Iñigo Satrustegi Andrés
Gure irakurle taldean, momentuz behintzat, itzulpenak irakurtzeko apustua egin dugu aurten. Baditugu irakurzale porrokatuak, euskaraz irakurtzen ohituta ez daudenak, edo, are, ohiko irakurleak ez direnak ere. Gutxika, baina ari gara. Orain arte itzulpen berriekin (edo berrituekin) ibili gara eskuartean: Koaderno handia, Emakume izoztua, Familiako lexikoa eta Ene herri txikia. Hasi gara otsailetik aurrerako liburuak aukeratzen eta jo dut, nola ez, Nor da Norrera, baita irakurri nahiko nituzkeenen zerrenda luze horretara. Azkenik badut aukera, edo aitzakia, nondik begiratzen dugun, nire kabuz irakurriko ez nituzkeen liburu batzuei heltzeko. Zeren irakurketara ere iritsi baitzaigu FOMOa (Fear of missing out, zerbait galtzeko beldurra, alegia). Irakurri nahi ditugu nobedadeak, opera primak, euskal literaturako lanak, klasikoak, gomendioak, itzulpenak, kanpoko literaturetako lanak, jatorrizkoak, itzulpenak, poesia, eleberriak, saiakera, hibridoak, esperimentalak, direnak eta ez direnak. Baina hori beste baterako utziko dugu.
Agian gaztea naizelako, berandu irakurzaletu naizelako, edo baliabideak ez direlako egokienak, baina iaz iritsi nintzen Carverrera. Bai, 2024an. Ez dakit zenbatetan jo dudan Susaren webgunera Harkaitz Canok itzulitako poema haietako batzuk errepasatzera. Kontua da badaramadala denboraldi bat Carverren ipuinak irakurtzeko gogoz, eta orain, aukera/aitzakia dudanean, ezin momentu egokiagoa nire zerrendatik haren lanetako bat tatxatzeko.
Katedrala eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean. Halaxe txibatu dit NdNk. 1993 eta 2003, hurrenez hurren. Uff izan da lehenengo pentsamendua. Susmoa izan dut hasieratik. Baina joan naiz Nafarroako liburutegien sareko katalogora, eta orduan bai, uff egin dut bigarrenez, etsi moduan. Katedrala: 3 ale; liburutegi nagusia, Tafalla eta Leitza. Zertaz ari garen…: 4 ale; Euskarabidea, Noain, Lesaka eta Doneztebe. Klubean gutxi garen arren, ez dira nahiko. Beste bide bat probatzera joan naiz orduan, Katakraken, Elkarren eta Txalapartaren webguneetan: zero patatero. Agortuta, edo agertu ere ez. Azken bala bat baino ez zait okurritu, eta EIZIEko telefonoa markatuta, Aranek erantzun dit. Laguntza eske nabilela, eta ea haiek badakiten alerik geratzen ote den stockean, ea kasualitatez haiek baduten zerbait. Baina keba. Aspaldiko lanak direla, saldu zirela denak eta argitaletxeek ez dutela berritu stocka. «Urrezko Bildumarako apuntatuko dut, badelako falta den horietako bat», Aranek. Eskertuta, baina zapuztuta erantzunarekin.
Egiaz, nahi banu, irakur nezake. Eskatuko nuke auzoko liburutegian Tafallatik edo Doneztebetik ekar diezadaten haren liburuetako bat. Eta, gogoei eutsi ezin badiet, hala egiten bukatu beharko dut. Baina ez da hori kontua. Irakurle taldeak dira, hein batean, literaturaren gaur egungo transmisio bide bakarrak. Pentsamendua sozializatzeko, partekatzeko, bakarrik iritsiko ez ginatekeen toki horietara heltzeko txartelak. Eta, dirudienez, Carverren mundura heltzeko trena orain dela hamarkada batzuk pasa zen. Ni artean jaio gabe nintzenean, edo 6 urte nituenean. Gure irakurle taldeko batzuk euskaldunak ez zirenean. Militantzia politikoa edo porroak nahiago zituztenean.
Jakina, baditugu orain 30 urte ez zituzten beste ehunka aukera. Baliozkoak eta onak gainera. Baina, jo. Bada esanguratsua. Asko dio adibide sinple honek (honekin topo egin baitut, baina jarriko banintz, beste batzuk ere topatuko nituzke) gure hizkuntzaren normalizazio ezaz eta literatur sistemaren egoeraz. Ez naiz jarriko eskatzen argitaletxeei berritu ditzaten Carverren tituluak. Eskatu ez, baina iradoki bai. Ba hori, hamarkada batzuk pasatu direla, bere garaian saldu omen zela, eta agian apustu txiki bat eginda, portada txukun batekin (ejem… guk ez dugu epaitzen liburu bat haren azalarengatik, baina irakurle askok bai)… Ez dakit zer gehiago esan. Horixe ba.
Bonus track edo datu esanguratsu batzuk.
- Nafarroako liburutegi publikoen sarean 99 liburutegi daude. Carverren narratibako lanak zazpitan baino ez daude.
- Nafarroan, Katedrala 9 lagunek hartu dute liburutegitik 31 urtean. Zertaz ari garen…, 4 lagunek 21 urtean.
- EAEko liburutegi publikoen sarean 286 liburutegi daude. Katedrala 145 liburutegitan dago. Zertaz ari garen…, 164 liburutegitan.
- EAEn, Katedrala 138 lagunek hartu dute 31 urtean. Zertaz ari garen…, 404 lagunek 21 urtean.
- La casa del libro-ko webgunean, bigarren eskuko liburuak erosteko aukera dago. Katedralaren ale batek 20 € balio du, Zertaz ari garen… liburuaren ale batek 190 €.
Agian datuok ere badira berritu ez izanaren arrazoi.

