Merezi du partidatzar bat ikustea?

Asier Larrinaga Larrazabal

Lehengoan, Euskaltelen publizitate hau agertu zitzaidan begien aurrera:

Gaztelaniazko bertsioak honela zioen: «Pelis, series, y ahora también partidazos». Euskaraz emateko, partidatzar hitzaz baliatu ziren: «Filmak, telesailak eta, orain, baita partidatzarrak ere».

Niri hitz horrek zalantza handia eragiten dit. Hobeto esanda, atzizki handigarriaren erabilera berri horrek eragiten dit zalantza. Euskara hiztegietan ―Euskaltzaindiaren Hiztegitik hasita―, ahalegin gero eta handiagoa igartzen da hitzen denotazioak eta konnotazioak zorrozki jasotzeko, eta, zer esanik ez, bide horretatik jarraitu beharra dago.

Konturatzen naiz, baina, hitz baten konnotazioa(k) subjektiboak direla hein batean, eta zaila dela hiztun guztiak zeharo bat etortzea berba edo hizkuntza-elementu batek zein ñabardura dituen. Hala eta ere, ausartuko naiz esatera –tzar handigarriari atxikitako konnotazioak ez direla balorazio positibokoak. «Hago isilik, beti aitzakia bila ibili gabe, alfertzar hori». «Hau ordainduko didak ba, astotzar, kirten, arraio horrek!». «Midas erregeak omen zituen belarritzar batzuk, astoarenak ziruditenak…». «Mihitzarra da denen zikintzailea». «Gaurgero ez diat etsiko, piztitzar bati bezala bizia erauzi arte». Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibide horietan eta beste zenbaitetan, konnotazioa balorazio negatibokoa da. Gainerakoetan, –tzar atzizkia handigarri hutsa da.

Gaztelaniaz, –azo da atzizki handigarri oparoenetako bat, baina beste adiera batzuk ere baditu, hala nola kolpea eta ekintza, eta, handigarri gisa, balorazio positiboko konnotazioa du berba askotan: partidazo, golazo, gustazo, ojazos, estilazo, padrazo, tipazo, cuerpazo, morenazo, pibonazo, actorazo, temazo, taquillazo, exitazo, lujazo… Euskaraz, estilo itzela, arrakasta biribila, kanta bikaina, gorputz ederra, aita maitekorra eta halakoak erabiliko genituzke, inondik inora ez estilotzarra, arrakastatzarra, kantatzarra, gorpuztzarra edo aitatzarra. Partidatzarrik, horrenbestez, ez genuke pozik ikusiko.

Ez dut ezer esango, oraingoz, euskarazko bertsioan zelan zapuztu den jatorrizkoaren estilo kolokiala.