Xabier Olarra
Horixe da Badihardugu elkarteak egindako inkesta batetik atera duten ondorioa. 4.000 herritarrek baino gehiagok erantzun dute inkesta, eta inkestaren egileek diotenez, argazkia ez da ona:
“Gehienek nahiko egoera eskasean ikusten dute”. “Herririk euskaldunenak ditu arnasgune, baina arnasestuka ari da Euskal Herriaren parterik handienean”.
Transmisioari dagokionez, jasotako erantzunen arabera, ondorio hau atera dute: “gehienek etxean, familian edo lagunartean ikasi dutela diote, eta gutxiengoa dira eskolan, euskaltegietan edo ikastaroetan ikasi dutenak”.
Demografia aurka dugu
Bada arnasgune deitzen ditugun herri txiki horietako bat, non baserri batean baziren 9 seme-alaba. Guztiek beren artean beti hika egiten zuten. Haien seme-alabak guztira 18 izan ziren. Baserri horretan maiorazko geldituak bi seme-alaba izan zituen. Baserrian gelditu zen semeak ez zuen umerik izan. Baserria hutsik dago. Hori guztia 1910 ingurutik 2010era gertatu da.
Gaur egun, Euskal Herriko familietan batez bestekoa bi ume (edo gutxiago) izatea baldin bada, ez da oso zorrotza izan behar ohartzeko transmisioa ez dagoela bermatua. Teorian bermatua litzateke neurri batean, baldin eta seme-alabek gurasoei hika entzungo baliete, baina hori anatema izan da XX. mendean.
Gainera, zerbaitegatik 9 horietatik batzuek ez zieten seme-alabei hika egiten. Haien familietan gaur egun hika baino gehiago entzuten da zuka.
Eskola eta telebista
Aipatutako hutsune hori betetzeko eskolak eta telebistak beharko lukete beren lekua. Baten batek esango dit nahiko lan dutela bestela ere irakasleek ume eta nerabeei euskaraz eginarazten, horrelako filigranatan hasteko. Eta egia da. Irakasleek badute bestela ere nahiko lan. Eta pozik egon beharko genuke gaur egungo ume eta nerabeak edozeri buruz lauzpabost esaldi segidan taxuz esan edo idazteko gauza direla aterako balira bigarren hezkuntzatik. Baina ez dakit hori ere ez ote den gehiegitxo eskatzea.
Telebistari dagokionez, gogoan dut ETBren hasierako marrazki bizidunetan hitanoak bazuela bere lekua. Ez dakit hala gertatzen den gaur egungoetan. Telebista gutxitxo ikusten dut, iritzi bat izateko. Baina horretaz arduratzen direnek kontuan izan beharko luketela iruditzen zait. Eta berdin telesailetan. Uste dut Goenkale eredugarria izan zela horretan.
Egokia iruditzen zait eztabaida-saioak, teleberriak eta oro har telebistako jarduna erregistro neutroan izatea, are pilota-partiden emanaldietako esatarien jarduna, jende guztiari zuzendua denean. Baina zergatik ez esatari biren arteko elkarrizketak hika? Uste dut horrela izaten zirela Euzkitzeren eta Tolosaren artekoak, eta ez dut uste inori belarrian minik ematen ziotenik, “eongoatxik” hura salbu. Baina, jakina, doktoreak ditu Eliza Ama Santak nik baino gehiago dakitenak.
Literaturaren salbabidea
Poztu egin naiz George Orwellen Lur jota Parisen eta Londresen, Igelaren (oraingoz) azkenekoan, itzultzaileak arrazoi literarioak kontuan izanik hitanoa erabiltzea erabaki duela jakitean. Hori ageri da Amaia Jimenez Larreak liburuaren aurkezpenari buruz egindako kronikan, hitanoa aniztasunerako atalean:
| Askotariko ostatu, lan eta tokietan ibilitakoa izanik, jende askorekin topo egin zuen bizialdian Orwellek: asiarrekin, errusiarrekin, irlandarrekin… Eta pertsonaien arteko hizketaldiak kaleko hizkeran idatzi zituen egileak jatorrizko bertsioan. Baina, nola ekarri haiek euskarara? Hitanoa erabili du horretarako Santxitz-Muxikak. «Sorterri bakoitzerako hitano mota bat erabili dut. Hibrido samar geratu da», garatu du azalpena. Adibidez, pertsona irlandar batek Debagoiena eskualdeko hitanoa erabiltzen du; frantses batek, berriz, lapurteraren antzekoa den beste bat. Kalean bizi den jendeak hika hitz egiten du; gainerakoek, ordea, zuka. Horrela, protagonisten arteko arrakala adierazi nahi izan du itzultzaileak. |
Baina, bestalde, ez da batere pozgarria jakitea liburu hori Itxaropena Argitaldariak inprimatu duen azkena dela. Gandiagaren poema hura ekarri beharko gogora:
| Esperantzari leiho bat zabaldu omen diote bizi ahal ote den ikusteko ere. Baina apenas ikusi duten esperantzarik. Desilusio usai bat erten omen da leihotik. |
Bai, iya guriak egin du. Baina iya besterik ez.

