Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà
Ai, ene onetsia erran zuen Graziana Jaso andreak hasperenka, barne minak urraturik, etsiak jota, bere amorantearen ―Joanes Otsaren― aldeko hileta-elizkizunaren kanpai-hotsak ziegatik entzun zituenean. Graziana giltzapeturik zegoen senarra engainatzeagatik. Senarra ere preso harturik, Joanes amorantea sastakadaka hiltzeagatik. Bakoitza ziega-zulo batean, Agoitzen. Eskribauak honela itzuli zuen Grazianak euskaraz errandakoa: “Ai, ene onetsia”, que quiere dezir en romance “ay mi bien amado”.
Iruñeko bizilagun Migel Arraiozek gogor jo zuen bere emazte Katalina Erratzuren kontra, bai eta emaztearen amorante Migel Anotzibarren kontra ere. Katalinak ez zuen inola ere ezkutatu maitalearekiko sentimendua: “Nik amorio daukat Migel Anotzibarrekin eta beldurra dut nekez edekiko zaidala harekin dudan amorioa”. Gertakarien lekuko batek ere antzera deklaratu zuen auzian, horixe entzun baitzion Katalinari, emaztea ohatzean burua hautsirik zetzala, senarrak emaniko makilakadaren ondorioz: “Migel Arraiozek ez dit bada edekiko nik harekin dudan amorioa”.
Maria Izturitz Iruñeko bizilaguna preso hartu zuten, senarrak Petri Uztaritz izeneko gizonaren ondoan harrapatu zuelako etxeko logelako ohatzean. Senarrak, Martin Irañetak, “zer ari haiz bellakoa?” erran zion kolera gorriturik gizonari, labana eskuan zeramala, eta Maria eta Petri ihes egiten saiatu baziren ere, Martinek labankadaz josi zuen Petri. Behin atxiloturik, senarrak auzian adierazi zuen ezen, etxeko eskaileretan gora ziztuan zihoanean, argi eta garbi entzun zuela emazteak “hik eta nik semeto baten egin bageneza!” erran ziola kontent Petriri hainbat aldiz, erran nahi baita, “¡o, si tu y yo hiciesemos un hijito!” idatzi zuen gaztelaniaz kasuan kasuko eskribauak.
Hainbat emakume kalaka bizian eta txutxu-mutxuka ari ziren Iruñeko Arrotxapea auzoan, Arga erreka bazterrean, arropa eskuz garbitu bidenabar. Iduri duenez, hiriko bi gaztek ezkontzeko promesa egin zioten hitzez elkarri, baita sinatu ere, baina azkenean mutilak ―Pedro Aierrak― hitza jan, atzera egin, eta giltzapetu zuten. Epaiketako paperetan jasoa dagoenez, emakume haietako batek omenka zekien zer gertatu zen: “omen diote mutilak entzun duela neskatoa ez dagoela bere hondran. Erran omen diote neskatoa useginik dagoela eta horrengatik ez omen da joan (neskatoarekin)”. Bertze gauza bat ere erantsi zuen neskatoari buruz: “Lehen ere neskatoaren izebak bere dendan aurkitu omen zuen (neskatoa) alkate Liedenaren mutilarekin eta horregatikan atera omen zuen etxetik”.
Horratx lau istorioak, laurak ere Nafarroako Artxibo Nagusiko paper zaharretan jasotakoak, azken urteotan argia ikusitakoak, garaian garaiko euskararen lekukoak, kasuan kasuko eskribauek idatzitakoak, iraganeko misoginiaren erakusgarri.

