Ikusizko itzulpena, ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin

Claudia Torralba Rubinos

Izenburuko hiru terminoak nahasian erabili izan dira interpretazioaren arloko ikasketetan, oso ondo zehaztu gabe non dauden batzuen eta besteen arteko mugak. Kontua ez dago ebatzita, inondik inora ere, auzia ez baita bakarrik terminologikoa, kontzeptuala ere bada. Sarrera honetan hiru planteamendu ezberdin azalduko ditut, abiapuntua jarri eta elkarrekin gogoetatzen hasteko. Gogoeta bikoitza proposatzen dizuet: esanahiaren eta izendapenaren gainekoa.

Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirrek (2003) hiru kontzeptuak biltzen dituen hiperonimo gisa darabilte ikusizko itzulpena terminoa. Haientzat, idatzizko testu bat ahoz birformulatzea da ikusizko itzulpena egitea. Hau da, kanal-aldaketa baino ez dute kontuan hartzen. Funtzioen eta modalitateen arabera sailkatzea proposatzen dute.

Azpisailkapena egiteko abiapuntua da ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala. Funtzio komunikatiboa duenean, interpretazioarekin lotuta dago beti, helburua hartzaileei idatziz dagoen informazioa ahoz ematea delako. Kasu horretan, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatea da, eta azpimodalitateak ditu, besteak beste, artikulu honetan hizpide ditugun ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin (edo testuarekiko aldibereko interpretazioa).

Dena den, beste azpimodalitate batzuk ere aipatzen dituzte Jiménez-Ivarsek eta Hurtado-Albirrek (2003) beren artikuluan ―zuen baimenarekin, jatorrizko izendapenak jarriko ditut, itzuli gabe, anabasa terminologikoari ekarpenik ez egiteko―: traducción a ojo edo traducción a primera vista, traducción a la vista preparada, traducción a la vista consecutiva eta traducción a la vista en interpretación consecutiva.

Funtzio instrumentala duenean, aldiz, beste helburu bat lortzeko bitarteko bihurtzen da ikusizko itzulpena. Helburu hori idatzizko itzulpena egitea izan daiteke, edo, adibidez, atzerriko hizkuntza batean lortutako ezagutza egiaztatzea. Beraz, funtzio instrumentala duenean, ikusizko itzulpenaren helburua produktu bat lortzea edo zerbitzu pedagogiko bat ematea da, eta, ondorioz, itzulpen-estrategiatzat eta pedagogia-estrategiatzat har daiteke. Hona hemen Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) proposamena, laburtuta:

1. irudia: Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirretik (2003) hartua.

Pöchhacker-ek (2004), aldiz, honela bereizten ditu hiru terminoak eta izendatzen dituzten kontzeptuak:

Harentzat, ikusizko itzulpena idatzizko testu bat ahoz itzultzea da, baina interpretazioaren testuingurutik kanpo. Hau da, bat dator Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirren funtzio instrumentalarekin: interpretaziotik kanpoko edozein testuingurutan idatzizko testu bat ahoz itzultzea litzateke ikusizko itzulpena egitea, eta hainbat helburu betetzeko balio dezake.

Ikusizko interpretazioa, aldiz, interpretazioa egiten den testuinguruei lotuta dago hertsi-hertsian. Esan osteko interpretazioa egiten den testuinguruetan egin ohi da, eta ez dago hizlariaren diskurtsoari jarraitu beharrik, ez delako aldi berean egiten. Are gehiago, interpreteak xede-hizkuntzan irakurtzen ari delako inpresioa eman behar du (Angelelli, 1999). Beraz, Pöchhackerrek (2004) Jiménez-Ivars eta Hurtado-Albirren (2003) funtzio komunikatiboko azpimodalitate batzuetara mugatzen du ikusizko interpretazioa terminoa.

Eta “batzuetara” diot, hain zuzen, aldibereko interpretazioa testuarekin aldibereko interpretazio mota berezitzat hartzen duelako. Ikusizko interpretazioa neurri handi edo txikiagoan eskatzen duen aldibereko interpretazio mota konplexua dela dio, baina ez du ikusizko itzulpenaren azpimotatzat hartzen.

Azkenik, Lambert-entzat (2004) erabat sinonimoak dira ikusizko interpretazioa eta aldibereko interpretazioa testuarekin terminoak. Ikusizko itzulpenarekiko duten ezberdintasuna da hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar direla, eta, beraz, bi input kudeatzea eskatzen dutela: ikusizkoa eta entzunezkoa.

Ikuspegi horrek Cammoun et al.-en (2009) kritika jaso zuen, termino biak sinonimotzat jotzeak maila berean jartzen dituelako ikusizko itzulpena eta testuarekiko aldibereko interpretazioa, itzulpena hizlariaren diskurtsoarekiko aldi berean egin behar den ala ez ―eta horrek dakartzan zailtasunak eta erronkak― kontuan hartu gabe.

Argi dago gutxi ikertutako esparruetan ohikoa den terminoen eta kontzeptuen gainjartzea dagoela arlo honetan ere. Horregatik, garrantzitsua da gaiari buruzko ikerketetan argi eta garbi adieraztea zeri egiten zaion erreferentzia termino bakoitzarekin, anbiguotasunak saiheste aldera. Gainera, ez dugu bistatik galdu behar euskarazko ordainak sortu, erabili eta finkatu egin beharko direla momenturen batean, eta ziurrenik itzulpenaren eskutik etorriko direnez, litekeena dela aukera bat baino egotea. Horregatik, arloko adituen esku dago termino horiek euskaraz nola, noiz eta zer izendatzeko erabiltzen ditugun erabakitzea.

Oraingoan nire espezializazio-alorreko adibide bat ekarri dizuet, baina uste dut estrapolagarria dela beste alor batzuetara ere. Izan ere, lan akademikoetan, edukian zentratzen gara askotan ―izanean, eta ez izenean―, eta ez diogu behar besteko denbora eskaintzen gogoeta terminologikoa egiteari. Ondorioz, aurretik erabilitako terminoak beste kontzeptu batzuk izendatzeko erabiltzen ditugu, edo ordain berriak proposatu, aurrekoak ezagutu gabe. Eta, kontziente ez garen arren, gure jardunak eragin zuzena du hizkuntza txikituen normalizazioan eta hizkera espezializatuen garapenean eta finkapenean. Gutako bakoitzak egiten dituen hautu txikiek eragin handia dute sarritan gure espezializazio-arloetan, eta funtsezkoa da horretaz kontziente izatea.

Dena den, ikasiz ibiltzen da oinez, ez pentsa. Gogoan dut nire Gradu Amaierako Lanaren defentsako epaimahaikide batek galdetu zidala “zergatik ikusizko itzulpena eta ez ikusizko interpretazioa? Ez nuen jakin erantzuten.

Erreferentzia bibliografikoak:

Angelelli, C.V. (1999). The role of reading in sight translation, The ATA Chronicle (Translation Journal of the American Association of Translators), 28(5), 27-30.

Cammoun, R., Davies, C., Ivanov, K. & Naimushin, B. (2009). Simultaneous Interpretation with Text. Is the text ‘friend’ or ‘foe’? Laying foundations for a Teaching Module. Master of Advanced Studies in Interpreter Training. Seminar paper. Geneva: Genevako Unibertsitatea. https://www.academia.edu/3172232/Simultaneous_Interpretation_with_Text_Is_the_Text_Friend_or_Foe_Laying_Foundations_for_a_Teaching_Module

Jiménez, A. & Hurtado, A. (2003). Variedades de traducción a la vista. Definición y clasificación, Trans. Revista de Traducción, 7, 47-58. https://revistas.uma.es/index.php/trans/article/view/2946/2739

Lambert, S. (2004). Shared Attention during Sight Translation, Sight Interpretation and Simultaneous Interpretation, Meta, 49(2), 294- 306. https://www.erudit.org/en/journals/meta/2004-v49-n2-meta770/009352ar/

Pöchhacker, F. (2004) Introducing Interpreting Studies, Londres: Routledge.

Utzi iruzkina