Eusebio Etxalarkoa, Raemaekers antibelizistaren bihurtzailea

Gidor Bilbao Telletxea

Koldo Eleizalde bergararrak Piarres Broussain hazpandarrari 1916-10-14an idatziriko gutun batek (Charritton 1986: 347) eraman nau 1916an Londresen euskaraz argitaraturiko liburu baten itzultzailearen aztarnak miatzera. Gutun horretan, ”Raemaekers’en idaztia” aipatzen da:

Gazteiz (Vitoria), 1916 – Urrilla – 14’аn

«Cercle d’Etudes euskariennes»ko Lendakari yaunari

Agur, ene yauna: Bidali didazun Raemaekers’en idaztia atsegiñik bizienaz artu izan dut, eta beratzaz eskarrik aunitz bai-damazkizut. Ezaguna nuen Raemaekers’en egipen eder ori, ta maitasunez begiratua, Alkartuen aldekoa naizelako, gudu ikarakor untan, eta batez ere, Belgika gaxo ta goitiarraren alde-aldekoa. Nire ustez beintzat (eta uste zuzena dela deritzat) euzkeldun zintzo guziok Аlkartuen aldekoak izateko bearpe estuan gaude, errien azkatasuna Alkartuok aldezten dutelako. Orregatik bada, gudua asi zanetik una, gure periodiku «Euzkadi»n Alkartuen aldez aunitz gauza ipiñi bai-ditugu, ta Kaiser gaiztoaren arrokeri ta ankertasuna adierazten.

Atsegin aundia izan zait Raemaekers’en idazkunak euskeraz ikustea: aunegatik ere txalo ta eskar aunitz irabazi dizkizute.

Betor bai, lenbaitlen bakea: ez baña bake errena, zuzendasunean ezarritako bakea baizik, eta Kaiser gaiztoaren anduste ta almena ausi ondoren! Eta gora Alkartuak eta euren aldez diraden gogo zintzo guziak!

Yainkoak onetsi bizaitza, ta agindu nai dezakezun ainbat zure aizkide ta zerbitzari den

…………..Eleizalde’tar Koldobika’ri

Ikusten denez, Hego Euskal Herriko Eleizaldek (gogoratu Espainia neutrala zela Lehen Mundu Gerran) konplizitate kutsuz aipatzen dio Hazparneko alkate Broussaini (198 hazpandar hil bide ziren Gerra Handian, horietatik 120 lehenengo hiru urteetan, 1914-1915-1916an, gutunaren data baino lehen) aliatuen aldeko hautu garbia, eta “zuzentasunean ezarritako bakea” desio duela jakinarazten dio.

Zorionez, Louis Raemaekesen liburu horren euskarazko bertsioaren gorabeherak zehaztasunez arakatu eta bikaintasunez azaldu zituen 2012an Ismael Manterola Ispizua irakasleak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez: Raemaekersen marrazkiak: britaniar propaganda Espainian eta Euskal Herrian Lehen Mundu Gerran.

Manterolaren liburuan ikasi genuen Louis Raemaekers (1869-1956) holandarrak gerrari buruzko 1.300 lan marraztu zituela, eta ordura arte marrazkilari batek inoiz izandako arrakastarik handiena lortu zuela.

1915-1916-1917an, hainbat erakusketa antolatu ziren Estatu Batuetan Raemaekersen marrazkiak erakusteko publiko zabalari eta, jakina, iritzi publikoan eragiteko. Erakusketetan, katalogoak eta marrazki-bildumak saldu ziren, eta azkenik, 1916-1917an, The “Land & Water” edition of Raemaekers’ cartoons argitaratu zen, atalka (Manterola 2012: 116-124). Bilduma horretan, koloretan zeuden Raemaekersen marrazkiak, eta bakoitzaren ezkerreko orrialdean orrialde bateko testua zegoen, idazle ezagunen bati eskatua; marrazki bakoitzaren azpian, testu laburtxo bat (hitz batzuk, lerro bat, lerro batzuk…).

1916an, Hodder & Stoughton argitaletxeak Raemaekers cartoons liburuxka merkea argitaratu zuen ingelesez (Manterola 2012: 100). Orrialde bakoitzean marrazki bakarra zegoen, zuri-beltzean, eta azpian testu labur bana (beti “Land & Water” ediziokoan marrazki bakoitzari zegokionaren oso antzekoa, baina ez beti berdin-berdina) eta hori izan zen, hain zuzen, munduan zehar hainbat hizkuntzatara itzultzeko erabili zen jatorrizkoa, besteak beste gaztelaniazko Cartones de Raemaekers (bigarren edizioan, izenburuan, el célebre artista holandés gehituta), katalanezko Cartrons de Raemaekers, famós artista holandès eta euskarazko Raemaekers Olandi’ar margolari antzetsu erostiaren Marku-ostoak bertsioen oinarria. Denak argitaratu ziren Londresen, National Press Agency Limited argitaldarian, Wellington House gerrako propagandarako bulego britainiarrak eta Foreign Office kanpo-arazoetako ministerioak sustaturik.

Ismael Manterolaren liburuaren bidez jakin dugu (Manterola 2012: 126-127) gaztelaniazko testuaren itzultzailea Fernando Arteaga Pereira (1851-1934) izan zela, hain zuzen Oxfordeko Unibertsitateko espainiera-irakaslea, idazlea eta ikertzaile katedraduna.

Euskarazko itzulpena ere ez dago sinaturik, baina Ismael Manterolak (2012: 148-153) aurkitu ditu garai hartako Wellington Houseko eta Foreign Officeko gutunak zeinetan argi esaten baita “Reverend Father Echalar of the Colegio de Lecároz, Navarre” izan zela itzultzailea eta hark berak zuzendu zituela inprentako probak. Itzulpen-akatsen batek iradokitzen duenez, oso litekeena da euskal itzulpenarentzat zubi-testua gaztelaniazko itzulpena izatea (Manterola 2012: 151).

Eusebio Eltzaurdia Zubieta (Etxalar 1874 – Lekaroz 1956) fraide kaputxinoa, Eusebio Etxalarkoa (berak, euskaraz, “fr. Eusebi Etxelarkoa” erabiltzen zuen), idazle, irakasle eta euskalari moduan agertzen da Santi Onaindiaren Euskal Literatura IIn (Onaindia 1974: 399-401). Pello Apezetxeak, 2007ko artikulu batean, haren gaztelaniazko euskalaritza-lanen zerrenda osoagoa eskaintzen du, eta azpimarratzen du 1919an hautatu zutela euskaltzain urgazle, hain zuzen Euskaltzaindiaren sorreran. Ez du aipatzen Nafarroako eta Lapurdiko herrietako gutxienez 23 berriemailerekin egin zituela elkarrizketak Erizkizundi Irukoitzaren galdetegi dialektologikoa betetzeko. Euskaraz argitaraturiko lanik ez da agertzen, baina bai Julio Urkixori euskaraz idatziriko hamar gutunen berri zehatza. Euskaltzaindiaren Artxiboan beste bi gutun ere badira Eusebio Etxalarkoak euskaraz idatziak: batean euskaltzain urgazle izateko izendapena onartzen du (1919ko azaroan), eta bestean Resurreccion Maria Azkueri idazten dio -aizun / -izun eta -tegi atzizkiez (1925-12-20an).

Ez Onaindiak ez Apezetxeak ezin zuten aipatu Eusebio Etxalarkoak britainiarrentzat eginiko itzulpen-lana, artean egiletza ezkutukoa zelako… edo ia-ia ezkutukoa. Ismael Manterolak erakutsi duenez (2012: 151-60), Edward Spencer Dodgson euskalariak, jakinminez eta neurri batean miresmenez, zuzenean galdetu zion Foreign Officeko Stephen Gaseleeri zein zen itzultzailea, itzulpena “good but not quite classical” iruditzen baitzitzaion. Dogdsonek, nonbait, War Officeko zerbitzuekin kolaboratzen zuen, behar zutenean euskarazko testu susmagarriak ingelesera itzuliz (“… the suspicious letters which I was called up twice from Oxford to the War Office to interpret in June 1915”), eta ez zioten ukatu itzultzailea zein zen jakitea.

Julio Urkixok, ordea, “Estado actual de los estudios relativos a la lengua vasca” hitzaldia eman zuenean Oñatin, Euskal Ikasketen Lehen Biltzarrean, 1918-09-03an, eta 1919an argitaratu zuenean, ez zekien nork egin zuen Raemaekersen liburuaren euskal bertsioa, hain zuzen euskararen arazo bere ustez larrienaren adibide moduan hautaturikoa (Urkixo 1919: 420-421):

Entre estos problemas de orden práctico, los que parecen más urgentes son el de la unificación ortográfica y el de los neologismos. (…) Más difícil es conseguir un acuerdo en lo que se refiere al segundo problema, o sea el del léxico.

En esta materia se observan dos tendencias: la de los que siguen a Arana Goiri (uno de los vascos que más se han preocupado por el resurgimiento de la lengua), el cual preconiza en sus escritos el abandono de todos los vocablos que el euskera ha tomado del latín o de las lenguas neo-latinas, y la de los que pretendemos que deben respetarse, a falta de vocablos genuinamente vascos, aquellos que se han asimilado a nuestra lengua mediante una evolución fonética o semántica.

Los escritos de algunos vizcainos no los entendemos más que dos docenas de iniciados, y algún folleto existe (Raemaekers Olandi’ar margolari antzetsu erostiaren Marku-ostoak, Londres, National Press Agency Limited, 1916) que, a pesar de ser de propaganda, no lo comprende, sin previa explicación, más que su propio autor.

Hortaz, Urkixok salatzen duen akatsa neologismoen gehiegikeria da, testu ulertezinak sorrarazten dituelakoan. Izenburua bera aski esanguratsua da Eusebio Etxalarkoaren jokabidea erakusteko: marku-osto hitz berriak ez dakit ‘marko-hosto, markodun orria, bineta’ ala beste zerbait adierazi nahi duen, eta ez dut beste inon aurkitu; edo erosti oso bakan erabili da, beti herosti forman, pentsatzeko moduan Eusebio Etxalarkoak berak sortu duela, erots izenari (zeina Erroman Berakoaren 1909ko Euzkel-iztegitxuan ageri baita, ‘ruido que produce el pedrisco’ esanahiarekin) -ti atzizkia erantsita.

Izan ere, euskal ondareko hitzei atzizkiak erantsiz hitz berriak sortzea da Eusebio Etxalarkoak berak defendatzen duen bidea, Julio Urkixori 1918-12-02an idatziriko gutunean. Aipaturiko mintzaldiaren argitalpena irakurri ondoren idatzi zion, esan gabe bera zela Raemaekersen liburua euskaratu zuena, baina itzultzailearen jokamoldea defendatuz:

… maiteago zaizkigu euskal iriña erdal zaiakin nasten eztituzten irazkiak (idazkiak). (…) Nola egin erdal nazkagarrira itzuli gabe? Ateka txar orretan naski ibilli zen Raemaekers’en bigurkina (el traductor) [Oin oharrean: Erdaratik uskarara bigurtu erraiten dute nire errian, orratik bigurtzaile, bigurkina ez guziz berriak.], baño oroitzak lagundu ziolarik, ateri zen nolerebait ala ala, euskal itzak atzekien bidez orniturik. (…) Egin ote zuen ongi? Gogoz bedere baietz uste dut; egiña ez ain errazki gelditurik ere. (…) Orrelaxe ein zuen naski arek, eta atsein eman zioten gudurako mugan zeuden eskualdun gazte gaixoei. Zioten bi bider argitara ateri zutela liburuxka ori.

Neologismoen erabilera bada Eusebio Etxalarkoaren itzulpenaren ezaugarri bat, baina aipatu beharrekoa da orobat nafar euskalkiaren kolorea. Hona hemen pasarte batzuk:

THE SHIELDS OF RÖSSELAERE
“It is proved that the rules and usuages of war were frequently broken. Particularly by the using of curtains, including women and children, as a shield for advancing forces exposed to fire”. Report of Lord Bryce’s Committee on German outrages.
LOS ESCUDOS DE RÖSSELAERE
“Está probado que las reglas y los usos de la guerra fueron frecuentemente quebrantados. Particularmente por el empleo de paisanos, inclusos mujeres y niños, como escudo de las fuerzas que avanzaban expuestas al fuego”. Informe de la Comisión de Lord Bryce acerca de las atrocidades alemanas.
ROSSELAERE’KO GERIZAPETAN
“Ageri da gudurako eredu eta oiturak autsiak izan zirela maiz-maiz, ipiñirik sarri nekazariak, baita ere emakumeak eta aurrak, oldarkiñen gerizaperako, zioazilarik aitziñera suarontz”. Lord Bryce’ren Biltzarreko agerkizuna alemaniarren sarraski izigarriaz. [3. or.]
.
SEDUCTION
Germany to Belgium: “Aren’t I a lovable fellow?”.
.
SEDUCCIÓN
Alemania a Bélgica: “¿No es verdad que soy un muchacho muy digno de ser amado?”. [5. or.]
EL-ERRAXKIZUNA
Alemaniak Belgikari: “Eztun ikusten mutil on-goxo naunala? Maite nazaken gero…”. [9. or.]
.
SIYMPATHY
“If I catch you looking so sad again, I’ll send you to Germany after your father”.
SIMPATÍA
“Si te cojo otra vez con una cara tan triste, te mandaré a Alemania como a tu padre”.
MAITAGARRIKI
“Arpatzen baaut olako aurpegi illuñez, igorriko aut Alemaniara ire aita bezalaxe”. [11. or.]
.
GERMANY’S VICTIMS
“We find many well-established cases of the slaughter of … quite small children”. Report of Lord Bryce’s Committee on German atrocities.
.
LAS VÍCTIMAS DE ALEMANIA
“Encontramos muchos casos bien probados de asesinatos de … niños muy pequeños”. Informe de la Comisión de Lord Bryce acerca de las atrocidades alemanas.
ALEMANIARREN OPAGEIAK
“Edireñ tugu aunitzetan aur taill-taillak eraill zituztela egiz”. Lord Bryce’ren Biltzarreko agerkizuna alemaniarren sarraski izigarriez. [12. or.]
.
.

Duela mende bat idatzi eta bihurturiko hitzak irakurtzean, ezin naiz geratu Israelgo estatua Palestinan egiten ari den sarraski izugarria salatu gabe, eta ezin dut aurkitu Koldo Eleizalde bergarar bermeotartuarenak baino esaldi egokiagorik amaitzeko: “Betor bai, lenbaitlen bakea: ez baña bake errena, zuzendasunean ezarritako bakea baizik”.