Josu Barambones Zubiria
Euskal itzultzaileok pozik egoteko eta zoriontsu bizitzeko hamaika arrazoi ditugu. Horietako bat corpusen lurraldean jaiotzea fortunatzea da, izan ere gurean beste inon baino corpus gehiago aurkituko ditu bidaiariak. Gauza jakina da ez litzatekeela itzultzailerik existituko corpusik ez balego.
Euskaldunok corpusekiko dugun zaletasuna agorrezina da, halako moduan non lurralde malkartsu honetan paroxismoaren gailurra jo baitu. Edozein gai edo arlo dela ere, beti egingo zaio txoko bat corpusen lurraldean. Tajuz, tentuz eta zentzuz itzultzeko ez ezik, hizkuntza teknologiak garatzeko ere baitezpadakoak omen dira. Eta batek pentsa dezake dagoeneko euskara teknologikoki oso aurreratua egongo dela eskura dauden corpusen tamainari bistadizo bat ematen badio.
Euskalbarren corpus hauek ageri dira: orokorrak (12 zenbatu ditut), eleaniztunak (4) eta espezializatuak (5). Eta ez daude guztiak: Goenkale corpusa, kasu, ez dago (Egungo Testuen Corpusaren barruan dago, halere). Baina horrekin konformatu ez, eta hara non beste corpus bat sortzeko eta garatzeko proiektua aurkeztu duten orain dela gutxi: Euskorpora, euskal corpusetan corpusena izango omen dena (beharbada zantzu bat baino ez da, baina ia aldi berean jakin dut Euskorporaren jaiotzaren berri eta euskal kulturaren sinbolo bat izan den Itxaropena argitaldariaren heriotzarena). Eta zertarako sortzen da Euskorpora? Euskokorporako webgunean hau irakur daiteke: “Baliabide linguistikoak ondo dituzten eta ez dituzten hizkuntzen arteko aldea murrizteko”. Baina ez al da nahikoa dagoeneko eskura dugun Egungo Testuen Corpusarekin, 21. mendeko ereduzko corpusarekin? Guztira 430,7 milioi testu-hitzez osatua eta 3.584.978 hitz desberdinez. Euskorporak bost milioi bider, milioi bat bider hobetuko du?
Itxaro Bordak Berriako maiatzaren 18ko artikuluan zioen bezala, badirudi euskararen etorkizuna segurtatzeko behar ditugun hiru gauzen artean “dirua ausarki uztea” dela horietako bat. Izan ere, Euskorpora behar bezala doitu eta garatzeko, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren bidez, 5,55 milioi euroko zuzkidura bideratuko da (“zuzkidura”, zer hitz polita, durunditsua). 2025erako bi milioi euro esleitu zaizkio eta hurrengo urterako beste hiru milioi euro. Hori gutxi ez, eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailak beste 550.000 euroko ekarpena egingo du hasieran, berotzen hasteko.
5,55 milioi euro, harrapa ezak/n. Gutxi? Askotxo? Ez dakit, baina corpusek ere jan behar izaten dute, eta zer jaten du corpus batek? Testuak, bai, testuez elikatzen dira, orotariko testuez: kalitate exkaxeko testuez eta kalitate oneko testuez, eta jakintza arlo guztietakoez. Eta bitxia begitantzen zait, besteak beste, testu literarioak sortzea eta itzultzea xedetzat dituzten elkarteek zenbat diru jasotzen duten. Gure Elkarteak, EIZIEk, 90.000 euro jasoko ditu 2025ean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzatik elkarteko ekintzak garatu eta Literatura Unibertsala bilduma eta berrargitalpen-plana sustatzeko. Hau da, urtean literatura unibertsaleko hiruzpalau liburu argitaratzeko beste, gordin esanda. Literatura unibertsaleko liburuekin jai dute corpusek, gosez hilko baitira. Euskal Idazleen Elkarteak 62.000 euro literatura-sektorea sustatzeko eta Euskal Editoreen Elkarteak 85.000 euro liburugintza-sektorea laguntzeko. Gutxi? Askotxo? Ez dakit, baina lehentasunak non dauden jarrita argi dago.
Baina ya esta. Euskarak behar zuen panazea hemen dago. Euskorpusari esker, gailu digitalak euskaraz jarduteko gai izango dira. Horrela, esaterako, Sirirekin edota Alexarekin euskaraz aritzeko aukera izango dut (Zergatik ez erabili horien ordez euskal izenak, esate baterako, Antton eta Arantzazu?), haiek ere euskalduntzea lortuko dugulako (agur euskaltegiei). Dagoeneko batek ikus ditzake inbertsio horren emaitzak Euskorporaren berri ematen duen Eusko Jaurlaritzako webgunean bertan: “Inbertsio horrekin, gainera, adimen artifizialaren eta datuaren kudeaketaren euskal ekosistema ere dinamizatuko da”. Zer ote da euskal ekosistema dinamizatzea? Nik jakin ez eta robot horietako bati galdetzea otu zait. Hona erantzuna:
| Euskal ekosistema dinamizatzea, zure galderari erantzunez, ekosistema hori biziberritzeko, sustatzeko eta hazkundean laguntzeko lanak egitea da. Hau da, ekosistema hori osatzen duten enpresa, startup, ikerketa zentro, erakunde eta profesionalen arteko loturak eta lankidetza indartzea eta bultzada ematea da helburua. Horrela, berrikuntza, enplegua eta garapena sustatzen dira, eta ingurune eraginkorragoa eta sortzaileagoa sortzen da. Euskal ekosistema dinamizatzea, beraz, ekintza, topaketak, sareak eta proiektu berritzaileak bultzatzea da, tokiko eta nazioarteko eragileekin elkarlanean arituz. Laburbilduz, euskal ekosistema dinamizatzea ekintza eta estrategia multzoa da, Euskal Herriko ekonomiaren eta berrikuntzaren garapena laguntzeko asmoarekin. |
Erantzunaren borobila ikusita, hemendik aurrera bakarrik robotekin hitz egiteko deliberamendua hartu dut.

