Euskarazko itzulpenak gomendatzen erdaldunei

Angel Erro

I

Katalan, galiziar eta euskal literaturetako ordezkari bana Madrilgo Hizkuntza Eskolan antolatutako mahainguru batean. Niri egokitu zait euskal literatura ordezkatzea-edo. Halakoetan nork bere izenean hitz egiteaz aparte, komunitate oso baten ahoz ere jarduteko ardurak hartu ohi du.

Azken galderan gutako bakoitzak gure literaturako liburu bat, azkenaldikoa, gomendatzeko eskatu digutenean, hor nabaritu dut gehien nire izenean esklusiboan edo euskaldun guztionean aritzearen arteko talka. Espero izateko galdera izan arren, ez nuen ezer prestatua. Zer erantzun? Egunotan eskuen artean dudan liburua ekarri? Benetan liluratu nauen azkena? Eta nobedadea izateari aspaldi utzi bazion? Azkenaldian irakurleek eta kritikak harrera ona egin dioten izen bat eman, nahiz eta nik leitu ez dudan, edo ―larriago― nahiz eta niri ez ur eta ez ardo iruditu? Hor bildutako gehienek euskal literaturaren ezagutza eskasa izanen dutela kontuan hartuta, hartan murgiltzen hasteko moduko liburu eskuratzen erraza eta erdarara itzuli berria aipatuko dut? Ala aretoan dagoen euskaldunek bakarrik ezagutu ahal izanen duten egile eta liburuaren alde eginen dut, jakinik ere, itzulita izan ez denez, beste guztiak geldituko direla euskal literaturak duen mailari tamaina ezin hartuta?

Azken uneko erabakian, ez bata eta ez bestea: euskarara itzulitako erdal liburu bat gomendatu nuen, oraintxe ez dut gogoratzen zein. Ez dakit horrekin lehenago azaldutako arazoetatik zenbat konpontzen nituen. Esango nuke bat ere ez. Are gehiago, euskal literaturaren ordezkari eskasa nintzela pentsatuko zuten askok.

Agian euskal literaturari gaur egungo itzulpengintzak egiten dion ekarpena goraipatu nahi nuen. Agian guztiok ezagutzeko moduko liburu bat, aldi berean aretoko euskaldunek leitzeko eta euskaraz disfrutatzeko modukoa, plazaratu nahi nuen. Edo agian, sinpleki, nahiago nire garaikidea den lumakiderik (jendaurrean eta onerako) ez aipatu, zeina gure literaturaren marka bihurtzeko puntuan baita.

II

Hizkuntza bakoitzak modu esklusiboan eskain dezakeen plazeraren eremua poesiarena omen da. Irakurleok ez gara hain kontziente jatorrizkoan ez leituta zer galtzen ari garen eleberri bati heltzen diogunean. Hala ere nik deskubritu uste dut beste modu bat ez dakidan hizkuntza batek sorrarazten duen plazer estetikoa atzemateko. Itzulpenek eman dezakete hori. Zehazki, zuk miresten dituzun atzerriko egileek egindako itzulpenek.

Normalean ez ohi dugu jakin bere erdarara zer itzuli duten gure idazle faboritoek; normalean ez dira haien lanen zerrendan aipatzen. Haiek egindako itzulpen horiek irakur genitzake, jakina, haien liburuak ere bere hizkuntzan irakurtzeko gauza garen neurrian. Baina zentzua izanen luke? Natalia Ginzburg italieraz irakurtzeko balentria egin nezake (ez zen italierazko nire lehen liburua izanen), baina berak itzulitako Marcel Prousten Du côté de chez Swann (La strada di Swann izenburuduna) irakurtzeko gai izanen nintzateke? Nekez, alde batetik, oraintsu arte ez dudalako jakin lan horretara emana egon zela bere bizitzako zortzi urtez, baina baita, neure burua gertaerei jarraitzeko gauza naizela pentsatu arren, ez dudalako uste itzulpenaren kalitatea epaitzeko (eta hartaz gozatzeko) aski italiera dakidanik; hots, italieradunentzako ortu zarratua delako hori.

Gauza bera esan nezake, Prousten lanetik atera gabe, portugesari buruz, Manuel Bandeiraren A Prisoneira edo Carlos Drummond de Andraderen O Tempo Redescoberto itzulpenen harira, edo alemanierari buruz, Walter Benjaminen Im Schatten der jungen Mädchen (À l’ombre des jeunes filles en fleurs) dela eta[1].

Pello Lizarraldek, Fernando Reyk eta Irene Hurtado de Saratxok itzuli dute Natalia Ginzburg euskarara, Joseba Sarrionandiak eta Koldo Izagirrek Bandeira eta Drummond de Andrade, eta Walter Benjaminek euskaraz izan dituen itzultzaileen artean Garazi Arrula, Maialen Berasategi, Danele Sarriugarte edo Iñaki Segurola daude. Hala ere, ez Lizarraldek ez Reyk, ez Sarrionandiak ez Izagirrek, ez Sarriugartek ez Berasategik sekula ezin izanen dute Denbora galduaren bila-ko liburuki horiek italieratik, portugesetik edo alemanetik itzuli. Ezin itzulizko esperientzia eskaintzen baitute itzulpenek, hain zuzen.

Agian horregatik hasi beharko genuke euskal itzulpenak gomendatzen, euskarazko liburuen berri galdetzen digutenean.


[1]     Walter Benjaminek bai liburu hau, bai Recherche-aren hurrengoa, Guermantes, Franz Hessel lagunarekin batera itzuli zituen. Laugarren liburukia, Sodoma eta Gomorra, berriz, bakarka itzuli omen zuen; eskuizkribua galduta dago zoritxarrez.

One Reply to “”

Utzi iruzkina