortutakoak dira: gaztelaniazko –a morfemadun hitzak maileguan hartuta (adultera, asistenta, azafata, batelera, bollera, daktilografa, errepublikana, heroina, jefa, kabaretera, tipa, txupinera, utopika…), edo -sa gehituta (aktoresa, alkatesa, buhamesa, dantzarisa, deabrusa, irakaslesa, kazetarisa, lehendakarisa, olerkarisa, pilotarisa…). Semantikari dagokionez, aurreko adibideetan nagusi diren lanbideak eta jarduerak ez ezik, ugari dira emakumezkoak kalifikatzea helburu dutenak: buruloka, emalizun, emazital, errubia, guapa, lerda, mimosa, morena, neskazimur, oilanda, oilandatxo, pepelerda, pija, potola, potxola, pulpos, puta, putalaba, salada, tranposa, txotxola… Kalifikatze-ahalegin horretan, azpimultzo berezi bat osatzen dute mari- osagaiaren bidez sortutakoek. Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri diren mari-bandera, mari-gizon, mari-maistra, mari-maisu, mari-matraka, mari-motrailu, mari-mutil, mari-purtzil eta mari-zikin adjektiboez gain, gaur egungo erabileraren ispilu izan nahi duen EEHak beste hauek ere jasotzen ditu: mari-agintzaile, mari-apain, mari-bekaizti, mari-belendrin, mari-bero, mari-berritsu, mari-bideetako, mari-bihurritxo, mari-burruntzi, mari-fandanga, mari-gaxte, mari-harro, mari-jakintsu, mari-kutzu, mari-lizun, mari-lotsagabe, mari-madama, mari-matxarda, mari-mutiko, mari-ozpin, mari-pertxenta, mari-petarda, mari-potxorra, mari-potxotxa, mari-salsera, mari-sorgin, mari-sorgintxo, mari-txoro, mari-zilipitrin, mari-zirri, mari-zirtzil eta mari-zorotxo.

Hirugarren pauso batean, azkenik, de Albak Egungo Testuen Corpusean ere bilaketatxo bat egin zuen. Genero femeninoa markatzen duten hitzen zerrenda luzatu nahian, corpus horretan bai –o bai –a atzizkiarekin ageri diren hitzak erauzi zituen: bobo/boba eta gisako bikoteak, alegia. Hala, eskuzko garbiketa eginda, beste bi iturrietan jaso ez zituen ia hogeita hamar termino gehiago aurkitu zituen ETCn: amerikana (adjektibo gisa erabilita, eta ez jantzia adierazteko), boba, bruta, elektrika (adjektibo gisa erabilita, ez elektrizitatea adierazteko), esposa, famosa, femenina, filosofa, flamenka, freska, funtzionaria, gorda, italiana, kortesana, ministra, musulmana, nobia, patrona, pottoka (adjektibo gisa erabilita, ez animalia adierazteko), pottola, rubia, saltsera, sardinera, teatrera, tonta, txikita eta txula.

De Albaren arakatze-lana hurbilpen bat izan zen, halako terminoak bilatzen hasteko proposamen xume bat. Eta hala ere 305 termino bildu zituen guztira. Generoa markatzen ez duen hizkuntza bat izateko, ez da gutxi. Gotzon Loberak bere artikuluan aipatzen zuen “aldameneko hizkuntza batean dauden arazoak” gurera ekarri nahi izate hura aski hedatuta dago, beraz. Euskal hiztunek egoera eta testuinguru askotan sentitu dute generoa markatu beharra; horrelakoetan, autoritateak onetsitako bideetatik jo dute batzuetan (kondesa, moñoña, bular-harro, mari-maistra…), eta araua hautsiz beste batzuetan (pepelerda, salada, tonta, txikita…). Bidenabar, uste dut ez dela kasualitatea genero femeninoa markatzeko ahalegina egin den kasuetako asko irainak eta hitz gutxiesgarriak izatea.

Bitxia iruditzen zait hizkuntzaz zenbaitek duten ikuskera immobilista eta beti batekoa, hizkuntza hiztunen erabakien eta erabileren gainetik dagoen izaki gisa ikusten duena. Hizkuntza, izan ere, hiztunok sortzen dugu aldiro; hiztunok behartzen, eraldatzen eta berrasmatzen dugu etengabe. Eta ulertzen eta babesten badut ere arauak funtzio garrantzitsua duela, eta funtsezkoa dela aldaketa-indarren eta kontserbazioaren arteko tirabiran oreka bilatzea, argi dut hiztunon eraldaketa-proposamen guztiak ez direla berdin epaitzen, eta horretarako arrazoia, Moralesek dioen bezala, ez dela linguistikoa.