Semaforo gorri monokromoa

Uxue Rey Gorraiz

Berriki, orain dela urtebete inguru izandako elkarrizketa bat etorri zait burura. Laneko mediku azterketan izan zen. Ni aurrez egin beharrekoak eginda azaldu nintzen kontsultara; pixez betetako flasko bat eskuetan eta lentillarik gabe ―haien ordez, betaurrekoak jarrita―. Aitortzen dut egun horretako oroitzapena dagoeneko ez dudala lehen bezain garden, baina neke aurpegia izanen nuen, seguru.

Sartu nintzen kontsultara, eta, kasik beste deus baino lehen ―gogoan baitut neronek esan behar izan niola erizainari faborez har ziezadala flaskoa ahalik lasterren, ez bainion horretarako batere presarik sumatu―, emakumeak zenbait galdera egin zizkidan. «Zer moduz bizi zaren jakin nahi dut, besterik ez», aurreratu zidan.

Galderetako batzuk aski bitxiak iruditu zitzaizkidan ―droga kontsumoari buruzkoak bereziki, zertan ezkutatu―, edo, behintzat, behin baino gehiagotan iruditu zitzaidan galderak formulatzeko zeukan manerak guztiz baldintzatzen zuela eman nezakeen erantzuna. «Si no fumas, drogas entiendo que tampoco, ¿verdad?», bota zidan lasai asko. Baina, tira, hori beste kontu bat da.

Hemen kontua baita zera galdetu zidala segidan: ea estresik banuen. Duda imintziorik ere egin gabe erantzun nion baietz, munduko gauzarik agerikoena kontatzen ari banitzaio bezala. «Bai? Zenbat?», segitu zuen hark galdezka, jakin-minez. «Tira, ba normala. Estres maila normala», esan nion nik. Haren errematea etorri zen ondotik: «Nola normala? Zuretzat zer da estres maila normala?».

Horretaz oroitzeak grazia egiten dit orain. Izan ere, esanen nuke emakumeak nahiko muturtuta eman zizkidala estresa apaltzeko gomendio batzuk, eta, oker ez banaiz, kontatu nizkion zenbait gauzak harritu ere egin zuten, neurri batean. Igual, gauza bat kontatzea ahaztu nuelako harrituko zen hainbeste? Ez niolako esan euskalduna naizela? Akaso horregatik datorkidalako, partez, ditxosozko estresa?

Dudarik balego, azken hori erdi txantxa da, noski, eta, akaso, analogia bezala ere ez zait nahi bezain fin gelditu azkenerako. Kontua da nolabait nahi nuela pasadizo hori azkenaldian aski interesgarria zaidan gai honekin lotu: hizkuntza estresarekin. Badago euskaldun izan eta estres linguistikorik ez sentitzerik?

Hizkuntza estresa: aurrean duzunarekin euskaraz edo erdaraz egingo duzun erabakitzeak sortzen du tentsioa, ezinegon sentimendua.

Hain zuzen, hori posible ote den da aurtengo Euskaraldiaren karietara han-hemenka ikusi dudan test batek zeharka plazaratzen duen aztergaietako bat. Zehazki, Kalkulatu zure hizkuntza-estresa izena du test horrek, eta, berez, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak sortua da. Zinez interesgarria iruditu zait. Batetik, laguntzen duelako ikusten estres mota hori zer ekintzatan suma daitekeen; bestetik, noski, norberaren jokabideei erreparatzeko aitzakia ematen duelako, eta haietan zuzenketaren bat edo beste egiteko motibazioa biltzeko ere balio duelako, orobat. Hementxe duzue testa eskura; egizue, egizue.

Screenshot

Nik ez ditut nire erantzunak hemen aletuko. Baina bai aitortuko dudala estres maila «ertaina» omen dudala gaur egun. Asko pentsarazi dit.

Izan ere, normala da? Behar du izan? Adibidez, normala da oraindik ez izatea talde batean gaudelarik euskaraz aritzeko aski konfiantza, batek ulertuko ez duelakoan? Edo, bestela: normala da pertsona berarekin ari naizelarik etengabe euskaratik gaztelaniara saltoka-saltoka aritzea hizketan, eta horretara ohitu izana honezkero, edo, are gehiago, nik sorraraztea halako solasaldiak? Normala, batzuetan bai, baina oraindik ere kasuen erdietan baino gehiagotan egitea lehenbiziko hitza erdaraz, bestela zaila zaidalako «ay, perdona» horri hortzen atzean eustea, nahiz eta jakin badakidan ez dela zer barkatu?

Edonola ere, beste behin, galdera mordoarekin baina kasik erantzunik gabe nabil ni. Eta besteren hausnarketetan arakatzea beste erremediorik ez dut izan, ohi denez. Hona ekarri dizkizuet zenbait amu.

Esaterako, hizkuntza estresari buruz ari garen honetan, guztiz argigarriak dira Gemma Sangines Saizen azalpenak. 2016an Lehen hitza euskaratik, semaforo berdera izenburuko artikulua argitaratu zuen Berria egunkarian, eta hor jasoak dira hainbat gako. Besteak beste, semaforoaren analogia baliatuta, Sanginesek dio hizkuntza menderatzaileetan mintzo direnek «semaforoa gorri dagoenean» baizik ez dutela sentitzen oztoporik beren hizkuntzan aritzeko. «Hau da, solaskideak ez diela ulertzen esaten dienean edo bere hizkuntzan hitz egiteko eskatzen dienean. Horretara helduta bakarrik ulertzen dute ezinbestean egin behar dutela zerbait: edo komunikazio-modua aldatu, edo komunikatzeari uko egin». Aldiz, Sanginesen arabera, «hiztun minorizatuek» ―eta euskaldunak kokatzen gaitu talde horretan― oso bestela jokatzen dugu semaforoaren parean. «Berde dagoenean ere baztertzen dugu hizkuntza». Badaezpada, erdaraz, zer gerta ere.

«Besterik gabe onartzen dugu txinatar batek ezin duela euskaraz egin, Gasteizen ezin zaiola inori lehen hitza euskaraz bota, edo alukeria galanta litzatekeela nor-nori-nork iraganean jokatzeko arazoak dituenarentzat euskaraz jarraitzea. Ez dakigu koloreak bereizten. Den-dena ikusten dugu gorri monokromoan. Beraz, hiztun arruntek bezala jokatzea litzateke kontua, onarturik edonor izan litekeela gure hizkuntzaren hiztuna, haren itxura edozein dela ere, eta nekez hitz egiten badu ere ez zaiola batere kaltegarria izango elkarrizketarekin jarraitzea».

Gaiari buruzko beste hainbat gako ere eman izan du sarritan Sanginesek, eta, jakina, ohartarazi du guztia ez dagoela elkarrizketa abiatu beharra duen pertsonaren esku. Hain justu ere, ederki dakigu egoera desatseginak nahi baino gehiagotan sortzen direla halakoetan. Neronek ere nahi baino gehiagotan jaso ditut mespretxu begiradak bueltan, euskaraz aritzeagatik, eta nekagarria da; beti ez da izaten horretarako gogorik.

Hori bai: esperantzarako motibo bila-edo, bilaketa zabalagoa egin dut sarean, eta hara non aurkitu dudan Sangines beraren beste elkarrizketa bat ―Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaratua hau―, titular eder-ederrekoa: «Hizkuntza estresa sendagarria da». Eta, horregatik, erabaki dut datorren urtean, Euskaraldiaren hurrengo edizioan bestela, berriz eginen dudala estres maila neurtzeko test hori. Ea, behintzat, arinagoa den orduan.

Bukatzeko, duda bat, guztia aldrebesteko. Euskaldunok hizkuntza estresa sentitzea ezinen da guztiz txarra izan, ezta? Kateak sentitze hutsa bada, neurri batean, mugitzen ari garen seinale. Eta, gainera, estresak haserrea pizteko ere balio badigu, aprobetxatu dezagun. Ikus gaitzatela amorratuta tarteka.

Hau esanda, uda polita opa dizuet guztiei. Besarkada bana.

One Reply to “”

  1. Hizkuntza-estresa terapeutikoa ere bada, bai horixe. Edo izan daiteke, ondo bideratuz gero.
    Estimua lantzen laguntzen du: alde batetik, autoestimua, zeure buruarekin bakean egoteko; bestetik, zurea bezalako kezka dutenen estimua (lagunak egiteko balio du, ez bakarrik etsaiak), eta, azkenik, kasu batzuetan, interpelatzen duzun hiztunaren estimua, harengan zalantza, aldaketa edo erreakzio positiborik lortuz gero.
    Aste hauetan tokatu zait, Gasteizen, 7 edo 8 gazte profesionalekin interaktuatzea (batzuk fisioterapian, beste batzuk harategiko edo beste denda bateko langileak), eta erreakzio eta profil beraz erantzun didate denek:
    1) Denek agurtu naute hasieran “Hola, buenas tardes” batez.
    2) Euskaraz badakiten galdetuta, denek baietz, euskaraz ikasi dutela eskolan, baina ahaztua/herdoildua dutela (“badakizu, adinean aurrera…”).
    3) Denei nabaritu diet nirekin euskaraz egiteko gogo/ilusio/erakutsi-nahi… bat.
    4) Denek egiten dute erdaraz haien artean.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina