KonformismoAA

Ane Garmendia Alberdi

Azkenaldian, asko hitz egiten da adimen artifizialaz. Blog honetan ere zenbait bider jorratu den gaia da, hainbat ikuspegitatik. Nik aukera hau baliatu nahi nuke nire kezka nagusia azaltzeko. Egiari zor, adimen artifizialak berak baino gehiago kezkatzen nau gizakion ergelkeriak, axolagabekeriak eta denaz paso egiteko daukagun gaitasunak. Arriskutsua dena ez da adimen artifiziala, baizik eta gizakiak tresna hori erabiltzeko modua.

Duela urte asko, ikus-entzunezkoen munduan fansubs delakoak agertu ziren. Fansub hitza fan eta subtitled hitzen laburketa da, hau da, zaleek baimenik gabe eta irabazi asmorik gabe edo doan egindako azpidatziak dira. Hasieran, animea japonieratik beste hizkuntza batzuetara itzultzeko erabili ziren Estatu Batuetan, baina laster hedatu ziren Europara eta Asiara, baita beste hizkuntza-konbinazio batzuetara ere. Doan zirelako eta eskuragarri zeudelako, jende asko hasi zen horrelako edukiak ikusten eta enpresa batzuk ere azpidazle afizionatuen lana erabiltzen hasi ziren itzultzaile profesionalen kostua eta epeak murrizteko. Ez dago misterio handirik. Azpidatzi batzuk ondo eginda egongo ziren, ziurrenik, baina asko akatsez beteta zeuden: akats linguistikoak eta azpidatzien ezaugarri teknikoei buruzkoak. Nik azpidatzi kaskar batzuk ikusi eta pentsatu nuen hura ezin zezakeela inork irentsi. Nork ikusiko zuen hain gaizki itzuli eta azpidatzitako telesail bat? Bada, lagun batzuekin gaiari buruz hizketan, konturatu nintzen beste batzuek ez zutela halako exijentzia maila eta bost axola zitzaiela azpidatzien kalitatea. “Esaten dutena gutxi gorabehera ulertzen bada, ni konforme. Eta gainera doan da”. Benetan, flipatuta gelditu nintzen. Ezin nuen ulertu. Orain barre egiten diot garai hartako Aneri. Gaixoa.

Eta fansubek ibilitako antzeko bidetik doa adimen artifizial sortzailea ere ikus-entzunezkoen alorrean. Askori berdin zaio jasotzen ari dena txukuna den ala ez; akats ortografikoak dituen ala ez; azpidatziak karakterez beteta daudelako irakurtezinak diren ala ez. Jende asko doakotasunera eta berehalakotasunera harpidetuta dago. Dena den, badago argi izpirik iluntasunean. Duela urte batzuk polemika galanta sortu zen Squid Game (Txibiaren jokoa) telesail hegokorearraren azpidatzi automatikoak zirela-eta. Antza, Netflixek koreeratik ingelesera itzuli zuen automatikoki, eta jarraian ingelesetik beste hizkuntza batzuetara, hori ere automatikoki. Protesta ugari egon zen, zalaparta handia, eta uste dut azkenean Netflixek azpidatzi horiek kendu behar izan zituela. Gora protesta.

Zoritxarrez, esango nuke euskararentzat egoera are larriagoa eta kezkagarriagoa dela. Sarri sentitu dut euskarara egindako itzulpenak izapide hutsa izan direla. Hemengo enpresa askok jatorrizko testua gaztelaniaz sortu eta euskarara itzultzeko itzulpen automatikoa erabiltzeak, hautu zehatz horrek, argi erakusten du ia inposatutako tramite bat dela beraientzat eta bost axola zaiela itzulpenaren kalitatea.  Axola ez zaizun zerbaitetan sosak gastatzea zaila da, jakina. Eta orain adimen artifiziala harribitxi gisa ikusten dute askok. Izapidea arin eta doan egiten duena. Ikus-entzunezkoen alorra ez da salbuespena eta egin dira eta egingo dira saiakerak edukien itzulpena ahalik eta gehien automatizatzeko. Hortxe egon behar dugu guk, erne, emaitzak aztertzeko eta euskarazko edukien kalitatea eta kopurua aldarrikatzeko. Eta horregatik tematzen naiz ni protesta egitearen kontuarekin.  Batzuetan alferrik izango da. Euskarazko eduki baten kritikak ez du sortuko Squid Game telesailak eragindako eztabaida, baina ez gaitezen konformistak izan eta egin dezagun protesta gure hizkuntza-eskubideen alde.