Aukerak (II)

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Gaztelaniazko testuetan oso ohiko bihurtu den aditz batez mintzatuko naiz gaurkoan: compartir; zehazki, erdal aditz horrek egun dituen bi esanahiz: kontatu/jakinarazi eta bat etorri.

Lankide batek dio erraz antzematen ahal zaiola aditz horrek kasuan-kasuan daukan esanahiari eta ez genukeela arazorik izan behar gure testuetan ordain egokia aukeratzeko. Egiaz, ordea, ez da hala, eta ematen du compartir opiniones (=expresar, poner en común, intercambiar) eta compartir una opinión (=estar de acuerdo) itzultzeko partekatu hobesten ari garela maiz.

Beste lankide batek dio ezen, aditzaren adiera horien zabalkundearekin batera, partekatu aditzaren euskarazko beste adieretako bat (zatikatu) galtzen ari garela, Hegoaldean bederen. Eta orobat dio orain ez dakigula esaten “etxe berean bizi gara”.

Nire ustez, compartir una experiencia eta gisakoak (eta ez naiz ari “zerbait elkarrekin egiteaz”) ingelesezko share aditzaren gaztelaniazko kalkotik etorri zaizkigu hein batean. Eta, bestetik, iruditzen zait compartir automatikoki partekatu itzuli behar horretan itzultzaile neuronalek ere badutela zerikusia.

Gure itzulpen zerbitzuko lehenbiziko itzultzaileei ikasi genien gure lehen eginkizuna testuaren mezua ongi ulertzea zela eta bigarrena, berriz, euskaraz eta euskaratik mezu hori esaldiz esaldi nola emanen genukeen aztertzea eta erabakitzea; ez genuela zertan zurrun segitu gaztelaniazko estiloari eta hiztegi-moldeari, urrunduz ere sortzen ahal genituela euskarazko testu baliokide eta taxuzkoak. Garai batean, orain ez bezala, ulertze, urruntze eta mamurtze ariketa horiek patxada handiagoz egiteko aukera genuen. Ohartzen naiz gaur egun, lan-karga hain modu ikaragarrian handitu zaigun honetan, ezin garela beti aritu, lankide beterano batek zioen bezala, goxogintza fineko gutiziak prestatzen, eta opil industrialak egin beste erremediorik ez dugula. Ados nago, jakina, baina uste dut ez genukeela erabat galdu behar itzulpen-aukerez gogoetatzeko beti erne izan beharko genukeen bulkada.

Eta oraingoan ere, aukerei buruzko aurreko artikuluan esan bezala, argi geldi bedi testutxo honen xedea ez dela inolaz ere hizkuntza baliabideak eta berrikuntzak baztertzea, baizik eta aukerez hausnartzea eta bururatutakoak zuekin partekatzea.