Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Inpresioa dut gero eta ohikoagoa dela baieztatzea euskararen eta, beraz, euskal hiztunon «garaiko erronka» teknologia berrietan gure hizkuntzaren presentzia bermatzea dela. Hots, euskararen «etorkizuna» eremu digitalaren zelaian jokatzen dela, eta, beraz, gure indarrak hara bideratu behar ditugula, euskararen heriotza ekidin nahi badugu. Horren «izar mediatikoa» bihurtu da Adimen Artifiziala, eta, zehazki, hizkuntza teknologia adimendunak, Patricia Barroni hitzak lapurtuz[1].
Izan ere, zenbat elkarrizketa eskaini zaio euskaraz Adimen Artifizialari azken urteotan? Zenbat pentsamendu eskaini dizkiogu euskaldunok, zenbat klik egin dugu hura erabiltzeko, zenbat diru bideratzen ari da horretara? Zenbat jardunaldi, hitzaldi, mahai-inguru, albiste, formakuntza, hitzarmen, ikerketa, tabernako tertulia? Zer etorkizun hurbil ari gara irudikatzen ―eta eraikitzen― elkarrizketa eta praktika horietako bakoitzarekin?
Hara nire iritzia: euskararen eta, beraz, euskal hiztunon etorkizunaren diagnostiko horri erpin asko eta inportanteak falta zaizkio, eta nago urgentzia horra bideratzeak interes jakin batzuei erantzun ahal diela. Gaur gaurkoz eremu digitalean euskararen presentzia bermatzea garrantzitsua da, nor bere burutik hasita[2]. Baina zer eremu digitali? Etorkizunaz eta begirada estrategikoaz ari bagara, AA lehentasuna izatea zalantzagarria iruditzen zait.
Hasteko, planetak muga biofisikoak dituelako. Jabetzen al gara Adimen Artifizialak behar duen ordenagailutzar batek zenbateko energia eta ur kontsumitzen duen Chatgptri galdera bat egin eta bere entrenamenduan gure aletxoa jartzen dugun bakoitzean? Badakigu energia eta ur horiek nondik ateratzen diren eta nola dauden erregai fosilen erreserbak eta urtegiak?
Petrolio eta gas naturalaren estrakzioa gero eta zailagoa da, geroz eta gutxiago dagoelako, dagoena gero eta kalitate txarragokoa delako, eta maiz estrakzio-kostuek etekinak gainditzen dituztelako, hortaz, ez dute lehen bezainbeste hornitzen; berriztagarriak, era berean, ez dira gai egungo energia-kontsumo maila sostengatzeko[3]. Eta inportanteena: planetaren bizigarritasuna bermatzen dituzten bederatzi muga fisikoak zeharkatzeko norabidean goaz, arazoa ez baita klima-aldaketara mugatzen, badira beste zortzi eremu kritiko ere[4]. Horrek esan nahi du mundu-mailako energiaren kontsumoa mugatu egin beharra dagoela planeta bizigarria izateko. Energia zertara bideratzea erabakiko dugu: adimen artifizialera guk egiten dakigun gauzetarako, ala soilik lehentasunezkoak diren erabileretarako, adibidez, helburu terapeutikoetarako[5]?
Galdera ez da «energia-desazkundea bai ala ez», Ama Lurra oihuka ari zaigu ezin duela arpilatze maila hau sostengatu. Galdera da aldaketa hau nola egingo dugun ahalik eta justuena. Behar ez dugun energia-kontsumoari desazkundea aplikatuz, bai: gerrei, aberatsen gehiegikeriei, arropei, plastikoari, jaki prozesatuei, auto pribatuari, AAren erabilerei[6]… Eta behar ditugun alderdi horiei guztiei hazkundea aplikatuz: zaintzari, osasunari, kulturari, sormenari, erritmoa moteltzeari, garraio publikoari, bizikletari, sakon arnasteari, etab. Seguru blog hau irakurtzen duten askok bizitza erabat bizigarria ezagutu dutela azken urteotako energia-kontsumo basati hau gabe ere.
Horrez gain, ezaugarri problematiko asko ditu egungo AA ereduak. Dakigunez, sektore askori eragiten die, itzultzaileei, noski, baina baita artistei, bikoizleei, etab.[7]. Pentsatzen dut badirela euskarazko AA auzolanean eta kode-irekian eraikitzeko zenbait proposamen, baina, horietatik kanpo, gauzak oso bestelakoak dira[8]. Ez ditut hemen zerrendatuko aurreko blog-sarrera askotan eztabaidatu diren gainerako auziak, baina gaiak sortzen duen zalapartak erakusten du, nire ustez, kezkak handiak eta zilegiak direla.
Azkenik, nire iritziz euskarak hiztunak izango ditu adimen artifizialik gabe ere, bizitza publikoa non gertatzen den komunitateak erabakitzen duelako, bere praktiken bidez. Energia-kontsumoari muga jartzen badiogu, agian ez dugu pantailarik izango 24 orduetan begiratzeko, eta beste zerbaitetara bideratuko ditugu gure praktikak. Horietan euskaraz egitea da gakoa, hots, betikoa: erabilera. Erabilerak bermatzen du etorkizuna, nire iritziz ez dago beste formularik. Horri oraintxe bertan ekin ahal diogu. Etorkizunari begira bagaude, datorren astean hasiko den Euskaraldia serio hartzeak, nire ustez, zimendu askoz sendoagoak jartzen ditu ezein AAk baino. Uste dut ezin dugula ahaztu Adimen Artifiziala, fisikoki, elektrizitate-korrontetik desentxufatu orduko hondakin bilakatzen den ordenagailu multzoa baizik ez dela, eta entrenatzen dituen giza-daturik gabe adimengabea dela.
Euskarak behar du mingainetan eta gorputzetan egon, ospitale eta eskoletan, elkartasun ekintza orotan, bizia erdigunean jartzeko oinarrizkoak diren lanbide guztien artikulazioan. Zenbat eta lehenago hasi halako elkarrizketak biderkatzen, orduan eta hobeto erantzungo diogu komunitate gisa egoerari, eta orduan eta bermatuago izango dugu «euskararen etorkizuna». Ez dakit euskara batua sortu zenean hil ala bizikoa zen kontua, baina orain nahiko argi dut baietz, hizkuntza-aniztasuna, bioaniztasuna bezalaxe, maldan behera doa-eta.
Euskarak behar du bere sostengu materiala bermatzeaz hitz egiten duen hiztun komunitate sendo bat. Prozesu hori egiteko zer aliantza eta zer adostasun bilatuko duen eztabaidatzen ari dena. Elikadura-burujabetza helburu duena eta agroekologian trebatzen dena, lur emankorrak dituena. Kontsumitzen duen energia nondik lortzen duen dakien hiztun komunitatea behar du. Zeren euskarak ez baitu hiztunik ez badute jatekorik edo beharrizanak betetzeko energiarik, eta hamaika modu dago gaurtik hasita bide hori euskaraz eraikitzeko.
Zergatik ari gara Adimen Artifizialaz hainbeste hitz egiten? Noren poltsikoak betetzeko? Noren pare egoteko? Zein da «garaiko erronka»?
[1] Adimen Artifiziala eta euskara, Patricia Barron Berria egunkarian.
[2] https://www.lehenhitza.eus/
[3] Energiaren sektorea omen da egun mundu-mailan isuri gehien eragiten dituena. Antonio Turiel itzalaldia dela-eta elkarrizketatu dute azkenaldian, eta euskaratuta dugu haren Petrokalipsia liburua.
[4] https://eu.wikipedia.org/wiki/Muga_planetarioak
[5] Minbiziaren diagnostikoa errazteko, kasu.
[6] AAren erabilera askoren kostu ekologikoa erabat aurreztu liteke, eta algoritmoak entrenatzeaz aparte ez dago argi zein den haien funtzioa.
[7] https://ace-traductores.org/manifiesto-de-la-cultura-ante-la-ia/
[8] Kontrastatzea lortu ez dudan adibide bat ematearren, mihigaiztoek diote besteak beste Teslaren jabe ernegagarria aberasteko entrenatzen ibili garela AA urteetan, Googleko captcha delakoetan trafiko-seinaleak identifikatu ditugun bakoitzean.

