Heraklito eta Artamendi UEUn, 1977an

Gidor Bilbao Telletxea

UEUk unibertsitate-jakintzaren komunikazioan 1977az geroztik eginiko ekarpena aztertzean ikusi nuen lehenengoz Euskarianako fitxa katalografikoa: HERAKLITOren ‘Izadiari buruz’ izenburua duen liburuxkaren ale bat, ale ezagun bakarra, HABE Liburutegian.

Azalean, 5. Udako Euskal Unibertsitatearen logotipoa dauka, eta egile-editore gisa edo, “Filosofia Saila”. Barruan, 12 orrialde mekanografiaturen kopia (bistan da Gestetner kopia-paperaren ur-marka), 1977 hartako UEUren beste jakintza-alor batzuetako argitalpenetan ikusi dugun moduan. Lehenengo orrialde mekanografiatuan, berriz ere izenburua: HERAKLITOren “Izadiari buruz”. Eta ondoren, beste aurkezpenik gabe, Heraklitoren 126 testu-zatiren euskarazko itzulpenak, bakoitza bere zenbakiarekin, Heraklitoren testu-zatien edizio modernoetan argitaratu ohi diren erara, esan behar baita Izadiari buruz (περὶ φύσεως) Heraklitoren liburu osoaren izenburua litzatekeela, baina zatiak baino ez ditugula ezagutzen, hain zuzen UEUk 1977an euskaraz argitaratu zituen horiek. Edizioen arabera gorabeherak izaten diren arren, hala kopuruan nola zenbakitzean, UEUk edizio horietakoren bat oso-osorik euskaraturik argitaratu zuen.

Itzulpena nolakoa den ikusteko, hona hemen lehenengo zatia, lehenengo grekoz, gero 1977ko itzulpenean, eta azkenik Javier Aguirre Santosek eta Felipe Juaristik 2004an Pentsamenduaren Klasikoak bildumarako eginiko itzulpenean (Filosofo presokratikoak liburukian).

SEXTO ENPIRIKO, Matematikarien kontra VII 132 (22 B 1)
(τοῦ δὲ) λόγου τοῦδʹ ἐόντος (ἀεὶ) ἀξύνετοι γίγνονται ἄνθρωποι καὶ πρόσθεν ἢ ἀκοῦσαι καὶ ἀκούσαντες τὸ πρῶτον· γινομένων γὰρ (πάντων) κατὰ τὸν λόγον τόνδε ἀπείροισιν ἐοίκασι, πειρώμενοι καὶ ἐπέων καὶ ἔργων τοιούτων, ὁκοίων ἐγὼ διηγεῦμαι διαιρέων ἕκαστον κατὰ φύσιν καὶ φράζων ὅκως ἔχει. τοὺς δὲ ἄλλους ἀνθρώπους λανθάνει ὁκόσα ἔγερθέντες ποιοῦσιν, ὅκωσπερ.

UEU, 1977
1 Lógos hau, izan, beti delarik ere, gizonek ez dute ulertzen ez (hartaz) entzun aurretik, ez entzunda gero ere. Gauza guztiak lógos honen arabera direlarik ere, ba dirudi zenbait jende ez dela hartaz ohartzen, nahiz eta jende berau halako hitzak eta egintzak esperimentatuz bizi, holakoak baitira nik neure gogaketan darabiltzadanak, bakoitza bere izaeraz berezirik eta nola den adieraziz. Gainerako jendea esnai dabiltzala egindakoez ere ez da ohartzen, lotan egindakoez oroitzen ez diren bezala.

Pentsamenduaren Klasikoak, 2004
1 Beti indarrean bada ere, arrazoi hau ulertzeko ezgai azaltzen dira gizakiak, bai entzun aurretik bai entzundakoan. Izan ere, den-dena arrazoi horren arabera gertatzen bada ere, ezjakinak dirudite, hitzetan eta ekintzetan adituak diren arren, nik horrelako hitz bakoitza eta ekintza bakoitza zehatz-mehatz eta haren izaeraren arabera nolakoa den adierazten dudanean. Baina gainerako gizakiak ez dira ohartzen esna egonik egindakoaz, lo egonik egindakoaz ahazten diren moduan.

Heraklitoren estilo aforistikoa ez da erraza eta, nire ustez, 1977ko itzultzaileak oso ondo asmatu zuen gehienetan. Hona hemen adibide batzuk:

84a Aldatuz hartzen da atseden.

85 Latza, nor bere buruari oldartu beharra; zeure arimaren trruke erosiko baituzu gura duzuna.

87 Gizon kamutsa hitz oroz ohi da txunditzen.

90 Gauza guztiak su bilakatzen dira eta sua gauza oro bilakatzen da: urrea salgai-truke eta salgaia urre-truke bezala.

98 Hades-usaina darie izpirituei.

103 Obuaren zirkunferentziak puntu bera du buru-buztan.

119 Patu gizonarentzat bere izaera. (Patu du gizonak bere izaera).

126 Hotza bero da bilakatzen, beroa hotz, bustia lehor, lehorra busti.

Gutxi batzuetan, esango nuke itzultzailea hiztegiaren zokoren batean ibili dela ordain egokiaren bila. Nik behintzat hiztegia behar izan dut 125. testu-zatiko zadura-badura ulertzeko:

125 Zadura-badura bera ere mindu egiten da, nahastu ezean.

Grekozko jatorrizkoan ὁ κυκεὼν da, gaztelaniazko itzulpenetan brebaje, eta, euskarazkoan zadura-badura, OEHren arabera, soilik Larramendiren, Harrieten eta Azkueren hiztegietan eta Orixeren testu batean erabilia.

Baina nor izan zen itzultzailea? Dirudienez, Anton Artamendi Mugerza, dokumentuan bertan haren izenik agertzen ez bada ere. Zorionez, UEUren artxiboan ondo gorde da 1977ko ikastaroei buruzko txostena: ikasleei buruzko estatistikak, irakasle guztien izen-abizenak, jardunaldi guztietako parte-hartzearen datuak, diru-sarrerak eta irteerak, babesle guztien diru-laguntzen kopuruak… eta “VI. Apuntes – Argitalpenak” atala.

Atal horretan, UEU harro agertzen da bere aitzindari-lanarekin (eta ez da gutxiagorako, 1977an!):

Udako Euskal Unibertsitateak aurrera pausu garrantzitsua eman du bostgarren saio honetan. Irakasleek eman zitzakeen ikastaldi borobilak baino zerbait gehiago egin nahi izan dugu. Horrexetarako, hain zuzen, urtean zehar prestatu ziren gaiak, eta udako ikastaldietarako, Apunte gisa, argitaratuta eman. Euskara hutsean hezurmamitu eta idatzitako 1438 horrialdeok Udako Euskal Unibertsitatearen textugintzaren hasikin ditugu.

Eta berriz ere zorioneko gara, ondoren hau dakarrelako:

Honatx Apunte eta egileen zerrenda:

[…] FILOSOFIA (DIALECTICA)
– HERACLITO: Antton Artamendi.               12 horrialde
– HEGEL: J. Antonio Amutxategi.                8 horrialde
– MAO: Jon Sodupe.                                            15 horrialde

Amutxategi dakarren lekuan, Amutxastegi irakurri behar da (Jose Antonio Amutxastegi Etxabe), jakina, Sodupe dakarren lekuan, Sudupe (Jon Sudupe Martija), eta Antton dakarren lekuan, Anton (Anton ―edo Jose Antonio― Artamendi Mugerza). 1977 hartako UEUko Filosofiako ikastaroaren egitarau osoa ere gorde da UEUren artxiboan, eta dokumentu honetan akatsik gabe bildu dira izen guztiak:

V. UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA

FILOSOFIA
SAILBURU: ANTON ARTAMENDI

PROGRAMA

DIALEKTIKA
1.−  Heraklito (I)
2.−  Heraklito (II)
            Hizlari: ANTON ARTAMENDI

3.−  Platon (I)
4.−  Platon (II)
            Hizlari: ANTON ARTAMENDI

5.−  Descartes – Leibniz (I)
6.−  Descartes – Leibniz (II)
            Hizlari: JESUS MARI LARRAZABAL

7.−  Hegel (I)
8.−  Hegel (II)
            Hizlari: J.A. AMUTXASTEGI

9.−  Lenin (I)
10.−  Lenin (II)
            Hizlari: P. GARMENDIA

11.−  Mao (I)
12.−  Mao (II)
            Hizlari: J. SUDUPE

Ez da nolanahiko egitaraua! Mirestekoa da halako egitaraua apailatu izana, halako izenekin.

Filosofia Sailak 1977ko ikastarorako prestaturiko ikasmaterialetara itzulita, ez dut ezagutzen Jose Antonio Amutxastegik Hegeli buruz idatzitako zortzi orrialdeko liburuxkaren alerik. Jon Sudupek Maori buruz idatzitako hamabost orrialdeak UEUren liburutegian ikus daitezke, Mao: kontradizkzioaren teoria izenburuarekin. Eta Anton Artamendik Heraklitori buruz paraturiko hamabi orrialdeak… Heraklitoren Izadiari buruz izeneko liburuxka izan behar dira, hain zuzen Heraklitoren testu-zati guztien euskarazko itzulpena.

Anton Artamendiren biografia osoena Eibarko Udalaren webgunean aurkitu dut, baina nago euskalgintzan (UEUn, adibidez), euskal unibertsitateari buruzko eztabaidan, edo Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak antolatzean eginiko ekarpenak ahaztuta ez ote diren geratu. Egia da Inguman bilduriko Artamendiren aztarnak ia-ia soilik 1975-1979 tartean pilatzen direla, eta, iruzkintzen ari garen Heraklitoren itzulpenaz gain, hark idatziriko lan bakarra aurkitu dudala euskaraz, hain zuzen Jakin aldizkarian 1977an “Unibertsitatea dela eta” argitaraturiko 15 orrialdeko artikulua (Eta kitto Eibarko astekarian 2005-12-16an argitaraturiko elkarrizketaz landa).

Egongo da Anton Artamendik euskalgintzan (eta euskal itzulpengintzan?) egin bide zuen ekarpenaz nik baino gehiago dakienik, nik egunotan ikasi dudana baino ez baitakit… blog honetako iruzkinen txokoa leku egokia izan liteke ekarpenak jasotzeko.

One Reply to “”

  1. Anton Artamendi ezagutzeko suertea izan nuen Iruñean estudiante tunante nintzen garaian. Hark emandako Antropologia ikastaro batean parte hartu nuen, 1976-77 aldera. Non ote ditut egun haietan harturiko apunteak? Nire pisukideak ez ziren aparte ekimen haren antolaketatik, eta oroitzen naiz nola etorri zen egun batean afaltzera gurera. Ni gazte eta berde orduan, hagitz gizon interesgarria iruditu zitzaidan jaun hura. Jakintsua eta komunikatzaile ona. Tratuan atsegina eta gozoa. Nik ere pentsatu izan dut, neure baitan, nola ez den haren berri gehiago zabaldu gure artean.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina