Maitane Uriarte Atxikallende
Denok dakigu adimen artifizialaren eta oro har teknologiaren bilakaerarekin lanpostu batzuk desagertuko direla. Tira, beharbada desagertu-desagertu ez, baina funtzio horiek pertsonek bete ordez, makinek egingo dituzte, denborarekin. Terminator-en garaiak iritsi bitartean, askoren artean beldurra da nagusi, eta interpreteak ez gara salbuespena.
Interpreteok askotan galdetu izan diogu geure buruari adimen artifizialak lana kenduko ote digun eta apokalipsia noiz iritsiko zaigun. Beteranoek beraiek ikusiko ez dutela diote, baina gazteoi tokatuko zaigula. Bien bitartean, adimen artifizialarekin egindako saiakerei adi gabiltza, emaitzak nolakoak diren ikusten eta, batez ere, bezeroen gogobetetasunari erreparatzen. Izan ere, niretzat hortxe dago koska: bezeroak adimen artifizialak emandako itzulpenarekin konformatzen direnean eta patriketatik sos gutxiago kentzen dizkiela ikusten dutenean, orduan etorriko da hezur-haragizko interprete askoren akabera. Nik ez diot adimen artifizialak egindako itzulpenak txarrak direnik, ez horixe, baina ez du kasuen % 100ean funtzionatzen. Aldibereko interpretazioaren kasuan, adimen artifizialak itzulpenak egiten ditu baina ez du jatorrizko bertsioaren ñabardura oro giza burmuinak bezala interpretatzen. Zer egingo du adimen artifizialak hizlariak esaldiak bukatu gabe uzten dituen guztietan, metaforak eta hitz-jokoak agertzen direnean, esaldiak luzeak direnean eta xede-hizkuntzan elementuak josteko aldez aurreko jakintza behar denean? Eta niretzat berebizikoa den zerbait: zer gertatuko da hizlariak emozioak transmititzen dituenean edo hartzaileekin konektatu nahi duenean? Pantaila batean agertuko da itzulpena, eta, kasurik onenean, ahots robotiko batek emango du itzulpena, Monegroseko basamortua baino lauagoa den ahots batek. Agur emozioak transmititzearen eta kultura zein errealitate desberdinetako jendea konektatzearen magiari. Hala ere, arestian esandakora bueltatuz, bezeroa horrekin konformatzen bada, batez ere merkeago ateratzen zaiolako… bost axola aldibereko interpretazioaren magia.
Momentuz, gauza batekin kontsolatuko naiz. Aldibereko interpretazio-kasuetarako adimen artifiziala hizkuntza handiekin elikatzen ari dira gehienbat, eta euskararekin emaitza “onargarriak” ikusi arte denbora luzea igaroko dela esango nuke. Interpreteok saiakerei adi gabiltza, eta, behin, adimen artifizialarekin gaztelaniatik euskarara eskainitako interpretazio-zerbitzu baten argazkiak bidali zizkiguten. Gure iritzi zintzoa ezagutu nahi? “Tierra trágame, hau auzo-lotsa”. Edo tira, makina hark pantailan erakutsiko lukeen bezala, “Lurra irents nazazu, esto es vergüenza de barrio”. Hortxe utziko dut. Eta ez diot nik bakarrik, areto hartan zeuden euskal hiztunak ere amorru bizian atera omen baitziren.
Itzuli beharreko testu idatzien eta interpretatu beharreko ahozko ekoizpenaren arteko aldea begien bistakoa den bezalaxe, adimen artifizialak baterako eta besterako suposa lezakeen arriskua ere halakoa da. Gehienetan, testu idatziak ondo idatzita egoten dira eta, beraz, errazagoa da horiek adimen artifizialarekin itzuli eta emaitza onargarria –eta batzuetan, oso ona– ematea; ahozko ekoizpenaren kasuan, berriz, jatorrizkoa ez da perfektua izaten –inork ez duelako idazten duen bezala hitz egiten– eta, gainera, interpreteok sarritan esan ohi dugu euskal hizlari askori erretorika-eskolak falta zaizkiola. Ahozko ekoizpenaren kasuan, adimen artifizialik onena ere zora daitekeela esango nuke, eta horri arestian adierazitako emozioen transmisioaren afera gehitu behar zaio.
Laburbilduz, momentuz interpretazioaren kasuan eta batez ere euskarazko interpretazioaren kasuan salbatzen garela esango nuke, baina denborak erakutsiko digu lurrak irentsiko gaituen ala ez.

