Euskaraz ere badugu maskulino generikoa

Itziar Otegi Aranburu

Interes handiz irakurri nituen duela gutxi Asier Larrinagak hizkera inklusiboaz blog honetan idatzitakoak. Gai interesgarria iruditzen zait hizkera inklusiboarena, hizkuntza modu kontzientean erabiltzearekin lotura duen guztia bezala.

“Euskaraz, genero gramatikalik ez duen hizkuntza izanda, urrunetik begiratzen diogu hizkera inklusiboari”, adierazi zuen Asier Larrinagak bere sarreran. Eta egia da, euskaraz ez da genero-desinentziarik erabiltzen lanbideak edo zereginak izendatzeko kasu gehien-gehienetan. Hori abantaila da, ez baitugu hitzak zertan bikoiztu generoak aintzat hartzeko, gaztelanian eta frantsesean gertatzen den bezala. Mediku, margolari, kantari, garbitzaile… diogunean, gizonezkoak zein emakumezkoak izendatzen ari gara, teorian behintzat berdin-berdin, baina kontuak baditu hasiera batean dirudien baino ertz gehiago, lerro hauetara ekarriko ditudan adibideek erakusten duten bezala.

Maileguz hartu ditugun erdal formetan, presidente edo filosofo, funtzionario, notario, filologo eta halakoetan, maskulinoa soilik hartu dugu. Bada blog honetan sarrera bat horri buruz. Aspaldikoa da, baina kontuak berdintsu dirau. Duela gutxi atentzioa eman zidan Berria egunkarian Hanna Arendti buruz agertutako artikulu honek. Handik hartuak dira bi adibide hauek:

Sonatua da Hannah Arendt filosofak Eichmann Jerusalemen liburuan jasotako «Gaizkiaren hutsaltasuna» edo banalizazio terminoa.

Judu israeldar edo sionista kontzeptuak nahasten ditugun honetan, argigarriak iruditzen zaizkit filosofa alemaniarrak utzitako zehaztapenak.

Egileak femeninoa markatzeko beharra sentitu zuen artikulua idazterakoan. Ezin dugu jakin zehazki zergatik, baina, beharbada, oro har zail egiten zaigulako, hain hurbil ditugunez erdarak, maileguan hartutako forma maskulinoek euskarara pasatu eta femeninoa ere barne hartzen dutela irudikatzea. Presidente hitzarekin ere antzera gertatzen zaigu, maiz jotzen baitugu presidenta markatzera.

Argudioari tira eginez, esan dezakegu kasu horretan nolabait gaztelaniazko maskulino generiko bat inportatu dugula euskarara. Baina “bertako” adibideak ere baditugu. Horietako batek erakusten du erreginak eurak ere ez direla libratzen; izan ere, reyes plurala emateko errege-erregin erabiltzen dugun arren, real izenondoa emateko soilik errege- erabiltzen dugu, eta hortik sortzen dira errege-etxeak, errege-jauregiak, errege-lekuak (“reales sitios”) edo errege-patronatuak, buru dena erregina izan arren:

Ingalaterrako Isabel II.a erregina eta Britainiar Errege Familia.
Isabel II.aren errege-etxea.
Karlosen alaba Joanak errege-patronatua sortu zuen 1557an.

Errege-dekreturekin ere hala litzateke, baina ez daukagu adibide errealik. Eta bitxikeria bat: Euskaltzaindiaren Hiztegian erregina-jele ageri da gaztelaniazko jalea real. Zehazki hiztegian, berriz, erregeren jele.

Anaitu, anaitasun, anaiarte eta antzekoek ere berekin dakarte nolabaiteko maskulino generiko izaera. Izan ere, horiek guztiak anaia hitzetik datoz, lehen adiera, eta nagusia, “gizonezko senide” duena, eta bigarren adiera “beste batekin nolabaiteko anaitasunak lotzen duen pertsona”. Maskulino orohartzailea, beraz. Bestela, Herritar guztiak elkarrekin daudela anaitasun handian edo Euskaldun guztion anaitasuna nolabait erakustearren adibideetan jauzi semantiko nabaria legoke esaldiaren lehen erditik bigarrenera.

Beste adibide bat maisu hitza litzateke, Euskaltzaindiaren Hiztegian behintzat. Maisu eta maistra hitzen definizioak konparatuta, asimetria nabaria da. Itxurazko bikote dira, maisu hitzak badituelako maistra hitzak ez dituen adiera batzuk:

maisu
1 iz. Zenbait egitekotan, gidari edo arduradun gisa ari den pertsonaItsasontziko maisu gaztea.
2 iz. Lehen irakaskuntzako irakasle gizonezkoa. Ik. eskola maisu; irakasle; errient. Herriko maisuaMaisu gehienak erdaldunak ziren.
3 iz. Irakaslea; gidariaIkaslea ez da maisua baino gehiagoJudasek saldu zuen Jesus bere maisu eta ongile handiaMaisuen maisuaEliza Ama Santuak bere maisuak dituIgnazio, Loiolako arima maisu handia.
4 iz. Eskuzko lanbideetan, nagusi gisa aritu eta ikasleei irakasten dien pertsona. Ik. ofiziale. Migel de Santa Zelai, hargin maisuaHerri bakoitzean izango dira langintza guztietan maisu eta langile onak.
5 iz. Aipatzen den artean edo zientzian jakinduria edo trebetasun handia duen pertsonaGaztelaniazko maisu zaharrakGuk Orixe izan genuen prosa-maisuaMaruja Torres ez dakit zinikoa den edo ironiaren maisuHizkuntza-maisuakHilarion Eslaba musika maisua izan zen batik bat.
6 adb. Maisu gisaEgiteko zail horretan maisu ageri da beti aita Bilbao.
maistra
 iz. Lehen irakaskuntzako irakasle emakumezkoa. Ik. errientsa; andereño 2. Maisu-maistra euskaldunak.

Maistra hitzean ez dago “jakinduria edo trebetasun handia duen pertsona” adieraren arrastorik, eta soilik emakumezkoak izendatzen ditu. Aldiz, maisu pertsonentzat da, ez soilik gizonentzat; adibide batean Maruja Torres ez dakit zinikoa den edo ironiaren maisu ageri da, bai eta Olga Viza ere, zeremonia-maisu gisa. Bestalde, hitz multzo horretan izenez aipatzen diren gainerako guztiak gizonezkoak dira: Judas, Jesus, Ignazio Loiolakoa, Miguel de Santa Zelai, Orixe, Hilarion Eslaba, aita Bilbao, Axular, Thomas Mann, Campo Vidal.

Egungo Euskararen Hiztegian maistra hitzak badu beste adiera bat:

3 irud/hed
Carmen Cubillo maistrarekin hainbat urtez lanean aritu eta gero, egun bere dantza konpainia du Cortesek.  Berria – Kultura  
Maria euren alaba gailurrera iritsi dela, tenislarien artean maistra bihurtu dela, Masters Torneoaren irabazle, 17 urte eskasekin.  Berria – Kirola  
· Emakume bitxia dugu hau […]: abangoardiako rock emozionala garatzen du-, ahotsean eta gitarran maistra.  Berria – Kultura  

Argi dago, beraz, euskaraz ere baditugula orohartzaile gisa jokatzen duten maskulino batzuk, baina ez dakit zenbateraino den hori horrela egiaz, alegia hiztunak horrela nabaritzen eta erabiltzen ote dituen.

Azken kontu bat, gai honekin lotuta. Adituek azaldu zutenez, generorik gabeko hizkuntzetan gertatzen da ezen, nahiz eta izendapenak berak “generorik” ez izan, azpian dagoen kontzeptuak baduela, hiztunak barneratuta daukan moduan. Horregatik irudikatzen ditugu errazago, edo maizago, suhiltzaile, zirujau, abokatu, mediku eta abar gizonezkoak, eta zaintzaile, erizain edo garbitzaile emakumezkoak. Genero-kutsadura esaten zaio horri. Jakina, historiaren zama dago hor, oraindik ere astun askoa.

Euskaltzaindiaren Hiztegian mediku hitzaren sarrera begiratuta, lehen adibidea mediku jauna da, eta izenez aipatzen den bakarra, Broussain [Piarres]. Bertsolari bilatuta, izenez aipatzen den bakarra Xenpelar da. Kantari bilatuz gero, Xenpelar berriz. Filosofo bilatuta, Platon. Euskaltzain bilatuta, Gorostiaga euskaltzain jauna eta Azkue jauna. Jostun bilatuta, Cristobal Balenciaga. Albaitari bilatuta, E. Zurutuzak [Enrique Zurutuzaz ari delakoan nago] albaitaritza izan zuen lanbide, baina lan asko egin zuen euskararen alde ere, batez ere irratigintzan. Esploratzaile bilatuta, jakiten dugu Espedizioaren buru Ernst Schaeffer esploratzaile zaildua zegoela. Lehendakari bilatuta (adiera guztietan, ez soilik Jaurlaritzakoan), J.A. Ardantza eta Ibarretxe. Presidente bilatuta, Ferry [Jules?], Joe Biden, eta Sarah Palin presidenteordetzarako hautagai ohiaMargolari bilatuta, Ignazio Zuloaga, eta margolaritzan, Gauguin. Irakasle bilatuta eraman dut ezustekoa, aipatzen den Lafon irakaslea nor ote den begiratuta Marie-Hélène Dafon aurkitu baitut. Baina berdinketa dago, hala ere, Freud ere aipatzen da eta. Beste askotan, hala nola idazle, erizain, itzultzaile, zientzialari, legelari, futbolari, artista, eskalatzaile edo ikerlari, ez da izen aipamenik ageri. Egia da, ez dut azterlan sistematikorik egin. Baina orobat da egia hamar bat minutu aski izan ditudala goiko adibide horiek pilatzeko. Esanguratsua iruditzen zait.

Hain daukagu barneratuta kontua ezen joera izaten dugu gizonezkoei dagokiena neutro gisa emateko, eta emakumezkoena, berriz, markatu gisa. Horregatik jotzen dugu batzordeko lehendakaria esatera gizona denean, eta batzordeko lehendakari andrea esatera emakumezkoa denean. Edo besterik gabe futbol-taldea gizonezkoena denean, eta emakumezko futbol-taldea, bestela denean.

Hizkera inklusiboaz ari garelarik, oro har tentsio bat nabaritu ohi dugu orokortzeko eta zehazteko beharren artean. Askotan ez dugu jakiten zer den hobea, femeninoa markatzea edo ez. Beste albo-ondorio bat ere badu kontuak, gainera: binarismoan erortzearena, hartara ezkutuan utzita hor kabitzen ez diren identitateak.

Utzi iruzkina